Izate hutsagatik zigortuak

Izate hutsagatik zigortuak »

Hilketez eta kartzela zigorrez harago, frankismo garaian bizitako emakumeek jazarpena pairatu zuten euren eguneroko bizitzan. Estatuak eta elizak ezarritako familia ereduetatik aldentzen zen orok sufritu zituen zigorrak. Errepresio horren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte Barañainen. - Jarraitu irakurtzen...

Hartzak haien bakardadean

Hartzak haien bakardadean »

Udan basoak emandako fruituak ongi aprobetxatu dituzte. Marrubi, mugurdi eta ahabia anitz izan da aurten, eta izan dute, ondorioz, zer jan. Udazkeneko uzta jaso beharko dute orain: ezkurrak, pagatxak eta gaiztainak bilatzeko ordua dute, negurako prest…

Aterpea atontzeko lanean

Aterpea atontzeko lanean »

Siriako gerraren ondorioz errefuxiatuen krisiak eztanda egin zuenetik, etengabeak dira gobernuz kanpoko erakundeek jasotzen dituzten elkartasun mezuak eta telefono deiak. Emateko asko ez, baina bihotza bete ilusio duen jendea da, hein handi batean, bere burua eskaini duena. Gainera, Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala errefuxiatuak hartzeko prest agertu zirenetik, gora egin du eskaintzen kopuruak, GKEen aurreikuspenak gainditzeraino. - Jarraitu irakurtzen...

Aldaketaren beste aurpegiak

Aldaketaren beste aurpegiak »

Uxue Barkos, Manu Aierdi, Mari Jose Beaumont, Jose Luis Mendoza, Isabel Elizalde, Mikel Aranburu, Miguel Laparra, Ana Herrera... Aldaketaren gobernua osatuko duten kontseilarien aurpegiak eta izen-deiturak nonahi azaldu dira egunotan. Benetako aldaketa, ordea, askoz zabalagoa da, eta hura osatzen duten izenen zerrend luzea ez dute berripaperen lerroburuek kabitzen. - Jarraitu irakurtzen...

Profil soziala lehenetsi du Iruñeko Udalak zuzendari berrien izendapenetan

Profil soziala lehenetsi du Iruñeko Udalak zuzendari berrien izendapenetan »

UPNk ezarritako estilotik ahalik eta gehien aldendu. Agintea hartu zutenetik, hori izan da Iruñeko udal gobernu taldeko kideen helburu nagusietako bat. Eta sail arduradun berrien izendapenek argi islatu dute asmo hori. Izan ere, profil sozial nabarmeneko hautagaiak lehenetsi ditu udalak Gizarte Ongizate eta Hiritar Segurtasun sailetarako.

Marisol de la Nava Martin ekintzaile soziala izanen da Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizate saileko zuzendari berria, abuztuaren 4tik aitzinera.

De la Nava Gizarte Lanetan diplomatu zen Salamancako Unibertsitatean (Espainia), eta, 1998. urtetik gaurdaino, Iruñeko Udaleko gizarte langilea izan da hamaika programa eta auzo unitatetan. Gizarte zerbitzuetako kide zela, Harrera eta Aholkularitza Sozialerako Egitasmoa ondu zuen, eta programaren arduradunetako bat izan zen 2006tik 2008ra.

Gizarte Lanetako ikasleen tutore ere izan zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan 1998-1999ko eta 2009-2010eko ikasturteen artean; prestakuntza handia du genero indarkeria, etxerik gabeko pertsonekiko arreta edota bazterketa sozialaren gisako alorretan.

2012az geroztik, gainera, Nafarroako Oinarrizko Errentaren Aldeko Plataformako kidea da, eta eskubide sozialen aldeko Martes al Sol mugimenduan ere parte hartzen du.

2012an UPNren eta PSNren arteko koalizio gobernuak sortutako Gizarteratze Errentaren kontra gehien mintzatu den ekintzaileetako bat da De la Nava, arau horrek, beharrik handienak dituzten pertsonak gizarteratu ordez, are gehiago baztertzen dituela uste baitu: “Familia ugari erabateko miseria gorrian bizi dira”, azaldu zuen martxoan Nafarroako Hitza-k eginiko elkarrizketan. “Seme-alabak dituzten emakumeak dira gehienetan, eta sekulako dramak ikusten dira. 800 euroko errenta kobratzen dute, eta, diru horrekin, alokairua, eskolako jantokia, ur beroa, bizilagunen komunitatea eta gainontzeko gastu guztiak ordaindu behar dituzte. Askotan, andre horiek hautua egin behar izaten dute: jan, edo argindarra pagatu”.

Santamariaren ondorena

Simon Santamaria udaltzainburuak utzitako arrakala sakonak ixtea eta UPNren agintearen ondorioz piztutako sua itzaltzea izanen da, berriz, Xabier Ibañez Sagardoiren egitekoa abuztutik aurrera. Hura izanen da Iruñeko Udaleko Hiritar Segurtasun saileko zuzendari berria.

Orain arte sail hori kontrolatu dutenek ez bezala, Ibañez Sagardoik goitik behera ezagutzen du herritarrengandik gertu dagoen polizia batek bete beharreko funtzioa, eskarmentu handia baitu alor horretan, hala Barañaingo, Zizur Nagusiko eta Noaingo udal polizia gisa, nola foruzain lanetan.

Graduatu Sozialeko diploma eskuratu zuen NUPen, eta Lanbide Zientzietako lizentzia, berriz, Errioxako Unibertsitate Publikoan. 1995az geroztik, foruzaina da.

Foruzaingoaren barruan, hainbat azpisailetan ibilia da Ibañez Sagardoi, trafikoarekin eta herritarrekiko tratuarekin lotura duten taldeetan, batez ere. 2006tik, Prebentzio eta Herritar Arreta dibisioan egon da lanean, eta, azken sei urteotan, sail horretako inspektore burua izan da. Nafarroako Segurtasun Eskolan irakasle lanetan ibili da, eta hainbat domina jaso ditu.

Lurra eta ura ez galtzeko

Lurra eta ura ez galtzeko »

Haustura hidraulikoaren jomugan da Nafarroa. Bost proiektuk ukitzen dute herrialde hori. Frontera Energy Corporation enpresaren Aquiles izenekoa da haietako bat, eta urrats gehien egin duena, oraingoz. Haren eskutik, hain zuzen ere, 2D prospekzio sismikoak has daitezke, laster, Erriberako hainbat herritan. Bardeako lurrei eraginen lieke proiektu horrek, bai eta Cabanillas, Fustiñana, Ribaforada, Buñuel eta Cortes herrietakoei ere.

Haustura hidraulikoaren aurkako jarrera agerian utzi dute herriotako guztietako udalek. Teknika horrek gizakion osasunean eragin ditzakeen kalteak bazter utzi gabe, fracking-ak nekazaritzaren esparruan izan ditzakeen ondorioak jarri dituzte mahai gainean. Nekazaritza da Erriberako jarduera nagusia. Eta ez dute galdu nahi.

“Ura eta lurrak daude arriskuan”. Horixe nabarmendu du Eduardo Navascuesek, Erriberako Ekologistak Martxan taldeko arduradun eta Nafarroako Fracking Ez plataformako kideak. Arrisku hori orain hurbilago dela salatu du, Espainiako Ingurumen Ministerioak Aquiles proiektuaren hurrengo fasea martxan jartzeko urratsa egin eta gero.

2D prospekzio sismikoekin proiektuaren bigarren fasea abiatuko litzateke, hain zuzen ere. Bigarren faseko lehen zatia, zehazki erranda. “Lehendabiziko fase batean, paperak jarri zituen enpresak mahai gainean. Agiriak osatu zituen, balizko zundaketak egiteko tokiak aztertuz”, azaldu du Navascuesek. Paperean jasotakoa zein neurritan betetzen den ikustea izanen litzateke laster martxan jar daitekeen bigarren fasearen helburua: lehendabiziko zatian, prospekzio sismikoen bidez eginen lukete lan hori; eta bigarrenean, berriz, zundaketen bitartez.

Prospekzio sismikoak egiteko kamioiak erabiltzen dituzte enpresek. Navascuesek salatu du Frontera Energy Corporationek oraindik ez duela zehaztu lan horiek non egin nahi dituen. “Normalean, halako prospekzioak errepide eta bideetan egiten dira”, azaldu du. Helburua da lur geruzaren ezaugarri litografikoak zehaztea. “Hori egiteko hainbat teknika erabiltzen ohi dituzte, eta prospekzio sismikoena da horietako bat”.

Informaziorik ez

Prospekzio sismikoak egiteko baliatzen dituzten kamioiek motor baten bidez dar-dar egiten duen plataforma bat badute. Lur azpian hainbat zunda sartzen dituzte, eta plataformaren dar-dar hori jasotzen dute. Informatika programa berezi bat erabiltzen dute datu horien bidez lur geruzaren ezaugarri litografikoen irudia lortzeko. “Asmoa da, noski, gas poltsak egon daitezkeen edo ez baieztatzea”, erran du plataformako kideak.

Prospekzio sismikoak egiteko ingurumen ebaluazio sinplifikatua eskatu du Frontera Energy Corporation etxeak. Horrek erran nahi du zuzenketak aurkezteko aukerarik ez dutela izan herritarrek. Ezin izan dute parte hartu. Informazioa ere urria dela salatu du Eduardo Navascuesek. Ezagutarazi du Poloniako enpresa batek eginen dituela lan horiek Erriberan.

Zundaketak eginen lituzkete bigarren faseko bigarren zatian. “Orduan, bai, ingurumen eraginaren adierazpena beharko luke proiektuak”. Gasa ateratzeko eginen lituzketenak baino neurri txikiagoko zundaketak izanen lirateke, baina horietan ere “jariakin toxikoa” erabiliko lukete. Hau da, jariakin toxiko hori sartuko lukete Erriberako lurretan. “Egia da batez ere ura erabiltzen duela haustura hidraulikoaren teknikak; baina baliatzen dituen osagai kimikoak hagitz toxikoak dira; lur azpian dagoen radon gasa askatzen du haustura hidraulikoak, gainera, eta erradioaktiboa da. Lurrikarak izateko arriskuak ere gora egiten du fracking-aren eraginez, eta ur anitz kontsumitzen du”.

Hirugarren fasean bigarrenean lortutako datuak aztertuko lituzke enpresak, gasa ateratzeko zundaketekin hasi edo ez erabakitzeko. “Azken zundaketa horiek egiteko ere ingurumen eraginaren adierazpena beharko luke proiektuak”, zehaztu du Navascuesek. Bigarren faseko informazioa lortzeko zundaketetan 1.000-1.500 metrora eginen lituzkete zuloak; gasa ateratzekoak, berriz, handiagoak izaten dira: “2.500-3.500 metro sakon izan daitezke, eta 1.500-2.000 metro zabal”, erran du Navascuesek.

“Putzu horien mehatxupean dira Erriberako lurrak eta ura”, salatu du Nafarroako Fracking Ez plataformako kideak. Nafarroako bertze hainbat eskualde ukitzen dituzten bertze lau proiektu badirela gogoratu du.

Proiektu horiei guztiei aurre egin nahi izan zien Nafarroako Parlamentuak, eta haustura hidraulikoa debekatzen zuen legea onartu zuen 2013. urtean. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, ordea, bertan behera utzi du. Parlamentuko bozketan UPNk eta PPNk bakarrik egin zuten haustura hidraulikoa debekatzen zuen testuaren aurka. PPN hasieratik agertu zen lege horren aurka, baina UPNk bere botoa aldatu zuen: batzordean egindako bozketan abstenitu egin zen; osoko bilerako azken bozketan, berriz, debekuaren kontrako boza eman zuen.

Erriberan bertzelakoa da egoera, eta UPNk agintea duen herrietan ere teknika horren aurkako jarrera erakutsi dute. Aquiles proiektuak ukitzen ditu, eta kezkatuta daude. Erribera osoan egin du gora haustura hidraulikoaren inguruko kezkak, azken asteotan.

TUTERA

“Aireak eta urak ez dute mugarik”. Tuterako ingurumen zinegotzi Olga Risueñorenak dira hitzak (Ezkerra). Aquiles proiektuak ez ditu herri horretako lurrak ukitzen, zuzenean, baina Erriberako hiriburua da, eta haustura hidraulikoaren aurka egin du udalak.

Fracking-aren aurkako mozioa lehendabizikoz aurkeztu zenean, atzera bota zuen udalak; bigarrenean, berriz, PP bakarrik gelditu zen haustura hidraulikoaren alde”, gogoratu du Risueñok. Bi urte baino gehiago dira Tuterak bertze hainbat herrirekin bat egin zuela fracking-aren teknikaren aurka.

Urak eta aireak mugarik ez dutelako, hain zuzen ere. “Erriberako bertze herrientzat mehatxu dena guretzat ere bada”, erran du Tuterako Ingurumen zinegotziak. “Eskualde osoaren etorkizuna dago arriskuan”.

Udalek lan egiteko tarte txikia dute haustura hidraulikoaren aurkako borrokan, Tuterako zinegotziaren hitzetan. Baina horrek ez du erran nahi deus egiterik ez dutenik. “Kamioiak bide zehatz batetik pasatzeko baimenak emateko ardura, anitzetan, udalen esku dago. Gure esku dira hainbat erabaki, eta horien bidez ere lor dezakegu zerbait”, erran du Risueñok.

Haustura hidraulikoaren mehatxua arriskutsutzat jo du Risueñok, eta arriskutsua da, halaber, haren ustez, herritar anitzek halakotzat ez hartzea, oraindik ere. “Azken hiruzpalau urteotan gero eta gehiago hitz egin dugu fracking-ari buruz; jendeak badaki zer den, baina mehatxu ikusezina da, nolabait erranda, oraindik ere. Lan handia dago egiteko, jendea ohar dadin haustura hidraulikoak izan ditzakeen ondorioez”.

RIBAFORADA

“Poliki-poliki, baina aurrera egiten ari da haustura hidraulikoa, eta hori ez da batere ona guretzat”. Ribaforadako alkate Jesus Mari Rodriguezen (PSN) kezkak gora egin du azken asteotan. Udaletxean ekainaren hasieran jaso zuten Aquiles proiektuaren hurrengo urratsen berri ematen zuen gutuna. “Prospekzio sismikoak hasi nahi dituzte; udalen iritzia eskatu dute, baina guk erran dezakegunak ez du proiektua geldituko edo aldaraziko; ez dugu indarrik. Tramite hutsa bertzerik ez da”.

Erribera osoari eragiten dio Aquiles proiektuak Rodriguezen hitzetan. Baina argi du galtzeko gehien duen herrietako bat Ribaforada dela. “Ekonomiaren ikuspuntutik, gure herrian inon baino argiagoa da nekazaritzak duen garrantzia; gure herriko barne produktu gordinaren %30-40 da”. Esportazioen bidez herriko kooperatibak 12 milioi euro biltzen dituela erantsi du alkateak, nekazaritzak duen indarraren adierazgarri.

“Gure bizimodua dago arriskuan; akuiferoak eta ibaiak kutsatzeko arriskua handia da”, nabarmendu du Rodriguezek. Proiektuak aurrera egiteko modua kritikatu du, gainera. “Udalak aldatzen ari zirela aprobetxatu dute gutunak bidaltzeko; eta ingurumen ebaluazio sinplifikatua eskatu du enpresak. Horren helburua da ingurumenarekin lotutako kontrolei ihes egin ahal izatea”, salatu du.

CABANILLAS

Jesus Santosek (PSN) ekainaren 13an hartu zuen bere esku Cabanillasko Udalaren ardura. Espainiako Ingurumen Ministerioak Aquiles proiektuko prospekzio sismikoen inguruan bidalitako gutuna hartu zuenerako, erantzuteko epea bukatuta zegoen. Onartu du jokoz kanpo harrapatu duela udala enpresak egindako azken urratsak, baina haustura hidraulikoaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du. “Nahita aukeratu dute data; epez kanpo bada ere, haustura hidraulikoaren aurkako jarrerari eutsiz erantzunen diogu ministerioari”, azaldu du alkateak.

Teknika horrek dituen arriskuak agerikoak direla nabarmendu du Santosek, eta kezka agertu du. “Nekazaritza da gure herrian nagusi; landa eremua da gurea, eta haustura hidraulikoak kalte handia eragiten ahal dio”, salatu du. Egoera horretan udalek “deus gutxi” egin dezaketela uste du.

BUÑUEL

Buñuel da haustura hidraulikoaren kontrako manifestuarekin bat egin ez duen herri bakarra Erriberan. Jose Antonio Lasheras alkateak argi utzi du, hala ere, fracking-ari ezezko biribila eman diola herri horrek, eta lehenbailehen bat eginen dutela haustura hidraulikoaren aurkako herrien zerrendarekin. “Ez dugu haustura hidraulikorik nahi Erriberan”, berretsi du UPNko alkateak.

Erriberako bertze herrietako alkateekin bat egin du Buñuelgoak ere. “Gure lurrak defendatu behar ditugu. Haustura hidraulikoak ekosistemari eragiten dio; ura kutsatzen du. Lurra da gure bizimoduaren oinarria, eta ezin dugu suntsitu”, nabarmendu du Lasherasek.

Agerian utzi du Espainiako Gobernuaren eta Frontera Energy Corporation enpresaren eskutik informazio gutxi jaso dutela udalek. “Informazioa badugu, baina ez digute enpresak edo ministerioak eman, haustura hidraulikoaren aurkako plataformak baizik”, salatu du.

Udala kezkatuta dagoela azaldu du alkateak; herritarren artean egoera bertzelakoa dela uste du, ordea. “Herritarrentzat kezka nagusia Ebro ibaia da. Ebrok eragiten die gure lursailei, eta Ebrori so bizi dira herritarrak”. Haustura hidraulikoaren mehatxua mahai gainean dagoela argi du alkateak, baina uste du herritarrentzat, oraindik ere, ez dela lehentasunezkoa haren kontrako lana. “Urrutiko mehatxu bat balitz bezala ikusten dute”, azaldu du Lasherasek. “Argi izan behar dugu, ordea, haustura hidraulikoak Ebro ibaiari ere eraginen diola”.

Tuterako zinegotziaren iritzi bera du. “Udalek ez dugu anitz egiteko aukera, baina gure esku dagoen hori egin behar dugu”. Oztopoak jarri behar dizkiote udalek proiektuari, alkatearen hitzetan. Nafarroako Gobernuak ere haustura hidraulikoaren aurkako presioa egin ahal izanen duela espero du Buñuelgo alkateak. “Denen onerako”.

Uroiloen etxearen alde

Uroiloen etxearen alde »

Sanferminen arrastoak nabarmenak dira, oraindik ere. Landazelaia izeneko eremua kanpadendaz betetzen da Lesakako bestetan, eta jaiak bukatu eta gero kentzen dituztenean, zaborra bertzerik ez da gelditzen. Haizeak plastikozko hainbat poltsa eraman ditu…

Esan ere aldaketa nahi dute

Esan ere aldaketa nahi dute »

Esako urtegiko hormatik behera bizi diren herritarrek buru gainetik kendu nahi dute Damoklesen ezpata. Eskuineko eta ezkerreko magalek mugitzen jarraitzen dute, eta hainbat adituk berretsi dute arriskua badela; Ebroko Ur Konfederazioak, ordea, entzung…

Idoia Fernandez: “Ezin dira ordaindu kalte emozionalak”

Idoia Fernandez: “Ezin dira ordaindu kalte emozionalak” »

Esakoa du familia Idoia Fernandezek (Iruñea, 1977). Hango Lasaitasuna urbanizazioan etxea erosi zuen duela zortzi urte. Baina galdu egin du. 2013an urbanizazioa hustu behar izan zuten, Esako eskuineko magalean lur mugimendua izan eta gero. Ezin izan da itzuli. Ebroko Ur Konfederazioarekin desjabetze akordioa sinatu dute bizilagunek, baina hurrengo urtera arte ez dute kalte-ordaina jasoko.

Ia bi urte eta erdi joan dira etxetik alde egin behar izan zenuenetik. Gogorra izan da hilabeteotako ziurgabetasuna?

Oso gogorra. Batez ere ezin izan dugulako aurrera egin. Zain egon behar izan dugu. Behin-behineko neurria zela esan ziguten, etxetik alde egin behar izan genuenean. Itzuli ahal izanen ginela. Baina azkenean etxerik gabe gelditu gara.

2013ko lur mugimendua gertatu zenean, zegoen arriskuaz ohartzen zineten?

Ez. Lur mugimendu handi hori gertatu baino lehen, agertu ziren pitzadurak. Ez genekien zerk eragiten zituen. Ezkerreko magalari so egiten genion, eta uste genuen ez zela mugitzen ari. Baina ez ginen ohartzen gure etxe azpiko lurra, bai, mugitzen ari zela. Luizia gertatu eta gero, egun batetik bertzera alde egin behar izan genuen. Erabat jokoz kanpo gelditu ginen. Hori izan zen okerrena, ez genekiela zer gertatzen ari zen.

Bazenuen, hasieran, itzultzeko esperantza?

Egia esan, ez. Geologo bat kontratatu genuen, eta argi esan zigun ezin izanen ginela itzuli. Ez zela segurua. Ez nuen inolako esperantzarik.

Akordioa sinatu duzue jada Ebroko Ur Konfederazioarekin. Kontent?

Kontent nago, akordio hori nolabaiteko konponbidea delako. Baina egindako kaltea hor dago, eta hori ezin izanen dugu ahaztu. Etxetik atera behar izan genuen une berean argi zegoen ezin izanen genuela atzera egin; han ezin ginen lasai bizi, hurrengo pitzadurak noiz agertuko ziren zain.

Kalte-ordaina jasoko duzue?

Bai. Bakoitzak bere etxebizitzaren ezaugarrien arabera jasoko du bere kalte-ordaina. Beste hainbat gastu ere kontuan hartuko dituzte. Baina ez dakigu noiz. Aurten ez dugu jasoko, hori badakigu. Hurrengo urtean emanen digutela esan digute, baina ez dakigu noiz. Urte hasieran izan daiteke, edo bukaeran. Auzi hau oraindik ez da amaitu. Nik ez dut borrokatzen jarraitu nahi, egia esan. Hau dena bukatzea nahi dut, eta beste lekuren batean etxea erosi edo alokatu. Kalte emozionalak ezin dira ordaindu.

Eta bitartean hipoteka ordaintzen jarraitu behar duzu?

Bai, kalte-ordaina jaso eta akordioa erabat gauzatu arte, ordaintzen jarraitu beharko dut. Bankuak hipoteka ordaintzea nahi du, eta ez zaio axola nire egoera zein den.

Etxetik alde egin behar izan zenuenetik ari zara ordaintzen?

Bai, noski. Horrek ere baldintzatu du hilabeteotako nire egoera, ez baitut aukera izan beste etxe bat erosi edo alokatzeko. Ni hilabeteotan lagun baten etxera joan naiz bizitzera. Kontua da gure bizitza planak aldatu behar izan ditugula. Esako urtegia handitzeko lanen biktimak gara, finean.

Proiektuak aurrera jarraitzen du, oraingoz. Zer deritzozu?

Esan gertatu denak balio behar du gogoeta egiteko. Guk kaltea jaso dugu, baina ez gara bakarrak. Zangozan bizi direnak, adibidez, urtegiaren mehatxupean bizi dira. Gure etxebizitzetan gertatu denak agerian utzi du, zalantzarik gabe, urtegia ez dela segurua, eta ezin dela handitu. Ebroko Ur Konfederazioak ere badaki hori. Desjabetzeekin onartu behar izan dute ezinezkoa dela.

Jaietan ere, ezetza beti ezetz

Jaietan ere, ezetza beti ezetz »

Festak denok gozatzeko dira: bai gizonek eta bai emakumeek; edozein drogaren kontsumoak ez du erasoa justifikatzen; edonor bere gorputza erakusteko librea da, eta hori ez da hari erasotzeko edo hura biluzteko aitzakia; festetan, ezetza beti da ezetz”. Aholku horiek eta beste asko jasotzen ditu Iruñeko Udalak argitaratu berri duen gidak, beste hainbat kolektiborekin elkarlanean. Patrikan aise gordetzeko formatuan argitaratu dute, eta arduradunek uste dute “oso erabilgarria” izan daitekeela sanferminetan sexu erasoak saihesteko.

Kanpaina zabalago baten parte da gida hori. Eraso sexistarik gabeko jaien alde izeneko egitasmoa iaz jarri zuen abian Udalak, Sanferminak Berdintasunean talde eragilearen bitartez. Eta estreinakoz, Iruñeko espektro politiko osoa ados jartzea lortu zuten proiektuaren sustatzaileek. Izan ere, Sanferminak Berdintasunean taldearen parte dira Emakumearen Udal Kontseilua, Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen plataforma, Gora Iruñea, UGT, Biktimen Arretarako Nafarroako Gobernuaren Bulego Juridikoa, Iruñeko Udaleko hiru alor (Gizarte Ongizate eta Berdintasuna, Hezkuntza eta Kultura, eta Hiritarren Segurtasuna), Emakumeen Arretarako Udal Zerbitzua, bai eta udal talde politiko guztiak ere, EH Bildutik UPNra.

Batasun hori irudikatze aldera, Nafarroako hedabideei ere gonbita egin die Sanferminak Berdintasunean lantaldeak. Iaz bezalaxe, argazkia egin dute herrialdeko komunikazio talde guztietako ordezkariek (tartean, BERRIAk eta Nafarroako Hitza-k); aurtengoan, alta, kazetari eta argazkilariez gainera, festari lotutako hainbat ofizio ere islatu nahi izan dituzte kanpainaren arduradunek. Hortaz, kanpainaren mezua bere egin dute Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideek, txistulariek, atabalariek, entzierroko medikuak, La Pamplonesa bandako musikariek, peñetako kideek edota dantzariek.

“Iaz, hedabideen argazkiak aurreikuspen guztiak gainditu zituen, eta bolo-bolo ibili zen sare sozialetan. Irudia oso indartsua zen, sexu indarkeriaren aurkako batasuna ezin hobe irudikatzen zuelako”, azaldu du Sanferminak Berdintasunean taldeko arduraduna den Pilar Mayok. “Aurten, antzeko zerbait egin nahi izan dugu, baina pauso bat harago emanez, festaren ohiko elementuak gehitu dizkiogulako. Argi utzi nahi izan dugu sanferminek aisialdirako abagune izan behar dutela, baina denontzat, emakumeentzat nahiz gizonentzat. Emakumeak objektu gisa aurkezten dituen jai eredu hori baztertzea da gure helburu nagusietako bat”.

Horretarako, kontzientziazio kanpainaz eta informazio gidaz gainera, aholkularitza puntu bat ere paratuko du Sanferminak Berdintasunean taldeak uztailaren 6tik aitzinera. Jaiaren bihotzean jarriko dute, gainera: Gazteluko plazan; gizarte langileak eta bestelako profesionalak izanen dira goizez eta arratsaldez, sexu erasoei buruzko informazioa eta aholkuak eskaintzen.

Informazioa jasotzeko

Taldeko kideen esanetan, ordea, sanferminetan zabalduko dutena ez da biktimak artatzeko edo salaketak aurkezteko gunea izanen, “horretarako beste bide batzuk daudelako; zuzenena, 112 telefonora deitzea”. Indarkeria matxistaren kontra existitzen diren baliabideei buruz hitz eginen dute informazio guneko profesionalek, eta aukera eskainiko dute, era anonimoan, erasoen berri emateko, “informazio hori oso baliagarria izan baitaiteke etorkizuneko egitasmoak eta estrategiak prestatzeko”.

Gazteluko plazako informazio gunea zabalik izanen da hilaren 14ra bitartean, goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 21:00etara.