Zutik jarraitzen dute emakumeek

Zutik jarraitzen dute emakumeek

Edurne Elizondo

Martxoaren 8a. Emakumeen greba. Euskal Herriko mugimendu feministak planto egitera deitu ditu andreak, aurten, bigarrenez. “Heteropatriarkatu kapitalistari planto!”. Nafarroan zutik dira emakumeak. Zutik jarraitzen dute. Grebarako eta borrokarako prest.

Herriz herri antolatu dituzte protestak, gaurko, herrialdeko talde feministek eta grebarako propio sortutako batzordeek. Iruñean, egunarekin batera hasi dituzte mobilizazioak, gauerdian manifestazio batek zeharkatu baititu Alde Zaharreko karrikak, gaua emakumeena ere badela aldarrikatzeko.

Ekitaldi nagusiak, halere, 08:30ean hasiko dira. Piketeak eginen dituzte grebalariek Nabarrerian, emakumeak plantora deitzeko. 12:00etan elkarretaratzea eginen du mugimendu feministak, Gazteluko plazan. Bazkaria eginen dute 14:30ean, eta, 19:00etan, berriz, eguneko manifestazio nagusia abiatuko da, Golem zinema aretoen paretik.

Bost ardatz ditu aurtengo greba feministak: ikasketak, enplegua, kontsumoa, pentsioak eta zaintza. Arlo horietan guztietan, berdintasunaren eta justiziaren aldarria zabaldu nahi du gaurko protestak, heteropatriarkatu kapitalistaren zapalkuntzaren aurka. Bizitza jarri nahi izan dute emakumeek erdigunean.

Adin eta arlo ezberdinetako hainbat andrek hartu dute hitza orriotan, greba egiteko beren arrazoien berri emateko. Gogoa eta helburuak partekatzen dituzte, baina ezberdina da batzuen eta bertzeen abiapuntua eta testuingurua.

ANA SAROBE

Oneka elkarteko pentsioduna

“Emakumeok etxean egiten dugun lana agerian utzi behar dugu”

Etxetik kanpo lan egiten zuen Ana Sarobek, iaz, mugimendu feministak lehendabizikoz grebara deitu zuenean. Planto egin zuen. Abenduan hartu zuen erretiroa. Pentsioduna da orain, eta Oneka taldearekin egin du bat. Euskal Herriko emakume pentsiodunek sortutako elkartea da, eta babestu dute gaurko greba. Sarobek ere greba eginen du, berriz ere. Ez du hutsik egin nahi. “Greba egin beharra dago. Emakumeok etxean egiten dugun lana agerian utzi behar dugu. Ezkutuko lana da, zaintza lana, baina mahai gainean jartzeko ordua da”.

“Gizon asko oso eroso bizi izan da orain arte. Guk egin dugu dena etxean. Baina argi izan behar dute ez direla gure gainetik”, erran du Sarobek. Etxeko giroa ekarri du gogora, eta “berdintasunezkoa” zela nabarmendu du. Orain, gazte anitzen jarrera ikusirik, “harrituta” gelditzen dela onartu du. “Lan handia bada, oraindik ere, egiteko; bai eta emakume gazteen artean ere”.

Beren burua feminismoaren aliatutzat jotzen dituzten gizonen inguruan ere gogoeta egin nahi izan du Sarobek. “Badira greba egin nahi duten gizonak. Eta ez dute ulertzen greba emakumeona dela. Ez zaie buruan sartzen haiek ere greba egiten badute ez dela agerian geldituko guk egun horretan egiten ez duguna”. Egiteko lan handia badela berretsi du Oneka elkarteko kideak.

CARIDAD JEREZ

Nafarroako Etxeko Langileen Elkartekoa

“Langileak gara, eta dagozkigun eskubideak nahi ditugu”

Aspaldi hasi zen Caridad Jerez gaurko grebarako prestaketak egiten. Nafarroako Etxeko Langileen Elkarteko burua da. Langileok existitzen ez direlako erabaki zuen Jerezek elkartea sortzea: “Langile izaera ere ukatu egiten digu egungo sistemak”. Etxean eta etxetik kanpo emakume langilea delako eginen du Jerezek greba, gaur. “Amantal more bat erosi dugu hainbat lagunok. Hori jantzita aterako gara karrikara. Atzera egiteko inolako asmorik ez dugula argi utziko dugu”.

Etxeko langile anitzek gaur greba egiteko aukera ez dutela izanen erran du Caridad Jerezek. Horixe salatu du. Etxeko langile anitzentzat greba egiteak berekin ekarriko zuelako enplegua galtzea. Errealitate hori aldatu nahi dute elkarteko kideek, hain zuzen ere. “Langileak gara, eta dagozkigun eskubideak nahi ditugu”. Etxetik kanpo, bai eta etxean ere. Esparru guztietan, berdintasunaren aldeko aldarria bere egin du Jerezek. “Nik 61 urte ditut; nire belaunaldiko emakumeon patua izan dira erratza eta seme-alabak. Bada garaia gauzak aldatzeko”, bukatu du.

FATIMA DJARRA

Afrikako Lorea elkarteko kidea

“Migratzaile anitzek ezin izanen dute greba egin, lana galduko luketelako”

Munduko Medikuak elkartean aritzen da Fatima Djarra. Ginea Bissautik etorri zen Nafarroara, eta, herrialdean, Afrikako bertze hamaika emakumerekin batera, Afrikako Lorea izeneko elkartea jarri zuen martxan. Greba eginen du gaur. “Greba, emakumeon eskubideen alde”.

Elkarteko bertze emakumeak izanen ditu Djarrak greban lagun. Erran du, halere, emakume migratzaile anitzek ez dutela gaur karrikara ateratzeko aukera izanen. “Ezin izanen dute greba egin, plantoarekin bat eginez gero lana galduko luketelako. Baldintza kaskarretan ari dira, eta beren eskubideak zapaltzen dituzte”, salatu du. Erantsi du greba egiteko aukera izanen ez duten horiek ere ordezkatuko dituztela gaur protesta egitera aterako diren gainerako emakumeek.

Iazko Martxoaren 8ko grebak mahai gainean jarri zuen auzi hori, hain zuzen ere. Egun nagusi den feminismoak zein neurritan ordezkatzen ote dituen talde nagusi horretatik at gelditzen diren emakumeak, alegia. Urratsak egin direla azaldu du Djarrak. “Iaz ez genuen sentitu gure aldarrikapenak ordezkatzen zituztela protestek; aurten bai; guregana etorri dira bertze talde feministetako kideak. Izan dugu aukera iritziak partekatzeko, eta aurrera egin dugu. Ez dago lehen eta bigarren mailako emakumerik”.

MIKELE GRANDE

Uharteko ikaslea

“Sistemak emakumeok zapaltzen gaitu; lan egin nahi dut hori aldatzeko”

“Greba? Noski eginen dudala!”. Zalantzarako tarterik ez du utzi Mikele Grande ikasle uhartearrak. Barañaingo Alaitz institutuan ari da batxilergo artistikoa egiten. Zentroko talde feministako kidea ere bada. Eta gaur, ikastetxeko kideekin batera, Iruñeko karriketan izanen da, feminismoaren alde.

Iaz ere greba egin zuen Grandek. “Emakumeok zapaltzen gaitu egungo sistemak; horren kontzientzia badut, eta errealitate hori aldatzeko egin nahi dut lan. Oso garrantzitsua da greba egitea, borrokatzea emakumeon alde”.

Etxean beti izan du berdintasunaren aldeko giroa. Hori ikasi du. “Beti azaldu didate argi emakumeok zer-nolako zapalkuntza jasaten dugu; eta irakatsi didate hori ez dela bidezkoa”.

Barañaingo institutuko talde feministarekin bat egiteak ikasten jarraitzeko aukera eman diola erantsi du, eta eskertu du. “Taldean sartu nintzenean konturatu nintzen informazioa behar nuela, behar nuela trebatu. Hor ikasi dut feminismoa zer den, eta kontent naiz”.

LOLA ESLABA

Irunberriko gaztea

“Guk emakume aske izan nahi dugu gure herrietan”

Hiriburuko protestak izanen dira gaurko nagusiak; hau da, jende gehien erakarriko dutenak, hiriburuan eta inguruko herrietan bizi baita populazioaren gehiengoa. Nafarroako herrietan ere entzunen da aldarri feminista, hala ere.

Irunberrin eginen du greba Lola Eslabak. Protesta prestatzeko lanetan aritu da, bertze emakume anitzekin batera. “Feminismoaren inguruan antolatuta ez dauden emakume batzuk ere aritu dira lanean”, azaldu du.

Herri baten testuinguruan egin du feminismoari eta emakumeen aurkako zapalkuntzari buruzko gogoeta: “Herrietan handiagoak izan dira gure askatasunaren aurkako erasoak; zaintza lanak emakumeoi egokitu zaizkigu, eta zerbitzu publikoak kendu dizkigute. Zaila da emakume izanda herrietan bizitzea”.

Asmo eta nahi hori du Eslabak, halere. Bai eta bertze emakume anitzek ere. “Kapitalismoak, baina, landa eremuko baliabideak hustu eta hirietara bultzatzen gaitu. Guk emakume aske izan nahi dugu gure herrietan”, nabarmendu du.

Emakumeon aldarriak Iruñera eramanen dituzte Irunberriko gazteek, arratsaldeko manifestazioarekin bat eginez. Emakumeak saretzeko beharraren garrantzia nabarmendu du Eslabak.

ESMERALDA AMADOR

Gaz Kalo ijitoen elkarteen federaziokoa

“Emakume ijitoak gara, eta horrek zailtasun gehiago ekartzen digu”

Lizarran bizi da Esmeralda Amador. Gaur, herriko protestetan parte hartuko du. “Greba eginen dut, bai. Gaz Kaloko langile guztiok eginen dugu”. Amadorrek azaldu du iaz ez zuela egin, baina aurten sentitu duela berdintasunaren aldeko urratsa egiteko eta plantoarekin bat egiteko beharra. “Azken urte hau aldaketa urtea izan da emakume ijitoentzat. Greba eginez erakutsi nahi dugu guk ere berdintasunaren alde egin nahi dugula lan”.

Gaz Kalo federazioko berdintasun saileko arduraduna da Amador, eta Lizarrako Udaleko Berdintasun Batzordeko kide ere bai. Argi du emakumeen aurkako zapalkuntzaren kontrako borroka ez dela egun batetik bertzera irabaziko. Baina egunez egun urratsak egiteko beharra azaldu du. Are gehiago emakume ijitoen artean. “Gu bertze emakume anitz baino atzerago gaude, oraindik ere. Emakumeak gara, emakume eta ijito, eta horrek zailtasun gehiago ekartzen digu; zailtasunak, bertzeak bertze, etxebizitza edo enplegua lortzeko”.

Estereotipoen aurkako borrokarekin lotu du gaurko greba feminista Esmeralda Amadorrek, gainera. “Ijitoen inguruko aurreiritziak apurtzeko ere egin behar dugu lan. Berdintasunaren alde ari garela erran nahi dugu ozen, eta askotarikoak garela”, gaineratu du.