Iritzia: Gorka Urbizuren irakasgaia

Jon Barberena Ibarra

Ezbaian jarri behar da ia dena”. Ondorio mamitsu bezain filosofiko hori ondorioztatzeko, “inertzia” hitza erabili zuen Gorka Urbizu musikariak Berri Txarrak taldearen etenaldi mugagabea adierazteko. Iduritzen zait hausnarketa sakon hori egiteko eta erabaki ausart hori hartzeko eguneroko ekintzetatik distantzia hartu beharra dagoela.

Distantziak bertze perspektiba batzuk eskaintzen ditu, eta komenigarria da noizbehinka talaia aldatu eta bertze begi batzuekin egunerokoa behatzea. Eta aztertzea. Ez baita erraza izozmendiaren puntaren puntan egonik, txaloak, laudorioak eta sona baztertuz, uzteko erabakia hartzea.

Beraz, sarrerak agudo erosten tematzeaz gain, iduritzen zait zer ikasia ere badugula erabaki eta hausnarketa horretatik. Gehienok eguneroko martxan inertziaz jokatzen dugu. Ez diogu geure buruari galdetzen zer ari garen egiten, gustura ote gauden egindakoarekin eta non kokatzen garen munduarekiko. Hain preziatua dugun baina horren guti estimatzen dugun denbora xahutuz goaz, deus zalantzan jarri gabe.

Era horretan, eguneroko ekintza errepikatuak ohitura bihurtzen ditugu, eta, gerora, ekintza horiek erranen digute bizitza zertan pasatu dugun. Hau da, gustatu edo ez, onartu behar dugu eguneroko zeregin ttipi horietan gure bizitza osoa islatzen dela, eta, beraz, egun arrunt batean egiten dugun horrek definituko ditu urteko gure gainontzeko egunak.

Presaka bizi gara. Laster egin behar izaten dira gauzak egun dugun sistema neoliberal honetan. Nonbait, iraganera begiratzeak ez du deustarako balio. Hobe da norantzarik gabe orainaldia alimaleko intentsitatez bizi, pentsatzen segundo bakar bat galdu gabe.

Errentagarritasuna eta azkartasuna arras baloratuak daude gure gaur egungo gizartean, eta lortutako lanpostuak eta izen onak gure estatusa definituko dute.

Halere, eta bidenabar, ez dugu pentsatzen gure lana gustuko ote dugun, betiko kuadrillaren solasaldiek aspertzen ote gaituzten, ohatzearen bertzaldean dagoen pertsonarekiko ditugun sentimenduak aldatu ote diren edo 1980ko hamarkadako musika paratzen duen betiko tabernan zer ote den aldatu ez den gauza bakarra.

Agudo goaz aitzinera, pentsatzeko tarterik ere hartu gabe, eta, inertziaz, atzoko eta herenegungo gauza berdinak errepikatzen ditugu.

Aspaldi, Poesia eta Poemak izenburuko zikloaren barnean, Bernardo Atxaga hizlari aritu zen eta, ziklo horretan, poema eta zeremonia konparatu zituen idazleak bere parte hartzean: “Eguneroko bizitzan mozketa egitea da, bai poemekin eta bai zeremoniekin lortzen dena. Hau da, denbora puska bat ateratzen dugu bizitzaren ibai arrunt horretatik. Tarte horretan dena desberdin irudikatuko dugu: espazioa, erritmoa…”.

Hitzekin hain abila den Gorka Urbizu musikariak ere gauza berdina egin duelakoan nago ni, hain zuzen. Hala ere, gainontzekoak zintzoak ote gara geure buruarekin?