“Benetako eskola izan zen niretzat”

“Benetako eskola izan zen niretzat” »

E. Elizondo

Erraz egiten du denboran atzera Martin Orbek (Errigoiti, Bizkaia, 1934). Fresko ditu gogoan UEUren eskutik Iruñean bizi izandakoak. 1976an bat egin zuen Orbek Udako Euskal Unibertsitatearekin, eta urte hartan hartu zuen erakundearen ardura bere gain. UEUko bigarren idazkari nagusia izan zen, Manex Goienetxeren ondotik. 1977an egin zituzten udako ikastaroak Nafarroako hiriburuan lehendabiziko aldiz. Iparraldean ezagutu zuen Orbek erakundea, Zamorako (Espainia) apaiz kartzelan preso egon eta gero mugaz bertzaldera ihes egin baitzuen. Gogor apaiz taldeko kide izan zen Orbe. 1969tik 1972ra egon zen espetxean.

Ipar Euskal Herrian hasi ziren UEU mamitzen. Nolakoa izan zen prozesu hura?

UEUren aurrekari gisa aipatu behar dira Baionan egin zituzten hiru euskal asteak, 1970etik 1972ra. Hirugarren astean, 1972koan, Carlos Santamariak bota zuen ideia, mahai gainean jarri zuen Katalunian bezala udako euskal unibertsitate bat sortzeko asmoa. Eta aurrera egin zuen. Ni orduan itzalpean nintzen, kartzelan.

1973an egin zituen UEUk udako ikastaroak lehen aldiz. Iparraldean zinen zu ordurako.

Bai. Iparraldean nintzen, eta ezagutu nahi izan nuen sortzen ari zen unibertsitate hori. Lehendabiziko bi urteetan Donibane Lohizunen egin zituzten ikastaroak, eta hurrengo bietan Uztaritzen. Han egin nuen nik bat UEUrekin, laugarren edizioan.

Bat egin, eta ardura hartu. Ez zenuen ardura hartzeko beldurrik?

Manex Goienetxe izan zen lehen idazkari nagusia. Laguntzaile talde bat bazuen ondoan; harekin aritu ziren Jean Haritxelar, Piarres Xarriton, Joseba Intxausti eta Jose Luis Lizundia, besteak beste. 1976ko edizioan Goienetxek esan zuen ezin zuela UEUko buru izaten jarraitu, eta ni aukeratu ninduten. Beldurtua nintzen, bai, ardura nire gain hartu nuenean. Lagunduko zidatela esan zidaten, eta lanean hastea erabaki nuen.

Zuk egindako urrats nagusietako bat izan zen ikastaroak Iparraldetik Iruñera ekartzea. Nola hartu zenuten erabakia?

Kosta egin zitzaigun erabakia hartzea, zalantzak bagenituelako. Zenbaitek proposatu zuten ikastaroak bi egoitzatan egitea, Iparraldean eta Hegoaldean. Azkenean, Iruñera joatea erabaki genuen. Batetik, ikusi genuen Iparraldeko ikastaroetan parte hartzaile gehienak Hegoaldekoak zirela; bestetik, UEUrentzat biltzen zen diru apurra ere gehienbat Hegoaldean batzen zen. Eta Euskal Herriaren batasunaren ikuspuntutik ere interesgarria iruditu zitzaigun ikastaroak Iruñean egitea.

1977an egin zenituzten udako ikastaroak Iruñean lehendabiziko aldiz. Erraza izan zen baimenak lortzea?

Asko lagundu zigun Javier Urmenetak, Jose Maria Satrustegiren bitartez. Gogoan dut Rodolfo Martin Villa Espainiako ministroari gutuna bidali geniola. Erantzun zigun ez zela bere ardura, eta hitz egingo zuela Hezkuntza Ministerioko arduradunekin. Ekain aldera ailegatu zitzaizkigun baimenak. Uste baino oztopo gutxiago jarri ziguten. Ez dakit Urmenetak isilean zer-nolako lana egingo zuen.

Larraona bilakatu zen UEUren udako ikastaroen egoitza, ia 25 urtez. Zer oroitzapen duzu zuk hasierako garai horri buruz?

Ni idazkari nagusi izan nintzen 1983ra arte, eta urte horietan guztietan han egon ginen. Eta oroitzapenak ezin hobeak dira. Euskal Herri osoko jendeak bat egiten zuen. Lana ondo eginda joaten ginen gu, gainera. Giro polita sortzen zen. Intxaustik esaten zuen lortu genuela halako lotura bat ahalegin akademikoaren eta ahalegin ludikoaren artean. Benetan hunkituta gelditu nintzen lortutakoarekin. Benetako eskola izan zen niretzat.

UEU Iruñera etorri zenean ikastaroen egitura ere aldatu egin zenuten.

Bai. Ordura arte hitzaldiak egiten genituen. Eta parte hartzaile guztiak joaten ziren hitzaldi guztietara. Iruñean hasi ginen ikastaroak sailka antolatzen. Bakoitzak bere interesen arabera aukeratzen zuen zer ikastaro egin. Saio osagarriak ere egiten genituen. Mus txapelketak eta futbol txapelketak ere antolatzen zituzten. Jende gaztea aritzen zen, eta sortzen zen giro ederra. Giroa ere euskaldundu genuen.

Larraonan bertan, giroa erdalduna zen oro har, ezta?

Bai. Baina guk asmatu genuen egoera horri buelta ematen. Egoitzan sartu, eta Recepción idatzia zuen kartel handi bat zegoen. Guk Harrera gela ere idatzi genuen. Gogoan dut, halaber, Olariagak aurreko eguneko ekitaldien laburpena egiten zuela, egunero, bere marrazkien bidez, eta korridorean zintzilikatzen zituen.

1983an utzi zenuen idazkaritza nagusia. Zergatik?

Esan nuen nekatuta nengoelako utzi nahi nuela, baina ez zen egia.

Zergatik utzi zenuen ba?

Uste nuelako idazkari nagusiak izan behar zuela lotura estuagoa unibertsitatearekin. Gero egitura aldatu zen, zuzendaritza taldea osatu zen, eta nik han jarraitu nuen hainbat urtez.

Anitz aldatu da geroztik UEU?

Asko, bai. Nire sasoian UEU zen auto txiki bat, eta nik banuen halakoak gidatzeko baimena. Egun, UEU trailer bat da. Ezingo nuke gidatu! Halere, uste dut garrantzitsua dela esatea UEUtik pasatu direla euskal kulturan izen bat izan duten guztiak. Harro sentitzen naiz.

Ikasmahai bat euskararentzat

Ikasmahai bat euskararentzat »

Edurne Elizondo

Eneko Espartza Igantzikoa da. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aritu da oraingo ikasturtean. Soziologiako ikasketak ari da egiten. Lehendabiziko lauhilekoan zazpi ikasgaietatik bost egin ditu euskaraz. Bost horiek, hala ere, Soziologiak Irakasletzarekin elkartuta dauzkan ikasgaiak dira. Bigarren lauhilekoan bi bertzerik ez dira izan euskarazko ikasgaiak Espartzarentzat. “Eta hortik aurrera, dena gaztelaniaz”.

Espartzak onartu du hizkuntza “sakrifikatu” egin duela Iruñean ikasteko. “Hurbiltasunagatik” erabaki du Nafarroako hiriburuan gelditzea, euskaraz ikastera Bilbora joan beharrean. D ereduan aritu da beti. “Ez hori bakarrik; euskaraz bizi naiz, eta euskaraz garatzen ditut nire harreman gehienak”. Ondorioz, unibertsitatean euskaratik gaztelaniara jauzi egin behar izatea “gogorra” egin zaio, zenbaitetan.

NUPen, Irakasletza da euskaraz egin daitekeen gradu bakarra. Bertze hainbat ikasketatan badira euskarazko ikasgaiak, batez ere lehen mailan, baina ez, ordea, gradua osorik euskaraz ikasteko aukera. “Eskaintza urria da goi mailako ikasketetan”, salatu du Espartzak.

Ikasle Abertzaleak taldeko kide da Igantzikoa. Erakunde horretako arduradunekin egon dira Espartzaren kezka bera agertu duten D ereduko hainbat guraso. Taldea osatu dute, hain zuzen ere, kezka horri bidea emateko. Ikasmahai bat eskatzeko euskararentzat, NUPen. Taldeko kideetako bat da Josune Bizkai. Batxilergoko bigarren maila bukatu berri du haren alabak. Asteazkenetik NUPen selektibitatea egiten ari diren ia 3.000 ikasleetako bat da. Asteazkenean hasi zituzten azterketak, eta gaur amaituko dituzte. “Alabak zuzenbidea ikasi nahi du. Euskaraz aritu da orain arte, baina Iruñean ez du Zuzenbidea euskaraz ikasteko aukera. Donostiara joan beharko luke. Oraindik ez du erabakia hartu; horretan ari gara, zer egin pentsatzen. Ekonomiaren ikuspuntutik erabaki horrek ekartzen duena ere hartu beharko dugu kontuan”, azaldu du Bizkaik.

Egoera berean dira bertze hainbat guraso Iruñean. Horregatik egin dute bat. Eta lanean hasi dira, institututik unibertsitaterako bide horretan euskara bazter gera ez dadin. Hasteko, datuak jaso eta mahai gainean jarri nahi izan dituzte. Datu horiek aurretik uste zutena berretsi egin dutela nabarmendu du Bizkaik. Zehazki, inkesta bat egin dute Iruñeko D ereduko zazpi ikastetxetan. Sare publikokoak eta pribatukoak aukeratu dituzte. Zentro horietako gurasoei lau galdera egin dizkiete. Denera, 408 erantzun jaso dituzte. Lehen galderaren harira, 408 horietatik 397k argi utzi dute seme-alabek euskaraz ikasten jarraitzea nahiko luketela. Batek bakarrik erran du ez lukeela hori nahi, eta bertze hamarrek, berriz, ez dakitela erantzun dute.

Inkesta erantzun duten gurasoen ia %58k erran dute nahiago luketela seme-alabak kanpora bidali, euskaraz ikasteko aukera izan dezaten. Ia %39k, berriz, Iruñean gelditzeko aukera lehenetsiko lukete, hizkuntza sakrifikatuta.

Iruñean gelditu edo kanpora joan aukerari buruzko arrazoiak galdetu dizkiete gurasoei. Iruñean gelditzea lehenetsi dutenen artean, gehienek arrazoi ekonomikoak jarri dituzte mahai gainean (%75,3). Iruñetik kanpora joateko aukera babestu duten guztiek, berriz, “hezkuntzari lotutako arrazoiak” aipatu dituzte.

“Hezkuntzarekin lotutako arrazoien artean dago hizkuntzarena, noski”, azaldu du David Dominguezek. Inkesta martxan jarri duen guraso taldeko kide bada Dominguez ere, eta Iturrama institutuko irakaslea, gainera. “Ziklo guztietan euskaraz ikasteko eskubidea izan beharko genuke”.

“Eskaintza urria”

Lehen Hezkuntzan bi alaba ditu Dominguezek. Unibertsitatera joateko aukera urrun du, oraindik, baina argi utzi du kezkatzen dutela goi mailako ikasketetan alabek euskaraz ikasten segitzeko izan ditzaketen zailtasunek. Oraina ez du ongi ikusten. NUPen eskaintza urria dela uste du. Inkesta erantzun duten gurasoek ere uste dute eskaintza hori ez dela nahikoa. Horixe azaldu dute parte hartu duten gurasoen %84,55ek, hain zuzen ere.

Egia da euskarazko ikasgaien kopuruak gora egin duela NUP sortu zenetik. Iazko datuen arabera, 216 ziren, denera. Gauza bat da ikasgai bat euskaraz egiteko aukera paperean jasota egotea, eta bertze bat aukera hori errealitatean gauzatzeko modua, hala ere. Horixe nabarmendu du IAko Eneko Espartzak. “Nire kasuan, adibidez, gertatu zait eskolak euskaraz jasotzea, baina ikasgai horretako material guztiak, berriz, gaztelaniaz izatea”.

Euskaraz irakasten duten hainbat irakasle DBHn ere aritzen direla erantsi du Espartzak, eta horrek eragina duela euskaraz ikasi nahi dutenen ordutegietan. “DBHn ari direnak arratsaldez etortzen dira unibertsitatera; lehen lauhilekoan eskola guztiak nituen arratsaldez; bigarrenean, berriz, goiz eta arratsaldez; hagitz ordutegi txarra zen”.

Geletatik kanpo ere euskarak toki gehiago izan beharko lukeela uste du IAko kideak. “Kafetegian inork ez daki; liburutegian zenbaitek egiten dute euskaraz, baina joaten zarenean langile horiek ez badaude, zerbitzua euskaraz jasotzeko aukera galtzen duzu”.

NUPek eskaintzen dituen graduondokoei buruz ere hainbat kontu mahai gainean jarri nahi izan dituzte hainbat ikaslek. DBHko irakasletzarako graduondokoan, adibidez, hamabi kide ari dira aurten; sei dira gaztelaniazkoak, eta bertze sei euskarazkoak. Azken horiek ez dute aukera izanen ikasketen amaierako proiektua euskaraz aurkezteko, “epaimahaia ez delako euskalduna”. Bertze hainbat urtetan aukera hori izan dute parte hartzaileek. “Tutoreen borondatearen araberakoa izaten ohi da aukera hori”.

Euskara, anitzetan, borondate kontua dela nabarmendu du David Dominguezek. “Gertatu da euskarazko irakasle batek gaixo-agiria hartu behar izatea NUPen, eta ordezkoak euskaraz ez jakitea; ez dago jarrera serio bat hizkuntzarekiko unibertsitatean”, salatu du guraso taldeko kideak. “Ia 30 urte joan dira NUP martxan jarri zenetik; bada garaia gauzak beste modu batera egiteko”.

Administrazioak ere zer egin baduela uste dute inkesta bultzatu duten gurasoek. Iritzi horrekin bat egin du Espartzak ere. “Unibertsitatean ez dut egungo errealitatea aldatzeko borondaterik ikusten; ea aldaketa famatuaren gobernuak presioa egiten duen”, erran du.

IAko kideak argi du gizarte osoak egin behar duela presioa, NUPen euskarak toki gehiago izan dezan. Ontzat jo du D ereduko gurasoek egin duten lana, eta elkarlanaren aldeko apustua egin du, hain zuzen ere, urratsak egiten jarraitzeko.

Gurasoek, orain, unibertsitateko arduradunekin bilera egiteko asmoa azaldu dute, inkestaren bidez lortutako datuak haiekin lantzeko, eta beren aldarrikapenen berri emateko. NUPek onartu berri duen Plan Estrategikoan ere parte hartu dute. Aurten, lehen aldiz, herritarrek ekarpenak egin ahal izan dizkiote unibertsitateak aurkeztutako zirriborroari, eta D ereduko guraso taldeko kideek aurkeztu dituzte NUPek kontuan hartu dituen hainbat auzi. Ekarpen horien harira, euskal kulturari buruzko erreferentzia orokor bat jaso du testuak, bai eta euskararen plan gidaria egiteko asmoa ere, bertzeak bertze.

Euskaraz bizi

Unibertsitateari egin diote so D ereduko guraso horiek, baina NUPen euskaraz ikasi ahal izateko aldarrikapena bertze eskaera orokorrago batekin lotu dute. “Euskaraz bizitzeko dugun eskubideaz ari gara, finean”, azaldu du Dominguezek.

Horri lotuta, Iruñean haur eskolak euskaraz izateko eskubidea defendatzen ari diren gurasoen egoera ekarri du gogora Dominguezek. “Haur eskoletan eta goi mailako ikasketetan dagoen hutsunea nabarmena da”, azaldu du, eta horrek euskaraz bizitzeko apustua zaildu egiten duela erantsi du. “Nik argi dut nahiko nukeela nire alabek euskaraz ikastea, baita unibertsitatean ere; haien esku ere badago erabakia, baina, behintzat, egon daitezela aukera guztiak mahai gainean”.

Oraingoz, ez daude. Edozein gradu euskaraz ikasteko aukera nahi du Espartzak. Urrun ikusten du, oraindik ere. “Hori lortzeko jarraitu beharko dugu lanean”, erran du Bizkaik. D ereduko gurasoek egin dute lehen urratsa. Administrazioari eta unibertsitateari eskatu diete bigarrena.

Sakanako eskolak birsortzen

Sakanako eskolak birsortzen »

Asier Garcia Uribarri
Egungo eskolek ez dute zer ikusirik frankismo garaikoekin, baina Sakanako herrietan horren arrasto batzuk geratu dira. Horrek eragin du herri eskolen aurkako gutxiespen edo mesfidantza puntu bat mantentzea”, azaldu du Amaia Zubiri…

Indarkeria gelan sartzen denekoa

Indarkeria gelan sartzen denekoa »

Edurne Elizondo

Bederatzi edo hamar urte nituenean hasi zen dena. Ez nuen gaztelaniaz ongi egiten, eta nire aurka egiten zuten horregatik gelako kideek. Etxeraino etortzen ziren nire atzetik, korrika; lurrera bota eta jo egiten ninduten; liburuak lapurtzen zizkidaten. Baina uste dut okerrena ziberbullying-a izan zela. Suntsitu egin ninduen. Bizi izandako guztiak suntsitu ninduen”

Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak bere azken txostenean jasotako testigantza da aurrekoa; eskola jazarpena sufritu zuen gazte baten hitzak. Hitzezkoa izan daiteke jazarpen hori, mehatxuen eta irainen bidezkoa; indarkeria psikologikoa, baina baita fisikoa ere. Bakarra izaten da erasotzailea zenbaitetan; talde bat bertze anitzetan. Gelakideen isiltasuna izaten du gehienetan lagun. Nafarroan, txosten horren arabera, ikasleen %5,2k pairatu dute bullying-a. Kopurua handiagoa dela uste dute, halere, Altxatu Bullying-aren Aurka elkarteko kideek. Urtarriletik daude martxan herrialdean, eta orain arte, 34 kasuren berri jaso dute. Jazarpenaren aurkako astea egin dute egunotan, arazoaren berri zabaltzeko.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Bizikidetzarako Sailean eskola jazarpenarekin lotutako 138 kasu hartu dituzte, joan den uztailaren 1etik. “Guk esku hartzen dugun kasuak dira horiek, ez baitugu gertatzen diren guztien berri jasotzen. Eta hori ona da, ikastetxea auzia bere kabuz kudeatzeko gai izan dela erran nahi baitu”, nabarmendu du saileko arduradun Nerea Serranok. Ikastetxe bakoitzak baditu bere datuak, eta departamentuaren eskura daude, baina Serranok onartu du gobernuak estatistika propiorik ez duela, eta horrek zailtzen duela arazori buruzko “ikuspegi oso bat” izateko aukera. “Hori egitea, finean, ez da gure eskumenetako bat”, zehaztu du.

Departamentura ailegatu diren kasuen kopuruak gora egin duela nabarmendu du Serranok. “Ez dut uste egoerak okerrera egin duenik; gorakada horren arrazoia da, nire ustez, ikastetxeek laguntza gehiago behar dutela, eta horregatik jotzen dutela lehen baino gehiago guregana”. Murrizketak daude egoera horren atzean, Serranoren hitzetan. “Irakasleek ez dute bullying kasuak behar bezala kudeatzeko denborarik eta aukerarik, kasu anitzetan”, onartu du.

Bizikidetzarako Saila 2004. urtetik dago martxan. 2010etik, berriz, eskola jazarpenari aurre egiteko protokoloa bada herrialdean. Haren eskutik, bizikidetzarako batzordeak daude, adibidez, ikastetxeetan, bullying-aren auzia lantzeko. Laguntza izeneko programa prestatu du gobernuak orain, gainera, jazarpenaren aurka urratsak egiten jarraitzeko. “Helburu nagusia da haurrek eta nerabeek ez sufritzea ikastetxean; berdinen arteko harremanetan indarkeria bazter uztea. Argi izan behar dugu, hala ere, une zehatz batean bi ikasleren artean gerta daitezkeen interes gatazkak ez direla, berez, jazarpena. Bullying-ak ekartzen du gatazka horri eustea denboran”, erran du Serranok.

Jazarpenak infernu bilakatzen du eskola, pairatzen dutenentzat. Horri buruz anitz dakite Iñakik eta Maiderrek. Asmatutako izenak dira. Iñakiren ama da Maider. Nahiago du benetako izenik ez eman. Urte luzez sufritu du gazteak eskola jazarpena. “Hagitz gogorra izan da, eta bada. Orain 17 urte ditu, baina 8-9rekin hasitako amesgaiztoaren ondorioak hor daude, oraindik ere. Ama batek ez luke inoiz entzun behar semearen ahotik nahiago duela bere buruaz bertze egin eskolara joan baino. Niri hori erran zidan. Beldur nintzen, amorruak eta tristurak jota”, azaldu du Iñakiren amak.

Harentzat ere hagitz gogorra izan da semeak bizi izandako guztia. Gogoan ditu hasierako kolpeak. “Ubeldurak ikusten nizkion semeari gorputzean; kosta egin zitzaion sufritzen ari zena onartzea”. Igande arratsaldeak ere fresko ditu memorian: “Igandero gaixotu egiten zen; ez zuen eskolara joan nahi”.

Herri batetik bertzera mugitzea erabaki zuen familiak. “Gertatzen ari zenaz jabetu nintzenean ikastetxera joan nintzen, baina ez zuten auzia batere ongi kudeatu. Ez zidaten inolako konponbiderik eman. Jazarpena ezkutatu nahi izan zuten. Erabat babesgabe sentitu gara prozesu osoan”, salatu du Maiderrek.

Altxatu Bullying-aren Aurka elkartearekin bat egin nahi izan du, hain zuzen ere, “bertze familiak laguntzeko”. Taldeko arduradunek argi utzi dute Maiderrena ez dela gisako kasu bakarra. “Egia da hezkuntzaren esparruan ari diren gehienak profesionalak direla, eta halaxe jokatzen dutela eskola jazarpenaren auzian ere; baina hainbatetan ikastetxeak saiatu izan dira bullying kasuak ezkutatzen”, erran du elkarteko sail psikopedagogikoko arduradun Maria Luisa Duranek.

Kexak parlamentuan

Duran eta Altxatu Bullying-aren Aurka elkarteko buru Julen Sesma Nafarroako Parlamentuan izan ziren, apirilean, eta han mahai gainean jarri zituzten haien kexak. Ez bakarrik Hezkuntza Departamentuari buruz; baita Osasunbideari buruz ere. “Ezin da onartu eskola jazarpena sufritu duen neska batek hiru hilabetez zain egon behar izatea psikologoak artatzeko”, erran zuten elkarteko kideek, parlamentarien aurrean egindako agerraldian.

Errandakoa berretsi dute. “Hezkuntza Departamentuak, anitzetan, jazarpena jaso duena bertze eskola batera mugituz konpondu nahi izaten du arazoa. Baina hori ez da konponbidea. Erasotzaileak bertze biktima bat aukeratuko baitu”, erantsi du Sesmak.

Hainbat kasutan proposatutako neurria hori dela onartu du Bizikidetzarako Saileko buru Nerea Serranok; jazarpena jasan duen ikaslea bertze eskola batera aldatzea, alegia. Zehaztu du, hala ere, eraso egiten duenarekin eta erasoa sufritzen duenarekin lan egitea dela lehentasuna. “Kontua da zenbaitetan arazoaren berri jasotzen dugunerako denbora luzea pasatu dela, eta jazarpena jasan duenak aurrera egin dezan eta haren autoestimuak gora egin dezan beharrezkoa izaten dela bertze eskola batera mugitzea, hutsetik hasteko aukera izan dezan. Hainbatetan gertatzen da, bertzalde, gurasoek zuzenean eskatzen dutela jazarpena jaso duen haurra bertze eskola batera mugitzea”.

Neurri hori ez dela lege nabarmendu du Serranok. Are gehiago, Laguntza programaren bidez, ikastetxetik erasotzailea mugitzeko aukera ari dira lantzen, batez ere. “Urtebete barru edo hori egiteko moduan izanen garela uste dut”.

Bertze hainbat berrikuntza ekarriko ditu Laguntza programak. Helburua da ikastetxeetan jada existitzen diren bizikidetzarako batzordeetan pertsona bat eskola jazarpenarekin lotutako kontuetan aditu bilakatzea. “Ikastetxeetako batzordeetako pertsona horiek trebatzeko ikastaroak eginen ditugu; helburua da aditu horiek jazarpenaren aurkako lan guztien bultzatzaile eta dinamizatzaile bihurtzea”, azaldu du Nerea Serranok.

Bullying-aren aurkako borrokak gizarte guztia ukitu beharko lukeela argi utzi du Bizikidetzarako Saileko arduradunak. “Denon arazoa da, eta denon artean konpondu behar dugu. Azken finean, helduok ere bagara eskoletara zabaltzen den indarkeria horren erantzule; gizartean, oro har, indarkeria bada berdinen arteko harremanetan, eta halako egoeren ispilu dira eskoletan gertatzen diren kasuak”.

Familiek ere zer erran badute. Horixe nabarmendu du Serranok. “Zailena erasotzaileen gurasoekin hitz egitea izaten da; ez da erraza halako egoera bat onartzea”. Jazarpena egiten duen ikasleari buruz, Serranok argi utzi du enpatia landu behar dela harekin. “Ezin dugu ahaztu eraso egiten duena ere ez dela pertsona segurua; harreman sozialei beldur diela; eta barneratuta dituela, tamalez, harreman horiek indarkeriaren bidez bideratzeko pautak”.

Serranok erantsi du erasotzaileari argi utzi behar diotela bere jokabideak ez duela zilegitasunik, eta taldearen arauen arabera jokatzen ikasi behar duela. “Taldeak adostutako arauak dira horiek”. Eta errespetua dute oinarri.

“Kasu gehienetan, arazoa landu eta gero, erasoa egin eta jasan dutenek eskola berean jarraitzen dute. Argi izan behar dugulako indarkeria baliatzen duenaren jokabidea bideratzen ahal dugula. Anitzetan, erasoa jaso duena bilakatzen da erasotzaile, eta, halakoetan, enpatia tresna hagitz baliagarria da bere jokatzeko modua alda dezan. Biktima zenean bizi izandakoak gogoratuz egin daiteke hori”.

Aldagelak edo jolastokia dira jazarpena gertatzeko ohiko tokiak. “Erasoa hor egin, baina gelan deus gertatu izan ez balitz bezala jokatzen dute ikasleek”, azaldu du Nerea Serranok. Bullying-ak, hala ere, eskolako mugak gainditu ditu, teknologia berrien eta sare sozialen bitartez. “Eskola jazarpenaren beste eszenatoki bat da ziberbullying-a”, erran du Hezkuntza Departamentuko kideak.

Altxatu Bullying-aren Aurka elkarteko kideek nabarmendu dute jazarpen mota horrek “arrastoa” uzten duela, eta, anitzetan, erasotzaileen aurka egiteko tresna bilakatzen dela. Elkarteak, hain zuzen, arlo juridiko bat ere badu. Duranek nabarmendu du, hala ere, “bitartekari” izatea dela haien lehentasuna, “familien, ikastetxeen eta gobernuaren artean”. Serranok, oraingoz, ez du proposamen hori onartu. “Hasi berri dira; oraindik ez dakigu zein den haien funtzionamendua”. Eskola jazarpenaren aurka Nafarroan dagoen elkarte bakarra da hori.

Bizikidetzarako Saileko kideak lehen errandakoa berretsi du. Gizarte osoarena dela bullying-aren arazoa, eta gizarte osoak egin behar duela haren aurka.

Kiva, jazarpenari aurre egiteko Finlandiatik ailegatu den plana »

E. Elizondo
Hego Euskal Herriko 52 ikastolatan ezarriko dute eskola jazarpenari aurre egiteko Kiva plana, urtarriletik aurrera; Nafarroan ere bai. Finlandian sortu eta garatu dute programa hori. Zazpi urte dira hango eskoletan martxan dutela, eta emai…

Hezkuntza publikoaren izpi berriak

Hezkuntza publikoaren izpi berriak »

Urtero bezala, Euskal Eskola Publiko Berriaren Aldeko Jaia ospatuko du Sortzen elkarteak heldu den igandean. Aurten, Sarrigurenen izanen da festa, eta hango guraso elkartea arduratu da antolaketa lanez. Izpi berriez, eskola berria da aurtengo leloa, e…

Alfonso Karlosena (NUPeko errektoregaia): “Osasun sistema publikoak medikuntza fakultatea behar du”

Alfonso Karlosena (NUPeko errektoregaia): “Osasun sistema publikoak medikuntza fakultatea behar du” »

Edurne Elizondo / BERRIA

Julio Lafuenterekin Ikerketarako errektoreorde izan da Alfonso Karlosena Fisika doktorea (San Martin Unx, Nafarroa, 1962). Kudeaketaren esparruan lan hobea

Jorge Nieto (NUPeko errektoregaia): “Unibertsitateari buruz lege propioa egitea da gako bat”

Jorge Nieto (NUPeko errektoregaia): “Unibertsitateari buruz lege propioa egitea da gako bat” »

Edurne Elizondo / BERRIA

Bere bulegoa bilakatu du kanpainaren gune. «Ni bakarrik nago, ez dut talderik atzean; nirekin hitz egin nahi duenak, zabalik

“Iraultza txikien” asanblada

“Iraultza txikien” asanblada »

Nafarroako kultur politika ofizialaren zein kultur mugimenduaren erronken inguruan hausnartu, eta balizko aldaketa batek kultur panoramari ekarriko lizkiokeen aukerak aztertzea. Helburu horrekin, mahai ingurua antolatu zuten Nafarroako Hitza-k, BERRIAk eta Euskalerria irratiak joan den asteartean, Iruñeko Katakrak kultur gunean. Aldaketarako aukera ardatz hartuta hiru hedabide horiek antolatu dituzten hiru solasaldietan bigarrena izan zen Kultura: eduki eta edukiontziak izenekoa. Eta, eztabaidarako, Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editorea, Oskar Estanga bertsolari eta musikaria eta Leire Urbeltz artista plastiko, ilustratzaile eta Nafarroako Arte Gaztearen azken topaketen irabazlea batu zituzten mahaiaren bueltan. Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak egin zituen gidari lanak, eta, hasi eta berehala, anekdota bat jarri zuen mahai gainean: parez pare daude agintean dagoen gobernuko eta oposizioko kideak, Nafarroako Parlamentuko kultura batzordean. Kultur bonuaren xehetasunak azaldu ditu kargudunak, eta bonu horrentzako diru sailaz kexu oposiziokoa, gutxiegi delakoan. Halako batean bota dio arduradunak oposiziokoari: "Dena den, zergatik kexatzen zara hainbeste, gero ez bazara kultur ekitaldietara joaten?". Eta erantzun dio besteak: "Kultur jarduera askotara joaten naiz ni, eta zu ez zaitut bertan ikusten". - Jarraitu irakurtzen...

“Hezkuntza kontrolatu nahi du gobernuak, LOMCEren bidez”

“Hezkuntza kontrolatu nahi du gobernuak, LOMCEren bidez” »

Espainiako Gobernuaren LOMCE legea indarrean sartu da Nafarroan ere, eta lehen ondorioa antzeman daiteke jada. Aste honetan, azterketak egin dizkiete 8 urteko ikasleei, eta guraso elkarteek hamaika protesta antolatu dituzte Nafarroako beste horrenbeste herritan, araua bertan behera uzteko eta seme-alabei ebaluazio hori ez egiteko eskatuz. Proba horrek ikasleengan izan ditzakeen ondorioak salatu ditu Sortzen elkarteko bozeramaile Gari Torregrosak (Iruñea, 1987). - Jarraitu irakurtzen...