Giroa aldatu da

Joxerra Senar

Berriro PSNko idazkari nagusi izendatu ostean, 2017ko uztailean, Maria Txibitek honako promesa hau egin zuen: “2019an, Nafarroako Gobernuaren lidergoa hartu nahi dugu”. Askok irrigarritzat jo genuen aipu hura, ikusirik garai hartan PSN beti eskuinaren eskutik zihoala. Bi urteotan, giro politikoa aldatu da, eta ez bereziki PSNk jarrera aldatu duelako. Zeresan gehiago izan du Pedro Sanchezek: erbeste politikoan ezetza ezetza zela aldarrikatu ostean, 2017ko maiatzean, PSOEko militanteek idazkari nagusi izendatu zuten. Urtebete geroago, zentsura mozioa irabazita, olatuaren gainean, apirilaren 28an bozak irabazi zituen. Nafarroan, 94.094 boto eskuratu zituen.

Legealdi osoan erregimenaren eta aldaketaren artean pultsu politikoa izan da Nafarroan, baina Espainiako giro politikoaren aldaketa horrek dena nahasi du. Batetik, eskuin muturraren mehatxua ageri delako, eta, bestetik, mamu hori astinduz etekin politikorik handiena PSOEk atera diolako. Ezin da ahaztu Sanchezek berak aurreratu zituela hauteskunde orokorrak. Teorian, bi hauteskundeotan herritarrek desberdin bozkatu ohi dute, baina bi bozen artean hilabete bateko tarte eskasa izateak zenbaterainoko eragina izango du?

Bi joera kontrajarri horiek baldintzatuko dute azken emaitza. Apirilaren 28ko hauteskundeetan, Vox, PP eta Ciudadanos alderdien aliantzaren beldur, boto erabilgarri delakoak zeresan handia izan du, batik bat PSOEren mesedetan eta Geroa Bairen kaltetan. Orain, jokalekua zeharo aldatuko da: PSNk iraganean beti eskuinarekin egin du ituna; Geroa Baik, berriz, Uxue Barkosen figurak lagunduta, azken lau urteotako lana du erakusteko, baina emaitza irauli behar du bigarren geratzeko. Unidas Podemosek botoak galdu ditu, baina barne krisien higadurari uste baino hobeto erantzun dio. EH Bilduk indartsu eutsi dio, baina, kosta ahala kosta, PSN erabakigarri den jokalekua eragotzi beharko du.

Eskuinean, apirilean Navarra Sumak hiru alderdien botoak gehitzerik ez zuen lortu, alderantziz baizik. Alta, akaso, aliantza horrekin, PPren hondamendia bere baitan nozitzea eragotzi zuen UPNk. Prezio horren truke, orain Ciudadanos haren zerrendatan dago, eta ikusteko dago foru hauteskundeetan UPNko boto emaileek nola erantzuten duten. Apirilean, Vox-ek 17.660 boto jaso zituen, eta emaitza horiek errepikatuz gero, eskuin muturrak Parlamentuan bizpahiru ordezkari izan ditzake. Alta, ziurrenik, emaitza aldatuko da. Zalantza da norantz, gorantz edo beherantz

Osagai guztiak koktelontzian sartu, eta zail da azken emaitza antzematea. Dena dago zabalik. Aldaketa errepikatzeko aukera, akaso, zaildu egin da, baina ez da ezinezko.