Tras Los Muros: “Bertze animaliak ere zapaldutako norbanakotzat jo behar ditugu”

Tras Los Muros: “Bertze animaliak ere zapaldutako norbanakotzat jo behar ditugu” »

Edurne Elizondo

Animalien askapenaren aldeko ekintzailea da Tras Los Muros proiektua mamitu duen pertsona. Irudiak erabiltzen ditu borrokarako tresna grisa. Munduko hainbat herritako hiltegi eta haztegietan sartu da; animaliak esplotatzen dituzten hamaika jardueraren lekuko izan da, eta bere begien aurrean gertatu denaren lekukotasun zuzena eman du, bere lanaren bidez. Ezkutuan aritzen da, ezkutuan dena agerian uzteko. Euskal Herrian ere bai. 2014an martxan jarri zenetik, hamaika ikerketa, hainbat erakusketa eta Madrilgo Wings of Heart babeslekuari buruzko Refugiados (Errefuxiatuak) izenburuko liburua egin ditu.

2014an, Iruñean jarri zenuen martxan Tras Los Muros proiektua. Hirira itzuli zara. Zer dago Iruñeko besten bertze aldean?

Bertze animaliak hamaika modutan esplotatzen ditugu; jarduera horiek haserre mota ezberdina eragiten dute gizakion artean, baina, funtsean, ekintza mota berberak dira. Espezismoa gauzatzeko modu ezberdinak dira; bertze animaliak gizaki ez direlako baztertzen dituen aurreiritzia da espezismoa. Alde horretatik, Iruñeko zezen plazan sanferminetan ikusi dudana forman baino ez da ezberdina. Ez nago hemen Iruñean gertatzen dena larriagoa delako, baizik eta beharrezkotzat jotzen dudalako hemen gertatzen denak sortzen duen haserre hori bertze esplotazio jardueretara bideratzea.

Lehendabizikoz etorri zinenean UPN zegoen agintean, eta orain, berriz, EH Bildu; animalientzat, baina, ez da deus aldatu.

Ez dut uste EH Bilduk, oro har, animalien esplotazioaren aurkako jarrera sendoa duenik, ezta tauromakiaren kontra ere, zehazki.

Iazko hauteskundeen ondotik aldaketa gertatu zen hainbat udaletan. Sare sozialetan eskatu zenien hiltegietako ateak zabaltzeko. Ez dute egin. Harresi horiek dira gainditzen zailenak?

Eskaera horren bidez azaldu nahi izan nuen erakundeetako politikaren bidez ere aukera badela ekinbide interesgarriak martxan jartzeko borrokaren esparruan. Hiltegietan gertatzen dena nahita gelditzen da ezkutuan. AEBetan, adibidez, egin izan dituzte haztegietako eta hiltegietako harresien atzean gertatzen dena agerian utzi duten ikerketak, eta, ondorioz, Ag-Gag eta AETAren gisako legeak jarri dituzte indarrean, halako tokietan ez grabatzeko eta haiei buruzko informaziorik ez zabaltzeko, zehazki. Lege horien helburua da ekintzaileen jarduera terrorismotzat hartzea.

Industriak badaki bere azpiegituretan lortutako irudi batek eragin handia izan dezakeela gizartean; hagitz zaila da hiltegi batera sartzea kamera agerian duzula. Horregatik, irudi gehienak kamera ezkutuen bidez lortzen dira, edo amarruak erabilita. Animalien eskubideen aldeko mugimenduak bide luzea egin duen tokietan, hain zuzen ere, industriak bere langileak trebatzen ditu ekintzaile infiltratuak antzemateko.

Espainiako Estatuko udal hiltegi anitzetako ateak zabaltzeko eskumena dute udal horiek. Gizarte hobe baten alde erakundeetatik lan egitea erabaki dutenek kontuan izan behar dituzte animalien eskubideak; eta kontuan izan behar dute, halaber, animalia horienganako tratuaren inguruan gero eta kezka handiagoa badela. Kazetariei eta animalien aldekoei hiltegietara sartzen uzteak errazago bilakatuko luke borrokatu behar dugun bidegabekeria hori ulertzea eta ikusaraztea. Borroka orok behar duen eztabaida soziala eragiten lagunduko luke hiltegietara sartzeak.

Baina industriak ez du hori nahi.

Hiltegietako ateak zabalduko bagenitu, haragiaren industriak duen boterea agerian geldituko litzateke. Botere hori erabiltzen du bere azpiegituretan gertatzen dena ezkutatzeko. Martxoan, hain justu, haragiaren industriak osatutako agiri estrategiko bat filtratu zuten; haren helburua zen Osasunaren Mundu Erakundeak haragi prozesatuak osasunarentzat zer arrisku dakartzan azaltzen zuen txostenak eraginen lituzkeen kalte ekonomikoak arintzea. Txosten horrek agerian utzi zituen haragiaren industriak propagandarako erabiltzen dituen taktikak; agerian utzi zuen, halaber, haren boterea handia dela, eta eskrupulurik ez duela. Negozio horrek 20.000 milioi euroren irabaziak sortzen ditu urtean, Espainiako Estatuan, eta, noski, ez da besoak antxumatuta geldituko, kontuan hartuta gure irudiek eta ikerketek galera ekonomiko handiak eragiten ahal dizkiotela.

Bi urte lanean. Zein da zure analisia egindakoaz?

Egindako hutsak bazter utzi gabe ere, balorazioa ona da. Bertze kideen laguntza funtsezkoa izan da, eta, horri esker, lan sareak osatzeko aukera izan dut. Hasieran ez nuen hori egiteko asmorik, baina sare horiek lagundu didate uste baino esplotazio gune gehiagotara sartzeko. Irekitzen zailak ziren ate eta harresiak gainditzen lagundu didate. Lan eta babes sare horiek analisia eta kritika ekarri diote proiektuari, gainera.

Zuk gainditu dituzun harresi horien bertze aldean dagoen indarkeriaz ohartzen da gizartea?

Munduko hamaika txokotan ekintzaile infiltratuek egiten dituzten ikerketek duten eraginak erakusten du ezetz, gizartea ez dela gertatzen denaz ohartzen. Bertzalde, argi dago engainatzen gaituztela, eta badela egoera ez aldatzeko interesa; hau da, industria ahalegintzen da bere jarduerari buruzkoak ezkutuan gordetzen; propaganda zabaltzen du, haztegietan animaliak zoriontsu bizi direla sinetsarazteko.

Haztegietan eta hiltegietan sartu zara. Eragin dizu han gertatzen denaren lekuko izateak?

Lan honekin hasi aurretik ere banuen harremana zapaldutako animalien irudiekin. Egin nituen animaliak esplotatzen dituzten zentroen inguruko ikerketak. Gizartea kontzientziatzeko lana egiteko, halaber, bertze hainbat ekintzailek egindako irudiak ere erabili izan ditut. Esplotazio horren lekuko izateak badu eragina, bai. Inguratzen zaituen munduarekin duzun harremana betiko aldatzen da. Baina gertatzen denaren lekuko izatea ere bada modu bat gogoratzeko abandonatzea ez dela aukera bat.

Argazkilaritzat eta ekintzailetzat duzu zeure burua; erran izan duzu zure helburua dela gizartea astintzea. Nola erabakitzen duzu zer erakutsi? Nola antolatzen duzu zure lana?

Gogoeta politiko baten ondorio da Tras Los Muros proiektua. Kamera eta proiektua bera puzzle estrategiko baten bi pieza dira; puzzle horren asmoa da astintzea, kontzientziatzea, eta, ondorioz, eraldatzea. Ez dut ulertzen proiektu hau egitasmo bakar baten gisa; niretzat, bertze hainbat kiderekin partekatzen dudan borroka sare baten zati bat da. Proiektuaren lehen etapa honetan nire aurreneko helburua da esplotazio eremu ezberdinen inguruko irudi artxibo bat osatzea. Horren bidez, zubiak eraiki nahi ditut animalia gehien zapaltzen dituzten eremuetarantz. Nire asmoa da, halaber, hainbat aktibismo modu zehatzen berri jasotzea eta zabaltzea, lan horren bidez gogoeta kolektiboari nire ekarpena egiteko. Toki zehatzetara sartzen laguntzeko prest dagoen jendearen deiak eta mezuak jasotzen ohi ditut. Ondorioz, nire agenda denbora luzez lantzeko erreportajeekin osatzen badut ere, malgutasunez jokatzen dut, proiektuari sendotasuna ematen ahal dioten gertaeren berri ematera joan ahal izateko.

Kazetariok egin beharreko lana egiten ari zarela uste duzu?

Duela sei urte, ikerketa baten berri eman eta gero, kazetari batek horixe erran zien hainbat kideri, kazetariek hainbat arrazoirengatik egiten ez zuten edo egin nahi ez zuten lana egiten ari ginela ekintzaileok. Geroztik, gora egin du animalien eskubideen aldeko interesak, eta gero eta gehiago dira animalien egoeraren berri eman nahi duten kazetariak. Hunkitu eta liluratu egiten nau gosearen, kartzelaren edo gerraren miseria gurera ekartzen duten fotokazetarien lanak; mundua eraldatzera bultzatzen gaituzte. Beharrezkoa da fotokazetari horien talentua bertze animalien alde ere baliatzea.

Animalien esplotazioari uko egiten dion jarrera politikoa da beganismoa. Anitzek dietatzat dute, ordea. Zein neurritan da ekintzaileen ardura, eta zein neurritan da mugimendua edukiz husteko saio bat?

Beganismoak animalien esplotazioari uko egiten diola kontuan hartuta, ezin dugu dietatzat edo modatzat hartu. Erantzukizun politiko bat da; hartu beharreko ardura, zapalkuntza bere forma guztietan desagertu behar dela onartzen badugu. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen arabera, urtean 50.000 milioi animalia baino gehiago hiltzen dituzte, arrainak kontuan hartu gabe. Animalien eskubideen mugimenduak errealitate horri egin behar dio aurre; urratsak egiten ez diren sentsazioak pragmatismoaren tranpara eramaten gaitu, eta, hortik, deriba ideologikora eta haren ondorioetara.

1991n, AEBetako Abeltzainen Elkarteko kideen aurrean, mugimenduak zatitzeko eta bereganatzeko bere estrategiaren berri eman zuen Ron Duchinek. AEBetako Defentsa idazkariaren aholkulari berezia zen, eta MDB agentziako presidente. Duchinen hitzetan, erradikaltzat jotako ekintzaileak bakartzea da lehen urratsa; motibazio politikoa dutenak eta sistema aldatu nahi dutenak jotzen ditu Duchinek erradikaltzat. Bigarrenik, idealistekin egin behar da lan, errealista bilakatzeko; hau da, sistemaren barruan lan egiteko prest diren pragmatiko bilakatzeko. Denborak aurrera egin ahala, erradikalek sinesgarritasuna galtzen dute, eta errealistek, ikusgarritasuna, boterea edo jarraitzaileak bilatzen dituztenekin batera, industriari bere helburua betetzen laguntzen diote: akordio taktikoak egitea, garaipen partzialak eskainiz. Industriak badu interesa mugimendua edukiz husteko, bere indar eraldatzailea hutsean uzteko. Agerikoa denari so egiten badiogu, kontuan hartu behar dugu, gure asmo onak alde batera utzita, industriak izan dezakeela eragina mugimenduaren erabaki estrategikoetan.

Zer harreman du animalien aldeko mugimenduak bertze gizarte mugimenduekin?

Mugimenduen artean bat egiteko gero eta borondate handiagoa sumatzen dut, baina, oraindik ere, alde biko erresistentzia badela uste dut. Militantziaren bertze hainbat esparrutan postmodernitatearen ondorio zuzentzat jotzen da gure mugimendua, eta ez mugimendu politiko eta eraldatzailetzat. Aldi berean, gure mugimenduan borroka iraultzaileak modu negatibo batean ikusten dituzte hainbat sektorek. Hori guztia formakuntzarik ezaren ondorio da. Gure mugimenduak zapaldutako norbanako ororen askapena du helburu, eta, ondorioz, ezin dugu bazter utzi askapenerako borroken garapen historiko eta politikoa, ezta borroka horiekin batzen gaituen guztia ere. Bertze mugimenduek, halaber, ezin dute jarraitu bertze animaliek pairatzen duten zapalkuntzari bizkarra ematen. Bertze animalien adimena, haien gorputzen tamaina, hitz egiteko ezintasuna edo haien itxura ez dira hiltzeko, haztegietan ixteko, basoetan tiro egiteko, laborategietan torturatzeko edo itsasoan itotzeko arrazoi. Bertze mota bateko zapalkuntza pairatzen dutenek bezala, bertze animaliak ere haien borondatearen aurka zapaltzen dituzte, irizpide moral arbitrarioak baliatuz. Gure mugimenduak hutsak egin ditu, formakuntzarik ezagatik eta ikuspuntu iraultzailerik ezagatik, eta, askotan, jarrera despolitizatuak erakutsi ditu, baina hori ez da arrazoi nahikoa gizaki ez diren animaliak justiziaren eta berdintasunaren aldeko aldarrietatik kanpo uzteko. Bertze animaliak ere zapaldutako norbanakotzat jo behar ditugu.

Horren haritik, Martxoaren 8ko eta Maiatzaren Leheneko manifestazioetan parte hartu dute antiespezistek.

Borroka esparruetara eraman behar dugu antiespezismoa, bertze borroketara hurbildu. Bada lotura, eta lotura horretan dago, hain zuzen, inon baino aldaketarako aukera gehiago.

Parisen, duela gutxi, hiltegien aurkako manifestazioa egin zuten. Euskal Herrian halakorik gerta daitekeela uste duzu?

Bazterketa, zapalkuntza eta errepresioa pairatu dituen herri borrokalaria da Euskal Herria. Hori kontuan hartuta, lehenago edo geroago, ziur naiz hemen ere gertatuko dela.

Ahots deserosoak jopuntuan

Ahots deserosoak jopuntuan »

Sarritan, kontatzen dena baino garrantzitsuagoa ei da nork kontatzen duen. Polizia baten irudia Espainiako telebista publikoan azaltzen bada, inork gutxik pentsatuko du kazetariek agente horren segurtasuna arriskuan jarri dutenik. Irudi horiexek hedab…

Sergio Labaien: «Geure burua zentsuratzera behartu nahi izan gaituzte»

Sergio Labaien: «Geure burua zentsuratzera behartu nahi izan gaituzte» »

Konpromisoa eta kazetaritza uztartzeko tenorean, eskarmentu handia du Sergio Labaienek (Iruñea, 1975). Nabarreria, Ateak Ireki eta Ahotsa.info hedabideetan lan egin du, besteak beste.

Noiz jaso zenuten Espainiako Gobernuko ordezkariaren ohartarazpena?

Irailean izan zen. Carmen Albaren gutun bat zen, eta bertan, azaltzen zigun Espainiako Poliziak salaketa jarria zuela Ahotsa.info-ren kontra, sanferminetan argitaratutako albiste batean Mozal legea urratu genuelakoan.

Eta hala zen?

Legea, berez, oso zehazgabea da. Artikulu batean aipatzen denez, polizien irudiak baimenik gabe grabatzen badituzu, eta irudi horiek polizia edo haren familia arriskuan jartzen ahal badute, isun bat jasoko duzu. Baina Poliziak kalean egiten duena grabatzeak edo argazkiak ateratzeak arriskuan jar dezake polizien segurtasuna? Eta nork erabaki behar du hori? Kasu honetan, Carmen Alba bera izan da epailearen lana egin duena, berak ebatzi baitu legea urratzen ari ginela. Isunik ez jartzea erabaki zuen, baina mehatxu egin zigun, etorkizunean polizien irudiak argitaratuz gero, 30.000 euro arteko isuna jaso genezakeela ohartarazita.

Nolakoa da salaketaren oinarrian dagoen argazki hori?

Ez da aparteko ezer. Bi polizia ikus daitezke, kaskoa jantzita. Ez da deigarria, inondik inora, eta egunero ikus ditzakegu halakoak Espainiako telebista kate guztietan nahiz berripaperetan. Halakoak edo agerikoagoak!

Abisua jaso zenutenean, zein izan zen zuen lehen erreakzioa?

Logikoa den bezala, gure lehen erreakzioa kezkak eta beldurrak baldintzatuta egon zen. Elkartean eztabaida anitz izan genituen, argitaratu genezakeenari buruz, geure buruari ezarri beharreko mugei buruz. Proiektuaren iraupena bermatzea zen gure helburu nagusia, argi baitago 30.000 euroko isuna jasoko bagenu, Ahotsa.info pikutara joanen litzatekeela. Zenbait abokaturekin ere hitz egin genuen, aukera guztiak aztertzeko.

Eta zer esan zizueten?

Ikuspegi interesgarria eman ziguten. Argi utzi zuten ez direla onargarriak ez Poliziaren salaketa ezta Albaren mehatxuak ere, kolokan jartzen baitute informazioa emateko daukagun eskubidea. Eta horren guztiaren helburua ere jakina da: guk geure burua zentsuratzea. Horretara behartu nahi gaituzte.

Zergatik?

Bada, gure hedabideak askotan islatu dituelako Poliziaren gehiegikeriak. Guk grabatutako irudi batzuk auzitegietan erabili izan dituzte; besteak beste, Aingeru Zudaireren auzian. Eskuineko begiko ikusmena galdu zuen Zudairek pilotakada baten ondorioz, baina Espainiako Poliziak argudiatu zuen haiek ez zutela pilotarik jaurti. Kasu horretan, Ahotsa.info-ren irudiek balio izan zuten bertsio ofizial hori eraisteko eta Poliziaren erantzukizuna agerian uzteko. Eta ez da kasu bakarra. Oro har, irudi horiek deserosoak dira Carmen Albarentzat, eta argitara atera ez daitezen, Mozal legea era arbitrarioan erabili du gure kontra.

Zuek, baina, ez zarete isilik gelditu, eta Espainiako Gobernuaren kontrako salaketa aurkeztu duzue Estrasburgon…

Bai, geure burua zentsuratu beharrean, ofentsibara jotzea erabaki genuen. Gure zereginetako bat Poliziaren gehiegikeriak salatzea dela uste dugu. Poliziaren aurka gaudelako? Ez, jendearen alde gaudelako baizik. Poliziak bortizkeria erabili du behin baino gehiagotan, eta jokabide horrek zaurituak eragin ditu, baita hildakoak ere. Hortaz, uste dugu gizartearentzat onuragarria dela hedabideek funtzionario publikoen egitekoa zaintzea eta, lana gaizki egiten dutenean, salatzea. Ezin diogu funtzio horri uko egin. Horregatik uste dugu aurre egin behar diogula mehatxuari; oraingoan Ahotsa.info izan delako, aurretik Egunkaria, Egin edo Apurtu.org izan ziren bezala. Baina etorkizunean BERRIA ere izan liteke, edo Diagonal, edo beste hamaika hedabide deseroso.

Nolakoa izan zen prozesua?

Hainbat abokatu eta aditurekin hitz egin genuen salaketa aurkeztu aurretik, eta horren ostean, Defendatzen duena defendatu plataformako kideak gurekin harremanetan jarri ziren. Estatu osoko kazetariek eta juristek osatzen dute talde hori, eta aspaldidanik ari ziren Mozal legearen kontrako estrategia orokor bat koordinatzen. Poliziaren jazarpena pairatu zuten fotokazetari batzuekin harremanetan jarriak ziren ordurako, eta lehen urratsak emanak zituzten salaketa bat aurkezteko. Hori izan zen gure oinarria. Plataformako kideek esan ziguten aukera zegoela auzia Estrasburgora eramateko, eta hala egin genuen.

Zergatik Estrasburgora?

Espainiako justiziak ez duelako beste biderik uzten. Guk jasotako mehatxua, berez, abisu administratibo bat da. Eta horren aurka, ezin dugu helegiterik aurkeztu Espainiako inongo auzitegitan. Ez dugu heldulekurik. Beraz, bide bakarra Estrasburgora jotzea da.

Zenbait hedabidek auzia isildu izanak harritu zaitu?

Ez gehiegi, errepresioa oso barneratua dugulako. Zer gertatuko litzateke, adibidez, Nafarroako Gobernuak Diario de Navarra-ko bi kazetariri isuna jarri izan balie? Eta kazetari horiek Estrasburgora babes eske joan izan balira? Aurrekaririk gabeko eskandalua izanen litzateke hori Nafarroan. Baina biktima errepresioa pairatzera ohituta dagoen sektorekoa bada, normaltzat jotzen dugu. Behar duen garrantzia ez diogu ematen, eta hori erronka bat da: agenda propioa ezarri behar dugu, arerio politikoaren dialektikatik urrundu, eta askatasunari auziari konplexurik gabe heldu. Salbuespen egoera bizi dugu Nafarroan, eta hori aldaketaren agendan sartu beharra dago nola edo hala.

Manugaitz: «Rap musika da euskarari hatsa emateko dudan tresna»

Manugaitz: «Rap musika da euskarari hatsa emateko dudan tresna» »

“Eta badator, hitza berriro bueltan”, abesten du Manugaitzek (Iruñea, 1975) Eman flow honi harrera izeneko kantuan. Eta horixe da iruindarraren lan berria: euskarazko raparen ahots ezagunenetako baten itzulera.

Hamarkada oso bat joan da Selektah Kolektiboa desagertu zenetik, baina orain arte ez duzu diskorik argitaratu. Zertan ibili zara urte hauetan guztietan?

Selektah deuseztatu zenean, bakarrik gelditu nintzela sentitu nuen. Bestalde, hainbat arrazoirengatik, hip hoparen mundutik apur bat aldendu eta beste gauza batzuetan zentratu nintzen: nire alor profesionala garatu nuen, oposizioetara aurkeztu nintzen… Musikarekin zerikusirik ez duten gauzetan murgildu nintzen. Horregatik, berriz hastea kosta izan zaidala uste dut. Desagertuta egon nintzen, baina raparen harra neukan barruan, eta ezin izan nion eutsi. Bigarren sorrera bat izan da hau niretzat.

Garai berriak, izen artistiko berria…

Bai, berez, Wanka izengoitia baztertu eta Manugaitz erabiltzen hasteko arrazoi bat baino gehiago egon da, baina nagusienetako bat horixe da: zerotik hasten banaiz, izena ere aldatuko dut.

Izengoiti batek, askotan, pertsonaia darama atxikita. Manugaitzek ba al du Wankatik zerbait?

Zorionez edo tamalez, ni neu ere aldatu egin naiz urte hauetan. 18 urterekin, lizuntasuna eta sexualitatea lau haizetara zabaltzeko grina nuen —hortik zetorren Wanker edo Wanka—, baina rol hori desfasatua gelditu da. Beharrezkoa zen aldatzea.

Manugaitz. Manatzeko gaitza al zara oraindik?

Tira, gaur egungo sisteman, oso zaila da benetan manugaitza izatea. Ados ez gauden guztiari aurre egitea, hori da manugaitza izatea. Eta tamalez, jendeak egunero irensten du errealitatea. Egunero irensten dugu. Nik ere bai. Barru-barruan, hala ere, badut manugaiztasun pitin bat.

Selektah Kolektiboaren bukaera bat-batekoa izan zen, hirugarren diskoa grabatzeko prozesu betean baitzineten. Garai hartan erabili ez zenuten materiala baliatu duzu disko berri honetan?

Ez. Egia erran, banituen base batzuk gordeta, eta Selektah Kolektiboaren garaiko hitzak eta musika erabiltzeko aukera izan nuen, baina diskoan entzun daitekeena nirea da, goitik behera berria: ideiak, musika, samplerrak…

Hitzak berriak dira, baina garai bateko eztena gordetzen dute zure errimek…

Neurri batean bai, baina, oro har, diskoa pertsonalagoa dela iruditzen zait. Zale batzuek faltan sumatuko dute Selektah Kolektiboaren gordintasuna, baina oraindik badago piper puntu hori. Dena den, gure lehenengo diskoak aztertzen hasita, gauza batzuk aldatuko nituzkeela uste dut. Gordintasunaren izenean errazkeriara jotzeko joera, adibidez. Oraingoan, zerbait sakonagoa egiteko gogoa neukan, baina ez pentsa luzaroan planifikatutako kontua izan denik. Horrela atera zait.

Bakarka ondu duzu diskoa. Eroso sentitu zara?

Lasaiago ibili naiz, ez dudalako diskoetxe baten presiorik sumatu. AME estudioko Axular Arizmendi teknikaria, gainera, oso jatorra izan da, eta ideiak eman dizkit. Zenbait unetan, beharrezkoa baita norbait alboan edukitzea.

Kantu berrietan, kulturaz hitz egiten duzu, egoera politikoaz… Horiek dira diskoaren ardatz tematikoak?

Diskoa grabatzeko prozesuaren hasieran banituen asmo batzuk, baina epeak luzatu ahala, asmo horiek aldatzen joan dira: kantu berriak sortzen nituen, zahar batzuk kendu, moldaketak egin… Hala ere, nonbait marraztu behar duzu marra, eta noizbait esan behar duzu “bukatu da, ez dut material gehiago grabatuko”. Hortaz, prozesua bukatzeko garaia heldu zenean, askotariko kantu sorta nuela ikusi nuen, eta zaila da haien arteko ardatz sendo bat identifikatzea. Euskal nortasuna, sustraiak, euskara… Nik esanen nuke horiek direla ardatz nagusiak. Beste gai batzuk ere jorratu nahi nituen, baina denborarik gabe geratu nintzen.

Euskararen aldeko militante sutsua zarela argi utzi duzu…

Zalantza izpirik gabe. Nire egungo kezka nagusietako bat da euskararena, eta diskoa ere horren isla da. Argi nuen diskoa euskara hutsean izanen zela ala ez zela izanen. Ez dakit raparen munduari ekarpen handirik egin diezaiokedan, baina euskarazko raparen munduari akaso bai. Euskalgintzari hatsa eman nahi nion, bultzadatxoa, eta, bide horretan, rap musika baliabide bat izan da. Kazetaria edo idazlea izan banintz, hedabideak edo liburuak erabiliko nituzkeen, baina daukadan tresna rapa da.

Gaur egun, rap kantari euskaldun askok gaztelaniaz abesten dute…

Bai, eta badakit errespetatu beharreko erabaki pertsonal bat dela, baina lotsagarria iruditzen zait, benetan. Selektah Kolektiboa desegin zenetik hamar urte pasa dira, eta, tarte horretan, euskarazko rap talde eta artista gehiago sortu dira. Bidea urratua dago jada. Baina oraindik orain, euskaldunen belaunaldi berriak Espainiari begira bizi dira, eta gaztelaniaz egiten den rapa hartu dute eredutzat. Gure gazte denboran, rap ingelesari, amerikarrari edo frantziarrari so egiten genion, faltan genituelako erreferenteak. Eta, hala ere, euskaraz abesteko hautua egin genuen. Beste askok ez dute bide hori aukeratzen, eta min handia ematen dit horrek.

Hala ere, rap talde, musikari eta abeslari euskaldun ugari azaleratu dira azken urteetan. Horien aitaponteko sentitzen zara?

Bada, hein batean, bai… Kar, kar! Eta uste dut normala eta sanoa dela harro sentitzea. Euskarazko musikaren esparruari zure aletxoa gehitu diozula ikustea pozgarria da beti.

Agendatik atera dute euskara

Agendatik atera dute euskara »

Zazpigarren puntuaren izenburuak zalantzarako aukera gutxi uzten zuen: “Euskara plana indargabetu, eta udala Uematik atera”. Ezustekorik ez zen izan joan den ostiraleko osoko bilkuran, eta Lesakako Geroa Baik bere gehiengoa baliatu zuen bozketa bakar baten bidez bi erabaki horiek hartzeko. Talde horretako sei zinegotziek egin zuten proposamenaren alde; EH Bilduko bostek, aldiz, kontra. Aurrera egin zuen, beraz: Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateari utziko dio Lesakak, eta euskara planik gabe geldituko da udala, gainera. Agendatik atera dute euskara.

Osoko bilkuran errandakoei eutsi die Geroa Baiko alkate Jose Luis Etxegaraik. EH Bilduko zinegotzien “presioak” gogor salatu ditu, eta presio horien ondoriotzat jo ditu hartutako erabakiak. Lotu egin ditu biak, gainera; Uematik ateratzea eta euskara plana indargabetzea, alegia. “Finean, Uemak inposatutakoa zen Lesakako euskara plana; erabaki batek bertzea ekarri du”.

Jose Luis Etxegaraik behin eta berriz errepikatu du: “Ez dugu inolako inposiziorik onartuko; presiopean ez dugu lanik eginen”. Geroa Baik alkatetza lortu zuenean euskara plana ezartzeko asmoa bazuela erantsi du alkateak. “Baina gure abiaduran”. EH Bilduk hori egiten ez diola utzi erran du Etxegaraik. “Egunero etorri zaizkigu hau eta bertzea egin behar genuela erratera. Egin beharrekoak eginen genituela erantzun diegu beti, baina ez digute aukerarik eman; horregatik hartu ditugu hartutako erabakiak; presio hori kentzeko”.

Diru kontuak ere mahai gainean jarri ditu Lesakako alkateak. “Zein da kontua, norbait askatzea euskararen alde egin dezan? Euskararen alde inor ez da ari doan. Bortzirietako Euskara Mankomunitatean gaude, eta horretarako ere 86.000 euroko saila dugu; bertze 7.000koa Uemarako; eta itzulpenak egiteko ere laguntzarik ez digute ematen”.

Etxegaraik ukatu du euskararen aurka egin dutela. Euskararen egoerak ez du zerikusirik Ueman egotearekin, haren hitzetan, eta euskara planik gabe ere udaletxean jendea orain arte bezala artatuko dutela gaineratu du Lesakako alkateak. Euskararen alde, gainera, jendea “konbentzitu” egin behar dela erran du, “hizkuntza inposatu beharrean”.

Are gehiago, Frankismoaren garaian euskaraz mintzatzen zirenen egoerarekin alderatu du orain herrian gaztelaniaz ari direnena: “Gazte garaian nola mintzatu erraten ziguten. Baserritik herrira jaitsi, eta euskaraz aritzeagatik irri egiten ziguten; eta irri egiten ziguten horien seme-alabek eta ilobek orain bertze diktadura bat jarri nahi dute, baina bertze aldera egiteko, berriz ere errateko nola mintzatu”, erran zuen Etxegaraik, osoko bilkurako eztabaidan.

Euskararentzat gauzak ez dira aldatuko Lesakan. Horixe nabarmendu du herriko alkateak. Bere horretan jarraituko dutela, Ueman egoteak eskatzen dituen konpromisoak betetzeko beharrik izan gabe ere; udaletxean euskararen erabilera normalizatzea helburu duen plana izan gabe ere.

“Lesakak hautsi du zubia”

Lesakako Udalak hartutako erabakiek izan dezaketen eraginari buruz kezka handia agertu dute herriko Euskara Batzordeko kideek, ordea; bai eta Uemako eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateko arduradunek ere. “Penaz” hartu dute erakundeotako ordezkariek Lesakako Udalak egindako urratsa.

Penaz, bereziki, Uemak. Mankomunitateko lehendakari Josu Labakak argi utzi du, hala ere, orain arte zutik ziren elkarlanerako zubiak Lesakak hautsi dituela. “Udal horrek hartu du erabakia; guk, noski, errespetatzen dugu, baina ez dugu bat egiten. Mila galdera eta kezka sortzen dira orain, Lesakak euskara sustatzeko hartuko duen jarrerari buruz; eskualdeko ikuspegia lantzea ere zailagoa izango da orain”. Elkarlanerako atea, hala ere, zabalik utzi nahi du Labakak. “Espero dut bidean berriz ere bat egitea Lesakako Udalarekin; herritarren babesa badugu”.

“Atzerapauso handitzat” jo du Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakari Mentxu Peñak ere Lesakan gertatu dena. Bortzirietako bost herriak ziren, orain arte, Uemako kide. Lesakak bakarrik utzi ditu, orain, bertze laurak. Bat eginda jarraituko dute, hala ere, Bortzirietako Euskara Mankomunitatean. Lesakak bi ordezkari ditu erakunde horretan; biak dira EH Bildukoak, udal gobernuko kideek hala erabakita. Mankomunitateak, halaber, batzorde bana du eskualdeko herri bakoitzean. Euskaltzale orok du parte hartzeko aukera; bai eta alderdiek eta eragileek ere. EH Bildu badago; Geroa Bai, berriz, ez. Uemako batzarrean ere, ordezkaririk ez du izan Geroa Baik. Lesakari hiru zegozkion, baina bakarra izendatu zuen udalak: oposizioko kide Maider Arrieta.

Lesakako Euskara Batzordeko kide da Edurne Rekondo, eta “larritzat” jo du joan den asteko osoko bilkuraren ondotik sortu den egoera. Geroa Baik agintea hartu eta berehala hasi ziren euskara plana betetzeko trabak, Rekondoren hitzetan. “Hainbat lehiaketa publikotan hizkuntza irizpideak ez dituzte kontuan hartu”.

Plana aurrera eramateko jarraipen batzorde bat bada udalean, baina euskara batzordeak eskatu arren, ez du bilerarik egin, arazoari buruz eztabaida egiteko, Rekondok salatu duenez. Etxegaraik erran du euskara plana ez zela ordenantza; ez zutela betetzeko beharrik, alegia. Ez du horrekin bat egin Rekondok: “Udalak onartutako plana zen, eta betetzeko zegoen”.

Plan horren xedea, edonola ere, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatzea zela nabarmendu du Euskara Batzordeko ordezkariak, eta kezkagarritzat jo du, ondorioz, bertan behera utzi izana. “Geroa Bai gauzak nahasten ari da; planak ez zuen inposatzen, ez zuen euskaraz ez dakien inor euskaraz egitera behartzen”.

Herrian hori argi uzteko eta azaltzeko beharra badela uste du Rekondok. Hori dela eta, Euskara Batzordeak bilerara deitu ditu herritarrak, abenduaren 18rako. Batzordeak, gainera, plan berria onartzeko prozesua jarri nahi du martxan. “Orain arteko plana oinarri hartuta, hura egokitzeko eta berriz martxan jartzeko urratsak egin nahi ditugu; Uemak egina zen, baina Lesakarentzat, eta batzordearen oniritziarekin”. Rekondok uste du udalak hutsetik hasi nahiko duela plan berri bat. Ostiraleko osoko bilkuran, dena den, alkateak argi utzi zuen orain ez dela plan hori egiteko momentua. “Baditugu bertzelako lanak”. Geroa Baiko Nafarroako arduradunek, berriz, auziari buruz ez dutela deus errateko azaldu dute.

Euskara plan batek zer ekartzen duen azaltzeko beharraz bat egin du Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakari Mentxu Peñak Rekondorekin, eta erakunde horretatik ere “pedagogia” egiteko beharra nabarmendu du. “Euskaraz ez dakitenak eta alfabetatu gabeko euskaldunak haien eskubideak kontuan hartuko ez dituzten beldur dira; lan egin behar dugu herritarrei argi uzteko helburua dela euskara bere tokian jartzea”. Lesakak hartutako erabakiei buruz, herriak atzera egin duela azaldu du Peñak. “Pena da alkate euskaldun batek jarrera hori izatea”.

Emakumeek ere badute zakila

Emakumeek ere badute zakila »

Jone Grandek 9 urte ditu, eta esaldi bakar baten bidez azaldu du transexualitatea zer den: “Zakila duen ahizpa bat dut”. Mikele Grande genital maskulinoekin jaio zen, duela hamabost urte. Zakila duen emakumea da, eta halaxe aldarrikatu du, haurra zenetik. Familiaren babesa jaso du; lagunena eta eskolako kideena ere bai. Zorionekotzat jo du bere burua, jakin badakielako adingabe transexual anitzen prozesua anitzez ere mingarriagoa dela; oraindik ere, bazterketari aurre egin behar diotela. Erakunde publikoak ere oztopo bilakatzen dira, transexualitatea patologia bilakatzen dutenean. Karrikara atera ziren iruindarrak, larunbatean, patologizazio horren aurkako aldarria lau haizeetara zabaltzera.

Lugatibe Iruñeko Transmarikabibollera eta Queer Gazte Asanbladak antolatu zuen larunbateko protesta. Jardunaldiak egin dituzte azken asteotan, gainera, transexualitateari buruz. Chrysallis adingabe transexualak dituzten familien elkarteko kideak aritu ziren, bertzeak bertze. Horko kide da Mikele Granderen familia. “Zoragarria izan da gure bide bera egin duten bertze hainbat pertsonarekin bat egitea”, azaldu du Mikeleren aita Luis Grandek.

Bide horren azken urratsetan ezagutu zuten Luis Grandek eta Mikeleren ama Mertxe Olorizek elkartea. Alaba transexuala zutela konturatu zirenean “bakarrik” sentitu zirela nabarmendu dute. “Ez genekien zer egin, edo nora jo”, gogoratu du aitak. Elkartean “lan ona” egin dutela baieztatu ahal izan dute, hala ere. Babesa eman diote alabari; eta lagundu egin dute emakume dela azaleratzeko egin dituen urrats guztietan.

Bide hori aspaldi hasi zuen 15 urteko gazteak, haren amak azaldu duenez: “Ustez neskenak diren jostailuak eskatzen zizkigun, haur bat bertzerik ez zenean; panpinekin aritzen zen, eta ileorde luzeak jartzen zituen; sekulako negarrak botatzen zituen ilea mozten genionean. 3-4 urterekin printzesen soinekoak janztea maite zuen”. “Emakumeen inguruko estereotipo guztiak baliatzen zituen, nolabait, bera ere emakume dela erakusteko; bere burua aldarrikatzeko”, erantsi du Mikele Granderen aitak.

Errege magoei eskatu zien soineko bat du buruan gazteak, zehazki; Uharteko erraldoien konpartsako erreginarena, alegia. Izeba batek egin zion, eta erabat txiki gelditu zitzaion arte jantzi zuen. “Dena esajeratzen nuen, nolabait erranda. Orain kontent nago; eta lasaiago”. Kontent eta lasai dago aldarrikatzeko behar hori baretu egin zaiolako. Emakumea da, eta emakumetzat dute.

Etxean beti sentitu du bere sexu identitateaz hitz egiteko askatasuna. Konfiantza eman diote gurasoek. Horixe nabarmendu du. “10-11 urte bete zituen arte, homosexuala izanen zela pentsatzen genuen. Gure ezjakintasunarengatik. Ez baita gauza bera, inondik inora, sexu identitatea eta sexu joera”, erran du amak.

Alabak 10 urte inguru zituenean argi ikusi zuten horixe, semetzat zutena alaba zela. “Argi utzi zigun kontua ez zela neska izan nahi zuela, neska bazela baizik”, gogoratu du amak. “Nik lasaitua hartu nuen, orduan semetzat nuenari gertatzen zitzaionari izena jarri niolako, azkenean”. Olorizek erran du aitarentzat zailagoa izan zela egoerari aurre egitea. Eta aitak aitortu du halaxe izan zela: “Transexualitatea gauza txarrekin lotzen nuen; orduan ez genuen elkartearen babesa. Pertsona transexualak baztertzen dituztela ikusten nuen, eta adingabeen kasuan egoera are okerragoa izanen zela pentsatzen nuen”.

Alabak bezala, prozesu bat egin dute gurasoek ere, eta hasierako kezkei eta beldurrei buelta ematen asmatu du Luis Grandek. Alabaren askatasuna bertze edozer gauzaren gainetik defendatzen du. “Alaba zoriontsu izatea bertzerik ez dut nahi, edozein gurasok bezala”, laburbildu du.

Eskolatik institutura

“Nik inoiz ez dut sentitu hitz egiteko beldurra; ez dut sentitu bakarrik nintzela, edo isildu beharra nuela”. Familiaren babesa izan duela nabarmendu du Mikele Grandek. Gurasoena, bai eta gainerako senideena ere. Argi utzi du eskolan ere nor den azaltzeko askatasuna sentitu duela.

“Irakasleekin eta eskolako zuzendariarekin hitz egitera joan, eta jarrera ezin hobea erakutsi ziguten”, azaldu dute Granderen gurasoek. Uharteko ikastetxean aritu zen Lehen Hezkuntza amaitu arte; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari da orain, Atarrabiako institutuan. “Ez dut inolako arazorik izan. Eskolakide berrien babesa ere jaso dut”. Mikele Grandek gogoratu du institutuan hasi zenean inor sartu aurretik joaten zela nesken aldagelara. “Azkar aldatzen nuen arropa, ahalik eta azkarren ateratzeko; pentsatzen nuen bertze neskek ez zutela nahiko ni han egotea. Baina alderantziz gertatu zen. Han egon behar nuela erran zidaten”.

Horixe berretsi du amak, lagunen babesa hagitz garrantzitsua izan dela. “Haurrak zirenetik ezagutzen dute elkar lagun taldean direnek, eta urrats guztiak batera egin dituzte. Naturaltasun osoz bizi izan dute prozesua”.

Xehetasunek izan dezaketen garrantzia nabarmendu du amak. Eta bat egin du harekin alabak. “Osasun etxera joaten naizenean, adibidez, niretzat zoragarria da bozgorailuetatik deitzen nautenean Mikele erraten didatela entzutea”.

Bere nortasun agirian izena aldatu zioten; sexua, ordea, ez. “18 urte izan arte ezin da aldaketa hori egin; sexua aldatzeko momentuan, gainera, gutxienez bi urtez tratamendua jaso duela erakutsi behar du aldaketa egin nahi duen pertsonak”, azaldu du aitak. “Lehen, ebakuntza egin arte ez zuten sexua aldatzen nortasun agirian; aurrera egin dugu, baina ez da nahikoa”, salatu du. Halako neurriek transexualitatearen patologizazioa nabarmentzen dutela argi utzi du Luis Grandek. Eta horren kontra lan egiteko beharra nabarmendu du.

Hori dela eta, ontzat jo du ildo horretan Nafarroako Parlamentuak onartutako adierazpena. Parlamentuak despatologizazioaren alde egin du, hain zuzen ere, eta konpromisoa hartu du beharrezko lege aldaketak egiteko, transexualitatearen despatologizazio hori egia bilakatzeko. Nafarroa transfobiarik gabeko herrialdetzat jo du parlamentuak, gainera. Adierazpen horren alde egin dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, PSNk eta Ezkerrak. UPN eta PPN, berriz, abstenitu egin dira. “Alderdi batek zergatik ez du halako adierazpen baten alde egiten?”, galdetu du Mikele Grandek.

Halako adierazpenek konpromisoak hartzera bultzatzen dituzte erakundeak, Luis Granderen hitzetan. “Eta konpromiso bat hartzen badute, bete dezatela exijitzen ahal diegu”. Aitak onartu du Mikeleren kasuan pertsona anitzek eman diotela babesa gazteari, haien borondatez. “Hori ongi dago, eta eskertzen dugu, baina ez dugu ahaztu behar pertsona transexualek eskubideak badituztela, eta horiek bete egin behar dira. Izena aldatzeko aukera ezin da epaile baten borondatearen menpe egon, adibidez”.

Hormonak

“Pentsatzen dut egunen batean genitalen ebakuntza eginen dudala. Baina oraingoz ez dut horrelakorik buruan. Hagitz ongi nago, eta kontent”. Mikele Grandek argi du ez duela ebakuntzarik egin behar emakume izateko, baina ez du aukera hori baztertu. Ez da orain hartu beharreko erabakia, haren ustez. “Norberak hartu beharreko erabaki bat da”, erantsi du haren aitak. “Ebakuntza egin edo ez, horrek ez du markatuko Mikele nor den. Zakila duten emakumeak badira, eta bulba duten gizonak ere bai”.

Mikele Grandek hormona tratamendua hasi zuen duela bi urte. “Horretan ere zortea izan genuen, adingabe transexual guztiei ez baitiete onartzen”, azaldu du haren aitak. Lehen etapan, blokeatzaileak hartu zituen. Horien helburua da garatu nahi ez diren ezaugarriak blokeatzea, hain zuzen ere. “Tratamendu hori nerabezaroaren hasieran hartzea garrantzitsua da”, azaldu du aitak. “Bigarren etapan, hormona tratamendu gurutzatua egiten da, garatu nahi diren ezaugarriak bultzatzeko, hain zuzen ere”.

Prozesu horretan aurrera jarraitzen du Mikele Grandek. Ez da bakarrik. Ikasi du, hala ere, bertze gazte transexual anitzek berak baino anitzez ere oztopo gehiago aurkitzen dutela bidean. Gurasoek ere argi dute hori. “Gurasoen babesa ere falta zaie adingabe anitzi; bere buruaz bertze egiten duenik ere bada. Hori hagitz gogorra da. Babesa eman behar diegu, eta lagundu”, erran du Mertxe Olorizek.

Adingabeen transexualitatea “ikusezina” dela erantsi du Luis Grandek. Eta horri aurre egin behar zaiola. “Naturaltasunez onartu beharko genuke”. Errealitatea aniztuna dela gaineratu du Olorizek, eta argi du aniztasun hori hagitz aberatsa dela. “Alaba transexuala izateak hobeak egin gaitu; aniztasuna onartzeko prestuago gara, esparru guztietan”. Mikele Grandek ere argi du: “Harro nago neure buruaz”.

Erika Salvatierra: “Argi izan behar dugu badirela emakume eta gizon izateko mila modu” »

Biokimikako ikasketak egin eta gero hasi zuen Erika Salvatierrak sexologiako formakuntza (Iruñea, 1989). Burlatako Gaztelekuan aritzen da astelehenetan, aholku ematen, bai eta herri horretako Askatasuna institutuan ere. Lan egiten du, halaber, Chrysallis elkarteko familiekin. Mikele Granderenak egindako lan ona nabarmendu du. Hala ere, argi utzi du bertze gazte anitzen egunerokoa anitzez ere gogorragoa dela.

Oraindik ere adingabe transexualen errealitatea ikusezina da neurri handi batean, ezta?

Hala da. Nik beti esaten dut haurren transexualitatea beste adar bat dela gizakion sexu aniztasunaren barruan. Transexualitateak erakusten digu gure gizartean gero eta aniztasun handiagoa badela, eta hori ikusgai bilakatu behar dugu. Finean, badira neska zakildunak, bai eta mutil bulbadunak ere. Ikusgai bilakatu behar dugu errealitate hori. Familian haur transexual bat dagoenean onartzea garrantzitsuena da. Eta aurrera egitea. Haur horrek babesa behar du; inguruan oztopoak aurkitzen baditu, askoz ere zailagoa izanen da bere identitatea azaltzeko prozesua.

Eta nola hasten da prozesu hori?

Haurrak hitz egiten hasten direnean hasten dira barruan dutena azaleratzen. Nor diren azaltzen. Horregatik, oso garrantzitsua da une horretan haurrak ez zuzentzea.

Pertsona transexualen inguruan, okerreko gorputz batean jaio direla erran ohi da anitzetan. Zer iritzi duzu horri buruz?

Gainditu behar dugu esaldi hori, eta transexualitatea azaltzeko modu hori. Gorputzak ez dira akastunak; gure begiradak dira akastunak. Kontu kulturala da, finean; erakutsi digute zer den gizon eta zer emakume. Baina argi izan behar dugu badirela gizon eta emakume izateko mila modu, gorputz batean edo bestean.

Oraindik ere, identitatea genitalekin lotzen da, ordea. Transexualitatearen patologizazioa da horren ondorio?

Bai, oraindik ere patologizazioa da nagusi transexualitatearen auzian. Ikuspuntu hori gainditzeko garaia da. Identitatea 3 eta 5 urte bitartean finkatzen dugu gizakiok. Adin horrekin badakigu nor garen.

Ingurukoen oniritzia eta babesa izateak anitz errazten du prozesua?

Bai, oso garrantzitsua da. Familiak tresnak eman behar dizkio haur transexualari, aurrera egiten laguntzeko. Onartzea da egin beharreko urratsik funtsezkoena, familiaren babes horrek haur transexualari adierazten diolako nor den azaleratzeko bermea baduela.

Babesik ezak zer-nolako ondorioak izan ditzake?

Ondorio larriak. Zure identitatea argi duzunean, haren gainean eraikitzen duzu zure nortasun guztia. Baina norbaitek zure identitatea zalantzan jartzen badu, ukatzen badu zure identitatea, horrek oso egoera gogorrak sor ditzake. Pentsa norbaitek esaten dizula ezin zarela zaren bezalakoa izan, mediku batek esan duelako hori ezinezkoa dela. Halako egoerek ekartzen dituzte depresioak eta bestelako arazoak. Etxekoen babesa ez dagoenean, gainera, askoz ere zailago bilakatzen da kanpora begirako prozesua.

Heziketaren esparruan lan handia dago egiteko, oraindik ere?

Bai, eta oso garrantzitsua da gazteenekin egin beharreko lan hori, gainera. Aniztasuna aberastasuna dela ikasi behar dute haurrek. Naturaltasun osoz, gainera. Etxean landu behar dugu hori, eta eskolan ere bai. Eskoletan bada lan polita egiteko aukera, gainera. Denborak aurrera egin ahala gure gorputzak gero eta ikusezinago bilakatzen baititugu.

UPN: Ez dira betiko garai onenak

UPN: Ez dira betiko garai onenak »

UPN, funtsean, ez da aldatu, besteak erakartzea lortu du”. Harro mintzo zen Javier Gomara 2004ko martxoan, BERRIAk argitaratutako elkarrizketan. “Oro har, alderdia sortzean planteatu genituen helburu guztiak erdietsi ditugula uste dut: alde batetik, Nafarroaren nortasunari eustea, eta, bestetik, zentro-eskuinaren eremua bateratzea”. UPNren sortzaileetako bat da Gomara, eta garai hartan bazuen pozik egoteko arrazoirik. Bere gorenean zegoen alderdia: 2003ko bozetan 23 eserleku eta botoen %42 lortu zituen, eta CDNrekin sinatutako gobernu itunari esker, lasaitasun osoa zuen nahieran gobernatzeko. Urrezko aroa izan zen hura, erregionalistentzat.

Ordutik hamaika urte eskasera, ordea, nekez aurkituko luke Gomarak pozik egoteko arrazoirik: barne pitzadurak handitu egin dira eta bitan zatitu dute alderdia; botere politiko osoa galdu du UPNk; eta botere ekonomikoan eragiteko gaitasuna ere izugarri murriztu zaio. Ikaroren mitoan bezalaxe, altuegi egin du hegan nafar erregionalismoak, eguzkia ukitzeraino. Eta hegalak kiskalita, lurra jo du orain.

Adituen arabera, garaietara eta unean uneko egoeretara egokitzeko gaitasuna izan da UPNren arrakastaren oinarrietako bat, baina gaitasun hori ere galdu dute erregionalistek azken urteetan. “Juan Cruz Alli eta Miguel Sanzen agintaldietan, nafar gizartean erabat errotuta zegoen UPN. Goizero ogia eta Diario de Navarra erostea, eta UPNri botoa ematea, dena zen gauza bera nafar askorentzat. Hori zen naturala, eta besteak ginen arraroak, azalpenak emateko beharra genuenak”, dio Ivan Gimenez kazetari eta ELA sindikatuko kideak.

Nabarrismoaren sustrai ilunak ikertu zituen Gimenezek El corralito foral liburuan (Pamiela, 2015), eta gizartearen ikuspegiaz harago, UPNk esparru politikoa ere nahieran maneiatu zuela uste du: “Historikoki, UPNren inguruan mugitu da dena. Euritako handi bat izan dute eskuan, eta horrekin estaltzen zituzten euren ingurukoak; aterkitik kanpo gelditzen ginen, ordea, oposizioko alderdiak, eragile sozialak eta, oro har, eredu horren kontra egiten zuten guztiak”.

Azken hamarkadetan, botere politikoaz gainera, botere mediatikoa eta ekonomikoa ere eskuratu dute erregionalistek. Baina nola lortu zuten halako kontrola? Gimenezen arabera, bezero-sare zurruna eratuta. “Nafar gizartea, beste guztiak bezala, piramide baten antzera egituratuta dago: erpinean, oso jende gutxi dago, eta elite horren ongizatea mantentzeko, piramideak oso oinarri zabala behar du. Horretarako, bezero sareak ehundu behar dira, hurbilekoei diru laguntzak eman, lanpostu eta enpresa publikoak nahieran sortu… Sistema ustel horri esker iraun du piramideak orain arte, pitzadurarik gabe”.

Faboreen gurpila

Iaz, 35. urteurrena ospatu zuen UPNk, eta urte horietatik gehienak agintean eman ditu. Denbora izan du, beraz, sektore gehienekin negozioak edo tratuak egiteko. 2000ko hamarkadaren hasieran, adibidez, asko ziren Miguel Sanzi faboreak zor zizkiotenak.

“Nafarroako Gobernuaren aurrekontua izugarri hazi da azken 40 urteotan, eta horren itzalean, askotxo izan dira aberastu diren enpresaburuak”, azaldu du kazetariak. “Garai bateko diputazioak eskuduntzak eskuratzen zituen heinean, biderkatu egiten zen aurrekontua ere. Enpresari batzuek pentsatu zuten: ‘Zergatik arriskatuko dut nire dirua besteena eskura baldin badut?’. Hortaz, diru publikoetatik bizitzen hasi ziren boterearen orbitan zeuden enpresa asko: kontzesioak, azpikontratatutako lanak, adjudikazioak…”.

Zenbait sindikatu ere sartu izan dira joko horretan, eta Gimenezek behin baino gehiagotan salatu du auzia: “Etengabeko prestakuntzarako funtsak Madrildik heltzen hasi zirenean, gobernuak erabaki zuen horiek baliatzea erregimena sendotzeko. UGT eta CCOO sindikatuak bairatu eta konplize bihurtu zituen, ustezko prestakuntza programen bidez milioiak ordainduta”.

Faboreen gurpil horrek, baina, oreka politiko minimo bat mantentzea exijitzen du, eta Yolanda Barcina agintera iristean, lehertu egin zen UPNren aita pontekoek diseinatutako sistema.

Ricardo Feliu Soziologiako doktore eta NUPeko irakaslearen irudiko, Barcina izan da, hain zuzen, UPNren krisia eragin duten faktoreen artean nagusietako bat. “Barcinaren lidergoa eta aginte eredua ez datoz bat UPNk 80ko hamarkadan ezarritako lan ildoarekin. Kontsentsua bilatu eta harremanak estutu beharrean, alderdi barruko ezinikusiak areagotu ditu, eta are gehiago sakondu du erregionalismoa osatzen duten familien arteko arrakala”.

Gimenezek ere bat egiten du ikuspuntu horrekin: “Barcinaren garaian, UPNren zuzendaritzak mespretxatu egin zuen aurreko urteetan lortutako zentraltasuna eta hegemonia. PSNrekin zuten gobernu ituna hautsi zuten, eskuinerago lerratzeko. Beraz, esan dezakegu UPNren gainbeheraren erantzuleetako bat Barcinaren handiustekeria izan dela, horren ondorioz egokitzeko gaitasuna galdu duelako alderdiak”.

2008an sare sozialen bidez zabaldutako bideo batean, Miguel Sanzek berak azaltzen zuen hegemonia horren sekretua, gaztatxoaren teoria famatua erabilita. Horren arabera, PSNren beharra dauka UPNk, Nafarroan statu quo-a bermatzeko.

Zubiak birrintzen

“PSNrekin akordioak lotu eta esparru politiko osoa kontrolatzeko praxis politikoa ez zuen Miguel Sanzek asmatu. Zaharragoa da kontua. Hor ditugu, adibidez, Jesus Aizpun eta Gabriel Urralbururen arteko itunak, ‘Nafarroan gobernagarritasuna ziurtatzeko'”, gogoratu du Feliuk.

UPNren barruan, askok ez zuten begi onez ikusi Barcinak PSNrekin sinatutako ituna apurtu izana. “Azken finean, Barcinak PPren eta Madrilgo eskuin muturrekoaren besoetara egin zuen jauzi, eta horrek zenbait alarma piztu zituen alderdiaren barruan; jarrera horrekin, PSNrekiko zubi guztiak eraitsi zituelako”.

Nafar erregionalismoaren egungo egoera ulertzeko, baina, beste faktore batzuk ere hartu behar dira kontuan: besteak beste, krisi ekonomikoa eta 2015eko foru eta udal hauteskundeen emaitzak.

“Krisi ekonomiko batek eztanda egiten duenean, nortzuk dira lehen biktimak? Beharginak, menpekotasunak dituztenak, gizarte zerbitzuak, Osasunbidea… Baina krisia luze jotzen ari da, eta beste hainbat sektore ukitzen ditu. Enpresa publiko askok, adibidez, porrot egin dute azken urteetan. Maila ertaineko kargudun ugari gelditu dira kale gorrian; hilean 3.000 edo 4.000 euro irabazten zuen jendea. Horiek ziren, finean, sistema zutik mantentzen zutenak, agian konturatu gabe”, dio Gimenezek.

Nafar eskuinaren bezero sarean katebegi bakar bat apurtuz gero, mekanismoak ez du behar bezala funtzionatuko, eta ondorioz, piramidea kolokan gelditu da azken urteetan. “Krisi honek alde onik izan badu, eskuin kapitalistaren miseriak agerian uztea izan da”. Negozioaren musika etenda, festa bukatu zaie UPNko buruei.

Feliuren ustez, bestalde, maiatzeko hauteskundeek orbain sakonak eragin dizkiote erregionalismoari: “UPNrentzat, galera bereziki mingarria izan da udaletan, alderdiaren arrakastaren faktoreetako bat eskualdeetan eta herrietan duen ezarpen zabala baita. Oinarri sendo hori galtzeak ondorio larriak izan ditu eskuindarrentzat. Politikoki, noski, baina baita sinbolikoki ere. UPNren boto galerarik handienetako bat Tuteran izateak, adibidez, min handia eman die”.

UPN krisian, sistema ez

UPNren krisia, baina, ez da hauteskunde emaitzetara mugatzen. Identitate krisia ere bada. Agintetik atera zenetik, alderdia zatituta dago, botere ekonomikoan eragiteko gaitasuna galdu du eta aukerarik ere ez zaio igartzen etorkizunean alternatiba sendo bat eraikitzeko. “Orain arte, nafar eliteen eta sistema politiko-ekonomikoaren tresna izan da, boterearen zirrikitu guztiak kontrolatzeko. Aurrerantzean, baina, erabilgarria izan al daiteke UPNren gisako alderdi bat elite horientzat?”, galdetu du Gimenezek.

Galdera horrentzako, baina, ez dago erantzun garbirik, oraingoz. “Sistemak tresna politiko bat behar du beti. UPN Nafarroa Garaian, EAJ Euskal Autonomia Erkidegoan, PP eta PSOE Espainian… Sistemak ez badu tresna politiko hegemoniko bat, arazo bat dauka. Horregatik, UPN desagertuko balitz, zeinek hartuko luke zentraltasuna berreskuratzeko ardura hori? Ciudadanos-ek? PPk? Pisu politiko urriko alderdiak dira horiek Nafarroan”.

Feliuren ustez, berriz, UPNk hainbat arazori aurre egin beharko die datozen hilabete zein urtetan, baina horrek ez dio aginteko elite politiko-ekonomikoari asko eraginen: “Nafarroako eliteak ez daude larrituta. Aklimatatze prozesu bat besterik ez da haientzat. CEN Nafarroako Enpresarien Elkarteak Manu Aierdi kontseilariarekin izandako bilera oso argigarria izan zen alde horretatik, enpresaburuek konfiantza osoa adierazi baitzioten gobernu berriari. Eta Opuseko Unibertsitateak ere tonua aldatu zuen hauteskundeen ostean, garai bateko mezu erasokorrak alboratuta. Beraz, esan dezakegu egokitzapen prozesu bat dela hau eliteentzat. UPN krisian egon daiteke. Sistema, berriz, ez”.

Igande honetan batzarra eginen du UPNk, behin-behineko presidentea aukeratzeko, eta Barcinak sortutako nahasmendutik ateratzen hasteko. Orduan ikusiko da erregionalismoak erronkari eutsiko dion ala nora ezean segituko duen.

San Fermin Txikiak: talkak ahazteko festa

San Fermin Txikiak: talkak ahazteko festa »

Urteroko zitari eutsiz, festarako prest dira Iruñeko Alde Zaharreko karrikak. Gaur goizean egingo du eztanda San Fermin Txikiko jaiei hasiera emateko suziriak. Eguerdian hasi eta igandera arte iraungo du ospakizunak. 150 ekitalditik gora izanen dira, guztira.

Aurtengo festak, gainera, bereziak izanen dira. Urteetako borrokaren ostean, baretu dira, oraingoz, Alde Zaharreko Jai Batzordearen eta Iruñeko Udalaren arteko ika-mikak. UPNk ez bezala, auzokideen programari babesa eman dio udalbatza berriak, eta azken urteetan aurrenekoz, baimena izango du aurten Redin inguruko jai eremuak. “Bazen garaia”, dio, telefonoaren bestaldean, Leticia Molina jai batzordeko kideak, pozez. Ez zuten beste erabakirik espero. Eta ez bakarrik udalean izandako aldaketagatik; bide judizialak ere arrazoia eman die auzokideei: “Bere garaian udala salatu genuen, esaten zutelako guk ez genuela barra jartzerik, ez omen ginelako jaien antolatzaile. Epaiketa egin zen, eta otsailean esan ziguten irabazia genuela”. Udal berriak, ordea, epaia betetzeaz harago “ahalegin handia” egin duela uste du Molinak, eta pozik mintzo da harremanen osasuna dela eta.

Orain, udalarekin ez ezik, bizilagunekin harreman ona bermatzea da jai batzordearen helburua. Jai bereziki parte hartzaileak dira San Fermin Txikikoak, auzoaren bizitzan ongi errotuak. Alde horretatik, ez luke arazorik egon behar. Baina tabernak irekitzeko lizentzien kopuru neurrigabeak —eta hortik eratorritako zaratak— arazoa sortu dute Alde Zaharreko bizilagunen artean. Gauzak horrela, jai jardueretako batzuek eragin dezaketen kaltea apaltzeko neurriak hartu ditu jai batzordeak. Izan ere, Molinak dioenez, jendea “kokoteraino” dago zaratarekin, eta ez dute nahi jaiekin “edalontziek gainezka egitea”. Edonola, arduraz baina lasai mintzo da jai batzordeko kidea: “Jaiak jaiak dira, eta zarataren kontra daudenek ere nahi dituzte jaiak. Gu saiatuko gara ahalik eta kalte gutxien sortzen”.

Jai batzordearen eta auzokideen hiru hilabeteko lanak gaurtik aurrera ekarriko ditu fruituak Alde Zaharreko kaleetara. Ekainean hasi ziren biltzen, “lehenik eta behin dantzaldiak kontratatzeko”, eta ordutik astero elkartu dira, kolektibo zein bizilagunak, festak prestatzeko. Jai guneko txanda guztiak betetzeko “arazoak” izan dituztela aitortu du Molinak, “hainbeste urteetan halako gunerik ez egotea nabaritu delako”. Baina txandak bideratzeko helbide elektroniko bat jarri dutela ere dio, eta jendeak “ongi hartu” duela.

Beste behin ere, eta eguraldiak laguntzen badu behintzat, milaka pertsona elkartuko dira asteburuan Nabarreriako inguruetan, jaiaz gozatzeko. Antolatzaileek, aurten ere, umeak izan dituzte gogoan, eta haientzako jarduera asko antolatu dituzte. Finean, Molinak dioenez, “urtean zehar eta sanferminetan ez dute aukera handirik izaten”, eta, horregatik, “kontuan hartu” dituzte jaien egitaraua ontzeko unean. Haiei eskainitako ekitaldiekin batera, dozenaka jarduera gehiago antolatu dituzte. Herri bazkariek eta musika emankizunek kaleak zipriztinduko dituzte. Aurten, gainera, auzoko gazte mugimenduak duela hogei urte abiatutako eta azken urteetan desagertutako striptease herrikoia berreskuratuko du, ostiralean. Alde Zaharreko musika taldeen lehiaketa ere izango da, ostegunean. Ekitaldi berriak izango dira —jauziak, kasurako, igandean—, eta baita urteetan errepikatu direnak ere, adinekoen krosa, adibidez.

Jai bereziak

San Fermin Txikikoak festa “bereziak” dira Leticia Molina eta Alde Zaharreko Jai Batzordearentzat. Bereziak, “jende askok parte hartzen duelako; ez bakarrik gauzak ikusten, baizik eta baita prestakuntzan ere”. Horregatik, trabak traba “jendeak hasieratik defendatu dituen” festak direla uste du Molinak. Urteroko egutegian gorriz markatutako egunak dira Alde Zaharreko zein Iruñeko gainerako biztanleentzat ere: “Jendeak betidanik sentitu izan ditu bere jaiak balira bezala, eta betidanik sentitu izan da kristoren jarrera jaiekiko. Jai hauetan ez du diruak agintzen. Azkeneko urteetan hori ikusi izan da: nahiz eta barrarik ezin jarri eta nahiz eta dirurik ez atera, aurrera jarraitu dugu jaiekin”.

Festak festa izateko, ordea, denen arteko errespetua bermatu beharra dago. Eta, horretarako, batetik, jaien testuinguruan ugaritzen diren sexu erasoak bukatu nahi ditu jai batzordeak. Horretarako, komunikazio kanpaina bat egin dute, eta eraso sexisten aurka jarraitu beharreko protokoloa landu dute taberna eta peñetako arduradunekin. Horiek guztiek “oso jarrera ona” erakutsi dute, Molinak dioenez. Gainera, emakumeentzako autodefentsa ikastaroak ere landu dituzte, jaien aurreko asteetan.

Errespetua da Molinak gehienetan darabilen hitza. Festetan ongi pasatzeko eta parte hartzeko deia egiten die herritarrei, baina denen eskubideak aintzat hartuta; festazaleena, baina baita lo egin nahi dutenena ere.

Imanol Lapeña: «Euskara eta kirola lotzea da helburua»

Imanol Lapeña: «Euskara eta kirola lotzea da helburua» »

Euskararen aldeko aldarria presente izango da San Fermin Txikiko jaietan. Laugarren urtez, Euskaraz bizi nahi dut lelodun lasterketaren lekuko izango dira Alde Zaharreko kaleak, bihar goizean. Euskalgintzako taldeek abiatutako lasterketa da; prestatzeko, ordea, Imanol Lapeña (Iruñea, 1963) Hiru Herri atletismo taldeko kidearengana jo zuten orain lau urte. Iñaki Mendiorozekin batera, lasterketaren prestaketarako logistikaz arduratzen da urtero Lapeña.

Dioenez, lasterketaren aurreko egunetan izaten dute lan gehien. Finean, “ongi eraman behar dira gauza guztiak, egunean, dena ongi atera dadin”. Besteak beste, lasterketarako beharrezkoa den materiala lortzeaz arduratzen da, bai eta ibilbidea markatzeaz ere, adibidez. Eskarmentua du horretan, Iruñerriko bestelako kros eta lasterketen antolaketan ere ibilia baita.

“Zerbait berezia egin nahi zelako” sortu zen 2012an euskararen aldeko lasterketa bat egiteko ideia. “Zerbait berezia, kirolarekin harremana izango zuena”. Izan ere, Lapeñak dioenez, “euskara eta kirola lotzea izan zen helburua lasterketa formatuan. Ez lehiatzeko, baizik eta parte hartzeko, eta, hala, egun eta festa polita sortzeko”. Data aukeratzerakoan, San Fermin Txikiko festekin batera egitea erabaki zuten, “jai giroan antolatzeko”. Eta bistan da asmatu zutela, “jendearen erantzuna eta sortutako giroa oso polita izaten delako”, Lapeñaren hitzetan.

Euskararen aldeko aldarrikapenerako kirola aukeratu izana ez da kasualitatea, Hiru Herri taldeko kidearen ustez. Are gehiago, kirolean, eta bereziki atletismoan, euskararen erabilerako potentzial handia dagoela uste du: “Kirolarena beste mundu bat da. Agian orain arte ez gara ohartu mundu horretan euskara erabiltzeko zenbat aukera dauden. Iruñean asko dira atletismo taldeak, eta horietan dabiltzan asko dira euskaldunak”. Horretaz gain, lasterketaren moduko formatuak jendea erakartzeko izan dezakeen gaitasunaz mintzo da Lapeña: “Jendea erakartzeko aukera polita da. Jendea mugitzeko gauza erraza da korrika egitea”.

Errezetak emaitza onak eman ditu orain arte. Aurretik egindako

hiru lasterketetan “oso giro polita” sortu izan da, Lapeñaren hitzetan. Partaideen kopurua ere “poliki-poliki” gora doa, “bai helduen eta bai umeen lasterketetan ere”. Eta orain arte behintzat, eguraldiak lagundu izan du, eta “hori oso garrantzitsua da”.

Guztira, 300 bat lagunek parte hartu ohi dute lasterketan. Ez da kopuru makala. Are gehiago, Euskaraz bizi nahi dut leloarekin Euskal Herriko beste hainbat herri eta hirietan egiten diren antzeko lasterketen artean, “jendetsuena” omen da Iruñekoa. Orain hiru urte, egun bakarrean egin ziren lasterketa horiek guztiak, 30 bat herritan. Orain, ordea, “hilabeteko epea” ematen zaie antolatzaileei, “herri bakoitzak hilabete horretan nahi duen data aukeratu dezan”.

Denetariko korrikalariak

Aniztuna izan ohi da euskararen aldeko Iruñeko lasterketan parte hartu ohi dutenen profila. Batetik, Lapeñak dioenez, “atleta onak izaten dira, Iruñerri ingurukoak, famosoak batzuk”. Horietako askok “entrenamendu modura” hartzen dute lasterketa. Antolatzaileak dioenez, Iruñerriko klub gehienetako —Lagunak, Ardoi, Pamplona Atletico, Ederki, Hiru Herri, Beste Iruñea, Berriozar…— kideak izaten dira lasterketan. Bestalde, krosa “oso herrikoia” dela dio Lapeñak, eta “edonork” parte har dezakeela. Aniztasun horrek egiten du lasterka “polita”.

Orain arteko erantzunari eustea izango da, aurten ere, antolatzaileen helburua. Horretarako ondu dute bost kilometro inguruko ibilbidea. San Frantzisko plazatik abiatuko da, 10:30ean. Eslava, Kale Nagusia, Udaletxe plaza eta Santo Domingoko aldapa igaroko ditu, Arrotxapea zapaldu aurretik. Curtidoresko zubitik ibaia zeharkatu eta ertzetik ibiliko da, Vergel zubira iritsi arte. Arantzadira eginen du salto handik, eta inguru horretan buelta eman ostean Zumalakarregiko atetik igoko da berriro Alde Zaharrera. Karmen, Navarreria, Mercaderes, Txapitela, Gazteluko plaza eta San Nicolas kaleak igaroko ditu orduan, eta San Migel kaletik iritsiko da berriro San Frantzisko plazara, han bukatzeko. 09:00etan jarriko dituzte izena emateko mahaiak. Puntual izateko eskatzen die Lapeñak korrikalariei.

Helduen lasterketaren ostean izango da haurrena, San Frantzisko plaza inguruko kaleetan. Aurten hiru talde osatuko dituzte antolatzaileek, adinaren arabera. Txikienek, 6 urtera arte, gurasoen eskuei helduta eginen dute lasterketa. 7 eta 9 urte bitartekoek haien lasterketa egiteko aukera izango dute, eta hortik gorakoei helduen lasterketan parte hartzeko aukera emango zaie, hala nahi badute. Dena bukatuta, zozketa eginen dute parte hartzaileen artean. Euskara eta kirola lotzeko aukera, bihar, edonoren eskura.