“Une historikoa da hau; ulertu behar dugu Europa betiko aldatzen ari dela”

“Une historikoa da hau; ulertu behar dugu Europa betiko aldatzen ari dela” »

E. Elizondo

Iruñea Harrera Hiria plataformako kide da Txantreako Auzo Elkartea. Haren eskutik, hitza hartu zuen Dani Burgi fotokazetari iruindarrak, joan den astean, auzo horretako liburutegian. Lepo bete zuten aretoa haren azalpenak entzutera joan zirenek. Jakin-minez ziren. Turkian eta Grezian izan zen Burgi 2015 urte bukaeran; Alemaniaraino egin zuen bidaia iheslariekin. Hamaika galdera egin zizkioten entzuleek. Burgik ez du zalantzarik: “Argi izan behar dugu une historikoa dela oraingoa; ulertu behar dugu Europa betiko aldatzen ari dela. Gizarte oso bat ari da mugitzen”, azaldu zien.

Burgik Turkian ikusitakoa nabarmendu zuen bere hitzaldian; Lesbosera jendez beteta ailegatzen ziren ontziak ateratzen ziren tokian gertatzen zena, alegia. Batetik, Izmir hiriko errealitatea jarri zuen Burgik mahai gainean: “Etorbide handi bat zegoen, iheslariz beteta; han mafiak ez ziren ezkutatzen; eta dendetan ere agerikoa zen errefuxiatuen kontura egiten zuten negozioa; plastikozko txalekoak eta antzekoak saltzen zituzten nonahi”.

Bertzetik, iheslari horiek ontziratzeko unekoak azaldu zituen fotokazetari nafarrak. Asos izeneko herrixka batean izan ziren Burgi eta haren bi lankideak. “Izmir hiriko etorbidean ikusitako jendetza ez zen inon ageri; egunean, ordea, 70 ontzi ari ziren Lesbosera gurutzatzen; non zegoen jendea?”. Basoan aurkitu zuten erantzuna. Han ezkutatzen ziren iheslariak, txalupan sartzeko unea ailegatu arte.

Une horretan gertatzen zenaren lekuko izan zen Burgi. “Beldurgarria zen; pertsona horiek 1.500 edo 2.000 dolar ordaintzen zuten 10 kilometro eskaseko bidaia egiteko, eta inolako segurtasunik ez zuten”. Giza eskubideak etengabe urratzen zirela azaldu zuen Burgik: “Mafietako kideek plastikozko hodiekin kolpatzen zituzten. Labanak eta pistolak ere bazituzten”.

Emakumeak eta haurrak jartzen zituzten ontzien erdian. Haien inguruan, berriz, gizonezkoak. “Tokia ahalik eta ongien aprobetxatzeko, bizkar-zorroa bota behar izaten zuten anitzetan. Hondartza ihes egin nahi zuten pertsona horien oroitzapenez beteta gelditzen zen. Zuten apurra, bota egin behar zuten”.

Milaka hildako

Urduritasun handiko momentuak zirela erantsi zuen Burgik. “Ontzi bakoitzaren ardura zuen pertsonak ez zuen bidaia iheslariekin egiten; ontzian zirenen artean bat izendatzen zuten arduradun, eta hark gidatu behar izaten zuen ontzia, deus jakin gabe ere”. Txalupen egoera ere kaskarra izaten da. Elementu horiek guztiek egiten dute 10 kilometro eskaseko bidaia hain arriskutsu. “2016. urtea hasi zenetik hilaren 15a bitarte 456 pertsona hil dira, gutxienez, Mediterraneo itsasoan; 2015ean 3.695 hil ziren”. Iaz, hain zuzen, milioi bat pertsona sartu ziren Europan. Iheslarien kopurua, munduan, 60 milioira ailegatu da jada.

Errealitate horren aurrean, herritar guztiek duten ardura nabarmendu zuen Burgik bere hitzaldian. “Gizarte gisa erantzun bat eman behar diogu gertatzen ari denari”. Kazetariak kezka agertu zuen iheslarien aurkako jarrerengatik. “Gorrotoaren diskurtsoak gora egin du, eta herritarrok ezin dugu horrelakorik onartu. Ez dago gure esku Siriako gerra gelditzeko boterea, adibidez, baina gure ardura da gerra hori geldi dezatela eskatzea; nire auzoan mezu hori zabaltzeko egin behar dut lan, eta, batez ere, iheslari horien larruan jartzeko ahalegina egin behar dugu”. Turkian eta Grezian ikusitakoak gogora ekarri zituen: jendearen beldurra, txalupatik jaisterakoan laguntzen zituzten ezezagunei ematen zizkieten besarkadak… eta, batez ere, aurrera egiteko duten gogoa.

Hamabost labankada, bi tiro

Hamabost labankada, bi tiro »

E. Elizondo
Isiltasuna da nagusi aretoan, Alexandra Andinok (Tegucigalpa, Honduras, 1980) hitz egiten duen bitartean. Entzuleen emozioa baino ez da sumatzen. Eta nabarmena da. Naturaltasunez kontatu du Hondurasko ekintzaile transexualak bere istorioa. …

Eredu euskaldunak lortu du solaskidea

Eredu euskaldunak lortu du solaskidea »

Asier Garcia Uribarri

Beharra, borondatea, edo biak batera. Arrazoi batengatik edo besteagatik urtetako borrokaren ostean euren helburuak lortuko dituzte Iruñeko Biurdana institutuan eta Sarrigurengo eskolan (Eguesibar). Lehenengoan urteak daramatzate ikastetxe berria eskatzen, masifikazioa dela eta. “Hiru aldiz handitu dute eraikina, baina jada ezin da gehiago zabaldu”, azaldu du Asier Azpilikueta Biurdanako ikasketa buruak. Sarrigurenen antzeko masifikazio arazoak dituzte, eta gainera, eskola bakarrean hizkuntza eredu guztiak nahastuak dituzte. D ereduko gurasoek hamaika mobilizazio egin dituzte eskola euskaldunaren alde. Orain, Nafarroako Gobernuak bi egoerei aurre egiteko hitza eman du: Iruñeko Sanduzelai auzoan institutu berria egin, eta Sarrigurenen bigarren eskola eraiki. Azken horretan, gainera, ikasleak hizkuntza ereduaren arabera banatzea lortu dute gurasoek.

Biurdana institutua Iruñeko Donibane auzoan dago, eta eskola askotako ikasleak jasotzen ditu egun: lehenengo mailan Patxi Larrainzar eta Sanduzelai eskoletatik, eta hirugarrenean Irurtzundik. Era berean, hurrengo ikasturtean Orkoiengo eskolatik jasoko ditu gazteak, eta, bi urte barru, baita Buztintxuritik ere. Datozen urteetan institutuak ikasle berri ugari jasoko baditu ere, egun daudenak ez dira sartzen. Aurreko ikasturtetik, batxilergoko eskolak ondoan dagoen Donibane institutuan ematen dituzte. “UPNk ez du inoiz institutu berri bat egiteko erabakia hartu, adabakiak baino ez dituzte jarri”, salatu du Azpilikuetak.

Urtez urte ikasle gehiago jasotzen ari dira Biurdanan, demografikoki asko handitu den inguru bateko D ereduko institutu bakarra delako. Egun erreferentzia edo tutoretza gela bakarra dute “soberan”. Hala ere, arazorik larrienak gela bereziekin dituzte: musika, plastika, teknologia eta gimnasioarekin. “Musika gela bat badugu, eta beste gela bati musika gela II deitzen diogu, baina ez dago horretarako prestatua. Teknologiarekin beste horrenbeste, tailer bat badugu, baina beste gela bat jarri behar izan dugu tailer gisa, eta plastika gelekin gauza bera”. Gela falta badute ere, horrek ikasle ratioetan eraginik ez duela azaldu du Azpilikuetak. “Ratio ofizialak DBHn 32koak dira, baina erabiltzen ditugu laguntza orduak ratio horiek jaisteko. Buruz ari naiz, baina izan daiteke lehenengo mailan 21-22, bigarrenean 22-23, hirugarrenean 21, laugarrenean 25, eta batxilerrean zerbait handiagoak”.

Zentro berria eraikitzea berri ona da Biurdanako ikasle, langile eta irakasleentzat. Hala ere, Azpilikuetak dio ikastetxea berandu helduko dela. “Gure kalkuluen arabera 2017-2018 ikasturterako ikasleak ez dira sartuko, ez gure eraikinean ezta ondoko institutuan dugun solairuan. Zentro berria 2018-2019 ikasturterako egingo dute. Beraz urte batean nahiko larri ibiliko gara”.

Sarrigurenen bi urrats

Sarrigurengo eskolako gurasoen borroka luzea izan da. Eguesibarko herri berria da Sarriguren: 16.000 lagun bizi dira eta eskola bakarra dute. “Herria eraiki zutenean, UPNk agindu zuen bi eskola egingo zituela”, azaldu du Amaia Zufiaur Sarrigurengo eskolako amak. Baina ez zen hori gertatu. Ikastetxe bakarra egin zuten, eta hizkuntza eredu guztiak nahastu zituzten: A, G eta D. Eredu euskalduneko gurasoek bi borroka izan dituzte beraz: eskola berria lortu, eta hizkuntza ereduaren arabera banatzea.

“Eskola 700 ume hartzeko prestatua dago, eta 1.000 ikasle izan ditu”, salatu du Zufiaurrek. Urteetako borrokaren ondorioz, iaz Nafarroako Gobernuak eskola handitu zuen beste eraikin batekin. Hori adabaki hutsa dela uste du Zufiaurrek, eurek eskola berria eskatzen baitzuten. Hala ere, ikasturte honetan gobernuak adierazi die heldu den ikasturterako eskola berria izango dutela. Lehen garaipen horren ostean, ereduen arazoa argitu nahi zuten.

Eskola berriaren aldeko mobilizazioetan guraso elkartea eta Hazi eta Hezi plataforma izan dira protagonistak. Bertan eredu guztietako gurasoek parte hartu dute. Baina, behin eskola lortuta, eredu euskalduneko gurasoek Denok Bat Denok D plataforma sortzea erabaki zuten. Nafarroako Gobernuak eskolen antolaketaren inguruko iritzia eskatu zion eskola kontseiluari, eta guraso euskaldunak lanean jarri ziren.

“A eta G ereduetako gurasoak ereduen banaketaz konbentzitzea zaila izango zela uste genuen, eta mugitzen hasi ginen. Bilerak eskatu genituen nonahi: eskolan, Hezkuntza Departamentuan, Sarrigurengo Udalean, eta alderdi politikoekin”, azaldu du Zufiaurrek. Horrez gain, murgiltze ereduaren inguruko hitzaldiak antolatu eta hedabideetara idazkiak bidali dituzte.

Guraso elkarteak eredu banaketaren alde egin zuen. Baina, Zufiaurrek azaldu duenez, zuzendaritzak eta irakasleek ez zuten iritzia eman nahi, hori gobernuak hartu beharreko erabakia zela uste zutelako. Orduan, Denok Bat Denok D plataformak eredu erdalduneko Edusarri taldearekin batera hizkuntza ereduen banaketaren aldeko manifestua idatzi zuen. Azkenean, duela bi aste, gobernuak baieztatu zuen heldu den ikasturtean Sarrigurengo eskolak hizkuntza ereduen arabera banatuko dituztela.

Bi garaipenak lortuta ere, Sarrigurengo gurasoak ez dira geldituko. “Hurrengo helburua, herrian D ereduko institutu bat lortzea da”. Egun, Sarrigurengo ikasle guztiak Iruñeko Mendillorri institutura doaz. Gainera, Nafarroan eskola euskaldunaren alde bide luzea egiteko dagoela uste du Zufiaurrek. Hala ere, aurrera jarraitu aurretik, lortu dutena baloratzeko eta ospatzeko aukera izanen dute gurasoek.

Zaborra baliabide bilakatzeko

Zaborra baliabide bilakatzeko »

Edurne Elizondo

Ekonomia lineal batetik ekonomia zirkular batera. Asmo hori jarri du mahai gainean Nafarroako Gobernuak, aurkeztu berri duen hondakinak kudeatzeko planaren zirriborroaren bidez. Agiria 2016-2025 eperako da, eta epaileek hutsean utzitako aurreko planaren tokia betetzea du helburu.

Abiapuntua hagitz bertzelakoa da, eta ez bakarrik apustu egiten duelako hondakin gutxiago eragin, eta sortzen diren horiek berrerabiltzea eta birziklatzea helburu duen ekonomia zirkularraren alde; aurreko planak ez bezala, herritarren eta eragileen parte hartzea bultzatu duelako ere bai. Hondakinak errausteko aukerari buruz ere aldea nabarmena da: aurreko planak errauste planta eraikitzea lehenesten zuen, eta aurrekontuaren %92 bideratzen zion eraiki nahi zuen azpiegitura horri; oraingoak, berriz, baztertzen ez badu ere, bertzelako proposamenak eta alternatibak jartzen ditu mahai gainean, errausketaren ordez.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Toki Administrazio eta Ingurumen kontseilari Isabel Elizaldek “asmo handikotzat” jo du plana. Onartu du, hala ere, zehaztutako helburuek Europako eta Espainiako legedietara egokitzen dutela testua. Hau da, legeak agintzen duena egiten ari direla. Xedetzat hartutako neurrietako hainbat nabarmendu ditu: etxeko hondakinen kopurua %10 murriztea; hondakin guztiak tratatzea; Nafarroa osoan martxan jartzea etxebizitzetan eragindako materia organikoa biltzeko sistemak, eta hondakin horien %70 birziklatzea, bertzeak bertze.

Ekonomia zirkularraren alde egindako apustuaren bidetik, hondakinak baliabidetzat hartzeko beharra jarri du kontseilariak mahai gainean: “Horrek ekartzen du prebentzioa lehenestea, kudeaketa publikoa protagonista izatea eta enplegu berdea sortzeko dugun gaitasuna bultzatzea”, azaldu du Isabel Elizaldek.

Helburuak argi utzi ditu gobernuak. Helburu horiek nola bete, ordea, bertze gauza bat da. Asmoak paperean jasotzea baino gehiago beharko dute. Horixe nabarmendu dute zirriborroa aztertu duten hainbat eragilek. Alderdi argi eta on anitz ikusten diote plan berriari, aurrekoarekin alderatuta 180 graduko norabide aldaketa ekarri duelako; baina baditu ilunak ere. Sustrai Erakuntza fundazioko buru Martin Zelaiak helburuetan “zorrotzago” izateko eskatu dio gobernuari; “2025erako errefusa, oraindik ere, %34 izatea onartzea gehiegi da”, jarri du adibide. Ekologistak Martxan taldeak eta Nafarroako Greenpeaceko bozeramaile Ana Malonek hondakinen bilketaren esparruari egin diote so, eta atez ateko sistemaren alde egin dute, “onena” delako; Malonek sistema hori ezartzearen alde egin du, “halabeharrez”.

Jesus Arbizu industria ingeniaria zorrotzagoa izan da bere kritiketan, eta nabarmendu du gobernuaren planak helburuak betetzeko moduan egiten duela huts: “Ingeniaritzaren ikuspuntutik ari dira, eta azpiegitura handiak proposatzen dituzte; hondakinena, baina, arazo soziala da, eta biologoak eta soziologoak behar ditugu hari heltzeko”, erran du.

UPNren gobernuak 2010. urtean onartu zuen aurreko hondakinen kudeaketari buruzko plana. Sustrai Erakuntza fundazioak eta Sakanako Mankomunitateak helegitea jarri zuten haren aurka, eta, ondorioz, epaileek atzera bota zuten. Espainiako Auzitegi Gorenak 2015. urteko urtarrilean berretsi zuen baliorik ez zuela. Gobernuak, urte hartako otsailean, hutsetik hasi zuen plana osatzeko prozesua, berriz ere. Oraingo gobernuak aurkeztutako zirriborroa prozesu horren ondorioa da, beraz. Eta hori da, Jesus Arbizuren ustez, haren akats nagusietako bat. Industria ingeniariak parte hartu du prozesu horretan guztian. “Oraingo gobernuko arduradunak azken bileretan baino ez dira egon”, azaldu du.

Toki entitateen ardura

Zirriborroak hainbat datu jarri ditu mahai gainean, irudikatzen duten errealitate hori abiapuntutzat hartuta, hainbat helburu zehazteko. Arlo horretan kexarik ez du Arbizuk. “Diagnostikoa egin, eta legeak eskatutakoa hartu dute helburu”. 2014. urtean, 262.601 tona etxeko hondakin eragin zituen Nafarroak. Toki entitateen ardura da hondakin horiek biltzea eta tratatzea. Baztango Udala bazter utzita, gainerako udalek mankomunitateen esku utzi dute hondakinak biltzeko ardura. Denera, beraz, hamasei erakunde ari dira lan horretan. Baztango Udala eta mankomunitate horiek hondakinen partzuergoan egiten dute bat; denek, Iruñerrikoak izan ezik. Hondakinak tratatzeko lana Iruñerriko Mankomunitateak eta bertze erakundeek osatzen duten partzuergoak egiten dute, hain zuzen.

Mankomunitateek ez dute sistema bera erabiltzen hondakinak biltzeko. Emaitzak ere, ondorioz, ez dira berdinak, birziklatze kopuruei buruz, adibidez. Arbizuk eta gainerako eragileek Sakanak, Malerrekak, Bortziriek, Baztanek eta Iratik egindako apustua nabarmendu dute: gaika biltzea, hainbat kasutan atez ate, eta, bertzeak bertze, konposta egitea jasotako materia organikoarekin. Bidea hori dela nabarmendu dute Arbizuk eta Malonek. “Herritarrok argi izan behar dugu arazoaren parte garela, eta, ondorioz, konponbidearen parte ere izan behar dugula”, erran du lehenak; Malonek erantsi du “derrigorrean” egin beharko luketela herritarrek hondakinak gaika sailkatzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko ahalegin hori. Administrazioak saritu beharko lukeela gaineratu du, eta zigortu, berriz, ahalegintzen ez direnen jokabidea.

Gaur egun, ahalegintzen ez direnen aldean jarri du Malonek Iruñerriko Mankomunitatea. Duen ardura handia da, ordea, Greenpeaceko kideak nabarmendu duenez, eskualde horretan sortzen direlako Nafarroako hondakinen erdiak. Iruñerriak bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egin du. Nahi duenak uzten du hor materia organikoa. Giltza erabiltzen dute, bertzelako hondakinik bota ez dezaten.

“Katalunian bide luzea egin dute sistema horrekin, eta agerian gelditu da ez duela funtzionatzen; %35 ere ez dute biltzen”. Arbizuk ere kritikatu du Iruñerriko Mankomunitatearen lana. “Ez ditu legeak betetzen; hondakinen arazoari buruzko kontzientziazio kanpainak egin beharrean, ingurumenari kalterik ez diotela egiten herritarrei sinetsarazteko publizitate kanpainak egiten ditu”.

Sakanako edo Bortzirietako mankomunitateek bezala, materia organikoa konpost bilakatzeko aukera bere egin du gobernuak aurkeztutako zirriborroak. Bat egin du apustu horrekin Arbizuk, baina, ez, ordea, prozesua gauzatzeko hautatutako bidearekin. Gobernuaren asmoa da Iruñean planta handi bat jartzea, eta bertze hiru txiki, Zangozan, Donezteben eta Arbizun. “Ez da hori bidea; Austriako ereduari jarraitu beharko genioke, eta planta txiki gehiagoren aldeko apustua egin”. Zirriborroak berak jasotzen du hondakinak sortzen diren tokitik ahalik eta hurbilen tratatzeko beharra. “Proposatzen dituen azpiegiturek, ordea, ez dute oinarri horrekin bat egiten”, salatu du Arbizuk.

Ontziak biltzeko azpiegituren inguruan antzeko kritika egin du Arbizuk. Gaur egun, lau planta ari dira lanean, baina gobernuak zirriborroan jaso du behar dena baino gaitasun handiagoa dutela azpiegitura horiek. Gobernuaren asmoa da Iruñekoa eta Tuterakoa bakarrik uztea martxan. “Berriz ere, ez dute hurbiltasuna kontuan hartzen”, erran du Arbizuk.

Horren harira, bertze kritika bat jarri du mahai gainean 3R Konpainiak: “Ontziak berrerabiltzeko aukera aipatu ere ez du egiten zirriborroak”. Esparru horretan urratsik egiteko asmorik ez dela beldur dira taldeko kideak.

Erraustea, eztabaidagai

Aurreko planak hondakinak errausteko planta egiteko asmoa zuen izar. Alderantzizkoa da egoera oraingo zirriborroan, baina errausketaren aukera ez du bazter utzi gobernuak. Gogor kritikatu du hori Arbizuk, zirriborroa prestatzen hasi zirenean eragile guztiek adostu zutelako bide horri ez jarraitzea. “Nork eta zergatik sartu du orain errausketaren aukera?”, galdetu du.

Zehazki, gobernuak hiru bide proposatu ditu: lurperatzea, Nafarroan erraustea, edo hemendik kanpo erraustea. “Nafarroatik kanpo errausteko aukera hori mahai gainean jartzea ezin dugu onartu; guretzat txarra dena hemendik kanpo ere bada”, salatu du Sustrai Erakuntzako Martin Zelaiak. Greenpeaceko Ana Malonek ere lurperatzearen alde egin du. “Hondakinak ongi tratatzen badira, ez du zertan arazorik egon”.

Ekaina bitarteko epea zehaztu du Nafarroako Gobernuak zirriborroari ekarpenak egiteko. Asmoa da urtea amaitu baino lehen 2016-2025erako plana onartzea. Eragileek uste dute orain mahai gainean dagoen agiria hobetzeko aukera anitz badirela. Ana Malonek esparru guztietako ordezkariei egin die deia, prozesuan parte har dezaten: “Sindikatuek, herri mugimenduek eta abarrek parte hartzea behar dugu; politikariek ere bai; azken urteotako eztabaidetan ez dira egon”. Hondakinena “denon arazoa” dela berretsi du Arbizuk, eta, ondorioz, neurriak herritarrekin jorratu eta adostu behar direla. Hitz egin.

Feminismoa idazteko eta irakurtzeko tokia

Feminismoa idazteko eta irakurtzeko tokia »

Edurne Elizondo

Gaurkoa, azken hiru urteotako egunik zoriontsuena da”. Silvia Fernandezenak dira hitzak (Iruñea, 1958). Historialaria da Fernandez, eta GITE elkartea duela 40 urte sortu zutenetik, erakunde horrek izan dituen kide ezagunenetako bat. Asteon, elkarteak lanean jarraitu ahal izanen duela ospatu du Fernandezek, elkarteko gainerako kideekin; ez dutela itxi beharko, murrizketen ondorioz, duela 31 urte martxan jarritako emakumeari buruzko liburutegi eta dokumentazio zentroa. Iruñeko Udalak tokia utzi die, Kultura Sailak Descalzos karrikan duen egoitzan. “Gureak eginen zuela uste genuen. Gogorrak izan dira urteok. Baina aurrera eginen dugu”.

Martxoaren 8 batean hasi zuen bere bidea GITEko liburutegi eta dokumentazio zentroak, elkartea lanean hasi eta handik bederatzi urtera. Feminismoa idazteko eta irakurtzeko tokia izan da GITE, geroztik. Silvia Fernandezen ahizpa Blanca Fernandez (Iruñea, 1951) izan zen erakundeko bultzatzaileetako bat, duela 40 urte. Zazpi urtez egon zen GITEn soziologoa, bertzeak bertze Elena San Julian kide ohiarekin, handik Nafarroako Unibertsitate Publikora joan zen arte. “Harremana, halere, ez da inoiz eten”.

Unibertsitatean generoari buruzko graduondokoa sortu eta zuzendu du, 60 urterekin erretiroa hartu zuen arte. Begirada atzera bota, eta fresko ditu gogoan GITEn emakumeen egoerari buruz Carlos Vilches soziologoarekin egindako lehendabiziko ikerketa haiek. Prostituzioaz, emakumeen aurkako tratu txarrez eta abarrez aritu ziren, 1970eko hamarkadaren amaieran. Bertze inork egiten ez zituennean, alegia. Generoari buruzko granduondoko Fernandezen ikasleek baliatu ahal izan dituzte, gero, lan horiek.

Udalak utzitako egoitzara mugitu arte, Telleria karrikan zabalik jarraitzen du GITE elkarteko ateak. Salgai dute egoitza. Hasierako ikerketa lan horiek berreskuratu, eta erakusketa txikia osatu dute taldeko kideek, liburutegiak egun hartzen dituen bi aretoetako batean. Ale gehiagorentzako tokirik ez dute. “14.000 erreferentzia bibliografiko ditugu”, azaldu du Silvia Fernandezek.

Boluntario gisa aritzen da orain, GITEn, osasun arazoengatik lana utzi eta gero. “Nik uste dut azken urteotako egoerak gaixotu nauela”. Haren ordez, Amaia Barandikak (Bilbo, 1955) hartu du liburutegiaren eta dokumentazio zentroaren ardura. Raquel Burguete (Iruñea, 1974) lagun izaten du, astean bitan. Jone Lajos ere aritzen da (Iruñea, 1944); GITErekin liburutegia martxan jarri zutenean egin zuen bat, hain zuzen ere. Nafarroako Unibertsitateko liburutegian aritu da urte luzez, eta, GITEko kideek haiena martxan jarri nahi zutela jakin zuenean, berehala erabaki zuen proiektuan murgiltzea. “Elkarteak 25 urtez antolatu dituen bibliotekonomia ikastaroen arduradun ere izan naiz”. Harro mintzatu da egindako lanaz, eta elkarteko paretek gordetzen duten “altxorraren” garrantzia nabarmendu du.

Opus Deiren unibertsitatetik ailegatu zen Lajos GITEra. Duela 40 urte elkartea sortu zutenean, hain zuzen ere, Iruñeko testuinguruan erakunde hori bakarra eta nagusi zela gogoratu du Blanca Fernandezek. “Orain Opusen eragina handia bada, are gehiago orduan! Kulturaren arloan hutsune handia zegoen”. Eta edukiz betetzeko asmoz sortu zuten GITE: “Langileria trebatu nahi genuen, ikuspuntu marxista batetik; ezagutza sortzea zen gure helburua, langileen esku jarri, eta frankismoaren aurka borroka egiteko”.

Gizarte zientziei lotutako edukiak izan dira beti nagusi GITEn. Ekonomia, historia, soziologia, politika, feminismoa, euskara eta bertze landu dituzte, hamaika ikastaroren bitartez. “Hartzen ahal genituenak baino pertsona gehiagok parte hartu nahi izaten zuten beti, hasierako urte haietan. Bertze ikasketarik ez zutenei ematen genien lehentasuna”, gogoratu du Blanca Fernandezek.

Lehen urratsa, 1983an

Emakumea eta feminismoa ardatz izan ditu beti GITEk, eta jorratu dituen auzi guztiei egin die so generoaren ikuspuntutik. Apustu hori duela 31 urte berretsi eta sendotu zuten elkarteko kideek, emakumeari buruzko liburutegi eta dokumentazio zentroa martxan jarri zutenean. 1983. urtean egin zuen lehen urratsa proiektuak: Madrilgo Emakumearen Institutuak 400 liburu eman zizkion GITEri. “Guk ez genekien liburu haiek nola sailkatu, nola antolatu, jendearen esku jarri ahal izateko”, azaldu du Silvia Fernandezek. Jone Lajosek taldearekin bat egin, eta martxan jarri ziren, ordea. Sailkatzen, antolatzen eta zabaltzen hasi ziren. Egun dituzten 14.000 dokumentuak pilatu arte. Bertze 40 erakunderekin sarean egiten du lan GITEk, gainera. “Dena dago gure erabiltzaileen esku”, nabarmendu du Barandikak.

Ez dira gutxi erabiltzaileak. Iazko datuak mahai gainean jarri ditu arduradunak: 3.647 pertsonak erabili zuten GITEren liburutegi eta dokumentazio zentroa. “Azken urteotan, 80 erabiltzaile berri izan ditugu urtean”. Etxera eramateko mila liburu baino gehiago utzi zituzten iaz, eta egoitzan bertan 2.100 kontsultatik gora egin zituzten. “Ez gaitu iraganak elikatzen; zentro bizia da gurea”, erran du Barandikak. Urterik zailenetan ere, dokumentu berriekin hornitu dituzte liburutegiko apalategiak.

Horregatik egin zaie hain zaila azken urteotako egoera GITEko kideei. Zentro bizi hori hiltzekotan egon delako, 2012. urtean Nafarroako Gobernuak elkartearekin zuen hitzarmena bertan behera utzi eta gero. “Kultura Departamentuak %40 murriztu zuen bere aurrekontua; gure laguntza, berriz, %100”.

Egoera prekarioan egin dute lan GITEko kideek, eutsi ahal izateko. Gobernuaren laguntza galduta, Iruñeko Udalarena ez baitzen nahikoa. Sei langile izan zituen elkarteak garai batean; orain, bi, lanaldi erdiz. Herritarren babesa, hala ere, beti sumatu dute. “Feminismoaz ikasi edo irakurri nahi izan duenarentzat erreferente izan gara beti”. Horixe uste du Silvia Fernandezek, eta bat egin dute gainerako kideek. Raquel Burguete aritzen da elkarteko egoitzan informazio bila joaten diren horiek artatzen. “Era askotako pertsonak heldu dira: ikasle gazteak, etxeko andreak, langileak; sexista ez diren ipuinen bila ere etortzen dira aitatxi-amatxiak”.

Teoria feminista lantzen dute liburutegiko dokumentu anitzek. Teoria hori egin duten egileak ere GITEtik igaro dira, elkartea sortu zutenetik. “Estatuko eztabaida nagusiak eta haien protagonistak gurera ekartzeko ahalegina egin dugu beti”, azaldu du Blanca Fernandezek.

Saiakera ez da, halere, GITEn aurkitzen ahal den material bakarra. Emakumeek egindako narratibari ere tokia egin diote liburutegian; horrek bilakatzen ditu berezi, emakumeari buruz sortutako bertze hainbat dokumentazio zentroren artean. “Liburu horiek izan dira zubi bat emakume anitzentzat; eleberriekin hasi, eta saiakerekin jarraitu dute gero”, erran du Barandikak. “Trebatu ditugu”.

Bertzeentzat eredu

Azken urteotako zailtasunen aurrean, sentsazio bera izan dute GITEko kide guztiek: etxetik kanpo hemen baino gehiago estimatzen dutela egin duten eta egiten duten lana. Diru laguntzen murrizketak interes falta erakusten duela argi dute. Hemen. Nazioartean egoera bertzelakoa dela nabarmendu baitute. Silvia Fernandezek, hain zuzen, GITEren liburutegi eta dokumentazio zentroaren eredua Erdialdeko Amerikan garatzeko proiektua egin zuen duela hainbat urte. Hainbat herritan sortu dituzte gisa horretako zentroak, ondorioz, eta 100.000 erreferentzia bibliografikoak dituen funtsa jarri dute herritarren eskura. “Europan ere, GITEk egindako lana hartu dute eredu, emakumeari buruzko dokumentazio zentroen arloan. Hemendik kanpo gure egoera larriaren berri ematen genuenean, nekez sinisten zigun jendeak; ezin zuten ulertu”, erran du Silvia Fernandezek.

Bertze datu bat eman du interes falta horren adierazgarri: “2015eko zinema jaialdirako gobernuak eman behar zigun laguntza oraindik ez dugu jaso”. Emakumeen eta giza eskubideen inguruko zinema jaialdiari eutsi ahal izan dio GITEk, zailtasunak zailtasun. Duela hamar urte martxan jarritako feminismoen eskolari ere bai. Hilaren 22an eginen dute aurtengo azken saioa. Blanca eta Silvia Fernandez aritu dira, boluntario gisa. Feminismoa jorratzen jarraitzen dute. Idazten, irakur dezaten.

Kulturak ihes egin dio hiriari

Kulturak ihes egin dio hiriari »

Edurne Elizondo

Ezustean harrapatu ditu berriak iruindarrak. Saidek Carlos III zinematokia itxi du asteon, eta aretorik gabe gelditu da, ondorioz, hiriko erdialdea. Ekainera arteko estreinaldiak iragartzen zituzten kartelak zintzilik egon dira, duela gutxira arte; eta leihatilara sarrerak erostera joan direnei ere zinematokiak ikusleak bazituela azaldu diete langileek, azken egunotan. Saide etxeak ez ditu bakarrik zinema aretoak kudeatu, orain arte. Higiezinen esparruko enpresa ere bada. Arduradunek, hala ere, ez dute itxieraren arrazoiei buruzko azalpenik eman nahi izan.

“Tristea izanen da txikitako oroitzapenak gordetzen dituen toki hori banketxe edo Amancio Ortegaren arropa denda bihurtuta ikustea”. Horixe erran zuen Fermin Erbiti kazetariak, joan den astean, Euskalerria Irratiko mikrofonoetan. Ildo horretan mintzatu da bertze kazetari bat, Juan Zapater, alegia. Zinema kritikaria da, gainera, eta Bilbo Arteko zuzendaria. Ederki ezagutu ditu Zapaterrek Saideren Iruñeko zinema aretoak, eta bat egin du Erbitirekin. “Gure historiaren eta memoriaren zati bat galdu dugu Carlos III aretoen itxierarekin”.

Haratago jo du Zapaterrek bere analisian, halere, eta prozesu bateko azken urrats gisa hartu du zinematokiaren desagertzea. “Iruñeak bat egiteko espazioak galdu ditu; kulturaren esparruko hamaika toki desagertu dira hirian; edukiz gabetzen ari dira Iruñea, husten”, erran du. Erdialdean bereziki sumatzen da prozesu hori, Zapaterren hitzetan. “Filmoteka erdigunean jartzeko aukerak ihes egin zigun; hainbat erakusketa areto galdu ditugu, eta Carlos III aretoen aurretik ere Principe de Viana zinematokiak itxi zituen bere ateak”.

Espazio horiek galdu, eta erdialdeak irabazi dituenak zerikusteko gutxi dute kulturarekin lotutako aisialdiarekin. “Hiriko eremu horretara arropa erostera edo edatera baino ezin zara joan; Alde Zaharra sanferminzalekeriaren jarraipen bilakatu dute”, nabarmendu du Zapatarrek.

Merkataritza guneetara

Zinema aretoen krisiaz anitz hitz egin da azken urteotan. Teknologia berriek erabat baldintzatu dute esparru horren etorkizuna, eta goitik behera aldatu dituzte kontsumo ohiturak. Aretoak hirietako erdigunetik ateratzeko joerak ere zehaztu du bide bat.

Egun, Iruñean, Carlos III itxi eta gero, Golem zinema aretoak dira hirian gelditzen diren bakarrak, Donibane auzoan. Hiritik kanpo, merkataritza guneetan daude gainerako aretoak. “Merkataritza guneetako aretoetara joaten dena, ordea, ez da benetako zinemazalea; krispeta zalea da, zinemari buruzko irizpiderik gabekoa. Zinema aretoetako ikusleen %80, hain zuzen, gisa horretakoak dira”.

Iñaki Arrublak erran ditu hitz horiek. Navarra de Cine etxeko arduraduna da, eta zinemaren historiako irakasle Nafarroako Unibertsitate Publikoan. “Zinema eta zinemara joatea maite dugunontzat, etxeko egongelaren zati bat galtzearen gisakoa izan da Carlos III zinema aretoen itxiera”, erran du.

“Iragarritako heriotza baten kronika izan da, baina”. Horixe uste du Juan Zapaterrek. Digitalizazioaren ondorioz zinema aretoek inbertsio handiak egin behar izan zituztela azaldu du zinema kritikariak. Arrublak argi utzi du, halaber, aretoak kobratzen duen sarreraren erdia banatzailearentzako izaten dela. “Ez da erraza aurrera egitea. Teknologiak zehazten du etorkizuna; onerako edo txarrerako, hau da dagokigun garaia”.

Ikusleen kopuruak islatzen ditu egon diren aldaketak. 2000. urtean, 1,9 milioi izan ziren herrialdeko zinema aretoetan, Espainiako Kultura Ministerioaren datuen arabera. 2012an, berriz, 1,4. Urte horretan 19 zinematoki zeuden Nafarroan, eta denen artean 76 areto zituzten. 2013an behera egin zuen kopuruak: herrialdeko 15 zinematokiek zituzten 72 aretoetan 1,2 milioi ikusle hartu zituzten. Joera aldatu zen 2014. urtean, ordea, eta bi urte lehenagoko kopurua berreskuratu zuten aretoek: 1,4 milioi ikusle. Horiek dira ministerioak emandako azken datuak.

Eredu berriak

8 apellidos vascos filmaren gisako produktuen arrakasta izan daiteke igoera horren giltza, Arrublak azaldu duenez. Kasu bakanak dira, ordea. Zinemaren errealitatea da, haren hitzetan, benetako zinemazaleak Internetera jotzen duela, eta gazteek galdu egin dutela ikusleek aretoekin zuten lotura. “Etxean ikusten dugu zinema; edo lagun artean duten etxabean gazteek”.

Joera izanen da aretoetan estreinaldi hagitz bereziak egitea, Arrublaren ustez. “Horrek ekarriko du egungo areto anitzeko eredua berriz ere aldatzea; bi edo hiru baino ez dituzte izanen, ziurrenik, aurrerantzean”.

Zinema etxean kontsumituz, jarduera horrek bere izaera soziala galtzen du. Horixe erran du Arrublak, eta bat egin du Zapaterrek ere. Biek nabarmendu dute hiriak anitz galdu zuela Nafarroako Filmotekaren egoitza Mendebaldea auzora eraman zutenean. “Principe de Viana aretoek itxi zutenean, han jartzeko ahalegina egin behar zuten; aukera ederra galdu genuen hor. Filmotekak erdialdean behar du egon, eta bat egiteko tokia izan behar du”, erran du Arrublak. “Tamalgarria da, adibidez, Ikuspuntu jaialdia Baluarteren gisako espazio batean egin behar izatea; halako jarduera batek behar duen kalitatea ez du bermatzen”, erantsi du Zapaterrek.

Filmoteka erdialdetik urrun egoteak pobreago bilakatzen du Iruñea, kulturaren ikuspuntutik. Hori nabarmendu du zinema kritikariak. Politikaren ikuspuntutik “porrot handitzat” jo du, gainera, hiriko erdialdeak kultura zabaltzeko eta garatzeko espazioak galdu izana. “Agintarien interes eta konpromiso falta da egoera horren erantzule”.

Ez du uste nahita egindako prozesu bat denik. Mikel Zuza idazle eta liburuzaina, berriz, ez da iritzi berekoa. Corte Ingles denda zabaldu zutenean orduko Iruñeko alkate Yolanda Barcinak errandakoak gogoratu ditu, iritzi horren alde: “Merkataritza gune hori erdialdeari bultzada emanen zion lokomotora izanen zela erran zuen; eta bai, bultzada eman dio, bai eta gainetik pasatu ere”.

Nafarroako Kulturaren Kontseiluko kide ere bada Zuza. Argi eta garbi erran du: “Erdialdea hustuz joan dira, eta ostatuak eta Gazteluko plazako aparkalekua bertzerik ez dira gelditzen. Alde Zaharrak urrezko aukera galdu zuen unibertsitate publikoa Arrosadian egitea erabaki zutenean”. Corte Ingles dagoen orubean Nafarroako Liburutegi Nagusiak egon behar zuela erantsi du. “Liburutegien Nazioarteko Federazioak argi dio egoitza nagusiak beti egon behar duela erdialdean; hemen alderantziz egin dute”.

Kulturarekin lotutako espazioak galduta, “arropa marka nagusien eremu” bilakatu dira Iruñeko Alde Zaharra eta inguruko karrikak, Zuzak salatu duenez. “Bihotzik gabeko hiri bihurtu dute. New Yorken administrazioa ari da dirua jartzen erdialdea biziberritzeko; hemen kontrakoa egiten dugu. Gaiarre antzokiak eta Nafarroako Antzerki Eskolak baino ez diote eutsi”. Galtzen utzi behar ez diren irlatzat jo ditu.

Ibaia bizirik nahi dute

Ibaia bizirik nahi dute »

Edurne Elizondo

Ega ibaiari kezkaz egiten diote so Murietako, Antzingo eta Egaibarreko bertze hainbat herritako bizilagunek. Montejurrako Mankomunitateak Lokiz mendizerrako akuiferoak baliatzen ditu eskualde hori hornitzeko. 1985. urtetik ari dira Antzingo putzua ustiatzen; 2005etik, berriz, Mendazakoa. Ega ibaiari eragin dio egoera horrek, eta azken urteotan, udan batez ere, hainbat iturri lehortu egiten direla salatu du Ega Bizirik plataformak; emari ekologikoari nekez eusten ahal diola ibaiak, urteko hilabeterik beroenetan. Okerrera egiten ahal du egoerak, gainera, mankomunitateak orain artekoaren bikoitza ustiatzeko eskaera egin baitio Ebroko Ur Konfederazioari.

“2011. urtetik ari gara Egaren alde borrokan; eta segituko dugu. Bertzela, bide beretik jarraitzen badute, urte txar batean ibairik gabe geldituko gara”. Horixe nabarmendu du Ega Bizirik plataformako presidente Felipe Ajonak. Murietakoa da bera, eta esaldi bakar batean laburbildu du arazoaren funtsa: “Ahal dena baino ur gehiago ateratzen ari dira”.

Auziaren mamia hori da, baina baditu hainbat adar. Batetik, Ajonak agerian utzi du Montejurrako Mankomunitateak ez duela akuiferoetatik ura ateratzeko kontzesiorik. Bertzetik, Antzingo edo Mendazako putzuek eman dezaketen ur kopuruaren inguruko inolako ikerketarik ere ez dela egin salatu du; akuiferoak ustiatzeko lanak ingurumenean duen eraginari buruzko txostenik ez dagoela, alegia.

Orain, ikerketa bat aurkeztu dute EHUko irakasle Iñaki Antiguedadek eta Ane Zabaletak. Ega Bizirik plataformak eskatuta egin dute, Ega arroko ur fluxuen joerari buruz. “Datuak kezkagarriak dira”, azaldu du Ajonak. Antzin herritik behera, adibidez, Ega ibaiaren ur emariak behera egiteko joera du, ikerketa horren arabera, akuiferotik gero eta ur gutxiago jasotzen duelako ibaiak, tarte horretan. “Santikurutze Kanpezutik (Araba) Antzin herrira, ibaiak ematen dio akuiferoari; Antzin herritik Murietara, berriz, akuiferoak ematen dio ura ibaiari. Putzuak egin, eta gero eta gehiago kentzen badiote, ordea, nekez lortuko du akuiferoak ibaiak behar duena ematea”.

Ajonaren kezkarekin bat egin du Sustrai Erakuntza Fundazioak ere; nabarmendu du Antzingo putzutik bost hektometro kubo ateratzen dituela mankomunitateak egun, eta erakunde horren asmoa dela 12 ateratzea. “Orain jada arazoak badaude iturburuetan, zer gertatuko da gehiago ateratzen badute?”.

Ebroko Ur Konfederazioak, behintzat, ez dio galdera horri erantzun. Alderantziz: zabaldu du mankomunitateak ur gehiago hartzeko egindako eskaerari alegazioak aurkezteko epea. “Mankomunitateak hainbat urtez kontzesiorik gabe egindakoari nolabaiteko euskarri legala eman nahi diote orain”, salatu du Ajonak. Berretsi du akuiferoetatik ateratzen duen ur kopurua bikoiztu nahi duela mankomunitateak. “Helburua da merindadeko ia herri guztiak hornitzea”.

Hori egiteko, udalerriz gaindiko eragina duen planaren figura (UGEP) erabili zuen Nafarroako Gobernuak, 2011. urtean. “Murietaren gisako herriak ez zituzten auziak kalte egindako erakundeen artean sartu, eta planaren berri ere ez genuen jaso. Ezin izan genuen alegaziorik aurkeztu”. 2011tik, ur gehiago ateratzeko obrak egiten ari da Montejurrako Mankomunitatea. “40 milioi euroko proiektua da”, azaldu du Ajonak.

Gobernuaren zain

Egun Nafarroako Gobernua babesten duten Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeek ur baliabideen inguruko ikerketa egiteko beharra jaso zuten haien akordio programatikoan. Horixe gogoratu du Ega Bizirik taldeko presidenteak, eta etsita agertu da gobernuak auziari buruzko urratsik ez duelako egin, orain arte. “Bertze aldera begiratzen du”.

Gobernuak zer eginen duen zain dira plataformako kideak. Ajonak argi du mankomunitateak ur gehiago atera ahal izateko prozesua bertan behera utzi beharko luketela, akuiferoen gaitasunari buruzko ikerketa zorrotza egin arte, behintzat.

Epaileek zer errateko ere badute akuiferoen auzian. Izan ere, Sustrai Erakuntza Fundazioak eta Ega Bizirik plataformak epaitegietara jo zuten 2011an, UGEPa onartu zutenean. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ontzat jo zuen proiektua. Ondorioz, Sustrai Erakuntzak eta ibaiaren aldeko elkarteak helegitea aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean. Haren erabakiaren zain dira. Eta Ega ibaiari so, bitartean. “Ibaiari begiratzea nahikoa baita gertatzen ari denaz ohartzeko”. Euri gutxiko negu honek zer uda ekarriko duen beldur da Egaibar.

Hiriak ezkutatzen duen hiria

Hiriak ezkutatzen duen hiria »

Edurne Elizondo

Euriak lokatz bilakatu du bidea. Ur tantek gogor jotzen dituzte kartoizkoak diruditen txaboletako paretak. Sasi artean daude, ezkutatuta. Arropa bustita dago, zuhaixka batetik bertzera zintzilikatutako sokaren gainean. Isiltasuna da nagusi, atea zabalik duen etxola batetik neska gazte baten ahotsa entzuten den arte. “Egun on!”.

Marinela Petreak 21 urte ditu, eta duela hamabost egun inguru ailegatu zen Iruñera, 23 urteko Petrea Vasilerekin batera. Autobusez egin zuten hiru eguneko bidaia, Bukarestetik. “Hemen lagunak baditugu; sorterrian ez dugu deus, ez dugu dirurik, ez dugu lanik, ezta izateko esperantzarik ere”. Petreari etsipen puntu bat sumatzen zaio ahotsean. Iruñera etorri da sorterrian ez zuen etorkizunaren bila, baina bizilagunen kexekin eta arbuioarekin egin du topo.

Petrea eta Vasile Errumaniako bertze sei pertsonarekin batera bizi dira Tenis Klubaren atzeko lur sail batean, elkarte horren frontoi zaharreko paretaren kontra eraikitako etxoletan, Lezkairu auzotik gertu. Ez dira orain ailegatu, baina eztabaidak orain egin du eztanda hedabideetan eta herritarren artean. Batetik, Tenis Klubak salaketa jarri duelako, txabolak ken ditzatela eskatzeko. Lur sailaren zati gehiena, %90, elkarte horrena da, hain zuzen ere; gainerakoa, berriz, Iruñeko Udalarena.

Udalak jasotako kexek piztu dute eztabaida, bertzetik. Lezkairu ondoko Santa Maria La Real auzoko bizilagunek erakunde horrengana jo dute, bertzeak bertze, etxolak husteko eskatzeko. Arartekoari ere gutunak bidali dizkiote, eta sare sozialetan, gainera, sinadura bilketa jarri dute martxan, errumaniarrak orain dauden tokitik bertze nonbaitera mugi ditzaten eskatzeko.

“Segurtasunik ezak” eta “osasungarritasunik ezak” kezkatutako auzokidetzat jo dute haien burua sinadura bilketa bultzatu duten bizilagun horiek. “Beldur” direla aipatu dute, gainera. Iruñeko Udaleko oraingo agintariek irail aldera jaso zituzten lehendabiziko kexak. “Duela lau urte inguru ailegatu ziren errumaniarrak auzora; udan egoten ziren, batez ere; azken hilabeteotan talde bat bertan finkatu da, eta horrek eragin du kexek gora egitea”, azaldu du Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizateko zinegotzi Edurne Eginok (Ezkerra).

Zinegotziak bi kontu utzi nahi izan ditu garbi: batetik, Iruñeko Udalak ez duela urratsik eginen errumaniarrak indarrez diren tokitik mugitzeko. “Kontuz eta errespetuz jokatu behar dugu. Egoeraren jarraipena eginen dugu, erabakiak ezin baitira egun batetik bestera hartu; prozesu bat da hau”. Azaldu du, halaber, udaleko hainbat arlo ari direla gaia aztertzen, bertzeak bertze ingurumenekoak, etxolak dauden eremuaren egoera ahalik eta gehien hobetze aldera. Bertzetik, auzokideek azaldutako kexen aurrean, “arazoa bere neurrian” hartu behar dela nabarmendu du Eginok: “Zortzi pertsona dira”. Bizilagunekin ere “pedagogia egiteko beharra” badela erantsi du Ezkerrako kideak, arrazakeriari atea itxi ahal izateko. Kezkagarritzat jo ditu zenbait bizilagunek errumaniarren inguruan zabaldutako mezuak.

Txatarra biltzen

Nafarroan, 7.500 errumaniar inguru bizi dira; haietako 3.000 daude hiriburuan. Herritar horietako anitz 2007. urtetik aurrera ailegatu ziren herrialdera, Errumaniak eta Bulgariak Europako Batasunarekin bat egin eta gero. Eraikuntzaren sektorean lan egitera etorri ziren gehienak, bai eta gidari lanetan aritzeko ere.

Lezkairu ondoan bizi diren errumaniarrek txatarra biltzen eta saltzen dute, aurrera egin ahal izateko. Marinela Petreak argi erran du sorterrian ez zuela ikasteko aukerarik izan. Lana ahal duen tokian bilatzea bertze erremediorik ez duela.

“Txatarra biltzen ematen dugu eguna denok”, erantsi du Petrea Vasilek. Egun guztiak ez dira berdinak. “Egun batean 20 edo 30 euro lor ditzakegu; bertze batean, berriz, 5 edo 10”. Diru sarrera hori ez da txabolak atzean utzi ahal izateko nahikoa. “Nahiko genuke pisu batean gela bat alokatu! Baina ezin dugu. Hori da kontua. Hemen bizi bertze aukerarik ez dugula”.

Txabolei egin die so Vasilek hitz horiek erran dituen bitartean. Paretek nekez lortzen dute ura barrura ez sartzea. Mantak daude lurrean, eta kanpotik sumatzen da barruko hotza. Butano-botila dute janaria prestatzeko. Dutxa hartzera, berriz, Alde Zaharreko bainu etxe publikora joaten dira. “Nork nahi du horrela bizi?”, galdetu du gazteak.

Vasilek bere bi seme-alabak utzi ditu Errumanian, Bukaresten. Gainerako familia ere bai. Baita Petreak ere. “Ez da samurra, baina haiek ere ikusten dute bertze aukerarik ez dagoela”. Kosta egiten zaio bizilagunen ezinegona ulertzea. “Guk ez diogu inori kalterik egiten”. “Ez gara lapurrak; ez dugu arazorik poliziarekin, eta ez dugu inor gogaitu nahi. Zer jan lortzeko egiten dugu lan; utz diezagutela hori egiten”, erantsi du Vasilek.

Harekin bat egin du Marinela Petreak. “Bakean bizi nahi dugu, bertzerik ez”. Inguruan bizi diren bizilagunei gauza bakarra eskatu die. “Jar daitezela gure larruan, une batez”.

Etxerik gabekoena, nork bere atarian ikusi nahi ez duen errealitate hori

Etxerik gabekoena, nork bere atarian ikusi nahi ez duen errealitate hori »

E. Elizondo

Iruñeko karriketan bizi direnen egunerokoa ongi ezagutzen dute Esther Villarrek eta Patxi Martinezek. Iruñeko Udaleko hezitzaileak dira, eta etxerik ez dutenekin egiten dute lan. “Karrikan bizi direnak hamabost inguru dira Iruñean; bertze anitzek karrikan ematen dute eguna, baina badute lo egiteko gela bat”, azaldu du Villarrek. Guztiak artatzen dituzte udaleko hezitzaileek. Eta guztiek antzeko beharrak dituzte. “Babesa; medikuarengana edo arropa erostera laguntzea; nork lagundu ez dute izaten karrikan diren pertsonek; alkoholarekin eta drogekin arazoak dituzte anitzek, bai eta buruko osasun arazoak ere; bakardadeak gogor jotzen ditu, eta biziki eskertzen dute tarte batez norekin hitz egin izatea”. Gizartearentzat, oro har, ikusezinak baitira. “Inork ez du etxerik gabeko bat nahi bere atarian”.

Martinezek erran ditu azken hitz horiek. Eta errealitate gordina hori dela nabarmendu du. “Lezkairu ondokoak ez dira gisako etxoletan bizi diren bakarrak; bada jendea abandonatutako etxeetan bizitzen; edo zubi baten azpian. Horien ondoan auzolagunik ez dagoenez, inork ez du haien berririk, ez dira existitzen”.

Udalak dituen programen bidez, pertsona guztien oinarrizko beharrak asetzea da hezitzaileen helburua; baldintza duinak eskaintzea; non lo egin, non garbitu, zer jantzi eta zer jan ematea. Lezkairuko errumaniarrengana joan den urrian joan ziren Martinez eta Villar, lehendabiziko aldiz. Bertze bi bisita egin dituzte, geroztik, eta itzuliko direla azaldu dute. “Haien egoeraren jarraipena egin nahi dugu, zer behar dituzten aztertu”.

Lehendabiziko bisitaren helburu nagusia txaboletan adingabekorik ote zegoen ziurtatzea izan zen. “Ez dago. Baldintzak, hala ere, kaskarrak dira han bizi direnentzat ere; gutxieneko higienerik ez dago; txorrotako urik ez dute, bertze nonbaitetik eramaten dute harat, garbitu ahal izateko; zikinkeria bada inguruan”, erran du Villarrek.

Ez dute deus eskatu

Errumaniarrek ongi hartu dituzte udaleko hezitzaileak, joan diren bakoitzean. “Pertsona ezberdinekin mintzatu gara, eta guztiek egin digute harrera ona. Zenbaitek ez dute ongi egiten gaztelaniaz, eta hizkuntza muga izan da, neurri handi batean”. Martinezek onartu du harritu egin dela etxoletan bizi direnek ez dietelako deus eskatu, ez diotelako deus galdegin udalari. “Ez dutela deus behar erran digute, ongi daudela”.

“Inork ez du etxola batean bizi nahi; ez da hori nahi delako egiten den hautua”, argi utzi du Martinezek. Aitortu du, ordea, errumaniarrek diren tokian gelditu nahi izateko izan ditzaketen arrazoiak zeintzuk diren ez dakiela. “Txatarrarekin egiten dute lan, Errumanian utzi dituzten seme-alabei dirua bidali ahal izateko; hangoa Iruñean dutena baino errealitate gogorragoa dela erran digute”, azaldu du Villarrek.

Iruñeko etxerik ez dutenentzako aterpera joatea, edo udalaren programetan sartu ahal izateko erroldan izena ematea dira hezitzaileek mahai gainean jarri dituzten aukeretako zenbait. Villarrek argi utzi du aukera horien alde egiten dutenek ezin dutela jarraitu karrikan eskean, edo errumaniarrek egiten dutenaren gisako lanetan.

Euskarak badu hitza Lizarran

Euskarak badu hitza Lizarran »

Asier Garcia Uribarri
Hilaren 13an, larunbatarekin, hamazortzi lagun bildu ziren Lizarrako kultur etxean. Gehienak elkarren ezagunak, baina sekula ez ziren guztiak mahai beraren inguruan bildu. Euskararen kontseiluaren lehen bilera zen. Bi urte dira Li…