Kanporatze lagundua

Kanporatze lagundua

Edurne Elizondo

Azken hamar urteotan bere etxe izandako herrialdetik kanporatu dute Senegalgo herritar bat. Cortesen bizi izan zen hasieran; eta Ribaforadan, berriz, azken urteotan. Maiatzaren 6an, herriko etxera joan zen, alkateak deituta. Erroldari buruzko bilera bat egin behar zuten, ustez; baina, ailegatu zenean, Espainiako Polizia zuen zain. Biharamunean Madrilera eraman zuten, eta, handik, zuzenean, Senegalera. Horixe salatu du Erriberako senegaldarren kolektiboak, eta manifestaziora deitu du, biharko, gertatu dena salatzeko.

“Hagitz larritzat” jo dute senegaldarren kolektiboko kideek alkateak herrikidea kanporatzeko prozesuan parte hartu izana. “Udalak dira herritarron etxe; gugandik hurbilen dagoen erakunde publikoa dira; baina herritarrak babestu beharrean, kanporatu egiten dituzte. Ezin dugu horrelakorik onartu”.

Haserreak eta beldurrak hartu ditu Ribaforadako senegaldarrak. “Paperik gabekoak hagitz kezkatuta daude”, nabarmendu dute. Aurrera egiten saiatzen dira, nola edo hala, eta kanporatzeko agindu batek kolokan jartzen ahal du haien eta beren senideen oraina eta etorkizuna. “Kanporatu duten herrikideak poltsak saltzen zituen kalean; bertze biderik ez zuen familiarentzako dirua lortzeko. Irabazitakoa Senegalgo familiari bidaltzen zion. Orain, diru sarrerarik gabe gelditu dira denak”, kontatu du Ribaforadako senegaldar batek.

Nahiago du izenik ez eman. Kolpe handia izan da harentzat herrian gertatu dena. “Ez genuen espero; inoiz ez da halakorik gertatu. Ezin dugu onartu alkate batek migratzaile bat kanporatzeko prozesuan parte hartzea”, erran du. Gogor salatu du, gainera, ez dela egia alkateak erran duena. “Ez dute kanporatu delituak zituelako; kanporatu dute atzerritarren legea ezarri diotelako”.

“Legea bete”

PSNko Jesus Mari Rodriguez da Ribaforadako alkatea. Gertatutakoari buruz, alkateak nabarmendu du “legez” zegokiona egin duela. Alderdiak babesa agertu dio, eta sare sozialen bidez jasotako irainak gaitzetsi ditu. “Legea bete bertzerik ez zuen egin alkateak; eta hori da kargudun publiko guztien betebeharra”, erran dute.

Rodriguezek berretsi du poliziak eskatutakoa bete baino ez zuela egin, eta ez duela senegaldarra kanporatzeko prozesuan parte hartu. Herrikidearen abokatuarekin jarri dira harremanetan Erriberako senegaldarrak, eta haren bidez jakin dute atzerritarren legearen bidez kanporatu dutela, indarrean dagoen araudia ezarri diotelako, alegia. “Gure herrikidearekin hitz egiteko aukera izan dut, eta hark ere argi utzi du hori. Ez da egia ustezko delituen kontua; bota dute atzerritarren legea erabili dutelako kanporatzeko”, erran du kolektiboko kide batek.

SOS Arrazakeriak ere gogor salatu du Ribaforadan jazo dena, eta “lotsagarritzat” jo du udalak herritar bat kanporatzen lagundu izana. Elkartasuna helarazi dio erakunde horrek Erriberako senegaldarren komunitateari.

Senegaldarra da Modou Faye Beltxa, baina Iruñean bizi da. Iruñeko Udalerako EH Bilduren zerrendatik at utzi dute, Espainiako herritartasuna ez duelako. Africa United elkarteko kidea ere bada, eta gogor salatu du Ribaforadan gertatu dena. “Larria da hango udalak egin duena”.

Beltxak argi du afrikarren arteko batasuna behar dela migratzaileen aurkako erasoei aurre egiteko. Erriberako senegaldarren kolektiboak ere batasunera deitu du. Herrikidea kanporatu eta gero, bat-bateko elkarretaratzea egin zuten herrian. Biharko, berriz, manifestaziora deitu dute. 19:00etan hasiko da, Ribaforadako kiroldegi zaharrean. Ezein pertsona ez dela legez kanpokoa aldarrikatuko dute protestaren bidez.

Lege arrazista

SOS Arrazakeriak babestu du biharko manifestazioa. Erakunde horrek behin baino gehiagotan salatu du indarrean den atzerritarren legea. Erriberako senegaldarrek ere agerian utzi nahi izan dute migratzaileen eskubideak urratzen dituela lege horrek. Lege arrazista dela erantsi dute.

Beltxak argi du egungo gizartea arrazista dela oraindik ere. Udalerako zerrendatik kanpo gelditu eta gero, aukera aprobetxatu nahi du migratzaileen eta, bereziki, afrikarren eskubideak aldarrikatzeko. Kanporatutako senegaldarra hamar urtez Nafarroan bizi izan dela gogoratu du, eta babesik gabe utzi duela bere udalak.