Pirinioetako lagunen bilgune »

Hogei urte igaro dira Irati irratiaren ibilbidea hasi zenetik. Egun arte egin duten bidea ez da batere erraza izan. Mota askotariko arazoak izan dituzte: ekonomikoak, teknikoak… Hala ere, arazo, oztopo eta muga guztiak gainditu eta Aezkoa, Erroibar, Luzaide eta Agoitzen entzuteko parada dago. Zazpi urtez isilik egon zen arren, bihar, Garraldan 20. urteurrena ospatzeko egitaraua prestatu dute, orografiak banatzen duenak irratiak batzen duela ospatzeko.

“Egun on, Auñamendi”, hala hasten du irratsaioa Arkaitz Almortza Irati irratiko esatariak astelehenetik ostiralera. Berez urnietarra izan arren, Irati irratiko esatari izateko erronkari uko ezin egin, eta ia urtebete darama Aezkoa aldean. “Niretzat erronka izugarria izan da hona etortzea, baina oso pozik nago”, adierazi du Almortzak. Irati irratia irrati xumea dela dio, eta egia da.

Aezkoako Batzorde Nagusiak Ariben duen egoitzako gela batean dago Irati irratia. Leihotik begiratu, eta joan den astean errepide bazterrak elurtuta ikus zitezkeen. Luxu handirik gabeko irratia da. Hala ere, egunero bi ordu eta erdiko irratsaioa egiteko oinarrizkoa badute. “Denetariko lanak egiten ditut, teknikariarenak, kazetariarenak…”, azaldu du Almortzak irri artean. Hala ere, nabari da iaioa dela irratiko mahaiko kontrolak gora eta behera mugitzen.

“Pirinioetako eskualdeetako informazioa lantzen dugu, informazio lokala, eta entzuleei iritzia emateko aukera ere eskaintzen diegu”, jakinarazi du esatariak. Dena den, askotan jendeari deitzea kosta egiten zaiola gaineratu du. “Nik ez dakit zergatik den, baina jendeari irratian parte hartzea kosta egiten zaio”, azaldu du atsekabetuta. Dena den, parte hartzea sustatzen jarraitzea da gorriz azpimarratutako irratiaren helburuetako bat.

Atzera begira jarrita, urrun gelditu dira irratia abian jartzeko 1990eko hamarkadako lehen urteetan, Aezkoa inguruan irrati bat sortzeko emandako pausoak. Nafarroako Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia sortu berria zen, eta diru laguntzak ematen hasi zen lekuan lekuko irratiak sortzeko. Irati sortu aurretik, Aezkoan bazen beste irrati txiki bat, egoitza Garraldan zuena. Espainiako Kultura Ministerioak bultzatutako programa bati esker sortu zen irrati hura. Helburua Aezkoa inguruko herrien arteko kohesioa eta harremana sustatzea ziren, baina ideiak ez zuen ez aurrera eta ez atzera egin, eta proiektua bertan behera gelditu zen.

Ondorioz, helburu horiek erdietsi gabe gelditu ziren. Herri eta eskualdeetako irrati txikien loraldiaren garaia zen, eta Aezkoa inguruan irrati baten beharra bete gabe zegoen. Nafarroako Gobernuaren diru laguntza bati esker, ibarreko hainbat lagunek Irati irratia sortu zuten, harreman sozialak bultzatu eta euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Hasieran, Irati irratia udal irratia bazen ere, kudeaketarako lantaldea sortzea erabaki zuten, eta horren bitartez sortu zen Irati elkartea.

Pauso horien ostean, 1993ko urtarrilaren 20an emititu zen Irati irratiaren lehen saioa. Ederki oroitzen da garai horietaz Karmele Galarza. Euskararekin eta hainbat herri mugimendurekin konprometitutako emakumea da, eta zenbait urtez irratiko esataria era izan zen. Baina osasun arazoak direla medio, zeregina utzi egin behar izan zuen. “Izugarri gustatzen zait irratia, bertako informazioa lantzen duelako; eta halako komunikabideak behar-beharrezkoak dira”, azaldu du. Nostalgia apur bat nabari zaio irratiaz hitz egitean. Hala ere, oso harreman estua du oraindik ere.

Irratiaren ibilbidea 1993ko urtarrilean hasi zen arren, zailtasunez betetako ibilbidea izan duela ondo baino hobeto daki Galarzak. “1993an hasi ginen irratian, baina 2009. urtera arte ez genuen lizentziarik lortu”, dio. Egoera horrek hainbat zailtasun eragin zituen, tartean teknikoak. Hain justu, arazo tekniko horien eraginez, emititzeari utzi behar izan zioten 2002an. “Pentsatzen genuen azkar batean konponduko genituela arazo teknikoak, baina ia zazpi urtean irratia isilduta egon zen”.

Berriz guztia martxan jartzea izugarri kostatu zitzaien Irati elkartekoei. Irratiko atea ireki eta guztia abiaraztea lan nekeza izan zen, batez ere Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideei ematen zizkien diru laguntzak erabat desagertu ostean. “Izugarrizko ahalegina egin genuen, eta lortu genuen Irati irratia abiaraztea”, adierazi du Galarzak. Dena den, emititzeko lizentziak ordu arte izandako segurtasunik eza erabat desagerrarazi zuen.

Aldaketen garaia

Irratia asko aldatu dela dio Galarzak. Tristura apur bat antzematen zaio, igarotako garaien nostalgia dela eta. Almortzak argi dio aurrerapen teknologikoek izugarri erraztu eta arindu dutela irratigintza. Hala ere, sarritan oinarrizkoarekin, elektrizitatearekin arazoak izaten dituzte. “Gezurra dirudi, baina askotan elektrizitatea joan egiten da zuzenean ari garela”, azaldu du Almortzak.

Dena den, aurrerapen teknologien olatuak hartzen jakin izan dute Irati irratiko kideek. Izan ere, 2011n Berria bekari esker, Aitziber Villalba Irati irratiko esatari ohiak hedabidearen webgunea garatu ahal izateko diru laguntza erdietsi zuen. Horri esker, egun Egun on, Auñamendi! saioa Internetez entzuteko aukera dago. Horrez gain, sakelakotik ere entzun daiteke Uhin Bank aplikazioaren bitartez.

Baina, ziurrenik, Aezkoan egoitza duen irratian aldaketarik handiena publizitateak eragin du. Aurten hasi dira iragarkiak saioekin tartekatzen, eta modu horretara proiektua finantzatzeko beste diru iturri bat erdietsi dute. “Aurten lehenengoz publizitatea izatea lortu dugu, eta hori aurrerapen garrantzitsua da”, aitortu du Almortzak. Aurrerantzean ere publizitatea mantendu eta indartu nahi dute epe motzean lantzeko eremu gisa.

Hala ere, zailtasunak zailtasun, bihar jai giroan irratiaren hogeigarren urteurrena ospatuko dute. Irati irratiaren eguna izango da bihar. Goizean goizetik izango dira ekitaldi, kontzertu eta tailerrak. Bazkaria 14:30ean izango da, eta arratserako, pilota txapelketa eta pintxo poteoa izango da. Gauean kontzertuak antolatu dituzte.

Pirinioetako abeltzainek egin ohi duten bezala, auzolanean prestatu dute Irati irratiaren eguna. “Ni afarirako ogitartekoak egiteaz arduratuko naiz”, dio pozik Galarzak. Izan ere, hedabidearen sustatzaileak elkarlanean aritzera ohituta daude. Aurrerantzean ere bide horretatik jarraitu nahi dute, orain arte bezala, Aezkoa ingurukoak informatuz.

Zentsura politikoa »

Piruxak Nafarroan: zentsurari buruzko ikerketa 1979-2009 ikerlan unibertsitarioa egin nuen Asmoz Fundazioaren bitartez. Erregimen frankistaren ondorengo zentsuraren fenomenoa aztertu nuen, Nafarroari lotutako kasuak bilduz. Hona hemen haren ondorio batzuk:

Nire ikuspuntutik, zentsura debekuaren formetan eratzen da gaur egungo lege eta ekinbide judizialen bidez. Euskal gatazkan, hirugarren mundurako planteamenduaz eginiko ZEN plan haren kontzeptuekin janzten da zentsura. Zona Especial Norte planak, oraindik ere indarrean. […]

Kasuen artean, batzuk zakarrak eta gardenak dira, frankismoan gertatzen ziren bezalakoak […]. Alfredo Jaime alkatearen garaiko kasuak, Maribel Beriain zinegotziarenak batera, UPNkoak biak, “heretikoen mailua” berau: VI. Euskaraz Komikiaren Lehiaketaren komiki zentsuratuak “eduki biolento, biluzgorri eta mezu sasi-politikoengatik”, edota Mikel Urmenetaren artelana Autorretrete, besteak beste. Zentsura giroa zen hura, iritzi publikoa hartua zuela eta bere hartan segitzen zuela, laino sarriaz, lehen bezalatsu. Ez dugu ahaztu behar, adibidez, Rodolfo Martin Villa, Sindicato Vertical taldeari lotua, 1976tik 1979ra arte Gobernazioaren kartera izan zuena (UCD); frankismoaren dokumentazioa erretzeko agindua eman zuela leporatua izan dela zenbait alditan. […]

Beste kasu batzuek era sofistikatuagoa dute: adibide gisa, Simonidesen Jamon de Gorrión komikia, Liburu bat egiten-Cómo se hace un libro erakusketa Ziudadelatik kendu zutenekoa, Joseba Sarrionandia idazle bizkaitarra agertzen zelako, edo Altaffaylla Fundazioaren Navarra 1936: de la esperanza al terror liburuarekin izandako arazoak eta abar.

Badira kasu dexente Nafarroan “errepresura kulturalari” loturikoak (J. A. de Blas argitaltzaileak sorturiko terminoa), eta dexentek badute lotura ez bakarrik kultura, politika edo erlijioarekin; sexualitate, abortu eta gisa horretako kontuekin ere badira.

Gai honen inguruan aditu handienetako bat denak, J. M. Torrealdaik, zentsura garaikidearen kasu nabarmenetako baten biktima berau, Egunkaria itxi baino lehen ziurtatzen zuen: “Hala ere, oso ezberdina da orain egon daitekeena, eta hemendik aurrera egongo dena, frankismoaren zentsurarekin. Orduan, aparatu bat zegoen, pentsamendua bideratzeko zuzenki destinatutako aparatu administratiboa. Egun, ez da horrelakorik”. […]

Hain zuzen ere, lehen bazegoen aparatu espezializatu bat (aunitzetan apez bat ere bat); eta egun, betearazpen-akzio bat elkarbanatua da aparatu polizial edo militar eta judizialaren artean, batzuetan, aparatu politikoak bultzatua. Egunkaria-ren kasua. Gizon grisaren txostena kapitain baten ofizio-agiriak ordezkatua, instrukzioko epaile bati zuzendua, nork “dena da ETA” aski ezagututako diskurtsoaren izenean egunkaria ixten duen.

Zentsura, Francoren garaian, politikoa ere bada. Bizitzaren eremu guztia hartzen duen heinean, ohiko ekinbide bat. Normalizatua bai herrian bai erregimenaren kontrako intelektualen artean; zeren beraien baitan pairatu zuten autozentsura delako hura, nahiz eta borrokalari zintzoak. Aginte zentsuratzaileak markatzen du politika arloan debekaturik zer dagoen: erregimenaren aurka mugitzen den guztia. Horrek guztiak alderaketa egitera eramaten du: alde batetik, ze erraz ixten dituzten komunikabideak 1979tik aitzina, eta, bestetik, statu quo-aren akolitoen konplatzentzia. […]

Nik uste dut ez dakigula elkarri hitz egiten, ez ziguten irakatsi, eta ikasi duguna justu kontrakoa da. Katalan izaeratik gutxi dugu, bai bikingoena. Eta espainarrak ere bai. Zeren, autokritikaz eta desikasteko xedeaz ari garela, ulertu behar da, izan ere, zentsura botere instituzionalizatuetatik datorren ekinbide penagarria dela, baina ez da soilik haien esklusitibitatearena, kontraboterea egin duena hark eramana edo tentatua noizbait izan da. Zentsurak paranoia kutsakorra badakar.[…]

Boterearen ekinbide ez-etikoak informazioaren kontrolean du oinarri. Horregatik, Gara eta BERRIA egunkariak ez daude Nafarroako liburutegietan; Iruñeko alkateak ez ditu gogoko CANi buruzko dokumentalak, eta Ateak Ireki itxi dute betiko diskurtso bereziaren bidez. Beharbada, Nafarroan Ateak Ireki izan liteke UPNk duen informazioa kontrolatzeko sistema bere lekutik kanpo utz dezaketen hedabide horietako bat.

Iritzi askatasuna denon eskura izan beharko lukeen eskubidea da, eta erabatekoa izan beharko luke muga inposatutakoen gainetik. Inor ez da horren ordezkoa eta jabe ofiziala, bestearen izenean inork ez baitu norbanakoaren askatasuna ordezkatu behar, eta, aldi berean, denon erantzukizuna da bestearen askatasuna defenditzea. Hitz egin dezagun inor baztertu gabe, hitza isilarazi gabe. Botereen banaketa benetan existitzen bada, bada garaia militarrak politikariari ez agintzeko. Bada gatazkaren amaieraren garaia. Zentsura gehiagorik ez.

Urte osoan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute bihar »

Abenduaren 3a Euskararen Eguna dela profitatuta, Euskaltzaleen Topaguneak sustatuta Euskarak 365 egun kanpaina jarri dute martxan euskaraz urte guztian bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Hiztun gisa eskubideak aldarrikatzeaz gain, egunerokoan euskara baliatzearen beharraz ohartarazi nahi dute. Oskar Zapata Topaguneko Nafarroako arduradunak jakinarazi duenez, urte osoan euskaraz bizitzeko beharrak eragiten duen kezkaren harira jarri dute kanpaina martxan.

“Nolabait, Euskaltzaleen Topaguneko kideok orokortu dugun kanpaina bat da”, dio Zapatak. Oraingoz, abiapuntuan daudela ohartarazi du. Hala ere, halako kanpainen aitzindariak badira Euskal Herrian. Izan ere, iaz, Durangoko Berbarok antzeko ekitaldi bat egin zuen. Orduan, Topaguneko kongresua egin ostean, argi gelditu zen bazkideen artean plazara ateratzeko gogoa gero eta handiagoa zela. Beraz, zerbait egiteko beharraren inguruan aztertzen hasi ziren Topaguneko kideak.

Horri esker egingo dute jaialdia bihar, 19:00etan, Iruñeko Burgoen plazan. Dena den, Zapataren irudiko, abiapuntua soilik izango da urte guztian euskaraz bizitzeko eskubidearen aldarrikapenean. Euskal Herriko 30 eskualde eta herrietan izango dira antzeko jaiak. Euskara kalera ateratzeko beharra sentitu dutelako jarri dute euskalgintzako eragileek martxan kanpaina.

Iruñerrian euskarak duen egoerari buruz galdetuta, Zapatak dio batetik badagoela nahia egunerokoa euskaraz egitekoa. “Euskaldun eta euskaltzaleen aldetik badago euskaraz bizitzeko eta plazan agertzeko nahia. Baina argi eta garbi dago gurea ezkutatzeko kanpaina bat ere badela”. Hala, uste du ezinbestekoa dela biharkoaren antzeko ekinbideak abian jartzea.

Gainera, tokian tokiko Topaguneetako bazkideek halako ekinbide bat elkarlanean gauzatzea oso garrantzitsua dela ohartarazi du Zapatak. “Iruñean badakigu sarritan konplikatua dugula, eta halako ekinbideek lagungarri izan beharko lukete”, azaldu du Zapatak.

Elkarlana sorburu

Iruñerrian hainbat bazkide ditu Topaguneak: Atarrabiako Karrikaluze, Berriozarko Zorroka, Karrikiri, Euskaldunon Biltoki eta Zaldiko Maldiko Iruñean… Topaguneak berak aurkeztu zien proposamena bazkideei, bai Iruñerrikoei baita Iruñerritik kanpo daudenei ere. Izan ere, Nafarroako euskalgintzako kide guztiei aurkeztu zien Topaguneak ekinbidea, eta oso harrera ona izan duela azaldu du Zapatak.

Azken egunetan D ereduaren inguruan hainbat komunikabide eta politikari helarazten ari diren mezu ezkorren aurrean, euskaldunen hizkuntza eskubideen aldarrikapenak jai giroan egitea “ezinbestekoa” dela dio Zapatak. Euskarazko ereduaren aurka abian jarri den kanpaina “zitala” dela salatu du. Gaineratu duenez, ongi diseinatutako kanpaina da, haurren aurrematrikulazio kanpaina otsailean hasiko delako, hiru hilabeteren buruan. “Baina egia esateko, nire ustez, hemen egin behar duguna da gureari eutsi; guk D ereduaren aldeko argudio sorta zabaldu behar dugu”. Aldarrikatu du D eredua dela ikasleak euskalduntzen dituen eredu bakarra. Haren irudiko, ez da komenigarria euskararen ereduaren aurkako harra elikatzea, baina azalpenak eskatu behar direla adierazi du.

Arazo eta eztabaidez gaindi, biharko jaia baikortasunez ospatu nahi dute. “Ez da gauza handia izango, baina jai giroan egingo dugu, bizipoz eta gozamen beharra dagoelako”, aitortu du. Egitaraua xumea izango den arren, euskara elkarteetako kideen elkarlana erdietsi dute. Horri esker, aste osoan eragile horietako kideak Euskarak 365 egun kanpaina iragartzeko kartelak paratzen aritu dira, Iruñean eta Iruñerrian, batez ere. Alde horretatik, pozik agertu da proposamenak harrera ona izan duelako. Urtero egiteko asmoa dute bihar Burgoen plazan egingo dutena. Dena den, ez dute etorkizunerako helburu handirik zehaztu nahi izan.

Jaialdia, gutxi gorabehera, 19:00etan hasiko da, Iruñeko Alde Zaharreko plazan. Lehenik, dantzaldia izango da. Horren ostean, manifestu bat irakurriko dute Topaguneko hainbat kidek, kanpainaren arrazoi eta helburuen berri emateko, besteak beste.

“Sevilla II-ko zuzendariak giza eskubideak urratzen ditu” »

Moron de la Fronterako (Sevilla, Espainia) Sevilla II espetxean 11 euskal presok gose greba hasi zuten urriaren 28an. Geroztik, batik bat osasun arazoak direla eta, preso batzuek protesta utzi behar izan dute, eta egun seik jarraitzen dute. Lau urte daramatzate bakartuta, eta horrez gain, beste hainbat oinarrizko eskubide urratuta dauzkate. Presoen egoeraz ohartarazteko, urriaren 18tik 22ra itxialdia egin dute bederatzi lagunek Iruñeko Done Laurendi elizan. Bertan, informazio gune egonkor bat ezarri dute. Presoen aldeko ekintzaz beteriko astea izan dute itxialdikoek; haietako bat da Josu Urrutia (Iruñea, 1966).

Zer gertatzen ari da Sevilla IIko espetxean?

Sevilla II espetxean dauden 13 euskal presoek lau urte daramatzate bakartuta. Espetxeko arautegian zigor gisa agertzen da bakartzea, eta beti denbora tarte jakin baterako. Kasu horretan, modu sistematikoan erabiltzen ari dira bakartzea. Egungo egoerak ez du inolako zentzurik.

Zer ondorio ditu bakartzeak?

Bakartuta dauden presoak hiru ordu baino ezin dira atera patiora; goizean, ordu eta erdi, eta arratsaldean, beste ordu eta erdi. Bi egunean, 48 orduan, 26 ordu pasatzen dituzte jarraian ziegan sartuta. Gainera, arautegiaren arabera, medikuak bi egunean behin pasatu beharko luke bakartze modulutik. Horren ordez, bi edo hiru astean behin pasatzen da, eta, askotan, ez die presoei inolako kasurik egiten. Patiora ateratzean, miaketak izaten dituzte, ukituak eta mota guztietako umiliazioak. Batzuetan indarkeria kasuak ere izan dira, tartean hainbat jipoi. Senideak ere miatu dituzte, eta noizbait bisita egin gabe itzuli dira etxera.

Zergatik gertatzen da salbuespen egoera hori?

Duela gutxi, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak errieta egin zion Espainiako Estatuari Parot doktrinaren harira. Epaitegiak argi utzi du Espainiak ez dituela giza eskubideak errespetatzen. Parot doktrinarekin egin duten bezala, kasu honetan ere giza eskubideak urratzen ari dira. Egoera hori izanik, presoek gose greba egitea beste aukerarik ez dute izan. Kontuan izan hori dela presoek protesta egiteko duten biderik gogorrena. Dagoeneko 26 egun egin dituzte gose greban [elkarrizketa azaroaren 22an egin zen]. Egoera larria da, pisu asko galtzen ari dira eta euren osasuna gero eta okerragoa da.

Zein da presoen egoera gaur egun?

Bakartze moduluan daude. Batez beste, 10-13 kilo galdu dituzte. Gose greban zeuden preso batzuek protestaldia utzi behar izan dute arazo fisikoengatik. Besteak oso ahul daude; muturreko egoera da.

Eskubide urraketa horiek auzitegietan salatu dituzue?

Bai, Espetxe Zaintzako epailea Sevillara joan zen, baina ez du ezer egin. Horrez gain, presoek espetxeko zuzendariarekin bilera eskatu dute behin baino gehiagotan. Baina zuzendariak ez du inolako neurririk hartu egoera hori bukatzeko. Sevilla II espetxea bereziki gogorra da. Zuzendariak giza eskubideak urratzen ditu, eta ez du atzera egin nahi.

Noiz arte jarraituko dute presoek gose greban?

Printzipioz, gose greba mugagabea da. Beraz, espetxeko zuzendaritzak salbuespeneko neurriak kentzen dituen arte. Nolabait esateko, egoera normal batera itzultzen direnean utziko dute gose greba presoek.

Zer ekintza mota egin dituzue itxialdian?

Aste honetan zenbait eragile politiko, sozial eta sindikalekin bildu gara. Egunero kalean egon gara, presoen inguruko informazioa banatzen. Parlamentura joan gara, hainbat batzorde biltzen ziren egunean, politikariei ere presoen egoera azaltzeko. Ostegunean [azaroak 21] Bilduk, Ezkerrak eta Aralar-NaBaik eskatu zuten Sevillan dauden Nafarroako bi presoen senideek parlamentuan hitz egitea. Juan Mari Etxabarri eta Txus Goikoetxea dira Sevillako espetxean gose greban dauden Nafarroako bi presoak. Baina ezin izan zuten hitz egin; UPNk, PSNk eta PPk ezinezko egin zuten. Gaur bertan [azaroaren 22an] bi pertsona kateatu dira Iruñeko Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren atean. Kontu horretan estatuak baitu azken hitza.

“Antikomertziala irabazien bila ez dabilen sorkuntza kulturala da” »

Sorginkale banatzaile antikomertzialak hamar urte daramatza Sorgin Gaua antolatzen. Hasieran, sorkuntza alternatiboaren erakusleihoa izatea nahi zutena banaketa alternatiboaren erreferente bilakatu da. Iker Otxoa (Zizur Nagusia, 1982) eta Karlos Andion (Zizur Nagusia, 1991) Sorginkale osatzen dutenetako bi dira, eta belaunaldien nahasketaren adibide dira. Sorgin Gauaren antolaketaz, banaketa alternatiboaz eta horren zentzuaz jardun dute.

Zer da sorkuntza alternatiboa edo antikomertziala?

IKER OTXOA. Antikomertziala, hain zuzen, irabazirik lortzen saiatzen ez den sorkuntza kulturala da. Bide alternatiboetatik zabaltzen den sorkuntza, eta gure ustez, izaera aldarrikatzailea ere baduena.

Zergatik lantzen duzue banaketa alternatiboa?

KARLOS ANDION. Mugimendu alternatiboan, kultura oso arlo garrantzitsua da. Uste dugu gaur egun printzipio antikomertzialak ahaztuta daudela hainbat gune autogestionatutan. Txosnetan oso ohikoa da 3.000 euro kobratzen dituen talde bati deitzea. Guk zirkuitu alternatiboa aldarrikatu nahi dugu. Nafarroan talde eta banatzaile ugari dago. Mugimendu hori guztia koordinatu eta bultzatu nahi dugu.

I.O. Beti alternatiben inguruan hitz egiten dugu: bizimodu alternatiboak, lan alternatibak, gure bizitzako arlo guztietan. Horregatik, garrantzitsua da sorkuntza kulturalean ere sistemak eskaintzen digunari alternatiba bat ematea. Banatzaileen sare horrekin eta talde antikomertzialekin, alternatiba bat sortzen ari gara. Era horretan, abestietan esaten denarekin koherente izateko modu bat da.

K.A. Sortzeko eta banatzeko orduan, baliabideak jartzen ditugu bide ez kapitalistetatik sorkuntza aurrera eraman nahi duten pertsonentzat. Horregatik hasi ginen Sorgin Gaua egiten, talde antikomertzialekin kontzertu handiak egin daitezkeela erakusteko.

Nola sortu zenuten Sorginkale?

I.O. Sorginkale 2000. urtean sortu genuen Zizurko gazte batzuen artean. Kultura eta ideia libertarioen inguruko jakin-nahia genuen. Jakin-nahi hori asetzeko, liburutegi libertario bat sortzea bururatu zitzaigun. Geroago sortu zen banatzailearen proiektua, Sorginkale deitu zena. Hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka banatzailea zena kolektibo bilakatu zen, eta hainbat egitasmorekin hasi ginen. Denak kultura libertarioaren inguruan.

Zer motatako ekinbideak eramaten dituzue aurrera?

K.A. Sorgin Gaua da urtean egiten dugu ekitaldirik ezagunena. Guk lokal bat dugu Zizurren. Astelehenero irekitzen dugu 17:00etatik 20:00etara. Han saltzen dugu materiala: CDak, biniloak, zintak, kamisetak, liburuak, fanzinak… Liburutegia ere badugu lokalean. Nahi duena etor daiteke, eta liburu bat hartu. Guk hori apuntatzen dugu eta listo. Lokala Zizurreko Alde Zaharrean dago, jaietan txosnak jartzen diren tokiaren ondoan. Lokalaren ondoan ere Rock etxea dago, autogestionatutako musikarako entsegu lokalak.

Banatzeaz gain, sortu ere egiten duzue?

K.A. Bai, orain arte diskoak grabatu ditugu gehienbat. Urtero disko pare bat argitaratzen ditugu. Oro har, Nafarroako taldeekin lan egiten dugu, baina baita beste toki batzuetakoekin ere. Ameriketako talde batzuen lanak ere argitaratu ditugu. Baina diskoetatik harago joan nahi dugu. Duela gutxi Comunidades sin estado en la montaña vasca (Estaturik gabeko komunitateak euskal mendietan) liburuaren argitalpenean parte hartu genuen. Hagin argitaletxeak publikatu du liburua.

Sorgin Gaua berezia antolatu duzue aurten. Zeintzuk dira programazioan dauden ekitaldirik garrantzitsuenak?

K.A. Normalean Sorgin Gaua larunbat batean egin izan dugu. Aurten aste oso bat egitea erabaki dugu. Asteartetik aurrera, Zizur Nagusian eta Iruñean hainbat ekitaldi egingo ditugu: hitzaldiak, kantautoreak… Kontzertuek erakartzen dute jende gehien. Ostiralean eta larunbatean kontzertuak izango dira Zizur Nagusian; orotara 20 bat taldek joko dute.

“Egungo erritu batzuek ez dituzte asetzen pertsona batzuen nahiak” »

Gaur Santu Guztien Eguna dela eta, doluaren inguruko jardunaldiak egin ditu Senda fundazioak. Fundazio horretako kidea da Angel Albeniz (Donostia, 1959). Dioenez, azkenaldian hildakoak agurtzeko errituetan izandako aldaketek eragina izan dute dolua …

Botika zaharra, modako edari »

Patxaranak mendeetako historia luzea du. Basaranez egindako pattarra Erdi Aroan asmatu zen, eta XXI. mendean bizirik jarraitzen du, etengabeko garapenean. Azken urteetan, patxaranaren kontsumoa murriztu egin da. Egoera hori irauli nahian dabiltza hain…

“Gure ama da sukaldean izan dudan lehen erreferentea” »

“Xaflatan moztutako onddoak plantxan egin gatz, olio, perrexil eta bizi apur batekin”, errezeta erraz hori da Alex Mujikak (Donostia, 1963) gehien maite duenetakoa. Mujikak txikitatik ezagutu du zer den jatetxe bateko sukaldea. Gurasoek Leitzako Basakabi hotela zuten. Hango jatetxean hasi zen sukaldari ofizioa ikasten. “Gure ama da sukaldean izan dudan lehen erreferentea”, dio Mujikak. Gero kanpora joan zen lanera, hamazazpi urterekin Donostiara eta hurrengo urtean Madrilera. Baina udaro Leitzara bueltatzen zen, etxekoekin lan egiteko. Gaur egun, bere jatetxea du Mujikak Iruñeko Estafeta kalean, La Perla hoteleko jatetxea. Krisiak sektore horri ere erasan dio. Horren ondorioz, Mujikak eta Arantxa Sagastibeltza haren kideak negozioa moldatu behar izan dute, gastrotabernaren aldeko apustua eginez.

Mujikak betidanik izan du gustuko sukaldean aritzea. Etxekoak mundu horretan mugitzen zirenez, bera segituan kutsatu zen giro hartaz. Basakabin bertan ikasi zituen sukaldaritzaren oinarriak, eta hamazazpi urterekin Donostiako Errekondo jatetxean hasi zen lanean. Hurrengo urtean, Madrilera egin zuen saltoa Luis Irizarren eskutik. Irizar Hotel Alcalako zuzendaria zen garai hartan. “Alcala hotelean bazegoen jatetxe bat, Basque izena zuena. Gero, Irizarrek Madrilgo Euskal Etxea ere hartu zuen. Baina ni Basquen ibili nintzen”. Urtean bederatzi hilabete igarotzen zituen etxetik kanpo. Udan etxera bueltatzen zen, baina ez zuen jai handirik hartzeko denbora, Basakabin lan egiten baitzuen. Horrela lau urte inguru eman zituen. Basakabin langile finkoa egin zuten arte. Sukaldaritza tradizionala egiten zuten Leitzako hotelean. Baina, gutxika, plater berriak sartuz joan ziren menuan. “Lehendabiziko platerak erronka bat izan ziren, ordura arte egiten genuen sukaldaritza oso tradizionala zelako”. Urteak pasatu dira, baina Mujikak gogoratzen du menuan sartu zuten plater berritzaileetakoren bat: adibidez, aza eta odoloste pastela babarrun saltsarekin.

Madrilen egon zen garaian gauza asko ikasi zituen Mujikak, Irizar sukaldariarekin lanean eta sukaldaritza topaketetan. “Mundu guztian ibili ginen hainbat jardunaldi gastronomiko eta topaketatan. Niretzat, oso garrantzitsua da hori, kultura gastronomikoa handitu nuelako”, dio Mujikak. Sukaldaritza munduan hiru erreferente ditu Mujikak: lehenengo eta behin ama, eta horren ostean Irizar eta Ferran Adria.

Basakabin urtetan ibili da lanean, hasieran udan bakarrik eta gero langile finko moduan. Baina duela lau urte itxi zuten hotela. “Azken urteetan udan, ezkontzetan eta gisa horretako ospakizunetan baino ez genuen jatetxea irekitzen. La Perlako proiektua eskaini zidaten, eta hona etortzea erabaki nuen”. Mujikak ez zuen aurreikusia beste jatetxe bat irekitzea. Berak jatetxe aholkularitza enpresa bat zuen, eta horrekin aurrera egiten zuen. Orain, nahiz eta jatetxean lan egin, aholkularitza enpresari eutsi dio. Enpresan, hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte. “Alde batetik, norbaitek bere jatetxeko karta aldatzeko arazoak baditu, deitu egiten dit, eta ideiak ematen dizkiot. Beste alde batetik, badago jende asko jatetxe bat jarri nahi duena baina profesionala ez dena. Beraz, ez daki zer behar den jatetxe bat martxan jartzeko: sukaldari kopurua, zer tresna behar diren… Guk horretan laguntzen diegu”, dio Mujikak.

Aholkularitzaz gain, Mujikak sukaldaritzako bi liburu idatzi ditu Ayer y Hoy de la cocina navarra (Nafarroako sukaldaritzaren iragana eta oraina) eta Reciclaje y alta cocina (Birziklapena eta goi mailako sukaldaritza). Azken liburu horretan, sukaldeko soberakinekin zer egin azaltzen du. “Sukaldean beti sobera geratzen dira jaki piloa; orduan, izozgailuan sartzen dugu, eta hurrengo egunean labean edo mikrouhin labean berotzen dugu, eta kitto. Hori etxean ere gertatzen da. Nik proposatzen dut soberakin horiek probestuz plater berriak egitea”.

Bezeroei dagokionez, askotariko bezeroak dituzte jatetxean. Baina, Mujikarentzat, denak dira berdinak. “Bezero bat pozik ateratzen ez bada, guretzat porrota da hori. Horregatik, datorren bezeroa datorrela guk beti saiatu behar dugu kontent atera dadin”. Mujikarentzat ez daude herrialdekako ezberdintasunak, janariaren kasuan gustuak pertsonalak direla uste du. “Gure jatetxean, alemaniarrak, frantsesak edo hemengoak izan, guztiek eskatzen dituzte hemengo bertako platerak”.

Sukaldaritza ofizio gogorra da. “Horrenbeste ordu lanean egonda, ezin da familiarekin edo lagunekin nahi beste egon”. Hala ere, bere ofizioa maite du Mujikak. “Sukaldaritzako onena da bezero batek zeinen ongi bazkaldu duen esaten dizunean, jatetxetik pozik joaten direla ikustea. Hori da onena”. Aurrera begira, Estafeta kaleko jatetxe eta gastrotabernarekin jarraituko du Mujikak. Ez daki zenbat denboraz jarraituko duen, baina argi du sukaldaritzarekin lotuta jarraituko duela etorkizunean ere .

“Krisi ekonomikoa gehien atzeman duen sektoreetako bat da kulturarena” »

Astebete inguru da Javier Paz (Legazpi, Gipuzkoa, 1964) Nafarroako Kultur Kudeaketako Profesionalen Elkarteko presidente izendatu zutela. Azagrako kultur etxean egiten du lan. Dioenez, azken urteak kultur eremuan lan egiten dutenentzat zailak izan dir…

Ekin Erribera! »

Dendetako erakusleihoak negua iragartzen ari zaizkigu. Arropa lodiek eta oinetako sendoek oraindik ailegatzerik nahi ez dugun sasoirako gonbita egiten digute. Kolore eta forma berriek zirikatu egiten gaituzte gu, badaezpada ere, tentazioa uxatu nahian edo, txartela etxean uzten dugunok. Hartara, arratsaldeko eguzkiak oraindik islatzen duen argitasunetik begiak eskuekin babestuz eta sudurra kristalaren kontra joz begira-begira gelditzen gara.

Halaxe nengoen, bada, lehengo egunean gure herriko kirol-dendako eskaparateari begira, joan zen urteko neguan —merkealdi-garaian, dena esaten hasita— denda horretan bertan suertaturiko gertakaria burura etorri zitzaidanean. Adineko gizaseme batek eskularruak nahi zituela-eta, dendariak eskainitakoak ukitu eta probatzerakoan “qué goxos” esatearekin batera saltzaileak segidan gehitu zuen “goxo-goxoak, bai”, eta, horiekin bat eginez, hirugarren batek gehitu zuen, “sí, ricos-ricos”.

Haien guztien atzean nire txanda noiz tokatu zain nengoela, hizkuntza baten galtze-prozesuaren hiru maila une berean agertu zitzaizkidan. Aldi berean, gizonezko haren “qué goxos” gure ikasle askoren “me (h)a kanporau” eta antzeko esapideekin alderatu nuen. Garai eta arrazoi desberdinak direla medio, belaunaldi desberdinek topo egin dute bidegurutze horretan. Duela gutxi bertako hizkeraren euskal hiztun osoak galdu dituen herrian hizkuntza zaharraren arrasto eta ebidentzia garbi-garbiak dituen gazteleuska aditzen da; esan dezagun, gure ikasleen euskañolaren kontrako aldaera. Ondoko herrietako euskaldunek eta, AEKrekin batera, ikastolak eta D ereduak segitzen dute hornitzen Jose Fuertes, Weasthon sistemako telegrafista madrildarrak 1856an deskribatu zigun orduko herri euskaldun peto hura.

Nafarroako eremu ez-euskaldunean, ordea, euskara aspaldi galdutako eskualdean, askoz garestiago dute arestian aipaturiko dohatze-lana. 1986an Nafarroako Parlamentuak onartu zuen Euskararen Foru Legeak euskara berreskuratzeko babes eta sustapen-neurririk gabe utzi zituen herritarrak. Handik hogeita lau urtera, 2010ean, hain zuzen ere, lehenengo eta azkeneko aldiz aldatu zen aipaturiko legea, eta, gaur egun, eremu mistoan Iruñerriko beste lau herri daude. Garai hartako Hezkuntza kontseilaria zen Perez-Nievas jaunak adierazi zuen Nafar Gobernuak ez zeukala inongo asmorik Euskararen Foru Legea aldatzeko, Sanz jaunak berak ere Nafarroan euskara gai tabu zela esan baitzuen.

Harriturik, eta-edo lotsaturik, irakurri beharko lukete gure parlamentariek 1896ko urtarrilaren 11n Nafarroako Diputazioak Gipuzkoakoari bidali zion idatzia non, elkarlanean, Ley de Instrucción Pública zelako haren 74. artikuluan oinarrituz, nahita ez, maisu-maistra guztiek euskaldunak izan behar zutela konpromisoa hartzen baitzuten. Asmo on haren adibide gisa, lehenengo euskal poesia-lehiaketa Iruñean 1609an egin zenaren berri ere ematen dute idatzian.

Euskal Herriak, munduko herri guztiek bezala, bere eztabaidaezinezko hizkuntza-eskubideak zituela azpimarratzen zuten. Horretarako, euskara eta bere kultura bere horretan mantendu, goraipatu eta zabaltzeko neurriak hartuko zituztela ere ziurtatzen zuten. Oraindik gehiago: pentsamenduaren eta bere kultura-adierazpenaren artean jartzen den legea nortasunaren izaera suntsitu egiten zuela zioten eta, ondorioz, bidegabetzat har zitekeela. Eta honela argudiatu zuten, argudiatu ere: “Nafarren hizkuntza bazen, eta beti izango da euskara, lingua navarrorun, erreinu hau sortu zuen hizkuntza, Pirinioetatik Ebroraino, gure lurrean sustraituz”.

Eta horiguztia esan ondoren, esana gelditzen baita, gure lurra, “Pirinioetatik Ebrorainoko euskal lurra” dela dakigun honetan: Ekin Erribera! 1984tik Ebro ertzean lanean ari zareten Argi horiei, lege bidegabeak trabatu arren: Ekin Erribera, hau da zuen aukera. Oztopoak oztopo, etxean zein kanpoan: Ekin Erribera!