“UPNk euskal usaina duen edozer baztertu egiten du” »

Gora Iruñea plataformak salatu du Iruñeko herri mugimenduak gero eta arazo gehiago dituela ekintzak antolatzeko. Martxoaren 28an, sanferminetako jaiguneagatik udalari 26.000 euroren baino gehiagoren tasak ordaindu zizkioten. Hori guztia salatzeko eta herri kultura aldarrikatzeko, Kultura Eztanda ekinbidea antolatu dute bihar goizerako. Han, hainbat kultura taldek musikaz eta dantzaz beteko dituzte Alde Zaharreko lau plaza. Rakel Arjol Gora Iruñeko kidea da (Iruñea, 1989), eta, dioenez, Kultura Eztanda Iruñeko herri kulturaren erakusleihoa izango da.

Zer da Kultura Eztanda?

Kultura Eztanda Gora Iruñea plataformak sortu duen aldarrikapen kulturala da, Iruñeko herri kultura aldarrikatzeko eta iruindarrek ikusteko zer-nolako indarra duen hemengo herri kulturak. Bihar, 12:00etan, Sarasatetik abiatuko dira lau kalejira. Horietako bakoitza plaza batera joango da: San Frantziskora, Udaletxekora, Gaztelukora eta Navarreriara. Leku horietako bakoitzean, ordu betez, ekitaldi kulturalak izango dira, eta, 14:00etan, Sarasatera itzuliko gara denok, han manifestua irakurtzeko.

Zergatik sortu duzue aldarrikapen hori?

Iaz, Gora Iruñeak Aurten bai kanpaina egin zuen. Horren helburua sanferminetako jaigunea lortzea zen. Aurten, hasiak gara jaigunea antolatzen. Baina berebiziko garrantzia eman nahi genion Iruñeko kulturari. Horregatik idatziko dugu Iruñea biziz manifestua, eta bihar aldarrikapen eguna izango dugu.

Zein arazo dituzue kultura eragileek?

Kultura eragileek udalarekin dituzten hitzarmenak gero eta murritzagoak dira. Adibidez, dantza taldeek urtero hainbat emanaldi egiten dituzte udalarekin batera. Baina udalak gero eta emanaldi gutxiago antolatzen ditu, eta emanaldi horiengatik jasotzen den diru kopurua gero eta urriagoa da.

Horrez gain, edozertarako eskatzen dituen baldintzak gero eta gogorragoak dira. Auzoetako jai batzordeek jaiak antolatzeko izugarrizko tasak ordaindu behar izaten dituzte, isunak ere bai, eta, gainera, beti izaten dituzte hamaika traba.

Beraz, zer eskatzen diozue udalari?

Iruñea biziz manifestua idatzi dugu, eta hor hiru aldarrikapen egiten ditugu. Hasteko, udalari eskatzen diogu kultura taldeekin emanaldi gehiago antolatzeko eta emanaldi horiengatik ematen dituen diru laguntzak handitzeko. Horrekin batera, udalari kultura plan eraginkorra egiteko eskatzen diogu. Bukatzeko, herri mugimenduei jartzen dizkien trabak bertan behera uztea nahi dugu.

Zer gertatu da udalaren kultura planarekin?

UPNk agindu zuen kultura plana egingo zuela. Dirutza inbertitu zuten horretan, baina, azkenean, ez dute planik egin. UPNk jakingo du zer egin duen, baina 700.000 euro gastatu dituzte existitzen ez den kultura plan bat egiteko.

Zein traba ditu herri mugimenduak?

Adibidez, baimenak eskatzeko orduan, oso baldintza gogorrak jartzen dituzte. Horrez gain, baimena eskatu ostean, ez dute erantzuten eguna heldu baino bi egun lehenago. Tarte horrekin, ezinezkoa da plana aldatzea. Berandu erantzuten dute, eta hor konpon egiten denarekin. Hori bai, gero isunak jartzen dituzte. Jai batzorde gehienek isunentzako atala dute euren aurrekontuetan. Hainbatetan, gainera, isunek ez dute batere zentzurik.

Zergatik du politika hori Iruñeko Udalak?

UPNk euskal usaina duen edozer baztertu egiten du. Nik uste dut UPNk beldur diola herritarren hitzari eta parte hartzeari. UPNk bere jai eredua baino ez du nahi, oso itxia eta baztertzailea.

Zein da UPNren jai eredua?

Urtero ikusten duguna. Adibide garbia Nafarroako Foruen plaza da. Udalak enpresa bati ematen dio plaza, eta eskuak garbitzen ditu. Lehenago, Runako parkean ere enpresak sartzen ziren. Hori egiten dute; sanferminak pribatizatzen dituzte, eta enpresei guneak ematen dizkiete, eurek kudeatzeko. Udalarentzat, dena da negozioa; beldur dira negoziorik gabe gelditzeko Gora Iruñea bezalako plataforma batek indarra hartuz gero.

Baina udalarekin harremana duzue, ezta?

Bai, badugu. Askotan biltzen gara haiekin, hala nola sanferminak antolatzeko. Iaz, hainbat alditan bildu ginen. Aurten, Gora Iruñea oso gogor ari da eraso sexisten aurkako planarekin, eta horretarako ari gara udalarekin hitz egiten. Gero, haren esku dago gurekin batera lan egin ala ez. Ikusi beharko dugu nola aurre egiten dien sanferminetan gertatzen diren erasoei.

Martxoaren 28an, sanferminetako jaiguneagatik ezarri dizkizueten tasak salatu zenituzten. Zer gertatu da?

Lehen, jaietarako gune bat hartuz gero, metro koadro bakoitzeko diru kopuru jakin bat ordaindu behar zen. Barra jarriz gero, barraren neurriak hartzen zituzten, eta barrako metro koadroak askoz ere garestiagoak ziren. Hori auzoko jai guztietan egin dute. Guk, erreferentzia hori izanda, kalkulatu genuen jaiguneagatik 8.000 euroren tasak kobratuko zizkigutela. Baina, horren ordez, 26.500 euroren tasak ordaindu ditugu. Orain jakin dugu 2013ko urtarrilean UPNk tasen legea aldatu zuela, eta gune osoan barra egongo balitz bezala kobratzen dute. UPNk lege hori ez du aplikatu auzoko jaietan, baina idatzia dago. Guk uste dugu lege hori Gora Iruñea ekonomikoki itotzeko egin dutela.

Urrundik ekarritako ura »

Urpean urte luzez gordeta egondako altxor baten gisara ireki zuten Kontratazio Mahaiko kideek, iragan astean, Nafarroako ubidearen inguruko erabakia jasotzen zuen kutxa. Izan ere, bertan zegoen jasoa zein enpresa arduratuko den lehenengo fasea hedatzeko lanak egiteaz. Eraikuntza sektorearen krisia dela eta, enpresa askorentzat hil edo bizikoa zen lan horiek egiteko ardura eskuratzea; hala ere, OHL eta Agbar enpresek erdietsi dute lehen postua lehiaketan —Agbarren akzioen %25 Caixabankenak dira—. Proiektuak helburu du, besteak beste, Artaxoa eta Lerin arteko 21,3 kilometroko ubidearen adarra eraikitzea da. Orotara, Itoitzen bildutako urak ia 120 kilometro egingo ditu 2018. urtetik aurrera, behin ubidearen lehen fasearen hedapena amaituta.

Aurreikusitakoa betez gero, azaroan hasiko dira Itoizko urtegiko ura Lerineraino eramango duen ubidea eraikitzeko lanak. Oraingoz, 98 kilometro daude eraikita. Itoizko urtegia eta Pitillas lotzen dituena, alegia. Ubidearen lehenengo fasea deituriko horren bidez, ureztatze eremuan dauden 22.363 hektarea soro eta baratzetara iristen da Pirinioetako ura. Hedapena egiten denean, ubidearen bigarren fasea soilik egongo da egiteke, Pitillas Ablitasekin lotzen duena, hain justu.

Lehenengo fasearen hedapena azken urteetan Nafarroan egin den azpiegiturarik garrantzitsuena izango da. Ubidearen hedapena eraikitzeko proiektuaren aurrekontua 147,5 milioi eurokoa da, baina egiazko kostua nabarmen handiagoa izango da, 30 urteko epean finantzatuko delako. Izan ere, azpiegitura berez itzalpeko bidesari sistemaren bidez finantzatuko da. Horrek esan nahi du ubidea hedatzeko lanak egiteko dirua aurreratuko diotela enpresek Nafarroako Gobernuari. Baina, ondoren, eraikuntzagatik zein ustiapenagatik kanon bat ordaindu beharko dio administrazioak urtero enpresari.

Lehiaketa ebatzi aurretik, Nafarroako Gobernuak kalkulatu zuen 592 milioi eurokoa izango zela azpiegituraren 30 urterako finantzaketa kostu osoa. Dena den, lehiaketa irabazi duten enpresek, OHL eta Agbarrek, eskaintza hobea egin dute, eta euren eskaintzan %33 jaitsi dute kanonaren prezioa. Horregatik murriztu dira finantzaketa gastuak 592 milioi eurotik 394 milioira. Etorkizunean ikusi beharko da aurreikuspen hori betetzen den edo faktura hori handiagoa den.

Izan ere, ubidearen lehen fasean eraikitzeko lanen faktura espero baino handiagoa izan zen. 2011ko martxoan amaitu ziren, eta 467 milioi euroko kostua izan zuten —aurreikusitakoa baino 21,5 milioi euro gehiago—. Horri hurrengo 30 urteetako ustiapen kostuak eta interesak erantsita, 600 milioi eurotik gorako kostua da.

Dena den, administrazioak argi utzi duenez, finantzaketa modu hori da ubidearen lehenengo fasearen hedapena eraikitzeko modu bakarra. Izan ere, itzalpeko bidesariari esker, lanen kostua ez da zenbatzen Nafarroako Gobernuaren defizit eta zor publiko gisa. Modu horretan egin ezean, ezinezkoa litzateke hedapena eraikitzea, Nafarroak Egonkortasunaren eta Hazkundearen Europako Hitzarmena urratuko lukeelako.

Duela bi urte, Charo Brinquis Uraren Kultura Berria plataformako kideak Itoizko urtegiaren eta Nafarroako ubidearen eragin ekonomikoaren inguruko ikerketa egin zuten. Azaldu duenez, proiektuaren kostu osoaren %27 soilik berreskuratuko da azpiegiturak eragindako irabazien bidez. Beraz, datu hori aintzat hartuta, argi du proiektua ez dela inola ere “errentagarria”. Zergatia galdetuta, nekazariek ubideko ura erabiltzeko dituzten zalantzak eta arazo ekonomikoak aipatu ditu Brinquisek, hainbat zioren artean. “Ubidearekin lotutako ekonomia jarduera nagusia lurren ureztatzea da. Lehen fasea amaituta dagoen arren, nekazarien hamarretik hiruk bakarrik erabiltzen dute ubideko ura”.

Tradizioaren defentsa

Nekazariek ubideko ura euren lurretara eraman ahal izateko egin behar duten ahalegin ekonomiko handiaz ohartarazi du Consuelo Otxoa Ureztatze Tradizionalaren Aldeko Plataformako kideak. Ubidearen lehenengo fasearen hedapena amaitutakoan, Itoizko ura Lerineraino iritsiko da. Bertakoa da Otxoa. “Ubidearen proiektua inposatu nahi digute, eta nekazaritzaren errentagarritasuna ez du urak ematen, hori argi dago”, salatu du.

Herriko nekazariek lurrak ureztatzeko sistema propioa dute. Dena den, urteak pasatu ahala sistema hori matxuratzen joan da. Jakinarazi duenez, administrazioak ez du ureztatze tradizionala konpontzeko diru laguntzarik eman, eta horregatik dago sistema horren egoera “txarrean”. Gainera, ubideak lursailen antolamendua eraldaraziko duela irizten dio Otxoak: “Inguruko lurrak minifundioak dira, eta ez dugu latifundiorik nahi, nekazari gehienek ekoizpen txikia dutelako”.

Antzinakoa da Miranda Argako ureztatze sistema ere. Lehen erreferentzia 1300. urtekoa da. Ordutik apenas aldatu den Arga ibaiaren ibarretan dauden soro eta baratzeak ureztatzeko modua. Azucena Garmendia Miranda Argako nekazaria da. Arga ibaiaren ertzean 1.5 hektarea inguruko lursaila dauka. Baratze txiki bat eta ehun fruta arbola inguru ditu. “Hamabost urte dira hona iritsi ginela, eta argi dut ureztatze sistema berriak nekazari txikiei kalte egingo diela”. Gainera, aitortu du ubidea egiteko proiektuari ez diola zentzurik topatzen.

Horrez gain, Itoizko ura garestia izango dela uste du. Gaur egun, Miranda Argako nekazari bakoitzak hamabi euro ordaintzen ditu lurrak Argako urarekin ureztatzeagatik. Itoizko ura askoz ere garestiagoa izango dela salatu du Garmendiak. Izan ere, ubideko ura jasotzeko eskubidea erdiesteko, 954,53 euro ordaindu beharko ditu nekazari bakoitzak hektareako. Horrez gain, beste 4.356 euro ordaindu beharko dute hektarea bakoitzeko, lursailean ureztatzeko sistema jartzeagatik. Ondorioz, kontuan hartuta ureztatzeko lursailek gutxienez bost hektarea izan behar dituztela, nekazariek egin beharreko gutxieneko inbertsioa 26.500 eurokoa izango da.

Hain justu, joan den irailean proiektuaren aurka aurkeztutako helegiteetako batean baratze txikiak desagertzeko arriskuaz ohartarazi zuen herritar batek. Hala ere, Nafarroako Gobernuak errealitate hori ukatu egin du, “lurrak era egokienean batuko direlako”. Dena den, ubidearen aurka daudenek tesi hori gezurtatu egin dute, eta datozen asteetan azpiegituraren aurkako bilera, elkarretaratze eta manifestazioak egiteko asmoa azaldu dute.

‘Mediku eskualduna nahi dut’ kanpainak 65 eskaera jaso ditu hilabetean »

Baztanen sei mediku daude, eta biri eskatzen zaie elebidunak izatea. Erizainak, berriz, zortzi dira, eta bik baino ez dute bete behar hizkuntza eskakizuna. Bi administrariei dagokienez, batek izan behar du euskalduna. Pediatrak, ordea, ez du euskalduna izan behar. Urtarril bukaeran, Baztango euskalgintzak eta Baztango Udalak martxan jarri zuten Mediku eskualduna nahi dut kanpaina. Horren helburua da herritarrek osasun zerbitzu publikoa euskaraz jasotzeko legez aitorturik duten eskubidea bermatzea. Bailara osoan esku orriak banatzeaz gain, Irurita eta Elizondoko osasun etxeetan mediku euskaldunen aldeko eskariak biltzeko kutxak jarri zituzten lau astez, eta 65 eskaera bildu dituzte.

Martxoaren 21ean, kanpainaren lehen zatiaren balorazioa egin zuten bailarako euskalgintzak eta udalak. Eskaera kopuru handia jaso dutela esan zuten, eta horrek herritarren hizkuntza eta osasun eskubideetan gabezia handia dagoela adierazten duela. “Herritarrak hautatu hizkuntzan komunikatu ezin izatea osasun zerbitzuari zuzen-zuzenean eragiten dion kontua da. Hizkuntza eskubideen urraketak osasun zerbitzu ona jasotzeko eskubidea ere urratzen du”, adierazi zuen Maitane Maritorenak, Baztango Udaleko Euskara eta Kultura zinegotziak.

Jasotako eskariei buruz, Maritorenak esan zuen familia medikua eta pediatra ez ezik ginekologia zerbitzua eta osasun zerbitzu oro euskaraz izateko eskariak jaso dituztela. Hori kontuan izanda, Maritorenak Baztango herritarrak eskariak era formalean egitera animatu ditu, “osasun etxean aurkeztuz eta han behar bezala zigilatuz”.

Jon Abril Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko Zuzendaritza Batzordeko kideak oroitarazi zuen 18/1986 Euskararen Foru Legearen arabera Baztan “eremu euskaldunean” dagoela. “Herritarrei administrazio publikoekin harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea aitortzen zaie. Legeak herritarrei aitortzen dizkien eskubide horiek, ordea, gobernuak berak ez ditu errespetatzen”. Ondorioz, Nafarroako egoera “oso kezkagarritzat” jo zuen; izan ere, Uemako kide diren hamalau udalerrietako bakar batek ere ez du bitartekorik osasun zerbitzua oso-osorik euskaraz emateko. Abrilek bereziki larritzat jo du pediatren egoera; izan ere, Uemako herrietan zazpi pediatrak lan egiten dute, eta lauk ez dakite euskaraz: “Haurren ia %100 euskaldunak diren eremuan, pediatren %71k ez dute ezagutzen haurrek egunero darabilten hizkuntza”.

Garbiñe Elizegi Baztango alkateak udalak kanpainarekin duen konpromisoa berretsi zuen. Helburu hori betetzeko, Elizegik hau adierazi zuen: “Baztango Udalak Elizondoko Oinarrizko Osasun arloko zuzendaritzari elkarlanean aritzeko proposamena egin dio, eta erantzunaren zain gaude”. Bukatzeko, alkateak jakitera eman zuen Nafarroako Gobernura eta Parlamentura joko duela Mediku eskualduna nahi dut kanpaina egiten ari diren beste udalekin batera. “Herritarrek osasun zerbitzu publikoa euskaraz hartzeko duten eskubidea bermatzeko”.

Lehoiez eta saiez »

Martxoaren 15ean, Iruñeko Katakrak liburu-dendan aurkeztu zuen Sabino Cuadrak Arrojado a los leones liburua. Izenburu esanguratsua duen eta ezin esanguratsuagoa duen argazkiaz lagunduriko azalean tente agertzen zaigu politikari nafarra Daoiz?, edo Velarde? izena duen brontzezko lehoiaren begirada arranditsuaren begiradapean.

246 orrialdeetan, Cuadrak, gladiadorea balitz bezala, zirkutzat daukan Madrilgo Legebiltzarrean bizi izandakoak kontatzen dizkigu estilo garbi, arin eta, zenbaitetan, umoretsuz; erretiratu berria zela Madrilera joateko proposamena egin ziotenetik gaur egun arte, hain zuzen ere, inola ere plaza horretara (lehoiek zanpa-zanpa jan nintzaten) bueltatuko ez litzatekeela dioenera arte. Zirku hartako esanahi hutsalez eta gezurrez beteriko hitzaldiak salatzeaz gain, helburu xume batek bultzatu zuen liburua idaztera, alegia, herritar guztiok mundu desberdin bat eraikitzen ahalegindu gaitezen bultzatzeko helburua.

Madrilgo Legebiltzarreko paretek janzten dituzten margolan elizkoi eta monarkikoak eta diputatuen absentismoa eta tabernarako bueltak deskribatzetik, dotore jantzitako legebiltzarkideen edukazio onak saihesten eta galarazten ez duen ezin justifika daitezkeen pribilegioetara, Cuadra zorrotza da. Eta Cuadra oso kritikoa da legebiltzar aldia hasieran bertan Amaiurrekoei ez zietelako taldea osatzen utzi, nahiz diputatu-kopuruak hori baimendu; noiznahi gutxietsi egiten dituztelako; hedabideek ere boikot egiten dietelako. Aldiz, esker onekoa da herritarrekin eta sare sozialekin emandako tratu onarengatik, hemen zein Madrilen. Lehoiak babesten dituzten segurtasun-indarrak salatzen ditu, eta lehoien ustelkeria, eta lehoien instituzioen lotsagabekeria, eta lehoiek mantentzen duten egiturazko sistema, eta lehoien justizia-klasea, eta… lehoien fartsa demokratikoa.

Hiru egun aurretik, martxoaren 12an, Altsasuko Iortia kultur etxean Greta Alfarok, Bego Antonek, Naia del Castillok eta Cristina Lucasek estreinatu zuten Saiak, elfoak, mariorratzak, gizonak eta emakumeak erakusketa. Bertan bideo hau ikus daiteke: Almendrondoz inguraturiko soro baten erdian, mahai luze bat. Mahai-zapi zuria. Zortzi aulki. Platerak, kopak. Ardo-botilak. Mahai erdian, haragi errea. Jatordua. Halako batean, sai tzar bat. Segidan, beste bat. Ondoren, beste batzuk. Putre-saldoa. Haragi-usaina erakargarriegia da. Ausartenak salto egin du mahaira. Ondoren, zalantzati, beste batzuek. Mahaia estalirik dute hegaztien hegal erraldoiek. Hotsak. Hots ozenak. Hegaztienak eta plater hautsienak. Aulkiak lurrera. Botila-ardoak ere bai. Putreek alfonbra lumaduna osatzen dute. Soroa saiez josita dago. Hondarrak banatuko dira gero. Inpaktu handiko bideoa da artista gazte horiek erakusten dutena.

Artistek fikzioa eta errealitatea elkarri lotuta daudela adierazi nahi digute erakusgai dauden obren bitartez, batzuetan animaliek gizakion tokia hartzen dutela edo alderantziz.

Nork hartzen du noren tokia saien banketean? El banquete datorkit burura: Kontuz kontsumitzaileen elkarte-kide diren Alberto Gil, Aritz Intxusta eta Patxi Zamoraren liburua, urtebeteko ikerketaren emaitza. Testigantza. Eskandalua. Nafarroako lehoien neurri gabeko antsia.

Cuadrak ere salatu zuen Madrilgo Legebiltzarrean CANen inguruko Nafarroako begi bistako ustelkeria, Espainiako lehoien babespeko Nafarroako lehoikumeen ustelkeria.

Ustelkeriaren lehen herria »

Iaz, Nafarroako egunkarietako azalak bete zituen Eguesibarrek. Arrazoia: ustelkeriak hartua zuen udala. Jose Andia UPNko alkateak Catalunya Caixako lehentasunezko akzioak erosi zituen diru publikoa erabilita. Osotara, 100.000 euro gastatu zituen. Hori…

Gobernu krisiaren aztarnak »

Hilabete frenetikoak izan dira politika orokorrean, UPNren gobernua kili-kolo jartzeraino: Yolanda Barcinaren taldeak jarraituko du, ordea, itxura guztien arabera —hauteskundeak aurreratzeko eskatzeko epea hortxe da: martxoaren 31—. Aztarna sakona utzi dute, bai, Kontuz elkarteak salatutako CAN auziko ustelkeria kasuak eta Ogasuneko kontseilari eta presidenteorde Lourdes Goikoetxearen ustezko delituen zapriztinak. Baina arazoek izan al dute eraginik goi politikaz gaindi? Krisia iritsi al da herrietako udaletara ere? Zenbait udalerriren egoera aztertu nahi izan du Nafarroako Hitza-k. Horretarako, hiru herri aukeratu ditu, bertako egoera politikoa eta herri bakoitzaren pisu politikoa kontuan hartuta: Tuterako, Iruñeko eta Tafallako udalak.

Iruñea

Nafarroako Gobernuaren isla

Ezegonkorra da Iruñeko Udalaren kudeaketa, eta “asko” antzeman dira gobernuaren gorabeherak. NaBaiko zinegotzi Aitor Lakastak azaldu du: “Instituzio ezberdinak dira, baina eragina nabarmena da”. Hiriburuan, UPNk 11 zinegotzi dauzka, NaBaik bost, PSNk hiru, beste hiru Bilduk, bi PPk, beste bi Aralarrek eta bat Ezkerrak. Gehiengoa dute erregionalistek, baina ez osoa; beraz, beste taldeen babesa behar dute maiz.

Lakastak egoeraren irakurketa orokorra egin du. Dioenez, PSN ahulduta dago udaleko taldean ere. Eta UPNk aukera baliatzen du. “UPNk orain aurkeztu ditu osoko bilkuran bizikidetzarako kaltegarriak diren hainbat mozio”. Desegonkortasuna baliatzea egozten dio Lakastak. Baina PSNren jarrera ere ez du hobeki ikusten. “PSN Iruñeko Udalean UPNren oposizioa izaten saiatzen da. Dena den, ezin dugu ahantzi PSNri esker dela Maia alkate”. Hala, kritiko egiten du solas. Udalean gauzak aldatu behar direla iruditzen zaio, baita gobernuan ere, “alternatibek” indarrak batu behar dituztela, baina zehaztapen batekin: “PSN jada desaktibatuta dago alternatiba bezala”.

Ezkerrako zinegotzi Edurne Eginorentzat ere gobernuaren egoerak udalekoa mugatu du. Nolanahi ere, baikor ikusten du oposizioko taldeen jarduna: “Orain, sinergia handiagoa dago oposizioko taldeen artean, UPNren eta PPren artean baino”. UPNk eserleku asko dauzka, baina bidelagun gutxi. Hasieran, errazagoa izan zuen: “PSNk txeke zuria eman zion”. Orain, baina, “bakartuago” dago. Hala ere, oposizioa batuta dagoen arren, egiturazko aldaketa beharrezkotzat jo du: “Hauteskundeak behar dira”. Iruñeko UPNk eta PSNk zer pentsatzen duten jakiteko modurik, berriz, ez da izan: mututasunarekin erantzun diete Hitza-k egindako deiei.

Tutera

PSNko eta UPNko kritikoak

Tuteran eman dute beren iritzia UPNko eta PSNko ordezkariek: “Ez da batere nabaritu krisia, ez UPNren jarreretan, ezta PSNren jardunean ere”. Zorrotz mintzatu da PSNko kide eta Tuterako zinegotzi Manuel Campillo. Egoera orokorraren azterketa saihestuz, herriaz baino ez du hitz egin.

Egun, UPNk agintzen du Tuteran: 21 eserlekutatik zortzi betetzen dituzte haren zinegotziek; bost PSNkoek; beste lau Ezkerrakoek; eta geratzen diren laurak PPkoek. Agintea, beraz, erregionalisten esku dago, baina gehiengo osoaren faltan, PPren babesarekin egiten du aurrera. Campillok oposizioan ikusten du bere alderdia, orain artean bezalaxe.

PSNko kidearen ustearekin bat egiten du Ezkerrako zinegotzi Milagros Rubiok; “normal” dago herriko politika. Aldaketarik gabe, alegia. Rubiok argi dauka zergatik ez diren gauzak aldatu: “PSN oposizioaren parte da udalbatzan, beraz, ez lehen, ez orain, ez doa UPNren eskutik”. PSNren zenbait iritzirekin bat egiten ez badu ere, oro har oraindik ere egoera aldatzeko gaitasuna badagoela pentsatzen du. Hori dela eta, “batzeko” deia egin dio ezkerrari. “Guztien artean eraiki behar dira zubiak, PSN edo Bildu baztertu gabe”.

Luis Casado UPNko kidea da herriko alkatea. Rubiori iruditzen zaio Casadok ez duela “bide orria” aldatu. Aitzitik, bada desadostasunik udalean, baina ez alderdien artean, alderdi barruan baizik. UPNko “sektore kritikoko” kide da Casado, Rubioren irudiko. “Ez da Barcinaren aldekoa”. Horregatik, herrian, egunerokotasuna nahastu ez bada ere, hautsak harrotuta daudela antzematen da erregionalisten artean. Eta PSNn. Tuterako PSNko kideak ere zuzendaritza orokorrarekiko “kritikoak” direla dio Rubiok.

UPNko zinegotzi Joaquim Torrentsek aitortu du “garai zailak” pasatzen ari dela alderdia, baina ez du barne tentsioen inguruan hitz egin nahi izan. Esan du Tuterako Udalean ez dela nabaritu gobernuaren afera: “Herri txiki batean eragina ez da hainbestekoa”.

Tafalla

Herri baten normaltasuna

“Ez da ezer nabaritu; denak jarraitzen du berdin-berdin”, taldeen arteko harremanak ere bai. Argi esan du Bilduko zinegotzi Pedro Peraltak. “Lehengo lepotik burua”. Tafallan, UPNk dauka gehiengoa: hamazazpi ordezkarietatik zazpi dauzka —Hitza-k ez du lortu haiekin hitz egiterik—. Bildu da bigarren indarra, seirekin; PSNk hiru dauzka —Amanda Acedo haien idazkari nagusiak argi eta garbi hitz egin zion BERRIAri elkarrizketa batean PSNren jarduna errotik eta behetik konpondu behar zela esanez—; eta Iniciativa por Tafallak, bat. Peraltak argitu du “orain arte bezala” ari direla lanean alderdiak.

Dioenez, PSNko korronte “kritikoenaren parte” dira Tafallako zinegotziak, eta, beraz, errazagoa da haiekin batera lan egitea. Bestalde, aurretik ere nahiko adostasun izan dute taldeek elkarrekin. Horren adierazgarri da, adibidez, UPNren aurrekontuek Bilduren abstentzioari esker aurrera egin izana. Zeresana eman zuen gaiak hedabideetan; izan ere, erregionalisten eta abertzaleen arteko hartu-emanaren ondorio izan zen. Haatik, justu kontrako irakurketa egiten dute herriko alderdiek; euren aburuz, “normaltasunaren” adibide da.

Euskaldunei ahoa ez ixteko »

Eskasa. Bidegabea. Itxuragabea”. Hala definitzen dute Nafarroako euskalgintzako hainbat eragilek Nafarroako Gobernuak garatzen duen hizkuntza politika. Euskararen kontrako erasoak ahalbidetzen dituela diote. Eta “arrotz” gisa tratatzen dituela nafar euskal hiztunak. Horregatik, mobilizatzeko premia sentitu dute. Biharko, larunbatarekin, manifestaziora deitu dute, 17:30ean, Iruñeko Antoniutti parketik abiatuta. Zonifikazioa egitea, D eredua “kakazten ahalegintzea”, ETB sare digitalean ikustea debekatzea, euskaltegiak diru laguntzarik gabe “itotzea”, eremu euskaldunetako udalerrietan zerbitzuak euskaraz ez ematea… Diotenez, asko dira protesta egiteko arrazoiak.

Eragileek ez ezik, euskalgintzaren inguruko norbanakoek ere iragarri dute mobilizazioa. Nafarroako Hitza-k deitzaileetako zortzi elkarrizketatu ditu, hiru galderaren bidez nork bere esparrutik azal dezan zein den euskararen egoera.

ANGEL ERRO

Idazlea

“Idazketan nahi luketen luma gazteak bide gabe utzi ditu hizkuntza politikak”

1. Ongi edo oso ongi, kontuan hartzen badugu Nafarroako Gobernuak aurrera daraman hizkuntzaren politikak nabarmenki herrialdearen hizkuntzetako baten kontra jardutea bada. Alde horretatik, aitortu behar zaio ezin hobeki ari dela. Beste kontu bat da herrialdearen hizkuntzetako baten kontra nabarmenki aritzea etikoa ote den. Eta argi eta garbi, jarrera onartezina da.

2. Literaturan jardunda, nago euskararen aurkako edozein politikak eragiten duela. Baina, zuzenean, aldizkari eta prentsa eta oro har euskarazko hedabideei kendu zaien oxigenoak, hala nola zuzenean sorkuntzari eta argitaletxeei laguntzarik ez bideratzeak, idazketan nahi luketen luma gazteago eta berriak bide gabe utzi ditu.

3. Argi dago UPNren gobernua agintean dagoen bitartean ez dagoela zer eginik. Inoiz ez da zer eginik egon, baina gero eta argiago dago euskararen atzerakada beste gobernu batek geldiarazi beharko duela —atzerakada hasi da; izan ere, aurten euskal ereduen matrikulazioa jaitsi da—. Beste kontu bat da nola ekin beharko dion balizko gobernu berriak galdutako eskubideen berreskurapenari, galeraren erritmo geldo eta tai gabean, edo behin betiko.

HELIOS DEL SANTO

AEK

“Euskaltegien diru laguntzak erdira murriztu dituzte azken hamarkadan”

1. Babes juridikoa, zonifikazioa eta Euskararen Legea ikusita, eskasa da. Guztiz desegokia da, ezaguna, historikoa, eta arazo kroniko bat bihurtu dena. Euskalgintzatik aztertzen dugunean, argi dugu babes juridikoa ez dela nahikoa Nafarroan. Berezko hizkuntza ez da ofiziala hainbat eremutan, hiru zonifikazio existitzen dira…

Jardun politikoa aztertuko bagenu, ez da gai izan desegokia den Euskararen Legea bere horretan garatzeko ere. Berezko hizkuntzaren garapenaren kontra aritzen den jardun politikoa ezagutu dugu hamarkadatan.

Aurrekontuei dagokienez, krisiaren garaian, ederki baliatu dute aitzakia, baina oparotasun garaietan ere, duela sei-zazpi urte, aurrekontuak handitzen zirenean ere, murrizketak egiten ziren euskararen arloan.

2. Berrogei urte daramatzagu herritar helduei euskaraz ikasteko eskubidea bermatzen. Euskararen legeak jasotzen du bigarren artikuluan erabiltzeko eta ezagutzeko eskubidea. Gu hori bermatzen aritzen gara. Izan ere, murritza da administrazioaren apustua helduen euskalduntzean. Horri aurre eginez, ezinbesteko ekarpena egin dute IKAko zein AEK-ko euskaltegiek: 70 bat auzo eta herritan ari gara lanean, eta milaka lagun pasa dira gure klaseetatik.

Baina gobernuaren aldetik ez dago inolako planifikaziorik. Ez dago administrazioaren eta euskaltegien arteko hartu-emanik, ez mahairik, ez plangintzarik. Sustapenaren aldetik hutsaren hurrengoa da. Diru laguntzak azken hamarkadan erdira murriztu dituzte, eta azken bi urteetan beste %40. Gainera, 2013an eta 2014an aurrekontuetan kopuru bat egonda ere, ez digute oraindik eman.

3. Euskal komunitateak eusten dio eguneroko jardunari, eta hori azpimarratu behar da. Milaka lagunek jotzen dute euskaltegietara euskara ikasi nahian, euskarazko kultur sorkuntza eta aisialdia hor daude… Hori bada zerbait.

Hala ere, argi dago Nafarroan bestelako hizkuntza politika behar dela. Gobernu honen eraso zerrenda amaigabeari amaiera emateko eta hizkuntza politika eraginkorra garatzeko. Aldaketa politikoa egonda ere, euskarak behar du hizkuntza politika berria, planifikatua, helburuekin, aurrekontuekin… herri gogoa elikatuko duena.

AIORA EPELDE

Sortzen

“D ereduko ikastetxeak diren espazio berezi horiek galtzeko arriskua daukagu”

1. Euskara txikitzeko estrategia bat da. Eraso egiteko garatu dute. Adibide asko jar ditzakegu: zonifikazioa: horren arabera, Nafarroako herritar askori euskaraz bizitzeko eskubidea kendu egiten diete, eta gainontzeko eremuetan ere ez dute ziurtatzen; helduen alfabetatzean dabiltzanei diru laguntzak kendu dizkiete; euskal hedabideak ere gaizki daude… Oztopo latzak jartzen dizkigute.

2. Euskarazko irakaskuntzari dagokionez, kontra egiteko prestasuna dauka gobernuak. Hor kokatu behar dugu abenduan D ereduko irakasleen kontra Guardia Zibilak zabaldutako txostena.

Bestalde, Izquierda-Ezkerrak mozio bat aurkeztu zuen ikastetxeetan eredu guztiak partekatzeko. Onartu zen, eta UPN oso pozik dago. Bat-batean, orain, ikastetxe batean nahas ditzakete A eredua, B eredua, ingelesezkoa.. D ereduko ikastetxeak diren espazio berezi horiek galtzeko arriskua daukagu.

3. Herritarren mobilizazioa da inportanteena. Eskubideak ziurtatu behar ditugu. Euskalgintza osoari dagokio proiektu zehatz batzuk martxan jartzea, mezu baikor batekin. Hala, urratsak egiten jarraituko dugu normalizazioaren bidean.

JULIO SOTO

Bertsolaria

“Nafarroako Bertsozale Elkartea ataka larrian dago; diru laguntzak urriak dira”

1. Garbi ikusten da euskararen kontrako erasoa dela. Euskararen erabilerari kalte egiteko egin dute.

2. Batetik, udaletxeek aurrekontu urria jasotzen dute euskara sustatzeko; beraz, bertso saioetarako ere diru gutxi eman dezakete. Bestalde, Nafarroako Bertsozale Elkartea ataka larrian dago; jasotzen dituen diru laguntzak geroz eta urriagoak dira, eta aurreko urteari dagozkion laguntza batzuk oraindik jasotzeko zain dago. Eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak daukan proiektua interesgarria eta beharrezkoa da gurean euskara sustatzeko.

3. Lehendabiziko pausoa da kalean presioa egitea. Alegia, Nafarroako Gobernuari politikak eta jarrerak debalde atera zaizkio. Baina, orain, sektore batzuek aurre egiten diote. Era berean, gobernu aldaketa ere ezinbestekoa da.

IÑAKI LASA

Euskararen Gizarte Eragileen Kontseilua

“Euskara galaraztea da hizkuntza politikaren xedea”

1. Hizkuntza bat biziberritzeko behar diren baldintza guztien kontra jotzen du. Hezkuntza alorrean, D eredua ahultzeko politika du. Euskalduntze alfabetatzean, itotze ekonomikoaren politika aplikatzen du.

Azken 30 urteetan, ez da egon administrazioa euskalduntzeko inongo plangintzarik. Euskararen normalizazioa eragozten du; euskara galaraztea da politika horren xedea.

2. Kontseiluak hizkuntza normalizazioa sustatu nahi du. Gobernuak, baina, oso hizkuntza politika irmoa du. Oso garbi ditu bere helburuak. Argi du hizkuntza hau ez duela normalizatzen utzi nahi.

3. Hizkuntzaren gatazkak botere gatazkak dira. Boterea baldin baduzu, normalizazioaren bidean jartzen duzu, eta aurrera egiteko aukera duzu. Baina, instituzioez gain, gutariko bakoitzak dauzka botere guneak nork bere bizitzan. Adibide bat jartzearren, D eredua hautatu duten guraso guztiek, haiek ere euskararen aldeko apustua egingo balute… Nafarroako Gobernuak egin dezake nahi duen hizkuntza politika, baina guk emango genukeen aurrerapausoa… ikaragarria izango litzateke!

Horrez gain, hemen beharko genukeena da hizkuntza politikaren aldaketa, eta gobernua ez bada aldatzen, ezinezkoa da. UPNrekin ez dago zereginik. Eta hizkuntza axola bazaigu, maite badugu, horren kontziente izan behar dugu. Mezu positiboa da deus ez dagoela galduta. UPNk hizkuntza politika zital hori abian badu ere guk ere baditugula gure botere guneak. Badugu istorio honi buelta emateko aukera!

GARBIÑE PETRIATI

Hizkuntz Eskubideen Behatokia

“Zerbitzu publikoetan sumatu dute hizkuntz eskubideen urraketa herritarrek”

1. Euskaldunon eta euskararen presentzia desagertzeko politika izan da, gu ikusezin bihurtzeko. Euskararen Legea bera murritza da, baina Nafarroako Gobernuak lege horren are irakurketa mugatuagoa egiten du.

2. Guk hizkuntza eskubideen urraketen harira lan egiten dugu. Zerbitzu publikoetan sumatu dute urraketa herritarrek. Hezkuntzan, adibidez, agerikoa izan da eremu ez-euskaldunean herritarrek duten egoera. Osasun arloan, profesional erdaldunak eraman dituzte eremu euskaldunetara. Administrazioaren politika erdalduna da. Erdara hutsean daude kartelak, panfletoak… Begi bistatik kendu nahi gaituzte euskaldunok.

3. Ezinbestekoa da nafar guztioi hizkuntza eskubide berberak aitortzea. Eskubide horiek onartuta, errealitate bihurtzeko neurriak eta baliabideak eskaini beharko dituzte.

Gauzak beltz badaude ere, jendeak egiten du ahalegina. Herritar asko saiatzen da joaten den tokira joaten dela euskaraz eskatzen.

GORKA IRIARTE

Euskal Herrian Euskaraz

“Nafarroako euskalgintzak indar berezia dauka, baina jasanezina da itolarria”

1. Euskararen normalizazioarekin eta euskaraz bizitzearen aldeko urratsekin amaitzea da hizkuntza politikoaren helburua. Kaxkarra da. Egoera larria da. Jasanezina da, itotze larrian utzi nahi gaituelako euskalgintzako eragileak, eta euskararen aldeko mugimendua, orokorrean. Mesede gutxi egiten digu, eta gainera, oldarkorra da.

2. Guri Euskal Herrian Euskaraz eragile autogestionatu bat izanda, ez digu eragiten. Dena den, egia da normalizazioaren bidean dirua behar dela.

Diru laguntzen beharra dago. Nafarroako euskalgintzak indar berezia dauka, egoerak bultzatuta, baina jasanezina da itolarria. Bai euskalduntzearen eremuan, baita hezkuntzan ere. Hedabideei dagokienez, EITBrena adibidez, ikusi ezin izatea… Eta hedabide txikiek ere ez dute irauteko beharko luketen diru apurra.

3. Euskalgintzaren borondatetik abiatu beharko genuke hasteko. Lanerako gogo izugarria dago, planteatzen diren erronkei erantzuteko. Orain dagokigun lana da euskaldunon aktibazioa bilatzea. Eta ez bakarrik erasoei begira, euskaraz bizitzeko dugun premiari begira baizik. Kontzientzia hori behar dugu. Areagotzea, hori indartzea dago oinarrian; hori egituratzeko gai bagara, hutsuneak konpontzeko indarrez gai izango gara. Eragile zein norbanakoetatik abiatuta.

Bestetik, gobernuan borondate politikoa behar da; kolore ezberdinetako alderdiak egonda ere, konpromisoa behar dugu.

JUAN KRUZ LAKASTA

Euskalerrria irratiko kazetaria

“Hizkuntza gutxituan ari den irratia izanda, diskriminazio positiboa egin behar ligukete”

1. Egiatia. Kontsekuentea. Garai batean zioten euskara maite zutela eta arazoa zela abertzaleek euskara politizatu egiten zutela. Aurelio Artetarekin-eta lema kolpea eman zuten, euskara baztertzailea zela esaten hasiz.

Ziaboga osoa amaituta, orain mozorroa kenduta ari dira euskararen aurka, lotsagabeki, euskarazko hedabideei zein euskaltegiei laguntza guztiak ukatuz, irakaskuntzan atzerapausoak emanez…

2. Euskalerria irratiaren kasuan, hizkuntza gutxituan ari den irratia izanda, diskriminazio positiboa egin beharko lukete gurekin, baina negatiboa egiten dute. Irrati erdaldunak baino baldintza kaskarragoetan ari gara, lizentziarik eta publizitate instituzionalik gabe. Kalte latza da hori. Baina denak du bere alde ona, baita horrek ere.

Nafarroako Gobernuaren erasoek nolabait ere indartu egin gaituzte: batetik, bestelako finantzabideak, publizitatea, bazkidetza lantzera bultzatu gaituztelako; eta, bestetik, irratia sostengatzen duen komunitatea bizkortzen eta trinkotzen dutelako.

3. Gobernu aldaketarik ez dagoen bitartean zaila izanen da. Hori horrela, egiten digutenekin kezkatu behar dugu, egiten digutenari erantzun behar diogu. Baina ezin ahantzi zer egin dezakegun guk. Maizegi objektu bezala ikusten dugu geure burua. Eta subjektu ere izan bagarela ahantzi egiten zaigu.

“AEBetan, lorategi estilo ugari dago; asko ikas daiteke han” »

“AEBetan, lorezain onenak japoniarrak eta euskaldunak ziren. Japoniarrak ziren finenak, eta euskaldunak beti ibiltzen ziren haiek imitatu nahian. Euskaldunak, berriz, oso langileak zirelako nabarmentzen ziren”, dio John Telletxea lorezainak (Berkeley,…

“Espainiako Poliziaren lana egiten ari da Udaltzaingoa” »

Simon Santamariak hamabost urte daramatza Iruñeko udaltzainburu. Urte horietan hainbat salaketa jaso ditu. Eta udalbatzak hura kargutik kentzeko eskatu du behin baino gehiagotan. Bere postuan dirau, ordea. Martxo hasieran jakin zenez, Iruñeko Udaltzainen Elkarte Profesionala sindikatuak haren aurka jarritako bi salaketa onartu ditu Nafarroako Probintzia Auzitegiko Maria Paz Benito epaileak, eta martxoaren 27an deklaratuko du zazpi deliturengatik: hala nola mehatxuak, indarkeria, botere gehiegikeria eta langileen eskubideen aurka eta biltzeko eskubidearen kontra aritzeagatik. Udaltzainak eta sindikatuko kideak dira Maite Santos (Iruñea, 1973) eta Unai Lerga (Barañain, 1975). Santosek jarritakoa da epaileak onartu dituen salaketetako bat, eta sindikatuko Nafarroako idazkari nagusia da Lerga. Euren aburuz, Santamariak hankaz gora jarri du Udatzaingoa, eta bere aginduak betetzen ez dituenak larrutik ordaintzen du. Santosek dio zazpi urte daramatzala lan jazarpena pairatzen.

Nola dago Iruñeko Udaltzaingoa?

MAITE SANTOS. Simon Santamariak hamabost urte daramatza udaltzainburu. Yolanda Barcinaren konfiantzazko pertsona da, eta Udaltzaingoa haren kortijo bihurtu du. Beldurraren legea inposatu du. Eskubideak zapaldu izanaren aurka ahotsa altxatzen saiatu denari diziplina txostenak ireki dizkio. Gero, fiskalaren aurrean salatu ditu. Erabateko zigorrak jasan dituzte hainbat udaltzainek, legez kontrakoak ziren aginduak zalantzan jartzeagatik.

Zein da Santamariaren lan egiteko modua?

M.S. Nik beti esan dut Santamaria oso azkarra dela. Bere burua zaindu du Udaltzaingo barruan eta kanpoan. Kanpoan, mesede asko egin dizkie hainbat fiskal, politikari eta epaileri. Jende askok mesedeak zor dizkio Santamariari. Barrura begira, taldea zatitu du. Sariak eman dizkie hainbati, berak sortutako postuekin. Goiko solairuan badakigu nortzuk dauden, baina ez dakigu zein lan egiten duten. Jende horrek ez du gurekin bat egingo. Kalean gaudenok, eta noizbait ezetz esan dugunok, legearen aurka doazen aginduak jaso ditugulako, zigorrak izan ditugu.

UNAI LERGA. Bi alde daude: batetik, men egiten dutenak; eta bestetik, ezetz esaten dugunok. Men egiten dutenak bakean uzten dituzte, gutxi batzuk izan ezik, gehienek ez dutelako inolako pribilegiorik jasotzen.

Ezetz esan dugunoi jazarri zaizkigu. Hamaika eraso pairatu ditugu, hala nola txostenak ireki dizkigute, eta egutegi eta unitateak etengabe aldatu.

Zer aldatu da Udaltzaingoan Santamariak zuzentzen duenetik?

U.L. Lan baldintzak okertu dira, erabat. Aurreko batean, Ignacio Polo Segurtasun zinegotziak esan zuen Santamaria gizon zintzoa dela, eta Polizia modernoa eratu duela. Kontrakoa da. Udaltzaingoa hankaz gora dago, hainbat unitatetan karguen %70 jardunekoak dira, hau da, Santamariak izendatutakoak. Horrez gain, Udaltzaingoaren unitaterik garrantzitsuena, trafiko unitatea, bertan behera utzi du. Udaltzaingoak duen eskuduntza garrantzitsuena trafikoa da. Baina, Iruñean, egun ez dago motorzale unitaterik. Nik uste dut Iruñea motorzale unitaterik gabeko hiriburu bakarra dela.

M.S. Motorzale unitatea bertan behera uztea Polo zinegotziaren egoskorkeria izan zen. Unitate horrek egiten zituelako alkohol proba eta dokumentazio kontrolak. Poloren semea taxilaria da. Halabeharrez, unitateak Poloren semea salatu zuen hainbat aldiz, besteak beste, drogen menpe gidatzeagatik.

Zenbait irregulartasun izan ziren, unitateak egiten zituen salaketekin. Orduan, poliziakideek egoera hori salatu zuten. Eta egun batetik bestera, unitatea bertan behera utzi zuten.

U.L. Komisario batek ere onartu zuen, motorzale unitatea desegin zutela, haren izaera aldarrikatzailearengatik.

Zer lan egin behar du Udaltzaingoak?

M.S. Legeak agintzen duena egin behar du. Lan handia egin dugu, legeak aitortzen dizkigun funtzioak bakarrik lantzeko. Baina Santamariak eskuduntza horiek gainditu nahi ditu. Ordena publikoko eskuduntzak eskuratu nahi ditu. Guk aurka egin dugu.

Azken urteetan, udaltzaingoak bere gain hartu ditu Espainiako Poliziak egin beharreko hainbat lan, besteak beste, gai politikoekin lotutako atxiloketak. Zer uste duzue?

M.S. Hortaz ari gara. Udaltzaingoak hurbileko polizia izan behar du. Segurtasun publikoa ere eduki behar dugu, baina gure eskuduntza nagusia trafikoa da.

Santamariak udaltzain talde bat bidali zuen ordena publikoko ikastaroa egitera, eta ez dugu gai horretan eskuduntzarik! Diru publikoa xahutzen ari dira, hainbat pertsona bete behar ez duten funtzioetan hezteko.

U.L. Espainiako Poliziaren lana egiten ari gara. Horregatik okertu da Udaltzaingoaren irudia.

Iruñeko Udaltzaingoak egin duen protesta ezagunena, esaterako, betaurreko zuriak janztea izan da. Nola sortu zen ideia hura?

M.S. Guk oso arautegi zorrotza dugu. Zuhur ibili behar genuen presio neurriak hartzeko orduan, Udaltzaingotik bota ahal gaituztelako. Beraz, arautegia berraztertu, eta ikusi genuen ez zuela ezer esaten betaurreko zuriak janzteari buruz. Bagenekien Santamaria haserretu egiten zuela udaltzainek betaurreko zuriak janzteak, behin poliziakide bati kentzeko agindu ziolako. Beraz, janztea erabaki genuen.

U.L. Santamaria militarra da, eta irudia asko zaintzen du. Betaurrekoak janztea erabaki genuen bagenekielako ezin zuela ezer egin.

M.S. Hala ere, sei diziplina txosten ireki zituzten. Guk Nafarroako Administrazio Auzitegira jo genuen, eta hark txostenak eskatu zizkion udalari. Orduan, udalak atzera egin zuen. Baina, handik gutxira, jakin genuen udalak poliziakide guztientzako betaurreko beltzak erosi zituela.

Yolanda Barcinak eta Enrique Maiak besteak beste, Santamariaren alde egin dute. Nola hartu dituzue euren hitzak?

M.S. Barcinaren hitzek mindu egin naute. Ez ordezkari sindikal edo salatzaile gisa, poliziakide jazarri gisa baizik. Nik jarri dut onartutako bi salaketetako bat. Barregura ematen dit Barcina andereak eta Maia jaunak esatea Santamariaren aurkako delitu zantzurik ez dagoela. Egia da, ez dira zantzuak bakarrik, haren kontrako epaiak daude. Adibidez, nire aurka zabaldutako hainbat espedienteren ondoren, hainbat epaitegik nire alde egin zuten. Horrez gain, fiskalak nire aurkako salaketa bat artxibatu zuen, oinarririk ez zuelako.

Epaiketari dagokionez, jabetzen gara inputazioa ez dela zigorra; are gutxiago, Nafarroako Kutxako dietekin gertatutako ikusita. Lasai gaude. Uste dugu, epailea lana ondo egiten ari dela, modu objektibo eta serioan. Bestalde, itxaropentsu gaude, inoiz baino urrunago heldu garelako. Gurea ez baita Santamariaren aurka jarri duten lehen salaketa. Aurrekoak beti artxibatu dituzte.

“Iruindar guztiok ez ditugu eskubide berak; batzuoi betoa jarri digute” »

Iruñea. 2010eko uztailaren 6a. Txupinazorako minutu batzuk falta zirela, gazte talde batek ikurrin handi bat sartu nahi zuen Udaletxeko plazan. Baina, hainbat udaltzain gazteri oldartu zitzaizkion, ikurrina kentzeko. Istiluetan, beirazko botila batek Jose Carlos Arranz Madrilgo gaztearen buruan jo zuen, eta oso zauri larriak eragin zizkion. Zazpi hilabete geroago, Iruñeko Udaltzaingoak hamahiru pertsona auzipetu zituen. Atxilotu horietako bat da Aitor Sola (Iruñea, 1990), eta zigortu egin dute. Sei egunez une oro lokalizatua egon eta 300 euroko isuna ordaindu beharko du. Iazko apirilean, Solarekin batera sanferminetan errepresioa pairatu zuten hainbat lagun elkartu ziren, “eskubide urraketak salatzeko”, eta Iruñea Askatasunez taldea osatu zuten. Hiri eredua aldatu nahi dute. Bihar, txupinazoko zigorrak salatzeko manifestazioa egingo dute, 17:30ean, Iruñeko autobus geltoki zaharretik.

Atera berri da 2010eko sanferminetako txupinazoko epaia. Zein izan da emaitza?

Epaiketa egin eta lau hilabetera atera da sententzia. Epaitu gintuzten hamahiru pertsonetatik zazpiri ezarri diete espetxe zigorra. Lauri urtebete eta bi hilabeteko espetxe zigorra jarri diete, beste biri urtebete eta lau hilabetekoa, eta azkenari hiru urte eta erdikoa. Horrez gain, beste bost lagunek sei egunez une oro lokalizatuta egon eta 300 euroko isuna ordaindu beharko dugu.

Helegitea aurkeztuko duzue?

Bai, espetxe zigorra duten zazpi pertsonetatik bostek jarri dugu helegitea. Horretarako, Espainiako Auzitegi Gorenera jo dugu. Hortik aurrera, beste hogei egun ditugu helegitea idazteko eta aurkezteko. Hala ere, udalak eta fiskalak ere errekurtsoa jarri dute. Udalak ezin du guretzat zigorrik eskatu. Epaileak bere gain utzi duelako gizarte erantzukizun subsidiarioa. Beraz, helegitea ezarriz gero gizarte erantzukizuna kentzeko eskatuko dute, kalte-ordainak botila bota zuenak ordaindu ditzan. Fiskalaren errekurtsoa, ordea, zigorren ingurukoa da.

Beraz, botila bota zuen pertsonak, hiru urte eta erdiko espetxe zigorraz gain, kalte-ordainak ere ordain ditzake?

Bai, printzipioz hark ordaindu beharko ditu kalte-ordainak. Baina ezin badu ordaindu, erantzukizuna udalarena da. Hau da, zigortutako gaztea kaudimengabea bada, udalak ordainduko ditu kalte-ordainak. Momentu honetan, zigortutako gaztea lanean ari da; beraz, hilero diru kopuru zehatz bat kendu beharko liokete.

Zenbatekoak dira kalte-ordainak?

Azken epaia atera arte ez da zehaztuko ordaindu beharrekoa. Madrilgo gaztearen familiak 340.000 euro eskatzen zituen, eta fiskalak, 150.000. Familiak tratamenduarekin jarraitu nahi du, eta, horretarako, dirua behar dute. Baina orain Espainiako Auzitegi Gorenera jo dugunez, urteak iraun dezake epaiak. Familiari, gainera, komeni zaio udalak izatea erantzukizuna. Zigortutako gazteak ezin izango duelako ordaindu eskatzen duten guztia.

Madrilgo gaztearena gertatu izan ez balitz epaiketa izango zenutela uste duzu?

Guk uste dugu ezbehar hori gertatu izan ez balitz dena bere horretan geratuko zela. Udaltzainek egindakoa euren eginbeharretatik kanpo dago erabat. Txupinazoan gertatutakoa gu kriminalizatzeko erabili dute. Guk beti esan dugu asko sentitzen dugula Madrilgo gaztearekin gertatutakoa. Hark aitortu digu uste duela errua udaltzaingoarena dela. Hark badaki udaltzainek beste modu batera jokatu izan balute ez zela egoera horretan egongo. Guztiok gara biktimak; hura da larriena, baina oso larria da ikurrin bat ateratzeagatik pertsona bat espetxera joatea ere.

Azken urteetan, hainbat tirabira izan dira ikurrinarekin; badirudi eztabaida piztu dela gizartean.

Txupinazoaren egunean, era batean edo bestean beti egon da ikurrina udaletxean. Baina Barcinarekin dena aldatu zen. Urtero tirabiraren bat egon da, baina 2010ekoa berezia izan zen. Hortik aurrera, dena increccento joan da. Jendeak ikurrina atera nahi zuen, eta haiek ezetz. Hurrengo urtean, udaltzain bat atera zen ebakigailuarekin ikurrina mozteko. Imajinatu ezazu zer gerta daitekeen uztailaren 6an, Udaletxe plazan, ebakigailu batekin. Azken urtean arrantzale bizardunena izan zen. Gertaera horien ondorioz, hainbat dinamika sortu dira. Jendea hasi da esaten: “Zer gertatzen da ikurrinarekin? Jende pila bat gara ikurrina nahi dugunak. Betoa jartzen ari zarete; ez gaituzue errespetatzen”. Eskubideak ez direla errespetatzen ikusi dute herritarrek. Jendea ikurrinarekin identifikatzen bada, zergatik ezin du atera?

Ikurrin handien arazoa segurtasun arazoa dela dio udalak.

Hori aitzakia baino ez da. UPNk ez du inoiz onartuko ikurrinaren aurkako kriminalizazioa eta jazarpena dagoenik. Aitzakiak erabiltzen dituzte, kolpeak eta jipoiak gertatzen direla diote. Beldurraren politika egiten ari dira. Ez da soilik ikurrina: “Euskaldunak datoz. Ikurrina inposatu dute, eta, gainera, ostiak emango dituzte”. Hori da euren jokoa. Badakite nondik datorren kontraboterea, eta jendea beldurtu nahi dute: “Kontuz euskaldunekin; oso gaiztoak dira, eta izorratuko zaituztete”.

Ikurrinaren epaiketen harira sortu duzue Iruñea Askatasunez taldea?

Bai, sanferminetan errepresioa jasan genuen hainbat pertsona elkartu ginen. Baina segituan jabetu ginen arazoa askoz ere sakonagoa zela. Eskubideak urratzen dira. Iruindar guztiok ez ditugu eskubide berak; batzuoi betoa jarri digute. Baina beste guztiek duten eskubide eta zilegitasun bera dugu. Arazo pila dago, gabezia handiak baitaude hainbat esparrutan: besteak beste, emakumeekin, migratzaileekin eta euskararekin. Bestalde, sinboloen legea onartu zuten, baina Rodezno kondearen plazak eta Erorien monumentuak bertan jarraitzen dute, frankismoaren ikurrak oso ondo zaintzen baitituzte. Egoeraren argazki orokorra egin nahi dugu. Guztion eskubideak errespeta daitezen. Inori ez zaio komeni iruindarrok elkarrekin mokoka bizitzea.