2006tik gutxitu egin da miru kopurua Nafarroan »

Gorosti natur zientzia taldeak urtero egiten du miruen errolda Nafarroan. Iaz, 1.521 miru gorrik pasa zuten negua Nafarroan, duela bi urte baino 289 gutxiagok. Errolda hasi zenetik, 1992. urteaz geroztik, %28 jaitsi da hegazti harrapari horren populaz…

@sarean »

Ekologista taldeek pozoiaren aurkako kontzientziazioa lortu nahi dute.

www.venenono.org. Pozoiaren erabilera gutxitzeko egitasmoa.

pwww.gurelur.org. Nafarroako talde ekologistaren webgunea.

www.ekologistakmartxan-nafarroa.blogspot.com.es

Ekologistak akusazio izango dira hegazti harrapari pozoituen auzian »

Pozoia da Nafarroako animalien etsai nagusietako bat. Hala salatu dute Ekologistak Martxan, SEO/BirdLife eta WWF talde ekologistek. Iazko apirilean pozoitutako 120 hegazti harrapari hilik agertu ziren Erriberako hiru ehiza barrutitan. Orain, akusazio gisa joko dute ekologistek auzitara, epaituko dituzten bost lagunen aurka. Nafarroako Gobernuak pozoiari aurre egiteko borondaterik ez duela salatu dute, eta neurriak hartzeko eskatu diete agintariei.

Zehazki, Tutera eta Cintruenigoko hiru ehiza barrutitan agertu ziren hilik babes bereziak dituzten hegazti multzoak. Tartean zeuden miru beltzak, sai arreak, sai zuriak, zingira-mirotzak eta miru gorriak. Pozoituta hil ziren. Ikerketa hasi, eta uztailean bost lagun atxilotu zituen Foruzaingoak. Montes del Cierzo ehiza barrutiko kide bat, guarda eta presidentea, Cintruenigoko ehiza barrutiko presidentea eta ustez Monte Altoko ehiza barrutiko pozoitzeekin zerikusia duen beste pertsona bat. Talde ekologistek orduan izan zuten gertaeraren berri. “Nafarroan inoiz egon den hegaztien pozoitze kasurik larriena da”, jakinarazi du Miguel Angel Fernandez Ekologistak Martxan taldeko kideak. “Nahita egindako sarraskia da argi eta garbi”, gaineratu du.

Antza, pozoitutako gizengarriekin hil zituzten hegaztiak. “Ehiza barrutietatik harrapariak kendu nahian, ehiztariek ehizatzeko animalia gehiago izateko”, salatu du Fernandezek. Izan ere, untxiak eta eperrak jaten dituzte zenbait harraparik. Produktu fitosanitarioak baliatu zituzten pozoitzeko, batez ere, nekazaritza erabilera duten produktuak. Pozoia janari barruan —magdalenetan, arrautzopiletan eta txorizoan— ezkutatu zuten.

Hiru talde ekologistek jakinarazi dutenez, Erriberan gertatutakoa ez da kasu bakarra izan. Hainbat eta hainbat dira pozoitze kasuak Nafarroan. “Tamalez, hamaika kasu gehiago daude; askotan haien berri ez dugu izaten”, esan du Ekologistak Martxan taldeko kideak. Nafarroako legediak eta Espainiako legediak debekatzen du pozoia erabiltzea, delitua da, baina, hala ere, baliatzen jarraitzen dute zenbaitek.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuaren eta zehazki Ingurumen Departamentuaren jarrera salatu dute ekologistek. “Salaketa jarri genuenetik ez dute inolako neurririk hartu, eta, beraz, animaliak pozoitzen jarraitzen dute”, dio Ramon Elosegi SEO/BirdLife taldeko kideak. “Arriskutsua da, pozoitutako amu gehiago daudelako, eta, ondorioz, hegazti gehiago hil eginen dira”, gaineratu du. Gobernuak arazoari ez diola heldu nahi jakinarazi du, “interesik” ez duelako. “Gizarteak ez dio garrantzirik ematen, eta oharkabean pasatzen da; horregatik, gobernuak ez du neurririk hartzen”, azaldu du Elosegik. Erriberako hegaztien auzian gobernua bakarrik “ustezko errudunez” arduratu dela uste du Fernandezek, eta, bitartean, “biktima bakarraz, ingurumenaz, alegia, ahaztu da; inork ez du ezer egin laguntzeko”. Horregatik aurkeztuko dira auzitegian, atxilotutako bost lagunen aurkako kasuan. “Zigor Kodea betetzea nahi dugu, eta delitua den heinean, gogor ezartzea eskatuko dugu”. Bi urterako espetxe zigorra jaso dezakete bost inputatuek, eta erantzukizun zibila ere eskatuko dute talde ekologistek.

Pozoiaren gaia gizarteratu nahi dute ekologistek. “Nafarroan pozoiaren erabilera oso larria da, eta gizarteak hausnartu behar du horren inguruan”, esan du Carlos Cano WWFko kideak.

“Arriskuan” jartzen dituzte animaliak, harrapariak suntsitzeko amu pozoituak erabiltzen dituztenean. Osasunarentzat eta ingurumenarentzat ere kaltegarriak direla adierazi du. Horregatik, Canok lehenbailehen neurriak hartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. “Gertatutakoa berriro gerta ez dadin, ezinbestekoa da neurriak hartzea eta Nafarroako ehiza barruti guztietan zainketa zorroztea; gobernuaren ardura da hori”, gogorarazi du WWFko kideak.

Animalia agertu ziren hilik Cascanten. »

Bi arrano beltz, bi miru, bi zingira mirotz, zapelatz bat, bele bat, ardi txakur bat eta untxi bat pozoituta aurkitu zituzten Cascanten 2000. urtean. Ondoan, oilasko arrastoak zeuden, gizengarri moduan erabiliak.

“Azken 25 urteetan okerrera egin du pozoiaren gaiak Nafarroan” »

Nafarroan hamaika hegazti pozoituta hiltzen dituztela salatu du Toño Munilla Gurelur talde ekologistako kideak. Gogoan du Muskilda izeneko ugatza. 1997. urtean pozoitu zuten lehenengo aldiz Muskilda. Gurelurreko kideek sendatu zuten, tartean Munilla zegoela. Aske utzi zuten berriz ugatza, eta Pirinioetara itzuli zen, etxera. Baina 2001. urtean hil zen, pozoituta. “Onartezina da gobernuaren jarrera”.

Noiztik ezagutzen dituzue pozoituta hil diren hegaztien kasuak Nafarroan?

Duela 25 urte lanean hasi ginenetik ezagutzen ditugu pozoituta hil diren hegaztien kasuak, baina lehenago ere baziren. Ez da arazo berria. Orain 25 urte hasi ginen kasuak salatzen, eta Madrilgo laborategi batera eramaten genituen animaliak aztertzeko, Nafarroako Gobernuak ez zuelako deus egiten.

25 urtean zer bilakaera izan du pozoiaren gaiak Nafarroan?

Zalantzarik gabe, okerrera egin du azken 25 urteetan. Nafarroako Gobernuak ez du bere jarrera aldatu mende laurden honetan. Gai politikoa da, eta politikariei ez zaizkie axola hegaztiak eta haien hilketak, ehiztariak babesten dituzte. Gainera, legedia animaliei pozoia jartzen duten pertsonek isuna ez ordaintzeko egina dago; beraz, ez du ezertarako balio. Horregatik, salaketek ez dute inoiz aurrera egiten. Gobernuak milioika euro barkatu die arduradunei. 33.000 ehiza lizentzia daude, eta horrek esan nahi du 33.000 boto jokoan daudela. Beraz, ehiztariekin kontuz ibiltzen dira.

Zer-nolako jarrera du Nafarroako Gobernuak hegaztien pozoitzeen auzian?

Gobernuaren betebeharra da norbaitek pozoia erabiltzean —ehiza barrutietan edo beste leku batean— auzitegietan salatzea eta lege protokoloari jarraitzea. Baina ez dute hori egiten. Beraz, lehenengo arduraduna auzi honetan Nafarroako Gobernua da, eta bigarrenak, pozointzen dutenak. Ehiztariek Nafarroako ehiza kudeatzen dute; gobernuak ez du eskurik sartzen. Horregatik, urte osoan ehizatzen dute, pozoia jartzen dute… Oso erraza da pozoia erostea; edozein lekutan erosten dute agiririk erakutsi gabe.

Batzuetan nahi gabe pozoitzen dituzte hegaztiak edo beti kontzienteki egiten dute?

Beti kontzienteki egiten dute. Tuterako aferan eta beste guztietan nahita hiltzen dituzte hegaztiak eta beste animaliak. Basapiztiak direla uste dute, eta ez dute nahi ehizatzen duten lekuan egotea, oztopatzen dituzte. Haien pentsaera halakoa da, eta gobernuak pentsaera hori izaten jarraitzen laguntzen du, baimenak ematen dituztelako.

Nafarroan inoiz egon den pozoitze kasurik handiena Tuteran eta Cintruenigon gertatutakoa dela diote talde ekologista batzuek.

Bai, baina ez da egia. Nafarroan sarraski handiagoak egon dira. Baina kasuak, askotan, ez dira azaleratzen, eta, askotan, animalia hilak ezkutatzen dituzte; orduan inor ez da jabetzen gertatutakoaz. Kasu batzuk komunikabideetara eta jendearengana iristen dira, baina beste asko, tamalez, ez. Behin, espeleologo batzuek dozenaka animalia aurkitu zituzten hilik Martzillan. Biltegi batera sartu ziren, eta han txakurrak, katuak, hegazti harrapariak, denetik aurkitu zuten. Ikerketa abian jarri genuen, eta denak pozoituta hil zituzten. Salaketa jarri genuen, baina ez zuen aurrera egin.

Orduan, zer egin kasu horien guztien inguruan?

Salatzen jarraitzea, guk egiten dugun bezala; ez dago besterik. Arartekoaren aurrean salatzen ditugu kasuak, eta arrazoia ematen badigu ere, Ingurumen Departamentuak ez ditu salaketak onartzen, eta atzera botatzen ditu. Gobernuak aldatu egin behar du bere jarrera.