“Auzolanetik Iruñeko liburu saltzaile guztiak pasatzen dira” »

Udazkeneko arratsalde epel batean, Iruñeko Alde Zaharrean pasieran ibiltzea beti da gozagarria. Ezer berezirik egin behar ez den egun horietako batean, San Gregorio kalean dagoen Auzolan liburu dendarekin topo egitea plazer txiki bat izan daiteke literaturzalearentzat. 1977ko maiatzean sortu zen, eta euskal literaturak Iruñean behar zuen lehen erakusleihoa izan zen. “Garai hartan, Iruñean bi liburu denda zeuden: Gomez eta Parnasillo. Horien aurrean alternatiba bat eskaintzeko sortu zuten Mertxe Zufiak eta Jon Mujikak Auzolan liburu denda. Euskal literatura zabaltzeko, baina baita literatura unibertsala, gizarte zientziak, artea eta beste hainbat gai lantzeko ere”, horrela azaldu du Unai Pascual Loiartek, Auzolaneko langileak (Iruñea, 1976). Auzolan ireki zutenetik, 36 urte igaro dira. Pascual Loiarteren arabera, hasierako proiektuak aldaketa asko izan ditu urte horietan, baina gaur egun hasierako ideiara bueltatu dira. Gizarte mugimendu txikiekin eta liburuaren munduarekin lan egin nahi dute. Auzolan ez da liburu denda soila, gaur egun hiru proiektu baitaude liburu dendan bertan: denda bera, Denonartean argitaletxea eta formakuntza tailerrak.

“Liburu denda honetatik Iruñeko liburu saltzaile guztiak pasatzen dira: Parnasillokoak, Hormigako Atomikakoak, Elkarrekoak…”, azaldu du Pascual Loiartek. Horrek erakusten du liburu dendak duen erreferentzialtasuna. Iruñeko Elkar —Zabaltzen zena— eta Pamiela argitaletxeak ere Auzolaneko biltegian hasi ziren. Urte hauetan guztietan aldaketa ugari izan ditu Auzolan liburu dendak. 1997an salto handi bat egin zuten, eta Tutera kalean —autobus geltoki zaharraren parean— ireki zuten denda handi bat. Lokal berrian paper denda bat jarri zuten, eta material pedagogikoan espezializatutako banatzaile batekin lanean hasi ziren. San Gregorio kaleko dendan, aukerako liburuak saltzen zituzten bitartean.

Garai horretan liburuaren mundua boom batean zegoela dio Pascual Loiartek. “Asko saltzen zen, liburuaren mundua burbuila batean zegoen, eta noizbait eztanda egin behar zuen”. Eztanda 2007an gertatu zen; salmentak ikaragarri jaitsi ziren hainbat arrazoiengatik: testu liburuak urtero berritu beharrean lau urtean behin aldatzen hasi ziren; liburu digitala agertu zen; aukerako liburuak saltoki handietan saltzen hasi ziren; eta, nola ez, krisialdi ekonomikoak ere eragin du horretan guztian. Krisialdiak proiektuaren inguruko gogoeta eskatu zuen. Beraz, San Gregorio kaleko denda indartzea erabaki zuten, eta Tutera kaleko denda joan den urtarrilean itxi zuten. “Orain, hasierako tokian gaude berriz ere, liburuaren munduak duen prekarietatean, handik eta hemendik gauzak egiten, aurrera jarraitzen dugu”.

XXI. mendeko liburugintza

Mende berriak aldaketa asko eragin ditu liburugintzan. Internetek eta liburu digitalaren agerpenak liburuak doan izateko ahalbidetu dute. Horrek salmentak nabarmen jaitsi ditu. Baina gauza onak ere sortu ditu: “Liburu dendara etortzen den jendea liburuak maite dituen jendea da. Gaur egun, Interneten dena aurki dezakezu dohainik; beraz, interesik ez duen jendeak ez du zertan dendara etorri behar”. Pascual Loiarteren ustez, Auzolan liburuak erosteko toki bat baino askoz gehiago da. “Guk nahi duguna da jendea hona etortzea eta lasai asko ordubete edo bi ordu pasatzea”.

Konpetentzia handia dago liburu denden artean; orduan, bakoitzak zerbait berezia eskaini nahi du. Auzolanen kalitatea eskaini nahi dute. Horretarako, liburu dendaz gain, kultura eskaintza ere badute hainbat ekinaldirekin: irakurle kluba, filosofia tailerra eta zenbait foro.

Auzolanari lotu zaion beste proiektu bat Denonartean argitaletxea da. “Argitaletxea dendatik kanpo hasi zen, baina denborarekin lotu egin dira”, azaldu du Pascual Loiartek. Argitaletxearekin idazle hasiberriei publikatzeko aukera eman nahi diete. Genero aldetik denetarik lantzen dute: poesia, saiakera, narratiba… Baina indar berezia eman diote haur eta gazte literaturari. Pascual Loiartek dio gaur egun euskaraz dagoen haur eta gazte literatura gehiena itzulia dela. Egoera horri buelta emateko lanean dabiltza. Denonartean “haur eta gazte literatura harribitxi bat da, eta oso idazle finak ditugu gure artean”.

Liburu digitalak merkatua irauli du. Hala ere, Pascual Loiartek ez du mundu horretan sartu nahi. “Amazon, Apple eta Googlek munduko liburu digitalaren negozioaren %85 kontrolatzen dute, %10 dohainik eta legalak diren webguneek mugitzen dute, eta soberan dagoen %5 munduko beste saltzaile guztien artean banatzen da; ez gara borroka horretan sartuko”. Pascual Loiarterentzat, gainera, liburu digitala “kalitate gutxiko liburua” da. Berak betiko liburua maite du, eta horrekin jarraituko du lanean, etengabeko berritze era sormenean.

Guardia Zibilak Maxurrenean jarraituko du »

Guardia Zibila Leitzako Maxurrenea etxean hamar urte gehiago egongo dela esan du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. Fernandezek astelehenean Leitzako Guardi Zibilaren egoitzara egindako bisitan eman zuen berria. Maxurrenea Nafarroako Gobernuarena da, eta azken hamar urteetan Barne Ministerioari utzi dio errentan. Hala ere, eraikinaren jatorrizko jabeak gobernuari etxea eman zionean, ekintza kulturaletarako erabiltzeko eskatuz eman zion. Baina eskaera ez du bete.

Leitzako hainbat herritar ez daude erabaki horrekin ados eta eta hala jakinaraz zuten pasa den astelehenean egindako elkarretaratzea. Gainera, Maxurrenearen erabileraren gaineko gatazka ez da berria. Askotan eskatu dute leitzarrek etxearen erabilera herritarrentzat izatea.

Helburu hori aldarrikatzeko sortu zuten duela zenbait urte Maxurrenea Herrintzat plataforma. Iñaki Zabaleta plataformako kidearen arabera, “hamar urteko alokairua aurten bukatzen denez, talde parlamentari guztiekin bildu gara eta horrela lortu genuen ekainean Nafarroako Parlamentuak gobernuari eskatzea Maxurrenea gizarte eta kultura ekintzetara bideratzea”.

Momentuz gobernuak entzungor egin die leitzar askoren nahiari. Hala ere, Zabaletak “oztopo guztien gainetik”, lanean jarraituko dutela jakinarazi du.

Ikasle zirenean bizitakoak »

Urrian hasiko da Nafarroako euskaltegietan 2013-2014 ikasturtean. Ehunka lagunek euskalduntzeko asmoz ekingo diote ikasturte berriari. Sarritan, euskara ikastea zaila dela esan arren, mito hori apurtu nahi izan dute Txini Rubio, Raquel Rajol eta Raul Fernandezek. Txikitan euskara ikasteko aukerarik ez zuten izan eta euskaltegira jo zuten euskalduntzeko asmoz. Hirurek lortu dute euren helburua, euskaraz bizi dira. Baikortasunez mintzatzen dira euskalduntzeko prozesuaz. Oraindik euskaltegian izena eman edo ez zalantza dutenei ahalegina egiteko gonbita egin dute hirurek.

“Euskalduna naiz eta harro nago”, aitortu du Txini Rubiok. Pare bat aste barru euskara ikasten hasiko diren lagun horiei “inbidia” pixka bat diela onartu du Rubiok. Ederki oroitzen da euskaltegiko lehen egunez, ordutik 20 urte inguru igaro diren arren. Euskaltzaletasunarekin lotutako giroak erakarrita hasi zen euskara ikasten AEK-k Iruñeko Iturrama auzoan duen euskaltegian. “Euskaltegiak bizi poza eman dit, lehen euskaraz ezer esaten ez nekielako, eta orain euskaraz bizi naizelako”.

Ildo berean mintzatu da Raquel Rujol ere. A ereduan ikasi zuen eskolan. Jakinarazi duenez, eredu horretan ikasten duten haur eta gazteek ez dute euskaraz mintzatzeko erabateko gaitasunik. Hala, 17 urte inguru zituela euskaltegian hasi zen. Orduan euskaraz hitz egiteko “beldurra” izaten zuela onartu du Arjolek. Hala ere, hiru urteren buruan EGA titulua eskuratu zuen. “Baina lorpenik handiena unibertsitateko ikasketak euskaraz egin ahal izatea izan zen”, aitortu du.

Izan ere, euskaltegian euskara ikasten hastearekin batera hitz egiteko beldurra galtzen hasi zen. Nostalgia puntu batekin mintzatzen da garai hartaz. Izan ere, unibertsitateko irakasle ikasketak euskaltegiko eskolekin uztartzen zituen. Egun, irakasle gisa aritzen da lanean.

Raul Fernandezek Rubiok bezala, euskal kulturak erakarrita jo zuen euskaltegira. “Hasiera batean ez nion neure buruari helburu zehatzik jarri, baina urte batzuen buruan euskalduna izatea lortu dut”. Eskolaz kanpoko jardueretako begirale gisa aritzen da lanean, eta egun euskara bere lanerako tresna bilakatu dela jakinarazi du.

Rubiok, Arjolek eta Fernandezek AEK-ko euskaltegietan erabiltzen den metodologia goraipatu dute. Izan ere, jakinarazi dutenez, hitz egiteari izugarrizko garrantzia ematen zaio. “Hizkuntza bat ikasteko metodologiarik onena da, hitz egitean oinarritzen delako”, azaldu du Rubiok. Horri esker, hiru euskaldun berrien bizitza alor askotan eta eremu askotan aldatu den arren, eremu sozialean izandako aldaketak nabarmendu dituzte. Batez ere, euskara ikasteaz gain lagun asko egin dituztelako.

Dozenaka bizipen

Barnetegietan edota eskolaz kanpoko ekintzetan euskara ikasten dutenek dozenaka bizipen izaten dituzte. Bitxikeriaren bat gogoratzeko eskatuta irri artean kontatu du Arjolek euskara ikasten hasi zenean, lehenengo astean nola gelditu ziren gelakideak zerbait hartzeko. “Ostegun batez zerbait hartu behar genuela erabaki genuen. Euskaraz hitz egiten saiatzen ginen, eta gelakide batek gaizki ulertu zituen tokia eta ordua”, dio irri artean. Horren ostea, irakasleak orduak ikasteko gomendatu zien, behintzat non eta noiz gelditzen ziren argi izateko.

Ahalegin eta esfortzu handia egin behar izaten dute ikasleek euskalduntzeko. Fernandez ederki oroitzen da nola hasiera batean, edozer eskatzeko nola pare bat minutu hartzen zituen esan behar zuena buruz behin eta berriz errepikatu eta akatsik ez egiteko. Orain ordea, prozesu horren beharrik ez du, arazorik gabe mintzatzen delako euskaraz.

Hirurak bat datoz, euskaltegia bizitzeko modu berri baten ataria dela. Horregatik, euskaltegietan izena emateko animatu dituzte zalantzati daudenak.

“Gizarteak kultura sismikoa behar du; egoki jokatzeko eta gehiegi ez larritzeko” »

Lurrikarak zergatik gertatu diren argi du Antonio Aretxabalak (Vigo, Galizia, 1963). Erreniega inguruak hidrosismikotasuna duela dio, eta euriteen eraginez failek elkarrekin talka egin dutela, eta lurrikarak eragin dituztela. Nafarroako Unibertsitateko geologoa da Aretxabala, eta zientzialarientzat lurrikara multzoa ikertzea oso interesgarria dela azaldu du. Ez, ordea, herritarrentzat, ezusteko handia hartu baitute askok.

Berrehun lurrikara baino gehiago izan dira. Larritzeko modukoa da?

Ez, inolaz ere ez. Lurraren barneko energia barreiatzen ari da, euriteek lur guztia bigundu dutelako. Nafarroako historiako negu euritsuena izan da aurtengoa, eta faila batzuk gehiegi tenkatu dira. Erreniega inguruan dauden faila txiki horiek urarekin mugitu dira, eta elkarrekin talka egitean lurrikarak sortu dituzte. Domino efektua gertatu da, bata bestearen atzetik. Eta faila nagusiena ukitu dute, Iruñeko faila.

Beraz, eremuak hidrosismikotasun naturala du?

Bai, hidrosismikotasunak eragin ditu lurrikarak. Dena den, oraindik erabat ez dira ikertu lurrikarak, eta horrek beti zalantzak sortzen ditu. Failek eragiten dituzte lurrikarak eta failak euriteengatik mugitu dira, hori argi dugu. Lurrikararen epizentroa lurraren sakon-sakonean izaten denean, urak ez du hainbesteko eraginik izaten, eta hori aztertu behar dugu, epizentroa lurraren sakon-sakonean izaten delako askotan. Erreniega inguruko gatz zulobideak uraren atea izan direla uste dugu, eta hortik urak bere bidea egin du. Iberiar penintsulako sismikotasun handieneko tokien artean, Nafarroa hirugarrena da.

Azken hilabeteetako lurrikararik handiena 4,1 gradukoa izan da. Handiagoak eta gehiago gertatuko dira?

Tektonikoa izan zen 4,1 graduko lurrikara, eta Iruñeko faila nagusiari eragin zion. Seguruenik, gertatuko dira gehiago, eta handiagoak izan daitezke; ez, ordea, kalte larriak eragiteko modukoak. Geologiaren ikuspuntutik, oso interesgarria litzateke gertatzen ari diren lurrikarak aztertzea. Herritar askorentzat, hala ere, ezusteko handia izan da. Argi dago ez dagoela kultura sismikoa, eta beharrezkoa dela uste dut. Horregatik izutu da hainbeste jendea. Baina lurrikara multzoa amaitzen denean, inork ez du hitz eginen honi buruz.

Zer egin behar da lurrikara bat gertatzne denean?

Lurrikara bat gertatzen baldin bada, gauden eraikinetik irtetea da egin behar den azken gauza. Askok ez dakite, baina kontu garrantzitsua da. Lorcan (Espainia), adibidez, ez zen inor hil eraikin batean egoteagatik. Are gehiago, hil ziren guztiak kalean zeuden edo kalera irteteagatik hil ziren, tximiniak eta beste gauza batzuk erori zitzaizkielako. Informazio gehiago behar dute herritarrek, gehiegi ez larritzeko eta lurrikara bat gertatuz gero zer egin behar den jakiteko.

Besteak beste, hitzaldiak eman dituzu hori guztia azaltzeko, ezta?

Utergan egon nintzen, inguru horretako alkateek eskatuta, eta joan den astean Iruñeko planetarioan izan nintzen. Utergako herritar batzuk, gainera, kezkatuta etorri ziren nigana. Ez zekiten beren etxe zaharrek —XVIII. eta XIX. mendekoak— lurrikara bati eusteko gai izango liratekeen ala ez. Horrelako etxeek, askotan, askoz hobeki jasaten dituzte lurrikarak, gaur egungo betoizko eraikin batzuek baino. Askoz prestatuago daude, kultura sismikoa baitute barnean.

Eta noiz amaituko dira lurrikarak?

Ez dakigu. Azken egunetan lurrikara gutxiago egon dira, baina horrek ez du esan nahi gehiago ez direla izanen. Edonoiz eta edonon izan daitezke. Baina ezin dugu ezer egin, naturaren indarra delako. Nafarroako Gobernuak lurrikarak gertatzen direnenerako protokoloa du, baina, nire ustez, gaur egun zerbait gehiago eskatu behar dugu. Bereziki Iruñerrian eragina izateko, eta eremuaren zaurgarritasunari aurre egiteko.

Kontrabandisten eskulturak berriz ez jartzeko eskatu dute »

Baztanen gaueko lanean aritutako gizonen lana gogoratzeko, duela hilabete eskas Pello Iraizoz artistak hiru eskultura paratu zituen Elizondon. Herriko elizaren aurrean jarri zituzten, baina lekua “egokia” ez zela argudiatuta, kendu egin zituzten, eta …