“Osasunbideko buruek ez dute inolako planifikaziorik” »

Jon Apalategi (Ikaztegieta, 1957) familia medikua eta ELA sindikatuko kidea da. Iturramako osasun etxean lan egiten du. Osasunbideak egiten dituen politikak salatzeko sartu zen duela urtebete Nafarroako Osasun Plataforman. Egun, plataforman bat egiten dute hainbat sindikatuk, gobernuz kanpoko erakundek, gizarte mugimenduko kolektibok eta gaixo elkartek. Euren helburua: “Osasun sistema publikoaren aurkako erasoaren inguruko iritzi kritikoa sortzea eta gizartea mobilizatzea”. Hileko azken asteazkenean elkarretaratzea egiten dute osasun etxeen aurrean, eta laster mobilizazio handi bat ere iragarri dute.

Nola sortu zen Nafarroako Osasun Plataforma?

Ni duela urtebete hasi nintzen plataformarekin lan egiten. Baina eragilea duela bi edo hiru urte sortu zuten, Osasunbidean pribatizazioak egiten hasi zirenean. Mobilizazioak egiteko elkarlana beharrezkoa zela ikusi zuten zenbait eragilek. Beraz, hainbat profesionalek, auzo elkartek, herritarrek eta gaixo elkartek bat egin eta sortu zuten Nafarroako Osasun Plataforma, osasun zerbitzu publikoa, unibertsala eta eraginkorra aldarrikatzeko.

Zein taldek osatzen duzue plataforma?

Bi astean behin elkartzen gara. Talde mordoa ari gara lanean: besteak beste, ELA, LAB, CGT, Solidari eta CCOO sindikatuetako kideak; Munduko medikuak, SOS arrazakeria, Paperak Denontzat eta beste hainbat gobernuz kanpoko erakunde; eta langile kaltetuak, hala nola ospitaletako sukaldeetako langileak eta garbiketako langileak, baita zenbait auzo eta gaixo elkarte.

Zein gai nagusi lantzen ditu plataformak?

Nafarroako Gobernua aurrera eramaten ari den politika neoliberala da arazo nagusia. Guk osasun sistema publikoaren aurkako erasoaren inguruko iritzi kritikoa sortzea eta gizartea mobilizatzea nahi dugu. Era berean, eraso horien jatorria, eragina eta ondorioak azaltzea beharrezkotzat jotzen dugu.

Azken urtean, zein borroka eraman dituzue aurrera?

Landa eremuko larrialdi zerbitzuei buruz egin den planaren aurka egin dugu. Hainbat udalerrik bultzatutako herri ekinbide legegilearekin bat egin dugu, gure iritzia emanez. Aurreko planaren okerrak mahai gainean jarri genituen, eta ekinbide legegilea parlamentura heltzeko lagundu dugu; han eztabaidatzeko. Duela urtebete, gobernuak oinarrizko arreta eta larrialdiko etengabeko arretari buruzko plana aurkeztu zuen. Plan horren arabera, landa eremuko hainbat arretagune itxi behar zituzten. Horrek larrialdietako zerbitzuak hainbat herritarrengandik urruntzea ekarriko du.

Horrez gain, abortuaren legearen aurka hainbat agiri eta mobilizazio egin ditugu. Baita pribatizazioen eta murrizketen aurka ere. Horrekin batera, hainbat osasun etxeetan murrizketen kontra egin diren ekinbideak batzen saiatu gara, arlo guztietan eragin baitute gobernuaren neurriek.

Aurreko astean salatu zenuten itxarote zerrendekin arazo larriak daudela. Zergatik gertatzen da hori?

Itxarote zerrenda luzeak egoteak agerian uzten du desoreka handia dagoela Osasunbidearen eskaintzaren eta herritarren eskariaren artean. Osasunbideak eskaintzen dituen zerbitzuetan murrizketak izan dira arlo guztietan: aurrekontuan, langileetan, azpiegituretan eta tresnerian. Iruñerriko ospitaleen kasuan, berrantolaketa egin eta bi ospitale nagusiak batu zituzten. Horrek hainbat solairuren eta ebakuntza gelaren itxiera eragin du. Ustez, Ubarmin klinika erabiliko zuten itxitako guneak ordezkatzeko, baina ez da horrela gertatu.

Gobernuak aurrekontua murriztu baino ez du egin, planifikaziorik gabe. Hainbatetan, langileak gaixoaldian daudenean edo erretiroa hartu dutenean ez da beste langilerik kontratatu. Beraz, pixkanaka-pixkanaka jendea itxarote zerrendetan pilatuz joan zaie, eta zerbitzu pribatuetara bideratu dituzte gaixoak. Horrez gain, uste dugu probak eta espezialisten kontsultak ondo kudeatu behar direla. Zerrendak egiteko orduan gaixotasunen larrialdiari, gaixoen egoera sozioekonomikoari, adinari eta beste hainbat parametrori kasu egin behar zaie.

Traumatologiako itxarote zerrendetan pilatu da gaixo gehien. Aurreko astean traumatologia zerbitzuburua aldatu zuten. Zure ustez, horrek aldaketarik ekarriko al du?

Traumatologoek hobeto ezagutuko dute egoera, baina nik uste dut zerbitzuburu bat aldatzeak ez duela aldaketa handirik ekarriko. Baliabideak eta profesionalak behar dira. Gobernuak apustu garbia egin du osasun zerbitzu publikoa ahultzeko. Eurek argi eta garbi esaten dute arlo publikoa txikitu behar dela. Hori bai, gero baliabideak arlo pribatura bideratzen dituzte, adreilu eta porlanaren negozioetara. Duela urte batzuk, itxarote zerrendetan jende gutxiago egoteko hainbat langilek arratsaldetan lan egitea onartzen zuten, aparteko ordainsariak jasoz. Baina ekintza sindikalak aukera hori bertan behera utzi zuen. Beraz, gelditzen zaien aukera da profesional gehiago kontratatzea, azpiegiturak ondo erabiltzea eta ebakuntza gelak irekitzea. Hau da, beharrezkoak diren langileak eta zerbitzuak izatea. Baina ez dute egiten.

Itxarote zerrendetan jende gutxiago egoteko, sektore pribatura bideratu dituzte hainbat gaixo. Hori ez al da garestiagoa?

Gaixoak arlo pribatura bideratzeak planifikazioa eskatzen du. Osasunbideko buruek ez dute inolako planifikaziorik. Gaixoak arlo pribatura bideratzen direnean, administrazioak argi izan behar du horrek zer kostu izango duen. Egoera berezietan eta denbora tarte jakin batean baino ezin daiteke hori egin. Adibidez, demagun ospitaleko solairu bat berritzen ari direla eta hainbat zerbitzu eten egin behar dituztela, horrelako kasuetan zilegi da gaixoak arlo pribatura bideratzea. Baina ez da hori gertatzen dena. Pribatura gehiegi jotzen da. Ez da normala ebakuntza gela berria egitea eta tresnak enpresa pribatu bati alokatu behar izatea.

Naturaren kontra murrizten »

Ingurumen hezkuntzaren alde. Ez itxi Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroa (NIABZ), dio pankartak. Atzean, zentroko langileak daude, Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiaren aurka protestan; izan ere, zerbitzua bertan behera utziko duela ira…

Hau ez da gertatuko »

Aldatuko dituzte. Nafarroako eremu mistoan egonik hizkuntz eredu bakarra duten ikastetxe publikoak aldatuko dituzte, eta, 2014-2015 ikasturtetik aurrera, ikastetxe horietan ez da eskainiko eredu bakarra. Horixe iragarri zuen atzo Jose Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak.

Iragan urtarrilaren 9an onarturiko mozio baten bidez, Nafarroako Parlamentuak gobernua premiatu zuen “ikastetxe publikoetan elkarrekin bizi daitezen hizkuntza eredu ezberdinak egoki diren prozedurak taxutu ditzan”. Ezkerra taldeak aurkezturiko mozio haren alde talde guztiek bozkatu zuten, Bilduk eta Aralar-NaBaik izan ezik.

Iribasek atzo azaldu zuen mozio horri “albait azkarren” erantzuten saiatu direla eta hartara datorrela Iruñerriko eskola mapa arras aldatuko duen neurri hau. “Aldaketa honi esker zuzenduko ditugu politika segregatzaileak, irakaskuntza hizkuntza ofizial batean ala bertzean jasotzeagatik ikasleen artean hezkuntza nahiz bizikidetasun esperientziak trukatzea eragotzi dutenak”.

“Bi ikasturtetan eginen dugu aldaketa”, gaineratu zuen Iribasek. “Hurrengo ikasturtean, Iruñerriko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak aldatuko ditugu. Eta, 2015-2016 ikasturtean, Lehen Hezkuntzakoak”. Gobernuak ez ditu gaztelaniazko ikastetxeak eredu bakarrekotzat jotzen, halakoetan, G eredua ez ezik (gaztelaniaz bakarrik), A eredua ere baitago (gaztelaniaz, euskara irakasgaiarekin). Hortaz, horiek ez ditu aldatuko. Hizkuntz eredu bakarra eskaintzen dutenak aldatuko ditu; hau da, D eredu hutsezko ikastetxeak.

Iruñeko Biurdana, Eunate eta Iturrama; Burlatako Askatasuna; eta Barañaingo Alaitz. Horiexek dira hurbilen ikasturtean aldatuko dituzten institutuak. Horietan, G eta A ereduko ikasleak sartuko dira 2014ko irailean. Iribasen erranetan, “parlamentuaren gehiengo zabal batek” babestu zuen bide hori, “muturreko abertzaleak” bakarrik agertu baitziren kontra. “Guri, gobernuari, parlamentuak eskaturikoa betetzea bertzerik ez zaigu gelditzen. Are gehiago halako kontuetan, gizarte kohesioa eta elkarbizitza jokoan daudenetan”.

Iribasek atzo iragarritako aldaketak ikasleei eraginen die, baina baita ikastetxe horietako lan funtzionamenduari ere. Hala, Iribasek argitu zuenez, hurrengo astean gobernuak foru dekretu bat onartuko du irakasleak ez diren langileen euskara eskakizunak kentzeko. “Orain arte, institutu horietan lan egiten zuten atezainek, bulegariek, mantentze lanetarako langileek eta gizarte hezitzaileek euskaraz jakin behar izaten zuten. Hemendik aurrera ikastetxe horietan eredu guztiak egonen direnez, langileei ez zaie euskara nahitaez eskatuko, hori egiteak euskaraz ez dakitenak diskriminatzea ekarriko lukeelako”.

Parlamentuko mozioaren kontra bozkatu zuten taldeek gogor gaitzetsi dute UPNren erreforma, haien aburuz euskarazko murgiltze eredua “goitik behera deseginen baitu”. Mozioaren alde bozkatu zutenek, berriz, txalotu egin dute egitasmoa. Geroa Baiko bi parlamentariek izan ezik. Haiek mozio haren alde bozkatu zuten, baina ez dute “begi onez” ikusi gobernuaren erreforma. “D eredua ikastetxe guztietara zabaldu nahi genuen, ez D ereduko murgiltze eredua desegin”. Aipaturiko institutuetako irakasleen eta langileen artean kezka da nagusi, hizkuntz ereduak nahasteak nabarmen murriztuko baititu euskaraz lan egiteko eta bizitzeko aukerak.

Ingurumen heziketa “eraistea” egotzi diote gobernuari »

“Ironikoa da Ingurumen Heziketaren Nazioarteko Eguna ospatzen den astean gobernuak NIABZ Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroaren fundazioa ixtea”, azaldu dute fundazioko langileek. Urtarrilaren 22an Nafarroako gobernu kontseiluak bere ardurap…

“Kazetaritzan ez dago politika baino gauza aspergarriagorik” »

“Gure lanbidea ez da perfektua, ezta gutxiago ere, baina gustuko baduzu jendearekin harremanetan egon eta pil-pilean dauden gauzen gainean egotea, primerakoa da”, horrela dio Bingen Amadoz kazetariak (Murillo el Cuende). Erretiro aurreratua hartu du abenduan, baina ez du geldirik egoteko intentziorik. “Bidaiatzea asko gustatzen zait, baita irakurtzea eta idaztea ere. Mintzaidea ere banaiz. Gauza asko egin daitezke bizitzan, eta segituko dut hori guztia egiten”. Kazetari moduan, denetarik egin du Amadozek. Azken urteak kultura albisteen berri emanez igaro ditu, baina urte mordoa aritu da gizarte gaiak jorratzen.

Ofizio guztietan bezala, badaude alde onak eta alde txarrak. Amadozek denetarik egin du, eta kasu gehienetan gustura ibili da. Hala ere, badago bereziki gustatzen ez zaion gai bat: politika. “Kazetaritzan ez dago politika baino gauza aspergarriagorik. Batek esaten duena zabaldu, bestearen erantzuna jaso… joko baten pieza bezala sentitzen zara askotan”, azaldu du Amadozek.

“Nik ez nuen kazetaritza aukeratu, esan daiteke kazetaritzak ni aukeratu ninduela”. Kazetaritza ikasketarik gabe, Iruñeko Herri Irratian lan egiteko oposizioa pasatu zuen 1968. urtean. “Esatari bezala hasi nintzen, eta ofizioa ekinaren ekinez ikasi nuen”. Urte batzuk geroago, 1982an, Euskadi Irratia sortu zen, eta Amadoz bertan hasi zen lanean. Geroztik, hamaika zeregin izan ditu irrati publikoan. Albistegietan urteetan jardun da, eta azken urteak kulturan eman ditu. Azken urteetako lanaz oso oroitzapen ona du Amadozek. Sortzaileekin harremanetan egoteak, zer pentsatzen duten jakiteak asko bete du Amadoz. “Nik uste dut alor guztietan topa daitekeela jende interesgarria, baina sortzaileak dira niri gehien interesatzen zaizkidanak. Haiekin harremanetan egotea eta hitz egitea. Zer pentsatzen duten jakitea, zer egiten duten, hori guztia zoragarria da”, azaldu du.

Kazetaritzak, munduan denak bezala, momentu gaziak eta gozoak ditu. Une gozoak egunero sortzen direla dio Amadozek. “Momentu onak, zenbat aldiz? Erreportaje, elkarrizketa edo beste zerbait egin ostean, jendeak esaten dizu: ‘Oso ongi egon da’, edo ‘gustatu zait’. Jendeak eskertzen du berari buruz hitz egitea. Hainbeste aldiz gertatu zait”. Baina kazetaritzak egun gogorrak ere baditu. “Manifestazioetara joan eta beldurra pasatzea, tentsio une ikaragarriak, hori askotan. Manifestariak alde batean, Polizia bestean eta gu, berriz, beti erdian. Edo zailagoa zena, atentatu baten osteko hiletetan. Zure ikurra ezkutatu beharra badaezpada. Tentsio handia zegoen horrelakoetan. Beste batzuetan, irainak ere bai kazetaria zarelako, alde batetik zein bestetik”, dio Amadozek.

Hainbatetan esaten da komunikabideek errealitatea manipulatzen dutela. Euskadi Irratia Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen komunikabide bat izanik, zenbaitetan leporatu izan zaio manipulazio informatiboa egitea. Amadozek ez du esaten zentsurarik ez dagoenik, baina berak ez duela jasan dio. “Nire ustez, momenturik txarrena EITBn, dudarik gabe, PP eta PSE gobernuan egon direnean izan da. Orduan bai, orduan ikusi dut noiznahi eta ia egunero zentsura. ‘Ez esan horrela, esan bestela’. Ez horrenbeste nirean, baina bai telebistan edo Radio Euskadin”, azaldu du. Haren ustez, Euskadi Irratia telebista eta gaztelaniazko irratiak baino gutxiago kontrolatzen zuen orduko gobernuak. “Euskadi Irratia euskaraz denez, ez dute horrenbeste menperatzen, eta beharbada ez zekiten nola jokatu gurekin. Beraz, presio gutxiago sumatu dugu guk. Baina, ondoan nituen beste lankideak, eta horiek jasan dute, bai”.

Amadozek PSEk Eusko Jaurlaritzan agindu zuen urteetan ikusi zuen zentsura modu nabarienean. Hala ere, Luis Mendizabal kazetariak esan zuen zentsura beti egon dela EITBn. Zentsura baino gehiago, kontrola aipatzen du, eta horrek kazetariaren autozentsura eragiten zuela. Amadozen aburuz, hori botere guneetan gerta zitekeen, baina hark ez du ezagutu. “Bilbon edo Donostian, beharbada, gertatuko ziren horrelakoak. Baina gu Nafarroan geunden, ordezkaritza batean. Botere gunetik pixka bat urrun geunden, eta ez ginen horren garrantzitsuak. Ez dugu inoiz horrelako presiorik nabaritu”, azaldu du Amadozek.

Teknologiak etengabe jarraitzen du aurrera. Hedabide berriak sortzen ari dira etengabe, eta Internet plaza handi bat bilakatu da. Hala ere, Amadozek uste du irratiak beti izango duela tokia munduan: “Irratia komunikabiderik gertukoena da; ahotsak asko laguntzen du jendea bere egunerokotasunean. Etxean lanean ari den pertsona, taxilaria edo gaixoa. Batzuetan, bakarrik gaudenean, beste ahots bat entzuteko beharra dugu. Niri gertatu zait, eta pentsatzen dut beste askori ere gertatuko zaiola. Internetek ez du irratia ordezkatuko. Telebista asmatu zutenean gauza bera esaten zuten. Nik egunkariak ikusten ditut egoera okerragoan”.

Osasunako presidentea kexati, CAN desagertu delako

Osasunako presidentea kexati, CAN desagertu delako »

Politikatik at, lehen aldiz entzun zaio erakunde ofizial bateko ordezkari bati kexati Nafarroako Kutxako erabakiguneak jada Iruñetik at direlako. Miguel Archancok iragan astean onartu zuen altxortegi arazoak dituztela, besteak beste Caixabankekin harremana ez delako iraunkorra.

2011+2 »

Iaz, oraingo sasoi bertsuan, askok sinestu (nahi izan) genuen Barcinak nekez amaituko zuela hasitako legealdia. Ez zen kiniela inozoa. Aginte makila hartu eta urtebetera, arazoak pilatzen hasiak zitzaizkion presidenteari. Gobernuan auto-bakartuta, parlamentuko bakartzeari, alderdi barruko banaketari eta kaleko haserreari aurre egin behar zion. Horrezkero, CAN auzia ezin zitekeen ezkutatu, besteak beste, UPNko buruetako bat izandako Santiago Cervera diruz betetako gutun-azalak jasotzen zebilelako Iruñeko harresietako zirrikituetan. Baldintzek, ezin ukatu, bide ematen zioten gisa horretako pronostikoari. Nonbait ahaztu genuen Barcinaren burugogortasuna, ohore ezin lohitua.

Denborarekin ikusi eta ikasi dugu, “orain arte ezagututako guztiaren hondamendia eta amaiera” bizi dugun honetan, momentuz, ezer ez dela hondatu, eta ezer amaitu. Eta erdi etsipenez erdi axolagabetasunez irentsi dugu UPNk ez duela utziko legealdirik eteten. Barcinaren aroko hirugarren urtea badoa. 2011+2 urtea badoa, baina Barcinak hemen segitzen du.

Denbora honetan, zirku tankera hartu du gure lurraldeak. Ohiko bilakatu zaigu beste edonon txiste hutsa litzatekeena, edo sinestezina. Galdetu kanpoan, atzerriko lagunei, ea benetan sinesten duten milioiak eta milioiak xahutzea 70 kilometroko AHT bide bakartua eraikitzeko. Esaiezue ospitaleetako jatorduetan kaka eta metal zatiak aurkitu dituztela gaixoek. Konta iezaiezue guardia zibila mendira bidalia izan dela antenak ixtera, nafarrok ia penintsula osoko edozein telebista kate ikus ahal izan dezagun, gertukoena salbu. Jakinarazi gurean politikariek ahoa itxita ere milaka euro kobratzen dituztela gerora desagerraraziko dituzten aurrezki kutxen bileretan parte hartzeagatik. Azaldu poliziak hamarnaka agente mobilizatu dituela, DNA frogak aztertu, telefono deiak arakatu eta kreditu txartelekin egindako erosketak argitzeko, hiriburuko bestetan kanaberaz bandera handi bat zabaldu zuten pertsonak aurkitzeko. Esaiezue komunikabideak itxi direla eta estatuko polizia militarizatuak banan-banan ikertu dituela euskaraz irakasten duten ehunka irakasle. Solaskidearen erreakziorako bi aukera baino ez daude: A, ez sinestearen aurpegia jarri, edo B, eskutik hartu eta zuetaz errukitu.

Tira, horretan behintzat ez dugu guk errurik. UPNri dagokio inguruko gertakari orori txiste kategoria eman izanaren erantzukizuna. Izan ere, beste edonon bromatan baino ezin liteke esan bati aurpegia merengez bete dionak urteetako kartzela zigorra merezi duenik, adibidez. Iritzi publikoa inoiz baino axolagabetasun handiagoz dago politikari begira, ezin serio hartuz. Eta, dirudienez, hainbat agintari seguruago sentitzen dira hala, eureganako arreta galtzen badugu ezkutukeriak errazago eginen dituztelakoan, nonbait. Ezin ulertu bestela hainbeste komeria eta astakeria. Ezin ulertu, bestela, hezur eta haragizko politikaria Twitterreko bere fake-etatik bereiztea hain zail suertatzea hainbestetan.

Dena dela, umorea ez da sekula genero erraza izan. Graziaren eta erridikuluaren arteko marra oso da mehea, eta gaizki egindako txisteak erraz ekar dezake neurrigabeko arbuioa. Nafarroan, zorionez, geroz eta gutxiagok egiten diete barre Barcina eta enparauen burutazioei. Beste era batera esanda, honezkero grazia minimorik ere ez dute. Eta, hala, agurtzear gauden urte honek protestaz bete dizkigu kaleak, manifestazio eta grebaz, oihuz eta aldarriz. UPNk, kalean etsai beldurgarria ikusiz, besterik egiten ez dakien zirkuko pailazoak bezala erantzun du: astakeriak eta astakeriak.

Halaxe joanen zaigu 2013 hau, txiste txar eta erantzun jendetsuen artean. Eta, hala ere, zer da, bada, urte bat historiaren handitasunean? Ezer gutxi. Historiak aroak gordetzen ditu berarentzat, zikloak. Eta, hala, inor gutxik gogoratuko du 2013a. Ez bada, urte bat baino, aro berri bati hasiera eman zion urtea. 2011+ dena delakoak ahaztu, eta urteak zenbaki hutsez izendatzen hasi ginen aroa.

203 »

2008-2011 bitartean izan diren ablazio kasuak Nafarroan. Iñigo Alli Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikako kontseilariaren arabera, 2008 eta 2011 artean 203 ablazio kasu izan ziren. Ablazioaren aurkako protokoloa martxan jarriko du Nafarroako Gobernuak.

‘Anuus horribilis’ »

Yolanda Barcinak ziurrenik hasperenka amaituko du 2013a. Ingalaterrako erregina parafraseatuz, anuus horribilis izan da UPNrentzat. Urtarrilean inor gutxik susmatuko zuen gobernua erortzear izango zela. Hala ere, Barcinak jakin du aurkarien kolpeen erauntsiari eusten, eta, Gorenaren erabakiak lagun, zutik jarraitzeko balio izan dio.

A. Alvaro Miranda

Presidenteorde ohiak inputatu gisa deklaratu zuen apirilaren 16an. “Beti lan egin dut zintzo, nire lurraren alde”. Epailearen aurrean esan zuen legeak zioenaren aurka ez zegokiola gobernuari Nafarroako Kutxako kontuak kontrolatzea. Epaileari legea nola interpretatu aholkatzen ere ausartu zen. Auziaren artxiboak Iruñerriko Mankomunitateko goi kargudunaren lasaitasunera itzularazi du.

B. Benito epailea

Utzi dioten tokiraino heldu da Maria Paz Benito epaile instruktorea. Pertsona esanguratsuen aurka jo izanaren ondorioz, presio handiak jaso zituen, baina bereari eutsi zion, eta instrukzio zorrotza egin zuen. Ikerketari esker jakin zen CANeko Batzorde Iraunkorreko kideek zenbat kobratu zuten, araudietatik at nola antolatu zuten organoa, akta batzuk manipulatu zituztela eta bileretan ezer ez egiteagatik dirua kobratzen zutela. Auzia artxibatu behar izan zuen, baina agintarien moral falta argi geratu zen.

C. Catalan, Alberto

Bere unea zen UPNren buruzagitzara iristeko. CAN auzian ez zegoen zipriztinduta. Operazioa prest zegoen: balizko garaipen batek PSNrekin berriz akordioa egiteko aukera ematen zion. Porrot egin zuen. Diario de Navarra-k lagunduta, Barcinak irabazi zion.

D. Dietak

Urteko hitza da. Aurten jakin da zenbat diru kobratzen zuten UPNko eta PSNko politikari esanguratsuek juridikoki aholkuak ematea beste funtziorik ez zuen organo batean biltzeagatik. Aurten jakin da Miguel Sanzek 62.817 euro garbi irabazi zituela, Yolanda Barcinak 43.236 euro eta Roberto Jimenezek 34.340 euro. Aurten jakin da egunean bi eta hiru aldiz biltzen zirela eta egun bakarrean 5.600 euro kobratzen zituztela. Aurten jakin da ez zutela ezer egiten bileretan. Aurten ez du inork dimititu.

E. Enrique Goñi

Otsailaren 19an, parlamentuan agerraldi luzea egin zuen, eta aurrezki kutxako buruzagi guztien erantzukizuna saihestu zuen, berea barne. Autokritika bakarra egin zuen: ez zuela behar beste defenditu kutxa, kanpoko kritiken aurrean. Haren esanetan, aurreikusi ezin zitekeen finantza tsunamiaren ondorioz amaitu zuen CANek Caixabanken eskuetan. Parlamentarien galdera ugari erantzun gabe utzi zituen, eta agerian geratu zen horrelako agerraldiek aurpegia zuritzeko baino ez dutela balio.

F. Fundazioa

Egun, CANen, Nafarroako erabakigune bakarra fundazioa da. Caixabanketik iritsitako irabaziak kudeatzen ditu, gizarte ekintzara bideratzeko. Gobernuak izendatutako batzorde batek bere estatutuak jorratu zituen ekainean, gobernu onaren printzipioen arabera. Beranduegi.

G. Gorena

Dieten auzia gainetik kendu zuen Auzitegi Gorenak uztailean. Etikoki gaitzesgarriak izan zitezkeen jarrerak antzeman arren, eroskeria desegokirik ez zegoela ebatzi zuen. Barcina inputatu eta Nafarroan sute politikoa eragin baino, nahiago izan zuen eskuak garbitu eta auzia artxibatu.

H. Helegiteak

UPNk nahierara ulertzen du autogobernua. Parlamentuko gehiengoak onartutako foru legeen aurka Espainiako Gobernuak 11 helegite jarri ditu honezkero Auzitegi Konstituzionalean. Helegiteok eta Espainiako Gobernuak ezarritako oinarrizko legediek Nafarroako foraltasuna mehatxatu arren, gobernuak beste aldera begiratu du. Abertzaleen mamua astindu du.

I Isidro Faine

Nafarroako Kutxako buruzagi berria, Isidro Faine Caixabankeko presidentea, Nafarroan izan zen urriaren 15ean, eta, agidanez, Barcinari eskua bota nahi izan zion. “Nafarroara natorrenean paradisura natorrela sentitzen dut”. Faineren esanetan, nafarrak ezin dira bizi-kalitateaz kexatu eta, Espainiako lurraldeen aldean, egoera “hobean” daude.

J. Javier Taberna

Urteak joan, urteak etorri, Javier Tabernak Merkataritza Ganberako zuzendari nagusi gisa segitzen du. 1991tik botere ekonomikoaren hariak mugitu eta Enrique Goñi aurrezki kutxara sartzeko rol erabakigarria jorratu zuen pertsonalitate horrek iaz saria eman zion bere lagun min Antonio Catalani. Urrian “egonkortasun politikoa” exijitu zien alderdiei, azken 22 urteetako egonkortasun bera. Azken finean, Tabernak betiko Nafarroa nahi du. Lagunartekoa.

K. Kontuz

UPNko agintarien aurtengo amesgaizto bihurtu da Kontuz elkartea. Haren salaketak abiarazi zuen auzi judiziala, eta euren ikerketek aurrezki kutxako hainbat inbertsio ilun azalerazi dituzte: dietak, eraikuntza enpresaburuei erositako zoruak, Tenaria, Oexia, AC Hoteles… Mehatxu eta presio ugari jaso arren, gizarteko sektore zabal baten babesa jaso du.

L. Lourdes Goikoetxea

Zor publikoak nabarmen egin du gora, eta zerga bilketan BEZ zergaren bilakaerak zuloa eragin du. Altxorrean zuloak izaki, Goikoetxea kexu azaldu da Mirandarengandik jasotako ondareagatik eta oposizioak behin eta berriz azalpenak eskatu dizkiolako. Bai astuna demokrazia!

M. Maia, Enrique

Inputatua egon zenean, burumakur, bere errugabetasuna aldarrikatu zuen, eta kontzientzia “lasai” zuela adierazi. Batzorde Iraunkorreko bileretan “lan egin” zuela zioen. Txupinazoan ikurrin erraldoi hura jartzea egotzitako pertsonak atxilotzean, erruduntzat jo zituen, eta “iruindarrei irain egitea” egotzi zien. Epaitzeko, bi neurgailu ditu Maiak: estua berekiko, zabala besteekiko.

N. ‘Navarra’

Gobernua zenbat eta ahulago egon, mamu ugari azalerazi ditu UPNk: arlo publikoan ezker abertzaleak D eredua politizatzeko arriskua; sanferminetan ikurrinak herritarrei irain egitea; tarta bidezko terrorismoa; marrazki bizidunak euskaraz ikusteko ilegalitatea… Navarra inguratuta dago, mehatxupean.

O. Oesia Network

Kontuz-ek aurten salatu du afera. 2009 eta 2010 artean, Cajasolek eta Nafarroako Kutxak galerak zituzten bi inbertsio partekatu zituzten: Guascor eta Oesia Network. CANek Oesiaren %19 erosi zuen 44 milioi euroren truke —urtebete lehenago %10 erosi zuen 22,4 milioiren truke—. Hiru urtetan Oesiak 57 milioi euroko galera eragin zion CANi.

P. PSN

Gobernua ahul eta gutxiengoan egonagatik, PSNk ez du aurrerapausorik eman. Azken finean, Alfredo Perez Rubalcabak martxoan argi utzi zuen hauteskundeak ez zirela aurreratu behar, eta aholku hura zintzo bete du, nahiz eta Barcinari bozak aurreratzeko behin eta berriz exijitu. Eskizofrenia horrek arrazoi bakarra du. Laugarren edo bosgarren indar izateko beldur da.

R. Ricardo Marti Fluxa

Kontuz-eko ikerketa taldeak aurten kaleratutako El Banquete liburuan argi geratzen da Espainiako segurtasun idazkari ohiak funtsezko rola izan zuela CANen gainbeheran. Ez da Nafarroara etorri azalpenak ematera. Madrilen dago, higiezin sektorearen lobby-ko eledun gisa.

S. Sanz, Miguel

Tragoxka garratza irentsi behar izan zuen inputatu gisa deklaratzean, auzia artxibatu zenean. UPNren norabiderik ezaz kezkatuta, hauteskundeetan bakarrik joateko komenigarritasunaz aholkatu zion Barcinari. Sanzek gaztatxoaren teoria errepikatu nahi du.

T. Tartak

Urteko metafora. Ezer ez egiteagatik dieta oparo eta ilegalak kobratu zituzten politikariak, presidentea barne, onik atera dira epaitegietatik. Frantzian Barcinari merenge tartak jaurti zizkioten ekintzaileei, berriz, bi urteko espetxe zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak.

V. Vialogos

Kontuz-en beste ikerketa bat. Nafarroako Kutxaren proiektu hartako zuzendari izan zen Enrique de Mulder. Lau urtez, Vialogosek 2,6 milioi euro ordaindu zizkion bere emaztearen enpresari. Ez du inongo azalpenik eman.

Y. Yolanda Barcina

Ozta-ozta salbatu du urtea. Lehenik, UPNko Kongresua boto gutxigatik irabazi zuen. Gero, EH Bilduk aurkeztutako zentsura mozioa gainditu zuen, PSNren abstentzioak lagunduta. Azkenik, Gorena etorri zen erreskatera, eta inputazioa saihestu zuen. Alderdi barruko kritikak ez ditu gainditu. Estrategiarik ez duela diotenei erantzun die: abertzaleenganako beldurra da bere taktika bakarra botereari eusteko.

Z. Zentsura mozioa

EH Bilduk zentsura mozioa aurkeztu zuen, eta Juan Carlos Longas izan zen hautagaia. Helburua zen mozioa aurrera atera eta lehenbailehen hauteskundeetara deitzea. Besteek kritikatu arren, erretratu fidela islatu zuen bozketak. PSNren abstentzioa Barcinaren aldeko boto bihurtu zen.

“Ezinbestekoa da komunikazio baliabideak ondo menperatzea” »

“Justizia sentimendu bat da, ideal bat. Sentimendu hori denborarekin alda daiteke. Gure betebeharra da ideal horretara ahalik eta gehien hurbiltzea”, azaldu du Eduardo Santos abokatuak (Iruñea, 1973). Askok bezala, ziurtasun handirik gabe aukeratu zituen unibertsitateko ikasketak. Historialaria izan nahi zuen Santosek, baina, azkenean, zuzenbide ikasketak egin zituen. Baina ez da bokaziozko abokatua. Ikasketak bukatu, eta lanean hasi zen, abokatu-laguntzaile gisa; orduan piztu zitzaion ofizioarekiko grina. Hamazazpi urte daramatza lanean. Egun, abokatua izateaz gain, zuzenbide eskolak ematen ditu unibertsitatean. Egunerokoan mila zeregin ditu: bezeroekin bildu, administrazioarekin hitz egin, legeak ikasi eta abar. Epaiketek gatazken azken aukera izan behar dutela uste du Santosek. “Nik esango nuke beti saihestu behar dela epaiketara heltzea. Beti ez da posible izaten. Behin epaiketan egonda, ezinbestekoa da komunikazio baliabideak ondo menperatzea”.

Santosen aburuz, abokatuen zeregina itzultzaile baten lanaren antzekoa da. “Hizkuntza judiziala dago alde batetik; hori boterearen hizkuntza da, kaleko hizkuntzarekin zerikusirik ez duena. Gu erdian gaude. Itzultzaileak gara, kaleko jendeari azaldu behar diogu botereak zer dioen”. Gauzak era ulergarrian azalduz irabazten du Santosek bezeroen konfiantza. Hori da abokatuen beste gakoetako bat. “Bezeroak eta abokatuak konfiantza izan behar dute. Hori existitzen ez bada, akabo. Abokatuak bezeroaren interesak defendatu behar ditu; horregatik ordaintzen dute”. Horretarako, profesionaltasuna behar-beharrezkoa da Santosentzat. “Norberaren ideiak, bezeroarekin alderatuz gero, oso ezberdinak izan daitezke, baina abokatuak bezeroa defendatu behar du, akaso legeak arrazoia ematen diolako edo bezeroaren jarrera errespetatu behar delako”. Hiltzaileak ere defendatzeko prest dago Santos. Haren ustez, gakoa profesionaltasuna da. “Ni abokatua naiz; nire betebeharra ez da hiltzea, hiltzailea defendatzea baizik. Askotan ez diot bezeroari galdetzen hark egin duen ala ez; hori ez da nire lana. Epaileak erabaki behar du hori, frogekin, lan tekniko batekin eta abar”. Hala ere, Santosek ez ditu hartzen heltzen zaizkion kasu guztiak: “Erabat ados ez banago bezeroak eskatzen duenarekin, ez dut hartzen kasua. Nire arazo pertsonala izan daiteke, eta kasu horretan azalduko nioke zergatik ez zaidan ondo iruditzen haren jarrera. Kasuan ez badut sinesten, ez naiz gai hori defendatzeko”.

“Jendearen eskubideak defendatzea, hori da praktikan abokatua izatea”. Horregatik lan egiten du Santosek abokatu gisa, ideia erromantikoa dirudien arren. “Bestela, zertarako?”, galdetu du. Santosen aburuz, Iruñea hiri txikia da, eta gisa horretako hirietan ez dago zuzenbidearen alor batean espezializatzeko aukerarik. “Denetarik egin dut nire karreran. Hiri txikietan ez dago bulego erraldoirik; ez dago ataletan banatzeko moduko bulegorik”. Hala ere, ezin da dena jakin. Bizitzaren gorabeherak direla eta, bi gaitan sakondu du bereziki: espetxe eta zigor zuzenbidean. Haren aburuz, zigorrak handitzeko izan dira azken hamabost urteetan Espainiako politika kriminalean hartu diren neurriak. “Politikariek eta demagogoek esaten dute zigorrak gogortuz delituak bukatuko direla. Gainera, zigor kode berria ezartzea oso erraza da”.

Aldaketa horietan komunikabideek erantzukizun handia dutela uste du Santosek. “Gauza asko aldatu egiten dira, albistegiak dioenaren arabera”. Gobernuek presio soziala kudeatzen dutela dio Santosek. Haren ustez, horren guztiaren helburua da jendea ahalik eta gehien kontrolatzea eta estatuak biolentziaren monopolioa indartzea. “Baina jendeak ez dio bere buruari galdera bat egiten: zer gertatzen da gero? Zer gertatzen da kartzelan? Zer gisatako gizarteratzea egiten da espetxeetan?”, galdetu du Santosek. Haren arabera, espetxeak aztertuz gero, ikusten da mina baino ez dutela sortzen. “Gizarteratzearen ideologia guztiz galdua dago”.

“Espainiako demokraziako lehen legea espetxe legea izan zen. Lege hori oraindik indarrean dago, eta argi eta garbi esaten du espetxearen helburua gizarteratzea dela. Legea idatzi zenean, oso aurrerakoia zen. Baina baliabideak jarri behar dira horretarako”, azaldu du Santosek. Egun espetxeetan segurtasunaz baino ez direla arduratzen uste du. Horren adibide argia Iruñeko espetxea dela dio. “Espetxe zaharrean baino okerrago daude presoak espetxe berrian. Erdi hutsik dago kartzela, baina preso guztiak bi modulutan dituzte pilatuak. Erabat masifikatuta daude, ezer egin gabe eta inolako aukerarik gabe”.

Ingurumen arloan ere lan garrantzitsua egiten du Santosek. Sustrai Erakuntza fundazioarekin lan egiten du, eta Nafarroako azpiegitura “jasangaitzei” erantzun juridikoa ematen die, horien inguruko ikerketak bideratzen eta laguntzen. Besteak beste, abiadura handiko trenaren eta Olatzagutiko errausketa plantaren aurka lan handia egin dute.