Iritzia: Atzera goaz aurrera ez bagoaz

Lur Albizu Etxetxipia

Euskarak eutsi, erdarek irabazi”. Hauxe zen BERRIA egunkariak duela egun batzuk zekarren albistearen titularra. Hezkuntzako matrikulazio kanpainaz ari zen, eta azken urteetan izan den joera bertsua mantentzen dela baieztatzen zuen: D ereduak matrikulazioaren %30aren bueltan jarraitzen du, eta erdara hutsezkoa pixkanaka hazten ari da.

Ohikoa izaten da horrelakoetan gertatzen denari arrazoiak, zergatiak eta (batez ere) erantzuleak bilatzea, baita topatzea ere. Izan ere, neurri batean behintzat kezkatzeko datuak badira, eta atzera goaz aurrera ez bagoaz, euskararen eta kasu honetan D ereduaren kontuan, bederen.

Eta erantzuleak asko izan daitezke. Baina arrazoietatik hasi nahiko nuke. Eta apenas dudan erantzunik, baina bai galdera asko.

Vascuencea-ren (orain Euskararen) Legeak zenbat min egin digu? Ohartzen gara? Euskararen estatusa aldatzea premiazkoa da, euskarak berme legal batzuk izan ditzan eta, batez ere, herritar guztiengana hel dadin. Hogeita hamabi urte dira dagoeneko, eta zonifikazioak Nafarroa bera ere guztiz zatitu du.

Orain posible da D ereduan ikastea eremu ez-euskaldunean ere. Aurrerapauso hori eman da. Baina zergatik izaten ari da matrikulazioa hain pobrea? Zergatik hain motela? Beraz… Beharbada beste hausnarketaren bat egin beharko genuke? Ez da aski legeak, dekretuak… aldatzea. Non dago gizartean eman beharreko bultzada? Noraino egin behar da euskararen aldeko jarrerei bultzada handia eman? Hori instituzioen ardura bakarrik al da?

Kontziente gara UPNk egindako lanaz? Euskararekiko jarreretan zertxobait atzera egin dugu azken urteetan, ikerketek esaten dutenaren arabera. Euskararen kontrako jarrerak bultzatu eta hooligan-ak ere badituzte. Edozein aurrerapauso blokeatzeko prest daude eta laguntza eta publiko handia dute. Kontuz, horren aurka fronte askotatik egin behar baita lan.

Noiz amaituko dugu zonifikazioarekin? Bigarren mailako herritar pila bat gara, izan gara, egonen dira. Ez da biktimismo kontua; jakin behar dugu esplikatzen zertarako eta zergatik behar eta nahi dugun euskara; zergatik eta zertarako da guztion interesekoa.

Ingelesa, PAI, British…: ongi egin ziguten iruzur, globalizazioaren, progresioaren izenean. Neurtu beharko genukeen mina ekarri dute horiek. Meritua al da euskarazko ereduak behera egin ez izana, kontuan hartuta horrelako lehiakide bat izan duela alboan?

Ausardia falta zaigu, baina nori, zehazki? Ardurak banatuko ditugu, baina noren artean, hain zuzen? Ausardia falta zaio legea aldatzeko prest ez dagoenari; korporatibista da legea aldatuta horrek zein ondorio izanen dituen dakiena. Eta kalean eztabaida piztu eta euskararen aldeko jarrerak sustatzeko ere inbertsioa falta zaigula uste dut.

Buelta ematen saiatu beharko ginateke, Nafarroa zatituegi egon aurretik, elkar ulertzeko zubi guztiak zartatu aurretik. Euskarak merezi du eta nafarrok behar dugu. Aitzakia gehiagorik gabe, konplexurik gabe, beldurrik gabe.