Aldaketaren beste aurpegiak

Aldaketaren beste aurpegiak »

Uxue Barkos, Manu Aierdi, Mari Jose Beaumont, Jose Luis Mendoza, Isabel Elizalde, Mikel Aranburu, Miguel Laparra, Ana Herrera... Aldaketaren gobernua osatuko duten kontseilarien aurpegiak eta izen-deiturak nonahi azaldu dira egunotan. Benetako aldaketa, ordea, askoz zabalagoa da, eta hura osatzen duten izenen zerrend luzea ez dute berripaperen lerroburuek kabitzen. - Jarraitu irakurtzen...

Albina Prieto (Tafallako zinegotzia): “Norberekeria bazter utz dezala PSNk”

Albina Prieto (Tafallako zinegotzia): “Norberekeria bazter utz dezala PSNk” »

Behin eta berriz errepikatu du. “1978. urtetik naiz ni alderdi sozialistako militante”. Horregatik nabarmendu du harridura, haserrea eta etsipena eragin diola PSOEren zuzendaritza batzorde federalak hartutako erabakiak. Albina Prieto (Sahagun de Campos, Leon, Espainia, 1946) duela berrogei urte baino gehiago ailegatu zen Tafallara, eta herriko udaleko zinegotzi sozialista da. Alderdiak behin-behinean kanporatu du, Juan Jose Martinez kidearekin batera, biek EH Bilduren udal gobernuan sartzeko urratsa egin eta gero. Behin betiko erabakiaren zain dira orain, eta egunotarako espero dute. Argi utzi dute biek aurrerantzean ere zinegotzi izanen direla.

“Sekula ez nuen pentsatu halakorik gerta zitekeenik; PSNk bide beretik jarraitzen badu, hutsaren hurrengo bilakatuko gaitu. Ideia sozialistei eman beharko lieke alderdiak lehentasuna, eta norberekeriak bazter utzi. Argi dut PSNn badela alderdiari onik egiten ez dion jendea, eta jende horrek alde egin beharko luke”.

Argi eta garbi mintzatu da Prieto PSNko zuzendaritzaren jarduerari buruz; eta argi eta garbi erran du, halaber, udal gobernuan sartzeko erabakiak Tafallako PSNren udal batzordearen babes ia erabatekoa izan duela. “Gu behin betiko kanporatzeak Tafallako PSN desegitea ekarriko luke”, ohartarazi du zinegotziak. Juan Jose Martinez da Tafallako sozialisten idazkari nagusia, hain zuzen ere. Prieto ere zuzendaritza batzordeko kidea da.

“Iparra galduta dabil PSN arlo anitzetan. Gaizki egindakoak erranen ditut. Ez naute isilduko”, erantsi du zinegotziak. Minduta dagoela onartu du Prietok. Uztailaren 1ean, txostena ireki zien alderdiak hari eta Martinezi. “Guri ez ziguten deus erran; PSNko inork ez gintuen deitu Iruñetik; hedabideen bidez izan genuen hartutako erabakiaren berri; ez genuen horrelakorik merezi”, azaldu du.

Bere txostena Madrilera bideratu zuen PSNk, eta, ondorioz, uztailaren 3an, burofax bat igorri zien PSOEren zuzendaritza batzorde federalak. “Hilaren 7an jaso nuen nik; eta hurrengo egunean nire alderdikideak; hamar eguneko epea eman ziguten zuzenketak aurkeztu ahal izateko. Iruñean auzi hau martxan jarri izan ez balute, Madrilen ez lukete deus egin izanen”. Beren burua defendatuko dutela nabarmendu du Prietok, eta abokatuen esku dagoela auzia.

“Aurrera egin”

“Joandako urak, indarrik ez”. Horixe uste du Prietok, eta halaxe nabarmendu du: “Garai hagitz txarrak bizi izan ditugu; gure alderdikideen hiletetara joan behar izan dugu; nire semea ere PSNko zinegotzi izan da herrian, eta bizkarzainarekin ibili behar izan du, batetik bertzera. Hori hor dago, gogorra izan da, eta ez dugu bertzerik gabe ahaztuko; baina aurrera egin behar dugu. Bertze erremediorik ez dugu. Ezin gara beti atzera begira egon. EH Bilduk alkatetza du 2.000 herritarrek baino gehiagok botoa eman ziotelako. Koalizioa legezkoa da, eta hori errespetatu egin behar dugu. Kito”.

Tafallako Udalean EH Bilduk du alkatetza, zortzi zinegotzirekin. UPNk lau ditu; Iniciativa por Tafalla taldeak bi, eta bertze bi PSNk. Ezkerrak, berriz, bakarra. “EH Bilduk talde guztioi egin zigun udal gobernuan sartzeko gonbita; UPN bakarrik gelditu da kanpoan”, azaldu du Prietok.

“Tafallaren alde lan egiteko erabaki genuen sartzea; guk ez diogu EH Bilduri txeke zuririk eman, eta gauzak gaizki egiten baditu, eskatuko dizkiogu kontuak, eta hartuko ditugu hartu beharreko erabakiak, gure kontzientziaren arabera”, erantsi du.

Herritarren eta udaleko bertze taldeen babesa jaso dutela nabarmendu du Prietok, eta hori dela garrantzitsuena. “Herritar anitzek ere harriduraz hartu dute gertatzen ari dena. Herritarren alde ari gara, eta haien babesa badugu; ongi ari gara”. Egoera, nolabait, normalizatu egin behar dela gaineratu du. “Tafalla ez da bakarra izanen; ziur naiz bertze hainbat herritan ere PSNk parte hartuko duela EH Bilduren udal gobernuetan; denak kanporatuko gaituzte, orduan?”, galdetu du Prietok; erantsi du taldeen arteko harremanak normal-normal hartzeko ordua dela.

Ildo horretan, aspaldiko garaiak ere ekarri ditu gogora Tafallako zinegotziak. Gizarte Ongizaterako Sailaren ardura du oraingo udalean, eta sail horren eskutik hasi zen, hain zuzen ere, gizarte kontuetan lanean, Tafallan. “Herri Batasuna zegoen orduan udaletxean; Gizarte Ongizaterako Saila ezarri zuten, eta talde horretako zinegotziak eman zidan lan egiteko aukera. Autoarekin ibiltzen nintzen, etxez etxe, bakarrik ziren herriko zaharrei jatekoa eramaten”.

Aspaldi hasitako bidean urratsak egiten jarraitu nahi du Prietok. “PSNren barruan, edo bertze izen batekin, baina nire ideia sozialistei uko egin gabe”. Alderditik at sentitzen da. Eta horrek amorratzen duela aitortu du. Eutsi dio, ordea, hartutako erabakiari.

Lehertu da UPNren burbuila »

Eguesibarko demografiaren bilakaeraren grafikoan bada bat-batean arreta erakartzen duen datu bat: hamarkadetako goranzko joera pausatuan, une batez, ziztu bizian egiten du gorantz populazioaren barrak. 2001etik 2014rako tartean da hori: XXI. mende hasieran 3.413 biztanle zeuzkan udalerriak; iaz, 19.014.

Neurri gabeko hazkundeak, batik bat, Sarrigurengo urbanizazioaren sorrera eta garapenarekin du lotura, baina baita Gorraitz gunearen hazkundearekin ere. Hirigintza proiektu horiek, sarri, ustelkeriaren itzalek lagunduta etorri dira. Hainbesteraino, non denbora luzean Eguesibarrekin lotu den ustelkeria Nafarroan. Praktika horiek Josetxo Andia UPNko alkatearen dimisioa ekarri zuten 2013an, auzipetua izan —gerora absolbitua izan zen —eta alderdiak diziplina prozedura abiatu zionean. Garai horretan, Geroa Baiko Alfonso Etxeberriak hartu zuen kargua, bere koalizioaren eta PSN, Ezkerra eta Bilduren botoekin. Eta, joan den larunbatetik, alkate da berriro Etxeberria, udalbatzak hala erabaki ostean.

Hala, berretsi egin da orain dela bi urteko aldaketa, orain arte behin-behinekoa zena. Eta badu garrantzia: batetik, Eguesibar Nafarroako laugarren udalerria delako populazioari dagokionez, eta, bestetik, UPNren gotorleku izan delako azken hamarkadetan. Alderdi horren azken urteetako gainbehera, hain justu, populazioaren hazkundearen kontrako norabidean gertatu da, ia urte bertsuetan. 2007ko hauteskundeetan, kasurako, bederatzi zinegotzi eta botoen %51,33 eskuratu zituen UPNk. Joan den maiatzaren 24ko hauteskundeetan, %27 baino ez. Bozak irabazi zituzten erregionalistek, baina zortzi botoren aldea baino ez zioten atera bigarren indarrari, Geroa Bairi.

EAJk eta Zabaltzen-en bildutako independenteek osatutako koalizioak, hain zuzen ere, 2.550 boto eta bost zinegotzi eskuratu zituen joan den hauteskundeetan. Geroa Baik, hala, 2011n Nafarroa Baik eskuratutako emaitzak —1.716 boto eta bost zinegotzi— hobetu ditu, eta emaitza horiek parez pare ireki dizkiote alkatetzarako ateak Etxeberriari. Larunbateko bozketan, haren alde egin zuten Geroa Bai, EH Bildu, Eguesibar Gara (Ahal Duguren inguruko hautagaitza) eta Ezkerrako zinegotziek; hala, gehiengo osorako hamar boto batu —17 eserleku ditu udalak—, eta eskuetan eutsi dio aginte makilari.

2011n bezala, EH Bildu izan zen hirugarren indarra joan den hauteskundeetan ere: 150 boto gehiago eskuratu zituen, eta, hala, orain arteko bi zinegotziak mantendu. Haren atzetik, Eguesibar Gara hautagaitza sartu da udalean, 1.106 boto eta bi zinegotzirekin. Zerrenda horren emaitzek batez ere PSNri egin diote kalte, boto kopuruari eutsi badiote ere zinegotzi bat galdu dutelako sozialistek. PPk ere bidean galdu du orain arte zuen zinegotzi bakarra, eta, beraz, ez du ordezkaritzarik izango udal berrian. Ezkerrak, azkenik, eserleku bat galdu eta hautetsi bakarra izango du Eguesibarko Udalean.

Ustelkeriaren itzala

Hamar kontzejuk eta sei populazio gunek osatzen dute Eguesibarko udalerria. Horietako batzuk, Sarriguren eta Gorraitz, adibidez, ezagunak dira azken urteetan izandako hazkundearengatik eta jasotako populazioagatik. Horien inguruan sortutako hirigintza proiektuek 90eko hamarkadako eta XXI. mende hasierako eraikuntza burbuilaren adierazgarri nagusi bilakatu zuten Eguesibar. Eta horrekin batera ustelkeria kasuak ere agertu ziren.

2003koa izan zen sonatuena: Ignacio Galipienzo UPNko alkateak hezkuntza erabilerarako gordetako lursail bat eraikuntza enpresa bati saldu izana eta trukean komisioak kobratu izana ebatzi zuen justiziak. Galipienzok dimisioa eman zuen, eta Josetxo Andiak hartu zuen haren lekua. Hamar urte geroago, bide beretik alde egin zuen Andiak, epaileak auzipetu ostean, ustez diru publikoko 100.000 euro banku baten lehentasunezko parte hartzeetan inbertitu zituelako. Absolbitu egin zuten Andia, eta Geroa Baik jarritako helegitea ebazteko prozeduran dago orain justizia.

Ziurrenik, lotura zuzena izan dute ustelkeria kasuek UPNren gainbeheran. Jaitsiera horrek Geroa Bairi egin dio mesede, baina lehen indarra izan da, beste behin ere, alderdi erregionalista. Aldea dezente txikitu da, ordea, eta aldaketaren aldeko indarren akordioak direla medio, bukatu da UPNren hegemonia. Burbuilak, azkenean, eztanda egin du.

Alfonso Etxeberria (GBai): “Bakoitza bere tokian jarri dute bozek” »

“Garai aztoratuan” lortu zuen alkatetza Alfonso Etxeberriak (Iruñea, 1965), 2013an, orduko alkate Josetxo Andiak (UPN) dimisioa eman zuenean, ustelkeria zantzuek bultzatuta. Orain, orduko aldaketa berretsi dute hauteskundeek. Eta duela bi urte martxan jarritako aldaketari jarraipena eman nahi dio Geroa Baiko alkateak.

Nola gogoratzen duzu 2013ko inbestidura?

Oso garai aztoratua izan zen, UPNko alkateen ustelkeria eta kudeaketa negargarriak erabat zipriztindu zutelako udala. Horren aurrean, gainerako talde politikoak elkartu ginen, utzikeria egoera horri buelta emateko, uste genuelako udala bidezkoa ez zen irudia ematen ari zela. Alde batetik, ilusionagarria izan zen, baina baita ardura handikoa ere, errealitate horri konponbidea eman behar geniolako.

Hauteskundeek orain arte behin-behinekoa zen aldaketa berretsi dute. Hala uste duzu?

Bai, argi eta garbi. Esan beharra dago orain dela bi urte gehiengo aurrerakoi eta ezkertiarra zegoela udalean, eta, oraingoan, gehiengo horrek gainezka egin du, babes handia lortu dutelako talde aurrerakoi eta ezkertiarrek, eta zehazki gureak, hain zuzen ere, azken bi urteetan lema eraman duenak. Ikaragarria izan da Geroa Baik jaso duen babesa: duela lau urte baino 800 boto gehiago jaso ditugu, eta, beraz, herriak azken bi urteetan egindako politikak babestu ditu. Herritarrei udaleko ateak ireki dizkiegu, eta udala kudeatzeko orduan, norabide aldaketa argia eman dugu, eta herriak ongi ulertu du. Alde horretatik, hauteskundeek bakoitza bere tokian jarri dute. Ez diegu huts egingo babesa eman digutenei.

Luzaroan, ustelkeriarekin lotu izan da Eguesibar. Zaila da itzal horren zamatik askatzea?

2003an Ignacio Galipienzo alkatearekin lehen ustelkeria kasua agertu zenetik, argi ikusi da UPNren gobernuek zein politika daramaten Eguesibarren. Galipienzok alkatetza utzi zuenean, gauzak ongi zihoazela zirudien, baina gerora ikusi zen ezetz, agintariak politika negargarrietara eta irregulartasunetara itzuli zirela. Azken urteetan, hedabideen lehen lerrora itzuli da Eguesibar, diru publikoaren inbertsio irregularrak egin direlako, agintarien gertuko enpresa pribatuei mesede eginez. Espainiako Estatuan Marbellaz hitz egin izan den bezala, Nafarroan Eguesibar izan da ustelkeria kasuek markatutako udalerria. Ustelkeriaren mapan, beti izan da puntu beltz bat Eguesibarren gainean.

Aipatzen duzun azken kasu horretan, absolbitu egin dute Josetxo Andia alkate ohia. Geroa Baik helegitea jarri dio erabaki horri. Zer espero duzue?

Justizian sinesten dugu, baina epaitegiak dioenaz harago, badakigu Josetxo Andiak lehentasunezko partaidetzak erosi zituela diru publikoarekin, non eta bere bankuan [eszedentzian zegoen], eta inori baimenik eskatu gabe. Justiziak dioena dioela, galdutako dirua izan da hori. Arduragabekeria handia izan da. Beste eztabaida bat da hori delitua den edo ez.

Gertatu dena gertatuta, nola azaltzen da UPN, oraindik ere, lehen indarra izatea?

Bada esaten duenik: “Galduta ere, ni Betis beti”. Honetan ere antzera gertatzen da: jende batek ez du botoa aldatzen, nahiz eta jakin alderdi horretako agintariak herriaren interesen aurkako kudeaketa negargarria egin duela. Jende horrek agintzea nahiago dute, baskoak etortzeko beldur direlako. Guk behin eta berriro esan dugu guk ez dugula inondik etorri beharrik, ez garelako inora joan, eta mendeak daramatzagulako hemen. Bestalde, Eguesibarren Gorraizko berezitasuna dugu. Maila erdi-altuko urbanizazioa da Gorraitz, eta bertan bizi direnak, oro har, UPN eta PP bozkatzen duten kontserbadoreak dira. Hori bai, oraingoan gu [Geroa Bai] izan gara bigarren indarra.

Gorraitzek argi adierazten du Eguesibarko aniztasuna. Nola kudeatzen da halako udalerri plural bat?

Zaila da. Sarrigurenen, udalerriko populazio gunerik handienean, ongi islatzen da botoen aniztasuna. Kontzejuek presidentea dute, eta haiek esaten digute zer behar duten. Bi urte hauetan haien babesa izan dugu. Argi dago hainbeste populazio gune dituen udalerri bat kudeatzea ez dela hirigune bakarra duena kudeatzea bezain erraza, baina uste dut ongi ari garela herri guztietara iristen. Eta hobeto iristeko, talde eta elkarteen laguntza nahiko genuke, haien beharrak ezagutzeko.

Geroa Bai, EH Bildu, Eguesibar Gara eta Ezkerrak eman dizute alkatetza. Udal gobernuan ere denek parte hartuko dute ?

Akordioaren lerro nagusiak kenduta —gardentasuna, parte hartzea, era guztietako eskubideen defentsa, enplegua…—, gobernuaren osaketari dagokionez ez dugu ezer erabaki. Guk nahiko genuke denok parte hartzea, bai akordioaren bitartez edo gobernuaren parte izanda. Eta azken egoera hori lortuko ez balitz, gu prest gaude gutxiengoan gobernatzeko, baina gobernagarritasuna bermatuko duen akordio zabal baten barnean.

Ikaragarria da azken hamar urteetan Eguesibarrek izan duen hazkundea. Etxebizitzen eraikuntza neurrigabea izan da?

Eguesibarrek, Iruñearen mugakide izanda, askotan ezagutu ditu hiriaren garapen prozesuak bere lurretan. Urbanizazioen arazo nagusia zerbitzuak dira. Sarrigurengo eskolako kasua ikustea besterik ez dago: epeka egiten ari da, eta bailarako beharrak ase gabe. Beraz, bai, uste dugu gure udalerriko hazkundea neurrigabea izan dela, baina, batez ere, ez direlako hasieratik zerbitzuak bermatu. Etxebizitzak eskaini behar dira, noski, baina baita zerbitzuak ere. Ezin dugu bata eman bestea eman gabe.

Aginte makilak, ezkerrera

Aginte makilak, ezkerrera »

Maiatzaren 24ko hauteskundeek, Nafarroako Parlamentuan aldaketaren aukera errealitate bihurtzeaz gain, iraultza sakonagoa eraman dute udaletara. Adibiderako, lehen hogei udalerri jendetsuenetatik bakarra (Cintruenigo) kontrolatuko du UPNk, eta ezkerreko alderdiek hartuko dute agintea. - Jarraitu irakurtzen...

Eta Tafallak abestu zuen »

Emaitza historikoak erdietsi ditu EH Bildu koalizioak Zidakos ibaiaren ertzeko hirian, eta alkatetza ziurta dezake bihar. Aginteari eustea ezinezkoa izanen zaio UPNri, hiru zinegotzi galdu ostean - Jarraitu irakurtzen...

Arturo Goldarazena (EH Bildu): “UPNk garesti ordaindu du bere itsukeria”

Arturo Goldarazena (EH Bildu): “UPNk garesti ordaindu du bere itsukeria” »

Tafalla eta Iruñea artean dabil egunotan Arturo Goldarazena (Tafalla, 1965). Ezusteko handirik ezean, bere sorterriko alkate izanen da, eta galtzak bete lan dabil, gobernu taldea osatzeko negoziazioetan murgilduta. Aldi berean, eskolak ematen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan. Ez du zailtasun handirik espero, ezkerreko gainontzeko indarrekin batera, aldaketaren doinua udalera eramateko.

EH Bilduk zortzi zinegotzi lortu ditu, eta UPNk, lau. Espero zenuten halako aldearekin irabaztea?

Gure arrakastak bainoago, UPNren amiltzeak harritu gaitu. Jakin bagenekien Tafallako jendeak egoera irauli nahi zuela, erakunde publikoak berritu nahi zituela, eta hori guztia kalean nabari zen. Horregatik, EH Bilduren igoera espero genuen, baina UPNk behea jo izana ezusteko handia izan zen.

Zeintzuk izan daitezke UPNren gainbeheraren arrazoiak?

Nire ustez, UPNren jarrera intransigentea izan da faktore nagusietako bat. Kontabilitate kontuetan, batez ere, bizkarra eman diete gainontzeko udal taldeei, eta jendea jabetu da horretaz. Sei zinegotzirekin, ezin diozu gizartearen gehiengoaren aurrean entzungor egin, garesti ordaintzen baita gisa horretako itsukeria. Bestalde, udalaren kudeaketa bera oso opakua izan da, hertsia erabat. Den-dena maneiatu dute udal gobernu taldeko kideek, eta ezinezkoa izan da ikuskaritza lana egitea. Oro har, esanen nuke UPNk udalaren ateak itxi egin dizkiela herritarrei.

Krisiaren kudeaketari eta aginteak eragindako higatzeari leporatu dizkie UPNk emaitza txar horiek. Ados zaude irakurketa horrekin?

Ez dut uste hori Tafallako kasuan aplika daitekeenik. Ez da erreala. Gure herrian, beste hainbat tokitan bezala, egoera ekonomikoa ez da sobera ona, baina udala ez dago itota, zorpetzearen muga ez baitugu gainditu. Langabezia tasa, berriz, bai. Handia da, batez ere gazteen artean, eta horrek, seguruenik, eragina izan du UPNren gainbeheran. Baina halako eroriko bat ez da azaltzen erraza, eta faktore asko hartu behar dira kontuan.

Eta, kontrara, zeintzuk izan dira EH Bilduren indarguneak?

Nik bi ardatz nabarmenduko nituzke, batez ere. Alde batetik, lau urte hauetan udalbatzan egin dugun lan serioa; eta bestetik, herritarren parte hartzeari eman diogun protagonismoa. Lehen ardatzari dagokionez, uste dut arduraz jokatu dugula legealdi osoan: gure printzipioei muzin egin gabe, oposizio irmoa eta gogorra egin dugu hainbat unetan, baina era berean, ez digu lotsarik eman unean uneko akordioak lotzeak, izan UPNrekin edo beste edozein alderdirekin, tafallarren mesedetan zirela uste bagenuen. Herritarrek begi onez ikusi dute jarrera hori.

Herritarren parte hartzea ere aipatu duzu…

Bai, hori izan zen gure programaren oinarrietako bat. Hauteskunde kanpainan ez genuen promesa ikusgarririk egin, egungo egoera ekonomikoan, inbertsio handiak eginen dituzula promes egiteak ez baitu zentzurik. Finean, ez dago horretarako dirurik; eta halako proiektuak, paperean itxuroso azaltzen diren arren, ez dira egingarriak. Horren ordez, printzipio argiak eskaini genituen: parte hartzea, gardentasuna eta talde lana. Ahotsa eman diogu jendeari, proposamenak egiteko garaian. Filosofia horizontala da erabat, herritarrek beraiek helarazi dizkigutelako euren beharrak, nahiak eta proposamenak. Eta hortik aitzinera, denon artean erabakiko dugu alternatiba hori eraikitzeko modua.

Gehiengo osotik zinegotzi bakarrera gelditu zarete, baina beharrezkoa izanen da itunak sinatzea, udal gobernu taldea osatzeko. Nola daramatzazue negoziazioak?

Orain arte, ezkerreko indarrekin batzartu gara: Ezkerrarekin, IT Iniciativa por Tafalla taldearekin eta PSNrekin. Hirurek ala hirurek borondatea agertu dute negoziatzeko eta gure proposamenak aztertzeko, baina gaur gaurkoz ez dugu itunik sinatu. Negoziazioak, ordea, beste zutoin bat dauka: udaleko organoen eta batzordeen banaketa. Udal gobernu taldea osatzeko elkarrizketetatik banandu nahi izan dugu karguen aukeraketa, ez dugulako negoziazioa karta-trukatze soil bat bihurtzerik nahi. Beraz, hilaren 13tik aitzinera erabakiko dugu batzordeen osaketa.

Zeintzuk izan dira zuen lehentasun programatikoak, negoziazio horietan?

Negoziazio mahaian eseri diren gainontzeko taldeei helarazi diegun lehen puntua larrialdiko aurrekontuena izan da. Izan ere, urteak daramatza UPNk aurrekontuak aurrera atera ezinik, eta hori konpondu behar dugu ahalik eta lasterren. Beraz, 2015eko behin-behineko kontuak negoziatu nahi ditugu, udal talde bakoitzaren proposamenak eta herritarrek egindako ekarpenak aintzat hartuta. Helburu hori lortzen badugu, oso mesedegarria izanen da tafallarrentzat, eta alderdiontzat ere baliagarria izanen da, 2016ko aurrekontu behin betikoen zirriborro gisa.

UPNko buruek EH Bilduren aurka zabaldutako mezuak etengabeak izan dira kanpainan. Zaila izan al da ideia horiei aurre egitea?

Ez gehiegi, jendeak naturaltasun osoz hartu baititu gure proposamenak. Guk, batez ere, ilusioa nabaritu dugu, UPNk astindu dituen mamuen gainetik, eta hori argi gelditu da hauteskundeen emaitzetan. Gizartearen zatiketa areagotu nahi izan zuen UPNk, EH Bildukoak deabruen gisara aurkeztuta. Baina kukuak oker jo dio. Beldur eta mesfidantza horiek ez dira inondik ere azaldu.

“Aldaketa inurri lana da, ez tsunami bat”

“Aldaketa inurri lana da, ez tsunami bat” »

Ni ez naiz inor, kanpotik etorri eta nafarrek egin behar dutena esateko”, erantzun du David Fernandez CUPeko diputatuak (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1974), norbaitek Nafarroako errealitate politikoaz galdetu dionean. Apaltasunez hitz egiten du, ahapeka ia, baina bere hizkera lasaiaren gibelean, gogoeta sakonak eta iritzi ausartak ezkutatzen dira. Iragan den asteartean, aldaketa ekonomiko-politikoaz eta subiranotasunaren dimentsio sozialaz hitz egin zuen Burlatako kultur etxean, ELA sindikatuak gonbidatuta.

Bere burua “mugarik gabeko independentistatzat” du Fernandezek. “CUPen borroka ez da inoren kontrakoa, zerbaiten aldekoa baizik. Jarrera konstruktiboa da, eta guretzat exijitzen duguna munduko beste edozein herrirentzat ere eskatzen dugu, izan Kurdistan, Tunisia edo Nafarroa”.

Izan ere, subiranotasuna eta independentzia “tresnak dira” Fernandezen irudiko. Egungo egoera iraultzeko eta paradigma soziala errotik aldatzeko tresnak: “Ez dago auzi sozialik, auzi nazionala kontuan hartu gabe; eta aldi berean, auzi nazional oinarrizkoena auzi soziala da”. Horregatik, Kataluniakoaren gisako prozesu politikoak “egitasmo demokratiko eta demokratizatzaileak” direla uste du, subiranotasunaren kontzeptua hiru esparrutara zabaltzen dutelako: “Subiranotasun politikoa, debekuak ezartzen dituen estatu baten aurrean; subiranotasun ekonomikoa, kapitalismo zaharkituaren kontra; eta herri subiranotasuna, elite nahiz oligarkien itzaletik kanpo”.

Testuinguru horretan, Nafarroako egungo egoera politikoa “oso itxaropentsua” dela uste du CUPeko ordezkariak, aldaketa ezinbestekotzat jotzen baitu, “higiene demokratikoa lortze aldera”. UPNren gobernuak —”Madrilgo eskuin kleptomanoaren sukurtsala”— herritarrei bizkarra emanda gobernatu duela nabarmendu du, eta akats horiek ez errepikatzeko aholkatu die aldaketaren aldeko alderdiei: “Ezin ditugu alde batera utzi herri mugimenduak, elkarteak, eragile sozialak… Duten garrantzia aitortu behar zaie”.

Hala ere, bidea malkartsua izanen dela ohartarazi die aldaketaren alde dauden herritarrei: “Eguzkia ikusi ahal izateko, lokatza zapaldu beharko duzue, eta Madrildik ere ez dizuete lana erraztuko, Nafarroa estatu afera izan baita beti”.

Hortaz, boterera igotzeko presarik ez izateko aholkatu die gobernu alternatiboa osatuko duten indarrei, “ezkerraren etsairik handiena euforia izan baita beti”. Fernandezen ustez, benetako aldaketa ez da piramidearen puntatik helduko, oinarritik baizik. “Podemos-en eta enparauen arabera, agintea hartzearen ondorioz helduko da aldaketa. Behin gobernuan egonda, dena aldatuko dutela diote. Baina historiaren zamak zanpatzen du ikuspuntu hori. Zer gertatu da ezkerra agintera igo den bakoitzean? Benetan aldatu al dira gauzak?”.

Horregatik, diputatu katalanarentzat, aldaketaren metafora egokiena ez da olatu erraldoi bat, inurriek pixkanaka-pixkanaka egindako lana baizik. “Ez naiz tsunamien zalea, baina bai inurri lanarena. Eta benetako aldaketa hortik etorriko dela iruditzen zait. Oinarritik egin behar dugu lan, kalean, kontzientziak astinduz eta elkarlanerako espazioak sortuz”.

Ezadostasunak kudeatzen

Indar askoren arteko gobernu alternatibo zabalak osatzeko garaian, desadostasunak azaleratzea ohikoa dela dio Fernandezek. “Koherentzia tapaki bat bezalakoa da, gorputz osoa estaltzera iristen ez den tapakia. Nahiz eta saiatu, beti geldituko zaizkizu gabeziak agerian, eta horietatik sor litezke eztabaidak”. Hala ere, ezadostasun horien beldur ez izateko deia egin du: “Kalitate urriko demokrazia honetan, kriminalizatu egin dugu gatazka, eta nire ustez, gatazkak, polemikak eta eztabaidak aberasgarriak izan daitezke. Benetako arazoa ez baita kontraesanak izatea, kontraesan horiek ongi kudeatzen jakitea baizik”.

Koldo Leoz (EH Bildu): «UPN-k baztertu egin du Lizarra»

Koldo Leoz (EH Bildu): «UPN-k baztertu egin du Lizarra» »

Ia 80 urte geroago, larunbatean alkate abertzale bat izango da berriro Lizarran. Orain Lizarra eta Geroa Baiko zinegotzien babesarekin, Koldo Leoz EH Bilduko alkategaiak udala «ireki» nahi du. - Jarraitu irakurtzen...

Atea ireki du ezkerrak UPNren harresian

Atea ireki du ezkerrak UPNren harresian »

Urte luzez, nafar eskuinaren indarguneetako bat izan da Tutera. UPNren gotorlekua. Erregionalistek aise maneiatu dute boterea Erriberako hiriburuan —askotan, PSNren jarrera otzanari esker—; baina hogei urteko erregimena bertan behera gelditu zen iragan maiatzaren 24an, ezkerreko indarren igoera ikusgarriaren eta eskuinaren amiltzearen ondorioz.

Ezkerra koalizioa izan da bozetako garaile argiena. Orain arteko marka guztiak apurtu ditu, 2011n baino 1.000 boto gehiago eskuratuta (3.766). UPNk ere sei eserleku izanen ditu hurrengo agintaldian, baina 1.100 boto galdu ditu 2011ko hauteskundeetatik. Higadura are nabariagoa da, aurtengo emaitzak 2007ko datuekin alderatuz gero. Urte hartan, eskuindarrek hamabi zinegotzi lortu zituzten hauteskundeetan; agintaldi honetan izanen duten ordezkaritzaren bikoitza.

PSNk ere antzeko higatzea pairatu du: zazpi zinegotzi zituen 2007an; bostera jaitsi zen 2011n; eta aurtengo bozetan beste bi eserleku galdu ditu, 1.200 boto gutxiago lortuta. PSNk Nafarroa osoan izandako emaitzen isla izan da Tuterako kasua ere.

Maiatzeko bozetan, gainera, ezustea eman dute ezkerreko bi alderdi berrik: Tudela Puede (Podemos Ahal Dugu-ren zerrenda) eta ezkertiar nahiz abertzaleak biltzen dituen CUP Herritar Batasuneko Hautagaitza. Hiru zinegotzi lortu ditu lehenengoak; CUPek, berriz, ordezkari bakarra, ia 1.000 boto lortuta. Inoizko udalbatzarik ezkertiarrena osatuko dute denen artean.

Ezkerra, Ahal Dugu eta PSNko ordezkariek aste honetan abiatu dituzte bilerak gobernu alternatibo bat osatzeko eta 1995az geroztik agintean izan den erregimena eraisteko. Oraindik ituna sinatu ez duten arren, hiru alderdiek borondate argia adierazi dute aldaketa udalera eramateko. Baita UPNren makulu izandako PSNk ere: “Emaitzak ez dira onak izan guretzat, eta ez ditugu aurreikuspenak bete, baina irakurketa argia egiten dugu: aldaketa eskatu dute herritarrek, eta horren alde lan eginen dugu”, azaldu du PSNko hautagai Carlos Gimenok.

Itun horretara batu daiteke CUPen zinegotzia ere, baina ikusteko dago PSNk betoa ezartzen dion hautagaitza horri. Edonola ere, aldaketaren aldeko blokeak nahikoa babes izanen du lasaitasunez gobernatu ahal izateko.

Iraultzaren gakoak

Hiru dira Tuterako aldaketa politikoaren gakoak: Erriberako atzeraldi ekonomikoa; UPNren higatzea eta herritar batasuneko hautagaitzen fenomenoa.

Krisialdi ekonomikoak ito egin ditu Erriberako udalerri asko, eta Tutera ez da salbuespena izan: Nafarroako batez bestekoa baino altuagoa da Tuterako langabezia maila (%21), batez ere gazteen artean; azken ikerketen arabera, bazterketa egoeran dauden herritarren kopuruak gora egin du nabarmen; eta hainbat azpiegitura eta zerbitzu publiko desagertu egin dira lau urte hauetan.

Testuinguru horretan, UPNk Tuterako Udalean eta Nafarroako Gobernuan eginiko kudeaketak kritika latzak jaso ditu Erriberan. Osasungintzan eginiko murrizketak, besteak beste, polemika iturri izan dira azken urteetan.

Horrek guztiak abstentziora bultzatu ditu UPNren ohiko boto-emaileak; ezkerreko indarrek, berriz, modu eraginkorrean mobilizatu dute botoa. Prozesu horretan, berebiziko garrantzia izan du herritar batasuneko hautagaitzen sorrerak. Tuterako EH Bilduk urtarrilean erabaki zuen ez aurkeztea hautagaitza propiorik, eta, horren ordez, CUP bultzatzea. Lortutako emaitzen argitara, erabakigarria izan zen hori ere.