“Aldaketaren aukera historikoa baliatu behar dute alderdiek”

“Aldaketaren aukera historikoa baliatu behar dute alderdiek” »

Itxaropenez beteriko «une historikoa» probestu behar dela uste du Nafarroako Unibertsitate Publikoko soziologia irakasleak, aldaketaren aukera errealitate bihurtzeko eta koalizio gobernu bat adosteko. - Jarraitu irakurtzen...

“Gerraren eta erruaren zauriak ixteko balio du egia azaleratzeak”

“Gerraren eta erruaren zauriak ixteko balio du egia azaleratzeak” »

Jakin-min aseezina du Jose Mari Esparza editoreak (Tafalla, 1952), eta horrek hamaika ikerlan eta egitasmo abiatzera eraman du. Txalaparta argitaletxearen sortzailea izateaz gainera, Euskal Memoria fundazioko, Altaffaylla elkarteko eta Eraildakoen Senideen Elkarteko kide eta bultzatzaile ere bada. La sima. ¿Qué fue de la familia Sagardia? (Osina. Zer gertatu zen Sagardia familiarekin?) liburuan, gehien jorratu duen gaietako bati heldu dio berriz: 1936ko gerra eta memoria historikoa. Eta, bide batez, azalera ekarri du hainbat urtez memoria kolektiboaren sotoetan lurperatuta egon den gertakari lazgarri bat: Gaztelu herrixkako familia oso baten erailketa.

Nafarroako historiaren pasarterik ilunenetako bat ikertu duzu lan honetan…

Egiteko geneukan lan bat zen hau. 1986an, Altaffayllak Navarra 1936, de la esperanza al terror liburua [Nafarroa 1936, itxaropenetik terrorera] argitaratu zuenean, agirien artean azaldu zen Gaztelu herrixkako familia baten desagertzea, 1936. urtean. Zurrumurruen arabera, haurdun zegoen emakume bat eta haren sei seme-alaba osin batera bota zituzten. Oso gertakari iluna zen, eta ezaugarri propioak zituen: ez zirudien hilketaren motibazioa politikoa zenik; ia errepresiorik gabeko eremu batean gertatu zen, eta, gainera, ordura arte ikusitako guztia gainditzen zuen krimenaren krudelkeriak. Horregatik, liburu hartan tarte txikia eskaini genion. Baina ni jakin-minak jota gelditu nintzen. Inguruan galdezka hasi nintzen, norbaitek gertakariaren gaineko informazioa zabaltzen lagunduko zidan esperantzarekin, baina alferrik izan zen. Tabua zen herrian.

Zergatik?

Ikerketa prozesuan jakin ahal izan dugunez, Sagardia Goñi senar-emazteek zazpi seme-alaba zituzten, eta bidean zen zortzigarrena ere. Argi ez dauden arrazoiengatik, haien kontrako zurrumurruak eta esamesak zabaltzen hasi ziren Gaztelun. Lapurreta txikiak leporatu zizkieten: barazkiak, fruta, oilaskoren bat… Azkenean, 48 orduko epea eman zioten emazteari herritik alde egiteko. Egun horietan, senarra mendian zebilen lanean, eta herrira itzultzen saiatu zenean, atxilotu egin zuten, eta ziegan eduki zuten zortzi egunez. Bitartean, familiak mendira ihes egin behar izan zuen, eta han zirela, Legarreako 50 metroko osin batera bota zituzten: haurdun zegoen emakumea eta haren sei seme-alaba. Urte eta erdi zituen gazteenak. 18 urteko seme zaharrena soilik libratu zen.

Lapurretena izan zen motibazio bakarra?

Hori da misterioetako bat, baina baditugu zenbait zantzu. Lapurreta txikiez gain, bestelako akusazioak ere egin zizkieten. Batez ere, Juana Josefa Goñi emazteari: ederregia zela, seme-alaba guztiak ez zirela senarrarenak, ez zela mezara joaten, gizon askorekin ibiltzen zela… Guardia Zibilak eta herriko apaizak zeresan handia izan zuten zurrumurru horien zabalkundean. Primizia bat ere emanen dizut: liburuaren aurkezpenean, Juana Josefa Goñiren ondorengo bat ezagutzeko aukera izan nuen. Hark aitortu zidan bere birramona [Juana Josefaren ama] ez zela inoiz mezara joaten, euskaldunon jainkoak gurtzen zituelako. Sorgina zen. Horrek dimentsio berria eman dio ikerketari, lotura izan dezakeelako familia horren kontrako jazarpenarekin. Liburuaren bigarren edizioan aipatuko dut.

Zergatik azaleratu da auzia orain?

Duela urte gutxi, 167 sumarioaren txostena aurkitu nuen Iruñeko Epaitegiko artxibategian, Sagardia Goñi familiaren auziari erreferentzia egiten diona. Zur eta lur gelditu nintzen, oso arraroa baita 1936ko hilketa baten ondorioz sumarioa zabaldu izana. Garai hartan, herritarrak zientoka atxilotu, desagerrarazi eta erail zituzten guardia zibilek nahiz militarrek, eta ez zuten azalpenik ere ematen. Are gutxiago epaile baten aurrean. Desagertzen zirenak desagertuak ziren, eta kito.

Hori horrela izanda, zergatik zabaldu zuten sumarioa?

Bada, Gaztelu herriko biktimak Sagardia jeneralaren ahaideak zirelako. Altxamendu militarrean rol aktiboa izan zuen jeneral horrek, eta krimen odoltsu askoren erantzulea izan zen. Horregatik, auziak bederatzi urtez iraun zuen zabalik. Hiru aldiz itxi zuten, eta beste horrenbeste alditan zabaldu, Sagardia jeneralaren ahaleginengatik, batez ere. Erregimenak behin betiko itxiarazi zuen 1946an, oso gertakari lotsagarria zelako haientzat. Besteak beste, sumarioan azaltzen ziren akusatu guztiak herriko eskuindarrak ziren.

Herriko askok ere ez zuten auzia azaleratzea nahi…

Egia da hori, baina nik liburuan aipatzen ditudan datu gehienak publikoak ziren jada. Gainera, iazko abenduan, espeleologoek beste gorpuzki batzuk atera zituzten Legarreako osinetik. Hedabideen arreta erakarri zuen horrek, eta argi zegoen gaia azaleratuko zela handik edo hemendik. Bestalde, oso garrantzitsua deritzot 80 urtez zutik iraun duen isiltasun hesia botatzeari. Gazteluko bizilagun askok ez dute auzia aipatu ere egin nahi, garai hartako herritar gehienek zerikusia izan zutelako krimenarekin. Batzuek, parte hartu zutelako, eta beste asko, isilik geratu zirelako. Baina herriak garaia du zama hori gainetik kentzeko, eta egia azaleratzeak horretarako balio du: gerraren eta erruaren zauriak ixteko.

“Ezein nobela beltz baino ilunagoa da egoera politikoa”

“Ezein nobela beltz baino ilunagoa da egoera politikoa” »

Sobrea harresiko zirrikitu batean, negozio ilunetan zipriztinduta dauden politikariak, bilera sekretuak, botere ekonomikoa eta politikoa kontrolatzen duten familia aberatsak… Misteriozko eleberria edo thriller-a dirudiena errealitate hutsa izan da Nafarroan, azken hamarkadetan. Orain, bi mundu horiek —nobela beltzarena eta politikarena—, mahai inguru bakarrean elkartzea otu zaie Iruñeko Karrikiri elkarteko kideei. Juan Luis Etxaburu Ondarru (Ondarroa, 1952) da arduradunetako bat.

Nola bururatu zitzaizuen nobela beltzari buruzko jardunaldiak antolatzea?

Iaz ere egin genuen, era xumeagoan: gure dendan nobela beltzak eskuragarri jarrita, eta kito. Aurten, ordea, aurrera urratsa eman nahi izan dugu. Horretarako, Jon Alonso idazlearengana jo nuen, eta hartu-eman horren ondorioz sortu zen egitasmoa. Joxerra Senar BERRIAko kazetariaren CAN: eta hemen ez da ezer gertatu liburua irakurtzen ari nintzen egun horietan, eta ia aldi berean, Ivan Gimenezek El corralito foral argitaratu zuen. Batean, Nafarroako Kutxaren auzia azaltzen da; bestean, berriz, Nafarroako erregimenaren historia osoari egiten zaio errepasoa, 36ko gerraz geroztik gaur arte. Berehala konturatu ginen hor geneukala mahai inguru interesgarri baten abiapuntua, hemengo errealitatea ezein nobela beltz baino ilunagoa baita.

Zehazki, nola egituratuko da hurrengo osteguneko mahai ingurua?

Bada, lau hizlari izanen ditugu: Jon Alonso, Joxerra Senar, Ivan Gimenez eta Kontuz elkarteko Patxi Urrutia. Bakoitzaren esperientziak entzuteko aukera izanen dugu, eta umore puntu zirikatzaile batekin, egungo errealitate politikoa literatura beltzarekin uztartzen saiatuko gara.

Eta kazetariek zer esan zuten nobela beltzari buruzko mahai inguru batean parte hartzeko eskaera egin zenietenean?

Oro har, harrera oso ona izan da. Guk espero bezala, umore onez heldu diote erronkari, eta tenore horretan hartuko dute parte osteguneko saioan. Eta guretzat, noski, ohorea da talentu handiko profesional horiek jardunaldietan parte hartzeari baiezkoa eman izana.

Bigarren hitzordu bat ere antolatu duzue, hilaren 27rako.

Bai, Xabier eta Martin Etxeberriaren Gizon gogorraren sekretua eleberriaren aurkezpena eginen dugu Karrikiri dendan. Jon Alonsoren proposamena izan zen honakoa, eta niri ideia bikaina iruditu zitzaidan, ikusmin handia piztu zidalako nobela honek. Nola idatz daiteke eleberri bat bi pertsonen artean? Aurkezpen egunean galdetuko diegu.

Zergatik aukeratu duzue eleberri beltza abiapuntu eta ardatz gisa, eta ez beste genero bat?

Bada, Nafarroak genero beltzarekin lotura izan duten sortzaile ugari eman dituelako. Alde batetik, Igela argitaletxearen emari itzela dugu. Alimaleko lana egin du argitaletxe horrek, literatura beltza euskaratzen eta formatu txikian jendearen eskura jartzen. Bestalde, Jon Alonsoren edo Alberto Ladron Aranaren gisako eleberrigileak ditugu, Aingeru Epaltzak ere baditu genero beltzean egindako piezak… Luxua da horiek guztiak eskura izatea, euskaraz. Eta aldi berean, oso lagungarriak dira genero beltzaren gainean ditugun aurreiritziak eta estereotipoak uxatzeko. Kalitate handiko literatura da… eta euskaraz.

Hori da, finean, Nobela Beltzaren Hilaren helburu nagusia, ezta? Euskarazko literatura jendeari hurbiltzea.

Bai. Uda garaian, batez ere, esker oneko generoa da. Jendeak gustura irakurtzen du. Horregatik, gurea bezalako ekinaldiak aproposak iruditzen zaizkigu euskaraz idatzitako lanak nahiz euskarara ekarritakoak zabaltzeko eta irakurzaletasuna bultzatzeko. Euskaltegiei ere deia luzatu diegu, ikasleek ere egitasmo honetan parte har dezaten, eta nobela beltz bat irakur dezaten.

Zer du Nafarroak, genero beltzeko idazleen inspirazio iturri izateko?

Ez dut arrastorik ere, baina adibide asko dauzkagu begien bistan: CAN auzia, ustelkeria kasuak, Simon Santamaria udaltzainburuaren figura… Ez dakit zer ematen diguten hemen, baina belztasunerako joera hori daukagu. Duela zenbait urte, informazio hori guztia hortxe zegoen ere, baina sakabanatuta, eta CAN: Eta hemen ez da ezer gertatu edo El corralito foral bezalako liburuek egin dutena izan da material hori guztia bildu, modu erakargarrian aurkeztu eta jendeari eman, gure errealitate beltza azaleratzeko. Zentzu horretan, oso didaktikoak dira. Niri, behintzat, begiak ireki dizkidate.

Asmoa duzue etorkizunean ere egitasmo honi segida emateko?

Bai, genero beltzari tartea eskaintzen jarraituko dugu, eta seguraski, heldu den urtean ere antolatuko dugu halako jardunaldiren bat. Errealitatea eta fikzioa uztartzeak, gainera, asko erakartzen nau, eta aukera badugu, saio bereziren bat eginen dugu ideia horren inguruan.

“Hezkuntza kontrolatu nahi du gobernuak, LOMCEren bidez”

“Hezkuntza kontrolatu nahi du gobernuak, LOMCEren bidez” »

Espainiako Gobernuaren LOMCE legea indarrean sartu da Nafarroan ere, eta lehen ondorioa antzeman daiteke jada. Aste honetan, azterketak egin dizkiete 8 urteko ikasleei, eta guraso elkarteek hamaika protesta antolatu dituzte Nafarroako beste horrenbeste herritan, araua bertan behera uzteko eta seme-alabei ebaluazio hori ez egiteko eskatuz. Proba horrek ikasleengan izan ditzakeen ondorioak salatu ditu Sortzen elkarteko bozeramaile Gari Torregrosak (Iruñea, 1987). - Jarraitu irakurtzen...

“Langile izatea ohorea zen lehen; orain, ia disimulatu egiten da”

“Langile izatea ohorea zen lehen; orain, ia disimulatu egiten da” »

CCOO eta UGT sindikatuek Iruñean duten egoitzaren parean egin nahi izan du Jose Luis Diaz Monrealek (Iruñea, 1943) elkarrizketarako argazkia. Harridura aurpegien aurrean, azalpena eman du: “Sindikatu bertikalaren egoitza zen hau, gure etsaiarena. Hemen egiten genituen protestak”. Badu zentzua, erretiratu zenetik langile borroken memoriaren aldeko lanean ibili dela kontuan hartuta. Borroka horietako bat izan zen Potasasekoa: 48 langilek itxialdia egin zuten meatzean hamabost egunez, eta inguruko langileen elkartasuna piztu. Aurten bete dira berrogei urte.

Nola gogoratzen duzu Potasaseko hura?

1974ko azaroan hasi zen dena. CCOOk lan baldintzen inguruko aldarrikapen sorta bat kaleratu zuen, eta data bat jarri zuen, azaroaren 20a, Nafarroako enpresa handienek erantzun zezaten, bestela grebara deituko zutela ohartaraziz. Abendu hasierarako, milaka langile ziren greban. Data horietan, gainera, CCOOk (ez zuen gaur egungo sindikatuarekin zerikusirik) Espainiako Estatu osoan deitutako greba orokorra zegoen. Azkenean, deialdia bertan behera utzi zuen sindikatuak estatuan, baina Nafarroa, Bizkai eta Gipuzkoan mantendu zen. Istilu handiko protestak izan ziren greba hartan, eta, hortik aurrera, katean etorri zen dena. Potasaseko meatzean itxialdia egitea erabaki zen. Aurretik beste itxialdi bat egona zen, baina jende askorekin, eta gutxi iraun zuena. Horregatik erabaki zen jende gutxiago sartzea meatzean, baina denbora luzeagoz egoteko, eta neurri batean, komatxo artean, hiltzeko prest egongo zena.

Eta, hala, lurpean sartu ziren dozenaka langile.

1975eko urtarrilaren 7an izan zen. 47 pertsona sartu ziren hasiera batean, Undioko putzutik (meatzera sartzeko bideetako bat zen; Espartzakoa bestea). Barruan sartu eta gutxira, Guardia Zibilak meategia inguratu zuen. Baina, gau batean, kanpoan ziren langile batzuek guardia zibilak distraitzeko mugimendua egin zuten. Haien kontra harriak bota zituzten, eta horiek erantzun zutenean, langile batek putzuan sartzea lortu zuen, barruan zeuden kideei walkie-talkie batzuk eramateko. Ezinbestekoa zen hura, barruko eta kanpoko langileen artean komunikazioa egon zedin.

Protestak elkartasun olatua ekarri zuen.

Bai, ikaragarria. Itxialdia egin bitartean, mobilizazio asko egin genituen kanpoan. Gogoan dut behin martxa bat antolatu zuela CCOOk, Zizur Nagusitik Espartzaraino joateko, zelaitik. Jendetza zegoen, 5.000-6.000 orduko iturrien arabera, eta adin guztietakoak. Hara iristean, grisak oldartzen hasi ziren. Ikaragarria izan zen.

Eskubideen alorrean, asko zor zaio garai hartako borrokari…

Urte horietan, dena irabaziko genuela uste genuen. Baina, gutxira, niretzako inflexio puntua izan zena gertatu zen. Franco hil ostean, sindikatu berriak azaleratu ziren: UGTren hazkundea —Nafarroan ordura arte indar gutxi zuen—, LABen sorrera, ELAren berragertzea, ORTren eta LKIren gisakoak… Legezkotasuna bermatua zutela, horietako asko erosotasuna bilatzen hasi ziren. Nafarroan, CCOOk eta UGTk sindikatu borrokalariak izaten segitu zuten, Espainian gertatzen zenaren kontrara. Baina, orduan, Moncloako akordioak sinatu zituzten Madrilen, eta CCOO, UGT, PSOE eta PCEk eskuinarekin egin zuten ituna. Orduan, CCOOk Nafarroako zuzendaritza osoa kanporatu zuen, eta Madrildik gidatutako kudeaketa batzorde bat jarri. UGTn gauza bera gertatu zen: Nafarroako militante borrokalari guztiak bota zituzten. Eta hala, urte bakarrean, Nafarroako langile gatazka hamarren bat jaitsi zen.

Gaur arte.

1980ko panorama sindikala gaur egungo bera da. Salbuespen batzuk badira, ESK agertu zen —hain zuzen, CCOOtik eta UGTtik botatakoen parte hartzearekin—. Baina, oro har, egoera ez da askorik aldatu. Etsipena sentitzen dut, iruditzen zaidalako, neurri handi batean, sindikalista asko funtzionario bihurtu direla.

Sindikatuak aipatu dituzu, baina langileria zertan aldatu da?

Orduko langileriak hiru ezaugarri nagusi zituen, formazio teorikoaz gain, oraingoa baino zabalagoa zena. Batetik, elkartasuna, sakratua zena. Batasuna zen beste bat: talka politiko asko zeuden, baina helburu komun bat zegoen, diktadura garaitzea. Hirugarrenik, duintasuna ere bazuen. Gogoan dut Potasaseko langile baten pasadizoa. Ikasketarik gabekoa zen, baina borroka guztietan ibiltzen zen. Behin, Iruñeko Sarasate pasealekutik zihoala, eskale bat ikusi zuen San Nikolasen elizaren atarian. Lepotik hartu, eta zera esan zion: “Zer egiten duzu hemen eskean? Nahi baduzu, har nazazu besotik, eta elkarrekin joango gara banku bat lapurtzera. Kalean eskean ibiltzea baino askoz duinagoa da hori”.

Orduko klase kontzientzia desagertu da?

Gure artean klase borrokaren kontzeptua oso presente zegoen. Gaur ez dut inondik ikusten. Lehen, ohorea zen langile klasekoa izatea. Orain, ia disimulatu egiten da, desohorea balitz bezala.

Maiatzaren Lehena da gaur. Egun hau aldarrikatzeko modua ere aldatuko zen, ziurrenik.

Hasierako maiatzaren 1ak klandestinoak eta antolatzen zailak ziren, arrisku handikoak. Orain, CCOO eta UGT bigantxak eta bazkariak antolatzen ikusten ditudanean… Egia da LAB eta ELA borrokalariagoak direla, eta gaur egun besteengan ez dudan konfiantza dut haiengan. Baina, hala ere, gustatuko litzaidake diru laguntzen hain menpe ez egotea.

Ezkor ikusten zaitut.

Bai, zaharra naiz, 71 urte ditut, eta ezin dut saihestu. Beltza da panorama.

Alde horretatik, zer garrantzi du lehengo borroken memoriak?

Erabatekoa. Badakit hauek aitona zaharraren kontuak diruditela, baina uste dut gure langile historiaren gaineko ezjakintasun handia dagoela. Gure guraso eta aitona-amonak mundu hobe baten alde borrokatu ziren, eta hori gogoratu beharrekoa da.

“Tristea da halako sariak gure baliabide bakarrak izatea”

“Tristea da halako sariak gure baliabide bakarrak izatea” »

Arte Gaztearen Topaketen aurtengo saria irabazi du Urbeltzek, arte plastiko eta bisualen sailean. Egindako lanaren «aitorpena» da berarentzat, eta baita bultzada ekonomikoa ere. - Jarraitu irakurtzen...

“Erreminta baliotsua da umorea jendearen arreta erakartzeko”

“Erreminta baliotsua da umorea jendearen arreta erakartzeko” »

Egileek ez zuten espero, baina oihartzun handia izan du Ahotsa.info agerkari digitalak En tierra hostil saioan oinarrituta (Antena3) egindako parodiak. Majaris de la Sorna fikziozko pertsonaiak, kamera eskuan, Iruñean gertatzen diren eskubide urraketak jaso eta zabaldu ditu. Harekin batera, Sergio Labaien Ahotsa-ko kidearekin ere (Iruñea, 1975) batu da Nafarroako Hitza, sare sozialetan bolo-bolo ibili den fenomenoaz solastatzeko. - Jarraitu irakurtzen...

“Anaitasuna txiki geldituko zaigu 25ean”

“Anaitasuna txiki geldituko zaigu 25ean” »

Euskararen aldeko mezuak Anaitasuna kiroldegia beteko du hilaren 25ean. Nafarroak euskaraz bizi nahi duela aldarrikatuko du Kontseiluak bertan. - Jarraitu irakurtzen...

“AHTaren Nafarroako korridorea ‘txu-txu tren’ garesti bat da soilik”

“AHTaren Nafarroako korridorea ‘txu-txu tren’ garesti bat da soilik” »

Ezberdinen arteko elkarlana. Horixe da abiadura handiko trenaren aurka dauden elkarte, plataforma eta gizarte eragileek sustatu nahi dutena, tren lasterraren proiektua behingoz geldiarazteko. Iragan astelehenean, bederatzi puntuko manifestu bateratua aurkeztu zuten AHT Gelditu Elkarlanak, Ekologistak Martxan taldeak eta Sustrai Erakuntza fundazioak. Bestalde, hasiak dira jada apirilaren 11n Iruñean egitekoa den giza katea prestatzen. - Jarraitu irakurtzen...

“Batez bestekoa baino handiagoa da Esa apurtzeko arriskua”

“Batez bestekoa baino handiagoa da Esa apurtzeko arriskua” »

Ikastaro bat egin berri dute Huescan (Aragoi, Espainia), balizko arriskuaren araberako urtegien sailkatzeari buruz. Cesar Gonzalez Cebollada izan da arduradunetako bat (Zaragoza, Espainia, 1973). Esako urtegiari buruz mintzatu da, eta argi erran du handitzeko obrak gelditu beharko lituzketela, segurtasunari buruzko zalantzak argitu bitartean. - Jarraitu irakurtzen...