G7koen asmoen aurka bat eginda

Edurne Elizondo

Hiriz hiri antolatzeko ordua da oraingoa. Eta Iruñean egin dute jada: jendaurrean aurkeztu dute G7koen aurka sortutako taldea. Euskal Herrian osatutako plataformaren adar gisa jarri da martxan talde berria, Iruñeko herritarrak, elkarteak eta eragileak aktibatzeko asmoz.

Lan horrekin hasteko, hain zuzen, bilerara deitu du Iruñeko taldeak. Hilaren 16an eginen dute, 18:30ean hasita, Zabaldi elkartasunaren etxearen egoitzan. Asmoa argia da: “Iruñean gailurraren aurkako erresistentzia eraikitzea”.

G7koen gailurra, zehazki, datorren abuztuaren 24tik 26ra eginen dute, Miarritzen (Lapurdi). G7ko estatuburuen goi bileraren aurka egiteko sortu da, hain justu, G7 Ez plataforma nazionala, munduko herrialderik aberatsenen politikak salatzeko, eta, aldi berean, Euskal Herriko egoera agerian uzteko.

Hamaika pertsonak, elkartek, sindikatuk, alderdik eta eragilek egin dute bat Nafarroako hiriburuan sortutako taldean, asmo berarekin. Datorren astearteko bileran hasiko dira egin beharreko urratsak zehazten. Helburua izanen da G7koen “politika hiltzaileen” aurrean “beste mundu bat eraikitzeko” beharra aldarrikatzea.

“Jada eraikitzen ari gara beste mundu hori”, erran dute Iruñeko plataformako kideek. Justizia sozialaren, elkartasunaren eta berdintasunaren aldeko lana nabarmendu dute, hain zuzen ere, eta G7ko estatuek “guztiz kontrako balioak” ordezkatzen dituztela gaineratu.

Aliantzak

G7koen aurkako herritarrek argi dute erakunde horretako estatuen bideak orain arteko bere politiken ondorioak sakontzea baino ezin duela ekarri. “Desberdintasunek gora eginen dute; klimaren aldaketaren arazoa larriago bilakatuko da, eta gerra inperialistek aurrera jarraituko dute”. Egungo “sistema kapitalista globalizatua” jo dute Iruñeko taldeko kideek heteropatriarkatuaren eta kapitalaren arteko aliantzari eusten dion zutabetzat.

Sistema horrek eragiten dituen zapalkuntzen inguruko lana egin nahi du G7 Ez plataformak, abuztura bitarte. Estatuburuen goi bilerak Miarritzeko eta inguruko herritarren egunerokoan izanen duen eragina ere salatu dute Iruñeko taldeko kideek, eta nabarmendu dute, goi bilerak iraun bitartean, “askatasun publikoak erabat mugatuko” dituztela. Bertzeak bertze, manifestazio eskubideari eraginen dio G7koen bileraren inguruan ezarriko dituzten kontrol neurriek.

Bilerak “egiazkoa setioa” ekarriko duela erantsi dute taldeko kideek, eta horren aurka lan egitera deitu dituzte herritarrak. Iruñean bezala gainerako hiriburuetan sortutako taldeak nor bere kabuz ariko dira, baina, betiere, G7 Ez plataformak zehaztutako bidean.