Pirinioetako lagunen bilgune »

Hogei urte igaro dira Irati irratiaren ibilbidea hasi zenetik. Egun arte egin duten bidea ez da batere erraza izan. Mota askotariko arazoak izan dituzte: ekonomikoak, teknikoak… Hala ere, arazo, oztopo eta muga guztiak gainditu eta Aezkoa, Erroibar, Luzaide eta Agoitzen entzuteko parada dago. Zazpi urtez isilik egon zen arren, bihar, Garraldan 20. urteurrena ospatzeko egitaraua prestatu dute, orografiak banatzen duenak irratiak batzen duela ospatzeko.

“Egun on, Auñamendi”, hala hasten du irratsaioa Arkaitz Almortza Irati irratiko esatariak astelehenetik ostiralera. Berez urnietarra izan arren, Irati irratiko esatari izateko erronkari uko ezin egin, eta ia urtebete darama Aezkoa aldean. “Niretzat erronka izugarria izan da hona etortzea, baina oso pozik nago”, adierazi du Almortzak. Irati irratia irrati xumea dela dio, eta egia da.

Aezkoako Batzorde Nagusiak Ariben duen egoitzako gela batean dago Irati irratia. Leihotik begiratu, eta joan den astean errepide bazterrak elurtuta ikus zitezkeen. Luxu handirik gabeko irratia da. Hala ere, egunero bi ordu eta erdiko irratsaioa egiteko oinarrizkoa badute. “Denetariko lanak egiten ditut, teknikariarenak, kazetariarenak…”, azaldu du Almortzak irri artean. Hala ere, nabari da iaioa dela irratiko mahaiko kontrolak gora eta behera mugitzen.

“Pirinioetako eskualdeetako informazioa lantzen dugu, informazio lokala, eta entzuleei iritzia emateko aukera ere eskaintzen diegu”, jakinarazi du esatariak. Dena den, askotan jendeari deitzea kosta egiten zaiola gaineratu du. “Nik ez dakit zergatik den, baina jendeari irratian parte hartzea kosta egiten zaio”, azaldu du atsekabetuta. Dena den, parte hartzea sustatzen jarraitzea da gorriz azpimarratutako irratiaren helburuetako bat.

Atzera begira jarrita, urrun gelditu dira irratia abian jartzeko 1990eko hamarkadako lehen urteetan, Aezkoa inguruan irrati bat sortzeko emandako pausoak. Nafarroako Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia sortu berria zen, eta diru laguntzak ematen hasi zen lekuan lekuko irratiak sortzeko. Irati sortu aurretik, Aezkoan bazen beste irrati txiki bat, egoitza Garraldan zuena. Espainiako Kultura Ministerioak bultzatutako programa bati esker sortu zen irrati hura. Helburua Aezkoa inguruko herrien arteko kohesioa eta harremana sustatzea ziren, baina ideiak ez zuen ez aurrera eta ez atzera egin, eta proiektua bertan behera gelditu zen.

Ondorioz, helburu horiek erdietsi gabe gelditu ziren. Herri eta eskualdeetako irrati txikien loraldiaren garaia zen, eta Aezkoa inguruan irrati baten beharra bete gabe zegoen. Nafarroako Gobernuaren diru laguntza bati esker, ibarreko hainbat lagunek Irati irratia sortu zuten, harreman sozialak bultzatu eta euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Hasieran, Irati irratia udal irratia bazen ere, kudeaketarako lantaldea sortzea erabaki zuten, eta horren bitartez sortu zen Irati elkartea.

Pauso horien ostean, 1993ko urtarrilaren 20an emititu zen Irati irratiaren lehen saioa. Ederki oroitzen da garai horietaz Karmele Galarza. Euskararekin eta hainbat herri mugimendurekin konprometitutako emakumea da, eta zenbait urtez irratiko esataria era izan zen. Baina osasun arazoak direla medio, zeregina utzi egin behar izan zuen. “Izugarri gustatzen zait irratia, bertako informazioa lantzen duelako; eta halako komunikabideak behar-beharrezkoak dira”, azaldu du. Nostalgia apur bat nabari zaio irratiaz hitz egitean. Hala ere, oso harreman estua du oraindik ere.

Irratiaren ibilbidea 1993ko urtarrilean hasi zen arren, zailtasunez betetako ibilbidea izan duela ondo baino hobeto daki Galarzak. “1993an hasi ginen irratian, baina 2009. urtera arte ez genuen lizentziarik lortu”, dio. Egoera horrek hainbat zailtasun eragin zituen, tartean teknikoak. Hain justu, arazo tekniko horien eraginez, emititzeari utzi behar izan zioten 2002an. “Pentsatzen genuen azkar batean konponduko genituela arazo teknikoak, baina ia zazpi urtean irratia isilduta egon zen”.

Berriz guztia martxan jartzea izugarri kostatu zitzaien Irati elkartekoei. Irratiko atea ireki eta guztia abiaraztea lan nekeza izan zen, batez ere Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideei ematen zizkien diru laguntzak erabat desagertu ostean. “Izugarrizko ahalegina egin genuen, eta lortu genuen Irati irratia abiaraztea”, adierazi du Galarzak. Dena den, emititzeko lizentziak ordu arte izandako segurtasunik eza erabat desagerrarazi zuen.

Aldaketen garaia

Irratia asko aldatu dela dio Galarzak. Tristura apur bat antzematen zaio, igarotako garaien nostalgia dela eta. Almortzak argi dio aurrerapen teknologikoek izugarri erraztu eta arindu dutela irratigintza. Hala ere, sarritan oinarrizkoarekin, elektrizitatearekin arazoak izaten dituzte. “Gezurra dirudi, baina askotan elektrizitatea joan egiten da zuzenean ari garela”, azaldu du Almortzak.

Dena den, aurrerapen teknologien olatuak hartzen jakin izan dute Irati irratiko kideek. Izan ere, 2011n Berria bekari esker, Aitziber Villalba Irati irratiko esatari ohiak hedabidearen webgunea garatu ahal izateko diru laguntza erdietsi zuen. Horri esker, egun Egun on, Auñamendi! saioa Internetez entzuteko aukera dago. Horrez gain, sakelakotik ere entzun daiteke Uhin Bank aplikazioaren bitartez.

Baina, ziurrenik, Aezkoan egoitza duen irratian aldaketarik handiena publizitateak eragin du. Aurten hasi dira iragarkiak saioekin tartekatzen, eta modu horretara proiektua finantzatzeko beste diru iturri bat erdietsi dute. “Aurten lehenengoz publizitatea izatea lortu dugu, eta hori aurrerapen garrantzitsua da”, aitortu du Almortzak. Aurrerantzean ere publizitatea mantendu eta indartu nahi dute epe motzean lantzeko eremu gisa.

Hala ere, zailtasunak zailtasun, bihar jai giroan irratiaren hogeigarren urteurrena ospatuko dute. Irati irratiaren eguna izango da bihar. Goizean goizetik izango dira ekitaldi, kontzertu eta tailerrak. Bazkaria 14:30ean izango da, eta arratserako, pilota txapelketa eta pintxo poteoa izango da. Gauean kontzertuak antolatu dituzte.

Pirinioetako abeltzainek egin ohi duten bezala, auzolanean prestatu dute Irati irratiaren eguna. “Ni afarirako ogitartekoak egiteaz arduratuko naiz”, dio pozik Galarzak. Izan ere, hedabidearen sustatzaileak elkarlanean aritzera ohituta daude. Aurrerantzean ere bide horretatik jarraitu nahi dute, orain arte bezala, Aezkoa ingurukoak informatuz.

Urte osoan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute bihar »

Abenduaren 3a Euskararen Eguna dela profitatuta, Euskaltzaleen Topaguneak sustatuta Euskarak 365 egun kanpaina jarri dute martxan euskaraz urte guztian bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Hiztun gisa eskubideak aldarrikatzeaz gain, egunerokoan euskara baliatzearen beharraz ohartarazi nahi dute. Oskar Zapata Topaguneko Nafarroako arduradunak jakinarazi duenez, urte osoan euskaraz bizitzeko beharrak eragiten duen kezkaren harira jarri dute kanpaina martxan.

“Nolabait, Euskaltzaleen Topaguneko kideok orokortu dugun kanpaina bat da”, dio Zapatak. Oraingoz, abiapuntuan daudela ohartarazi du. Hala ere, halako kanpainen aitzindariak badira Euskal Herrian. Izan ere, iaz, Durangoko Berbarok antzeko ekitaldi bat egin zuen. Orduan, Topaguneko kongresua egin ostean, argi gelditu zen bazkideen artean plazara ateratzeko gogoa gero eta handiagoa zela. Beraz, zerbait egiteko beharraren inguruan aztertzen hasi ziren Topaguneko kideak.

Horri esker egingo dute jaialdia bihar, 19:00etan, Iruñeko Burgoen plazan. Dena den, Zapataren irudiko, abiapuntua soilik izango da urte guztian euskaraz bizitzeko eskubidearen aldarrikapenean. Euskal Herriko 30 eskualde eta herrietan izango dira antzeko jaiak. Euskara kalera ateratzeko beharra sentitu dutelako jarri dute euskalgintzako eragileek martxan kanpaina.

Iruñerrian euskarak duen egoerari buruz galdetuta, Zapatak dio batetik badagoela nahia egunerokoa euskaraz egitekoa. “Euskaldun eta euskaltzaleen aldetik badago euskaraz bizitzeko eta plazan agertzeko nahia. Baina argi eta garbi dago gurea ezkutatzeko kanpaina bat ere badela”. Hala, uste du ezinbestekoa dela biharkoaren antzeko ekinbideak abian jartzea.

Gainera, tokian tokiko Topaguneetako bazkideek halako ekinbide bat elkarlanean gauzatzea oso garrantzitsua dela ohartarazi du Zapatak. “Iruñean badakigu sarritan konplikatua dugula, eta halako ekinbideek lagungarri izan beharko lukete”, azaldu du Zapatak.

Elkarlana sorburu

Iruñerrian hainbat bazkide ditu Topaguneak: Atarrabiako Karrikaluze, Berriozarko Zorroka, Karrikiri, Euskaldunon Biltoki eta Zaldiko Maldiko Iruñean… Topaguneak berak aurkeztu zien proposamena bazkideei, bai Iruñerrikoei baita Iruñerritik kanpo daudenei ere. Izan ere, Nafarroako euskalgintzako kide guztiei aurkeztu zien Topaguneak ekinbidea, eta oso harrera ona izan duela azaldu du Zapatak.

Azken egunetan D ereduaren inguruan hainbat komunikabide eta politikari helarazten ari diren mezu ezkorren aurrean, euskaldunen hizkuntza eskubideen aldarrikapenak jai giroan egitea “ezinbestekoa” dela dio Zapatak. Euskarazko ereduaren aurka abian jarri den kanpaina “zitala” dela salatu du. Gaineratu duenez, ongi diseinatutako kanpaina da, haurren aurrematrikulazio kanpaina otsailean hasiko delako, hiru hilabeteren buruan. “Baina egia esateko, nire ustez, hemen egin behar duguna da gureari eutsi; guk D ereduaren aldeko argudio sorta zabaldu behar dugu”. Aldarrikatu du D eredua dela ikasleak euskalduntzen dituen eredu bakarra. Haren irudiko, ez da komenigarria euskararen ereduaren aurkako harra elikatzea, baina azalpenak eskatu behar direla adierazi du.

Arazo eta eztabaidez gaindi, biharko jaia baikortasunez ospatu nahi dute. “Ez da gauza handia izango, baina jai giroan egingo dugu, bizipoz eta gozamen beharra dagoelako”, aitortu du. Egitaraua xumea izango den arren, euskara elkarteetako kideen elkarlana erdietsi dute. Horri esker, aste osoan eragile horietako kideak Euskarak 365 egun kanpaina iragartzeko kartelak paratzen aritu dira, Iruñean eta Iruñerrian, batez ere. Alde horretatik, pozik agertu da proposamenak harrera ona izan duelako. Urtero egiteko asmoa dute bihar Burgoen plazan egingo dutena. Dena den, ez dute etorkizunerako helburu handirik zehaztu nahi izan.

Jaialdia, gutxi gorabehera, 19:00etan hasiko da, Iruñeko Alde Zaharreko plazan. Lehenik, dantzaldia izango da. Horren ostean, manifestu bat irakurriko dute Topaguneko hainbat kidek, kanpainaren arrazoi eta helburuen berri emateko, besteak beste.

“Sevilla II-ko zuzendariak giza eskubideak urratzen ditu” »

Moron de la Fronterako (Sevilla, Espainia) Sevilla II espetxean 11 euskal presok gose greba hasi zuten urriaren 28an. Geroztik, batik bat osasun arazoak direla eta, preso batzuek protesta utzi behar izan dute, eta egun seik jarraitzen dute. Lau urte daramatzate bakartuta, eta horrez gain, beste hainbat oinarrizko eskubide urratuta dauzkate. Presoen egoeraz ohartarazteko, urriaren 18tik 22ra itxialdia egin dute bederatzi lagunek Iruñeko Done Laurendi elizan. Bertan, informazio gune egonkor bat ezarri dute. Presoen aldeko ekintzaz beteriko astea izan dute itxialdikoek; haietako bat da Josu Urrutia (Iruñea, 1966).

Zer gertatzen ari da Sevilla IIko espetxean?

Sevilla II espetxean dauden 13 euskal presoek lau urte daramatzate bakartuta. Espetxeko arautegian zigor gisa agertzen da bakartzea, eta beti denbora tarte jakin baterako. Kasu horretan, modu sistematikoan erabiltzen ari dira bakartzea. Egungo egoerak ez du inolako zentzurik.

Zer ondorio ditu bakartzeak?

Bakartuta dauden presoak hiru ordu baino ezin dira atera patiora; goizean, ordu eta erdi, eta arratsaldean, beste ordu eta erdi. Bi egunean, 48 orduan, 26 ordu pasatzen dituzte jarraian ziegan sartuta. Gainera, arautegiaren arabera, medikuak bi egunean behin pasatu beharko luke bakartze modulutik. Horren ordez, bi edo hiru astean behin pasatzen da, eta, askotan, ez die presoei inolako kasurik egiten. Patiora ateratzean, miaketak izaten dituzte, ukituak eta mota guztietako umiliazioak. Batzuetan indarkeria kasuak ere izan dira, tartean hainbat jipoi. Senideak ere miatu dituzte, eta noizbait bisita egin gabe itzuli dira etxera.

Zergatik gertatzen da salbuespen egoera hori?

Duela gutxi, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak errieta egin zion Espainiako Estatuari Parot doktrinaren harira. Epaitegiak argi utzi du Espainiak ez dituela giza eskubideak errespetatzen. Parot doktrinarekin egin duten bezala, kasu honetan ere giza eskubideak urratzen ari dira. Egoera hori izanik, presoek gose greba egitea beste aukerarik ez dute izan. Kontuan izan hori dela presoek protesta egiteko duten biderik gogorrena. Dagoeneko 26 egun egin dituzte gose greban [elkarrizketa azaroaren 22an egin zen]. Egoera larria da, pisu asko galtzen ari dira eta euren osasuna gero eta okerragoa da.

Zein da presoen egoera gaur egun?

Bakartze moduluan daude. Batez beste, 10-13 kilo galdu dituzte. Gose greban zeuden preso batzuek protestaldia utzi behar izan dute arazo fisikoengatik. Besteak oso ahul daude; muturreko egoera da.

Eskubide urraketa horiek auzitegietan salatu dituzue?

Bai, Espetxe Zaintzako epailea Sevillara joan zen, baina ez du ezer egin. Horrez gain, presoek espetxeko zuzendariarekin bilera eskatu dute behin baino gehiagotan. Baina zuzendariak ez du inolako neurririk hartu egoera hori bukatzeko. Sevilla II espetxea bereziki gogorra da. Zuzendariak giza eskubideak urratzen ditu, eta ez du atzera egin nahi.

Noiz arte jarraituko dute presoek gose greban?

Printzipioz, gose greba mugagabea da. Beraz, espetxeko zuzendaritzak salbuespeneko neurriak kentzen dituen arte. Nolabait esateko, egoera normal batera itzultzen direnean utziko dute gose greba presoek.

Zer ekintza mota egin dituzue itxialdian?

Aste honetan zenbait eragile politiko, sozial eta sindikalekin bildu gara. Egunero kalean egon gara, presoen inguruko informazioa banatzen. Parlamentura joan gara, hainbat batzorde biltzen ziren egunean, politikariei ere presoen egoera azaltzeko. Ostegunean [azaroak 21] Bilduk, Ezkerrak eta Aralar-NaBaik eskatu zuten Sevillan dauden Nafarroako bi presoen senideek parlamentuan hitz egitea. Juan Mari Etxabarri eta Txus Goikoetxea dira Sevillako espetxean gose greban dauden Nafarroako bi presoak. Baina ezin izan zuten hitz egin; UPNk, PSNk eta PPk ezinezko egin zuten. Gaur bertan [azaroaren 22an] bi pertsona kateatu dira Iruñeko Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren atean. Kontu horretan estatuak baitu azken hitza.