Berokia Castildetierrarentzat

Berokia Castildetierrarentzat »

Bardea izan zenaren lekuko da hango Castildetierra muinoa. Haizeak eta urak zizelkatutako paisaiaren irudi eta ikur. Garai batean, lautada izan zen inguru hori; hareharriak zeuden goiko aldean, eta, azpian, berriz, tuparriak. Urak eta haizeak eragindako higadurak sortu du egungo paisaia, eta Castildetierraren gisako muinoak iraganaren lekuko bilakatu dira. Ez betiko, ordea, higaduraren eraginak ez baitu etenik. Adituek ere ezin dute gelditu. Mantsotu egin nahi dute, ordea, Castildetierran, eta hori egiteko moduak aztertzen ari dira. Berokia jarri nahi diote, nolabait, higaduratik babesteko.

Castildetierraren oinarrian tuparriak badira; goiko aldean, berriz, hareharriak. Azken horiek tuparriak baino gogorragoak dira, eta ez dira hain erraz higatzen. Oinarrian diren tuparriek eusten diete goiko hareharriei, ordea, eta oinarriak huts egiten duen unean, muino osoak eginen du behera.

Momentu hori atzeratu nahi du Bardeako Batzarrak, eta erakunde horrek eskatuta ari dira zer egin daitekeen aztertzen. Zaragozako (Espainia) Metopa enpresak hartu du ardura hori. Asteon egon dira Bardean azkenekoz, iazko udaberrian martxan jarritako saioak gainbegiratzen.

Castildetierraren gisako ondoko muino bat aukeratu zuten saio horiek egiteko. Lan horretan Nafarroako Gobernuko geologo Esteban Faci dute laguntzaile. “Castildetierraren ezaugarri bertsuak dituen eremu bat hautatu dute, erabili nahi den produktuak zer eragin duen aztertzeko”. Urtebeteko epea ezarri zuten iazko udaberrian; ondorioz, datorren udaberrian emaitzak aztertu, eta erabakiko dute zer egin.

Metopa enpresako geologo Cristina Marinek argi eta garbi erran du: “Ez da erraza izanen”. Ezta merkea ere, segur aski. Zaragozako enpresak harrizko monumentuetan gertatzen den higadurari aurre egiteko moduak jorratzen ditu, batez ere. Lehenbiziko aldiz ari dira Bardeakoaren gisako monumentu natural batean lanean. “Esperientzia aitzindaria da hau”, nabarmendu du Marinek.

Horregatik erabaki zuten urtebeteko saioa egitea, inolako erabakirik hartu baino lehen. Higadura mantsotzeko produktu batekin inpregnatu dute tuparria. Produktu horrek inpermeabilizazioa ematen du, baina transpirazioa egiten uzten du, aldi berean. “Harriari gore-tex geruza bat jartzearen gisakoa litzateke, nolabait erranda”, azaldu du Esteban Facik.

Oraingoz, erabilitako produktuak ez du aldaketarik eragin tuparrian. Hiru hilabetetik behin egiten dituzte kontrolak, produktuak harriaren kolorea aldatu ote duen edo arrakalak eragin ote dituen ikusteko. “Oraingoz ez da halakorik gertatu; orain arte, hala ere, eguraldi epela izan dugu, eta hori ere kontuan hartu behar dugu. Ikusteko dago, adibidez, izotzak zer eragin izanen duen”.

Nafarroaren irudi

Bisitari anitzek lotzen dute Nafarroa Castildetierra muinoaren irudiarekin. Hori dela eta, hari eusteko ahalegintzea garrantzitsua dela uste du Cristina Marinek. Geologoak nabarmendu du, halaber, muinoan esku hartzeko moduak ezin duela muinoa bera desitxuratu. “Badira epe motzera eraginkorragoak izan daitezkeen alternatibak; sareak jar daitezke, adibidez, baina horrek erabat aldatuko luke muinoaren itxura”. Horregatik bazter utzi dituzte halako aukerak.

Marinek eta Facik argi dute, azkenean, muinoak behera eginen duela. Noiz gertatuko den erratea, hala ere, zaila dela azaldu du Facik. Nafarroako Gobernuko geologoak, edonola ere, ez du uste muinoak bertze ehun urte eginen dituenik zutik. “Hemendik bost edo hamar urtera ere eror daiteke. Gainetik egindako kalkuluak baino ez dira, hala ere”.

Higaduraren ondorioak mantsotzea du helburu Metopa enpresa egiten ari den lanak. Aurretik egin izan dituzte Castildetierra betikotzeko bertze hainbat urrats. 2011. urtean, adibidez, muinoa eskaneatu egin zuten, hiru dimentsioko irudia lortu ahal izateko. “Hareharrizko tontorrean ere badira arazoak, pitzadurak baitaude. Ez da erraza, baina har daitezke neurriak hori konpontzeko. Hiru dimentsioko kopia ere erabiltzen ahal da”, erran du Marinek.

Castildetierrari eutsi nahi diote. Ahalegin horrek ez du justifikaziorik, ordea, geologiaren ikuspuntutik. Hori uste du Jose Luis Piedrafita geologo eta Iruñeko UNEDeko irakasleak. Are gehiago, ez du ontzat jo horretan diru publikoa gastatzea. “Erabakiak ez du geologiarekin zerikusirik; merkatu kontu bat da. Castildetierrak turismoa erakartzen duelako nahi dute behera egin ez dezan”, azaldu du. “Gertatzen diren prozesu geomorfologikoak, ordea, direnak dira. Naturak bere lana egiten du”.

Enpresak produktua probatzeko hartutako urtebeteko epea motz gelditzen dela uste du Piedrafitak. “Herri lanetan ere ikusten dugu lehendabiziko urtean dena dagoela ongi: gero hasten direla arazoak”. Kontua Bardearen ikur bilakatu den muinoaren irudiari eustea bada, hiru dimentsiokoa baliatzen ahal da, geologoaren ustez. “Egin daiteke kopia oso bat. Baina erori behar badu, eror dadila”.

Lurrari hozka egiten diotenak

Lurrari hozka egiten diotenak »

Leherketak, kamioien joan-etorri etengabea, hautsa, paisaiaren nahiz ondarearen suntsitzea, kalteak etxebizitzetan, faunaren desagertzea… Ustezko garapen ekonomikoaren izenean, anitz dira meategi eta harrobi handiek inguruko lurretan eragiten dituzten kalteak. Erdiz, Alkerdi eta Zilbetiko kasuak hedabideetako lerroburuetan agertu dira azken hilabeteetan, ustiatze proiektu horiek piztutako oposizio irmoari esker, batez ere. Baina ez dira bakarrak, inondik ere.

Minerala ustiatzeko proiektu handienei buruzko txostena argitaratu zuen iaz Sustrai Erakuntza fundazioak, 2014an eginiko topaketa batean oinarrituta. Iragan abenduan eguneratu zuten azkenekoz, Zangoza eta Urdazubiko kasuak ere aipatzeko. Honako hauek dira Nafarroako lurrak zuloz eta orbainez bete dituzten proiektu handienak edo polemika mikatzena eragin dutenak.

OSKIAKO HARROBIA

Arakil ibarrari eta Itza zendeari eragiten die Bizkaia mendian dagoen harrobi honek. 1987an hasi ziren Oskiatik kareharria ateratzen, eta harrobia, ofizialki, 2004an itxi zuten arren, “errestaurazio” plan bat aurkeztu zuen Canteras Oskia enpresak. Atondoko kontzejuak bertan behera utzi zuen egitasmoa, enpresak ez zuelako ingurumenaren gaineko eraginari buruzko planik aurkeztu. 2010ean, berriz, proiektu berria aurkeztu zuten. Hiru milioi metro koadro lur erauzteko asmoa aipatzen dute bertan, eta “itzalpeko ustiaketa plan bat” dela uste du Sustraik.

Proiektuaren kontra dauden erakundeek —Atondoko kontzejuak, Arakilgo Udalak eta Itza Zendeako Udalak— erabili dituzte jada bide judizial guztiak. Nafarroako Gobernuak, gainera, lur komunal guztiak desjabetu ditu. Beste aukerarik ezean, jarraipen batzorde bat osatu dute inplikatutako eragile guztiek, planaren garapenean irregulartasunik ez dagoela zaintzeko.

ALDAZKO HARROBIA

Aspaldi erabili gabeko marmol harrobi zahar bat da Aldazkoa. Horgobisa enpresak hamabost urterako kontratua sinatu zuen 2006an herriko kontzejuarekin, han gelditzen ziren hondakinak erretiratu eta erabiltzeko. Hondarrak, ordea, berehala bukatu ziren, eta ustiatzeko era berriak aztertu zituen Horgobisak.

Larraungo Kalaxka taldeak salatu zuenez, irregulartasun ugari gertatu dira prozesu osoan, eta Sustrai Erakuntza fundazioak ere “kontrolik eza” nabarmentzen du bere txostenean: “Ez zen neurririk hartu harrobitik ateratako material kopurua mugatzeko, ezta ingurumenaren egoera neurtzeko ere”. Lehergailuak erabiltzen hasteko nahia agertu zuen enpresak, gainera, eta Larraungo Udalak baimentzen ez zuenez, araudia aldatzeko presioa egin zuen. Azkenean, azpilan horrek guztiak fruitua eman zuen, eta, iaz, udal plana moldatu zuten. Gaur egun, legezkoa da harrobian lehergailuak erabiltzea, eta, enpresak oraingoz urratsik egin ez duen arren, kezka agertu dute bizilagunen elkarteek eta talde ekologistek.

ALKERDIKO HARROBIA

Urdazubikoa da, seguruenik, Nafarroan kalapita handiena sortu duen ustiatze proiektua, harrobiko lanek ez baitiote paisaiari soilik eragin. Handik 500 metrora dauden Alkerdi, Zelaieta, Ikaburu eta Berroberriko haitzuloek gordetzen duten ondare historikoak pairatu ditu ustiatze lanek eragindako kalterik handienak.

2014ko uztailaren 15ean, Zelaieta III leizezuloko sabaia erori egin zen, Alkerdin baimenik gabe eginiko leherketa baten ondorioz. Leherketaren hedatze uhinak, gainera, kalteak eragin zituen inguruko baserrietan, auzoetan eta Ikaburuko haitzuloetan. SOS Alkerdi plataformak gertatutakoaren ardura egotzi zien Marmoles del Baztan enpresari eta Nafarroako Gobernuari. Izan ere, 2013an, harrobiaren ustiatze ituna luzatu zuen Yolanda Barcinaren gobernuak, eta urtean 24.000 kilo lehergailu erabiltzeko baimena eman zion enpresari —ordura arte 150 kilo erabiltzeko baimena zuen—.

Urdazubiko udal planak eta Kultura Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak, baina, espresuki debekatzen dute inguruan lehergailuak erabiltzea, balio kultural eta arkeologiko itzeleko leizea baita Alkerdikoa. Izan ere, hango paretetan daude Nafarroako irarlan paleolitiko bakarrak. Hortaz, harrobiko lanak geldirik daude oraingoz, baina enpresa Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen ari da, debekua ken dezan.

ZILBETIKO PROIEKTUA

Aldude mendia zaintza bereziko eremu izendatu zuen Nafarroako Gobernuak 2005ean, eta Natura 2000 sarean ere sartu zuten eskualde osoa. Handik bi urtera, baina, Magna Magnesitas de Navarra enpresak iragarri zuen harrobi bat irekitzeko asmoa zuela Zilbetin. Nafarroako Gobernuak, UPNren esku, ez zuen kontrako iritzirik eman, eta berehala onetsi zuen egitasmoa, Natura 2000 sarearen helburuekin bateraezina izan arren.

2011n, hitzetatik ekintzetara pasatu zen Magna: Eguberri garaian, oporrak profitatuta, Antzeriko hainbat pago botatzen hasi zen baimenik gabe. Alduide Mendia koordinakundeak eta SEO/BirdLife elkarteak auzitara jo zuten, eta proiektua geldiaraztea lortu zuten. Iazko urrian, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien talde ekologistei, eta bertan behera utzi zuen egitasmoa.

ZANGOZAKO PROIEKTUA

Orain mahai gainean dagoen meatze proiektu handiena da Geoalcali enpresak Zangoza eta Zaragoza (Espainia) artean eraiki nahi duena. Talde ekologisten aburuz, gainera, kutsagarriena ere izanen da, inoiz gauzatzen bada: urtean 6.300 milioi tona potasa aterako lirateke, 512 kamioi ibiliko lirateke joan-etorri etengabean egunero, eta 800.000 metro koadro ur erabiliko lirateke urtean —17.000 biztanleko hiri batek kontsumitzen duen kopuru bertsua—. Handik metro gutxira, gainera, Esako urtegia dago, eta horrek arazo ugari eraginen dituela uste dute Zangozako oposizioko taldeek; besteak beste, sismikotasunaren handitzea edota uraren kutsatzea.

Martin Zelaia: “Ezin da geroa eraiki proiektu erraldoietan oinarrituta”

Martin Zelaia: “Ezin da geroa eraiki proiektu erraldoietan oinarrituta” »

2010ean sortu zen Sustrai Erakuntza fundazioa, Nafarroan zeuden eta aurreikusten ziren proiektu erraldoiei aurka egiteko. Tokian tokiko plataformei laguntza teknikoa eta juridikoa ematen diete, eta baita beharrezko informazioa ere. Obra horiek “uste b…

Zeruak kur-kur egiten du

Zeruak kur-kur egiten du »

Ikusi baino lehen, entzun. Ez da hegaldi isila kurriloena. Kur-kur egiten du zeruak hegaztiok batetik bertzera mugitzen direnean. Kur-kur hori, gainera, gero eta ozenago aditzen ari da Nafarroan, gero eta gehiago direlako hegoalderako urteroko bidean …

Hartzak haien bakardadean

Hartzak haien bakardadean »

Udan basoak emandako fruituak ongi aprobetxatu dituzte. Marrubi, mugurdi eta ahabia anitz izan da aurten, eta izan dute, ondorioz, zer jan. Udazkeneko uzta jaso beharko dute orain: ezkurrak, pagatxak eta gaiztainak bilatzeko ordua dute, negurako prest…

Uroiloen etxearen alde

Uroiloen etxearen alde »

Sanferminen arrastoak nabarmenak dira, oraindik ere. Landazelaia izeneko eremua kanpadendaz betetzen da Lesakako bestetan, eta jaiak bukatu eta gero kentzen dituztenean, zaborra bertzerik ez da gelditzen. Haizeak plastikozko hainbat poltsa eraman ditu…