Hiru hamarkadako ikasturtea

Hiru hamarkadako ikasturtea »

Edurne Elizondo

Nafarroako Parlamentuan egin zuen lehendabiziko urratsa Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), duela 30 urte. 1987ko apirilaren 21ean sinatu zuten erakunde horretan NUP sortzeko lege proiektua; Sario eraikina izan zuen lehen egoitza nagusi, Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoak diseinatutako Arrosadiko campusa errealitate bilakatu zen arte. Egun, Tuteran ere badago NUP; hemezortzi gradu eskaintzen ditu, eta datozen urteotan bertze zazpi emateko proiektua martxan jarri du. Duela hiru hamarkada hasitako ikasturtea hamaika ikasgai, irakasle, ikasle, ikerlari eta proiektu berrirekin hornitzen jarraitu nahi dute NUPeko arduradunek.

30. urteurrena “gogoetarako une aproposa” dela nabarmendu du NUPeko errektore Alfonso Karlosenak, hain zuzen ere. Batetik, gizarte osoari eman nahi izan dizkio eskerrak, “egindako ekarpenagatik”; bertzetik, unibertsitateak berak gizarteari eman diona nabarmendu nahi izan du errektoreak. “Nafarroa bertzelakoa litzateke NUP gabe”, erran du.

Unibertsitate publikoa ederki ezagutzen du Maria Jose Asiainek (Goñi, 1957). Matematikan doktore da NUPen. Hain zuzen, Asiainena izan zen erakunde horretan irakurritako lehendabiziko tesia. Bat egin du errektorearekin, eta unibertsitateak Nafarroan herritarrek uste baino anitzez ere gehiago eragin duela nabarmendu du. “NUPen bertan formatu diren katedradunak baditugu jada; eta hemen ikasitako jende anitz ari da hamaika ardura postutan. Unibertsitatearen garapena handia izan da, eta izan duen eragin soziala ere bai. Ezin dugu ahaztu hemen, NUP sortu baino lehen, unibertsitate pribatua baino ez zegoela”.

Opus Deiren unibertsitateak publikoaren garapenean eragina izan duela uste du Asiainek; ezin dela erakunde pribatuak izan duen eta baduen pisua bazter utzi. “Bertze gauza anitzen artean, unibertsitate pribatuak marketin zerbitzu bikaina du”, erran du matematikariak. Ez hori bakarrik. “Kontuan izan behar dugu, ezinbertzean, gure unibertsitateko irakasle anitzek ere unibertsitate pribatuan ikasi dutela”.

Hori sumatzen da, Asiainen hitzetan, NUPen gertatutako hainbat gauzaren inguruko jarreretan: “Manifestazio edo pintaketaren bat arazo bilakatzeko joera izan dute hainbatek; alderantzizkoa beharko luke jarrerak, ordea, eskerrak eman beharko genituzke zerbait mugitzen delako! Lasaitasuna, unibertsitate batean, ontzat jo ohi dugu, baina ez da; gurearen gisako erakundeek biziak izan behar dute”.

Azken osoko bileran

Legegintzaldiko azken osoko bileran onartu zuten, 1987an, NUP sortzeko lege proiektua. Gabriel Urralburu zuen presidente orduko gobernuak, eta Roman Felones zen Hezkuntza kontseilaria. 1983ko hauteskundeetan, Felonesi egokitu zitzaion sozialisten programa idaztea, eta testu hartan helburu nagusitzat jo zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortzeko urratsa egitea. Garai hartako inkestek agerian uzten zuten herritarrek nahi zutela unibertsitate publiko bat Nafarroan. 1987ko lege proiektua onartu eta gero, “egin beharrekoa eginda” utzi zuen kontseilari kargua Felonesek, NUPek mende laurdena bete zuenean nabarmendu zuenez.

Maria Jose Asianek ez zuen Nafarroan ikasteko aukera izan. “Zaragozara joan nintzen, hango unibertsitate publikoa zegokigulako nafarroi, NUP sortu aurretik”. Ikasketak amaituta, Bigarren Hezkuntzako irakasle izan zen matematikaria, eta, gero, Zaragozako Unibertsitatean bertan hasi zen lanean, fakultateko laguntzaile gisa. “1991n etorri nintzen NUPera, laguntzaile gisa hasieran. Nire tesia prestatzen ari nintzen, eta Julio Lafuente nuen zuzendari; Lafuente 1989an etorri zen unibertsitatera. 1992an nire tesia defendatu nuen, azkenean. Ohorea da niretzat NUPeko aurrenekoa izana”. 1993an hasi zen irakasle lanetan Asiain, eta 1995ean lortu zuen plaza.

Hamarkadotan unibertsitatea anitz aldatu dela uste du Asiainek. Sortu zenetik, hain zuzen ere, 35.000 ikaslek lortu dute titulu bat NUPen. Egun, 8.306 ikasle ditu erakunde horrek; 885 irakasle eta ikerlari ari dira unibertsitate publikoan lanean, eta, administrazio eta zerbitzuen arloan, berriz, 456 pertsona. 2017rako, 70,4 milioi euroren aurrekontua du unibertsitate publikoak.

NUP anitz hazi da, eta egin ditu urrats anitz, 1987tik. Zenbait arlotan, halere, lehengo lepotik dira buruak, Asiainek agerian utzi duenez. Aitortu du kezka duela hainbat auziri buruz. Batetik, ikasleen jarrera jarri du mahai gainean. “Hasierako urte haietan ikasle bikainak genituen; ikasteko gogo biziz etortzen ziren unibertsitatera; bertzelakoa da egungo egoera; etorkizunarekin etsita daude gazteak, neurri handi batean; ikasteko pizgarririk ez dute”.

Azken urteotako krisi egoeraren eragina sumatzen du irakasleak jarrera horietan. Salatu ditu azken urteotako esparru guztietako murrizketak, eta larritzat jo du herritarren arteko berdintasunean atzera egin izana. Asiainek argi du unibertsitate ororen helburu izan behar duela gizarte justuago baten aldeko lana egiteak, eta NUPek ere zer eman baduela argi du, ondorioz. Unibertsitateak dituen erronkak, hain zuzen, justizia lortzeko bide horrekin lotu ditu. “Unibertsitateak pertsona kritikoak sortu behar ditu; pentsamendu propioa duten pertsonak. Ezin dugu onartu lanak aurrera egiteko aukera bermatuko ez digun gizarte bat; berdintasuna apurtzen duen gizarte batek ezinbertzean eginen du porrot”.

Bertzetik, feminismoari buruzko gogoeta nabarmendu nahi izan du Asiainek, eta “hagitz kezkagarritzat” jo ditu ikasleen artean sumatzen dituen jarrerak. “Azken sei urteotan ikusi dudana biziki larria iruditzen zait; emakume gazte anitz bikotekidearen kontrola ari dira onartzen. Horrek argi erakusten du zerbait gaizki egiten ari garela”.

Gizarteak genero bakoitzari ezarritako rolen banaketa ere agerikoa da, oraindik ere, unibertsitatean. “Gutxi dira, oraindik ere, ingeniaritzetan ari diren emakumeak; irakasletzan, berriz, emakumeak dira nagusi”.

Euskara eta medikuntza

Bertze bi kontuk sortu dute eztabaida NUPen, azken urteotan. Batetik, euskarak duen tokiak. Behar baino urriagoa dela diote anitzek. Badu ondoriorik horrek: selektibitatea NUPen egin arren, EHUn matrikulatzen dira urtean 258 ikasle nafar; tartean, ikasketak euskaraz egin ahal izatea bilatzen dute 40 inguruk. Egun, 1.272 kreditu eskaintzen ditu NUPek euskaraz, 246 ikasgaitan. Oraindik ere, ezinezkoa da gradu oso bat euskaraz egitea. Alfonso Karlosena errektorearen hitzetan, ordea, eskaintzak “era egokian” erantzuten die ikasleen nahiei.

Bertzetik, NUPen Medikuntza ezartzeko aukerak eragin du eztabaida. Aurreko gobernuek ez dute aukera hori babestu, baina egungoak hori egiteko asmoa agertu du. “Hasiak gara bidea egiten”, erran du Hezkuntza kontseilari Maria Solanak. Ez dela erraza aitortu du, halere. Auzi horretan ere nabaria da Nafarroako Unibertsitatearen eragina, erakunde pribatu horrena baita Klinika Unibertsitarioa.

Unibertsitate pribatu guztiak enpresak direla gogoratu du Maria Jose Asiainek. “Nafarroako Unibertsitateak asko eman duen sentsazioa dute herritarrek, baina diru anitz ere eraman du; etenik gabe, gainera”. Matematikariak bertze gisa bateko unibertsitate bat defendatzen du. Eta argi du irakasleek nolakoak behar duten izan: “Irakasten dutena menperatu behar dute; irakasten gozatu behar dute; eta ikasleak bikain tratatu behar dituzte”. 30 urteurrena ospatu, eta lanean jarraitzeko gogoz da Asiain.

Hurbilen dagoen ikastetxearen alde

Hurbilen dagoen ikastetxearen alde »

Edurne Elizondo

Ez du zentzurik; Leitza 17 kilometrora dugu, eta Iruñea, berriz, 35era”. Horixe nabarmendu du Lekunberriko Ibarberri ikastetxeko guraso elkarteko presidente ohi Arkaitz Goikoetxeak. Leitza hurbilago duten arren, DBHko hirugarren eta laugarren mailak ikasteko erreferentziazko institutu Iruñeko Biurdana dute Ibarberriko eskolako ikasleek. Egoera hori aldatu nahi dute orain gurasoek, eta Leitzako Amazabal institutua bilakatu beren erreferentziazko zentro.

Legea alde dutela azaldu du Goikoetxeak. Izan ere, ikastetxeak eta eskola barrutiak antolatzeko foru dekretua onartu zuen Nafarroako Gobernuak 1995. urtean, eta, agiri horren arabera, Leitzako institutua zen Lekunberriko ikasleentzat erreferentziazko egoitza. Bertzeak bertze, ikasleak inguru hurbilenean eskolatzearen alde egiten zuen dekretuak. Kontua da, Hezkuntza Departamentuko irizpideak aldatu gabe, 1996an erabaki hori bertan beherea utzi, eta Iruñeko Biurdana jarri zuela gobernuak Lekunberriko ikasleentzat erreferentziazko institutu gisa.

“Ez du inolako zentzurik”, berretsi du Goikoetxeak. Datuek ederki islatzen dute Lekunberriko gurasoen borondatea zein den, haren ustez. Azken lau urteotako matrikulazioei so eginez gero, hautua Leitzaren aldekoa dela argi gelditzen da: Iruñeko Biurdanara bost ikasle joan dira, eta Amazabalera, berriz, 73. “Gaur-gaurkoz, gure ibarreko bi ikasle daude Biurdanan, eta Leitzan, berriz, 40 inguru. Sare publikoaren aldeko familien %95ek Leitzara bidaltzen dituzte seme-alabak”, azaldu du Goikoetxeak.

Ikasleak Lekunberritik Iruñera edo Leitzara mugitzeko garraioaren auziari buruz ere bada zer erran, Goikoetxeak nabarmendu duenez. Lekunberri eta Larraungo ikasleek, Irurtzungo Udalak eta Nafarroako Gobernuak aspalditik zuten hitzarmena baliatu izan dute Iruñera joateko. Urte luzez, gobernuak hartu du bere gain zerbitzu horren defizita. Kontua da hitzarmenak berak 12.000 euroko muga zehazten zuela gobernuak ordaindu beharreko defizitarentzat. Ondorioz, azken urteotan, udalek gehiago pagatu behar izan dute, batez ere Irurtzungoak. “Egoera horrek ekarri du Irurtzungo Udalak hitzarmena bertan behera uztea”, azaldu du Goikoetxeak.

Bertze hitzarmenak

Horrek ez du erran nahi, hala ere, ikasleak garraiorik gabe gelditu direnik. Lekunberriko eta Larraungo udalek bertze hitzarmen bat egin dute. Nafarroako Gobernuak ordaintzen du derrigorrezko hezkuntzan ari direnen garraioa, eta bertzeek, berriz, udalen arteko akordioa baliatzen dute. Leitzara joateko ere hitzarmena badute Lekunberriko eta Larraungo udalek. Auzi hori garrantzitsua dela uste du Goikoetxeak, Lekunberriko Udalak behin baino gehiagotan erran izan duelako erreferentziazko zentroa aldatuz gero, garraiorik gabe geldituko zirela.

“Hori ez da egia, eta agerian gelditu da. Esaten zuten erreferentzia zentroa aldatuta, Irurtzunek eta Nafarroako Gobernuak zuten hitzarmenetik kanpo geldituko ginela eta, ondorioz, Iruñerako garraiorik gabe. Orain, hitzarmena desegin egin da, baina bi udalek beste hitzarmen bat egin dute elkarren artean ikasleak garraiatzeko. Argudio hori erabili izan dute familiak beldurtzeko, baina egoerak erakutsi du gezurretan ari zirela”, azaldu du.

Garraioa bermatzeko zerbitzuek duten kostua kontuan hartzekoa dela argi du Goikoetxeak, hala ere. Orain, hain zuzen ere, Larraungo eta Leitzako udalek 46.000 euro ordaintzen dute ikasleak Leitzara eramateko; bertze 35.000, berriz, Iruñera joateko. “Erreferentziazko zentroa aldatuko balute, Leitzara joateko garraioaren ardura Nafarroako Gobernuaren esku egonen litzateke; 46.000 euroren gastua desagertuko litzateke; Iruñekoari eusteko borondatea badute udalek”. Institutu batean eta bertzean izena ematen duten ikasleen kopuruak aldaketa behar dela agerian uzten duela argi du Goikoetxeak.

Aldaketa horren alde egin du Larraungo udalak ere; ez, ordea, Lekunberrikoak. Galdeketa bat antolatu zuten Lekunberrin 2014an. “Udalak manipulatu egin zuen galdeketa, eta errolda ere bai. Harrigarriena da herritarren %60k baino gehiagok Iruñearen alde egin izana erreferentzia zentro gisa, eta urte horretan inork ez matrikulatzea seme-alabak Biurdanan!”.

Auziak ibarreko mugak zeharkatu ditu azken urteotan, eta Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak eta Arartekoak bat egin dute Lekunberriko gurasoek egindako eskaerarekin. Parlamentuan 2014an izan ziren. Gaur egungo gobernuko Hezkuntza Departamentuko arduradunekin ere egin dute bilera. “Egoera hau konpontzeko ordua da”, berretsi du Goikoetxeak. “Hezkuntza Departamentuaren jokabidea ez da bidezkoa izan orain arte, eta espero dugu oraingo gobernuak beste jokabide bat erakutsiko duela”. Errealitatean gertatzen dena onartzea nahi dute.

Hasieratik nahi dute euskara

Hasieratik nahi dute euskara »

Asier Garcia Uribarri

San Frantzisko eskolako matrikulazio datuek argi hitz egiten dute: aurten, 3 urteko gelan 29 haur daude D ereduan, eta bederatzi A eta G ereduetan”, azaldu du Zaloa Basabe Alde Zaharrean Haur Eskola Euskaraz plataformako kideak. Iaz Iruñeko Udalak bi haur eskola gehiagotan jarri zuen eredu euskalduna. Hala ere, aldaketa horrek ez zuen bete haur eskoletako euskara eskaria, udalak berak egindako ikerketaren arabera. Alde Zaharreko haur eskola Nafarroako Gobernuaren esku dago, Iruñeko beste lau bezala, eta guztietan dago eredu erdalduna. Euskarazko ereduaren alde sinadurak biltzen ari dira, eta heldu den asteartean jende katea egingo dute; Alde Zaharreko haur eskola eta parlamentua elkartuko dituzte.

“Haur eskolarena auzo aldarrikapen historikoa da”, adierazi du Basabek. Urteetan, haur eskoletako gurasoek eraman dute aurrera aldarrikapena, baina horrela zaila zen luzera begirako plangintzak egitea. “Gurasook denbora gutxi pasatzen dugu haur eskolan; beraz, zaila da guk geure kabuz aritzea. Horregatik, 2011n plataforma sortu genuen guraso, euskalgintza eta auzoko eragileen artean”.

Ordutik, hainbat mobilizazio eta kanpaina egin dituzte, baita unean uneko gobernuko arduradunekin bilerak ere. Baina salatu dute UPNren erantzuna beti izan zela “oso itxia”. Hala ere, gobernu aldaketarekin beste ahalegin bat egitea erabaki zuten. Ekainean Hezkuntza Departamentuaren lan saio batean parte hartu zuten, eta han lantalde bat sortzea erabaki zuten. Horren ostean, elkartu ziren haur eskolen arlo teknikoan lan egiten duten beharginekin eta Txema Mauleon Gizarte Eskubideetako Departamentuko kabineteburuarekin. Azken bilera gobernua babesten duten lau taldeekin izan zuten.

Plataformako kideek bileren balorazio gazi-gozoa egin dute. “Behin eta berriz baietz esaten digute. Gure eskaria arrazoizkoa dela esaten dute, baina gero ez dituzte beharrezkoak diren neurriak hartzen”, dio Basabek. Plataforma ahalegin berezia egiten ari da heldu den urtean haur eskola euskalduna izan ahal izateko, baina horrek erabakiak data zehatzetan hartzea eskatzen du. “Matrikulazio kanpaina otsailean hasiko da; beraz, askoz jota, urtarrilean hartu beharko lukete erabakia. Oraindik garaiz gaude, baina denbora aurrera doa”, ohartarazi du Garikoitz Torregrosa euskalgintzako kideak.

Torregrosak garrantzitsutzat jo du erabakia aurten hartzea, datozen urteetan zailagoa izan daitekeelakoan. “Hurrengo urtean hauteskunde zikloa gertuago egongo da, eta horrelako erabakiak hartzea zailagoa izango da. Hala ere, ez litzateke ezinezkoa izango”.

Datu kontrajarriak

Txema Mauleon Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetako Departamentuko kabineteburua da, eta departamentu horrek kudeatzen ditu Nafarroako Gobernuaren esku dauden haur eskolak. “Anakronismoa da; antolaketa hau haur eskolak familia kontziliaziorako baliabidetzat hartzen zirenekoa da. Aldatzen saiatzen ari gara, baina burokrazia oso konplexua da”, azaldu du Mauleonek. Haren arabera, datu kontrajarriak dituzte haur eskoletako eskariari dagokionez. Iaz, Iruñeko Udalak haur eskoletako hizkuntza ereduari buruzko galdeketa egin zuen aurrematrikula kanpainarekin bat. Galdeketen emaitzek adierazi zuten gurasoen %37,7k euskarazko eredua nahi zutela. Udalak iaz egindako aldaketekin, soilik eskariaren %27 betetzea lortu zuen.

Hala ere, Mauleonek adierazi du Nafarroako Gobernuak bestelako datuak dituela. “Matrikulako datuek esaten digute itxaron zerrenda luzeagoa dagoela ingelesa eta gaztelania eta gaztelaniako haur eskoletan euskarazkoetan baino”. Hori dela eta, Gizarte Eskubideetako Departamentuak azterketa berri bat egingo du udalarekin elkarlanean, benetako eskaria zein den jakiteko. “Azterketa berri horretan lokalizazio faktorea kontuan hartuko dugu. Jendeari galdetu nahi diogu: zure auzoan eredu guztiak izango bazenitu, zein aukeratuko zenuke?”. Azterketa hori aurrematrikula garaiaren aurretik hasiko dute, eta aurrematrikulako datuak ere kontuan hartuko dituzte. Emaitzak uda aurretik izango lituzkete.

Plataformako kideek nabarmendu dute Alde Zaharreko haur eskolan eredu euskalduna jarriko balute, udalak iaz egindako azterketan ateratako eskari datuak beteko lituzketela. Hala ere, gogoratu dute eskaria betetzea gutxiengo bat dela. “Eskaria bete behar da, baina ezin gara horretara mugatu. Nafar guztiek dute eskubidea euskara ikasteko. Eredu erdaldunek herritarrei ukatu egiten diete Nafarroako hizkuntza ofizialetako bat jakitea, eta etorkizunean lan eta harremanetarako aukerak”, salatu du Torregrosak.

Kezkaz bizi dute euskalgintzako eta plataformako kideek gobernuak euskararekiko duen jarrera. “Badirudi gobernua beldur dela. Oposizioak euskara jomugan du. Guk ausardiaz jokatzeko eskatzen diogu, euskararen eremuan pausoak eman behar baitituzte nafarren eskubideak direlako”, azaldu du Torregrosak.

Hala ere, oposizioak euskararen gaiarekin gogor jokatzen badu ere, Torregrosak gogoratu du Nafarroan badagoela euskararen aldeko gehiengo bat. “Nafarroan badago gehiengo bat euskararen alde, eta gobernuak haren babesa izango du. Zarata sor daiteke, baina horrek gutxi irauten du. Gu lanean ari gara, eta horretan jarraituko dugu”.

Datak estuak dira, eta Nafarroako Gobernuan, berriz, zalantzak ugari. Baina Alde Zaharrean argi dute: hasieratik ikasi nahi dute euskaraz.

Nor garen, zer nahi dugun

Nor garen, zer nahi dugun »

Edurne Elizondo
Sexu heziketa ez da kondoi bat jartzen irakastea”. Esaldi bera errepikatu dute Andraizeko sexu hezitzaile Montse Velascok eta Kattalinguneko sexologo Erika Salvatierra Urtasunek. “Nor garen, zer nahi dugun, hori aztertzea da kontua; gur…

Urratsez urrats, Perura heldu arte

Urratsez urrats, Perura heldu arte »

Kattalin Barber
Boluntarioa izateko grina izan du Iraide Sagardiak betidanik, eta, uda honetan, bere ametsa errealitate bihurtu du Peruko Pamparomas eskualdean hilabeteko boluntariotza egin eta gero. Are gehiago, bere esperientziaren ostean, Pamparomas…

Gaztelaniaz hasi, euskaraz bukatu

Gaztelaniaz hasi, euskaraz bukatu »

Kattalin Barber
Noaingo San Miguel ikastetxean D eredua eskaintzea lortu zuten, herritarrek urte luzez egindako ahaleginari esker. Gutxika-gutxika, euskararen aldeko urratsak egin dituzte ikastetxean, ahalegin horri esker. Aurtengo ikasturtearen hasier…

Euskarara egin dute jauzia hiru eskolatan

Euskarara egin dute jauzia hiru eskolatan »

Kattalin Barber
Asteazkenean hasi zuten ikasturtea Nafarroako hiru urteko 5.952 haurrek. Aldaketekin hasi da oraingo ikasturtea, eta, Hezkuntza Departamentuko bi zuzendariak aldatzeaz gainera, euskarazko eredua eremu ez-euskaldunera ere hedatu dute: e…

Euskaraz eta lasai hasi dute ikasturtea

Euskaraz eta lasai hasi dute ikasturtea »

Kattalin Barber

Harrera garaia izaten ari da Arrosadiako Printzearen Harresia eta Donibaneko haur eskoletan. Lan taldea berria baita bi eskoletan, eta haur gehienak ere bai. Elkar ezagutzen ari dira orain. Aurten, gainera, euskara da berritasuna. Polemiken ondoren, ikasturtea lasai eta bare hasi dutela diote haur eskoletako zuzendariek eta gurasoek. Euskarazko eskaintza zabaltzea erabaki zuen Iruñeko Udalak otsailean, baina hainbat alderdi kexu azaldu ziren erabakiarekin.

90 ume daude Printzearen Harresia haur eskolan. %30 iazkoak dira, eta %70, berriak. “Harrera garaian gaude, eta ongi doa. Haurrek ez dituzte hezitzaileak ezagutzen, lantalde berria garelako, baina pozik eta gogoz gaude”, dio Garikoitz Torregrosa Printzearen Harresiko zuzendariak. Dioenez, aurtengo matrikulazio berrien ehunekoaren zati batek euskararen aldeko apustua egin du, beste zati batek gertutasunarengatik aukeratu du haur eskola, eta gainerakoek plaza lortu dutelako. Torregrosak badaki oraindik erabakia auzitegian dagoela guraso talde baten salaketa dela medio, baina ez dutela horretan pentsatzen adierazi du: “Egunetik egunera lan egiten dugu, eta ez dugu hori buruan. Zerbait gertatzean erantzuna emanen diogu”.

Txema Unzuek aurten lehenengo aldiz eraman du bere haurra haur eskolara. Argi zuen euskarari lehentasuna eman nahi ziola, eta plaza lortzean poztu ziren. Harrera prozesua ongi joaten ari dela dio Unzuek: “Egia da dena berria izan dela bai guretzat eta bai haur eskolako hezitzaileentzat ere, tokia eta umeak ez zituztelako ezagutzen, baina pozik eta gustura gaude”.

Iritzi berekoa da Leire Ugarte. Ametsek ikasturtea hasi du Printzearen Harresian. Iaz Burlatako haur eskolan zegoen, gazteleraz. “Euskaraz aritzeko aukera ikusi, eta ez genuen birritan pentsatu; gertutasunarengatik ere ederki datorkigu Arrosadiako haur eskola”, azaldu du. Pozik agertu dira bi gurasoak euskarazko eskaintza zabaldu delako Iruñean eta horrela mantentzea nahi dute. “Heldu den urtean gehiago badira, hobeto”, esan du Ugartek.

Torregrosak azpimarratu du, halaber, atzerritar askok eman dutela izena euskaraz. “Gurasoak etorri zaizkigu haien seme-alabek euskaraz ikasi nahi zutela komentatzen, eta plaza lortzean erabat poztu dira”. Lehenengo egunetan haur eskolan urduritasuna nabari zela dio, baina horrelakoetan “normala” dela jakinda, lanean aritzeko gogo handiarekin daude hezitzaileak. Harrera prozesuan daude orain, umeak egokitu arte.

Edurne Lekunberri Urmeneta Donibaneko haur eskolako zuzendaria da. Torregrosarekin bat egin du, eta ikasturtea normal hasi dela adierazi du. “Iaz zeuden haur batzuen gurasoak kezkatuta agertu ziren hasieran, haien seme-alabek euskaraz ez zekitelako. Baina bi aste pasatu dira, eta lasai daude orain. Ongi joan dela konturatu dira”. Gainera, Lekunberrik azaldu du umeentzat gazteleraz egitea lasaigarria bada, horrela egiten dietela. Iazko haurrek martxa hartua dute, eta familiak lasaiago daude horrekin. Guztira, 97 haur daude Donibaneko haur eskolan. %31 iazkoak eta gainerakoak berriak.

Jauzia ingelesezko eredutik

Gehienek hurbiltasunarengatik aukeratu dutela uste du Lekunberrik, baina baita euskararen apustu garbia egin dutela ere askok. Lekualdatzeak izan dira, eta Hello Rochapeako, Mendebaldeko eta Sanduzelaiko eskoletatik jaso dituzte umeak. “Bitxia iruditu zaigu, batez ere, ingelesezko eredutik hona etortzea”, esan du. Lantalde osoa berria den arren, elkar ezagutzen dutela nabarmendu du zuzendariak eta horrek egunerokoa errazten laguntzen duela. Ilusio handiarekin eta euskaraz lan egiteko gogoz hasi baitute ikasturtea Iruñeko euskarazko bi haur eskola berriak.

Lehendik martxan ziren euskarazko haur eskolak Txantrea eta Arrotxapea auzoetan daude. Denera, haur eskoletan 954 toki eskaini dituzte gazteleraz eta 378 euskaraz. Hartara, euskarazko plazen eskaintza %10 zen kehen, eta %30 da orain. Udalak adierazi du haur eskolen okupazioa %93,2koa dela gaur egun, eta bigarren matrikulazio epea urtarrilaren 31n bukatuko da. Euskarazko haur eskola gehiago irekitzeko eskatu dute urte luzez Iruñeko euskalgintzako eragileek eta ehunka gurasok.

Erizainak, eskolako kide izateko bidean

Erizainak, eskolako kide izateko bidean »

Kattalin Barber

Nafarroako ikastetxe publikoetan erizainak egon daitezen. Horixe eskatzen du Nafarroako Erizainen Elkargoak; haien ustez, ezinbestekoak baitira haur eta gazteen osasunaren prebentzioan eta sustapenean. Nafarroako Gobernuarekin bilerak egin dituzte dagoeneko, eta oniritzia jaso dute.

Egun, Nafarroako bost eskolatan lanean ari dira erizainak. Bi ikastetxe publikotan: Hezkuntza Bereziko Andres Muñoz ikastetxean (Iruñea) eta Torre Monreal Hezkuntza Bereziko zentroan (Tutera). Horietaz gain, erizainak daude San Fermin ikastolan, eta Maristas eta San Cernin itunpeko ikastetxeetan ere. Carlos Sesma Nafarroako Erizainen Elkargoko presidenteak argi du hezkuntza komunitatearekin batera egin beharreko bidea dela, eta iragarri du sindikatuekin eta gurasoen elkarteekin batzartuko direla heldu den ikasturte hasieran. Erizainen Elkargoaren iritziz, erizainek “osasun prozesuari ekarpen handia” eginen liokete.

Sergio Iribarren Sortzen elkarteko Nafarroako koordinatzaileak begi onez ikusi du proposamena. “Oraindik gauza asko zehazteke badaude ere, uste dugu erizainek eskolei mesede handia egin ahal dietela”. Hortaz, bide beretik, hezkuntza eta osasun komunitatearekin gaia jorratzeko eskaera egin du. Iribarrenek adierazi du premia berriak sortzen ari direla eta horiei aurre egiteko ikastetxeek laguntza behar izaten dutela.

Erizainen Elkargoak txosten bat aurkeztu die Osasun eta Hezkuntza Departamentuei. Sesmak adierazi du harrera ona izan dutela oro har. “Gure proposamena ez da guztiz egokitzen haiek nahi dutenarekin, baina erizainen aldeko apustua egin dute”, adierazi du. “Oraindik zehazteke dago zenbat erizain, non, nola, noiz…”. Izan ere, argi dute ezinezkoa dela eskola guztietan erizainek lan egitea, eta, hortaz, zentro handietara mugatu beharko dutela egindako proposamenaren aldeko apustua.

Herrietarako eta eskola txikietarako beste irtenbide bat bilatu behar dute: “Adibidez, osasun etxeekin zerbitzuak hitzartzea”. Sesmak jakinarazi du egun horrelako hitzarmenak existitzen direla baina askotan ez dutela behar bezala funtzionatzen. “Askotan, osasun etxeak gainezka daude, eta ezin dituzte beren gain hartu ikasle guztiak, ezta osasun programak bete-betean garatu ere”. Hori saihestu nahi dute, eta, horretarako, “ezinbestekoak” iruditzen zaizkie eskoletako erizainak.

Bost ardatz

Gobernuari aurkeztu dioten dokumentua lantzeko, bilerak egin dituzte Nafarroan egun eskoletan lan egiten duten erizainekin, eta, horretaz gain, lehen mailako arretako datuetatik abiatuta, osasun txosten bat garatu dute. Espainian eta Europako beste herrialde batzuetan dauden ereduak ikuskatu dituzte. “Informazio guztiarekin, gure ustez, Nafarroarentzat eredurik egokiena dena garatu dugu”.

Dena den, Sesmak ohartarazi du oraindik ez dela finkoa, eta aldaketak izanen dituela aurreikusten du. “Hau oinarria izan da”. Familia eta pazienteen hainbat elkarterekin jorratu dute gaia, eta haien babesa jaso dute. Bost ardatz jorratuko lituzkete eskoletako erizainek: osasunaren sustapena, prebentzioa, osasun heziketa, zainketa eta laguntza. Sesmak aipatu bezala, gero eta ikasle gehiagok dute gaitz kronikoren bat, eta irakasleek ez dute normalean izaten ez informaziorik ez prestakuntzarik larrialdiak garaiz aztertu edo oinarrizko tratamenduak bideratzeko. Ez baita haien egitekoa, finean.

Europako eskola osasungarriak deituriko programaren kudeatzaileak lirateke erizainak, eta, ikasleekin ez ezik, eskoletako langileekin eta familiekin ere zuzenean lan eginen lukete. “Beste herrialde batzuetan, ohikoa da erizainak izatea eskoletan; hemen, aldiz, ez. Haien lana aldarrikatu nahi dugu”, nabarmendu du.

Enpresekin konparatu du Sesmak auzia: “100 langile baino gehiagoko enpresetan derrigorrean erizain bat behar dute izan; ordu batzuetan, gutxienez. Zergatik eskoletan ez?”.

Nafarroako Erizainen Elkargoaren iritziz, Osasun Departamentuak hartu beharko luke ardura; betiere, Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean. Gainera, erizainek osasun komunitarioan eta pediatrian prestakuntza izan beharko lukete. “Gure helburua orain proposamena ezagutaraztea eta lege esparrua aztertzea eta zehaztea da”. Sesmak ez du dudarik onura handiak ekarriko lituzkeela, eta duela gutxi Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri den tesi bat izan du ardatz. Izan ere, Raquel Saenz Erizaintza diplomadunaren ikerketak adierazi duenez, eskolako erizainaren irudia sortzeak eskoletako istripuei aurrea hartzen lagunduko luke.

Lehen urratsak egin ditu proposamenak, eta heldu den ikasturtean itxura hartzeko nahia adierazi dute eragileek.

Aurrea hartu diete sanferminei

Aurrea hartu diete sanferminei »

Edurne Elizondo

Tradizioak eta berrikuntzak eskutik helduta egin dute aurrera Udako Euskal Unibertsitatearen historian. 1973. urtean egin zituzten udako ikastaroak, lehendabiziko aldiz, Donibane Lohizunen (Lapurdi). 1977an ailegatu ziren Iruñera. Eta, geroztik, ez dute Nafarroako hiriburua utzi. Urtetik urtera egokitzen joan dira, halere; garaian garaiko beharretara eta testuingurura moldatzen. Aurten, aurrenekoz, aurrea hartuko diete sanferminei: hilaren 27an, 28an eta 29an eginen dituzte Iruñeko ikastaroak, hiriko Alde Zaharreko Kondestablearen jauregian.

“Aldaketak ulertu behar ditugu ikastaroen eboluzioaren barruan”. Horixe nabarmendu du Irati Iziarrek, UEUko udako ikastaroen arduradunak (Oñati, 1975). Eboluzio horrek azaltzen du 1977ko ikastaroen eta oraingoen arteko aldea. “1977. urtean euskaraz ikasteko aukera ia bakarra ziren UEUko ikastaroak; oasi baten modukoak ziren euskaldunentzat”, gogoratu du Iziarrek. Egoera aldatu da. Euskarak bere tokia hartu du unibertsitatean ere, nahiz eta herrialdez herrialde ezberdintasunak nabarmenak izan. Formakuntzaren esparruan izan diren aldaketak mahai gainean jarri ditu Iziarrek ere. “Oraingo eskaintza ordukoa baino askoz ere zabalagoa da; etengabeko formakuntzara ohitu gara, eta hamaika motatako ikastaroak ditugu eskura, hamaika erakundek antolatuta”.

1977an Larraona ikastetxean aurkitu zuen UEUk udako ikastaroak egiteko behar zuen aterpea. Hasierako garai hartan, bi astez garatzen zituzten ikastaroak, eta ehunka ikaslek parte hartzen zuten. Euskal Herri osoko jendea etortzen zen Iruñera. “Oporrak hartzen zituzten ikastaroak egin ahal izateko!”. Larraonan zituzten ikasteko gelak, bai eta lo egitekoak ere. “Garai hartan helduentzat behar genuen barnetegia ziren UEUko ikastaroak”, erran du Iziarrek.

Horrek giro berezia sortzen zuela dio. Eta jende anitz giro horrekin oroitzen dela, oraindik ere. “Ez dut uste, ordea, egungo ikastaroei orduko giro hori eskatzea errealista denik; egia da hasierako garai hartan euskaldunen arteko sarea sortzeko balio zutela ikastaroek, baina horretan ere egin dugu aurrera, eta badaude bestelako aukerak eta foroak”.

Aldaketak

Aldaketek lortu dute UEUko udako ikastaroei eutsi ahal izatea. Horixe argi eta garbi du Itziarrek. Horregatik erabaki dute aurten, adibidez, ikastaroak ekainean egitea, lehen aldiz. “Azken urteotan sumatu dugu Iruñeko matrikulen kopuruak behera egin duela; uste dugu data izan daitekeela arrazoia”. Uztailean, sanferminen ondotik egiten ohi zituen UEUk Iruñeko ikastaroak; hasieran, bi astez. Egoitza aldatu zuten gero, eta Iturrama auzotik Alde Zaharrera mugitu ziren, Iruñeko Hizkuntza Eskolaren egoitzara. Aste bakarreko bilakatu zituzten ikastaroak. Azken urteotan, berriz, Jaso ikastola izan da UEUren udako egoitza. “Eskuzabaltasun osoz jokatu dute ikastolako kideek gurekin”.

Erakunde publikoen jarrerari buruz ezin du gauza bera erran Iziarrek. Azken hamalau urteotan izan da bera udako ikastaroen arduradun. “Euskalgintzako gainerako taldeek izan dituzten oztopo berak izan ditugu guk ere”. Azpiegiturak eskatutakoan jasotako ezetzak nabarmendu ditu, adibidez, eta Iruñeko Udalak eta UEUk zuten hitzarmena desagertu izana. Udaletxean duela urtebete gertatu zen aldaketak izan du eragina, eta eskertu du Iziarrek. “Beste jarrera bat dute oraingo arduradunek. Iaz, hain zuzen ere, Iruñeko Udalak harrera egin zion UEUri; hogei urte ziren horrelakorik gertatzen ez zela”.

Nafarroan gertatu den aldaketa politikoa jorratuko dute aurtengo ikastaroetan, hain zuzen ere. Eugenio Arraizari buruz jardunaldia eginen dute, halaber. UEUko kide eta bazkide zen Arraiza, eta iazko abuztuan zendu zen. “Bazkide sutsua izan zen, eta omenaldia egin nahi izan diogu; ezohiko omenaldi bat, halere. Euskalgintzak egindako bidea jorratzeko baliatuko dugu jardunaldia”, azaldu du Iziarrek.

Ikastaro horien eta gainerakoen bitartez, euskal komunitate zientifikoari aurrera egiten lagundu nahi dio UEUk. Unibertsitatea osatzen duten profesionalen, bazkideen, boluntarioen eta ikasleen “ilusioa” eta “gogoa” nabarmendu ditu Iziarrek. “Hori da gure altxorra”. Historia saileko kide gisa hasi zuen ikastaroen arduradunak bere bidea UEUren barruan. Saileko zuzendari izendatu zuten gero, eta ikastaroen buru da orain. Lana badu, bai eta egiteko gogoa ere.