Herri kirolak herriarentzat

Herri kirolak herriarentzat

Ainhoa Larretxea Agirre

Isiltasunaren gainetik aizkora hotsa gailentzen da Oronozen (Baztan, Nafarroa) iluntzetan. Aizkorak egurra moztean egiten duen hots berezia. Hantxe dago Gure Kirolen Kluba herri kirolen eskola, eta hangoxea da aizkora hotsa. Patxi Larretxea buru dutela, kirolari andana elkartzen da klubean, entrenatzeko eta herri kirolen inguruan ikasteko.

Herri kirolak ezagutarazteko eta horiek praktikatzen laguntzeko sortu zuen Patxi Larretxeak eskola Oronozen, 2008. urtean. Alta, lehenagotik biltzen zen kirolari andana. Bidasoa errekaren inguruan nabaritzen zuen herri kirolekiko afizioa, eta afizio hori landu eta plazan urte luzez jasotako esperientzia biltzeko sortu zuen eskola. Aizkora da gaur egun eskolan gehien praktikatzen den kirola, nahiz eta, bertzeak bertze, trontza, harri-altxatzea eta txingak ere egiten dituzten.

Pasioz bizi ditu herri kirolak Larretxeak, eta pasio hori bertze kirolariei transmititzen saiatzen da eskolaren bidez. Egunero joaten da Oronozen duen eskolara; han, entrenatzeko orduetan ez ezik, denbora anitz ematen du egurrak prestatzen eta txukuntzen ere. Hasi zenetik anitz handitu da eskola, eta, gaur egun, ez dute kirolari gehiago hartzeko lekurik. Gazteek plazarako jauzia egin dezaten horrelako eskola gehiago behar direla nabarmendu du Larretxeak.

Maila ezberdinetako kirolariak elkartzen dira Oronozen. Hasi berri diren 18 urteko bi gazte ikus daitezke entrenatzen, baina baita Euskal Herrian txapel andana lortu dituen Donato Larretxea aizkolari ezaguna, edota Nerea Sorondo ere, egungo Urrezko Aizkorako txapelduna emakumezkoetan. Denak elkarrekin ibiltzen dira, eta denek laguntzen dute elkar. Larretxeaz gain, bertze laguntzaile batzuk ere izaten dituzte kirolariek.

Gure Kirolen Kluba ez da Euskal Herrian herri kirolak erakusten dituen eskola bakarra. Dena den, Larretxeak nabarmendu du gaur egun denetan handiena dela. Herri kirolak praktikatu ahal izateko horrelako eskolak beharrezkoak direla uste du Patxi Larretxeak: “Hagitz zaila da inoren laguntzarik gabe herri kiroletan hastea. Zaila ez, ezinezkoa. Gaur egun daramagun bizimoduan, jendea ez dago jorratua lan hauetan hasteko”.

Herri kiroletan aritzeko tresnak garestiak dira, eta horrek zailtzen du nor bere kabuz entrenatzeko aukera izatea. Gaur egun, ez dago edozeinen esku beharrezko aizkorak eta egurra izatea; zer erranik ez, altxatzeko harriak edo txingak. Entrenatzeko tresna garestiak izateaz gain, teknika berezia ere badute kirol horiekin, eta teknika hori ikastea beharrezkoa izaten da. Aizkoraren kasua aipatu du Larretxeak: “Egurrak prestatzen jakin behar da, egur bakoitzarentzat aizkora egokia aukeratzen. Egur bakoitzak du bere mozteko era, eta hori ere ikasi behar da. Hori dena behin eta berriz arituz ikasten da , ezin da egun batean ikasi”.

Ez dira hain aspaldikoak herri kirolak gizonen kontua ziren garaiak. Gaur egun, ordea, hori aldatu da, eta emakumeak ere ibiltzen dira herri kirolen plazetan. Gure Kirolen Klubean eskolaren sorreratik bertatik hasi ziren emakumeak, eta, gaur egun, oraindik ere hantxe entrenatzen dira. Emakumeak plazan sartzea herri kirolentzat positiboa izan dela nabarmendu du Larretxeak, plazan “askatasuna” eta “aniztasuna” ekarri dituelako.

Hamar urteko langa igaroa du jada eskolak, eta, gaur egun osasuntsu badago ere, etorkizuna kezkaz ikusten du Larretxeak: “Guk eutsiko diogu, baina, zaila ikusten dut hurrengo belaunaldiek eustea. Beti gabiltza estu, laguntzarik gabe”. Eskolaz harago, herri kirolen etorkizunak kezkatzen du Larretxea, jendeak ez duelako behar bertze baloratzen herri kirolen atzean dagoen lana.

Lagun giroa

Dena ez da entrenamendua eta kirola Oronozko Gure Kirolen Kluba eskolan. Herri kirolen inguruan lagun giroko familia bat sortu dute Oronozko eskolan. Entrenatzeko prestatua duten lekuan, elkarte gisako txoko bat ere egina dute, eta, ortziraletan, behean entrenatzen ari diren bitartean, afaria prestatzen ibiltzen dira, txandaka, goian. Kirol saioa bukatuta eta dena behar bezala garbituta, kirolari zein laguntzaileak, denak biltzen dira elkartean elkar goxatzeko eta lagun giroan afaltzeko “Harmonia ederrean biltzen gara goian; gauzak kontatuz elkar goxatzen dugu; hori ere beharrezkoa da”, azaldu du Larretxeak.

Kirolari talde ederra biltzen da Oronozen herri kirolez gozatzeko. Badirudi Bidasoa errekaren inguruan herri kirolak bizirik jarraituko duela, oraindik ere, luzaro.