Iritzia: Zaplaztekoak

Lur Albizu Etxetxipia

Gu herri aberatsetatik etortzen gara, ez gatoz herri pobreetatik, zuek uste duzuen moduan. Gure lurraldeak ez dira pobreak inola ere. Jende gazte asko dago gure herrietan, baliabide natural asko ditugu. Mendebaldeko, Europako herrialdeetara gatoz gure baliabide horiek guztiak zuen herrialdeek ustiatzen dituztelako eta lapurtzen dizkigutelako. Eta zuen herrialdeetara etortzen gara, haurrak gureetan uzten ditugun bitartean, ekartzen uzten ez dizkiguzuelako, edo oso nekeza delako hori egin ahal izatea, zuen legeek ez digutelako bizirautea besterik eskaintzen. Eta behin hemen egonda, zuen gurasoak, zaharrak, umeak zaintzen ditugu, zuek etxetik kanpo lan egin dezazuen, zuek ez zaitezten hainbeste ardura. Eta merke lan egiten dugu, gainera, eta merke ordaintzen diguzue. Eta lanean jarraitzen duzue, urtean behin gure herrialdeetara oporretan joan ahal izateko”.

Huerta de Peraltako langileen aldeko azken manifestazioan geunden, mobilizazioa amaitu eta ondorengo hitzartzeetan. Iruñea Harrera Hiria-ko kide bat mintzatu zen. Idatzi dudanaren antzeko zerbait esan zuen bere hitzartzean, beste gauza askoren artean (ez da inolaz ere zehatza izanen nik komatxo artean jarritakoa, ezta gutxiago ere). Zaplazteko txiki, kontraesankor horietakoa izan zen: irribarrea marrazten dizuna, ukitzen zaituena eta ziztada eragiten dizuna. Dena aldi berean.

Herrira itzuli ginen, eta eztabaidatzen aritu ginen: nor zen zuek? Guri ari zitzaigun hizketan? Agintariei, udalei, gobernuei, Europari, migrazio politikak agintzen dituztenei? Guri eta haiei? Denei?

Hor hasi ginen pilota alde batera eta bestera botatzen. Aurpegira ematen digutenean, baina, batzuetan komeni da kolpea jaso eta kolpeak berak egin duen soinua ere entzutea. Ez dut erantzunik nori ari zitzaion berriz aztertzeko, eta ez da nire asmoa. Gauza da pentsarazi zigula. Eta agian Europari zuzentzen ari zela, baina guk zalantza izan genuela. Interpelatuak sentitu ginela. Ukitu gintuela. Eta, akaso, beharbada gutaz ere ari zela pentsatu genuela. Guzti-guztiok “urtean behin gure herrialdeetara oporretan joan zaitezten” esaldi horretan guregan jarri genuela fokua, eta irribarre mikatz horietako bat atera zitzaigula. Eta gure artean begiradak gurutzatu genituela: elkarri irribarre (edo barre?) egin geniola, hari arrazoi osoa emanez.

Hor ez zegoen Merkelengan pentsatzerik. Kapitalismo basati honek, inperialismoak eragiten dituelako milaka hildako itsasoan; eragiten duelako errefuxiatuak berak egon behar izatea, eta goseteak, eta gerrak, eta… Eta horrek guztiak azalpen osoa duela. Eta erantzuleak dituela. Ardura politikoak.

Eta guk ere, zentzu batean, eta inolaz ere mailakatzeko asmorik gabe, badugula gure ardura. Edo beharbada hobeki esateko, gure betebeharra. Urrun ikus dezakegun (edo nitaz ari naiz) zerbait delako, baina hemendik kilometro eskasera dugu muga arrotz hori, eta kilometro eskas horietan daudelako bi mundu.

Eta guri ere badagokigulako.