Jose Mari Apezetxea margolaria hil da

Jose Mari Apezetxea margolaria hil da »

Jose Mari Apezetxea margolari baztandarra hil da. Erratzuko bere etxean zendu zen larunbatean, eta atzo egin zuten haren aldeko hileta elizkizuna. 90 urte

“Lana da bazter ez gelditzeko giltza; gure lana da emakumeei tresnak ematea”

“Lana da bazter ez gelditzeko giltza; gure lana da emakumeei tresnak ematea” »

E. Elizondo
Edurne Jauregi da Cocemfe elkarteko kudeatzaile, eta argi du beren lana zein den: ezintasunen bat duten emakumeak laguntzea; haiekin batera egitea urratsak ahalduntzeko bidean. Badaki zaila dela, baina ezinbertzekoa ere bai.Lanak ahalduntze…

Nafarroako idazleen loraldia

Nafarroako idazleen loraldia »

Kattalin Barber
Etenik gabeko emaria du Nafarroako literaturak gaur egun. Inoiz baino idazle eta lan gehiago daude herrialdean, eta horren adibide da sortu berri den Nafarroako Idazleen Elkartea. Aurkezpen gisara, eta Liburuaren Eguna ospatzeko, elkart…

Arriskuak ez baitu mugarik

Arriskuak ez baitu mugarik »

Edurne Elizondo

Ebroko Ur Konfederazioak berak erran du: Zangoza aldean egin nahi duten Muga meategiak Esako urtegiaren segurtasunari eragiten ahal dio; modu nabarmen batean, gainera, erakunde horrek egindako txostenak jasotzen duenez: agiriak dio enpresak kontrol sistema zehatzak ezarri beharko lituzkeela, eta, behar izanez gero, “esplotazioa bertan behera utzi”.

Geoalcali SL etxeak bultzatutako proiektua da Muga. Nafarroari eta Aragoiri (Espainia) eraginen lieke; zehazki, Erreniega menditik Onsellako ibarreraino hedatuko litzateke proiektua. Helburua da potasa eta gatza ustiatzea. Egitasmo horren aurkako plataformak 400 alegazio baino gehiago aurkeztu zizkion proiektu horri, 2015eko udan, inguruan eragiten ahal zituen arriskuengatik. “Guk mahai gainean jarritako arrisku horiek berresten ari dira orain egindako txostenak”, erran du plataformako kide Enrique Mirandak.

Ebroko Ur Konfederazioak egindakoa eskuratu ahal izan dute plataformako kideek, hain zuzen ere. Ez dira erakunde horrek egindako lanak bakarrik jasotzen txosten horretan. “Bertze hainbat elkartek egindakoak ere badira”; bertzeak bertze, Espainiako Geologia eta Meategi Institutuak eta Espainiako Geografia Institutu Nazionalak egindakoak. Denek bat egin dute kontu batean: Muga meategiak Esako urtegiari eragiten ahal dizkion arrisku egoerez ohartarazi dute.

Nafarroako aurreko gobernua hasi zen Muga meategia martxan jartzeko proiektua tramitatzen, 2015eko ekainean. Egin beharreko urratsetako bat da egitasmo horrek ingurumenean eraginen lituzkeen kalteen inguruko txostena osatzea. Hori betetzeko eskatu zuen Espainiako Ingurumen Ministerioak Ebroko Ur Konfederazioak egindako txostena. Iazko ekainean aurkeztu zuen erakunde horrek, baina berriki jaso dute meategiaren aurkako plataformako kideek. “Alegazioak aurkeztu arren, ez genuen txostena zuzenean jasotzeko eskubiderik; azkenean, Nafarroako Parlamentuari egin genion eskaera, Nafarroako Gobernuari eska ziezaion, eta horrela eskuratu ahal izan dugu”, azaldu du Mirandak.

Faila eta pitzadurak

“Ebroko Ur Konfederazioak egindako txostenak argi eta garbi erran du Geoalcalik egindako ikerketak ez direla inondik inora nahikoak”, nabarmendu du Mirandak. Gogoratu du Muga meategia Esako urtegitik kilometro ingurura egonen litzatekeela, eta, bertzeak bertze, Xabier herri azpian eginen lituzketela zuloak. “Azpiegitura horrek sismikotasunean zer-nolako eragina izanen lukeen, adibidez, ez du aztertu enpresak”, gaineratu du. Loitiko faila dago inguru horretan, hain zuzen ere. Enpresak dio meategia faila horretatik hegoaldera eginen luketela. “Txostenak agerian utzi du, ordea, faila horrek badituela pitzadura perpendikularrak, eta, hain zuzen ere, urtegitik meategiraino doazela”.

Ebroko Ur Konfederazioak ohartarazi du meategiak sismikotasunari eragiten ahal diola, eta nabarmendu du urtegiko magalei ere kalte egiten ahal diela proiektuak. “Txostenak dio, gainera, garaian garaiko datuak jaso baino, denbora tarte batez gertatzen denaren berri jaso beharko lukeela enpresak”, erantsi du plataformako kideak. Hau da, hainbat urtez jaso beharko lituzketela datuak, ondorioak zehaztu ahal izateko.

“Bitxitzat” jo du Mirandak Ebroko Ur Konfederazioak berak egiten ez duena eskatzea Muga proiektua bultzatzen dutenei, baina erakunde horrek egindako txostena “sendotzat” jo du meategiaren aurkako plataformak. “Urtegiko arduradunek argi eta garbi erran dute kezka handia badutela, eta meategiak hondamendia eragin lezakeela”, azaldu du Mirandak.

Ebroko Ur Konfederazioak egindako txostenak mahai gainean jarri du, bertzeak bertze, meategiak urtegia husteko dagoen arriskua. “Gerta daiteke urtegiko ura sartzea meategian, eta horrek hondamendia ekar dezake”. Mirandak adierazi du, bertzalde, konfederazioak erran duela jada Geoalcalik ezin izanen duela bete gatza toki batean pilatzeko duen asmoa. “Halako gatz multzoek ondoko ibaiei kalte egiten ahal diete; hori gertatu da hainbat tokitan”.

Meategiak eragiten ahal dituen kalteak mahai gainean jarri ditu Ebroko Ur Konfederazioak, eta berretsi ditu, modu horretan, proiektu horren aurkako plataformakoek 2015ean errandakoak. Konfederazioak informazio gehiago eskatu dio enpresari, eta Mirandak argi du proiektua hutsetik hasi eta jendaurrean aurkeztu beharko luketela, berriz ere, aurrera eginez gero.

Zangozako herritarrak ere aspaldi hasi ziren Esako urtegia handitzeko lanak ekartzen dituzten arriskuez ohartarazten. Urtegiko bi magalak mugitzen direla ziurtatu dute adituek. Arrisku horiek gogoratu eta salatuko dituzte maiatzaren 27an, Iruñean: manifestaziora deitu du Esa + Ez Lanak Gelditu plataformak.

Tresnak tonuan jartzeko ordua

Tresnak tonuan jartzeko ordua »

Datorren ostegunean Baluarten emango duten kontzertua prestatzeko ari dira lanean, egunotan, Nafarroako Orkestra Sinfonikoko musikariak. Tresnak tonuan jartzeko ordua dute. Oholtza gainean jotzeko; bai eta agertokitik kanpo ere. Gorabeheraz betetako urteak izan dira azkenok Nafarroako orkestrako kideentzat: murrizketek eragin diete, batetik; irailean egindako ikuskaritzak, bertzetik, ustezko irregulartasunak utzi ditu agerian erakunde horren kudeaketan. Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko oraingo arduradunei dagokie datozen urteotarako norabidea zehaztea.

Departamentuko agintariek, hasteko, irailean egindako ikuskaritzak agerian utzitako datuak aztertzeko eskatu diote Nafarroako Kontuen Ganberari. “Horretan ari dira, eta txostena laster jasotzea espero dugu”, azaldu du Kultura zuzendari Fernando Perezek. Kontuak “argitu” nahi dituzte, orkestrak etapa berri bat hasi ahal izateko. Ustezko irregulartasunena izanen da jorratu beharreko arloetako bat, bide berri horretan urratsak egiteko; baina ez da bakarra izanen. Aurrekontuak eta orkestraren egoitzaren auzia ere badaude mahai gainean, bertzeak bertze.

Kudeaketa “gardena”

Ikuskaritzak agerian utzitako datuen berri Nafarroako Orkestra Sinfonikoko egungo kudeatzaile Joaquin Romerok eman zuen, lehendabizikoz, joan den maiatzean. Romeroren zalantzak berretsi zituen ikuskaritzak.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Santa Cecilia Orkestran du jatorria; Pablo Sarasatek sortu zuen, 1879. urtean. Egungo orkestra Pablo Sarasate Fundazioak kudeatzen du. Fundazio hori 1997an jarri zen martxan, eta sustatzaile ditu Nafarroako Gobernua, Santa Cecilia Kontzertu Elkartea eta Iruñeko Udala.

Kudeaketaren inguruko zalantzek 2007-2014 urte bitarteko epea hartzen dute. Garai horretan, Florentino Briones zen orkestrako kudeatzaile. Kultura kontseilari Ana Herrerak berak joan den urrian azaldu zuenez, Santa Cecilia Kontzertu Elkartearen eta Pablo Sarasate Fundazioaren arteko kontuen kudeaketan gertatu dira ustezko irregulartasunak. 325.728 euro da bi elkarteon arteko kontuetan ageri den aldea. Santa Ceciliak 2007tik 2014ra bitarte pilatutako kopurua litzateke hori. Kontua da 2007. urtera arte Pablo Sarasate Fundazioak berak kudeatzen zituela denboraldirako abonamenduen diru sarrerak. “Urte horretan, Santa Ceciliak hartu zuen bere gain lan hori; argi ez dauden hainbat kontu aurkitu ditugu; Santa Ceciliak bere kudeaketarako gastuak aipatzen ditu, bai eta Florentino Brionesi egindako hainbat ordainketa ere, bertzeak bertze haren etxebizitzaren alokairua pagatzeko. Hori guztia argitu beharra dago”, erran du Perezek.

Orkestrako musikariek ere “gardentasuna” eskatu dute. “Iraganean gertatu dena argitzea nahi dugu, eta aurrera begira ere, kudeaketa gardena egin dezatela”, nabarmendu du Nafarroako Orkestra Sinfonikoko langile batzordeko buru Ferran Tamaritek.

Musikarien lanaren alde egin du Tamaritek, eta argi utzi du gobernuak orkestrak aurrera egitea nahi badu, haren aldeko apustua egin behar duela. “Gure aurrekontuaren %90 diru publikoak ematen digu; baina ez guri bakarrik; munduko orkestra guztietan gertatzen da hori”, azaldu du.

Izan dituzten murrizketak salatu ditu. 5,7 milioi euro izan zen aurrekontua 2010. urtean. Kopuru horrek behera egin du azken urteotan. 2016ko aurrekontuen proiektuan, 3,7 milioi euroko diru saila jaso du Kulturak orkestrarentzat.

Kultura zuzendariak argi utzi du kopuru hori ez dutela aldatuko. Nabarmendu du, gainera, departamentuaren helburua dela arlo guztien arteko oreka lortzea. “Sail guztiak dira inportanteak. Orain arte, adibidez, arte plastikoek gutxi jaso dute, eta diru sail hori handitu dugu”.

“Orkestrak Nafarroako errealitate ekonomiko eta sozialera egokitu beharko du”, gaineratu du Fernando Perezek. Tamaritek, berriz, “egonkortasuna” eskatu du, musikariek haien lana egin ahal izateko. Orkestrak, bertzeak bertze, hainbat urtetarako hitzarmena eskatu dio gobernuari. Horrekin ados da Perez, eta Kultura Departamentuaren asmoa hori dela azaldu du. Orkestrako kideekin lan egiteko prest da, lan baldintzak egonkortze aldera. Erran du, hala ere, orkestrak bertze diru iturri batzuk bilatu behar dituela.

Perezek ez du bat egin orkestrako kideekin egoitzaren auzian. Egun musikariek Barañaingo auditoriuma erabiltzen dute entseguak egiteko, eta Baluarte kontzertuak egiteko. Tamaritek uste du azken horrek beharko lukeela haien egoitza. Kulturak, berriz, Barañainen alde egin du. Elkarrizketari eman nahi dio bidea. Denen artean orkestraren bidea zehazteko.

Pio Caro Baroja idazle eta dokumentalgilea hil da »

Pio Caro Baroja idazle eta dokumentalgilea gaur hil da, 87 urte zituela. Folklorearen inguruko dokumentalak zuzentzeaz eta gai askoren inguruko liburuak idazteaz gain,

Nor da nor: Nafarroako ubidearen eragileak »

Itoizko urtegiak hasieratik eragin zituen inguruko herritarren protestak. Baina oposizio horrek ez zuen proiektua geldiaraztea lortu. Nafarroako ubidea eraikitzeko urratsak egiten hasi zirenean ere, azpiegitura horren kontrako iritziak jarri zituzten …

Lehen bozak, NUPen »

Errektore berria aukeratuko du Nafarroako Unibertsitate Publikoak gaur, foru eta udal bozen aurretik. Alfonso Karlosena eta Jorge Nieto dira kargurako hautagaiak. - Jarraitu irakurtzen...

“Anaitasuna txiki geldituko zaigu 25ean”

“Anaitasuna txiki geldituko zaigu 25ean” »

Euskararen aldeko mezuak Anaitasuna kiroldegia beteko du hilaren 25ean. Nafarroak euskaraz bizi nahi duela aldarrikatuko du Kontseiluak bertan. - Jarraitu irakurtzen...

“Inarrosaldi bat eman nahi dugu, jendea ohartu dadin euskara zer den” »

Atzo atera zen Korrika Urepeletik. Ordu arte, “egunero” bildu izan dira herritarrak herriko plazan, prestatze lanei ekiteko. Horietako bat da Xole Aire iparraldeko nafarra (Urepele, 1973). Korrika hasi aurretik erantzun ditu Nafarroako Hitza-ren galde…