Imanol Lapeña: «Euskara eta kirola lotzea da helburua»

Imanol Lapeña: «Euskara eta kirola lotzea da helburua» »

Euskararen aldeko aldarria presente izango da San Fermin Txikiko jaietan. Laugarren urtez, Euskaraz bizi nahi dut lelodun lasterketaren lekuko izango dira Alde Zaharreko kaleak, bihar goizean. Euskalgintzako taldeek abiatutako lasterketa da; prestatzeko, ordea, Imanol Lapeña (Iruñea, 1963) Hiru Herri atletismo taldeko kidearengana jo zuten orain lau urte. Iñaki Mendiorozekin batera, lasterketaren prestaketarako logistikaz arduratzen da urtero Lapeña.

Dioenez, lasterketaren aurreko egunetan izaten dute lan gehien. Finean, “ongi eraman behar dira gauza guztiak, egunean, dena ongi atera dadin”. Besteak beste, lasterketarako beharrezkoa den materiala lortzeaz arduratzen da, bai eta ibilbidea markatzeaz ere, adibidez. Eskarmentua du horretan, Iruñerriko bestelako kros eta lasterketen antolaketan ere ibilia baita.

“Zerbait berezia egin nahi zelako” sortu zen 2012an euskararen aldeko lasterketa bat egiteko ideia. “Zerbait berezia, kirolarekin harremana izango zuena”. Izan ere, Lapeñak dioenez, “euskara eta kirola lotzea izan zen helburua lasterketa formatuan. Ez lehiatzeko, baizik eta parte hartzeko, eta, hala, egun eta festa polita sortzeko”. Data aukeratzerakoan, San Fermin Txikiko festekin batera egitea erabaki zuten, “jai giroan antolatzeko”. Eta bistan da asmatu zutela, “jendearen erantzuna eta sortutako giroa oso polita izaten delako”, Lapeñaren hitzetan.

Euskararen aldeko aldarrikapenerako kirola aukeratu izana ez da kasualitatea, Hiru Herri taldeko kidearen ustez. Are gehiago, kirolean, eta bereziki atletismoan, euskararen erabilerako potentzial handia dagoela uste du: “Kirolarena beste mundu bat da. Agian orain arte ez gara ohartu mundu horretan euskara erabiltzeko zenbat aukera dauden. Iruñean asko dira atletismo taldeak, eta horietan dabiltzan asko dira euskaldunak”. Horretaz gain, lasterketaren moduko formatuak jendea erakartzeko izan dezakeen gaitasunaz mintzo da Lapeña: “Jendea erakartzeko aukera polita da. Jendea mugitzeko gauza erraza da korrika egitea”.

Errezetak emaitza onak eman ditu orain arte. Aurretik egindako

hiru lasterketetan “oso giro polita” sortu izan da, Lapeñaren hitzetan. Partaideen kopurua ere “poliki-poliki” gora doa, “bai helduen eta bai umeen lasterketetan ere”. Eta orain arte behintzat, eguraldiak lagundu izan du, eta “hori oso garrantzitsua da”.

Guztira, 300 bat lagunek parte hartu ohi dute lasterketan. Ez da kopuru makala. Are gehiago, Euskaraz bizi nahi dut leloarekin Euskal Herriko beste hainbat herri eta hirietan egiten diren antzeko lasterketen artean, “jendetsuena” omen da Iruñekoa. Orain hiru urte, egun bakarrean egin ziren lasterketa horiek guztiak, 30 bat herritan. Orain, ordea, “hilabeteko epea” ematen zaie antolatzaileei, “herri bakoitzak hilabete horretan nahi duen data aukeratu dezan”.

Denetariko korrikalariak

Aniztuna izan ohi da euskararen aldeko Iruñeko lasterketan parte hartu ohi dutenen profila. Batetik, Lapeñak dioenez, “atleta onak izaten dira, Iruñerri ingurukoak, famosoak batzuk”. Horietako askok “entrenamendu modura” hartzen dute lasterketa. Antolatzaileak dioenez, Iruñerriko klub gehienetako —Lagunak, Ardoi, Pamplona Atletico, Ederki, Hiru Herri, Beste Iruñea, Berriozar…— kideak izaten dira lasterketan. Bestalde, krosa “oso herrikoia” dela dio Lapeñak, eta “edonork” parte har dezakeela. Aniztasun horrek egiten du lasterka “polita”.

Orain arteko erantzunari eustea izango da, aurten ere, antolatzaileen helburua. Horretarako ondu dute bost kilometro inguruko ibilbidea. San Frantzisko plazatik abiatuko da, 10:30ean. Eslava, Kale Nagusia, Udaletxe plaza eta Santo Domingoko aldapa igaroko ditu, Arrotxapea zapaldu aurretik. Curtidoresko zubitik ibaia zeharkatu eta ertzetik ibiliko da, Vergel zubira iritsi arte. Arantzadira eginen du salto handik, eta inguru horretan buelta eman ostean Zumalakarregiko atetik igoko da berriro Alde Zaharrera. Karmen, Navarreria, Mercaderes, Txapitela, Gazteluko plaza eta San Nicolas kaleak igaroko ditu orduan, eta San Migel kaletik iritsiko da berriro San Frantzisko plazara, han bukatzeko. 09:00etan jarriko dituzte izena emateko mahaiak. Puntual izateko eskatzen die Lapeñak korrikalariei.

Helduen lasterketaren ostean izango da haurrena, San Frantzisko plaza inguruko kaleetan. Aurten hiru talde osatuko dituzte antolatzaileek, adinaren arabera. Txikienek, 6 urtera arte, gurasoen eskuei helduta eginen dute lasterketa. 7 eta 9 urte bitartekoek haien lasterketa egiteko aukera izango dute, eta hortik gorakoei helduen lasterketan parte hartzeko aukera emango zaie, hala nahi badute. Dena bukatuta, zozketa eginen dute parte hartzaileen artean. Euskara eta kirola lotzeko aukera, bihar, edonoren eskura.

Aterpea atontzeko lanean

Aterpea atontzeko lanean »

Siriako gerraren ondorioz errefuxiatuen krisiak eztanda egin zuenetik, etengabeak dira gobernuz kanpoko erakundeek jasotzen dituzten elkartasun mezuak eta telefono deiak. Emateko asko ez, baina bihotza bete ilusio duen jendea da, hein handi batean, bere burua eskaini duena. Gainera, Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala errefuxiatuak hartzeko prest agertu zirenetik, gora egin du eskaintzen kopuruak, GKEen aurreikuspenak gainditzeraino. - Jarraitu irakurtzen...

Pedro Zabalza: «Askorako ematen dute sanferminek, topikoetatik at»

Pedro Zabalza: «Askorako ematen dute sanferminek, topikoetatik at» »

Iruñeko erraldoien konpartsako kideen parte hartzearekin taularatu zuten atzo Zabalzaren Gigante lana. Gaiarre Antzokiko sanferminei buruzko antzezlanen lehiaketan saritua izan da. - Jarraitu irakurtzen...

Nagusitik liderrera »

Uda igaro eta gero bueltan gara, baina ez gara berdinak, ez gaude berdinak. Nafarroan egindako azken hauteskundeetan izandako aldaketaren fruituak dastatzen hasiak gara jada, eta liburutegietan ere badugu zer ospatu.

Erran bezala, ez gaude berdinak, eta aldatu dena, preseski, Nafarroako Liburutegien Zerbitzuko burua izan da. Orain arte genuen nagusia kendu, eta aurrerantzean lider bat izanen dugu. Horren erranahia? Ezinbertzean, goitiko aldaketa horrek behitikoan izango duela eragin gehien, liburuzainengan, liburutegiengan eta herriarengan.

Azken boladan lanbide-kideekin ez dago bertze gairik: poztasuna, irribarreak, emozioa eta galdera andana bat: Zer aldatuko dute lehen? Nondik hasiko dira? Nola egingo dute? Galdera horietan guztietan pentsatzen aurkitu dut neure burua behin baino gehiagotan lanerako bidean. Goizean goiz, egun berriari hasiera ematen, liburutegira bidean, eta ametsetan, irribarrez…

Hau bertzerik ez, jada aldaketa nabaria da, eta eskertzekoa da arras. Liburuzain gazteenok aunitzen aditu izan dugu, eta helduenak beraien artean: “Zuek ez dituzue Nafarroako liburutegien garai onak ezagutu”, “(…) egin genuelarik han izan bazinate…!”, “oroitzen zara urtero jardunaldi haietan elkartzen ginenean? Formakuntza ikastaroak ematen zizkigutenean?”. Esaldi horiek guztia<k hainbat jenderi entzun izan dizkiot, baina batez ere orain buru dugun Asun Maestrori. Eta hortxe dago aldaketa. Hortxe irribarrea. Hortxe esperantza.

Txikitatik egon naiz liburutegien munduari lotuta, ama liburuzaina daukat, eta txikitatik Asun ezagutu. Etxean, ahizpa guztientzat da ezaguna, Iruñera joaten ginenean beti han baitzegoen, lan eta lan. Nire oroitzapenetan atzera eginda, beti lanez lepo agertzen zait, gauza berriak aztertzen, liburutegiei bultzada berri bat nola emango pentsatzen… Eta dena beti umiltasunez eta goxotasunez, “izeba Asun” izango balitz bezala.

Hazi nintzen, Bibliotekonomia eta Dokumentazioa ikasi nuen, Asnabin (Nafarroako Liburuzainen Elkartean) sartu nintzen. Eta Asunek han jarraitzen zuen, lehendabiziko lerroan beti bezala, kalitatezko liburutegi zerbitzu baten alde, hitzaldi, jardunaldi, ikastaro, greba eta herri aldarrikapenetan. Joan den ekainean Asnabiren 20. urteurrena Iruñeko Gazteluko plazan ospatu genuenean, han izan ginen Asun eta biok berak aukeratutako ipuin bat bion artean jendeari kontatzen.

Aurrerantzean geure burua izanen dela errateko, Benedettiren hitz batzuekin hasi zuen bere eskutitza, Alizia lurralde miresgarrian-en pasarte batekin batera. Ofizioa ezagutu eta, batez ere, maite duenaren seinale bikaina. Lider izatera datorrena, nagusi izango ez dena. Liburuzainak gogotsu gaude; herriak merezi duen kalitatezko liburutegi zerbitzua eskaintzeko bidean lehen pausoak ematen hasiak gara.

Hamaika kultura, hamaika kolore »

Kolorez eta danbor hotsez beteko dira bihar Iruñeko karrikak. 11 Kolore Fest jaialdia atondu du, bigarrenez, EH 11 Kolore taldeak, eta hiriburua hamaika jatorritako herritarren bilgune bihurtuko da. Ijito herriko hainbat ordezkarik jaurtiko dute suziria —18:30ean, Udaletxe plazatik—, eta Ekialde Hurbileko errefuxiatuak ere izanen dituzte gogoan. Danbor martxak, dantzaldiak eta gastronomia uztartuko dira egitarauan.

Herritarrengandik “gertuegi” »

Iruñeko hiltegia lekuz aldatzeak ika-mika piztu du Noain, Beriain eta Getzeko (Galar) bizilagunen artean. Orkoiengo errepidean, Iruñeko mugen barruan dago egun enpresa hori, eta urteak daramatza egoitza nagusia lekuz aldatzeko asmoarekin. Asmo hori begi onez ikusi zuen bere garaian Iruñeko Udalak, eta martxan jarri zuen prozedura. Hasiera batean, hiltegia Iruñetik ateratzeko epea 2014ko abenduaren 31n ezarri zuten. Iazko urrian, ordea, 2016ko abenduaren 31ra arte luzatu zuten epe hori. Ordurako beste leku batean beharko du enpresak, bere jarduerarekin jarraitu nahi badu.

Beste leku hori Getzeko herrigunetik eta Beriain zein Noaingo udalerrietatik gertu dago, eta horrek sortu du inguruko bizilagunen haserrea. Galarko Udalak Getzeko Meseta industrialdean —19.000 metro koadroko eremuan— instalazioak eraikitzen hasteko baimena eman zion hiltegia kudeatzen duen Protectora de Carnes SLU enpresari, joan den ekainaren 2an. Prozeduran izandako balizko hutsegiteen inguruko kritikak zirela-eta, bere burua defendatu zuen udalak: legea goitik behera bete izana defendatu zuen, eta AESA Espainiako Aire Segurtasun Agentziaren zein Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritzaren baimenak zituela argudiatu zuen.

Bizilagunak, ordea, kexu dira, hiltegia haien etxeetatik gertuegi eraikiko delako. Getzeko lehenengo etxeetatik 400 metro ingurura egongo dira instalazioak, Beriaindik 900 metrora, eta Noaindik 1.000 metrora baino gutxiagora. Hiltegiak eragingo duen kutsadurak kezkatzen ditu. Batetik, hondakinek hegazti sarraskijaleak, karraskariak eta intsektuak erakarriko dituztela uste dute. Bestetik, jarduerarako beharrezkoa den uraren kutsadura aurreikusten dute. Gainera, fabrikak airean eragin dezakeen kutsaduraz eta, bereziki, usainaz kexu dira.

Hori guztia dela eta, hiltegiko proiektuaren aurkako plataforma osatu dute kaltetuak izango diren herritarrek. Plataforma horretako bozeramaileetako bat da Rafa Ruda. Hasieratik argi utzi nahi du bere taldearen aurkakotasunaren oinarria: “Hiltegiaren kokapenaren kontra baino ez gaude. Gure plataforma ez dago hiltegiaren industriaren kontra, ez eta ganaduzaleen kontra ere. Oraingo egitasmoak duen kokapenaren kontra gaude”. Dioenez, frankismo garaian bazen halako industrien kokapena arautzen zuen legedirik; horren arabera, populazio eremuetatik gutxienez bi kilometroko distantziara kokatu behar ziren hiltegien instalazioak. Gaur egun, ordea, ez dago halakorik. Hortaz, “mota horretako industriak herrietatik hain gertu eraikitzeak herritarrentzako ezinegona” dakarrela uste du plataformako kideak.

Ez da hor bukatzen herritarren beldurra. Gaur egun, Iruñeko hiltegiak Arabako erraustegi batera bidaltzen ditu haragi hondakinak, bertan erre daitezen. Baina hori alda daitekeela uste dute herritarrek: Europako Batasuna arautegi aldaketa bat aztertzen ari da, hondakinak sortzen diren leku berean erre daitezen. Horrek, hiltegiarekin batera, erraustegi baten eraikuntza ekarriko luke, eta, ondorioz, baita “pertsonen osasunean kaltea” ere, Rudak dioenez. Badute zalantzarako arrazoi bat, gainera: batetik, instalazio berrietara egungo produkzioaren %20 baino ez eramatea aurreikusten du proiektuak, Rudak dioenez. Baina, bestetik, egitasmo berriak langile gehiago eta ordutegi zabalagoa izango du. Eta kontraesana ikusten du Rudak bi gauzen artean: “Ekoizpenaren %20 baino ez badu jasoko baina, aldi berean, ordu gehiagoz eta langile gehiagorekin arituko bada, zertan ibiliko dira?”.

Oraingoz, herritarren susmo hori ukatu dute agintariek, ziurtatuz erraustegirik ez dela eginen. Baina ahoz baino gehiago “idatziz eta prentsaurreko batean” nahi du baieztapena Rudak.

Erabakiaren zain

Oraingoz, proiektuaren aurkako mobilizazioak abiatu ditu hiltegiaren aurkako plataformak. Uztailaren 4an, elkarretaratzea egin zuten Nafarroako Jauregiaren aurrean, eta, joan den astean, egitasmoaren aurkako 4.000 sinadura inguru aurkeztu zituzten Nafarroako Gobernuaren Tokiko Administrazio departamentuan. Herritarren babesaz gain, Beriaingo eta Noaingo udalen eta Getzeko kontzejuaren laguntza ere jaso dute, baina aurka dute Galarko Udala. Abuztuaren 25ean, gainera, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentearekin bildu ziren. Bileratik “oso gustura” atera zen Ruda, “interes handia” erakutsi zuelako Aznarezek.

Orain, Nafarroako Gobernuak proiektuari buruz hartuko duen erabakiaren zain daude herritarrak. Rudak dioenez, gobernu berriak erabakia irail erdialderako hartzeko konpromisoa erakutsi zien. Laster jakingo dute, beraz, zein den gobernuaren jarrera. Eta horren arabera erabakiko dute mobilizazioei eutsi edo, “arazoa betiko bukatzen bada, plataforma desegitea”.

Joseba Asiron: «Ez dugu anekdotikoak izateko asmorik; aldaketa iraunkorra nahi dugu»

Joseba Asiron: «Ez dugu anekdotikoak izateko asmorik; aldaketa iraunkorra nahi dugu» »

Aldaketa politikoa Iruñeko Udalera iritsi zenetik, ehun egun igaroko dira hilaren bukaeran. Ordutik, lehen urratsak egin ditu Joseba Asironen lantaldeak, gizarte gaietan, herritarren parte hartzean eta euskararen normalizazioan, besteak beste. - Jarraitu irakurtzen...

Iritzia: “Euskaldun zintzoak” »

Duela gutxi, lankide batekin hizketan ari nintzela, ergelkeria bat erran nuen. Tira, ezagutzen nauzuenok badakizue ergelkeria anitz erraten dudala minuturo eta, beraz, hori ez dela albiste. Baina adierazi nahi dut ergelkeria bat erran nuela eta berehalaxe ohartu nintzela haren izaera ergelaz.

Toki bateko zuzendariaz ari ginen hizketan eta solaskideak aipatu zuen nola bere langileak ez zeuden harekin batere gustura. Eta, hara non, zuzendariaren zintzotasuna agerian uzteko-edo, nik zera bota nuen: “Baina euskalduna da, ez?”.

Badakit anai-arreba bizkaitar zein gipuzkoarrei Marteko kontua irudituko zaiela hauxe, baina orain arte, nire xalotasunean, pentsatu izan dut Nafarroa Garaiko euskaldun zapaldu guztiak pertsona onak eta zintzoak zirela. Gutarrak. Edo nitarrak, nahi baduzue. Hala, Nafarroan euskalduna izatea mundua ikusteko modu jakin batekin lotu izan dut beti. Baziren salbuespenak, noski; nik zer dakit, Begoña Sanzberro UPNkoa, adibidez; baina araua nahiko orokorra zela uste nuen.

Baina, horretan ere aldaketa gertatu da. Euskalerria irratiaren kolaboratzaileen erdiak erakundeetako boterea hartu duen honetan, Nafarroako Gobernua goi kargudun euskaldunez betetzen hasi da. Jakina, horrek berebiziko bulkada emanen dio zu eta biok orain partekatzen ari garen hizkuntza honen prestigioari. Baina bertze edozein esparrutako erabaki politikoei dagokienez, goi kargudun horiek euskal hiztunak izateak ez digu haiei buruzko batere pistarik ematen.

Nafarroako Gobernuko lehendakaria bera, Parlamentukoa, hainbat kontseilari, hainbat zuzendari nagusi, hainbat kabinete buru, hainbat atalburu… Nor-nori-nork primeran jokatzeko gai dira —akaso, Nor-nork sistemarekin arazo handiagoa izanen dute—. Eta hala ere, ziur naiz nire gustukoak ez diren erabaki asko hartuko dituztela, edota nire gustukoak direnak hala-hola hartuko dituztela.

Alde batetik, arraroa egiten zaigu zuzenean edo zeharka ezagutzen dugun jendea munta handiko erabakiak hartzen ikustea. Baina, bertze aldetik, atsegina da FMko 91.4an entzun izan ditugunak orain botereguneen bozgorailuetatik entzutea. Horixe baita aldaketa. Eta hizkuntzaren normalizazioa.

Bustiko naiz. Geroa Bai eta EAJ gauza bera ez direla mantra moduan errepikatu duten horietakoa nauzue, jakin baitakit Uxue Barkosek gidatzen duen koalizioan badirela beren buruak ezkertiartzat dituzten pertsonak. Baina Geroa Bai gobernatzen hasi da eta, zoritxarrez, EAJren pentsamolde eta jokabide zenbait erakutsi ditu dagoeneko —bertzeak bertze, sozialistengana hurbiltzeko gogo etengabea eta EH Bildurekin elkarlanean ez aritzea—.

Euskaldunek Neguko Jauregia hartu dutelarik, ulertu dugu euskaldunak Nafarroan ez direla homogeneoak eta, areago, aurkakoak ere izan daitezkeela. Baina hetereogeneotasun horretan, benetan gauza tristea litzateke Geroa Bairen eta EH Bilduren arteko lehiak aldaketaren gobernua ataka estuan jartzea. Nahiz eta euskaraz egin.

Pobreziaren kontrako neurriak, abian

Pobreziaren kontrako neurriak, abian »

Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria eta Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordea pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurkako sareko 30 erakunde ingururekin bildu dira, arlo horretan Nafarroan dauden gabeziak mahai gainean jartzeko, eta b…

Jazar, autoedizioaren topaleku

Jazar, autoedizioaren topaleku »

Kultura eta sormen alternatiboaren aldeko bidean, Iruñeko Jazar gunea ezinbesteko geltoki bihurtu da. Gaur eta bihar, Pumpk Lehen Autoedizio Festibala eginen dute: proiektu independente eta autogestionatua, sortzaile eta editore txikien arteko topagune izateko helburuarekin. Erakusketak, kontzertuak, tailerrak eta mahai inguruak eskainiko dituzte bi egunotan, Etxabakoitz auzoko egoitzan (Arostegi etorbidea, 12).