“Identitatea boterea baita”

“Identitatea boterea baita” »

Edurne Elizondo

Duela 22 urte sinatu zituzten, Guatemalan, 36 urteko gatazka armatua amaitzeko bake akordioak. Testu haietan jaso zituzten, bertzeak bertze, herri indigenen identitateari eta eskubideei buruzko aldarrikapenak. “Baina ez dira gauzatu. Gure eskubideak hutsaren hurrengoa dira. Giza eskubideen urratzea eguneroko kontua da. Laugarrenez, Guatemalari berea kentzeko aro batean gara”.

Guatemalako Mam Emakume Indigenen Elkarte Integraleko kide Eliza Orozco Perezenak dira hitzak. Iruñean erran ditu. Euskal Herrira etorri da, Mugarik Gabe elkartearen eskutik, bere herriko egoeraren berri emateko. GITE elkarteko kideen liburutegian izan zen joan den astean, eta, atzo, berriz, Zabaldin hartu zuen hitza. Orozco Perezek, batez ere, identitatea aldarrikatu nahi izan du, hori delako, haren ustez, aurrera egiteko giltza. “Identitatea boterea baita; nazio bat gara, maia-mam nazioa; bi milioi pertsonak osatutako nazioa da gurea; gure hizkuntza, gure janzteko modua, mundua ulertzeko gure modua ditugu, eta hori guztia da gure lurraldea”, berretsi du.

Duela 500 urtekoa izan zen Guatemala bere ondasunez gabetzeko lehen aroa. “1821eko ustezko independentziak ekarri zuen bigarrena”, azaldu du Orozco Perezek. Hirugarrenak 36 urteko gerra izan zuen protagonista; eta laugarrena da oraingoa. “Bake akordioen ondoko hogei urteotakoa”.

Egun, Guatemalako eta bertze hainbat herritako lurrak garbitu nahi dituzten enpresa transnazionalen interesak dira nagusi. Gobernuek haiei egiten diete mesede. “Duela 500 urte kolonizatu gintuzten, eta kolonizatuta jarraitzen dugu; geure burua deskolonizatu behar dugu, lehenik eta behin”.

Enpresa horiei aurre egin die Orozco Perezek, halako urratsak egiten dituztenak enpresa horien jomugan direla jakin arren. Lurraren defentsarekin konpromiso irmoa erakutsi duten ekintzaile anitz hil dituzte, meatzaritzarekin edo energia hidroelektrikoarekin lotutako proiektuen aurka egiteagatik.

Orozco Perezen herrian ere badakite zer den gisa horretako egitasmo baten aurka egitea. Zentral hidroelektrikoa eraiki nahi izan zuten han. Proiektuak berekin ekarri behar zuen herria hornitzen duten lau iturriak pribatizatzea, baina, herritarrek aurka egin, eta geldiaraztea lortu zuten.

Taldeak, kolektiboak duen indarra nabarmendu du Orozco Perezek. “Denon artean, atzera begiratzeko ahalegina egin behar dugu, ikusteko eta ikasteko nondik gatozen, ikusteko eta ikasteko nor garen. Horrela erabaki ahal izanen dugu nora joan nahi dugun, nor izan nahi dugun”. Amona ekarri du gogora Guatemalako indigenak, eta haren eskutik atzera begiratu izanak ekarri dion aberastasuna jarri du mahai gainean. “Amonaren herentzia jaso dugu, eta eman digun baliorik garrantzitsuena erresistentziarena da; erabateko erresistentziarena”, erran du, harrotasunez.

Egile eskubide kolektiboa

Erresistentzia, identitateari eutsi ahal izateko. Gaur egungo indigenek ere erronka hori dute esku artean. Beren jantzien inguruko adibidea aipatu du Orozco Perezek: “Gure jantzien diseinuak lapurtzen dizkigute enpresa handiek, gure herritik kanpo eramateko. Eta gai dira diseinu horiek jatorrizkotzat saltzeko. Jantzi horien diseinuen gainean, ordea, gure egile eskubide kolektiboa dago. Ni jantzi hau irakurtzeko gai naiz. Ez da jantzi soil bat. Nik irakurtzen ahal dut; hemen dago nire identitatea”, erran du Guatemalako elkarteko kideak, soinean duen jantzia ukituz.

Kanpotik egiten dizkieten erasoei egin behar diete aurre maia-mam nazioko kideek; eta Guatemala barruan mamitzen direnei ere bai. “Herri indigenak bazter utzi ditu sistemak; boterearen asmoa da gu desagerraraztea”. Asmo horiek hezkuntzan dute isla, bertzeak bertze. “Arlo horretan, indigenok ez gara existitzen”.

Egoera horrek berekin ekarri du desorekek gora egitea. “Gero eta handiagoa da herriko aberastasuna beren esku dutenen eta deus ez dutenen arteko aldea”. Emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunek ere gora baino ez dute egin, Orozco Perezek nabarmendu duenez. Emakumeen aurkako indarkeria “hagitz arazo larria” dela azaldu du. Zehazki, sexu indarkerien auzia jarri du mahai gainean.

Orozco Perezek ez du zalantzarik emakumeek ahalduntzeko beharra dutela egungo egoerari aurre egin ahal izateko. Emakumeen boteretzea, hain zuzen, herri indigenen ahalduntzeko prozesuarekin lotuta ulertzen du Guatemalako ordezkariak. “Geure burua sendotu behar dugu, borrokaren bidean”.

Indigenen aurkako politikek “barrutik hustu” dituztela salatu du Orozco Perezek. “Horregatik erraten dut, behin eta berriz, indigena izatea zer den ikasi behar dugula, atzera begiratuz, gure arbasoen herentzia gure eginez; bizipenak behar ditugu, barrua berriz ere betetzeko”, gaineratu du. Orozco Perezek argi du nor den: maia-mam nazioko kidea.

AHTari ezetz esatera doaz

AHTari ezetz esatera doaz »

Ane Eslava

Martxan dira abiadura handiko trenaren Nafarroako hegoaldeko zatia egiteko lanak, eta, bihar, martxa bat egingo dute obretara. AHTaren obrak gelditu orain. Trena bai, AHTrik ez! lelopean, Martzilla ondotik abiatuko da manifestazioa, eta lanen parean amaituko da; han, ekitaldia egingo dute. AHTaren aurka dauden 11 taldek antolatu dute egitasmoa; besteak beste, AHT Gelditu taldeak, Sustrai Erakuntza fundazioak eta Erdialdea Trenaren Alde elkarteak. Hainbat arrazoirengatik erabaki dute obretaraino joatea, Martin Zelaia Sustrai Erakuntza fundazioko kideak azaldu duen moduan: “Batetik, jendea informatu nahi dugu: herritarrek ikus dezatela nolakoak izaten ari diren lanak, zer eragin izango duten eremuan… Eta, bestetik, salaketa egin eta obrak geldi ditzatela eskatu nahi dugu”. Azpimarratu du proiektuari aurre egiteko garai garrantzitsua dela.

Abuztuan hasi zituzten Azkoien eta Erriberri arteko zatia egiteko lanak. Hamar kilometroko luzera du tarte horrek, eta Adif enpresa publikoak Azvi enpresari esleitu dio, 30 milioi euroan. Horrez gain, Alesbes eta Azkoien arteko bost kilometroko tartea OHL enpresari esleitu dio, 55 milioi euroan, eta lehiaketara atera du Erriberri eta Tafalla artekoa.

Aurreikuspenen arabera, 2019ko hauteskundeen aurretik hasita egongo dira Castejon-Ezkirotz zatiaren %42,5 egiteko lanak. Tarte horretako bi zati baino ez daude lizitatu gabe: Tafalla-Campanas eta Campanas-Ezkirotz. AHTaren aurkako elkarteek salatu dute Azvi eta OHL enpresak PPren legez kanpoko finantzaketarekin lotuak daudela.

Ez dira gutxi AHTaren aurka egiteko arrazoiak, martxaren antolatzaileen ustez: alde batetik, trenbide berria eginez gero, herri batzuk zerbitzurik gabe geldituko dira, hala nola Altsasu, Tafalla eta Castejon. Izan ere, herri horietako geltokietatik pasatzen diren tren gehienak bide berritik pasatzen hasiko dira. Pili Berrio Erdialdea Trenaren Alde elkarteko kidea da, eta Tafallako geltokiak eskualdean duen garrantzia gogorarazi du: “Geltoki horretatik Alvia tren asko pasatzen dira, eta zerbitzu bikaina ematen dute. Lagun askok erabiltzen dugu geltokia; bizi-bizirik dago”. Ohartarazi du landa eremuko herrientzat oso baliabide garrantzitsua dela eta trenbide berri batek “kalte ikaragarria” eragingo duela: “Bakartu egingo gaitu”. Hori dela eta, erakundeei eskatu die hausnar dezatela, lanak geldi ditzatela eta egungo ibilbidean inberti dezatela.

Bestalde, AHTaren aurkakoek uste dute trenak ez duela bidaiari nahikorik izango. “Madril eta Bartzelona arteko abiadura handiko trenak eramaten ditu zortzi milioi bidaiari urtean, gutxi gorabehera. Europako Batasunak dio tren azkar batek bederatzi milioi bidaiari eraman behar dituela errentagarria izateko. Madril-Bartzelona trenak ezin badu minimoa bete, are gutxiago hemengo batek”, adierazi du Zelaiak. “Bestalde, tren horiek ezin dute pisu handirik eraman; beraz, AHTak ezingo du salerosgai astunik garraiatu”. Hori dela eta, “zentzugabekeriatzat” jo du proiektua.

Prozesuaren gardentasunik eza ere salatu dute. Berrio: “Beti esan digute egitasmoaren inguruko erabakietan parte hartuko genuela, eta, azkenean, ez da inolako gardentasunik egon. Orain herritarrek ez dakite eraikuntza horrek zer kalte eragingo duen herrietan”.

AHTa egiteko arrazoiak, beraz, ekonomikoak eta politikoak dira, biharko martxaren antolatzaileen ustez; “eraikuntza enpresak aberastea eta alderdi politikoek bozak irabaztea”. Horrekin lotuta, Nafarroako eta Espainiako Gobernuak AHTaren auzian hartzen ari diren jarrera kritikatu dute. Hain zuzen ere, Madrilgo gobernuaren kasuan, PP agintean zenean, Iñigo de la Serna Sustapen ministroak esan zuen bultzada emango ziela AHTaren Nafarroa hegoaldeko zatiko lanei. Asmoek bere horretan jarraitzen dute PSOEren gobernuarekin: Jose Luis Abalos egungo Sustapen ministroak adierazi du aurrez hartutako konpromisoak beteko dituela, eta hori egiten ari da. Nafarroako Gobernuari dagokionez, salatu dute lehen UPNk egiten zuena egiten ari dela. “Eta aldaketaren gobernu batek ezin du AHTa bultzatu”.

Garai erabakigarria

“Oraingoa garai erabakigarria da AHTaren aurka egiteko”. Hori uste dute biharko manifestazioaren deitzaileek. Zelaiak azaldu duenez, beste esperientzia batzuek erakutsi dute azpiegitura handien eraikuntza lanek aurrera egiten dutenean herritarrek borrokatzeari uzten diotela —Euskal Y-an, kasurako—. “Horregatik uste dugu orain dela momentua: orain mugitzen ez bagara, gero zailagoa izango da”.

Bere bizitza ospatuz oroitu dute

Bere bizitza ospatuz oroitu dute »

Edurne Elizondo

Historialaria, ekintzaile feminista, emakumeen liburutegiko arduraduna; familiako kide, laguna, lankidea. Bat, eta anitz, aldi berean. Ekainean zendu zen GITE Gizarte Ikerketarako Talde Eragileko kide Silvia Fernandez Viguera, eta asteon senideen eta lagunen azken agurra jaso du. Omenaldia egin zioten, astelehenean, Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan; omenaldi bero eta sentitua historialari eta ekintzaileari; omenaldia familiako kide eta lagunari.

Lepo bete zuten gela agurtu nahi izan zuten herritarrek. Historialari, feminista eta GITEko emakumeen dokumentazio zentro eta liburutegiko sortzaile eta arduradun gisa egindako lana gogoratu eta nabarmendu zuten parte hartzaileek, batetik; familiako kide, lagun eta lankide gisa utzitako arrasto sakona, bertzetik. Arlo guztietan erakutsitako grina utzi zuten agerian, batez ere, eta, horregatik, bere bizitza ospatuz oroitu nahi izan zuten.

Ekainaren 27an hil zen Fernandez Viguera, gaixotasun batek eragindako ustekabeko arazoen ondorioz. 60 urte zituen. 1958. urtean sortu zen, Iruñean. “Hagitz Alde Zaharrekoa naiz. Bertan jaioa naiz. Badakizu non? Euskal Jain. Aitona pilotaria zen”, kontatu zuen Fernandez Viguerak, 2011. urtean, BERRIA-n. “Frontoia bezala, erreferente bilakatu zen Silvia”, erran zuen Ana Diez de Urek, asteleheneko omenaldiaren hasieran.

Aurkezle lanak egin zituen Diez de Urek. Ellas. Las mujeres en la Historia de Pamplona liburuko koordinatzaile izan zen, Fernandez Viguera, Paco Roda eta Sonia Pinillosekin batera. Lan horren hogeigarren urteurrena ospatu ahal izan zuen GITEko kideak, hil aurretik.

“Liburu hori da Silviak irakasle eta ikertzaile gisa egindako lanik garrantzitsuena”. Horixe nabarmendu zuen Blanca Fernandez Viguera haren ahizpak, asteleheneko ekinaldian. Irati Berazak dantzatutako aurreskuarekin hasi zen omenaldia; Blanca Fernandez Viguera izan zen hitza hartzen lehendabizikoa. “Ahizpak utzi digun ondarea nabarmendu nahi dut; uste dut hori dela egiten ahal diogun omenaldirik onena”, erran zuen. Solasaldiaren amaieran kosta egin zitzaion malkoei eustea. Ahizpari eskerrak eman zizkion, bizitzako bidean lagun izateagatik.

Silvia Fernandez Viguerak biologia ikasi nahi zuen, baina Historiaren aldeko apustua egin zuen, azkenean, “ikasketa politikoagoak” iruditu zitzaizkiolako. Mundua azaltzeko aukera emanen ziotela uste zuen. GITEren bitartez, hain zuzen ere, horixe egin zuen historialariak. Isilarazitako eta ezkutatutako emakumeen historia azalduz, mundua aldatzeko lan egin zuen. “Errebeldea eta apurtzailea” izan zela nabarmendu zuen Blanca Fernandez Viguerak.

GITE 1976. urtean sortu zen Iruñean. Silvia Fernandez Viguerak 1982. urtean egin zuen bat elkartearekin, Langaiak izeneko aldizkaria koordinatzeko. Teoria feministaren arloan urratsak egiteko sortu zuten argitalpen hori. Historialariak bere tokia aurkitu zuen GITEn, eta ez zuen taldea utzi. 35 urtez aritu zen han lanean. “Administrazio lanetan saiatu zen, tarte batez, gobernuan eta NUPen, baina GITEtik kanpoko saio horiek etxea elkartean zuela erakutsi zioten, argi eta garbi”, gogoratu zuen Fernandez Vigueraren ahizpak.

Dokumentazio zentroa

Silvia Fernandez Viguerak GITEn egindako lanak fruitu anitz eman zituen, baina garrantzitsuenetako bat da, zalantzarik gabe, herritar guztien esku dagoen emakumeen dokumentazio zentro eta liburutegia. “Bitxi bat da”, erran zuen Blanca Fernandez Viguerak, hunkituta. Silvia Fernandez Viguerak halaxe azaldu zuen zentroaren asmoa, 2011n: “Dokumentazio zentroa da gurea, emakumeon inguruan. Munduko hamaika txokotan badira emakumeak gurearen gisako zentroak osatzen eta kudeatzen. Feminismoaren historia jasotzea da kontua, pentsaera feminista herritarren eskura jartzea”.

Silvia Fernandez Viguera erabat murgildu zen emakumeen dokumentazio zentroen arloan, eta gogo eta lan horrek Erdialdeko Amerikara eraman zuen. “Silviak ikerketa bat egin zuen, eta bere lana Erdialdeko Amerikako Emakumeen Dokumentazio Zentroen Sareko oinarri bilakatu zen”, gogoratu zuen haren ahizpak.

Euskal Herriko eta inguruko emakumeen dokumentazio zentroekin ere harreman estua izan zuen Silvia Fernandez Viguerak. Sarea osatzen lagundu zuen. Bide horretan lagun izandako anitzek bideo baten bidez parte hartu nahi izan zuten asteleheneko omenaldian. Emakumeen hitzen zaindari izan zela nabarmendu zuten, eta, aldi berean, hitz horiek zabaltzen lagundu zuela.

Irudien bidez emakumeek kontatu dituzten istorioei ere bozgorailua eskaini zien Silvia Fernandez Viguerak, GITEk antolatutako Emakumea eta Zinema zikloaren bidez. “Hementxe, zinema areto honetan, hamaika emakumerekin egoteko eta ikasteko aukera izan dugu”, erran zuen Blanca Fernandez Viguerak, omenaldian.

Gogoratu nahi izan zituen, gainera, ahizparekin batera egindako lanak eta bidaiak. 1995. urtean, adibidez, Pekinen izan ziren biak, bertze hainbat ekintzaile feministarekin batera, Emakumeen IV. Munduko Biltzarrean.

Nafarroako emakumeen egoerari buruz egindako ikerketak ere aipatu zituen Blanca Fernandez Viguerak. 1975etik 2003ra bitarteko epea jorratu zuten, zehazki. “Hiru liburu argitaratu genituen. Silviak emakumeen parte hartze sozial eta politikoa landu zuen, batez ere”.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere izan zuten bi ahizpek elkarrekin aritzeko aukera: NUPek martxan jarritako genero programako bultzatzaile izan ziren. Programa hori Gizarte Laneko masterreko modulu bilakatu zuten gero. “Silvia funtsezko pieza izan da unibertsitateak genero ikasketei eutsi ahal izateko. Elkarrekin egin genuen bide hori, eta biontzat izan zen opari bat genero ikasketa horiek unibertsitateko maila gorenera eraman izana”, erran zuen.

GITEko feminismoen eskola, hamaika hitzaldi eta ikastaro, manifestazioak eta jardunaldiak… Silvia Fernandez Viguerak denetarik egin zuen. GITEn, Elena San Julian izan zuen lagun eta lankide, urte luzez. Emozioak hartuta, lankidearen “grina” nabarmendu zuen San Julianek, omenaldian. “Maistra izan zen. Anitz disfrutatu ditut elkarrekin egindako lanak eta denbora, eta anitz irakatsi dit. Silviarekin ikasi nuen dokumentazioak garrantzi handia duela emakumeen eskubideen alde lan egiteko”.

Maistra izan zen Fernadez Viguera, bai eta konturatu gabe ere. Horixe nabarmendu zuen Alicia Pano Rodriguez ekintzaile feministak. “Duela hamabost urte inguru ezagutu nuen Silvia. Taberna batean ikusi nuen, lehendabiziko aldiz. Nik hogei eta gutxi nituen. Silvia tabernaren erdian ikusi nuen dantzan. Eta ni harritu egin nintzen, bitxia iruditu zitzaidan irudia. Silviak, jakin gabe, feminismoari buruzko sekulako lezioa eman zidan egun hartan”.

Julia Munarriz Gomarak ere lagunaren irudirik alaiena ekarri nahi izan zuen gogora. “Halakoa zen; bizitzari zukua ateratzen zion. Besta eta bizitza gustuko zituen; dena egiten zuen pasioz”.

Julia Munarriz Gomarak eta Silvia Fernandez Viguerak elkarrekin egin zituzten bidaia anitz. Bidaia horietako batean egindako irudia aukeratu zuten, astelehenean, zinema aretoko pantailan erakusteko. Itsasoa zuen historialariak atzean argazki horretan, eta itsasoaz aritu zen Fernandez Vigueraren iloba Haizea Garcia Fernandez ere, izebari kantatu zion bertsoan: “Itsasoari begiratzean, olatu bakoitzarekin, hemen gaudenon bihotz zati bat eraman duzu zurekin”.

Malkoak eta irribarreak

Silvia Fernandez Viguera Nafarroako mugimendu feministako kide ezaguna izan da, eta asteleheneko omenaldian agerian gelditu zen haren heriotzak utzitako arrastoa. Emozioak hartu zituen hizlariak eta herritarrak, behin baino gehiagotan. Irri egiteko tarterik ere izan zen, halere. Irribarre egitekoa, behintzat, parte hartzaileek Silvia Fernandez Viguerarekin partekatutako esperientziak kontatu zituztenean. Fernandez Vigueraren bizitza gogoratu nahi izan baitzuten denek, haren heriotzaren orduan.

Nora Otxoa de Olza Garateak, Elena Santosek eta Sheila Tiradok dantza eginez gogoratu nahi izan zuten galdutako laguna, eta gelan bat egindakoen txaloak eragin zituzten, beren erritmoak baliatuz.

Ana Diez de Urerenak izan ziren ekinaldiko azken hitzak. Paco Rodak eta Patricia Oloriz Espinalek aurretik hartu zuten parte. Inork ez zuen lankide, lagun edo erreferente izandako historialaria gogoratzeko aukera galdu nahi izan. Diez de Ureri, halere, zaila egin zitzaion azken agurraren ordua: “Omenaldi osoan eutsi diot, eta orain…”.

Omenaldiaren azken unean hitzak bazter gelditu ziren, eta topa eginez agurtu zuten parte hartzaile guztiek Silvia Fernandez Viguera. 2011n BERRIAn egindako elkarrizketan, “dena aldatu” nahi zutela erranez gogoratu zituen unibertsitateko garaiak. Asmo hori inoiz ez zuen bazter utzi historialariak, eta bere lanaren eta bizitzaren lelo bilakatu zuen. Batez ere, isilarazitako emakumeen egoera aldatzeko egin zuen lan, eta, egun, agerikoak dira lan horren emaitzak. Omenaldiaren bidez, dena aldatzeko lanean jarraituko dutela erran zioten lagunek.

Artea plazara, plazak artearentzat

Artea plazara, plazak artearentzat »

Edurne Elizondo

Musikak hartu zuen larunbatean Iruñeko Gazteluko plaza. Vesarte kolektiboak kontzertu bat antolatu zuen hamargarren urteurrena ospatzeko. Ez zen ohiko emanaldia izan, halere; taldeko kideek beti aldarrikatu dute arteak probokatzailea izan behar duela, eta, duela hamar urte hasitako bidea ospatzeko, kontzertu berezia egin zuten asteburuan, hiriburuko Alde Zaharrean: hainbat taldetako musikariak eta hogei bateria jotzaile elkartu zituzten plazan. Batera aritu ziren, eta beren doinuak urteurren baten soinu banda bilakatu zituzten; baterien burrunba hamar urteko bidea aldarrikatzeko.

“Hasiera gogoratu nahi izan dugu, gure lehen urratsak”, azaldu du Vesarteko kide Javier Orduñak; zehazki, kolektiboak bere bidea hasi zuenean antolatutako kontzertuak gogoratu nahi izan dituzte. Kontzertu horietako batean, Iruñerriko dozena bat talde elkartu zituzten, elkarren arteko bertsioak egiteko. “Beti izan dugu gustuko gauza berritzaileak egitea, erronkak markatzea”.

2008tik, bultzatzaileek uste baino gehiago garatu da kolektiboa, eta, musikaren esparruaz gain, bertze hamaika diziplina ere ukitu dituzte. Vesartek sormenerako espazio bat kudeatzen du Iruñeko Arrotxapea auzoan, eta doako ikastaroak antolatzen ditu, bertzeak bertze. Artea herritarren esku jartzea da kolektiboaren helburua, “gaur egun nagusi diren merkatuaren, kontsumoaren eta produkzioaren arauetatik at”.

Helburu horiek oinarri hartuta, Vesarteko kideek argi zuten, hasieratik, hamargarren urteurrena ospatzeko kontzertua Gazteluko plazan egin behar zutela. “Espazio hori berreskuratu nahi izan dugu herritarrentzat. Gazteluko plaza enpresa pribatu anitzek erabiltzen dute beren produktuak saltzeko; sanferminetan ere hori gertatzen da. Gure asmoa da herritarren arteko dinamikak bultzatzea, eta horregatik nahi genuen plaza horretan egin”.

“Bertzelako bideak eta alternatibak badirela erakutsi nahi dugu, eta uste dugu hamar urtez egin dugun bideak hori erakusten duela, hain zuzen ere”, berretsi du Vesarteko kideak. Kolektiboak ez du inolako diru laguntzarik jasotzen, bultzatzaileek ez baitute inongo erakunderen menpe egon nahi.”Argi dugu merkataritza gune batean erosi edo saltzen ahal den produktu bat baino anitzez ere gehiago izan nahi dugula. Ez dugu kontsumoaren edo produkzioaren araberako jarduera bat izan nahi. Bertzelako aberastasun bat eman nahi diogu hiriari, gizarte osoari”, azaldu du Orduñak. Herritarrek egindako ekarpenak eta beren merchandising-a dituzte diru iturri nagusi.

Kolaboratzaile anitz

Zortzi pertsona inguruk osatutako lantaldea da Vesarte kolektiboaren motor. “Bertze hamaika laguntzaile eta kolaboratzaile ditugu. Gure ikastaroetan ikasle izandako anitz gelditu dira irakasle gisa aritzeko, adibidez”, azaldu du Orduñak. Hasieran, Vesartek lauzpabost ikastaro zituen; orain, hogei baino gehiago eskaintzen dituzte.

Kolektiboak doan egiten ditu ikastaro horiek. Horrek ez du erran nahi, halere, Vesartek baldintza duinak eskatzen ez dituenik artearen esparruan ari direnentzat. “Gaur egungo gizarte neoliberalaren bidetik aldenduko den alternatiba bat sortu nahi dugu guk; hori da gure helburua, eta, hori lortzeko, altruismoaren bidetik egin behar dugu lan. Alternatibak sortzeko prozesuaren parte bat da hori”.

“Herri arteak ez du zertan kalitate kaskarragokoa izan”, erantsi du Orduñak. Horren adibide jarri du kolektiboak Nafarroako Parlamentuko presidente ohi Alberto Catalani egindako erretratua. Lan horrek hautsak harrotu zituen iazko apirilean. Vesartek egin zuen, Nafarroako Parlamentuari doan eskaintzeko eta ondorioz gastu publiko hori ez egiteko. “Iaz, erretratuaren zirriborroa egin genuen; lana amaitu dugu jada”.

Vesarteko kideek larunbateko bestan erakutsi zuten koadroa, herritarrek ikus zezaten. Iruindarren iritzia eskatu zuten, gainera, erretratua parlamentura bidali edo ez erabakitzeko. Bozketa egin zuten, eta baiezkoak irabazi zuen, botoen %95arekin. Kolektiboak, ondorioz, erakunde horren esku jarriko du egindako artelana. “Ez badute nahi, hiriko hainbat tokitan erakutsiko dugu”.

Aniztasuna bermatzeko zain

Aniztasuna bermatzeko zain »

Edurne Elizondo
Aniztasuna bermatu beharrean, ezberdintasuna nabarmentzen dute, ezberdintasuna markatu egiten dute”. Ginekologoaren kontsultan izandako esperientziez ari da Patricia. Gizartean nagusi den hetero-arauak osasun sistemaren esparruan ere ba…

Bidea eman nahi diote ibaiari

Bidea eman nahi diote ibaiari »

Edurne Elizondo

Arga ez dago kontent. Gutuna helarazi die ibaiak iruindarrei, Urbiziko kide Fito Jimenezen bitartez, eta, batetik, onartu du Santa Engraziako presa bere urek “nahita” bota zutela neguan, eta, bertzetik, Iruñeko Udalari eskatu dio ez dezala konpon. Arga ibaiaren aldarriak bere egin ditu Iruñean sortutako Arga Bizirik plataformak. Oztoporik gabeko ibaia nahi dute, hirian Argak bere tokia eta bidea har dezan.

“Europan ibaietako oztopoak kentzen ari dira, oztopo horiek gabe ibaiek aurretik zituzten dinamiketara itzultzeko aukera dutelako; espazio bizi bilakatzen direlako, berriz ere”, azaldu du Arga Bizirik taldeko kide Daniel Garciak. Argak dituen oztopoetako bat, Santa Engraziako presa, alegia, ibaiak berak bota zuen behera, neurri batean, joan den neguan. Presaren erdian zulo bat eragin du uraren indarrak, eta, horren ondorioz, galdutako abiadura eta bizitasuna lortu ditu Argak, berriz ere. Arga Bizirik taldeko kideek argi dute presa dagoen bezala uztea dela ibaiak behar duena. Eta, esku hartuz gero, presa osorik botatzeko izan beharko lukeela.

Iruñeko Udalak, baina, bertzelako asmoak ditu. Iruñeko alkate Joseba Asironek erran du presa konponduko dutela, “behin-behinean”. Asironek onartu du Argan egin beharrekoari buruz bi jarrera ezberdin eta argi daudela hirian: bat presa kentzearen aldekoa, oztopo artifiziala delako ibiarentzat, eta bertzea, berriz, presa behin betiko konpontzearen aldekoa, “hala behar delako hainbat jarduera egin ahal izateko”. Alkateak erabaki du erdiko bidetik egitea aurrera: behin-behinean konponduko du, aurrerantzean auziari buruzko “eztabaida sakon bat” egin eta behin betiko erabakiak hartu ahal izateko.

Asironek aipatutako jardueren kontua da Santa Engraziako presaren inguruko auziko gakoetako bat, Arga Bizirik plataformako kideek nabarmendu nahi izan dutenez. Izan ere, presa konpondu behar dela defendatzen dutenen artean nagusi da Nafarroako Arraun Elkartearen ahotsa. Presarik gabe, taldea “desagertu” eginen dela erran du elkarteko buru Alberto Garaikoetxeak, arraunean aritzeko bertze tokirik ez luketelako. Presa konpontzeko eskatu diote taldeko arduradunek Iruñeko Udalari, eta 5.000 sinadura inguru aurkeztu dituzte, eskaera horren alde.

Arga Bizirik taldeko kideek “zilegizkotzat” jo dute arraun elkarteak bere jarduera garatzen jarraitu nahi izatea. Konponbidearekin, halere, ez dira ados. “Sektore zehatz baten interesak ezin ditugu ibaiak behar duenaren gainetik jarri”, erran du Garciak.

Europak zehaztutako bidea

Arga Bizirik taldeak gogoratu ditu herrialdeko bertze hainbat presa kentzeko auzietan gertatutakoak. Beran, adibidez, San Martingo eta Endarlatsako presak kendu zituzten, 2016. urtean. Endarlatsakoaren kasuan, eztabaida piztu zuen proiektuak, arrantzaleek presari eutsi nahi ziotelako, izokinak harrapatzen jarraitu ahal izateko.

Europatik sustatutako Irekibai Life proiektuaren barruan kendu zituzten San Martingo eta Endarlatsako presak. Europan, hain zuzen ere, 2000. urtetik dago indarrean Uraren Zuzentaraua. Esparru horrek ekarri du herri anitzetan ibaiari ezarritako presak kentzea. Irekibai Life proiektuaren barruan aritu zen lanean Nafarroako Ingurumen Departamentuko Ur arloko teknikari Luis Sanz, eta Endarlatsakoa bota zutenean, argi eta garbi erran zuen oztopoak kentzeak “on” egiten ziola Bidasoa ibaiari.

Iritzi berekoak dira Arga Bizirik taldeko kideak, hain zuzen. Nabarmendu dute Nafarroako Gobernua Europako diru laguntzak jasotzen ari dela presak botatzeko, eta, ondorioz, Iruñeko Udalari eskatu diote gogoeta egin dezala Argakoa konpontzeko hartutako erabakiari buruz. Argi dute Argari “on” egin diola Santa Engraziako presan urak berak eragindako zuloak. Txostena osatu dute, hain zuzen ere, eta hainbat arlo jarri dituzte mahai gainean: paisaia, landaretza, fauna, zaborra eta uholdeak, bertzeak bertze.

Iruñeko Udaleko hainbat alderdirekin bilerak egin dituzte jada Arga Bizirik plataformako kideek, presa konpontzeko lanak geldiarazteko asmoz. Garciak gogoratu du, hain zuzen ere, Argan obrak egiteko Nafarroako Gobernuak txostena egin beharko lukeela, lehendabizi, eta Ebroko Ur Konfederazioak ere eman beharko lukeela baimena.

Joseba Asironek proposatutakoari buruz, Garciak erran du “logikoena” izanen litzatekeela Iruñeko alkateak bultzatu nahi duen eztabaida obrak hasi aurretik egitea. “Ez du zentzurik eztabaida egin aurretik diru publikoa gastatzeak”, berretsi du plataformako kideak. Argaren gutuna kontuan hartzeko eskatu dio taldeak Asironi.

Gero eta atseginagoa

Gero eta atseginagoa »

Edurne Elizondo

Helburuak betetzen ari gara”. Horixe nabarmendu dute Iruñeko Udaleko arduradunek, hiriko erdigunea atseginago bilakatzeko planari buruz. Urtebete joan da plan hori martxan jarri zutenetik, eta hartutako neurrien emaitzekin “kontent” dira. Hedabideen aurrean agertu dira Hiri Bizigarri eta Etxebizitza zinegotzi Joxe Abaurrea eta Herritarren Segurtasunerako eta Bizikidetzarako zinegotzi Itziar Gomez, Jesus Estanga udaltzainarekin batera. “Herritarrek izan behar dute protagonista”, nabarmendu dute.

Abaurreak eta Gomezek hainbat datu jarri dute mahai gainean. Batetik, zirkulazioak behera egin duela. Zabalguneko karriketan, adibidez, %70-90 egin du behera autoen kopuruak, eta, Alde Zaharrean, berriz, %50. Aita Moret eta Jose Alonso karriketan hartutako neurriek izan dituzten ondorioak nabarmendu ditu udalak. Bi kale horietatik 10.000-14.000 auto pasatzen ziren, egunean, plana martxan jarri aurretik. Kopuruak %90 egin du behera Jose Alonso karrikan, eta %87, berriz, Aita Moret kalean.

Bertzalde, garraio publikoaren alde egin duten erabiltzaileen kopuruak gora egin duela azaldu du udalak. Batez beste, %4,5 egin du gora garraio publikoaren erabilerak, hain zuzen ere. Planaren bidez, oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari eman diete lehentasuna hiriko erdigunean. Billabesen geltoki gehiago jarri dituzte hor, eta horrek ekarri du herritarrek zerbitzua gehiago erabiltzea. Igoera are nabarmenago izan da asteburuetan: %9,5ekoa larunbatetan, eta %7,3koa igandeetan, alegia. Hilabeteko bonuen kopuruak ere egin du gora: 7.500 ziren plana martxan jarri baino lehen, eta, orain, berriz, 10.000.

Herritar anitzek autoa utzi eta bertzelako garraioen alde egin dutela nabarmendu dute udaleko kideek, eta erdigunean hartutako neurriek ez dutela ekarri zirkulazioak gora egitea eta pilaketak sortzea hiriko bertze eremuetan. Horixe utzi du agerian Udaltzaingoak egindako txostenak, hain zuzen ere. Txosten horren arabera, aparkaleku publikoen erabilerak ere gora egin du, erdigunea atseginago bilakatzeko plana indarrean sartu zenetik: 2018ko maiatzaren 1a bitarte, 20.810 erabiltzaile izan zituzten aparkaleku publikoek; 2017 osoan 20.317 izan ziren.

Urrian, bigarren fasea

Iruñeko Udalak hiriko erdigunea atseginago bilakatzeko planarekin aurrera jarraituko du, datozen hilabeteotan. Asmoa da urrian plan horren bigarren fasea martxan jartzea, bertzeak bertze, Navas de Tolosa karrikan eta Taconeran. Bi espazio horietan eginen dituzte bigarren faseko lanen %85, hain zuzen ere. Obrek ukituko dituzte ere Basotxoa eta Aita Moret karrika. Basotxoan, zehazki, jada oinezkoentzat irabazitako espazioa atontzea da helburua, karrika hori “erakargarriagoa eta funtzionalagoa” izan dadin. Oro har, bigarren faseko lanen asmoa da oinezkoentzako eta txirrindularientzako espazioak hobetzea. Hasierako aurrekontua 1,2 milioi eurorena da.

Erdigunea atseginago bilakatzeko planeko bigarren faseko lanak ez dira martxan diren bakarrak, hiriburuan. Udan, Pio XII.a etorbideko obrak hasi ditu Iruñeko Udalak ere. Pio XII.a etorbideko proiektu horrek erdigunean egindako lanei eman nahi die segida, hain zuzen ere.

Etorbidea berrantolatzeko proiektua da jada martxan den hori. Asmoa da oinezkoei, garraio publikoari eta bizikletei ematea lehentasuna. Egun, autoak aparkatzeko bandaz gain, hiru bide ditu karrikak, norabide bakoitzeko. Xedea da aparkatzeko banda bizikletentzako bide bilakatzea; kanpoko bideak espazio malgu eta askotarikoak izanen lirateke, eta balioko lukete, adibidez, billabesen geltokiak eta edukiontziak jartzeko, bai eta zamalanetarako ere; gainerako bi bideak izanen dira zirkulaziorako bide, eta haietako batean garraio publikoak izanen du lehentasuna.

Gaur egun etorbidearen erdian dagoen espazio erdibitzaileari eutsi dio proiektuak. Bidegurutzeetan nola lan egin zehaztea izan da Mugikortasunerako Talde Teknikoko kideen kezketako bat. Asmoa da, batez ere, abiadura murriztea. Proiektuak biribilguneak baliatu nahi ditu, hain zuzen, zirkulazioa lasaitzeko. Zehazki, sei bidegurutzeri eraginen diete lanek. Oraingoak baino “trinkoagoak” izanen dira, eta oinezkoek eta txirrindulariek irabaziko dute espazioa, autoen aurrean. Txirrindularientzat “bide seguruak” eraiki nahi dituzte.

Etorbideko lanen berri eman zuenean, auzokideen kexa jaso zuen udalak. Plataforma ere osatu zuten, proiektuaren kontra. Bilerak eta informazio kanpainak eginen dituztela erran du udalak.

Tras Los Muros ekintzailearen ‘Refugiados’ euskaraz eman nahi du Nor kolektiboak

Tras Los Muros ekintzailearen ‘Refugiados’ euskaraz eman nahi du Nor kolektiboak »

Nor Euskal Herria Antiespezista kolektiboak euskaraz eman nahi du Tras Los Muros ekintzaile antiespezistaren Refugiados liburua. Lana itzuli du, herritarren artean gizakiek bertze

Iragana oroimenera ekartzeko

Iragana oroimenera ekartzeko »

Uxue Rey Gorraiz
Gerrak aztarnak utzi zituen. Aztarnak askoren oroimen eta bihotzetan, eta baita lurretan ere. Gatazkek bereziki markatuta utzi dituzte Euskal Herriko txoko batzuk, eta xehetasun ugari argitara ateratzeke daude oraindik. Horietako hainb…

“Zer gertatu zen jakiteko behar soziala dago”

“Zer gertatu zen jakiteko behar soziala dago” »

Olatz Azpirotz Larzabal
Juan Carlos Garcia-Funesek frankismoko gatibu “ikusezinak” aztertu ditu, garai hartako lan behartuei buruzko informazioa emateko, datuak ikertzeko eta gatibuen bizipenak ezagutzera emateko. Garcia-Funesen tesiak frankismo garaik…