Ura garbitu ordez, zikindu

Ura garbitu ordez, zikindu

Edurne Elizondo

Tuterako Instrukzio Epaitegi Dekanora ailegatu da auzia: erakunde horren aurrean salatu ditu Nafarroako Fiskaltzak Corellan Alhama ibaira egindako ur zikinen isurketak. Araztegian dago arazoa, batetik, azpiegitura horretako saneamendu saretik egin baitituzte isuriak. Hori gertatzen ari zela salatu zuen Gurelur talde ekologistak joan den udan, hain zuzen ere. Bertzetik, Gurelurreko kideek udan ere agerian utzi zuten araztegitik pasatu gabe, saneamendu saretik zuzenean ari zirela isuriak egiten Corellan, Alhama ibaira.

Udan, jada, herri horretan gertatzen ari zena salatu zuen talde ekologistak. Fiskaltzari eman zion isurien berri Gurelurrek. “Ibaia estolda bilakatu dute; Alhamako uraren kalitateak behera egin du nabarmen, eta bazterreko zuhaitzei, landareei eta animaliei ere eragin diete ur zikinek”, nabarmendu dute Gurelur taldeko kideek.

Bereziki aipatu dute bisoi europarraren kasua ekologistek. “Galtzeko arriskuan da”, gogoratu dute. Igarabak ere bizi dira Alhaman, eta ur garbia behar dute aurrera egiteko. Isurketak bi espezie horien ugaltze garaian gertatu zirela erran dute Gurelurreko ekologistek, hain zuzen ere.

Corellako Udalak ere esku hartu du auzian. 2018ko urte hasieran jada salatu zuen araztegia ez zela bere lana ongi betetzen ari. Nilsa enpresa publikoa da Corellako araztegiaren kudeatzailea. Udalak auziaren berri eman eta gero, Nafarroako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak salatu zuten Nilsaren jarduera. Enpresak erantzun zuen araztegiko azpiegitura zaharkitua gelditu dela, eta, ondorioz, herri horrek eragiten dituen hondakinak tratatzeko gaitasunik ez duela jada. Nilsak onartu zuen ur zikin guztiak tratatzeko aukera ez zutenean Alhamara isurtzen zituztela.

Araztegia egokitzeko lanak iragarri zituen enpresak orduan, eta martxan jarri zituzten. Irailean, halere, herriko udaleko arduradunek ezagutarazi zuten egoerak ez zuela hobera egin. Alderantziz, okerrera egin zuela salatu zuten. Corellako isurketen arazoa ez zen konpondu, eta, ekainean, gainera, Cintruenigoko enpresa batetik lixiba isuri zuten ibaira, eta milaka arrain hil ziren.

Irailetik aurrera, Corellako Udalak hainbat azterketa egin ditu Alhama ibaiko uraren kalitateari buruz. Erakunde horrek erran du ibaia egun “garbi” dagoela isurketak izan ziren tokian. Nabarmendu du, halere, ibaiko hainbat tartetan badirela hondakin solidoak, isurien ondorioz.

Gurelur talde ekologistak eskatu du ibaia garbi dezatela, hondakin horiek ateratzeko asmoz, hain zuzen. “Isurketak izan diren ingurua lehengoratzeko lanak egin beharko lituzkete; hondakinak atera, eta dagozkien tokian tratatu”, erran dute Gurelurreko kideek.

Ekologistek argi dute premiazkoa dela Corellako araztegian neurriak hartzea, ibaia zikintzen ez jarraitzeko. “Saneamendu saretik ur zikinak zuzenean ibaira botatzen dituen bidea itxi beharko luke araztegiak. Ur zikinak araztegira garraiatzen dituzten hodietan ere egin beharko lituzkete behar diren lanak, ibaira doan edozein irteera itxi ahal izateko”, erran dute talde ekologistako arduradunek.

Nilsa 1989. urtean sortu zuten. 2015eko datuen arabera, enpresa publiko horrek 141 araztegi kudeatzen ditu, eta 544 zulo septiko. Corellako araztegian bi langile hil ziren iazko udan, ur zikinentzako putzu batera erorita.

Salaketa Errioxatik ere

Corellan gertatutako isuriek herrialdetik at ere izan dute eragina. Errioxako (Espainia) Lurraren Lagunak talde ekologistak Gurelurren salaketarekin bat egin zuen udan, hain zuzen ere. Alhama ibaiko urak Nafarroa ez ezik Errioxa ere ukitzen du. “Corellatik behera, ur gardena ur gris eta zikin bilakatzen da”, erran zuen Errioxako talde ekologistako kide Juan Donairek, egoera salatu zuenean.

Lurraren Lagunak elkarteak, zehazki, Nafarroako eta Errioxako gobernuei eskatu die esku har dezatela Corellako araztegian dagoen arazoa konpontzeko. Ebroko Ur Konfederazioari ere eskatu dio neurriak har ditzala isurketa gehiagorik gerta ez dadin.

Errioxako taldeak ontzat jo du fiskaltzak salaketa Tuterako epaitegira eramateko egindako urratsa, baina nabarmendu du isuriek min handia eragin dietela jada Alhaman bizi diren animaliei. Kezka du Gurelurrek ere, eta administrazioari exijitu dio neurriak hartzeko eta erantzukizunak argitzeko.

Irudia: Gurelur