Iritzia: Ametsetako txupinazoa

Iritzia: Ametsetako txupinazoa

Lohizune Amatria

Mundu fantastikoa, ametsetakoa, ekarri du sanferminetako kartelera aurtengo lehiaketako irabazleak. Uztailaren 6an jaiki, balkoia zabaldu, eta txupinazoa jaurtitzear direla plazara begira ezarri gaitu egileak. Jendez gainezka dago Udaletxe plaza. Irudian ez da soinurik ageri, baina hiria borborka imajinatu dut, oihuka. Hala sentitzen du egileak ere hiria une horretan, urduritasuna jaso nahi izan du, atzerako kontua egiten ari denaren sentimendua.

Ez naiz orain hasiko kartela polita edo itsusia iruditu zaidan argudiatzen. Baina zutabera ekarri nahi izan dut afixa, arrotz egiten zaidan ezaugarri bat gaineratu diolako egileak ametsetako mundu horri. Gaineratu edo ezabatu egin du, ikuspuntuak ikuspuntu. Udaletxeko balkoian lau bandera ageri dira, gorriak denak. Nafarroa irudikatuta egotea nahi izan du. Baina hortik haratago, haren esanetan, mundu horretatik at utzi du politika guztia: “Bandera neutroak dira, ikur eta zigilu politikorik gabeak, ikuslearengan bestelako interesak sortuz, gizartea etengabe banatzen duenaz haratago”.

Ametsetako sanferminak irudikatu ditu, nahiko lituzkeenak, pentsatzen dut. Eta horietan ez dago politikarako tokirik. Edo bai. Izan ere, ez al da erabaki politiko bat bandera “neutroak” ezartzea udaletxeko balkoian? Ez al da erabaki politikoa txupina nork jaurtiko duen erabakitzea? Nola ospatuko diren hiriko jaiak?

Gehienetan pentsatzen dugu erakundeetan ematen den hori baino ez dela politika. Zein bandera dagoen balkoian. Baina hortik haratago doa; eta politikak ere eremu pertsonala hartzen du. Ametsetakoa, esaterako.

Une magikotzat hartu ohi da txupinazoarena. Kartelaren aurkezpenaren egunean bezala, kazetari andana biltzen ditu hitzorduak. Bi orduko saio berezi bat izaten da telebista ikusleentzat, postal bateko irudia beste askorentzat. Baina txupinazoa ez da une hori bakarrik, unea eta unearen aurretik gertatuko guztia da. Ezin diogu, beraz, politikaz duen hori kendu.

Aurten biziko dugun txupinazoa ez zen berdina izango, Juanito Etxeparek 1931. urtean, Gazteluko Plazan, suziria bota izan ez balu; Joaquin Ilundain eta Jose Maria Perez Salazar falangistek suziria botatzeko ardura haien esku hartu ez balute; udaletxeko balkoitik botatzeko erabakia hartu ez balute; 2010. urtean istiluak izan ez balira; 2013. urtean arrantzaleak agertu ez balira… Gaur egun direnak ez lirateke berdin izango, gertatu diren horiek gertatu izan ez balira.

Ametsetan bada ere, ezin dut imajinatu pankartarik gabeko txupinazorik, edo argazkian azaltzeko tokia egiten saiatzen ari den politikaririk gabeko ekitaldirik. Atzera begiratu ondoren, ezin dut ulertu inguruko etxeetako balkoietan banderarik ez egotea, edo hegaka baloi erraldoirik ez azaltzea…

Gaur abiatu da hauteskunde kanpaina. Bi aste hauetan eta ondorengoetan gertatuko den horrek guztiak ere aldatuko du aurtengo sanferminetako txupinazoa, seguru. Etengabe banatzen gaituzte halakoek, baina ezabatuta ez dugu aldatuko.