Euskarari bidea egiten

Euskarari bidea egiten

Edurne Elizondo

Badute zer ospatu. Arangurengo Irulegi euskara taldeak hamabost urte bete ditu, eta egindako bidea gogoratu eta aitortu nahi izan dute kideek. 2004. urtetik, hain zuzen ere, euskarari egin diote bidea ibarreko herrietan, hizkuntzaren aldeko apustua lehenetsiz. Euskara eta euskal kultura bultzatzea hartu dute xede, hasieratik, eta udalerriko jardueretan txertatu du taldea asmo horrek.

Taldea ekarri zuen hazia 2004a baino lehen erein zuten Arangurengo biztanleek. “Udalak zuen diru laguntza baliatu, eta Euskararen Eguna antolatzen hasi ziren, 2001. urte inguruan”, azaldu du Irulegiko kide Urtzi Alkasenak. Euskararen inguruan bat egiteko gogo horrek taldearen sorrera ekarri zuen, 2004. urtean, eta hainbat herritarren arteko asmo xumea zenak lortu zuen egitura sendoago bat.

Euskararen Eguna Euskararen Aste bilakatu zen Arangurenen, Irulegi taldeak emandako bultzadari esker. Aurtengoa prestatzen ari dira jada kideak: maiatzeko bigarren astean eginen dute, asteazkenetik igandera bitartean. Lehenago, martxoaren 16an, bertso bazkaria eginen dute, hamabosgarren urteurrena ospatzeko giroa berotzen hasteko.

Euskararen Astea amaituta ere, ekain aldera, izanen da urteurrena ospatzen jarraitzeko aukerarik Arangurenen, dantza emanaldi berezia prestatzen ari baitira Irulegiko kideak, Nafarroako Dantzarien Biltzarrarekin batera. “Dantzari beteranoen topaketa egin nahi dugu”, erran du Alkasenak.

Gaur egun, ia ehun bazkide ditu Irulegi euskara taldeak. “Talde eragilean, halere, hamar-hamabost pertsona ari gara lanean. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko jarduerak prestatzea da gure zeregin nagusia”, erran du Irulegiko kideak. Euskararen Astearekin batera, bertzeak bertze, Olentzero antolatzen dute Irulegi taldeko kideek. “Herriko jardueretan parte hartzea da kontua”.

Irulegi taldeko kideen lanak eman du bertze fruiturik. Duela bost urte, hain zuzen ere, joaldun izateko ikastaroa prestatu zuten euskara taldean, eta egitasmo horren barruan sortu zen, 2014. urtean, Arangurengo Joaldun Taldea. “Bosgarren urteurrena beteko du joaldun taldeak, aurten”. Ospatzeko arrazoi gehiago badute, beraz, Irulegi taldeko kideek.

2010ean, eremu mistora

Irulegi euskara taldeak bere bidea hasi zuenean, udalerria eremu ez-euskaldunean zegoen. 2010. urtetik, ordea, eremu mistoko udalerri bat da Arangurengoa. Horrek ekarri du, bertzeak bertze, eskolan D eredua ezartzea. “Mutiloan bada D ereduko ikastetxea. Institutua falta zaigu, oraindik ere”, zehaztu du Urtzi Alkasenak.

Aranguren 2010. urtean eremu mistora eraman zuen prozesua 2006an jarri zuen martxan hango udalak. Urte hartan, ikerketa soziolinguistikoa egin zuen udalak, eta emaitzak argi utzi zuen herritarrek bertze harreman bat nahi zutela euskararekin. %56k erran zuten hori, hain zuzen ere.

Arangurengo Udalak “naturaltzat” jo zuen eremu mistoan sartzeko prozesua eta urratsa, lortu zuenean. Izan ere, Iruñerrian dago udalerria, eta eskualdeko udalerri gehienak eremu mistokoak dira. 2010ean, eremu mistora egindako jauzia ospatzeko, besta ibiltaria egin zuen udalak ibarreko herrietan.

Ez da hori Irulegi euskara taldea sortu zenetik ibarrean gertatutako aldaketa bakarra. Populazioaren bilakaerak ere izan du zer erranik euskararen egoeran, Alkasenak nabarmendu duenez. Mutiloa jarri du Irulegiko kideak adibide: “Duela hamazazpi urte, 2.000 biztanle zituen; gaur egun, berriz, 10.000”. Herritar gehienak seme-alabak dituzten gazteak direla erantsi du Alkasenak, eta horrek eman diola bultzada euskarari, D ereduaren aldeko apustuaren bitartez. “Euskararen egoerak hobera egin du urteotan guztietan”, gaineratu du.

Urratsak egiten jarraitu nahi dute Irulegi euskara taldeko kideek. Euskarari bidea egiten, alegia. Hamabosgarren urteurrenak horretarako aukera emanen diela zalantzarik ez dute. Izanen dute bertze aukerarik, gainera, Arangurenen euskararen eta euskal kulturaren alde egiten segitzeko. “Korrika prestatzen hasi gara jada!”, erran du Urtzi Alkasenak. Korrika, Euskararen Astea, bertso bazkaria… Hamabosgarren urteurrena ibarreko herritarrekin ospatu nahi dute Irulegiko kideek, eta denak batu euskara taldearen egunerokora. Bidea egiten jarraitzeko.

Irudia: Irulegi Euskara Taldea