Hasieratik nahi dute euskara

Hasieratik nahi dute euskara »

Asier Garcia Uribarri

San Frantzisko eskolako matrikulazio datuek argi hitz egiten dute: aurten, 3 urteko gelan 29 haur daude D ereduan, eta bederatzi A eta G ereduetan”, azaldu du Zaloa Basabe Alde Zaharrean Haur Eskola Euskaraz plataformako kideak. Iaz Iruñeko Udalak bi haur eskola gehiagotan jarri zuen eredu euskalduna. Hala ere, aldaketa horrek ez zuen bete haur eskoletako euskara eskaria, udalak berak egindako ikerketaren arabera. Alde Zaharreko haur eskola Nafarroako Gobernuaren esku dago, Iruñeko beste lau bezala, eta guztietan dago eredu erdalduna. Euskarazko ereduaren alde sinadurak biltzen ari dira, eta heldu den asteartean jende katea egingo dute; Alde Zaharreko haur eskola eta parlamentua elkartuko dituzte.

“Haur eskolarena auzo aldarrikapen historikoa da”, adierazi du Basabek. Urteetan, haur eskoletako gurasoek eraman dute aurrera aldarrikapena, baina horrela zaila zen luzera begirako plangintzak egitea. “Gurasook denbora gutxi pasatzen dugu haur eskolan; beraz, zaila da guk geure kabuz aritzea. Horregatik, 2011n plataforma sortu genuen guraso, euskalgintza eta auzoko eragileen artean”.

Ordutik, hainbat mobilizazio eta kanpaina egin dituzte, baita unean uneko gobernuko arduradunekin bilerak ere. Baina salatu dute UPNren erantzuna beti izan zela “oso itxia”. Hala ere, gobernu aldaketarekin beste ahalegin bat egitea erabaki zuten. Ekainean Hezkuntza Departamentuaren lan saio batean parte hartu zuten, eta han lantalde bat sortzea erabaki zuten. Horren ostean, elkartu ziren haur eskolen arlo teknikoan lan egiten duten beharginekin eta Txema Mauleon Gizarte Eskubideetako Departamentuko kabineteburuarekin. Azken bilera gobernua babesten duten lau taldeekin izan zuten.

Plataformako kideek bileren balorazio gazi-gozoa egin dute. “Behin eta berriz baietz esaten digute. Gure eskaria arrazoizkoa dela esaten dute, baina gero ez dituzte beharrezkoak diren neurriak hartzen”, dio Basabek. Plataforma ahalegin berezia egiten ari da heldu den urtean haur eskola euskalduna izan ahal izateko, baina horrek erabakiak data zehatzetan hartzea eskatzen du. “Matrikulazio kanpaina otsailean hasiko da; beraz, askoz jota, urtarrilean hartu beharko lukete erabakia. Oraindik garaiz gaude, baina denbora aurrera doa”, ohartarazi du Garikoitz Torregrosa euskalgintzako kideak.

Torregrosak garrantzitsutzat jo du erabakia aurten hartzea, datozen urteetan zailagoa izan daitekeelakoan. “Hurrengo urtean hauteskunde zikloa gertuago egongo da, eta horrelako erabakiak hartzea zailagoa izango da. Hala ere, ez litzateke ezinezkoa izango”.

Datu kontrajarriak

Txema Mauleon Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetako Departamentuko kabineteburua da, eta departamentu horrek kudeatzen ditu Nafarroako Gobernuaren esku dauden haur eskolak. “Anakronismoa da; antolaketa hau haur eskolak familia kontziliaziorako baliabidetzat hartzen zirenekoa da. Aldatzen saiatzen ari gara, baina burokrazia oso konplexua da”, azaldu du Mauleonek. Haren arabera, datu kontrajarriak dituzte haur eskoletako eskariari dagokionez. Iaz, Iruñeko Udalak haur eskoletako hizkuntza ereduari buruzko galdeketa egin zuen aurrematrikula kanpainarekin bat. Galdeketen emaitzek adierazi zuten gurasoen %37,7k euskarazko eredua nahi zutela. Udalak iaz egindako aldaketekin, soilik eskariaren %27 betetzea lortu zuen.

Hala ere, Mauleonek adierazi du Nafarroako Gobernuak bestelako datuak dituela. “Matrikulako datuek esaten digute itxaron zerrenda luzeagoa dagoela ingelesa eta gaztelania eta gaztelaniako haur eskoletan euskarazkoetan baino”. Hori dela eta, Gizarte Eskubideetako Departamentuak azterketa berri bat egingo du udalarekin elkarlanean, benetako eskaria zein den jakiteko. “Azterketa berri horretan lokalizazio faktorea kontuan hartuko dugu. Jendeari galdetu nahi diogu: zure auzoan eredu guztiak izango bazenitu, zein aukeratuko zenuke?”. Azterketa hori aurrematrikula garaiaren aurretik hasiko dute, eta aurrematrikulako datuak ere kontuan hartuko dituzte. Emaitzak uda aurretik izango lituzkete.

Plataformako kideek nabarmendu dute Alde Zaharreko haur eskolan eredu euskalduna jarriko balute, udalak iaz egindako azterketan ateratako eskari datuak beteko lituzketela. Hala ere, gogoratu dute eskaria betetzea gutxiengo bat dela. “Eskaria bete behar da, baina ezin gara horretara mugatu. Nafar guztiek dute eskubidea euskara ikasteko. Eredu erdaldunek herritarrei ukatu egiten diete Nafarroako hizkuntza ofizialetako bat jakitea, eta etorkizunean lan eta harremanetarako aukerak”, salatu du Torregrosak.

Kezkaz bizi dute euskalgintzako eta plataformako kideek gobernuak euskararekiko duen jarrera. “Badirudi gobernua beldur dela. Oposizioak euskara jomugan du. Guk ausardiaz jokatzeko eskatzen diogu, euskararen eremuan pausoak eman behar baitituzte nafarren eskubideak direlako”, azaldu du Torregrosak.

Hala ere, oposizioak euskararen gaiarekin gogor jokatzen badu ere, Torregrosak gogoratu du Nafarroan badagoela euskararen aldeko gehiengo bat. “Nafarroan badago gehiengo bat euskararen alde, eta gobernuak haren babesa izango du. Zarata sor daiteke, baina horrek gutxi irauten du. Gu lanean ari gara, eta horretan jarraituko dugu”.

Datak estuak dira, eta Nafarroako Gobernuan, berriz, zalantzak ugari. Baina Alde Zaharrean argi dute: hasieratik ikasi nahi dute euskaraz.

Tokia hartu du euskarak

Tokia hartu du euskarak »

Edurne Elizondo
Guztiak ele bitan. Navarra-rekin batera, Nafarroa ere bai. Gobernuak herrialdeko sarreretako seinaleak aldatzea erabaki du, eta guztiak euskaraz eta gaztelaniaz jartzea, azkenean. Nafarroako errepideetan gisako 67 seinale daude denera, …

Gaztelaniaz hasi, euskaraz bukatu

Gaztelaniaz hasi, euskaraz bukatu »

Kattalin Barber
Noaingo San Miguel ikastetxean D eredua eskaintzea lortu zuten, herritarrek urte luzez egindako ahaleginari esker. Gutxika-gutxika, euskararen aldeko urratsak egin dituzte ikastetxean, ahalegin horri esker. Aurtengo ikasturtearen hasier…

Euskaraz eta lasai hasi dute ikasturtea

Euskaraz eta lasai hasi dute ikasturtea »

Kattalin Barber

Harrera garaia izaten ari da Arrosadiako Printzearen Harresia eta Donibaneko haur eskoletan. Lan taldea berria baita bi eskoletan, eta haur gehienak ere bai. Elkar ezagutzen ari dira orain. Aurten, gainera, euskara da berritasuna. Polemiken ondoren, ikasturtea lasai eta bare hasi dutela diote haur eskoletako zuzendariek eta gurasoek. Euskarazko eskaintza zabaltzea erabaki zuen Iruñeko Udalak otsailean, baina hainbat alderdi kexu azaldu ziren erabakiarekin.

90 ume daude Printzearen Harresia haur eskolan. %30 iazkoak dira, eta %70, berriak. “Harrera garaian gaude, eta ongi doa. Haurrek ez dituzte hezitzaileak ezagutzen, lantalde berria garelako, baina pozik eta gogoz gaude”, dio Garikoitz Torregrosa Printzearen Harresiko zuzendariak. Dioenez, aurtengo matrikulazio berrien ehunekoaren zati batek euskararen aldeko apustua egin du, beste zati batek gertutasunarengatik aukeratu du haur eskola, eta gainerakoek plaza lortu dutelako. Torregrosak badaki oraindik erabakia auzitegian dagoela guraso talde baten salaketa dela medio, baina ez dutela horretan pentsatzen adierazi du: “Egunetik egunera lan egiten dugu, eta ez dugu hori buruan. Zerbait gertatzean erantzuna emanen diogu”.

Txema Unzuek aurten lehenengo aldiz eraman du bere haurra haur eskolara. Argi zuen euskarari lehentasuna eman nahi ziola, eta plaza lortzean poztu ziren. Harrera prozesua ongi joaten ari dela dio Unzuek: “Egia da dena berria izan dela bai guretzat eta bai haur eskolako hezitzaileentzat ere, tokia eta umeak ez zituztelako ezagutzen, baina pozik eta gustura gaude”.

Iritzi berekoa da Leire Ugarte. Ametsek ikasturtea hasi du Printzearen Harresian. Iaz Burlatako haur eskolan zegoen, gazteleraz. “Euskaraz aritzeko aukera ikusi, eta ez genuen birritan pentsatu; gertutasunarengatik ere ederki datorkigu Arrosadiako haur eskola”, azaldu du. Pozik agertu dira bi gurasoak euskarazko eskaintza zabaldu delako Iruñean eta horrela mantentzea nahi dute. “Heldu den urtean gehiago badira, hobeto”, esan du Ugartek.

Torregrosak azpimarratu du, halaber, atzerritar askok eman dutela izena euskaraz. “Gurasoak etorri zaizkigu haien seme-alabek euskaraz ikasi nahi zutela komentatzen, eta plaza lortzean erabat poztu dira”. Lehenengo egunetan haur eskolan urduritasuna nabari zela dio, baina horrelakoetan “normala” dela jakinda, lanean aritzeko gogo handiarekin daude hezitzaileak. Harrera prozesuan daude orain, umeak egokitu arte.

Edurne Lekunberri Urmeneta Donibaneko haur eskolako zuzendaria da. Torregrosarekin bat egin du, eta ikasturtea normal hasi dela adierazi du. “Iaz zeuden haur batzuen gurasoak kezkatuta agertu ziren hasieran, haien seme-alabek euskaraz ez zekitelako. Baina bi aste pasatu dira, eta lasai daude orain. Ongi joan dela konturatu dira”. Gainera, Lekunberrik azaldu du umeentzat gazteleraz egitea lasaigarria bada, horrela egiten dietela. Iazko haurrek martxa hartua dute, eta familiak lasaiago daude horrekin. Guztira, 97 haur daude Donibaneko haur eskolan. %31 iazkoak eta gainerakoak berriak.

Jauzia ingelesezko eredutik

Gehienek hurbiltasunarengatik aukeratu dutela uste du Lekunberrik, baina baita euskararen apustu garbia egin dutela ere askok. Lekualdatzeak izan dira, eta Hello Rochapeako, Mendebaldeko eta Sanduzelaiko eskoletatik jaso dituzte umeak. “Bitxia iruditu zaigu, batez ere, ingelesezko eredutik hona etortzea”, esan du. Lantalde osoa berria den arren, elkar ezagutzen dutela nabarmendu du zuzendariak eta horrek egunerokoa errazten laguntzen duela. Ilusio handiarekin eta euskaraz lan egiteko gogoz hasi baitute ikasturtea Iruñeko euskarazko bi haur eskola berriak.

Lehendik martxan ziren euskarazko haur eskolak Txantrea eta Arrotxapea auzoetan daude. Denera, haur eskoletan 954 toki eskaini dituzte gazteleraz eta 378 euskaraz. Hartara, euskarazko plazen eskaintza %10 zen kehen, eta %30 da orain. Udalak adierazi du haur eskolen okupazioa %93,2koa dela gaur egun, eta bigarren matrikulazio epea urtarrilaren 31n bukatuko da. Euskarazko haur eskola gehiago irekitzeko eskatu dute urte luzez Iruñeko euskalgintzako eragileek eta ehunka gurasok.

Aurrea hartu diete sanferminei

Aurrea hartu diete sanferminei »

Edurne Elizondo

Tradizioak eta berrikuntzak eskutik helduta egin dute aurrera Udako Euskal Unibertsitatearen historian. 1973. urtean egin zituzten udako ikastaroak, lehendabiziko aldiz, Donibane Lohizunen (Lapurdi). 1977an ailegatu ziren Iruñera. Eta, geroztik, ez dute Nafarroako hiriburua utzi. Urtetik urtera egokitzen joan dira, halere; garaian garaiko beharretara eta testuingurura moldatzen. Aurten, aurrenekoz, aurrea hartuko diete sanferminei: hilaren 27an, 28an eta 29an eginen dituzte Iruñeko ikastaroak, hiriko Alde Zaharreko Kondestablearen jauregian.

“Aldaketak ulertu behar ditugu ikastaroen eboluzioaren barruan”. Horixe nabarmendu du Irati Iziarrek, UEUko udako ikastaroen arduradunak (Oñati, 1975). Eboluzio horrek azaltzen du 1977ko ikastaroen eta oraingoen arteko aldea. “1977. urtean euskaraz ikasteko aukera ia bakarra ziren UEUko ikastaroak; oasi baten modukoak ziren euskaldunentzat”, gogoratu du Iziarrek. Egoera aldatu da. Euskarak bere tokia hartu du unibertsitatean ere, nahiz eta herrialdez herrialde ezberdintasunak nabarmenak izan. Formakuntzaren esparruan izan diren aldaketak mahai gainean jarri ditu Iziarrek ere. “Oraingo eskaintza ordukoa baino askoz ere zabalagoa da; etengabeko formakuntzara ohitu gara, eta hamaika motatako ikastaroak ditugu eskura, hamaika erakundek antolatuta”.

1977an Larraona ikastetxean aurkitu zuen UEUk udako ikastaroak egiteko behar zuen aterpea. Hasierako garai hartan, bi astez garatzen zituzten ikastaroak, eta ehunka ikaslek parte hartzen zuten. Euskal Herri osoko jendea etortzen zen Iruñera. “Oporrak hartzen zituzten ikastaroak egin ahal izateko!”. Larraonan zituzten ikasteko gelak, bai eta lo egitekoak ere. “Garai hartan helduentzat behar genuen barnetegia ziren UEUko ikastaroak”, erran du Iziarrek.

Horrek giro berezia sortzen zuela dio. Eta jende anitz giro horrekin oroitzen dela, oraindik ere. “Ez dut uste, ordea, egungo ikastaroei orduko giro hori eskatzea errealista denik; egia da hasierako garai hartan euskaldunen arteko sarea sortzeko balio zutela ikastaroek, baina horretan ere egin dugu aurrera, eta badaude bestelako aukerak eta foroak”.

Aldaketak

Aldaketek lortu dute UEUko udako ikastaroei eutsi ahal izatea. Horixe argi eta garbi du Itziarrek. Horregatik erabaki dute aurten, adibidez, ikastaroak ekainean egitea, lehen aldiz. “Azken urteotan sumatu dugu Iruñeko matrikulen kopuruak behera egin duela; uste dugu data izan daitekeela arrazoia”. Uztailean, sanferminen ondotik egiten ohi zituen UEUk Iruñeko ikastaroak; hasieran, bi astez. Egoitza aldatu zuten gero, eta Iturrama auzotik Alde Zaharrera mugitu ziren, Iruñeko Hizkuntza Eskolaren egoitzara. Aste bakarreko bilakatu zituzten ikastaroak. Azken urteotan, berriz, Jaso ikastola izan da UEUren udako egoitza. “Eskuzabaltasun osoz jokatu dute ikastolako kideek gurekin”.

Erakunde publikoen jarrerari buruz ezin du gauza bera erran Iziarrek. Azken hamalau urteotan izan da bera udako ikastaroen arduradun. “Euskalgintzako gainerako taldeek izan dituzten oztopo berak izan ditugu guk ere”. Azpiegiturak eskatutakoan jasotako ezetzak nabarmendu ditu, adibidez, eta Iruñeko Udalak eta UEUk zuten hitzarmena desagertu izana. Udaletxean duela urtebete gertatu zen aldaketak izan du eragina, eta eskertu du Iziarrek. “Beste jarrera bat dute oraingo arduradunek. Iaz, hain zuzen ere, Iruñeko Udalak harrera egin zion UEUri; hogei urte ziren horrelakorik gertatzen ez zela”.

Nafarroan gertatu den aldaketa politikoa jorratuko dute aurtengo ikastaroetan, hain zuzen ere. Eugenio Arraizari buruz jardunaldia eginen dute, halaber. UEUko kide eta bazkide zen Arraiza, eta iazko abuztuan zendu zen. “Bazkide sutsua izan zen, eta omenaldia egin nahi izan diogu; ezohiko omenaldi bat, halere. Euskalgintzak egindako bidea jorratzeko baliatuko dugu jardunaldia”, azaldu du Iziarrek.

Ikastaro horien eta gainerakoen bitartez, euskal komunitate zientifikoari aurrera egiten lagundu nahi dio UEUk. Unibertsitatea osatzen duten profesionalen, bazkideen, boluntarioen eta ikasleen “ilusioa” eta “gogoa” nabarmendu ditu Iziarrek. “Hori da gure altxorra”. Historia saileko kide gisa hasi zuen ikastaroen arduradunak bere bidea UEUren barruan. Saileko zuzendari izendatu zuten gero, eta ikastaroen buru da orain. Lana badu, bai eta egiteko gogoa ere.

Ikasmahai bat euskararentzat

Ikasmahai bat euskararentzat »

Edurne Elizondo

Eneko Espartza Igantzikoa da. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aritu da oraingo ikasturtean. Soziologiako ikasketak ari da egiten. Lehendabiziko lauhilekoan zazpi ikasgaietatik bost egin ditu euskaraz. Bost horiek, hala ere, Soziologiak Irakasletzarekin elkartuta dauzkan ikasgaiak dira. Bigarren lauhilekoan bi bertzerik ez dira izan euskarazko ikasgaiak Espartzarentzat. “Eta hortik aurrera, dena gaztelaniaz”.

Espartzak onartu du hizkuntza “sakrifikatu” egin duela Iruñean ikasteko. “Hurbiltasunagatik” erabaki du Nafarroako hiriburuan gelditzea, euskaraz ikastera Bilbora joan beharrean. D ereduan aritu da beti. “Ez hori bakarrik; euskaraz bizi naiz, eta euskaraz garatzen ditut nire harreman gehienak”. Ondorioz, unibertsitatean euskaratik gaztelaniara jauzi egin behar izatea “gogorra” egin zaio, zenbaitetan.

NUPen, Irakasletza da euskaraz egin daitekeen gradu bakarra. Bertze hainbat ikasketatan badira euskarazko ikasgaiak, batez ere lehen mailan, baina ez, ordea, gradua osorik euskaraz ikasteko aukera. “Eskaintza urria da goi mailako ikasketetan”, salatu du Espartzak.

Ikasle Abertzaleak taldeko kide da Igantzikoa. Erakunde horretako arduradunekin egon dira Espartzaren kezka bera agertu duten D ereduko hainbat guraso. Taldea osatu dute, hain zuzen ere, kezka horri bidea emateko. Ikasmahai bat eskatzeko euskararentzat, NUPen. Taldeko kideetako bat da Josune Bizkai. Batxilergoko bigarren maila bukatu berri du haren alabak. Asteazkenetik NUPen selektibitatea egiten ari diren ia 3.000 ikasleetako bat da. Asteazkenean hasi zituzten azterketak, eta gaur amaituko dituzte. “Alabak zuzenbidea ikasi nahi du. Euskaraz aritu da orain arte, baina Iruñean ez du Zuzenbidea euskaraz ikasteko aukera. Donostiara joan beharko luke. Oraindik ez du erabakia hartu; horretan ari gara, zer egin pentsatzen. Ekonomiaren ikuspuntutik erabaki horrek ekartzen duena ere hartu beharko dugu kontuan”, azaldu du Bizkaik.

Egoera berean dira bertze hainbat guraso Iruñean. Horregatik egin dute bat. Eta lanean hasi dira, institututik unibertsitaterako bide horretan euskara bazter gera ez dadin. Hasteko, datuak jaso eta mahai gainean jarri nahi izan dituzte. Datu horiek aurretik uste zutena berretsi egin dutela nabarmendu du Bizkaik. Zehazki, inkesta bat egin dute Iruñeko D ereduko zazpi ikastetxetan. Sare publikokoak eta pribatukoak aukeratu dituzte. Zentro horietako gurasoei lau galdera egin dizkiete. Denera, 408 erantzun jaso dituzte. Lehen galderaren harira, 408 horietatik 397k argi utzi dute seme-alabek euskaraz ikasten jarraitzea nahiko luketela. Batek bakarrik erran du ez lukeela hori nahi, eta bertze hamarrek, berriz, ez dakitela erantzun dute.

Inkesta erantzun duten gurasoen ia %58k erran dute nahiago luketela seme-alabak kanpora bidali, euskaraz ikasteko aukera izan dezaten. Ia %39k, berriz, Iruñean gelditzeko aukera lehenetsiko lukete, hizkuntza sakrifikatuta.

Iruñean gelditu edo kanpora joan aukerari buruzko arrazoiak galdetu dizkiete gurasoei. Iruñean gelditzea lehenetsi dutenen artean, gehienek arrazoi ekonomikoak jarri dituzte mahai gainean (%75,3). Iruñetik kanpora joateko aukera babestu duten guztiek, berriz, “hezkuntzari lotutako arrazoiak” aipatu dituzte.

“Hezkuntzarekin lotutako arrazoien artean dago hizkuntzarena, noski”, azaldu du David Dominguezek. Inkesta martxan jarri duen guraso taldeko kide bada Dominguez ere, eta Iturrama institutuko irakaslea, gainera. “Ziklo guztietan euskaraz ikasteko eskubidea izan beharko genuke”.

“Eskaintza urria”

Lehen Hezkuntzan bi alaba ditu Dominguezek. Unibertsitatera joateko aukera urrun du, oraindik, baina argi utzi du kezkatzen dutela goi mailako ikasketetan alabek euskaraz ikasten segitzeko izan ditzaketen zailtasunek. Oraina ez du ongi ikusten. NUPen eskaintza urria dela uste du. Inkesta erantzun duten gurasoek ere uste dute eskaintza hori ez dela nahikoa. Horixe azaldu dute parte hartu duten gurasoen %84,55ek, hain zuzen ere.

Egia da euskarazko ikasgaien kopuruak gora egin duela NUP sortu zenetik. Iazko datuen arabera, 216 ziren, denera. Gauza bat da ikasgai bat euskaraz egiteko aukera paperean jasota egotea, eta bertze bat aukera hori errealitatean gauzatzeko modua, hala ere. Horixe nabarmendu du IAko Eneko Espartzak. “Nire kasuan, adibidez, gertatu zait eskolak euskaraz jasotzea, baina ikasgai horretako material guztiak, berriz, gaztelaniaz izatea”.

Euskaraz irakasten duten hainbat irakasle DBHn ere aritzen direla erantsi du Espartzak, eta horrek eragina duela euskaraz ikasi nahi dutenen ordutegietan. “DBHn ari direnak arratsaldez etortzen dira unibertsitatera; lehen lauhilekoan eskola guztiak nituen arratsaldez; bigarrenean, berriz, goiz eta arratsaldez; hagitz ordutegi txarra zen”.

Geletatik kanpo ere euskarak toki gehiago izan beharko lukeela uste du IAko kideak. “Kafetegian inork ez daki; liburutegian zenbaitek egiten dute euskaraz, baina joaten zarenean langile horiek ez badaude, zerbitzua euskaraz jasotzeko aukera galtzen duzu”.

NUPek eskaintzen dituen graduondokoei buruz ere hainbat kontu mahai gainean jarri nahi izan dituzte hainbat ikaslek. DBHko irakasletzarako graduondokoan, adibidez, hamabi kide ari dira aurten; sei dira gaztelaniazkoak, eta bertze sei euskarazkoak. Azken horiek ez dute aukera izanen ikasketen amaierako proiektua euskaraz aurkezteko, “epaimahaia ez delako euskalduna”. Bertze hainbat urtetan aukera hori izan dute parte hartzaileek. “Tutoreen borondatearen araberakoa izaten ohi da aukera hori”.

Euskara, anitzetan, borondate kontua dela nabarmendu du David Dominguezek. “Gertatu da euskarazko irakasle batek gaixo-agiria hartu behar izatea NUPen, eta ordezkoak euskaraz ez jakitea; ez dago jarrera serio bat hizkuntzarekiko unibertsitatean”, salatu du guraso taldeko kideak. “Ia 30 urte joan dira NUP martxan jarri zenetik; bada garaia gauzak beste modu batera egiteko”.

Administrazioak ere zer egin baduela uste dute inkesta bultzatu duten gurasoek. Iritzi horrekin bat egin du Espartzak ere. “Unibertsitatean ez dut egungo errealitatea aldatzeko borondaterik ikusten; ea aldaketa famatuaren gobernuak presioa egiten duen”, erran du.

IAko kideak argi du gizarte osoak egin behar duela presioa, NUPen euskarak toki gehiago izan dezan. Ontzat jo du D ereduko gurasoek egin duten lana, eta elkarlanaren aldeko apustua egin du, hain zuzen ere, urratsak egiten jarraitzeko.

Gurasoek, orain, unibertsitateko arduradunekin bilera egiteko asmoa azaldu dute, inkestaren bidez lortutako datuak haiekin lantzeko, eta beren aldarrikapenen berri emateko. NUPek onartu berri duen Plan Estrategikoan ere parte hartu dute. Aurten, lehen aldiz, herritarrek ekarpenak egin ahal izan dizkiote unibertsitateak aurkeztutako zirriborroari, eta D ereduko guraso taldeko kideek aurkeztu dituzte NUPek kontuan hartu dituen hainbat auzi. Ekarpen horien harira, euskal kulturari buruzko erreferentzia orokor bat jaso du testuak, bai eta euskararen plan gidaria egiteko asmoa ere, bertzeak bertze.

Euskaraz bizi

Unibertsitateari egin diote so D ereduko guraso horiek, baina NUPen euskaraz ikasi ahal izateko aldarrikapena bertze eskaera orokorrago batekin lotu dute. “Euskaraz bizitzeko dugun eskubideaz ari gara, finean”, azaldu du Dominguezek.

Horri lotuta, Iruñean haur eskolak euskaraz izateko eskubidea defendatzen ari diren gurasoen egoera ekarri du gogora Dominguezek. “Haur eskoletan eta goi mailako ikasketetan dagoen hutsunea nabarmena da”, azaldu du, eta horrek euskaraz bizitzeko apustua zaildu egiten duela erantsi du. “Nik argi dut nahiko nukeela nire alabek euskaraz ikastea, baita unibertsitatean ere; haien esku ere badago erabakia, baina, behintzat, egon daitezela aukera guztiak mahai gainean”.

Oraingoz, ez daude. Edozein gradu euskaraz ikasteko aukera nahi du Espartzak. Urrun ikusten du, oraindik ere. “Hori lortzeko jarraitu beharko dugu lanean”, erran du Bizkaik. D ereduko gurasoek egin dute lehen urratsa. Administrazioari eta unibertsitateari eskatu diete bigarrena.

Nafarroa: lurraldea, estatua eta hizkuntza

Nafarroa: lurraldea, estatua eta hizkuntza »

Asier Garcia Uribarri

Ebrotik Garonara. Horiek ziren baskoien mugak Ptolomeo, Estrabon eta Julio Cesar historialari klasikoen arabera. Geroztik, euskaldunen mugak aldatuz joan dira, 1814an egungo Nafarroako mapa ezarri zuten arte. Eneko del Castillo historialariari ezinegona sortzen diote Nafarroako historia gaur egungo maparekin ilustratzen duten liburuek. Horregatik, garaian garaiari egokitutako mapak publikatzen hasi zen Nabarlur blogean. Hainbat historialarik mapak eskatu zizkioten euren liburuetarako. Hori ikusita, erabaki zuen azken bi mila urteetako Nafarroako lurraldetasunak izan dituen aldaketak biltzea Atlas Histórico de Navarra (Nafarroako atlas historikoa) lanean.

“Historian adituak ez direnei begira egina da liburua, baina baita historia ikasten edota beste historia liburu sakonagoak irakurtzen ari direnei begira ere. Irakurtzeko oso erraza da, testuak ez baitira oso zabalak eta ez baitut gehiegi sakondu. Horretarako badaude beste liburu batzuk”, azaldu du Del Castillok.

Pello Eltzaburu Pamiela argitaletxeko editoreak hori bera nabarmendu du: “Autorea oso modu hurbilean eta didaktikoan gerturatu da Nafarroa deitu den eta deitzen den horretara. Irakurle askok ezustekoak hartuko dituzte”.

Liburua hiru ataletan banatua dago. Lehena Baskonia zaharraren ingurukoa da. Geografo klasikoen lehen lekukotasunetatik Iruñeko erreinua sortu arte. Del Castillok lehen geografoek deskribatutako mugen mapa eraman du liburuaren azalera. Garai hori hiru zatitan banatu du egileak: Baskonia erromatarren inperioaren garaia, barbaroen inbasioak eta Baskonia Akitaniako dukerria. “Gaur egun ezagutu duguna baino askoz lurralde zabalagoa zen. Ebrotik Garonara hartzen zuen. Gero Frankoak iritsi ziren, Orreagako gudua, eta Iruñeko erresuma sortu zuten”, azaldu du Del Castillok.

Iruñeko erresumaren sorrerarekin hasi eta gaur egun bukatzen da bigarren atala. Bertan Nafarroak izandako estatuaren eta horren lurraldeen garapena aztertu du Del Castillok. Kapitulu horretan ere irakurleak ezusteko ugari hartuko dituela uste du autoreak. “Nafarroako erresuma ez zen egungo Foru Komunitatea. Izen horrekin ezagutzen zen lurraldeak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Errioxa eta mugaz besteko lurraldeak hartzen zituen”. Hala ere, gaztelar eta frantsesen konkistak Nafarroako lurra mugatuz joan ziren.

“Publikazio askotan, garai oso zaharrak aurkezten dira gaur egungo maparekin. Hori erabat ilogikoa da”, kexatu da Del Castillo. Haren arabera, egun, Antso Azkarraren garaiko mapa da ezagutzen den bakarrenetarikoa. Haren aburuz, ez dira historiari lotutako mapak zabaldu “historiografia ofizialaren aurka” egiten dutelako. Arrazoi beragatik uste du Del Castillok asmatu zutela mendebaldeko lurraldeen euskalduntze berantiarraren teoria. “Gaur egun, teoria hori ezeztatu egin da. Frogatua baitago VI. mendearen aurretik bazirela euskaldunak han”.

Atlasaren hirugarren atala euskararen lurraldeari eskaini dio. “Euskara da herri honen hizkuntza. Erromatarrak heldu zirenean latina ekarri zuten, eta euskaldunek erromantzeak izan zituzten baita ere: aragoiera eta gaskoia”. Euskararen atzerakada eta berreskurapena jaso ditu Del Castillok.

Hala ere, erromantzeei ere tarte bat eskaini die. “Iruditzen zait euskara mantendu izanaren arrazoietako bat foruak direla. Lege propioak izan ez dituzten lurraldeetan ia galdu dituzte berezko hizkuntzak, adibidez, aragoiera eta gaskoia”.

Lan zaharrei begira

Atlasa osatzeko, XX. mende bukaerako hainbat lan aztertu ditu Del Castillok. “Nafarroako mapa historikoen lehen lanak 1970, 1980 eta 1990eko hamarkadetan egin zituzten, besteak beste Gregorio Berak, Artetak eta Jose Maria Lakarrak. Mapa horiek eta haien eguneratzeak oinarri hartuta garatu dut nire oraingo lana. Kontuan izan ditut, gainera, historialari garaikideek egindako lanak”.

Liburua bukatzeko kronologia txiki bat eta Nafarroako eta inguruko erreinuaren genealogiak aurkeztu ditu autoreak. “Irakurleak laguntzeko jarri ditut. Dibulgazio lana baita atlasa. Uste dut elementu horiek lagungarriak izan daitezkeela”. Horiekin batera bibliografia espezializatua ere proposatu du. “Gaian gehiago sakondu nahi duenarentzat”.

Nafarroako lurraldetasunaren inguruan egin den lanik zabalena da Del Castillok osatutakoa. Historia artxibo zaharretatik berreskuratu eta interesa dutenek mapa errealagoak eskura izan ditzatela izan du helburu.

Sakanako eskolak birsortzen

Sakanako eskolak birsortzen »

Asier Garcia Uribarri
Egungo eskolek ez dute zer ikusirik frankismo garaikoekin, baina Sakanako herrietan horren arrasto batzuk geratu dira. Horrek eragin du herri eskolen aurkako gutxiespen edo mesfidantza puntu bat mantentzea”, azaldu du Amaia Zubiri…

Eskarmentua eta freskura

Eskarmentua eta freskura »

Maialen Belarra

Talde lana, lagunarteko giroa, antzerkia, auzolana, umorea, parte hartzea, jolasa… Denetarik izan du berriz ere Bardoak Nafarroako taldekako bertso egitasmoak, eta bihar Etxarri Aranazen egingo den finalean ere horixe islatuko da. Hamar mende geroago, oraindik entzun daiteke Itzaltzuko bardoaren kantuen oihartzuna, molde berriekin osaturik. Gartxoten ondorengoek harrobi sendoa osatzen dute Nafarroan. Guztira 121 parte hartzaile izan ditu aurtengo egitasmoak: hamasei talde eta 71 bertsolari. Hiru taldek itxiko dute aurtengo aldia biharko finalean: Obario Maldikoak, Larungo Antenak eta Atekaberts taldeek.

“Taldekakoak bertsolaritza beste era batean ulertzeko aukera ematen du. Gozamenerako tarte handiagoa uzten du, esperimentaziorako… Txapelketa zurrunagoa da, eta Bardoek oholtza libreago bat marrazten dute denentzat”, halaxe ziurtatu du Saioa Alkaiza Obario Maldikoak taldeko bertsolariak. Iritzi berekoa da Julen Zelaieta Larungo Antenak taldeko kidea ere: “Kezkak badaude bi kasuetan, baina bertzelakoak dira. Ez zaigu hainbertze axola zenbat puntu eskuratzen ditugun. Guztia ongi antolatzea eta etxe giroko saio bat egitea da funtsezkoena”.

Izan ere, taldekakoak, izenak ongi dioen moduan, elkarlana du zutarri garrantzitsuena. Taldeko kide guztiek zeregin andana dute saio bakoitza baino lehen: kartelak jarri, gaiak egin, bertze saiotara epaitzera joan, etxeko saiorako tokia bilatu, grabatzeko baliabideak bermatu, eta abar. “Nik uste dut horrelakoetan ohartzen garela Txapelketa Nagusian nolako lana egiten duten gutxi batzuek bertsolariok kantatu ahal izateko”, dio Zelaietak.

Finean, Bardoetan balioa ematen zaie bertsolaritzaren esparru guztiei; saio baten atzean dagoen lan guztia azaleratzen da: “Garrantzitsua da bertsotan aritzea, baina gainontzeko lan guztia ere maila berean dago, denon lana da, eta hori baloratu behar dugu”, azaldu du Alkaizak.

Gainera, bertsolari hasiberrientzat plaza erakargarria eskaintzen du taldekakoak: formatu txikiko saioak, tokian tokikoak, lagunarteko giroa, taldekideen babesa, zurruntasun handiegirik ez… Aurten hogei bertsolarik lehen aldiz kantatu dute jendaurrean. “Lehen pausoa ona izan da, esperientzia positiboa izan dute gehienek. Hori garrantzitsua da”, baieztatu du Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak. Oro har, aurtengo aldiaren balorazio oso ona egiten du elkarteak.

Aniztasuna nagusi

Zelaietak jakinarazi du bertso eskola batzuek urtebete eskas izanagatik ere beren taldetxoa osatu dutela, eta horrek “ilusio berezia” egiten duela. Dena den, beterano gehiagok parte hartzea ere beharrezkoa dela uste du. “Polita da 14 urteko batek 40 urteko batekin kantatzea. Horrelako aukerak ematen ditu egitasmo honek, eta finalean ere denetarik egongo da”, ziurtatu du Joanes Illarregi Atekaberts taldeko kideak.

16 urte izan arren, bi aldiz iritsi da Illarregi taldekako finalera. Aurtengoak, baina, badu berezitasunen bat, bere anaia Xabatekin kantatuko baitu oholtzan. “Txikitatik elkarrekin egon gara bertso eskolan, eta askotan tokatu zaigu batera abestea. Polita da hori”. Eskolarteko Bertsolari Txapelketan maiz hartu dute parte bi anaiek. “Bardoak oso ezberdinak dira. Agurretik bertatik beste giro mota bat nabari da”.

Saioak egiteko molde horrek lotsa kentzeko bidea irekitzen duela uste du Illarregik: “Jendaurrean kantatzeko konfiantza hartzeko balio du, lagun giroan gaudelako. Horrek segurtasuna irabazten laguntzen du. Ongi pasatuz ikasten dugu”. Bertso eskolakoen artean ere giro hobea eta harreman estuagoa sortzen dela baieztatu du.

Horrez gain, azken bi hilabeteotan bertsoa hain euskaldunak ez diren zenbait eskualdetara ere iritsi da. “Mezkirizko saioan sekulako giroa sortu zen, adibidez. Nabari zen eurentzat zerbait berezia zela saioa han egitea”, jakinarazi du Zelaietak. Illarregik uste du hainbertze umore eta jolas egonik hain bertsozalea ez den hori ere joan dela saioren batera: “Lehen aldiz bertso saio bat ikustera joan direnek esan digute ongi pasatu dutela, barre egin dutela eta gustura egon direla”.

Horren harira, Arburuak ziurtatu du txapelketa kutsua alde batera utzi dela, eta biharko finalak batez ere balioko duela Nafarroan “bertso munduan zein ekosistema polita” dagoen ikusarazteko. “Lehia gutxienekoa da, eta hori bertsoak botatzeko eran ere nabari da. Dena den, Txapelketa Nagusia ere beharrezkoa dela uste dut, bertsoaz gozatzeko beste formatu bat eskaintzen baitu”, gehitu du Alkaizak.

Bertsolari, nahi duen oro

Obario Maldikoak taldeko kideak baieztatu du bertsolaria bertso bat bota nahi duen edozein dela. “Oso inportantea da profesionala ez den jendea ere aditzea bertsotan. Denetariko ereduak behar direla uste dut, eta Bardoek hori eskaintzen dute”. Alkaizaren ustez, bertsolaritza indartsu dago Nafarroan: “Euskara ukatu izan diguten guneetan ere geroz eta indartsuago dago, baina hori ezin da taldekakora mugatu; jendea urte osoan animatu behar dugu”.

Baina bertso munduan dagoen oro ez da bertsolaria. Badaude gai egileak, aurkezleak, epaileak, bertsozaleak… Aldi honekin heziketa lan bat ere egin dela uste du Arburuak, bertsoaren ekosistema osatzen ari baita pixkanaka. Biharko egun osoko festa antolatu dute auzolanean. Etxarri Aranazko frontoian izango da finala, 17:00etatik aurrera. Ondoren, triki-poteoa egingo da, eta, eguna ongi amaitzeko, afaria egingo dute frontoian. Festa handi batekin bukatuko da aurtengo ekitaldia, eta finalean ere aniztasuna izango da nagusi: gazteen freskotasunak eta beteranoen eskarmentuak borobilduko dute saioa.

Manugaitz: «Rap musika da euskarari hatsa emateko dudan tresna»

Manugaitz: «Rap musika da euskarari hatsa emateko dudan tresna» »

“Eta badator, hitza berriro bueltan”, abesten du Manugaitzek (Iruñea, 1975) Eman flow honi harrera izeneko kantuan. Eta horixe da iruindarraren lan berria: euskarazko raparen ahots ezagunenetako baten itzulera.

Hamarkada oso bat joan da Selektah Kolektiboa desagertu zenetik, baina orain arte ez duzu diskorik argitaratu. Zertan ibili zara urte hauetan guztietan?

Selektah deuseztatu zenean, bakarrik gelditu nintzela sentitu nuen. Bestalde, hainbat arrazoirengatik, hip hoparen mundutik apur bat aldendu eta beste gauza batzuetan zentratu nintzen: nire alor profesionala garatu nuen, oposizioetara aurkeztu nintzen… Musikarekin zerikusirik ez duten gauzetan murgildu nintzen. Horregatik, berriz hastea kosta izan zaidala uste dut. Desagertuta egon nintzen, baina raparen harra neukan barruan, eta ezin izan nion eutsi. Bigarren sorrera bat izan da hau niretzat.

Garai berriak, izen artistiko berria…

Bai, berez, Wanka izengoitia baztertu eta Manugaitz erabiltzen hasteko arrazoi bat baino gehiago egon da, baina nagusienetako bat horixe da: zerotik hasten banaiz, izena ere aldatuko dut.

Izengoiti batek, askotan, pertsonaia darama atxikita. Manugaitzek ba al du Wankatik zerbait?

Zorionez edo tamalez, ni neu ere aldatu egin naiz urte hauetan. 18 urterekin, lizuntasuna eta sexualitatea lau haizetara zabaltzeko grina nuen —hortik zetorren Wanker edo Wanka—, baina rol hori desfasatua gelditu da. Beharrezkoa zen aldatzea.

Manugaitz. Manatzeko gaitza al zara oraindik?

Tira, gaur egungo sisteman, oso zaila da benetan manugaitza izatea. Ados ez gauden guztiari aurre egitea, hori da manugaitza izatea. Eta tamalez, jendeak egunero irensten du errealitatea. Egunero irensten dugu. Nik ere bai. Barru-barruan, hala ere, badut manugaiztasun pitin bat.

Selektah Kolektiboaren bukaera bat-batekoa izan zen, hirugarren diskoa grabatzeko prozesu betean baitzineten. Garai hartan erabili ez zenuten materiala baliatu duzu disko berri honetan?

Ez. Egia erran, banituen base batzuk gordeta, eta Selektah Kolektiboaren garaiko hitzak eta musika erabiltzeko aukera izan nuen, baina diskoan entzun daitekeena nirea da, goitik behera berria: ideiak, musika, samplerrak…

Hitzak berriak dira, baina garai bateko eztena gordetzen dute zure errimek…

Neurri batean bai, baina, oro har, diskoa pertsonalagoa dela iruditzen zait. Zale batzuek faltan sumatuko dute Selektah Kolektiboaren gordintasuna, baina oraindik badago piper puntu hori. Dena den, gure lehenengo diskoak aztertzen hasita, gauza batzuk aldatuko nituzkeela uste dut. Gordintasunaren izenean errazkeriara jotzeko joera, adibidez. Oraingoan, zerbait sakonagoa egiteko gogoa neukan, baina ez pentsa luzaroan planifikatutako kontua izan denik. Horrela atera zait.

Bakarka ondu duzu diskoa. Eroso sentitu zara?

Lasaiago ibili naiz, ez dudalako diskoetxe baten presiorik sumatu. AME estudioko Axular Arizmendi teknikaria, gainera, oso jatorra izan da, eta ideiak eman dizkit. Zenbait unetan, beharrezkoa baita norbait alboan edukitzea.

Kantu berrietan, kulturaz hitz egiten duzu, egoera politikoaz… Horiek dira diskoaren ardatz tematikoak?

Diskoa grabatzeko prozesuaren hasieran banituen asmo batzuk, baina epeak luzatu ahala, asmo horiek aldatzen joan dira: kantu berriak sortzen nituen, zahar batzuk kendu, moldaketak egin… Hala ere, nonbait marraztu behar duzu marra, eta noizbait esan behar duzu “bukatu da, ez dut material gehiago grabatuko”. Hortaz, prozesua bukatzeko garaia heldu zenean, askotariko kantu sorta nuela ikusi nuen, eta zaila da haien arteko ardatz sendo bat identifikatzea. Euskal nortasuna, sustraiak, euskara… Nik esanen nuke horiek direla ardatz nagusiak. Beste gai batzuk ere jorratu nahi nituen, baina denborarik gabe geratu nintzen.

Euskararen aldeko militante sutsua zarela argi utzi duzu…

Zalantza izpirik gabe. Nire egungo kezka nagusietako bat da euskararena, eta diskoa ere horren isla da. Argi nuen diskoa euskara hutsean izanen zela ala ez zela izanen. Ez dakit raparen munduari ekarpen handirik egin diezaiokedan, baina euskarazko raparen munduari akaso bai. Euskalgintzari hatsa eman nahi nion, bultzadatxoa, eta, bide horretan, rap musika baliabide bat izan da. Kazetaria edo idazlea izan banintz, hedabideak edo liburuak erabiliko nituzkeen, baina daukadan tresna rapa da.

Gaur egun, rap kantari euskaldun askok gaztelaniaz abesten dute…

Bai, eta badakit errespetatu beharreko erabaki pertsonal bat dela, baina lotsagarria iruditzen zait, benetan. Selektah Kolektiboa desegin zenetik hamar urte pasa dira, eta, tarte horretan, euskarazko rap talde eta artista gehiago sortu dira. Bidea urratua dago jada. Baina oraindik orain, euskaldunen belaunaldi berriak Espainiari begira bizi dira, eta gaztelaniaz egiten den rapa hartu dute eredutzat. Gure gazte denboran, rap ingelesari, amerikarrari edo frantziarrari so egiten genion, faltan genituelako erreferenteak. Eta, hala ere, euskaraz abesteko hautua egin genuen. Beste askok ez dute bide hori aukeratzen, eta min handia ematen dit horrek.

Hala ere, rap talde, musikari eta abeslari euskaldun ugari azaleratu dira azken urteetan. Horien aitaponteko sentitzen zara?

Bada, hein batean, bai… Kar, kar! Eta uste dut normala eta sanoa dela harro sentitzea. Euskarazko musikaren esparruari zure aletxoa gehitu diozula ikustea pozgarria da beti.