Iritzia: Amaren eguna, titiak eta kuleroak

Jon Barberena Ibarra

Beti leporatu izan diogu El Corte Ingles enpresari aitaren eguna, maiteminduen eguna edo amaren eguna bezalako asmakizunak hauspotu izana, euren sakelak pixka bat gehiago bete daitezen. Aurten, amaren eguna iragartzeko erabili duten irudiak hautsak harrotu ditu. Bertan, berrogei urte inguruko neska bat ageri da, eta %100 ama perfektua izateko portzentajeen banaketa zein izan beharko zen adierazten da: %97 dedikazioa, %3 norberekoikeria eta %0 arrangura. Hori da, gizarte honetan ama hizki larriz idatzia ager dadin emakume bati eskatzen zaiona. Hori da erakutsi digutena eta ondorengoei erakutsi nahi dietena. Ione Gorostarzuk hitz hauetan ama izan berritan sentitutako karga ederki adierazten du, eta amari horrela mintzo zaio: “Dena eman duzu guregatik, baina zure besterentzeak besterendu egiten nau ni ere”. Agian, %97 bere lana ez dela baloratzen edo preziatzen paratu izan balute, %3ra bere denbora librea mugatzen dela erran eta %0 pertsona otzana edo erranekoa izan beharko lukeela iradoki, errealitatera gehiago hurbilduko zatekeen iragarkia. Baina ez! Nonbait, herrialde garatuetako gizon zuri, heterosexual eta maila ekonomiko ertain edo altukoek paratutako balioen eskalan, ama perfektua deus arranguratzen ez dena da, umeekiko eta gizonarekiko ardura erakusten duena eta buru-belarrri lanean aritzen dena. Urteetako lana eta ardura saritzeko, aski da El Corte Inglesetik pasatu eta sos batzuk xahutzea loreak erosteko.

Ez da xamurragoa izan Garbo Events enpresak berriki egindako lan eskaintza. Enpresa irudi oneko bi laguntzaile emakumezko kontratatu nahian ibili zen, Nafarroako Zirkuituan pilotu bat laguntzeko. Ordutegia, 200 euroko soldata eta bularreko 95 edo 110eko neurria izatea ziren onartu beharreko ezinbertzeko baldintzak. Mingarria bada ere, emakumearen titien neurria erabakiorra zen lanerako. Gizonak gorputz perfektuaren neurrien kotazio exijenteenak ez ditu bere buruarengan paratzen. Emakumeari agintzen dio arrakasta erdiesteko, zer-nolako neurrien barnean sartu behar dituen bere hezur-haragiak. Neurri horien ingurumarian ibiliz gero, miretsiak izanen dira, lanpostuak erraz erdietsiko dituzte, eta produktu desiragarriak izanen dira. Bai, produktu!

Bertze adibide garbia dugu Dantxarineko La Nuba diskotekan besta bat iragartzeko erabilitako karteleko irudi iraingarria. Emakume baten hanka argal eta zuzenak ikusten ziren, kuleroak kasik orkatiletan zituela. Emakumea gizonaren desioak asetzeko beti prest egon beharreko produktu sexual gisara definitzen zuen iragarkiko irudiak.

Gisa horretako irudiak normalizatu egiten ditugu. Bada zer eta non hausnartu. Emakumea produktu sexual gisara saltzen den gizarte bateko partaide gara, bere hezur-haragien, forma kanonizatua lanerako ezinbertzeko bertute izendatzen dituena eta ama eredugarritzat gorputz eta arima aritzen den pertsona saiatua eta erranekoa bakarrik hartzen duguna. Badugu zer ikasi, badugu zer desikasi.