Historiaz betetako hiri bat mugakoa

Historiaz betetako hiri bat mugakoa

Ane Eslava

Historia handiko hiri bat da Viana. Gotorleku gisa sortu zuten, Nafarroako Erresuma defendatzeko, eta, kokaleku estrategiko batean dagoela-eta, gertakari askoren lekuko izan da. “Ondorioz, ondare handiko hiri bat da egun” ,adierazi du Jose Luis Etxeberriak, Vianako Udalaren Turismo eta Kultura Saileko kideak. Hiriaren fundazioaren 800. urtemuga ospatuko dute aurten.

Antso VII.a Azkarra erregeak fundatu zuen Viana, 1219an. Hiriaren historia, halere, lehenagokoa da. Eremu hartan, 50 aztarnategi inguru aurkitu dituzte, eta, haiek erakusten dutenez, gizakiak bertan egon izanaren lehenbiziko aztarnak Behe Paleolitokoak dira.

“Mugako hiri bat izateak bereizi du Viana beste hirietatik”, adierazi du Etxeberriak. Hain zuzen, gotorleku bat eraikitzeko helburuz berreraiki zuten hiribildua 1519. urtean, Nafarroako Erresumaren muga indartu nahirik Gaztelako Erresumako handiena zen hiriaren aldean: Logroño. Inguruko herrixketako biztanleak bildu zituzten Vianan, eta gaztelu bat eta harresi bat eraiki zituzten.

Era berean, Iruñea eta Logroño artean egoteagatik, etengabeko merkataritza trukeen gune izan zen hasieratik. Gainera, Donejakue bidea moldatu egin zuten, hiri berritik pasa zedin. “Ondorioz, Viana garai hartako bide kultural, ekonomiko eta politiko nagusietako bat izan zen”.

Vianako Printzea titulua

1423an, hiribilduaren garrantzia zela eta, Karlos III.a Nobleak Vianako Printzea titulua sortu zuen, hainbat eskubide ematen ziena haren oinordekoei. 1515ean, baina, Nafarroako konkistaren ondorioz, Gaztelako koroari helarazi zioten titulua, eta, egun, Leonor Borboikoarena da.

Gaztelako Erresumak Nafarroakoa konkistatu zuenean, 1512an, Viana ere horren menpe geratu zen. 11 urteren ostean, ordea, Karlos I.ak Nafarroako Erresuman sartu zuen berriz ere.

XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan, hiriak loraldi bat izan zuen. “Nekazaritzaren gorakadaren eta batailen barealdiaren ondorioz, herritarrak hobeto bizitzen hasi ziren”, azaldu du Etxeberriak. XIX. mendea, aldiz, ilunagoa izan zen, gatazkak piztu zirelako berriz: Karlistaldien testuinguruan, Vianak Lizarrako karlisten eta Logroñoko liberalen oldarraldiak jasan zituen.

XX. mende hasiera ere gogorra izan zen hiriarentzat, filoxera izurrite baten, 36ko Gerraren eta nekazarien exodoaren ondorioz. Hala ere, XX. mendearen erdialdetik aurrera, lehengoratuz joan zen. “Egun, hiria osasuntsu dago; berpizten ari da”. Aurten, atzera begiratzeko eta gogoratzeko garaia dute vianarrek. “Herritarrak harro daude beren hiriaren ondareaz. Argi dute zaindu eta gogoratu behar dutela”.