Iritzia: Bulkadak gara (bide eder hau)

Iritzia: Bulkadak gara (bide eder hau)

Lur Albizu Etxetxipia

Hilabetetan prestatutako 72 ordu izan dira. Ederrak, luzeak, laburrak. Denbora asko zain egon ondoren iritsi zen Lemoara gazte topagunea. Lau hamarkadatan Euskal Herrian gazte mugimenduak egin duen ibilbideari omenaldi handia, aitorpen txikia. Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez, esan dezakegu bide eder hau, bere oztopo, akats eta hutsune guztiekin, egiten ari garela. Ahal bezain ongi egin dugu.

Geure buruari guk geuk (eta ez beste inork) jarri dizkiogu izen-abizenak hiru egunotan. Egiten duguna garelako, auzolan erraldoi honek gure isla eta ispilu izateko abantaila du, eta ez da gutxi. Berrehun gazte etengabe lanean, beste bi mila txandak egiten. Dozenaka kide eztabaidatzen, hausnartzen, dantzatzen, maitatzen, jolasten, ikasten, aliantzak josten, idazten, dantzatzen… Euskal Herria berria eraikitzen, azken batean.

Badaude gure herrian milaka gazte konprometitu. Milaka gazte konprometitu, eta ez direnak konformatzen. Inposatu zaienarekin ados ez daudenak. Eta ez bakarrik hori: borrokatzea hautatu dutenak. Erresignazioari aurre egin, eta bidea eguneroko lanez egiten dela dakitenak daude. Inspirazioak, eraldaketak, iraultzak… lanean harrapatuko dituenak. Ezinbestekoak diren horiek denak: herri hau askatasunera eramateko lanera batu diren belaunaldi berriak.

Ez dira gutxi aurrean ditugun erronkak. Eta ez da erraza aurrean dugun egoera. Mundua eskuinerantz mugitzen ari da, eta faxismoaren gorakadak etenik gabekoa dela ematen du. Estatuak ere ari dira beren lanean: Espainiak eskaintza atzerakoia, herriak ukatzen dituena, antisoziala egiten digu. Frantzia bere aurpegi beltzena erakusten ari da. Nafarroan, bidegurutze eta erronka handiak ditugu begien parean: aurrera egiten jarraitzea, aldaketan sakontzea, Nafarroa behetik eraikitzen jarraitzea ala bere gorroto guztiarekin etorriko den erregimena instituzioetara itzultzea. Ez da beste alde batera begiratzeko modukoa. Gerra luzea izanen da, baina bi bataila gehiago ditugu igande honetan eta maiatzaren 26an. Arduraz eta konpromisoz, mundu berriak eraikitzearen alde emanen diot bozka EHBilduri.

Ez geunden konforme, eta ez gaude ados. 72 orduko oasia izan da Lemoa. Hilabete luzetako lana islatu du, baina atzean dagoen guztia ezin da hitzez azaldu: hilabetez hilabete lanean ibili diren herritarrak, ahal izan duten guztian lagundu gaituzten kideak, tarte honetan bahitu dituztenak, laguntzeko prest agertu direnak, plazerez lehertu direnak, arnasarik gabe geratu arte dantza egin dutenak, lanean atsedenik gabe ibili direnak, urrutitik etorritakoak, irribarrea lapurtu digutenak, tentsioari barrez erantzun diotenak, dena ongi joanen zela sinesten zutenak, pesimistak zirenak, topagunea zer zen jakin gabe ere emozionatuta zeudenak, negar egin dutenak, joandakoak gogoan izan dituztenak, Lemoara etortzen ausartu ez direnak… guk guztiok egin dugu berezi topagunea. Konpromisoa eta maitasuna. Antolakuntza eta borroka. Zuekin, edonora. Ez dadila haria eten!