Euskaldunei ahoa ez ixteko »

Eskasa. Bidegabea. Itxuragabea”. Hala definitzen dute Nafarroako euskalgintzako hainbat eragilek Nafarroako Gobernuak garatzen duen hizkuntza politika. Euskararen kontrako erasoak ahalbidetzen dituela diote. Eta “arrotz” gisa tratatzen dituela nafar euskal hiztunak. Horregatik, mobilizatzeko premia sentitu dute. Biharko, larunbatarekin, manifestaziora deitu dute, 17:30ean, Iruñeko Antoniutti parketik abiatuta. Zonifikazioa egitea, D eredua “kakazten ahalegintzea”, ETB sare digitalean ikustea debekatzea, euskaltegiak diru laguntzarik gabe “itotzea”, eremu euskaldunetako udalerrietan zerbitzuak euskaraz ez ematea… Diotenez, asko dira protesta egiteko arrazoiak.

Eragileek ez ezik, euskalgintzaren inguruko norbanakoek ere iragarri dute mobilizazioa. Nafarroako Hitza-k deitzaileetako zortzi elkarrizketatu ditu, hiru galderaren bidez nork bere esparrutik azal dezan zein den euskararen egoera.

ANGEL ERRO

Idazlea

“Idazketan nahi luketen luma gazteak bide gabe utzi ditu hizkuntza politikak”

1. Ongi edo oso ongi, kontuan hartzen badugu Nafarroako Gobernuak aurrera daraman hizkuntzaren politikak nabarmenki herrialdearen hizkuntzetako baten kontra jardutea bada. Alde horretatik, aitortu behar zaio ezin hobeki ari dela. Beste kontu bat da herrialdearen hizkuntzetako baten kontra nabarmenki aritzea etikoa ote den. Eta argi eta garbi, jarrera onartezina da.

2. Literaturan jardunda, nago euskararen aurkako edozein politikak eragiten duela. Baina, zuzenean, aldizkari eta prentsa eta oro har euskarazko hedabideei kendu zaien oxigenoak, hala nola zuzenean sorkuntzari eta argitaletxeei laguntzarik ez bideratzeak, idazketan nahi luketen luma gazteago eta berriak bide gabe utzi ditu.

3. Argi dago UPNren gobernua agintean dagoen bitartean ez dagoela zer eginik. Inoiz ez da zer eginik egon, baina gero eta argiago dago euskararen atzerakada beste gobernu batek geldiarazi beharko duela —atzerakada hasi da; izan ere, aurten euskal ereduen matrikulazioa jaitsi da—. Beste kontu bat da nola ekin beharko dion balizko gobernu berriak galdutako eskubideen berreskurapenari, galeraren erritmo geldo eta tai gabean, edo behin betiko.

HELIOS DEL SANTO

AEK

“Euskaltegien diru laguntzak erdira murriztu dituzte azken hamarkadan”

1. Babes juridikoa, zonifikazioa eta Euskararen Legea ikusita, eskasa da. Guztiz desegokia da, ezaguna, historikoa, eta arazo kroniko bat bihurtu dena. Euskalgintzatik aztertzen dugunean, argi dugu babes juridikoa ez dela nahikoa Nafarroan. Berezko hizkuntza ez da ofiziala hainbat eremutan, hiru zonifikazio existitzen dira…

Jardun politikoa aztertuko bagenu, ez da gai izan desegokia den Euskararen Legea bere horretan garatzeko ere. Berezko hizkuntzaren garapenaren kontra aritzen den jardun politikoa ezagutu dugu hamarkadatan.

Aurrekontuei dagokienez, krisiaren garaian, ederki baliatu dute aitzakia, baina oparotasun garaietan ere, duela sei-zazpi urte, aurrekontuak handitzen zirenean ere, murrizketak egiten ziren euskararen arloan.

2. Berrogei urte daramatzagu herritar helduei euskaraz ikasteko eskubidea bermatzen. Euskararen legeak jasotzen du bigarren artikuluan erabiltzeko eta ezagutzeko eskubidea. Gu hori bermatzen aritzen gara. Izan ere, murritza da administrazioaren apustua helduen euskalduntzean. Horri aurre eginez, ezinbesteko ekarpena egin dute IKAko zein AEK-ko euskaltegiek: 70 bat auzo eta herritan ari gara lanean, eta milaka lagun pasa dira gure klaseetatik.

Baina gobernuaren aldetik ez dago inolako planifikaziorik. Ez dago administrazioaren eta euskaltegien arteko hartu-emanik, ez mahairik, ez plangintzarik. Sustapenaren aldetik hutsaren hurrengoa da. Diru laguntzak azken hamarkadan erdira murriztu dituzte, eta azken bi urteetan beste %40. Gainera, 2013an eta 2014an aurrekontuetan kopuru bat egonda ere, ez digute oraindik eman.

3. Euskal komunitateak eusten dio eguneroko jardunari, eta hori azpimarratu behar da. Milaka lagunek jotzen dute euskaltegietara euskara ikasi nahian, euskarazko kultur sorkuntza eta aisialdia hor daude… Hori bada zerbait.

Hala ere, argi dago Nafarroan bestelako hizkuntza politika behar dela. Gobernu honen eraso zerrenda amaigabeari amaiera emateko eta hizkuntza politika eraginkorra garatzeko. Aldaketa politikoa egonda ere, euskarak behar du hizkuntza politika berria, planifikatua, helburuekin, aurrekontuekin… herri gogoa elikatuko duena.

AIORA EPELDE

Sortzen

“D ereduko ikastetxeak diren espazio berezi horiek galtzeko arriskua daukagu”

1. Euskara txikitzeko estrategia bat da. Eraso egiteko garatu dute. Adibide asko jar ditzakegu: zonifikazioa: horren arabera, Nafarroako herritar askori euskaraz bizitzeko eskubidea kendu egiten diete, eta gainontzeko eremuetan ere ez dute ziurtatzen; helduen alfabetatzean dabiltzanei diru laguntzak kendu dizkiete; euskal hedabideak ere gaizki daude… Oztopo latzak jartzen dizkigute.

2. Euskarazko irakaskuntzari dagokionez, kontra egiteko prestasuna dauka gobernuak. Hor kokatu behar dugu abenduan D ereduko irakasleen kontra Guardia Zibilak zabaldutako txostena.

Bestalde, Izquierda-Ezkerrak mozio bat aurkeztu zuen ikastetxeetan eredu guztiak partekatzeko. Onartu zen, eta UPN oso pozik dago. Bat-batean, orain, ikastetxe batean nahas ditzakete A eredua, B eredua, ingelesezkoa.. D ereduko ikastetxeak diren espazio berezi horiek galtzeko arriskua daukagu.

3. Herritarren mobilizazioa da inportanteena. Eskubideak ziurtatu behar ditugu. Euskalgintza osoari dagokio proiektu zehatz batzuk martxan jartzea, mezu baikor batekin. Hala, urratsak egiten jarraituko dugu normalizazioaren bidean.

JULIO SOTO

Bertsolaria

“Nafarroako Bertsozale Elkartea ataka larrian dago; diru laguntzak urriak dira”

1. Garbi ikusten da euskararen kontrako erasoa dela. Euskararen erabilerari kalte egiteko egin dute.

2. Batetik, udaletxeek aurrekontu urria jasotzen dute euskara sustatzeko; beraz, bertso saioetarako ere diru gutxi eman dezakete. Bestalde, Nafarroako Bertsozale Elkartea ataka larrian dago; jasotzen dituen diru laguntzak geroz eta urriagoak dira, eta aurreko urteari dagozkion laguntza batzuk oraindik jasotzeko zain dago. Eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak daukan proiektua interesgarria eta beharrezkoa da gurean euskara sustatzeko.

3. Lehendabiziko pausoa da kalean presioa egitea. Alegia, Nafarroako Gobernuari politikak eta jarrerak debalde atera zaizkio. Baina, orain, sektore batzuek aurre egiten diote. Era berean, gobernu aldaketa ere ezinbestekoa da.

IÑAKI LASA

Euskararen Gizarte Eragileen Kontseilua

“Euskara galaraztea da hizkuntza politikaren xedea”

1. Hizkuntza bat biziberritzeko behar diren baldintza guztien kontra jotzen du. Hezkuntza alorrean, D eredua ahultzeko politika du. Euskalduntze alfabetatzean, itotze ekonomikoaren politika aplikatzen du.

Azken 30 urteetan, ez da egon administrazioa euskalduntzeko inongo plangintzarik. Euskararen normalizazioa eragozten du; euskara galaraztea da politika horren xedea.

2. Kontseiluak hizkuntza normalizazioa sustatu nahi du. Gobernuak, baina, oso hizkuntza politika irmoa du. Oso garbi ditu bere helburuak. Argi du hizkuntza hau ez duela normalizatzen utzi nahi.

3. Hizkuntzaren gatazkak botere gatazkak dira. Boterea baldin baduzu, normalizazioaren bidean jartzen duzu, eta aurrera egiteko aukera duzu. Baina, instituzioez gain, gutariko bakoitzak dauzka botere guneak nork bere bizitzan. Adibide bat jartzearren, D eredua hautatu duten guraso guztiek, haiek ere euskararen aldeko apustua egingo balute… Nafarroako Gobernuak egin dezake nahi duen hizkuntza politika, baina guk emango genukeen aurrerapausoa… ikaragarria izango litzateke!

Horrez gain, hemen beharko genukeena da hizkuntza politikaren aldaketa, eta gobernua ez bada aldatzen, ezinezkoa da. UPNrekin ez dago zereginik. Eta hizkuntza axola bazaigu, maite badugu, horren kontziente izan behar dugu. Mezu positiboa da deus ez dagoela galduta. UPNk hizkuntza politika zital hori abian badu ere guk ere baditugula gure botere guneak. Badugu istorio honi buelta emateko aukera!

GARBIÑE PETRIATI

Hizkuntz Eskubideen Behatokia

“Zerbitzu publikoetan sumatu dute hizkuntz eskubideen urraketa herritarrek”

1. Euskaldunon eta euskararen presentzia desagertzeko politika izan da, gu ikusezin bihurtzeko. Euskararen Legea bera murritza da, baina Nafarroako Gobernuak lege horren are irakurketa mugatuagoa egiten du.

2. Guk hizkuntza eskubideen urraketen harira lan egiten dugu. Zerbitzu publikoetan sumatu dute urraketa herritarrek. Hezkuntzan, adibidez, agerikoa izan da eremu ez-euskaldunean herritarrek duten egoera. Osasun arloan, profesional erdaldunak eraman dituzte eremu euskaldunetara. Administrazioaren politika erdalduna da. Erdara hutsean daude kartelak, panfletoak… Begi bistatik kendu nahi gaituzte euskaldunok.

3. Ezinbestekoa da nafar guztioi hizkuntza eskubide berberak aitortzea. Eskubide horiek onartuta, errealitate bihurtzeko neurriak eta baliabideak eskaini beharko dituzte.

Gauzak beltz badaude ere, jendeak egiten du ahalegina. Herritar asko saiatzen da joaten den tokira joaten dela euskaraz eskatzen.

GORKA IRIARTE

Euskal Herrian Euskaraz

“Nafarroako euskalgintzak indar berezia dauka, baina jasanezina da itolarria”

1. Euskararen normalizazioarekin eta euskaraz bizitzearen aldeko urratsekin amaitzea da hizkuntza politikoaren helburua. Kaxkarra da. Egoera larria da. Jasanezina da, itotze larrian utzi nahi gaituelako euskalgintzako eragileak, eta euskararen aldeko mugimendua, orokorrean. Mesede gutxi egiten digu, eta gainera, oldarkorra da.

2. Guri Euskal Herrian Euskaraz eragile autogestionatu bat izanda, ez digu eragiten. Dena den, egia da normalizazioaren bidean dirua behar dela.

Diru laguntzen beharra dago. Nafarroako euskalgintzak indar berezia dauka, egoerak bultzatuta, baina jasanezina da itolarria. Bai euskalduntzearen eremuan, baita hezkuntzan ere. Hedabideei dagokienez, EITBrena adibidez, ikusi ezin izatea… Eta hedabide txikiek ere ez dute irauteko beharko luketen diru apurra.

3. Euskalgintzaren borondatetik abiatu beharko genuke hasteko. Lanerako gogo izugarria dago, planteatzen diren erronkei erantzuteko. Orain dagokigun lana da euskaldunon aktibazioa bilatzea. Eta ez bakarrik erasoei begira, euskaraz bizitzeko dugun premiari begira baizik. Kontzientzia hori behar dugu. Areagotzea, hori indartzea dago oinarrian; hori egituratzeko gai bagara, hutsuneak konpontzeko indarrez gai izango gara. Eragile zein norbanakoetatik abiatuta.

Bestetik, gobernuan borondate politikoa behar da; kolore ezberdinetako alderdiak egonda ere, konpromisoa behar dugu.

JUAN KRUZ LAKASTA

Euskalerrria irratiko kazetaria

“Hizkuntza gutxituan ari den irratia izanda, diskriminazio positiboa egin behar ligukete”

1. Egiatia. Kontsekuentea. Garai batean zioten euskara maite zutela eta arazoa zela abertzaleek euskara politizatu egiten zutela. Aurelio Artetarekin-eta lema kolpea eman zuten, euskara baztertzailea zela esaten hasiz.

Ziaboga osoa amaituta, orain mozorroa kenduta ari dira euskararen aurka, lotsagabeki, euskarazko hedabideei zein euskaltegiei laguntza guztiak ukatuz, irakaskuntzan atzerapausoak emanez…

2. Euskalerria irratiaren kasuan, hizkuntza gutxituan ari den irratia izanda, diskriminazio positiboa egin beharko lukete gurekin, baina negatiboa egiten dute. Irrati erdaldunak baino baldintza kaskarragoetan ari gara, lizentziarik eta publizitate instituzionalik gabe. Kalte latza da hori. Baina denak du bere alde ona, baita horrek ere.

Nafarroako Gobernuaren erasoek nolabait ere indartu egin gaituzte: batetik, bestelako finantzabideak, publizitatea, bazkidetza lantzera bultzatu gaituztelako; eta, bestetik, irratia sostengatzen duen komunitatea bizkortzen eta trinkotzen dutelako.

3. Gobernu aldaketarik ez dagoen bitartean zaila izanen da. Hori horrela, egiten digutenekin kezkatu behar dugu, egiten digutenari erantzun behar diogu. Baina ezin ahantzi zer egin dezakegun guk. Maizegi objektu bezala ikusten dugu geure burua. Eta subjektu ere izan bagarela ahantzi egiten zaigu.

“Iruindar guztiok ez ditugu eskubide berak; batzuoi betoa jarri digute” »

Iruñea. 2010eko uztailaren 6a. Txupinazorako minutu batzuk falta zirela, gazte talde batek ikurrin handi bat sartu nahi zuen Udaletxeko plazan. Baina, hainbat udaltzain gazteri oldartu zitzaizkion, ikurrina kentzeko. Istiluetan, beirazko botila batek Jose Carlos Arranz Madrilgo gaztearen buruan jo zuen, eta oso zauri larriak eragin zizkion. Zazpi hilabete geroago, Iruñeko Udaltzaingoak hamahiru pertsona auzipetu zituen. Atxilotu horietako bat da Aitor Sola (Iruñea, 1990), eta zigortu egin dute. Sei egunez une oro lokalizatua egon eta 300 euroko isuna ordaindu beharko du. Iazko apirilean, Solarekin batera sanferminetan errepresioa pairatu zuten hainbat lagun elkartu ziren, “eskubide urraketak salatzeko”, eta Iruñea Askatasunez taldea osatu zuten. Hiri eredua aldatu nahi dute. Bihar, txupinazoko zigorrak salatzeko manifestazioa egingo dute, 17:30ean, Iruñeko autobus geltoki zaharretik.

Atera berri da 2010eko sanferminetako txupinazoko epaia. Zein izan da emaitza?

Epaiketa egin eta lau hilabetera atera da sententzia. Epaitu gintuzten hamahiru pertsonetatik zazpiri ezarri diete espetxe zigorra. Lauri urtebete eta bi hilabeteko espetxe zigorra jarri diete, beste biri urtebete eta lau hilabetekoa, eta azkenari hiru urte eta erdikoa. Horrez gain, beste bost lagunek sei egunez une oro lokalizatuta egon eta 300 euroko isuna ordaindu beharko dugu.

Helegitea aurkeztuko duzue?

Bai, espetxe zigorra duten zazpi pertsonetatik bostek jarri dugu helegitea. Horretarako, Espainiako Auzitegi Gorenera jo dugu. Hortik aurrera, beste hogei egun ditugu helegitea idazteko eta aurkezteko. Hala ere, udalak eta fiskalak ere errekurtsoa jarri dute. Udalak ezin du guretzat zigorrik eskatu. Epaileak bere gain utzi duelako gizarte erantzukizun subsidiarioa. Beraz, helegitea ezarriz gero gizarte erantzukizuna kentzeko eskatuko dute, kalte-ordainak botila bota zuenak ordaindu ditzan. Fiskalaren errekurtsoa, ordea, zigorren ingurukoa da.

Beraz, botila bota zuen pertsonak, hiru urte eta erdiko espetxe zigorraz gain, kalte-ordainak ere ordain ditzake?

Bai, printzipioz hark ordaindu beharko ditu kalte-ordainak. Baina ezin badu ordaindu, erantzukizuna udalarena da. Hau da, zigortutako gaztea kaudimengabea bada, udalak ordainduko ditu kalte-ordainak. Momentu honetan, zigortutako gaztea lanean ari da; beraz, hilero diru kopuru zehatz bat kendu beharko liokete.

Zenbatekoak dira kalte-ordainak?

Azken epaia atera arte ez da zehaztuko ordaindu beharrekoa. Madrilgo gaztearen familiak 340.000 euro eskatzen zituen, eta fiskalak, 150.000. Familiak tratamenduarekin jarraitu nahi du, eta, horretarako, dirua behar dute. Baina orain Espainiako Auzitegi Gorenera jo dugunez, urteak iraun dezake epaiak. Familiari, gainera, komeni zaio udalak izatea erantzukizuna. Zigortutako gazteak ezin izango duelako ordaindu eskatzen duten guztia.

Madrilgo gaztearena gertatu izan ez balitz epaiketa izango zenutela uste duzu?

Guk uste dugu ezbehar hori gertatu izan ez balitz dena bere horretan geratuko zela. Udaltzainek egindakoa euren eginbeharretatik kanpo dago erabat. Txupinazoan gertatutakoa gu kriminalizatzeko erabili dute. Guk beti esan dugu asko sentitzen dugula Madrilgo gaztearekin gertatutakoa. Hark aitortu digu uste duela errua udaltzaingoarena dela. Hark badaki udaltzainek beste modu batera jokatu izan balute ez zela egoera horretan egongo. Guztiok gara biktimak; hura da larriena, baina oso larria da ikurrin bat ateratzeagatik pertsona bat espetxera joatea ere.

Azken urteetan, hainbat tirabira izan dira ikurrinarekin; badirudi eztabaida piztu dela gizartean.

Txupinazoaren egunean, era batean edo bestean beti egon da ikurrina udaletxean. Baina Barcinarekin dena aldatu zen. Urtero tirabiraren bat egon da, baina 2010ekoa berezia izan zen. Hortik aurrera, dena increccento joan da. Jendeak ikurrina atera nahi zuen, eta haiek ezetz. Hurrengo urtean, udaltzain bat atera zen ebakigailuarekin ikurrina mozteko. Imajinatu ezazu zer gerta daitekeen uztailaren 6an, Udaletxe plazan, ebakigailu batekin. Azken urtean arrantzale bizardunena izan zen. Gertaera horien ondorioz, hainbat dinamika sortu dira. Jendea hasi da esaten: “Zer gertatzen da ikurrinarekin? Jende pila bat gara ikurrina nahi dugunak. Betoa jartzen ari zarete; ez gaituzue errespetatzen”. Eskubideak ez direla errespetatzen ikusi dute herritarrek. Jendea ikurrinarekin identifikatzen bada, zergatik ezin du atera?

Ikurrin handien arazoa segurtasun arazoa dela dio udalak.

Hori aitzakia baino ez da. UPNk ez du inoiz onartuko ikurrinaren aurkako kriminalizazioa eta jazarpena dagoenik. Aitzakiak erabiltzen dituzte, kolpeak eta jipoiak gertatzen direla diote. Beldurraren politika egiten ari dira. Ez da soilik ikurrina: “Euskaldunak datoz. Ikurrina inposatu dute, eta, gainera, ostiak emango dituzte”. Hori da euren jokoa. Badakite nondik datorren kontraboterea, eta jendea beldurtu nahi dute: “Kontuz euskaldunekin; oso gaiztoak dira, eta izorratuko zaituztete”.

Ikurrinaren epaiketen harira sortu duzue Iruñea Askatasunez taldea?

Bai, sanferminetan errepresioa jasan genuen hainbat pertsona elkartu ginen. Baina segituan jabetu ginen arazoa askoz ere sakonagoa zela. Eskubideak urratzen dira. Iruindar guztiok ez ditugu eskubide berak; batzuoi betoa jarri digute. Baina beste guztiek duten eskubide eta zilegitasun bera dugu. Arazo pila dago, gabezia handiak baitaude hainbat esparrutan: besteak beste, emakumeekin, migratzaileekin eta euskararekin. Bestalde, sinboloen legea onartu zuten, baina Rodezno kondearen plazak eta Erorien monumentuak bertan jarraitzen dute, frankismoaren ikurrak oso ondo zaintzen baitituzte. Egoeraren argazki orokorra egin nahi dugu. Guztion eskubideak errespeta daitezen. Inori ez zaio komeni iruindarrok elkarrekin mokoka bizitzea.

Autismoaren elkarteekin elkarlanean ari da gobernua »

Nafarroako Autismo Elkartearekin eta Adimen Urritasunaren Elkartearekin bildu da Nafarroako Gobernua, autismoaren inguruko politikak garatzeko orduan elkarlana sustatzeko. Gizarte Politika Departamentuak esan du aurrerantzean bi elkarteen iritziak jas…

EUSKAL LITERATURAREN ‘L’ HANDIAK »

“Ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea”, zioen Xabier Letek. Haren aburuz, poetak ez dira politikariak, ez moralistak, ez historialariak, ez soziologoak, ezta filosofoak ere. Ez dira ezer, soilik denetarik apur bat. Baina Antton Valverderen eta Angel Lertxundiren ustez, omentzekoak dira. Horregatik, Hiru L: Lauaxeta, Lizardi eta Lete poema musikatu irakurtaldia egingo dute asteartean, 20:00etan, Iruñeko Planetarioan.

“Osasunbideko buruek ez dute inolako planifikaziorik” »

Jon Apalategi (Ikaztegieta, 1957) familia medikua eta ELA sindikatuko kidea da. Iturramako osasun etxean lan egiten du. Osasunbideak egiten dituen politikak salatzeko sartu zen duela urtebete Nafarroako Osasun Plataforman. Egun, plataforman bat egiten dute hainbat sindikatuk, gobernuz kanpoko erakundek, gizarte mugimenduko kolektibok eta gaixo elkartek. Euren helburua: “Osasun sistema publikoaren aurkako erasoaren inguruko iritzi kritikoa sortzea eta gizartea mobilizatzea”. Hileko azken asteazkenean elkarretaratzea egiten dute osasun etxeen aurrean, eta laster mobilizazio handi bat ere iragarri dute.

Nola sortu zen Nafarroako Osasun Plataforma?

Ni duela urtebete hasi nintzen plataformarekin lan egiten. Baina eragilea duela bi edo hiru urte sortu zuten, Osasunbidean pribatizazioak egiten hasi zirenean. Mobilizazioak egiteko elkarlana beharrezkoa zela ikusi zuten zenbait eragilek. Beraz, hainbat profesionalek, auzo elkartek, herritarrek eta gaixo elkartek bat egin eta sortu zuten Nafarroako Osasun Plataforma, osasun zerbitzu publikoa, unibertsala eta eraginkorra aldarrikatzeko.

Zein taldek osatzen duzue plataforma?

Bi astean behin elkartzen gara. Talde mordoa ari gara lanean: besteak beste, ELA, LAB, CGT, Solidari eta CCOO sindikatuetako kideak; Munduko medikuak, SOS arrazakeria, Paperak Denontzat eta beste hainbat gobernuz kanpoko erakunde; eta langile kaltetuak, hala nola ospitaletako sukaldeetako langileak eta garbiketako langileak, baita zenbait auzo eta gaixo elkarte.

Zein gai nagusi lantzen ditu plataformak?

Nafarroako Gobernua aurrera eramaten ari den politika neoliberala da arazo nagusia. Guk osasun sistema publikoaren aurkako erasoaren inguruko iritzi kritikoa sortzea eta gizartea mobilizatzea nahi dugu. Era berean, eraso horien jatorria, eragina eta ondorioak azaltzea beharrezkotzat jotzen dugu.

Azken urtean, zein borroka eraman dituzue aurrera?

Landa eremuko larrialdi zerbitzuei buruz egin den planaren aurka egin dugu. Hainbat udalerrik bultzatutako herri ekinbide legegilearekin bat egin dugu, gure iritzia emanez. Aurreko planaren okerrak mahai gainean jarri genituen, eta ekinbide legegilea parlamentura heltzeko lagundu dugu; han eztabaidatzeko. Duela urtebete, gobernuak oinarrizko arreta eta larrialdiko etengabeko arretari buruzko plana aurkeztu zuen. Plan horren arabera, landa eremuko hainbat arretagune itxi behar zituzten. Horrek larrialdietako zerbitzuak hainbat herritarrengandik urruntzea ekarriko du.

Horrez gain, abortuaren legearen aurka hainbat agiri eta mobilizazio egin ditugu. Baita pribatizazioen eta murrizketen aurka ere. Horrekin batera, hainbat osasun etxeetan murrizketen kontra egin diren ekinbideak batzen saiatu gara, arlo guztietan eragin baitute gobernuaren neurriek.

Aurreko astean salatu zenuten itxarote zerrendekin arazo larriak daudela. Zergatik gertatzen da hori?

Itxarote zerrenda luzeak egoteak agerian uzten du desoreka handia dagoela Osasunbidearen eskaintzaren eta herritarren eskariaren artean. Osasunbideak eskaintzen dituen zerbitzuetan murrizketak izan dira arlo guztietan: aurrekontuan, langileetan, azpiegituretan eta tresnerian. Iruñerriko ospitaleen kasuan, berrantolaketa egin eta bi ospitale nagusiak batu zituzten. Horrek hainbat solairuren eta ebakuntza gelaren itxiera eragin du. Ustez, Ubarmin klinika erabiliko zuten itxitako guneak ordezkatzeko, baina ez da horrela gertatu.

Gobernuak aurrekontua murriztu baino ez du egin, planifikaziorik gabe. Hainbatetan, langileak gaixoaldian daudenean edo erretiroa hartu dutenean ez da beste langilerik kontratatu. Beraz, pixkanaka-pixkanaka jendea itxarote zerrendetan pilatuz joan zaie, eta zerbitzu pribatuetara bideratu dituzte gaixoak. Horrez gain, uste dugu probak eta espezialisten kontsultak ondo kudeatu behar direla. Zerrendak egiteko orduan gaixotasunen larrialdiari, gaixoen egoera sozioekonomikoari, adinari eta beste hainbat parametrori kasu egin behar zaie.

Traumatologiako itxarote zerrendetan pilatu da gaixo gehien. Aurreko astean traumatologia zerbitzuburua aldatu zuten. Zure ustez, horrek aldaketarik ekarriko al du?

Traumatologoek hobeto ezagutuko dute egoera, baina nik uste dut zerbitzuburu bat aldatzeak ez duela aldaketa handirik ekarriko. Baliabideak eta profesionalak behar dira. Gobernuak apustu garbia egin du osasun zerbitzu publikoa ahultzeko. Eurek argi eta garbi esaten dute arlo publikoa txikitu behar dela. Hori bai, gero baliabideak arlo pribatura bideratzen dituzte, adreilu eta porlanaren negozioetara. Duela urte batzuk, itxarote zerrendetan jende gutxiago egoteko hainbat langilek arratsaldetan lan egitea onartzen zuten, aparteko ordainsariak jasoz. Baina ekintza sindikalak aukera hori bertan behera utzi zuen. Beraz, gelditzen zaien aukera da profesional gehiago kontratatzea, azpiegiturak ondo erabiltzea eta ebakuntza gelak irekitzea. Hau da, beharrezkoak diren langileak eta zerbitzuak izatea. Baina ez dute egiten.

Itxarote zerrendetan jende gutxiago egoteko, sektore pribatura bideratu dituzte hainbat gaixo. Hori ez al da garestiagoa?

Gaixoak arlo pribatura bideratzeak planifikazioa eskatzen du. Osasunbideko buruek ez dute inolako planifikaziorik. Gaixoak arlo pribatura bideratzen direnean, administrazioak argi izan behar du horrek zer kostu izango duen. Egoera berezietan eta denbora tarte jakin batean baino ezin daiteke hori egin. Adibidez, demagun ospitaleko solairu bat berritzen ari direla eta hainbat zerbitzu eten egin behar dituztela, horrelako kasuetan zilegi da gaixoak arlo pribatura bideratzea. Baina ez da hori gertatzen dena. Pribatura gehiegi jotzen da. Ez da normala ebakuntza gela berria egitea eta tresnak enpresa pribatu bati alokatu behar izatea.

Kalekalde gazte lokalak urtebete bete du Iruñean »

Martxoan ospatuko du Kalekalde Caldereria kaleko gazte lokalak urteurrena. Iruñerriko gazte mugimenduak kudeatutako gunea da, irekia eta gizarte gaiak lantzeko prestatua. Hainbat esparru jorratzen ditu: hala nola kontsumoa, festa ereduak, kultura, internazionalismoa eta feminismoa. Hain zuzen ere, azken hilabetean feminismoaren inguruko hitzaldi zikloa antolatu du Derrigorrezko feminitate zerbitzua izenburupean. Martxoan, urteurren ekitaldiei ekingo diete hango kideek. Mahai inguruak eta tailerrak izango dira. Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, Kalekalderen Twitter kontuan, Facebookeko orrian edota www.kalekalde.org atari digitalean topa daiteke.

Naturaren kontra murrizten »

Ingurumen hezkuntzaren alde. Ez itxi Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroa (NIABZ), dio pankartak. Atzean, zentroko langileak daude, Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiaren aurka protestan; izan ere, zerbitzua bertan behera utziko duela ira…

“Unibertsitate herrikoiaren campusa auzoa bera da” »

Krisi ekonomikoak auzoan zer ondorio sortzen zituen jakiteko, Sanduzelaiko (Iruñea) Herri Ekimenak diagnostiko bat jarri zuen martxan 2012an. Diagnostiko horrek auzoak zituen gabeziak azaleratu zituen: langabezia tasa handia eta zerbitzu publiko gero eta okerragoak. Hori ikusirik, hainbat auzokidek krisiaren erantzuleei izen-abizenak jarri nahi izan zizkieten. Baina, horrekin batera, erantzun positiboak ere sortu nahi zituzten, alternatibak. Horrela eratu zuten Sanduzelaiko Unibertsitate Herrikoia. Bertako kide dira Amaia Barrena (Iruñea, 1988) eta Joseba Arbaiza (Bilbo, 1981). Iazko ekainean martxan jarri zuten, eta oraindik bidea egiten ari dira, baina oinarriak argi dituzte. “Berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako formazio kritikoa sustatu nahi dugu”, dio Arbaizak.

Zer da unibertsitate herrikoia? Nola ulertzen duzue kontzeptu hori?

JOSEBA ARBAIZA: Ez dugu ezer asmatu. Azken mendeetan, une zehatzetan herri ekinbideak horrelako hainbat proiektu sortu ditu. Auzoan hainbat gabezia ikusi genuen, eta erantzuteko asmoz sortu genuen unibertsitate herrikoia. Horren bitartez, berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako formazio kritikoa sustatu nahi dugu. Betiere modu horizontalean. Hau da, denok badakigu zerbait, eta hori baliatu nahi dugu elkarrengandik ikasteko. Era horretan, auzotarren arteko kohesioa lortu nahi dugu.

Unibertsitatea espazio fisiko batera mugatzen da?

AMAIA BARRENA: Hasieratik esan genuen, unibertsitate herrikoia denez, auzoak berak izan behar zuela erreferentzia nagusia. Beraz, unibertsitate herrikoiaren campusa auzoa bera da. Karrikagunean dokumentazio zentroa dago. Baina erabiltzen ditugu, besteak beste, Civivox, auzo elkartea eta, eguraldi ona eginez gero, kalea bera ere bai.

J. A.: Askotan, unibertsitate hitza lau hormarekin, eraikin txukun batekin eta ezagutzak modu hierarkikoan ematearekin erlazionatzen da. Zenbait ariketa egin genituen unibertsitatea definitzeko, edo berriro definitzeko. Orduan, ondorio batzuetara heldu ginen. Gure helburua ez da tituluak ematea, edo ehuneko ehunean egia diren gauzak esatea. Nik elkargune modura ikusten dut. Elkargune hori erreka parean, plazan edo kale erdian egon daiteke.

Zer ekinbide eraman dituzue aurrera?

A. B.: Nik bi atal ikusten ditut. Alde batetik, unibertsitate herrikoia aurrera eramateko astero biltzen den taldea. Eta, beste alde batetik, ekintzak proposatzen dituen kanpoko jendea. Guk hainbat ekintza prestatu ditugu. Baina gero, kanpoko jendea etor daiteke eta gauzak proposatu ahal ditu. Adibidez, baten bat etor daiteke eta esan: “Nik software askearen inguruko zerbait antolatu nahi dut”. Horrelako proposamenek ere tokia dute unibertsitatean.

J. A.: Lau ildo nagusi ezarri genituen. Lehena, Sanduzelaiko auzoan gaudenez, auzoko historia berreskuratu nahi dugu. Baina ez liburuetan agertzen dena. Auzoko kolektiboek historia nola bizi duten jakin nahi dugu. Horregatik, bertako historia bilduko duen dokumentazio zentroa egiten ari gara, kolektiboen kartel, idazki eta abarrekin. Nafarroa etorbideko biribilguneko pasabidea lortzeko egin zituzten barrikadetatik hasi, eta Karrikagunea lortzeko eman den prozesura arte.

Bigarrena iritzi politikoaren ingurukoa da. Arlo anitz jorratzen ditugu, hala nola ekonomia, eskubideen urraketa eta internazionalismoa. Gure egunerokoan gertatzen diren gauzei buruzko iritzi politiko kritikoa sortzeko foro antzekoa egin nahi dugu. Oraingoz, memoria historikoa, Nafarroako langile mugimenduaren historia eta Siriako gerra landu ditugu. Orain, Nafarroako Erresumari buruzko ikastaroa antolatzen ari gara.

Hurrengoa euskara eta euskal kultura da. Inguru erdaldunean bizi gara. Baina badaude pertsona euskaldunak, eta guk horien arteko zubi lana egin nahi dugu. Bestalde, irakurle txokoa ere sortu dugu.

Laugarren ildoa gremioena da. Auzoan langabezia tasa handia dago. Langabeek gero eta arazo gehiago dituzte birziklapen ikastaroetan parte hartzeko. Horregatik, formazioa eskaintzen duten auzoko hainbat elkarterekin elkarlanean aritu nahi dugu; langabeei formatzeko aukera eman nahi diegu.

Zein izan da auzoaren erantzuna? Jendeak parte hartzen du?

A. B.: Astearteko bileretan sei edo zazpi pertsona batzen gara. Gero badugu hurbileko jendea, laguntzeko prest dagoena. Azkenik, antolatutako ekintzetara hurbiltzen den jendea dago. Horietan sorpresa hartu dut. Antolatu ditugun azkenetan ez nuen inor ezagutzen. Hori seinale ona da.

J. A.: Garapena ikusi dugu publikoaren aldetik. Hasieran, lagun batzuk etortzen ziren, baina hurrengoan beste pertsona batzuk, eta, azkenean, denak batera. Langile mugimenduaren historia jardunaldietan, adibidez, 18 eta 70 urte arteko jendea zegoen. Oso argazki polita izan zen hura.

Erreferentziarik izan duzue unibertsitatea sortzeko garaian?

J.A.: Orain dela hamarkada batzuk Donibane auzoan horrelako esperientzia bat egon zen. Eurekin hitz egin dugu. Badakigu Barañainen eta Berriozarren antzeko proiektuak daudela ere, ateneoak. Baina erreferentzia nagusia Bilboko Errekalde auzoko unibertsitate herrikoia da, oihartzun handiena izan zuelako eta denboran gehien iraun zuelako.

Errimaren taldekako jokoa »

Nafarroako bertsolaritza sustatzeko xedez antolatu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak, lehenengoz, Bardoak taldekako bertsolari txapelketa. 2012an abian jarritako lehiaketaren emaitza “oso ona” izan zela ebatzita, aurten ere esperientzia errepikatzea erabaki dute. Bardoak-en bitartez bestelako txapelketetan parte hartzen ez duten bertsolariek parte hartzea lortu dute, batez ere. Tamaina txikiko bertso saioak izaten dira, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko tentsio unerik gabekoak. Orotara, hamasei taldetan banatutako 110 lagunek parte hartuko dute. Horietatik hirurogehi bertsolariak izango dira, eta gainontzekoak aurkezleak, ordezkariak eta gai-jartzaileak. Lehia gaur hasiko da, iluntzean, eta Lesakan, Arbizun, Zubietan eta Erratzun izango dira saioak. Bardoak-en bigarren edizioan ere errimarekin eta gaiekin asmatzen duen taldea izango da garaile.

Beharrak aginduta jarri zuen martxan Nafarroako Bertsozale Elkarteak Bardoak txapelketa. “Gure artean bazegoen kezka urtero-urtero Nafarroako Bertsolari Txapelketa egitea ez ote zen nekagarria izango”, aitortu du Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Izan ere, 2012 arte, urtero egiten zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Hausnarketa prozesu baten ostean, txapelketa nagusia bi urtean behin egitea erabaki zuten. “Azkenean, taldekako txapelketaren aldeko apustua egitea erabaki genuen”, azaldu du Rekondok. Apustuaren emaitzak onak dira, eta beste bertso elkarte batzuek ere eredu bertsuaren aldeko hautua egin dute, Arabakoak esaterako.

Erronka handia izan da taldekako bertso txapelketa, baina Rekondo ziur da bete-betean asmatu dutela. Izan ere, saioak tamaina txikikoak izaten direnez, bertsolariek ez dute euren burua horren “estututa” ikusten. Gainera, elkarteak bertso zaletasuna sustatzea du xede nagusi. Kontuan izan behar da Nafarroan euskarak zein egoera duen eta horrek bertsolaritzan eragin zuzena duela. Dena den, azken urteetan, herrialdean errimen jokoak duen egoera hobetzen ari delakoan dago Rekondo.

Bardoak-en parte hartuko duten taldeak oso aniztunak dira. Bertsolariez gain, kideetako batzuek ordezkari lana edota gai-jartzaile lana egiten dute. Beraz, bertsogintzan behar diren bestelako eragileak ere presente izango dira taldekako lehian. Alde horretatik, ohiko txapelketak ematen ez dituen aukerak ematen ditu taldekakoak.

Lehen taldekako txapelketak bere fruituak eman zituen, eta bigarren edizioak bide bertsutik joko duela irizten dio Rekondok. Izan ere, 2012an Bardoak-en parte hartu zuten lau bertsolarik Nafarroako Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuten lehenengoz, eta batek finalera iristea erdietsi zuen, Eneko Fernandezek, hain zuzen ere.

Gainera, gero eta gehiago hasten dira 18 urte beteta bertso eskolan. Esaterako, Iruñeko Hizkuntza Eskolan halako lagunak biltzen dituen bertso eskola dago. Hainbat kide euskaldun berriak dira, gainera. Bertsoaren afizioak Nafarroan goranzko joera nabarmena duen arren, Rekondo kezkatuta dago Nafarroako Gobernuak duen jarrera dela eta. Izan ere, gero eta murritzagoa da hezkuntza arautuan bertsolaritza eskolak emateko Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ematen duen diru saila. Nafarroako Bertsozale Elkarteko buruak ohartarazi duenez, litekeena da heldu den ikasturtean kolokan egotea hezkuntza arautuan bertsolaritza eskolak emateko aukera. Dena den, oraindik egoera bideratzeko aukera izatea espero du.

Txapelketa luzea

Txapelketa gaur arratsaldean hasiko da, eta lau saio izango dira: Lesakan, Zubietan, Erratzun eta Arbizun. Asmoa tamaina txikiko saioak egitea denez, antolatzaileek areto txikien aldeko hautua egin dute. “Kontuan izan behar da askok lehenengoz abestuko dutela publiko aurrean, eta areto txikiek ez dute horrenbesteko errespeturik eragiten”, azaldu du Rekondok. Denera, 23 saio izango dira. 2012an bezala, talde lana izango da txapelketaren oinarria. Gutxienez bost kide ditu talde bakoitzak: hiru bertsolari, gai-jartzailea, aurkezlea eta ordezkaria.

Txapelketak hainbat fase ditu. Lehen fasean, sei ligaxkatan banatuta daude hamasei taldeak. Bigarren fasea, berriz, sei taldek jokatuko dute. Talde horien artean, sailkapenean lehen hiru postuak erdiesten dituztenak iritsiko dira final nagusira: apirilaren 12an jokatuko da, Lesakako pilotalekuan.

Azken saioa, finala alegia, arratsaldez izango da, baina egun osoko festa eguna antolatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. “Azken urteotan, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala bertsolaritzaren eta euskal kulturaren ezinbesteko ekitaldi bilakatu da, eta Leitzan lehen edizioan gertatu bezala, Bardoak taldekako txapelketako 2014ko final hau ere lehiaz haratago dagoen bertsolaritzaren festa handia izatea nahi dugu”, jakinarazi du Rekondok. Beraz, apirilaren 12rako egitarauaren berri eman ez duten arren, egun osoz izango da zertaz gozatu eta zer ikusi.

Duela bi urteko esperientzian, taldeen arteko harremana eta giroa nabarmendu ziren. Gainera, bertsolaritza sarritan iristen ez den tokietara iristea ere erdietsi zen. Orain ere, bide horri jarraituko diote. Gainera, abenduan izan zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiak bertsozaleengan eragin zuen olatuaren ubera profitatzeko parada izango da Nafarroan ere.

Hau ez da gertatuko »

Aldatuko dituzte. Nafarroako eremu mistoan egonik hizkuntz eredu bakarra duten ikastetxe publikoak aldatuko dituzte, eta, 2014-2015 ikasturtetik aurrera, ikastetxe horietan ez da eskainiko eredu bakarra. Horixe iragarri zuen atzo Jose Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak.

Iragan urtarrilaren 9an onarturiko mozio baten bidez, Nafarroako Parlamentuak gobernua premiatu zuen “ikastetxe publikoetan elkarrekin bizi daitezen hizkuntza eredu ezberdinak egoki diren prozedurak taxutu ditzan”. Ezkerra taldeak aurkezturiko mozio haren alde talde guztiek bozkatu zuten, Bilduk eta Aralar-NaBaik izan ezik.

Iribasek atzo azaldu zuen mozio horri “albait azkarren” erantzuten saiatu direla eta hartara datorrela Iruñerriko eskola mapa arras aldatuko duen neurri hau. “Aldaketa honi esker zuzenduko ditugu politika segregatzaileak, irakaskuntza hizkuntza ofizial batean ala bertzean jasotzeagatik ikasleen artean hezkuntza nahiz bizikidetasun esperientziak trukatzea eragotzi dutenak”.

“Bi ikasturtetan eginen dugu aldaketa”, gaineratu zuen Iribasek. “Hurrengo ikasturtean, Iruñerriko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak aldatuko ditugu. Eta, 2015-2016 ikasturtean, Lehen Hezkuntzakoak”. Gobernuak ez ditu gaztelaniazko ikastetxeak eredu bakarrekotzat jotzen, halakoetan, G eredua ez ezik (gaztelaniaz bakarrik), A eredua ere baitago (gaztelaniaz, euskara irakasgaiarekin). Hortaz, horiek ez ditu aldatuko. Hizkuntz eredu bakarra eskaintzen dutenak aldatuko ditu; hau da, D eredu hutsezko ikastetxeak.

Iruñeko Biurdana, Eunate eta Iturrama; Burlatako Askatasuna; eta Barañaingo Alaitz. Horiexek dira hurbilen ikasturtean aldatuko dituzten institutuak. Horietan, G eta A ereduko ikasleak sartuko dira 2014ko irailean. Iribasen erranetan, “parlamentuaren gehiengo zabal batek” babestu zuen bide hori, “muturreko abertzaleak” bakarrik agertu baitziren kontra. “Guri, gobernuari, parlamentuak eskaturikoa betetzea bertzerik ez zaigu gelditzen. Are gehiago halako kontuetan, gizarte kohesioa eta elkarbizitza jokoan daudenetan”.

Iribasek atzo iragarritako aldaketak ikasleei eraginen die, baina baita ikastetxe horietako lan funtzionamenduari ere. Hala, Iribasek argitu zuenez, hurrengo astean gobernuak foru dekretu bat onartuko du irakasleak ez diren langileen euskara eskakizunak kentzeko. “Orain arte, institutu horietan lan egiten zuten atezainek, bulegariek, mantentze lanetarako langileek eta gizarte hezitzaileek euskaraz jakin behar izaten zuten. Hemendik aurrera ikastetxe horietan eredu guztiak egonen direnez, langileei ez zaie euskara nahitaez eskatuko, hori egiteak euskaraz ez dakitenak diskriminatzea ekarriko lukeelako”.

Parlamentuko mozioaren kontra bozkatu zuten taldeek gogor gaitzetsi dute UPNren erreforma, haien aburuz euskarazko murgiltze eredua “goitik behera deseginen baitu”. Mozioaren alde bozkatu zutenek, berriz, txalotu egin dute egitasmoa. Geroa Baiko bi parlamentariek izan ezik. Haiek mozio haren alde bozkatu zuten, baina ez dute “begi onez” ikusi gobernuaren erreforma. “D eredua ikastetxe guztietara zabaldu nahi genuen, ez D ereduko murgiltze eredua desegin”. Aipaturiko institutuetako irakasleen eta langileen artean kezka da nagusi, hizkuntz ereduak nahasteak nabarmen murriztuko baititu euskaraz lan egiteko eta bizitzeko aukerak.