Herritarren bozgorailu

Herritarren bozgorailu

Ane Eslava

Argazkien plataforma bat eta ikus-entzunezko edukien atari bat. Garai ezberdinetan eta euskarri ezberdinekin sortutako bi hedabide. Bien helburua, berriz, berbera: herri mugimenduaren bozgorailu izatea. Asmo horri jarraitu diote Ekinklik Argazkiak-ek eta Ahotsa.info-k 2009an eta 2014an sortu zituztenetik, hurrenez hurren; hamar eta bost urteren ostean, horretan dihardute. Bi komunikabideak “aliatu” izan dira hasieratik, eta elkarrekin heldu dira urteurrenera ere: festa batekin ospatu zuten, martxoaren 30ean, Iruñean.

Hutsune bat betetzeko jarri zuten martxan Ekinklik 2009an, Dabid Sanchez kideak gogoratu duenez: “Zenbait kolektibotan elkarlanean aritu ginen lagun batzuek ikusi genuen gizarte mugimenduak egiten zituen gauza asko ez zirela hedabideetan islatzen, eta argazkilari aktibisten kolektibo bat sortzea erabaki genuen”. Hala, “hedapenik gabeko borroka txikiei” zabalkundea emateari ekin zioten.

Ahotsa.info-ren sorrera ulertzeko, berriz, 2007ra jauzi egin beharra dago. Urte hartan, Nafarroako hainbat kazetarik Apurtu.org hedabide digitala sortu zuten, “eskubide zibil eta politikoen urraketak salatzeko”, baina 2011n, Espainiako Auzitegi Nazionalak webgunea itxi egin zuen. Ondoren, Ateak ireki sortu zuten, aurrekoak utzitako tokia betetzeko, eta hori ere itxi egin zuten. Horren ondotik sortu zen Ahotsa.info.

Ahotsa.info-ko kide izan da hasieratik Miguel Angel Lamas Pitu, eta argi ikusten du beste webguneen itxierek sortutako haserreak ekarri zuela komunikabide berriarentzako “babes olatu bat”. Hain zuzen, herritarren laguntzarekin lortu zuten finantzaketaren arazoari aurre egitea: “Finantzaketa kolektibo bidez bildu genuen dirua”. Kontatu duenez, hasieratik argi ikusten zuten multimedia formatuko edukien aldeko apustua egin behar zutela. “Hori izan da gure ikurra”.

Ahotsa.info-ren orduko lantaldea ez da gaur egungo bera. Garai hartan zeuden kideetako lauk jarraitzen dute orain, eta bi baino ez dira langileak; gainontzekoak boluntarioak dira. “Eta halako baldintzekin normala denez, gorabeherak izan ditugu taldean”, onartu du Pituk. Gaur egun, hamar lagunek osatzen dute Ahotsa.info. Antzeko kasua da Ekinklik-ena ere, Sanchezek kontatu duen moduan: “Lau kidek eutsi diogu hasieratik, baina laguntzaile eta kolaboratzaile asko izan ditugu”. Eta zehaztu du: haiek ez dira profesionalak, “argazkigintzaren aktibistak” dira.

Urte hauetan, eskura izan dituzten teknologiak baliatuz eta ilusioz, “gauza handiak” egitea lortu dutela adierazi dute Pituk eta Sanchezek. Haien ustez, bi webguneak dira erreferentziazkoak; batik bat Nafarroan, eta Ahotsa.info baita Euskal Herrian zein atzerrian ere. Pituren ustez, haien arrakastaren gakoa da erraz kontsumitzen diren edukiak ekoiztea, eta kalean zerbait gertatzen den aldiro han izatea. Sanchezen irudiko, haiek asmatu dute herri mugimenduarekiko gertutasuna izaten, eta ekintzarik txikienetako irudiak ere jasotzen.

Ekinklik eta Ahotsa.info herri mugimenduen komunikabideak dira. Baina hura aldatu egin da azken urteetan, eta kazetariek aldaketetara moldatu behar izan dute. Gizartearen eta instituzioen arteko “konfrontazio handiko” garaietan sortu zituzten biak, Sanchezek azaldu duen moduan: “Gu hasi ginenean, adibidez, greba orokor asko zeuden, eta borrokak toki handia zuen kalean”.

Baina Nafarroako instituzioetara aldaketaren gobernua iritsi zenetik, gizartearen eta instituzioen arteko harremana aldatu egin dela ikusten dute: “Ukapen orokor batetik elkarlanera pasatu gara; pankartek tokia galdu eta proiektu eraldatzaileek bereganatu dute”, adierazi du Pituk. Proiektuak, baina, ez dira horren deigarriak ikus-entzunezkoetan, haren ustez. Halere, “kostata” bada ere, uste du lortu dutela garai berrietara egokitzea. Adibide bat jarri du: lehen, kaleko istilu bat grabatuko lukete, eta, orain, berriz, Skolaeren inguruko erreportaje bat egin dute. “Eta onartzen dugu lehenak gehiago saltzen duela, bigarrenak lan handiago eskatu arren”. Gainera, Pituk eta haren kideek beste oztopo bati ere egin behar izan diote aurre: zentsuraren mamuari. Mozal legea aplikatzeko mehatxuak egin izan dizkiete. “Halere, oraingoz mehatxu guztiak saihestu ditugu”, zehaztu du.

Lagunarekin bat dator Sanchez ere. Haien kasuan, beste zailtasun bat ikusten dute: gaur egun, edonork du argazki kamera bat, eta jende guztia da gai argazki txukunak egiteko. Haiek, baina, badute balio handiko “altxor” bat: azken hamar urteetako artxiboa. “Milaka argazki ditugu, askotarikoak”.

Zalantza garaia

Oztopoak oztopo, aurrera jarraitu dute. Horregatik, “poztasunez” ospatu dute bi hedabideen urtemuga; elkarrekin, eta haien komunitatearekin. “Jendea pozik zegoen, bost eta hamar urte ez direlako gutxi, jakinda gaur egun dauden oztopoak”, kontatu du Ahotsa.info-ko kideak. “Eta beste hainbeste izan daitezela”.

Aurrera begira haien helburuak zeintzuk diren galdetuta, zalantza da nagusi bi lagunen artean. Hauteskundeei so daude biak, bozen emaitzen arabera Nafarroan gauzak asko alda daitezkeela uste baitute. “Aldaketaren gobernuak jarraitzen badu, eraldaketarako proposamenak zabaltzen jarraituko dugu”, adierazi dute. Eskuina nagusituz gero, ordea, “konfrontazio” garai berri bat hasiko dela pentsatzen dute. Eta, hala izanez gero, argi dute zein izango den haien lana: “Kaleko borrokei lehen lerrotik jarraitzea”. Herri mugimenduen bozgorailu izateko aurrerantzean ere.

Irudia: Dabid Sanchez / Ekinklik