Elkartasuna ehuntzen

Elkartasuna ehuntzen »

Asier Garcia Uribarri

Maiatzaren 6a mugarri bilakatu nahi dute Iruñeko Alde Zaharrean. Egun horretan, sakabanaketa politikaren aurka inoiz egin duten mobilizaziorik handiena egin nahi dute auzokideek. Horretarako, txikitik handira joko dute. Auzokide, merkatari eta elkarteetako kideak kalez kale bildu nahi dituzte sakabanaketaren aurkako argazkia atera dezaten. Ohiko mobilizazioetatik harago, norbanakoen parte hartze zuzena bilatu nahi du sortu berri den Arrazoiak auzo ekinbideak. Ildo berean, sakabanaketa salatzeko sinadura bilketa “erraldoia” martxan jarriko dute apirilaren 24tik maiatz erdialderaino. Helburua argi dute: “Alde Zaharra sakabanaketa politikaren aurkako auzo izendatzea”.

Arrazoiak auzo ekinbideak martxoaren 30ean egin zuen aurkezpen publikoa, Iruñeko Udaletxeko plazan. Dozenaka pertsonak, kolore ezberdinetako oihalak eskuan zituztela, Alde Zaharreko hiru burguak irudikatu zituzten, plaza erdian auzoko bost euskal presoen egoera deskribatzen duten panelak zeudela. “Alde Zaharrean bost euskal preso ditugu, eta hurbilen dagoena 500 kilometrora dago. Gainera, Josetxo Arizkurenek bihotzeko gaitza du, eta Iñaki Beaumontek zigorraren hiru laurdenak beteak ditu”, adierazi du Arkaitz Zudaire Arrazoiak ekinbideko kideak.

Ekinbidea martxo bukaeran aurkeztu bazuten ere, Zudairek dio hilabeteak daramatzatela proiektua lantzen. “Auzoan hutsune bat ikusten genuen euskal presoen gaiarekin, ez zen behar bezala lantzen, eta horrek eragin zezakeen gaiak zentraltasuna galtzea”. Zudaireren aburuz, euskal presoen eskubideak bermatzea gutxieneko bat izan beharko luke, baina, gaur egun, ez da hori ere betetzen. Horrez gain, “gaur egungo fase politikoan gatazkaren ondorioei irtenbide bat emateko” beharra dagoela nabarmendu du.

Faktore horiek kontuan izanda, alor ezberdinetako hainbat kide biltzen hasi ziren, eta hortik sortu ziren lehen bi ekinbideak: elkartasuna kalez kale agertzeko mobilizazioa eta sinadura bilketa. “Proposamenak planteatzen hasi ginenean, bi aukera horiek bururatu zitzaizkigun. Beraz, bata edo beste aukeratu beharrean, biak uztargarriak zirela pentsatu genuen. Sinadura bilketa masiboa egin nahi genuen, eta, hori indartzeko, kalez kaleko ekinbidea eta maiatzaren 6ko eguna antolatuko ditugu”. Egun horretan ez baitituzte soilik sakabanaketaren aurkako argazkiak aterako. Kalez kaleko ekimenaren ostean, Udaletxeko plazan ekitaldia egingo dute, eta, behin hori bukatuta, elkartasun festa antolatu dute: herri bazkari, kalejira, kontzertu eta abarrekin.

Jendearen parte hartzea

Ohiko baliabidea izan ohi da sinadurak biltzea aldarrikapenen bat egiteko. Arrazoiak-ekoek sinadura “kopuru handi bat” lortu nahi dute auzoa sakabanaketaren aurkakoa dela esan ahal izateko. Horretarako, apirilaren 24tik aurrera etxe guztietako postontzietan utziko dituzte sinatzeko orriak. Horrekin batera, auzoko hainbat denda, elkarte eta egoitzatan postontzi bereziak jarriko dituzte jendeak bere sinadura utz dezan. “Sinadura bilketa Aste Santutik bueltan jarriko dugu martxan, eta hilabete iraungo du. Maiatzaren 6a erdian izango da, eta egun hori giltzarri izatea nahi dugu”.

Hori guztia aurrera eramateko harreman sare handia sortzen ari dela nabarmendu du Zudairek. “Kaleetako argazkia koordinatzeko kale bakoitzeko auzokideekin harremanetan jartzen ari gara, euren kaleko argazkia dinamiza dezaten. Kontuan hartzen badugu auzoan 52 kale daudela, gutxienez 52 pertsona behar ditugu ardura batekin”. Era berean, sinadurak biltzeko postontziak jartzeko merkatari, elkarte eta kolektiboen oniritzia behar dute. “Postontzia euren negozioan edo egoitzan jarrita parte hartzen dute”.

Ildo berean, maiatzaren 6ko egunak “auzo izaera” izan dezala nahi du Zudairek. “Ez dugu nahi soilik sektore politiko bateko jendea mobilizatzea, gure ohiko guneetatik harago joan nahi dugu. Horregatik, egun horretan parte hartuko dute auzoko hainbat kultura eta musika taldek”.

Ekinbidea aurkezteko, oihalak eskuetan hartu zituzten auzokideek. Hurrengo asteetan, berriz, elkartasuna da bizilagunen artean ehundu nahi dutena. Lan handia duten arren, pozik dago Zudaire, uste baitu sakabanaketa bukatzeko “arrazoiak egon badaudela”.

Bonbek isildu zuten tenorra

Bonbek isildu zuten tenorra »

Edurne Elizondo

Isidoro Fagoaga izena du Berako musika eskolak. Izen horren atzean dagoen izana, ordea, ezezaguna da tenor eta idazle izandako gizon horren herrikide anitzentzat. Ahanzturak jan du haren memoria. Orain arte. Bere garaiko abeslari nagusietako bat izandakoarekin duten zorra kitatzen hasi nahi dute beratarrek, eta Fagoaga ezagutzeko eta omentzeko egitaraua prestatu dute, Isidoro Fagoaga, bada tenorea! izenburupean.

Erakusketa zabalduko dute hilaren 21ean, adibidez, eta, 28an, berriz, tenorrari buruzko hitzaldia eginen du German Ereñak. Eibarko txistu bandako kide da Ereña, eta Fagoagari buruzko biografiaren egilea. Argitaratzeko zain da. Beratarrak erakutsitako konpromisoa nabarmendu du Ereñak, bertze edozer gauzaren gainetik. Izan ere, Cataniako Bellini antzokian Walkyrya opera abestu eta gero, Gernika bonbardatu zutela jakin zuen Fagoagak, eta Italia eta oholtzak betiko uztea erabaki zuen, ondorioz. Erabat hunkitu eta ukitu zuen Gernikan 1937ko apirilaren 26an gertatutakoak, eta bonbek betiko isildu zuten Berako tenorraren ahotsa. “Mutu bilakatu zen, Italiak Franco lagundu zuela salatzeko”.

“Julian Gaiarre denok ezagutzen dugu, baina Euskal Herrian, Bortzirietan, Beran, izan zen beste abeslari handi bat”, nabarmendu du Ereñak. Goi mailako tenor dramatikotzat jo du beratarra, hain zuzen ere. “Italiako nagusia izan zen 1920ko eta 1930eko hamarkadetan”. Richard Wagnerren operak kantatzeko erakutsi zuen trebezia aipatu du Ereñak, bereziki, bai eta aktore gisa izan zuen indarra ere. Tenorraren gainetik, halere, “gizon apal eta zintzoa” gailendu zen. “Gailurrean zela, dena uztea erabaki zuen, bere buruarekin zintzo jokatzeko”, berretsi du Ereñak.

Berako Ilekueta auzoko Agramontea etxean sortu zen Isidoro Fagoaga, 1893. urtean. Hamalau urterekin, Argentinara joan zen, han bizi zen osabarengana. Florencio Constantino eta Titta Ruffo abeslariak ezagutu zituen Buenos Airesen, eta, haien eskutik, Italiara joateko urratsa egin zuen. Kantuan ikasi nahi zuen.

Parma hirian, Campanini lehiaketan parte hartu zuen Fagoagak, eta hirugarren sailkatu zen, Gigli eta Merliren atzetik. “Lehen mailako abeslariak ziren horiek”.

Txapelketak Parmako kontserbatorioko ikasle izateko aukera eman zion Isidoro Fagoagari. “Lehen Mundu Gerra piztu zenean, ordea, eskola ospitale bilakatu zuten, eta Berara itzuli behar izan zuen”, azaldu du Ereñak.

Gogorra izan zen itzulera tenorrarentzat. Baina ez zuen etsi. Iruñeko Orfeoiarekin hasi zen lan egiten, eta, Nafarroako Diputazioak emandako beka bati esker, Madrilen jarraitu zituen Italian hasitako ikasketak, Iribarne irakaslearekin. 1919. urtean egin zuen debuta, hiri horretako Gran Teatro antzokian, Sanson y Dalila operarekin.

Fagoagak, halere, Italian jo zuen goia tenor gisa. “1920-1921. urte inguruan egin zuen debuta Napolin; garai hartan, Wagnerren obra nagusiak kanta zitzakeen abeslari onik ez zen Italian. Fagoaga horretan espezializatu zen; italieraz abesten zuen, eta aktore bikaina zen, gainera. Milango Scala antzokian zazpi denboraldi egin zituen”, gogoratu du Ereñak.

Abeslari eta idazle

Richard Wagnerren operak bereziki maite ditu German Ereñak. “Sakonak dira, transzendentalak”. Zaletasun horrek eraman zuen, duela hainbat urte, Isidoro Fagoaga zena hobeki ezagutzeko lanari ekitera. “Martin Ugalderen Hablando con los vascos liburua hartu, eta hantxe jaso nuen Fagoagaren berri”. Wagnerren operak kantatzeko haren gaitasunak erakarri zuen, lehendabizi, baina, tenorraren ibilbidean sakondu ahala, bertze hamaika esparruk ere eman diote atentzioa Ereñari.

Idazle gisa egindako lana jarri du mahai gainean, adibidez. “Fagoagak berak esan zuen abeslari baino gehiago idazle zela”. Beratarrak idatzitako lehendabiziko lanak, halere, bazuen musikaren arloarekin harreman estua, Julian Gaiarreri buruz egin baitzuen, eskolako kideekin Erronkarira bidaia egin eta gero.

Hainbat libururen egilea da Fagoaga, eta prentsan ere, zenbait hedabidetarako aritu zen, Euskal Herrian, bai eta hemendik kanpo ere. Idazteko lana, batez ere, antzokiak utzi eta gero garatu zuen Fagoagak. Italia utzi zuenean, Donibane Lohizunen hartu zuen aterpe beratarrak. Handik, harreman estua izan zuen bertze hamaika euskal errefuxiaturekin. Poesia topaketak antolatu zituen haietako hainbatekin, bertzeak bertze.

“Bere garaiko intelektualekin ere bazuen lotura: Sorozabal eta Escudero konpositoreekin, adibidez; agertu dira, halaber, Barandiaranen edo Jose Antonio Agirreren gutunak. Barojatarrekin ere izan zuen harreman handia, Beran Itzea etxea baitzuten, eta Fagoagak oporrak sorterrian ematen baitzituen”, erantsi du Ereñak.

1937an utzi zuen Fagoagak Italia, eta 1948an argitaratu zuen Pedro Garat, el Orfeo de Francia bere lehendabiziko liburua. 11 urte horietako bidea, hala ere, ez zen erraza izan Berako tenorrarentzat. Antzokia bazter uztea erabaki eta gero, Iparraldera mugitu zenean, atxilo hartu eta Gurseko kontzentrazio esparrura eraman zuten. Hilabete bat egin zuen han, 1940. urtean. “Baldintzak oso txarrak izan ziren; Fagoagak, batez ere, askatasunaren falta sumatu zuen, idatzita utzi zuenez”.

Handik atera eta Donibane Lohizunera itzuli zenean, hankaz gora aurkitu zuen Fagoagak bere etxea. “Han zuen altxorretako bat lapurtu zioten: Julian Gaiarreren lehen kontratu artistikoa”, kontatu du Ereñak.

Ahanzturaren aurka

1964. urtean Donostiara mugitu zen Isidoro Fagoaga. “Hitzaldiak ematen zituen, eta jarraitu zuen idazten”. Hainbat omenaldi egin zizkioten garai hartan, gainera. Orduko berotasuna, halere, epelduz joan zen. “Tamalez, gaur egun, ezezaguna da Isidoro Fagoaga jende askorentzat”, erran du Erañak, tristuraz. Iruñeko Orfeoiaren kasua aipatu du. “Erakunde horretako kide izan zen; kantuan aritu zen, eta ohorezko bazkide ere izendatu zuten; gaur egun, ordea, erakunde horrek ez dio inolako aitortzarik egin Fagoagari”.

Bere ideiekin erabateko konpromisoa erakutsi zuela erantsi du Ereñak, baina ez zela alderdi jakin bateko kide izan inoiz. Horregatik uste du Fagoaga ahaztu egin dutela. “Ez da izan etekin politikoa lortu ahal izateko pertsona bat”. Fagoagaren apaltasuna berretsi du Ereñak. Izan ere, abesteari uzteko erabakia hartu eta gero, tenorrak ez zuen horri buruzko azalpenik eman inoiz. “Bonbarkadetari buruzko bere iritziaren berri eman zuen bere lehen liburuetan, baina ez zuen hartutako erabakia nabarmendu”.

Ereña kontent da Berako agintariek orain egin duten urratsarekin. Isidoro Fagoagaren berri zabaltzea ezinbertzekotzat jo du. Argi du Euskal Herri osoa zorretan dela tenorrarekin, eta badela ordaintzen hasteko garaia. Datozen hilabeteotan eginen dituzten erakusketak, hitzaldiek, mahai inguruek eta bertzelakoek emanen diete horretarako bidea beratarrei eta herrira bilduko direnei.

1971. urtean, El teatro por dentro izenburuko bere seigarren liburua argitaratu zuen Fagoagak. Donostian bizi zen orduan, eta hiri horretan zendu zen, handik gutxira, 1976. urteko martxoaren 15ean. Beran egin zuten tenorraren aldeko hileta elizkizuna.

Herri horretan, Isidoro Fagoagaren izena du musika eskolak. Ikasleek ere parte hartuko dute herriko tenorraren omenezko programan. Izena izanarekin jantzi ahal izanen dute, azkenean, Agramontea etxean sortutako abeslariaren herrikideek. Bilbon, haren izena du karrika txiki batek. Beran ere merezi duela argi du Ereñak. Mahai gainean utzi du ideia. Fagoagaren herrikideek har dezaten. Bada tenorea.

Aisialdiaren arloaz harago

Aisialdiaren arloaz harago »

Edurne Elizondo

Poliziak San Anton karrikako etxe okupatu bat hustu duen aste berean egin dute Euskal Herriko gaztetxeek eta gazte biltzarrek urteko topaketa, Iruñean. Arrotxapea auzoko gaztetxea izan da jardunaldien egoitza, Alde Zaharrekoa azarotik baitago itxita, Iruñeko Udalaren aginduz. Ostiralean hasi, eta igandera bitarte aritu dira parte hartzaileak autogestioari, gaztetxeen defentsari eta botere harremanei buruz gogoeta egiten, bertzeak bertze. Ondorio nagusi bat jarri dute mahai gainean: autogestioari lotutako teoria eta praktika arlo guztietara zabaltzeko beharrarena, hain zuzen ere.

“Aisialdiaren esparrutik ateratzea kosta egin zaio gaztetxe askori, baina urrats hori egiteko ordua da; autogestioa aisialdiaz harago landu behar dugu, jarduera politiko orokor bilakatu ahal izateko”. Jesus Villarorenak dira hitzak. Topaketan parte hartu du. Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeko kide ere bada. Hagitz kritiko agertu da Iruñeko Udalaren eta, zehazki, Joxe Abaurrea zinegotziaren jarrerarekin. “Ez dute batere zintzo jokatu”. Udalaren eta gaztetxeko kideen arteko negoziazio prozesuan parte hartu zutenetako bat da Villaro. Nabarmendu du harremana “zaila” izan dela. Argi du erakundeak “legearen agintearen pean” mugitzen direla, eta garbi utzi du negoziazio prozesuari baiezkoa eman ziotela erakundeon jarduera ez baldintzatzeko. Erantsi du egindako bidea “zaila eta malkartsua” izan dela, ordea, eta udalak ez duela gertatutakoaren “benetako kontakizuna” egin.

Villarok uste du karrika dela errealitatea aldatzeko dinamiken berezko tokia, eta herri mugimenduen autonomia bermatu behar dela. “Hala ez bada, zer? Injustiziak herriak berak ez baditu geldiarazten, nork eginen du?”. Testuinguru horretan ulertzen du Villarok gaztetxeen eta gazte biltzarren zeregina. “Gero eta argiago dugu autogestioa errealitatea iraultzeko praktika politiko bat izan daitekeela”, nabarmendu du.

Hasitako lanari segida

Urtean behin egiten dute topaketa Euskal Herriko gaztetxeek eta gazte biltzarrek. Laudiokoa (Araba) izan zen lehendabizikoa; Oñatikoa (Gipuzkoa) bigarrena; eta Iruñeko aurtengoa, berriz, hirugarrena. Oñatiko topaketan hasi ziren autogestioaren dimentsioa zabaltzeko beharra jorratzen, eta orduko gogoetari segida eman nahi izan diote Iruñekoan. “Iruñean gaztetxeen aldeko mugimendu sendoa bazelako ere erabaki genuen hemen egitea”, azaldu du Villarok.

Alde Zaharreko gaztetxea itxi dute, baina Arrotxapekoa martxan dago oraindik, eta, azken urteotako dinamiken ondorioz, gainera, Barañainen ere, bertzeak bertze, badute gaztetxe berria. “Oztopoak oztopo, autogestioaren aldeko grina hor dago”, nabarmendu du Alde Zaharreko gaztetxeko kideak. Husteko mehatxua da Arrotxapeko gaztetxeak, adibidez, aurrez aurre duen oztopoetako bat. Villaro bera sententziaren zain dago, iazko abenduan Sarasateko eraikin bat okupatu eta gero izandako istiluengatik. Eraikinetik kanpo atxilotu zuten. “Poliziaren azpijokoa izan zen”. Hamabost hilabeteko espetxe zigorra eskatu diote, eta mila euro baino gehiagoko isuna. Bertze bederatzi lagun daude auzipetuko ote dituzten zain.

Zain, baina lanean. Villarok zehaztu du Iruñeko topaketan ez dutela proiektu guztiek parte hartu, baina uste du Iruñerriko, Sakanako, Baztango eta Lizarraldeko gaztetxeen bidez argi gelditu dela lanerako gogoa. Gaineratu du badirela autogestioaren esparrua zabaltzeko hainbat proiektu martxan, jada, eta horren adibide jarri ditu, adibidez, elikadura subiranotasunaren aldeko dinamikak. Bertzelako gaiei heltzeko asmoa eta beharra aipatu du, gainera: “Energiaren auziari, adibidez”. Bada lana egiteko. Gogoa ere bai.

Anarkista ahaztua

Anarkista ahaztua »

Kattalin Barber

Nahiko ezezaguna da Nafarroan Gregorio Suberbiola anarkista (Morentin, 1896-Bartzelona, 1924); han-hemenka aritu zen boterearen aurka: Los Solidarios talde anarkistako kide izan zen, besteak beste, eta bankuen lapurretan parte hartu zuen Buenaventura Durruti eta Francisco Ascasorekin; Alfontso XIII.a hiltzeko tunel bat egiten ere aritu zen. Primo de Riveraren diktaduraren garaia zen. Lizarraldeko Morentin herri txikia 18 urte ingururekin utzi, eta handik hamar urtera tiroz hil zuten Bartzelonan.

Iñaki Sagardoi antropologo iruindarrak izan zuen Suberbiolaren berri Navarra. Conflictividad social a comienzos del siglo XX y noticia del anarcosindicalista Gregorio Suberviola Baigorri (1896-1924) Angel Garcia-Sanz Markotegiren liburuan. “Irakurri eta zerbait egitea merezi zuela argi nuen; ezagutzen dugu Durruti eta haren inguruko mitoa, baina Nafarroan jaiotako Suberbiola anarkistaren historia izugarria iruditu zitzaidan”, azaldu du. Suberbiolari buruzko nobela grafikoaren bultzatzaile da, Mikel Irure eta Aitor Razkin marrazkilariekin.

Serio hartu dute, eta XX. mende hasierako anarkista nafarraren bizitza jasoko duen komiki proiektua martxan da. Aitzinsolasa kaleratu dute jada, salmentarekin lortutako etekina proiektua finantzatzeko erabiltzeko. “Gainera, lehen helburua bete dugu: eskaner bat erostea”, dio Irurek. Iruñeko Karrikiri elkartean eta Katakrak liburu dendan salgai dago Suberbiolaren aitzinsolasa, sei euroren truke. Horrez gain, azalaren grabatua egin dute, eta komikia barne 15 euroan jarri dute salgai.

Kaleratu berri duten liburukian, anarkistak Bartzelonan pasatu zituen azken egunak jaso dituzte: tirokatu zutenetik, eta ospitalean hil arte. Heldu den udaberrian atera nahi dute nobela grafikoa: “Gure asmoa Suberbiolak berak ospitaletik bere bizitzaren kontakizuna egitea da, flashback moduan”, azaldu du Sagardoik. Fikzioa eta ez-fikzioa tartekatuko dituzte bertan. Sagardoi aritzen da idazle lanetan, eta Irure eta Razkin, berriz, marrazten eta margotzen. Indarrak batu dituzte hirurek nobela grafikoa aurrera eramateko. Bakoitza bere diziplinatik ari da ekarpenak egiten, eta ongi moldatzen direla diote. Gainera, Bilkuia zigilua sortu dute lan gehiago argitaratzeko.

Asteotan Morentin herria bisitatu dute, eta Zaragoza eta Bartzelonara joateko asmoa dute pista gehiagoren bila. Informazio gutxi dago Suberbiolaren inguruan, eta haren argazkirik ez dute topatu. Zaila egin zaie, halaber, aurkitu duten informazioaren artean zer den egia eta zer den mitoa bereiztea. “Fantasiari heldu diogu, interesgarriagoa egiteko eta pertsonaia gure kabuz moldatzeko”, dio Razkinek. Bitxikeria moduan, Pio Baroja idazleak lerro batzuk eskaini zizkion nafar anarkistari liburu batean, eta barazki jalea eta naturista zela zioen. “Mito asko zeuden; horiek guztiak baliatuko ditugu, eta beharbada beste batzuk sortuko ditugu, betiere koherentziarekin”, gaineratu du Irurek.

Helburua ez da Suberbiolaren biografia bat egitea, baizik eta orduko giroa islatzea, eta Nafarroan oharkabean igarotako pertsonaia gogora ekartzea. “Garai hori eta anarkismoa ere nahiko baztertuta daude, eta eztabaida berriro mahai gainean jarri nahi dugu”, dio Sagardoik. 36ko gerra eta diktadurako garai ilunak etorri ziren gero, eta XX. mende hasierako urteak “arreta handirik gabe” pasatu zirela diote. “Gerrari buruz asko idatzi da, filmak daude… baina aurretik izandako garai hori ez da ia irudikatu. Mamia dago: belle époque garaia, pistolariak, anarkismoaren indarra…”, azaldu dute.

Bitxia egin zaie hirurei Suberbiolaren bizitza: “In crescendo joan zen haren bizitza. Angel Garcia-Sanz Markotegik liburuan dio Suberbiolak Durrutiren ospea lortuko zukeela hil ez balute”. Los Solidarios taldeko kideak ez ziren txikikeriatan ibiltzen: banku bat lapurtu, eta 1.000 errifle erosi zituzten; Bartzelonako etxe batean granadak egiteko fabrika ere sortu zuten. “Iraultza zen”.

Historiaren beste aldea

Ez da kasualitatea Morentin herriko anarkista baten nobela grafikoa argitaratzea. Sagardoik aitortu duenez, helburu politikoa du. Euskal munduaren eta erdal munduaren arteko “identitate bikoitzaz” ari da: “Mendebaldetik heldu zaigu historia eta mitologia gehiena, eta horien bidez eraiki dugu gure identitatea, baina batzuetan iruditzen zait uko egin diogula Iruñetik hegoaldera gertatzen denari, eta hori ere gure historia da”. Adibide bezala jarri du bere esperientzia. Gurasoek ez dakite euskaraz, eta aitonaren familia erdia fusilatu zuten. “Asko hitz egin da gauza batzuei buruz, eta ongi iruditzen zait, baina oharkabean igaro dira beste batzuk”. Horregatik, Suberbiolaren bizitza gogora ekarri nahi dute haiek, historiaren parte delako. “Ate hori ireki nahi dugu, gure identitatea ere badelako”.

Kartzela espetxearen barruan

Kartzela espetxearen barruan »

Edurne Elizondo

Euskal Herriko Bilgune Feministak elkartasuna espetxeko atariraino eramanez ospatu du bere 15. urteurrena. Martxa egin zuten 300 inguru emakumek, asteburuan, Valladolideko (Espainia) kartzelan preso direnei babesa helarazteko. Han izan ziren Bullerak taldeko kideak ere. “Sekulakoa izan zen; bozgorailu handiak genituen, eta presoek aukera izan zuten ekitaldi osoa entzuteko”. Elkartasuna, ziegaraino.

Bullerak taldeak ere kartzela izanen du hizpide datorren astean, Emakumeak, bollerak, transak eta espetxea izenburuko jardunaldietan, hain zuzen ere. Hilaren 23tik 25era eginen dituzte, Iruñeko Txoko Feministan. Valladoliden bezala, preso guztiak eta espetxe sistema bera jarri nahi dituzte antolatzaileek eztabaidaren erdigunean.

“Euskal gatazkaren harira, askotan hitz egin da preso politikoei buruz, eta azkenaldian, gainera, emakume presoen inguruko hainbat jardunaldi ere egin dituzte. Konturatu ginen, ordea, irakurketa horietatik kanpo gelditzen zirela heteroarauaren barnean ez diren bestelako subjektuak, bollerak eta transexualak”, azaldu dute Bullerak taldeko kideek. Horregatik, oraindik ere ezkutuan gelditzen den errealitate ikusezin hori azaleratzen saiatuko dira jardunaldien bidez. Espetxea barrutik ezagutu dutenek eta erakunde hori aztertu dutenek hartuko dute hitza.

Kartzelako hormen bi aldeetatik antzekoa da erakunde horren inguruan egiten den hausnarketa orokorra: espetxeak heteropatriarkatuaren parte direla, eta, ondorioz, emakumeentzat zigor bikoitza ekartzen dutela; emakume izateagatik, bai eta emakume lesbiana edo transexuala izateagatik ere. “Genero erakunde bat da kartzela; sistema erabat androzentrikoa”, nabarmendu izan du Maria Ruiz Torrado antropologo eta ikertzaile feministak. Esparru horretan, emakumeak aldi berean “biktimizatu eta kriminalizatu” egiten ditu espetxeak, aditu horren hitzetan: “Estigmatizazio berezia gertatzen da; espetxean direnak, nolabait esanda, anti-emakumeak dira, han nagusitzen den ikuspegi hegemonikotik begiratuta”.

Horri buruz zer erran badu Amaiak. Nahiago du bere izena ez eman. Barrutik ezagutu du kartzela, eta sufritu du zigor moral horren zama. “Espetxean direnak, finean, emakume estereotipo bati lotutako ezaugarriak ez dituzten andreak dira; arau sozialak hautsi dituztenak. Horrek zigor berezia ekartzen du”, azaldu du. Bekatu da, finean, arau horien kontra egitea, delitua bainoago.

Amaiak eskertu egin du Bullerak taldeak kartzelari buruzko jardunaldiak antolatu izana, haren ustez espetxeko hormen artean gertatzen dena zabaltzeko aukera ematen dutelako gisa horretako ekinaldiek. Argi eta garbi erran du: “Pertsona guztien berezko espazioa askatasuna da; gure izaeraren kontra egiten du, beraz, espetxeak. Emakumeontzat izaten dira, gainera, kartzela barruko baldintzarik gogorrenak”.

Espaziorik kaskarrenak eta txikienak izaten ohi dira emakume presoentzat. “Finean, espetxea gizonezkoentzat diseinatuta eta pentsatuta dago”, berretsi du Ruiz Torradok. Kartzelako hormek ezkutatzen duten horri buruz, baina, ezer gutxi dakite pareten bertze aldean bizi direnek. Jardunaldiak prestatzeko, espetxea ezagutu dutenekin mintzatu dira Bullerak taldeko kideak, eta haien ahotik entzun dituzte errealitate horren berri ematen duten pasadizoak. “Preso egondako emakume batek azaldu zigun espetxean protesta egiten hasi zirela kartzelako gizonei patioko espazioa txikitu nahi zietelako; bat egin zuten haiekin erabaki horren aurka. Funtzionario baten ahotik jakin zuten, ordea, gizonena baino anitzez ere txikiagoa zela emakumeena”.

Ondoan gertatzen zenaren berri ez zuten espetxe horretako emakumeek. Herritarrek ere ez dute ezagutzen. “Garai batean, hirietako erdigunean ziren kartzelak, baina hirietatik kanpora ateratzea da oraingo joera. Iruñekoa da horren adibide. Espetxera ailegatzeko autobusik ere ez dago”, erran dute Bullerak taldekoek.

Bakardadea eta bazterketa

Kartzelak, bazterrean, eta bazterketa espetxeko hormen artean ere. Amaia preso politikoa izan zen, eta bere uste politiko eta sozialak indartu baino ez zituen egin espetxe barruan, nabarmendu duenez. Kanpoan elkartasun eta babes sare zabala izateak anitz lagundu ziola aitortu du. Bertzelakoa da, ordea, preso diren bertze emakume anitzen eguneroko errealitatea. “Preso sozialen artean, bereziki emakumeen artean, bakardadea eta bazterketa dira eguneroko kontu”, azaldu du. Ateratzen direnean ere aurrera egin ahal izateko gutxieneko baldintzak falta dituztela nabarmendu du preso ohiak.

Preso sozialen eta politikoen lekukotasunak jaso ditu Ines Herrero ikasketa feministetako eta genero ikasketetako adituak. Esparru jakin bati egin dio so, hala ere: emakume presoen arteko harreman sexuafektibo eta desira lesbikoaren inguruko gogoetari, hain zuzen ere. Herrerok aitortu du “ezjakintasunetik” abiatu zuela bere lana. “Ez nuen espetxeetan gertatzen zenaren berri. Bollera naiz, eta lotu nahi nuen desiraren auzia espetxe barruko emakumeen erresistentziarako estrategiekin; galdera anitz nituen, eta argitu nahian osatu nuen nire lana”, azaldu du adituak.

Desira bere zentzurik zabalenean aztertu du Herrerok, eta emakumeekin egindako elkarrizketen bidez baieztatu du desira hori presente dagoela espetxean. “Mugarri bat da, gainera, emakume horientzat”. Preso diren emakumeek ez dute deus kontrolatzen kartzela barruan. “Desira, beraz, erresistentziarako tresna bilakatzen da; emakumeek erabakitzen dute beren gorputzekin zer egin nahi duten”. Emakumeen arteko harreman sexuafektiboez harago, laztan batek, patioan korrika egiteak, gutun bat idazteak, norekin egon edo norekin ez erabakitzeak, halako urratsek ematen diete bidea espetxe barruko giro arrotzean aurrera egiteko.

Lesbianek espetxean estigmaren zama gainean dutela azaldu du Herrerok. “Ezkutuan aritzen dira anitzetan”. Azaldu du, halaber, emakumeek hartutako espazio batean sistema patriarkalaren jokabideak errepikatzen direla, neurri batean, gizonen rola betetzen duten emakumeen bidez. “Inguru arrotz batean aurrera egiteko estrategia bat da”. Adituak erantsi du preso sozialen kasuan izaten direla bakarrik sentitzen diren emakumeak; inolako babesik ez dutenak, gainera, edo babes hori galdu dutenak. “Preso politikoen artean bada taldea osatzeko joera; elkarri babesa ematekoa. Zigorraren zama, hala ere, handiagoa izaten da haientzat, eta preso sozialekin bat egiten ere ez diete uzten funtzionarioek, zenbaitetan. Kanpoan, baina, babes zabala jasotzen dute”.

Denboran atzera egin du Raquel Osborne soziologoak bere lanetako anitzetan, eta preso politikoen eta sozialen arteko bertzelako harreman bat deskubritu du, frankismoaren garaiko espetxeetan. “Politikoek ez zuten sozialekin bat egiten; sozialen artean anitz ziren prostituzioan aritzeagatik espetxeratutakoak. Haien arteko aldea nabarmentzen zuten preso politikoek; nolabaiteko garbitasunari eutsi nahi zioten”, azaldu du Osbornek. Harriduraz hartu ditu egungo hainbat historialarik orduko kartzelen inguruan egindako azterketak, eta historialari horiek ere frankismoaren garaiko preso politikoen garbitasuna defendatzen dutela azaldu du. “Eztabaidak izan ditut haiekin; erran izan didate beren presoak zikintzen ditudala nire diskurtsoarekin”, erantsi du Osbornek.

Frankismoaren garaiko espetxeak aztertzerakoan emakume presoen artean gertatzen ziren harreman sexuafektiboak jorratu ditu Osbornek, hain zuzen ere. Borondatezko eta bortxazko harremanak jarri ditu mahai gainean. “Garai batean, mojak izaten ziren presoen zaindari, eta badira mojen eta presoen arteko harremanen lekukotasunak. Noski, kasu horretan harremana ez da berdintasunezkoa; presoak, finean, giro arrotz eta bortitz batean bizi ziren, eta ahul ziren sistemaren aurrean”.

Anitzez ere arrotzagoa eta bortitzagoa zen espetxea emakume transexualentzat. Bizi zuten errealitatearen gordintasuna nabarmendu du Osbornek. “Arau heterosexistaren eta heteropatriarkalaren aurka egiten zuten emakumeok; sistemak gizonezkoen espetxeetara bidaltzen zituen, 2000. urtean legea aldatu zuten arte”.

Frankismoaren garaia ikertu du soziologoak, eta 1970eko hamarkadaz geroztik gaur arteko errealitatea jorratzeko dokumental bat prestatzen ari da orain, bertze hainbat aditurekin batera.

Abolizionismoa

Gogoetarako hamaika gai ematen ditu espetxe sistemak. Kartzelen eta zigor prozesuen labirintoan emakumeek betetzen duten tokiari buruzkoa jarri izan du mahai gainean Paz Frances Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile eta Salhaketako kideak. “Emakumea desoreka egoeran dago esparru horretan. Zentzuzkoena da feminismoetatik gogoeta orokor eta sakona egitea zigor prozesuei eta espetxeari buruz”.

Francesek argi du zigor boterea botere patriarkala dela. “Zigor esparrutik ematen den erantzunean beti agertzen dira boterea, patriarkatua eta zigorra, hain zuzen ere”. Ondorioz, Salhaketako kideak nabarmendu du gatazkak konpontzeko, boterearen erabilera bazter utzi, eta bertzelako alternatibak mamitzen hasteko ordua dela. “Argi dago proiektu abolizionistak ez duela lerro zehatzik, oraindik ere, baina oinarri sendoak ditu, eraiki ahal izateko”.

Espetxea ezagutu eta gero, Amaiak ere bere egin du gatazkak konpontzeko bertzelako alternatibak lantzeko beharra. “Uste dut Euskal Herrian gai garela bazterketarik gabeko tresnak garatzeko arazoei eta delinkuentziari aurre egiteko”.

Egungo espetxe eta zigor sistematik abiatuta, hala ere, gogoeta bat jarri du preso ohiak mahai gainean, indarkeria matxistari buruz: “Gaur-gaurkoz uste dut feminizidio gisa har ditzakegun erasoen erantzuleentzat espetxea dela dugun alternatiba bakarra; kartzeletan, hala ere, gora egin du gisa horretako presoen kopuruak, eta espetxe askotan jada ez dira beste presoen artean gutxiengo bat. Horrek ekartzen du kartzelak arrisku eremu bilakatzea, eta kontuan izan behar dugu gizon horiek gizartera itzuliko direla. Feminista gisa, eta zigor sistema zalantzan jartzen duen pertsona gisa, uste dut erronka dela indarkeria matxistari nola aurre eginen diogun pentsatzea; espetxearekin erantzuteko tentazioa aztertu beharko genuke”.

Azterketarako eta gogoetarako aukera emanen dute datorren asteko jardunaldiek. Hori da helburua. Abiapuntua argia da: “Espetxea, sistema gisa, munstro patriarkal bat da”, nabarmendu dute Bullerak taldekoek. Zuzenean egin nahi diote so. Barrutik eta kanpotik ezagutu dutenei hitza eman. Ezkutuan dena azaleratzeko. Oraindik ikusezina dena eztabaidaren erdigunean jartzeko.

Bost minutu Pirinioentzat

Bost minutu Pirinioentzat »

Edurne Elizondo

Bost minutu eskatu dizkiete Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako biztanleek Nafarroako Parlamentuko kideei. Bost minutu, lege bat onartzen duten bakoitzean arau horrek eskualde horretako herritarrengan izanen duen eraginari buruz pentsa dezaten. 1.400 pertsonak baino gehiagok egin dute bat jada eskaera horrekin, Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiak eta Bizirik Gaude elkarteak sarean martxan jarri duten sinadura bilketaren bidez. “Mugimendua eragin nahi dugu; kontzientzia hartu, eta bat egin dezatela herritarrek, gure gabeziak eta arazoak mahai gainean jartzeko”.

Gabeziak, arazoak eta desorekak. “Bazter” direla sentitzen dute Ekialdeko Pirinioetako biztanleek. “Bigarren mailako herritarrak” direla nabarmendu du Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiko kide Joseba Martinezek. Aurizberrin bizi da, eta argi du herria ez duela utzi nahi. Eskualdean etxebizitzaren, enpleguaren eta hezkuntzaren arloan dauden arazoek, ordea, jende anitz bultzatzen dute herriotatik herri handiagoetara edo Iruñera. Herriak hustuz joan dira, eta kinka larrian gelditu dira zerbitzu anitz. Egoera hori irauli nahi dute hango herritarrek, eta horregatik jarri dute martxan sinadura bilketa. Merezi duten arreta jaso nahi dute. Horretarako eskubidea badutelako. “Zergak ordaintzen baititugu, bertze edozein herri edo hiritako herritarrek bezala”.

Ekialdeko Pirinioetako ibarretako hiru dira Aezkoa, Erronkari eta Zaraitzukoa. Herriotako populazioaren mugimenduak erakusten du Martinezek azaldu duen errealitatea. Erronkarin, populazioak goia jo zuen 1910. urte aldera, 4.704 biztanlerekin. 2.344 ziren 1975. urtean; 1.644 2005ean; eta 1.423, berriz, 2015ean. Aezkoan, 3.679 pertsona bizi ziren 1857. urtean; 1.546 ziren 1975ean; 1.046 biztanle zituen ibarrak 2005. urtean; eta 903 baino ez iazko datuen arabera. Populazioak behera egin du, halaber, Zaraitzun: 4.073 ziren 1857. urtean; 2.448 1975ean; 1.704 2005. urtean; eta 1.478, azkenik, iaz.

Populazioaren beherakada ez da arazo bakarra. “Orografiak eta klimak ere eragiten digute. Gutxi gara, eta sakabanatuta gaude, gainera. Eskoletan ahaleginak egin behar ditugu ratioak betetzeko eta eutsi ahal izateko”. Osasunaren arloan, anbulantzia herrietara ailegatzeko “zailtasun handiak” daudela erantsi du Martinezek, eta etxebizitzaren eta enpleguaren esparruan dauden “eredu zaharkituek”, berriz, ez dutela aukera ematen herrien husteari aurre egiteko.

Legeak eta justizia

Martinezek argi eta garbi erran du: “Nafarroako Gobernuari dagokio zerbitzu publikoak bermatzea”. Eta, horretarako, ustez denentzat egindako legeek sor ditzaketen “desorekei” so egiteko eskatu diete Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiko kideek herrialdeko agintariei. Eskolako ratioen adibidea aipatu du, berriz ere. “Lege bat denentzat izateak ez du erran nahi lege horren oinarrian justizia dagoenik”. Ekialdeko Pirinioetako herrientzat bertze hainbat txokotako herrietan baino anitzez ere zailagoa izan baitaiteke legeak ezarritakoak betetzea.

Pirinioko herrien errealitatea “desitxuratzen” duen bertze elementu bat aipatu du Martinezek. Pirinioak erraten denean zer herri eta ibar aipatzen diren, hain zuzen ere. “Agoitz, Zangoza eta Baztanen gisako udalerrietako errealitatea eta gurea ezberdinak dira”. Ondorioz, Martinezek uste du Pirinioetaz hitz egiteko herriotako datuak sartzen dituztenean benetako errealitatea ezkutatu bertzerik ez dutela egiten. “Agoitzen, adibidez, industria dute, baina guk ez”. Sinadura bilketa martxan jarri dutenek zehaztu dute Ekialdeko Pirinioek zer eremu hartzen duten: Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Artzibar, Erroibar, Orreaga, Auritz, Luzaide, Orotz-Betelu eta Nabaskoze almiradioa.

“Gure eskualdean lehen sektorea inportantea da, baina egoera, egun, ez da ona”, azaldu du Martinezek. Turismoak azken hamarkadan izandako gorakada nabarmendu du, halaber. “Jende anitzek egin du horren aldeko apustua; herriko etxea moldatu, eta landetxe bilakatu dute”.

Hiriko jendearentzat, hain zuzen ere, asteburua edo oporrak pasatzeko tokia dira, neurri handi batean, Pirinioak. “Guri ongi iruditzen zaigu jendea honat etortzea asteburua pasatzera; baina kontuan hartu behar da gu hemen gelditzen garela haiek joaten direnean”.

Turismoaren esparrua bakarrik bultzatzeak ere ondorioak izan ditzakeela uste du Martinezek. “Turismotik bizi bagara, kontuan izan behar dugu gure herrietan kulturaren arloko eta bertze hainbat alorretako aldaketak gertatzen ahal direla”. Egungo testuinguruan “etorkizuna bermatzea” zaila dela erran du Martinezek, eta horrek eragiten dio tristura. “Izan beharko genuke aukera hemen bizitzeko, nahi dugulako, orekari eutsiz”. Parlamentariak Pirinioetara begira jarri nahi dituzte. Aurrera egiteko.

Beren bidezko defentsan

Beren bidezko defentsan »

Edurne Elizondo

Munduan egoteko modu bat da. Jarrera bat. Emakume gisa bizitzari aurre egiteko dugun tresna”. Horixe erran du Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Idoia Arraizak, autodefentsa feministari buruz. Antzeko hitzak baliatu ditu Maitena Monroy ekintzaile eta irakasle feministak ere: “Bizitzeko jarrera bat da, eta lotuta ekartzen du herritar gisa ditugun eskubideen defentsa”.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da gaur, eta indarkeria horrek egunerokoan erakusten dituen hamaika aurpegiak identifikatzeko eta haiei aurre egiteko tresna gisa autodefentsa feministak duen garrantzia nabarmendu dute Arraizak eta Monroyk, bai eta bertze hainbat talde feministatako kideek ere. “Ahalduntzea da”, erran dute Emakume Internazionalistak taldeko Hortensia Serranok eta Miriam Perezek. “Ekintzazko borroka politikoa da, ikuspuntu feminista batetik, emakumeek eta arauz kanpo dauden subjektu eta gorputzek sufritzen dituzten eraso sexisten aurka”, erantsi dute Farrukas kolektiboko kideek —eraso sexisten kontrako feminista autonomo, zalapartari eta erradikalek—.

Maitena Monroy duela ia 30 urte hasi zen autodefentsa feministako ikastaroak egiten. Urteotan guztiotan, Euskal Herriko 25.000 emakumek baino gehiagok parte hartu dute. Azaroaren 14tik, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta Nafar Lansareren eskutik, autodefentsa feministako trebatzaileentzako ikastaroan ari da Monroy, Burlatan, irakasle gisa.

Autodefentsa feministak, halere, herri mugimenduarekin du loturarik sakonena. Emakumeek emakumeentzat sortutako tresna da. “Azken helburua da indarkeria matxista eta indarkeria hori ekartzen duen ezberdintasuna hutsean uztea; urgentziazkoa da, berriz, emakumeei beren kontrako indarkeria mota guztiak identifikatzeko behar dituzten ezagutzak ematea, beren eskubideak urratzen dituzten egoera guztiei aurre egiteko gai izan daitezen”, azaldu du Monroyk.

“Eraso guztiei ezin diegu kolpe batekin erantzun”, nabarmendu du Arraizak. Autodefentsa feministako ikastaroak ere egiten ditu, eta argi utzi du eraso fisiko bati aurre egiteko gai izateko trebatzea baino anitzez ere gehiago dela. “Hilketak eta bortxaketak gertatzen direnean ateratzen da jendartea kalera, baina izozmendiaren tontorra dira halakoak; beste eraso askoz ere sotilagoak badira, eta egunero gertatzen dira, dela txiste bat, begirada bat, edo zuk esateko duzunari kasurik ez egitea, emakume zarelako”.

Ukabilkadak ez du balio bertze eraso mota horiei erantzuteko. Baina autodefentsa feministak baditu bertzelako tresnak ere: “Inportantea da autoestimua lantzea, bai eta emozioak eta gorputzaren jarrera ere. Nire gorputzarekin, ibiltzeko moduarekin edo nire ahotsaren tonuarekin lor dezaket eraso bati aurrea hartzea”.

“Funtsezko” bertze elementu bat jarri du Arraizak mahai gainean: “Emakumeon arteko elkartasuna. Ulertu behar dugu niri ez didatela eraso egiten bakarrik Idoia naizelako, baizik eta emakume naizelako, edo emakume gisa sozializatu naizelako”. Hau da, kolektibo bateko kide gisa egiten die eraso indarkeria matxistak emakumeei. “Subjektu hori indartzea inportantea da, sentitzea beste emakumeak nire aliatuak direla eta sare baten parte garela denok”. Segurtasunezko espazioak eta babesak sortzen dituztelako sare horiek, hain zuzen ere.

“Jazartzea ez da ligatzea”

Iruñeko eta, oro har, Nafarroako mugimendu feministak badaki sareak osatzea zer den. Elkar elikatzen dute mugimendu horretako parte direnek. Eta elkarlan horrek eman ditu hamaika fruitu. Besten esparruan, adibidez, nekez uler daiteke aurtengo Iruñeko sanferminetan gertatutako eraso sexistei emandako erantzuna, mugimendu feministak azken hogei urteotan egindako kanpainak kontuan hartu gabe. Aurten egindako elkarretaratze jendetsuak ez dira hutsetik sortu, eta atzean emakume anitzen lana dago. Eraso eta jarrera matxistak ere ez baitira egungo kontu, bakarrik.

Sanferminetan gertatzen ziren erasoekin “nazkatuta” zeudelako hasi ziren Emakume Internazionalistak taldeko emakumeak mugitzen, hain zuzen ere, 1996. urtean. “Itsasgarriak egin genituen Jazartzea ez da ligatzea leloarekin, eta tabernetako komunetako paretetan jartzen hasi ginen”, gogoratu du Hortensia Serranok. Hurrengo urtean kartelak prestatu zituzten; betiere, inoren izenean sinatu gabe. “Gure kanpainak beti izan dira irekiak, eta parte hartu duten emakume guztienak izan dira, ez talde batenak edo bertzearenak”, argitu du Serranok.

Kartelak egin zituztenean, tabernetako jabeekin hitz egiten hasi ziren emakumeak ere. “Eraso bat gertatuz gero emakumeak laguntzeko eskatu genien, musika kentzeko, erasotzailea kanporatzeko; nolabait, jarrera bat hartzea nahi genuen”, erantsi du Miriam Perezek. Hasierako urte haietan ezezkoak jaso zituzten, batez ere. Taberna horietan lan egiten zuten hainbat emakume zerbitzarik haiekin bat egin zuten arte. “Orain, gure kartelak, Gora Iruñea plataformako kideena eta udalarena daude tabernetan, baina hasieran gauzak ez ziren batere errazak”, gogoratu dute.

2000. urtean bertze urrats bat egin zuten, eta hasi ziren eraso sexisten aurkako pankartekin Alde Zaharreko balkoiak eta hiriko sarreretako zubiak apaintzen. Leloa indarkeria matxistaren aurkakoa izaten zen beti, baina behin baino gehiagotan amaitu zuten pankartek polizien esku, jartzen ari ziren emakumeak identifikatu eta gero.

Pankarta horiek eta eraso sexisten aurkako leloa duten sanferminetako zapiak indarkeriaren aurkako ikur bilakatu dira Iruñeko bestetan. “Iruñetik bertze hamaika herritara salto egin du kanpainak, gainera; hori izan da politena”, nabarmendu du Perezek. Prozesua bera “jardun politiko biziki interesgarria” izan dela erantsi du Serranok. “Hori da mugimendu feministaren ikurra”. Bilgune Feministak Gora Iruñea plataformaren bitartez besta feministen alde egindako lana ere nabarmendu dute emakumeok, bai eta Arraizak ere.

Urratsak egin ditu mugimendu feministak, baina sistema heteropatriarkala indar handiko arerioa dela nabarmendu dute emakumeok. Haren eragina, finean, egunerokoan islatzen da. “Emakumeok generoaren arabera gizarteratzen gaituzte, eta horretaz jabetzea funtsezkoa da. Kontuz ibiltzeko erran digute beti; beldurra eragin digute beti, gertatzen ahal zaigun guztia nabarmenduz. Hori atzean uzteko ordua da. Subjektu gisa agertu behar dugu, eta geure buruaren defentsan aritu”, erran du Monroyk.

Bidezko defentsaren ideia jarri du Arraizak ere mahai gainean. Eta agerian utzi ditu, oraindik ere, autodefentsa feministaren inguruan dauden erresistentziak. Sanferminetako erasoak eta haien aurrean herritarrek emandako erantzuna jarri du adibide. “Lortu dugu jaien testuinguruan gertatzen diren erasoak jendartearentzat kezka bilakatzea; baina erasoei erantzutea, oraindik ere, ez da bidezkotzat jotzen. Autodefentsa feminista ez da erabat bidezkotzat hartzen”. Emakumeek erantzuten dutenean, hain zuzen ere, “zigor soziala” jasaten dute. “Zalantzan jartzen da emakumearen kontaketa; erasoa bera jartzen da zalantzan, eta erantzuten duten emakumeak histerikotzat hartzen ditu jendarteak”.

Karrika hartu

Histeriko, feminazi… horrelakoak entzun dituzte behin baino gehiagotan Farrukas kolektiboko kideek. 2013. urtean sortu zuten taldea, Txantreako bestetan izandako eraso sexisten ondorioz. “Pilatutako amorrua askatzeko” modu bat izan zen, neurri handi batean, eta karrika eta espazio publiko guztiak berreskuratzeko eta okupatzeko helburua jarri zuten kideek mahai gainean. “Autodefentsa feministatik”.

Mugimendu feministaren indar hori ikusgarri bilakatu nahi izan zuten; indarra erakutsi; eta, horretarako, duela hiru urteko sanferminetan gaueko manifestazioa egin zuten, lehendabiziko aldiz, uztailaren 4an. Beltzez jantzita agertu ziren karrikan, aurpegia estalita, eta zuziak eskuetan. Beldurra aldez aldatuko dugu leloa bere egin zuten. “Asmo politiko bat dago horren guztiaren atzean; hemen gaudela erran nahi izan dugu, kalea, besta eta gaua gureak ere badirela; erantzuteko prest gaudela, geure burua defendatzeko prest”, azaldu dute.

Leloak berak “konfrontaziorako” asmoa duela argi utzi dute Farrukas kolektiboko emakumeek. “Gogoeta eta eztabaida bultzatu nahi dugu”, nabarmendu dute.

Urtero egin dute sanferminen aurreko manifestazioa; aurten, gainera, autodefentsa feministaren aldeko pankarta sartu zuten plazan txupinazoan. Jasotako erantzuna eskertu du kolektiboak. “Emakume gazte anitzek bat egin dute gurekin; gure batzarretan eta taldeetan aritzen ez diren emakumeak dira, baina lortu dugu haiekin lotzea. Ez dugu deus berririk asmatu, eta argi dugu mugimendu feministak aurretik egindako lanaren emaitza garela, baina uste dugu asmatu dugula gure borrokarako molde berriekin”, azaldu dute.

Autodefentsa feministatik abiatuta, indarkeriari buruz gogoeta egiteko beharra nabarmendu dute Farrukas kolektiboko kideek. “Kontuan hartu behar dugu, halabeharrez, amorrua edo sumina adierazteko aukera ukatu egin zaigula emakumeoi, historikoki, halakoek ez dutelako bat egiten feminitateari buruzko irudi hegemonikoarekin”. Ideia horri eutsi dio Monroyk ere, eta “emakumeon ikasitako babesgabetasuna” aipatu du: “Beldurraren ideia barruraino sartu digute, blokeatu arte”.

“Hiltzen gaituzte, egunero kolpatzen gaituzte, eta ez gara geure burua defendatzeko gai”, erantsi dute Farrukas taldeko kideek. Errealitate hori irauli behar dela zalantzarik ez dute. “Autodefentsari zilegitasuna emateko ordua da”.

Erakundeek jokatzen duten rolari buruz ere errateko anitz badela azaldu du Monroyk. “Sistema patriarkalaren parte” direla gogoan izateko beharra nabarmendu du, batetik. Bertzetik, erakundeon betebeharra “emakumeen eskubideak” defendatzea dela zehaztu du, “ez emakumeak”. Praktikan, tratu txarrak jasan dituzten emakumeen kasuan, adibidez, erakundeen babesak emakumeen kontrola ekartzen duela gaineratu du Monroyk.

Arraizak argi du iraultza ez dela erakundeetatik etorriko. “Huts egin dutela esan baino, egin dezaketenari buruz esperantza gehiegi izan dugula esan beharko genuke, nire ustez”.

Farrukas kolektiboko eta Emakume Internazionalistak taldeko kideek argi dute mugimendu feministari dagokiola protagonismoa, eta erakundeen eginbeharra dela mugimendu horrekin bat egitea, eta babestea. “Herri mugimenduek egin ezin dezaketena egin beharko lukete erakundeek”, erran du Serranok: “Hitzaldiak eta manifestazioak antolatzeko, hemen dago mugimendu feminista; erakundeek egin ditzatela emakumeak hartzeko zentroak, adibidez”.

Ahalduntzeak duen garrantziari heldu dio Serranok, berriz ere. Bat egin dute Farrukas kolektiboko kideek. “Elkarrekin aritzen garenean indar handia dugu; ahaltsuak gara”. Kolektiboak duen indarra berretsi du Monroyk ere. “Bat ukitzen dutenean guztiok ukitzen gaituztelako; guztioi eragiten digulako baten aurkako indarkeriak”.

Kolektiboa osatzea da autodefentsa feministaren bidea. Denen indarra batzea. Talde gisa aritzea. Emakumeak beren buruaren bidezko defentsan aritzea. Erantzutea.

Ikusgai bilaka daitezen

Ikusgai bilaka daitezen »

Kattalin Barber

Ikusezinak zirenak ikusarazi nahi izan dituzte. Inork ez dezala esan existitu ez zirenik. Horixe izan da Rosa eta Ana Izizen lana, eta bost urteko ikerketaren emaitza jaso dute La historia de las Mujeres de Euskal Herria (Euskal Herriko Emakumeen Historia) liburuan. Hutsunea betetzera dator liburua: “Orain arte ez da egon Euskal Herriko emakumeen historia aztertu duen ikerlanik. Mendez mende kualitatiboki asko aldatu da haien egoera”, azaldu du Rosa Izizek. Txalaparta argitaletxeak beste bi liburuki kaleratuko ditu gaiaren inguruan.

“Lan berritzailea da gurea, eta beharrezkoa ikusten genuen”, jarraitu du Ana Izizek. Lehenengo liburuki honek, beraz, Euskal Herriko emakumeen egoera, pentsaera, itxaropenak eta beldurrak jasotzen ditu. Idatzita ez zegoena idatzi dute Iziz ahizpek. “Harrigarria dirudien arren, Euskal Herriko emakumeak pentsatzen genuen baino askeagoak ziren XV. mendera arte”, adierazi du Rosak. “Emakumeak ahalduntzeko gure alea jarri nahi izan dugu liburu honekin. Oraindik ere matxismoa presente dago gure bizitzan, eta atsedenik gabe borrokatu behar dugu benetako berdintasunera iritsi arte”, erantsi du.

Historialaria da Rosa; zuzenbidean lizentziaduna, berriz, Ana. Ez da lehenengo aldia Iziz ahizpek elkarrekin liburu bat argitaratzen dutena. 2011n argitaratu zuten, adibidez, Los Aibar, linaje de Reyes liburua, eta hainbatetan kolaboratu dute elkarrekin. Ikerketa etnografikoak eta historikoak aurrera eraman dituzte askotan. Horietako ikerketa batean konturatu ziren emakumeek ez zutela tokirik kargu publikoetan, eta gehiago aztertzea otu zitzaien: “Emakumeek eremu pribatuan utzitako aztarnak aztertu nahi izan ditugu”, esan du Ana Izizek. Euskal Herriko udal arautegi eta prozesu zibiletan hasi ziren bilatzen. Eta materiala bazegoen, aurkitzea asko kostatu zitzaien arren: “Emakumeak beti agertzen dira gizonaren itzalean: Urliaren emaztea edo Urliaren alarguna… Izen-abizenik gabe”.

Erreginei eta printzesei buruzko bizitza alde batera utzita, Iziz ahizpek eguneroko Euskal Herriko herrietako emakumeen bizitza nabarmendu nahi izan dute. “Orduan konturatu ginen emakumeek ere gizonekin lan egiten zutela, esaterako, nekazaritzan, merkataritzan, oihalgintzan eta baita zubi, harresi edota gazteluak eraikitzen ere”, azaldu du Rosa Izizek.

Garai hartako bizi baldintzak “negargarriak” ziren arren, bai emakumeak eta baita gizonak ere orain baino askoz “promiskuoagoak” zirela jakinarazi du Rosak. “Orekarien sokan bizi ziren; hori dela eta, egunean bizi nahi zuten”, adierazi du Anak. Elizgizonak “normal-normal” ezkontzen ziren, eta seme-alabak izaten zituzten. 1564. urtera arte iraun zuen horrek. Orduan, Eliza katolikoak arau zorrotza eta murriztailea ezarri zuen. “Emakumeen jarduera erabat murriztu zuen horrek”. Orduan, emakumeek etxean bakarrik lan egiten zuten: iruleak, ehuleak, josleak eta emaginak ziren.

Atal berezia du liburuan orduko janzkerak. “Bakarrik emakumeen jantziei erreparatuz jakin dezakegu nongoa zen andrea edota pobrea edo aberatsa zen”, azaldu du Anak. Adierazi duenez, oihalaren formak eta oihal motak aberats eta pobreen artean bereizten zituzten emakumeak. Neskamea, alarguna ala dontzeila zenik jakin dezakegu jantzien luzera, zeramaten eskotea edo oihalaren koloreak erreparatzearekin bakarrik. Jatorria ere desberdindu daiteke, eta emakume juduak, musulmanak, prostitutak edota agoteak horrela bereizten ziren. “Eta, hain justu, hauek izan ziren Euskal Herrian gehien baztertu zituzten emakumeak: juduak, ijitoak eta agoteak”, adierazi du Anak.

Sei gai nagusi ditu Iziz ahizpen liburuak: Historiaurrea eta erromanizazioa; Erdi Aroko feminitate ideala: misoginia; Erdi Aroko emakumeen legeria. Emakumeak foruetan; Erdi Aroko emakumeen eguneroko bizitza; Sorgintza. Pertsekuzioa eta prozesu inkisitorialak, eta Emakumeen jantziak Erdi Aroan. Testua irudiekin lagunduta dago. 600 argazki baino gehiago bildu dituzte egileek lehendabiziko liburukian, hain zuzen ere.

Izena dutenak, izengabe

Testuan kabida dute hainbat eta hainbat emakume izengabek. Haien bizitza eta historiak aurkitu dituzte artxiboetan, eta ez dituzte ahaztu nahi izan. “Lan zaila izan da, oro har emakumeek ez zutelako bizitzarik politikan, kulturan eta ezta gizartean ere. Ia arkeologia lana izan da. Epaiketako prozesuetan informazio asko aurkitu dugu, eta emakumeak lekukoak izan direneko informazio interesgarria aurkitu dugu”, azaldu du Rosa Izizek.

Emakume izengabeak eta izendunak agertzen dira liburuan. Kapituluz kapitulu, Euskal Herriko hainbat emakumeren bizitzak tartekatu dituzte, Badostaingo Katalina, Katalina Erauso moja eta Maria Estibaliz de Sasiola idazlea kasurako.

Iziz ahizpek kaleratu dutena trilogiaren lehendabiziko zenbakia da. Hurrengoa martxan dago, eta Charo Roquerok hartu du ardura. Historia de la prostitución de Euskal Herria (Euskal Herriko prostituzioaren historia) idatzia du aurretik, eta oraingoan XVII. eta XVIII. mendeak hartuko ditu ardatz. Hirugarren liburukia, berriz, Iziz ahizpek eginen dute, eta XIX. mendea izanen dute aztergai lan horretan. Ahizpek ez dute alboratu laugarren liburukia egitea, Euskal Herriko emakumeen historia osatu ahal izateko.

“Etorri gurekin karrikara”

“Etorri gurekin karrikara” »

Edurne Elizondo

Erantzunik jaso ez duten galderak nagusi dira, oraindik ere, Elhadji NDiaye senegaldarraren heriotzaren inguruan. Joan den astean zendu zen, urriaren 25ean, Espainiako Poliziaren esku. Erakunde horrek berak eman zuen heriotzaren berri. Chinchilla karrikako beren egoitzan hil zela erran zuten poliziek; ziegara eramateko zain eserita zegoela, arnasa ez zuela hartzen konturatu zirela. Biharamunean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak zabaldu zuen autopsiak ez zuela indarkeria zantzurik aurkitu. Azken egunotan, halere, gizona Arrotxapea auzoan atxilotu zuten uneko hainbat bideo agertu dira sare sozialetan, eta, hainbat lekukoren hitzek lagunduta, zalantzan jarri dute bertsio ofiziala, datu askorik ez baitu jasotzen.

Nafarroako Parlamentuak eta Iruñeko Udalak azalpenak eskatu dizkiote Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Carmen Albari. “Kezka” agertu dute erakundeok, gertatu denari buruz, eta “argitzeko” eskatu dute. Gertatu dena argitzea nahi dute, halaber, Elhadji NDiayeren herrikideek. Manifestazioa antolatu zuten larunbatean, Iruñean, Black lives matter (beltzen bizitzak axola du). Bizitza da handiena lelopean, eta karrikan agertu zuten beren mina, eta, batez ere, beren amorrua. Protestan parte hartu zuen Beltxak. “Aski da! Ezin dugu horrela jarraitu. Ezin gaituzte horrela tratatu”. Ahotsa urratu zaio herrikidearen heriotzari buruz mintzatu denean. “Egunero ari dira gure kontra. Gertatu dena salatzen ari gara, eta poliziak ditugu atzetik. Baina ez gara isilduko”.

Esaldi motz batean laburbildu du Beltxak euren egoera: “Afrikaren arazo nagusia Mendebaldea da; herritarren %95 baino gehiago arrazistak dira, eta poliziak ere bai. Gaizkile bagina bezala egiten digute so”. Arbuioa sentitzen dute. Bakarrik daudela. Manifestazioan bakarrik direla sentitu zuten senegaldarrek. Bakarrik sentitzen dira, egunero. Iruñeko biztanle guztiei eskatu die Beltxak haiekin bat egiteko. “Benetan berdintasunean sinisten badute, etor daitezela gurekin karrikara”.

Informaziorik ez

“Gardentasunik eza izan da nagusi hasieratik; zurrumurruak zabaldu dituzte, informazio argirik eta zehatzik eman gabe”, salatu du SOS Arrazakeria eta Paperak Denontzat taldeetako kide Beatriz Villahizanek. Beltxak gehiago erran du. “Hainbat mediotan hildakoa bilakatu nahi izan dute errudun. Beltzak kriminalizatu nahi gaituzte”.

Elhadji NDiaye atxilotzeko arrazoiak ez dira argi. Arrotxapean geldiarazi zuten Espainiako poliziek, motorrean zihoala. Hainbat herritarrek egindako bideoetan lurrean agertzen da gizona, eta haren gainean hainbat polizia. Mugitu ere ezin zen egin. “Antza, hamar polizia behar dira beltz bat menderatzeko”, salatu du Beltxak. “Motorraren gainean ongi zegoen; ordubete luze pasatu eta gero, hilik zen. Karrikan hil zen. Ez zen poliziaren etxean hil. Han zirenek argi dute hori”. Hainbat lekukoren arabera, hain zuzen, Elhadji NDiaye “konorterik gabe” eraman zuten poliziek Arrotxapetik beren egoitzara.

“Gertatu denak agerian utzi du polizia eredua eta polizien lan egiteko moduak aldatu behar ditugula Iruñean eta Nafarroan. Ezin dugu onartu, gaur egun, aldaketaren garai honetan, heriotza bat gertatzea polizia etxe batean, eta benetan jazo denaz ia informaziorik ez izatea”. SOS Arrazakeriako kide Natalia Nilorenak dira hitzak. Poliziaren jarduera zalantzan jarri du, baina testuinguru zabalago bat eman nahi izan dio gertatu denari. “Hemen pertsona guztien eskubideak ez dira errespetatzen; ezta onartzen ere”.

Migratzaileei buruz ari da Nilo. Hamaika arrazoik bultzatuta, Elhadji NDiayek bezala, beren sorterria utzi eta honat etorri direnak. “Migratzea denok dugun eskubide bat baita”, nabarmendu du Nilok. “Gure bizilagunak dira, hiria partekatzen dugu, baina haien egoera administratiboak egunerokoa markatzen die. Poliziaren jazarpena sufritzen dute. Hori errealitate bat da Iruñean, bai eta Nafarroako bertze hainbat hiritan ere”.

“Zigorgabetasun esparruak badaude; paperean, denak berdinak gara legearen aurrean, baina errealitatea bertzelakoa da. Migratzaileek eta haiekin lanean ari direnek egunero sufritzen dute errealitate hori. Bertzeontzat, Elhadji NDiayeren heriotzaren gisako gertaerak jazotzen direnean lehertzen da, gure begien aurrean, errealitate hori. Tristea da”, gaineratu du Sare Antifaxistako Eduardo Gonzalezek.

Estereotipoek eta aurreiritziek gizartean duten indarra agerian utzi du Villahizanek. “Putzu batean dagoen lokatzaren gisakoak dira estereotipo eta aurreiritzi horiek; putzuaren beheko aldean egon ohi da beti, baina, tarteka, norbaitek ura mugitzen du, eta putzu osoa uhertu egiten da”.

Ura mugitzen ez denean ere, lokatza hor dago. Horixe nabarmendu du SOS Arrazakeria eta Paperak Denontzat elkarteetako kideak. Hau da, egunerokoan arazo larriak gertatzen ez direnean ere estereotipoek indarrean jarraitzen dutela. “Errotuta dago, adibidez, migratzaileak eta ijitoak delinkuentziarekin lotzen dituen estereotipoa”.

Horren atzean “asmo garbi bat” badela nabarmendu du Villahizanek. “Finean, halako estereotipoek lortzen dutena da gure eta bertzeen arteko aldea zehaztea. Hau da, ez ditugu bertze horiek gure kidetzat hartzen, ez ditugu gure talde berekotzat hartzen”. Halako egoeren aurrean egoera administratibo irregularra duten migratzaileak “ikusezin” bilakatzen direla gaineratu du Villahizanek. Hori da aurrera egiteko erabiltzen duten estrategia.

Migratzaileen eguneroko errealitate horrek hainbat esparrutan badu eragina. “Erakunde publikoek duten ardura agerikoa da”, erran du Nilok. Arlo horretan, “erroko arazo nagusietako bat” da migratzaile anitzek Nafarroan botoa emateko eskubiderik ere ez dutela, SOS Arrazakeriako kideak nabarmendu duenez. “Hori kontuan hartuta, nork eginen ditu legeak botoa ematerakoan ikusezin bilakatzen den sektore baten eskubideen alde?”, galdetu du Nilok. Abiapuntuan “desoreka handia” dagoela erantsi du. “Batzuen eskubideak onartu ere ez ditugulako egiten”, berretsi du.

Nilorekin bat egin du Villahizanek. Gehiago erran du: “Agerikoa eta oinarrizkoa bada ere, errepikatu behar dugu, behin eta berriz, eskubideak denontzat ez badira, pribilegio bilakatzen direla. Onartu behar dugu gaur egun pribilegio sistema bat dugula, eta horiek lortu ditugula bertzeak zapaltzen. Bada garaia pribilegio horiek bazter uzteko, suntsitzeko. Eskubideak eraikitzen hasi behar dugu”.

Erakunde publikoen agendaren erdigunean jarri nahi dute auzia SOS Arrazakeriako kideek. Baina gizarte mugimenduetatik ere zer egin eta zer hobetu badela nabarmendu dute. Autokritikarako beharra jarri dute mahai gainean. “Gure ehun sozial eta politikoan ia ez dago militatzen duen migratzailerik. Horrek ez du deus onik erraten gure ehun sozial eta politikoari buruz; agerian uzten du huts egiten ari garela, zerbait gaizki egiten ari garela”, erran du Nilok.

“Nire ustez, langile prekarizatuenen egunerokotik aldendu egiten dira gure gizarte mugimenduak”, erantsi du SOS Arrazakeriako kideak. Argi du bertzeen eskubideez hitz egiten dugunean diskurtsoak huts egiten duela. “Ez garelako sarea osatzen ari berdintasunean. Zuriek ezin dute beltzen eskubideen inguruko diskurtsoa eraiki; gizonek ezin dute emakumeena osatu. Elkarrekin eraiki behar dugu, berdintasunetik abiatuta”.

Baikor izateko “zirrikituak” badirela erantzun du Villahizanek, halere. “Hipotekek kalte egindakoen plataformetan erabat murgildu dira migratzaileak; etxeko langileek elkarteak osatu dituzte; eta kale saltzaileek ere sindikatua osatu dute”. Talde horiek guztiak batzen dituen ezaugarria zein den argitu du Nilok: “Horietan guztietan protagonistak dira taldeotako ardatz; hau da, ez du inork haien ordez hitz egiten. Haiek hartu dute hitza”.

Kide bati entzundako adibidea gogoratu du Nilok. “Kontua da denok txalupa berean garela konturatzea. Gauza da batzuek arrauna badutela, baina bertze batzuek ez. Denok txalupa berean garela onartzen badugu, ordea, denok arraun egiteko gai garela bermatu beharko dugu, aurrera egiteko”. Gizarteak migratzaileak biktimatzat edo gaizkiletzat jotzeko duen joera salatu du Nilok. Eta “elkarrekin eraikitzeko” beharra berretsi du.

Antzeko ideia nabarmendu nahi du Beltxak, herritarrak bat egitera deitzen dituenean. Karrikan egoteko urratsa egin dute egunotan senegaldarrek, hitza hartu dute beren eskubideen alde, eta argi erran diete iruindarrei: “Etorri gurekin karrikara”.

Elhadji NDiayeren heriotzak eragindako hamaika galderek erantzunik gabe jarraitzen dute, oraindik ere. Lerrook idatzi bitartean, hain zuzen, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Carmen Albak ez du azalpenik eman Espainiako Poliziaren esku zegoen senegaldarraren heriotzari buruz.

“Ez da gertaera puntual bat; gardentasunik eza erabatekoa izan da”

“Ez da gertaera puntual bat; gardentasunik eza erabatekoa izan da” »

E. Elizondo

Abokatua da Libertad Frances, eta duela hamar urte inguru bat egin zuen Salhaketa taldearekin. Nafarroako koordinatzailea da egun. Polizia etxe, espetxe eta gisako zentroetan dagoen gardentasunik eza salatu du, eta halakoetan eskubideen urraketa uste baino larriagoa dela utzi du agerian. “Ez dira gertaera puntualak”.

Pertsona bat hil da Espainiako Poliziaren esku zegoela Iruñean. Zer deritzozu gertatu denari?

Batetik, informazio urria dugu benetan gertatu denari buruz. Bertzetik, argi gelditu da, bertze behin, halakoak gertatzen direnean joera dela ezkutatzea. Gardentasunik eza erabatekoa izan da. Erakutsi nahi dute gertaera puntual bat dela, baina errealitatea bertzelakoa da.

Uste baino maizago gertatzen dira horrelakoak edo gisakoak?

Kasu honetan pertsona bat zendu da. Ondoriorik larriena da, baina bertze kasu anitzetan ere urratzen dira pertsonen eskubideak. Legez kanpokoak diren atxiloketak gertatzen dira; tratu txarrak gertatzen dira espetxeetan… Halakoak ez dira gertaera puntualak.

Kontua da benetan ez dakigula zer gertatzen den. Ez dakigu zer gertatzen den polizia etxe, espetxe eta atzerritarrentzako edo adingabeentzako zentroetan. Kartzelak, adibidez, hiriguneetatik kanpoko aldera atera ditugu. Hor gertatzen dena ikusezin bilakatzen da gizartearentzat. Erakundeei interesatzen zaie ezartzen duten gardentasun gabezia hori, eta horrek erran nahi du hor dauden pertsonen eskubideen urraketa uste dugun baino larriagoa izan daitekeela.

Halakoak salatzea ere ez da erraza izanen, ezta?

Ez, hagitz zaila da. Finean, espetxeko ziegaren atea irekitzen dizunaren aurkako salaketa jarri behar duzu. Salaketa horrek izan ditzakeen ondorioen beldur dira barruan direnak, noski. Salhaketa Torturari Aurrea Hartzeko Koordinakundeko kide da, eta erakunde hori saiatzen da espetxe barruan gertatzen ahal diren eskubide urraketen erregistro bat egiten. Erran nahi dudana da salaketaren bide bakarra ez dela esparru judizialarena. Halako informazioa gure esku egotea ere bada garrantzitsua argi uzteko gertatzen ari dena ez dela zerbait puntuala.

Zer dakizue Iruñeko espetxe barruko errealitateari buruz?

Espetxe berria zabaldu zutenetik, pertsona batek bere buruaz bertze egin du, eta, gutxienez, berezko heriotza bat gertatu da. Berez hil arren, argi dugu erakundeak ere baduela ardura bat. Suizidioei aurrea hartzeko protokoloaren arabera, adibidez, preso baten esku uzten da bertze bat zaintzeko ardura. Espetxeak preso horren esku uzten du berea den ardura, alegia. Bertzalde, egunerokoari buruz, presoek salatzen dute, batez ere, egiteko deus ez dagoela.

Tailerrak egiteko aukeraz ari zara?

Bai. Presoek ez dute aukera hori. Espetxe berrian, gainera, presoek agerian utzi dute hezitzailearekin edo gizarte langilearekin egoteko prozesua zaildu egin dutela. Egia da kartzela berriaren erdia ere ez dagoela martxan, eta han diren pertsonen kopurua kontuan hartuta, 350 inguru guztira, espetxe txikia dela, oraindik ere. Baina lehen zegoen kopuruak %30 egin du gora, eta profesionalena, berriz, ez da aldatu.

Zer-nolako erantzuna ematen du gizarteak espetxe barruko errealitatearen aurrean?

Espetxeari bizkarra emanda bizi gara. Gogoeta egin beharko genuke ongi aztertzeko jendea zergatik dagoen espetxean, eta zergatik zigortzen diren espetxearekin hainbat jarduera, eta bertze hainbat ez. Kartzelako errealitatea ikusezina da, oraindik ere, eta estigma handia dago.