“Teknologiak aurrera egin du; horretan izan behar da konfiantza”

Edurne Elizondo Urtegi bati lotutako herria da Esa, eta hango alkate Roberto Martinez Luiando (Iruñea, 1984). Urtegia handitzeko lanek baldintzatu dute eskualdeko egunerokoa. 103 etxebizitza desjabetu zituzten, 2013ko lur jausiagatik. Noiz eta zergatik eskatu zenuten kalte-ordaina? 2013. urtean lur jausia izan zen Esako eskuineko hegalean, eta urbanizazioak hustu behar izan zituzten, segurtasunagatik. Horren ondorioz, proiektua aldatu behar izan zuten; aurretik ere hirutan egokitu zuten plana. Aldaketa horren bidez, konponbidea eman nahi izan zioten urbanizazioetan sortutako arazoari, lur mugimenduak 103 etxebizitzari eragin ziolako. Udalak, gainera, herri lurrak bazituen mugimendu horrek ukitutako eremuan. Hori gertatu baino lehen, Esak jaso izan du ordainik urtegiko lanek eragindako kalteengatik? Bai. Lanek eragindako kalteak ordaintzeko sail bat badu Ebroko Ur Konfederazioak. Zortzi milioi eurokoa da, eta, orain arte, sei inguru ordaindu dizkiote udalari. Gu sartu ginenean, ordainketa horiek bertan behera gelditu ziren. Konfederazioak erran zuen diru anitz gastatu zuela jada ordura arte. Uler dezakegu, neurri batean. Baina hegaleko lur mugimendua gertatu, eta lurrak eta etxebizitzak galdu eta gero, uste genuen ordaina jasotzeko eskubidea bagenuela, eta konfederazioari zegokiola ordainketa horiek egiteko plan berri bat prestatzea edo aurretik zegoenari segida ematea. Nola eragin dio etxebizitza horiek galtzeak herriari? Anitz da 103 etxebizitza galtzea. Egia da gehienak bigarren etxebizitza zirela jabeentzat, baina urbanizazio horiek jende anitz erakartzen zuten Aste Santuan eta udan, batez ere, eta sumatzen da galdu izanaren eragina. Horko jendeak herrian kontsumitzen zuen, eta beherakada hori sumatu da. Horregatik uste genuen ordaina jasotzeko plana martxan jarri behar zela, berriz ere. Ebroko Ur Konfederazioari egin zenioten eskaera? Bai. Eta isiltasuna izan zen jasotako erantzuna. Ondorioz, Espainiako Auzitegi Nazionalera jo genuen helegitea aurkeztera. Erakunde horrek kolpe batez konpondu nahi izan zuen auzia: auziaren mamiari ez diote eutsi, eta erran dute guk proiektua aldatzeko prozesuan aurkeztu behar izan genituela gure alegazioak. Gure abokatuek kontrakoa diote, ordea. Proiektua egokitu dutenean alegazioak aurkezteko epea zehaztu dute, baina lur jausiak eragindako aldaketaren kasuan ez dute horrelakorik egin. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileen ebazpenari helegitea jarriko diozue? Bai. Egin dugu jada. Abokatuek erran digute ez dela erraza izanen, baina saiatu behar dugula uste dugu. Espainiako Auzitegi Gorenean dago orain auzia, beraz. Esako urtegia handitzeko lanek zertan aldatu dute herriko egunerokoa? Eragin diote. Urtegian bi kanpaleku baziren, eta urtegia handitzeko lanen ondorioz itxi egin dituzte. Kanpalekuak ez zeuden berez gure herrian, baina Esa zen gertuen zuten herria, eta bizia ematen ziguten. Urbanizazioak galdu ditugu, eta ertzeko bertze 30-40 etxebizitza ere bai. Kendu eta kendu, eta ematen ez badizute, azkenean desagertuko gara. Egoerak, gainera, ez dio onik egiten herriaren ospeari, alderantziz. Orain arte urtegiari lotutako herria izan zarete. Bai. Baina urtegia handitzeko lanek kalte egin digute. Galdutako etxeak ez dira arazo bakarra. Errepideena ere badago. Desjabetutako etxebizitzak botako dituzte orain, eta errepidea moztuko dute. Autobia baino ez dugu izanen, eta herritik ez dugu sarbiderik. Etxeak desjabetu zituzten lur jausia izan zelako. Kezka duzue segurtasunarekin? Konfederazioak neurriak hartu ditu, eta ni lasaitzen naute neurri horiek. Hegala mugimendua neurtzeko gailuz beteta dago. Kontrolpean dute magala. Gutxira arte, datuak bidaltzen zizkiguten. Bazen mugimendu txiki bat. Hegala ez da gelditu, beraz? Ez. Baina gutxi mugitzen da. Hasieran hilabetero bidaltzen zizkiguten datuak; orain, sei hilabetean behin edo urtean behin. Konfederaziotik kanpoko hainbat adituk erran dute Esa ez dela segurua. Zer deritzozu? Ez dakit, ez da nire esparrua. Teknikariek erraten dutena hartu behar dugu kontuan. Ez duzu kezka? Kezka badut. Zangozan egiten dut lan. Baina lasai joaten naiz. Gobernuak ere eskatu ditu txosten gehiago. Nik uste dut gauzak argi ez baleude ez luketela aurrera eginen lanekin. Mugimendua gertatu zenean bai kezkatu nintzen. Baina inbertsio handia egin dute. Egia da Rene Petitek erran zuela handitzea arriskutsua zela. Baina teknologiak aurrera egin du. Horretan izan behar dugu konfiantza.