Eutsi! »

Iazko sanferminetan, aspaldiko partez, herri-bestendako gune propio bat lortu zen Iruñean, eta aurten, besta horiek hurbil ditugun honetan, orduan lortutakoari eusteko beharra datorkigu gogora. Nabarmentzekoa da, gure ustez, nola Iruñeko Udalak espazio hura lehiaketan eskaini eta enpresa bakar batek ere ez zuen hartu; horren aldean, ehunka herritarren auzolanari eta oro har iruindarren gogo, borondate eta determinazioari esker osatu zen Jaigunea. Hau da, merkatu-ikuspegitik eraginkorra ez izanik ez zen deus ere sortu, eta, aldiz, bai herritarren gogotik, auzolanean, txandak eginez. Merkatu-irizpideak agintzen duen ikuskizuna pasiboki kontsumitzeko ereduari irabazten baitio Gora Iruñea!-k bultzatzen duenak. Diru-irabazi asmoaren aldean, txosnetan, eta bertze, guztion artean txandak egitearen eredua ageri zaigu eraginkor.

Jai gunearen gisako ekimen bat aitzinera ateratzeko behar-beharrezkoa ikusten dugu bai ekintzaileek eta bai herritarrek ere horretarako zilegitasuna onartzea, are gehiago, autoritatea aurka dagoenean. Zilegitasuna izanda ere, gogo eta borondaterik gabe nekez lortuko litzateke indar aski. Eta behar adina indar metatutakoan, berriz, ezinbertzekoa iruditzen zaigu determinazioa, asmoari irmoki eustekoa, bidean ager daitezkeen traba anitz gaindituz aitzinera egiteko. Bertze modu batean ezin uler ditzakegu iruindarrek hamaika aldiz izan dituzten lorpenak hiriaren herri-izaerari bizirik eusterakoan.

Lorpenak aipatzen ditugu, jakinik porrotak ere izan direla. Batzuetan indar aski ez, bertze batzuetan autoritateen ankerkeriaren tamainak prestaketa oro gainditu duelako. Baina badago ezaugarri bat azpimarratu nahi genukeena: autoritateari bere boterea aitortzea ala ez, horra hor herri-indarraren tamainan erabakigarri izan daitekeena. Herri-ekimenak autoritateekin darabilen pultsoan, etengabe neurtu behar du bere ekinaren eta errepresio-ondorioen arteko oreka, eta, noski, jarduera horren nekeak maiz ahitzen du edozein indar eta ahalegin.

Porrotei buelta ematea edo galdutako eremuak berreskuratzea zinez zaila suertatzen da, eta, beraz, ahalegin berezia eskatzen du horiei eusteak. Lortzea bera bezain garrantzitsua, edo are gehiago, baita eustea ere. Zainduz eta babestuz. Lortze-prozesuan bildutako gogo, indar eta determinazio berberaz. Eta determinazioa hor izanen da zilegitasuna aitortzen baldin bada; hau da, autoritateen legitimitatea kuestionatuz, herriaren zilegitasuna gailentzen den heinean.

Iruñeko sanferminek ez lukete gure arreta hainbertze bereganatuko, herri-ekimenak darabilen borrokarengatik ez balitz. Izan ere, aunitz dago jokoan bertan, eta kasu honetan kultura arloan gertatzen ari dena gainerako eremuetara ere eraman genezake. Diru-irabazi eredua elikatzen dugu, ala txandagilearena?

Eskuz lotutako katea »

Durango eta Iruñea banatzen dituzten 123 kilometroak milaka lagunen bitartez lotuko dituzte igandean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Eskuak, minutu batzuez, kate begi bilakatuko dira. Ia urtebetez garatu den lana gauzatuko da orduan. Hala ere, Gure Esku Dago ekinbideko arduradunek jakinarazi dute astelehenean ere erabakitzeko eskubidearen alde lanean jarraituko dutela, igandekoa abiapuntua besterik ez delako izango.

- Jarraitu irakurtzen...

Gobernuaren zerga politika salatu du LAB sindikatuak »

“Enpresarien gutxiengo batek Nafarroan sortzen den aberastasunaren erdia pilatzen du, baina zergatan langileek ordaintzen dutenaren bostena baino ez dute ordaintzen”, salatu du LAB sindikatuak. Horregatik zerga sistema aldatzeko beharra aldarrikatu du…

Txanpon beraren bi aldeak »

Sufrikarioz betetako hogei urte luze behar izan ziren 1936 aurreko elikadura maila berreskuratzeko”, esan du Emilio Majuelo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia Garaikideko irakasleak. Espainiako Gobernuak errazionamendu politika martxan jarri …

IKASTOLA DIRUZ LAGUNTZEKO ARTEA »

Badira urte batzuk Nafarroa Oinez-en harira Artea oinez erakusketa egiten dela. Duela aste batzuk, Iruñeko Ziudadelan izan ziren ikusgai erakusketa hori osatzen duten artelanak. Joan den ostiraletik, margo eta eskulturak Zangozako Vallesantoro kultur etxean daude ikusgai. Orotara, hemezortzi artistaren lanak erosteko aukera izango da. Artelan horien balioaren ehuneko bat Zangozako ikastola diruz laguntzeko baliatuko dute.

“Erakunde publikoek euskal kultura sustatu beharko lukete” »

Iruñerriko hainbat euskara eta kultura elkartek eskualdeko hirugarren Euskal Jaia antolatu dute biharko. Euren helburu nagusia da euskal kulturaren arloan lan egiten dutenen arteko topagunea izatea. Baina, horrez gain, aldarrikapenerako eguna ere izango dute. Horregatik, Aiztur guzien gainetik da euren aurtengo leloa. “Gaur egun, euskal kulturak oztopo eta murrizketak pairatzen dituela salatu nahi dugu”, adierazi du Itziar Gartzes Muthiko Alaiak peñako dantza taldeko kide eta Euskal Jaiaren antolatzaileak (Iruñea, 1982).

Zer da Iruñerriko Euskal Jaia?

Egun, Euskal Jaia euskal kulturaren inguruan lan egiten dugun taldeon topagunea da. Duela hiru urtera arte, Sanfermin Txiki edo Aldapako Sanfermin jaiekin batera ospatzen genuen. Baina pentsatu genuen euskal jaiak berezko data behar zuela. Beraz, Sanfermin Txikiko egitarautik atera, eta maiatzera mugitu genuen festa.

Zeintzuk dira Euskal Jaiaren helburuak?

Helburu nagusia euskal kulturaren arloan lan egiten dugunon arteko topaleku izatea da. Urtez urte leloa aldatu dugu, baina, azkenean, urtero gauza berak aldarrikatu ditugu: gure espazio propioa eta pairatzen ditugun arazoak salatu. Aurtengo leloa Aiztur guzien gainetik da. Gaur egun euskal kulturak oztopo eta murrizketak pairatzen dituela salatu nahi dugu.

Zeintzuk dira oztopo horiek?

Alde batetik, euskal kulturak gero eta espazio gutxiago du erakunde ofizialetan, eta diru laguntzak gero eta mugatuagoak dira. Esate baterako, euskal dantzetan aritzen garen taldeok badugu udalarekin hitzarmenezko jarduerak egiteko aukera. Horiek dantza taldeentzako diru sarrera garrantzitsuak dira. Baina jarduera horiengatik ordaintzen duten dirua ez dute aldatu. Are gehiago, diru sail orokorra urtero murriztuz doa. Horrek esan nahi du geroz eta talde gutxiagok parte har dezaketela jarduera horretan. Beraz, gero eta talde gutxiagok jasotzen dute dirua udalaren aldetik. Hori adibide bat baino ez da.

Beste alde batetik, gure lana kalean erakusten dugu. Baina kalea okupatzeko gero eta oztopo gehiago ditugu, besteak beste, tasak ordaindu eta baimenak eskatzeko trabak.

Horrez gain, hainbat taldek eta konpartsak lokala falta dute. Maiz ate-joka ibili behar dute talde askok entseguak egin ahal izateko. Konpartsa batzuek, ordea, ez dute lekurik euren materiala gordetzeko, eta askotan ezagun eta lagunen menpe ibiltzen dira materiala gordetzeko. Erakunde publikoek euskal kultura sustatu beharko lukete, guztion ondasuna delako. Baina ez dut uste epe laburrean gauzak aldatuko direnik.

Nortzuen artean antolatu duzue Euskal Jaia?

Antolakuntzako bileretan dantza, joaldun eta euskalgintzako taldeak egon gara. Hala ere, atzean baditugu beste hainbat talde. Nahiz eta bileretara etortzen ez diren, antolakuntzan parte hartzen dutenak, hala nola dantza taldeak, gaita jotzaileak, txistulariak, konpartsak eta txarangak. Alde Zaharreko hainbat tabernak ere lagundu gaituzte.

Zergatik erabaki zenuten Iruñerri mailako jaia egitea?

Sanfermin Txikiko jaietan Euskal Jaia egiten genuenean, Iruñeko taldeek baino ez genuen parte hartzen bertan. Baina, data aldatu genuenean, Iruñerrira zabaltzea erabaki genuen. Parte hartzea handitzeko eta eskualdeko talde guztien errealitatea nahiko antzekoa delako.

Euskal Jaia kultura erakusteka edo zerbait gehiago izango da?

Ez da soilik erakusketa. Egia da ikusteko dela, baina batez ere parte hartzea bultzatu nahi dugu. Horregatik, ekintza gehienak herrikoiak izango dira. Goizean, nahiz eta taldeek desfilatu, dantza herrikoiak egingo dira. Eguerdian, dantzaldia egongo da, baina hori bukatutakoan larrain dantza herrikoia egingo dugu. Arratsaldean, karrika dantzaren emanaldia izango da, eta, gauean, kontzertuak egongo dira. Horiek guztiak jendearen parte hartzea bultzatzeko ekintzak dira.

Aurten, egitaraua zabaldu duzue; zer dela eta?

Gure asmoa da egitaraua urtez urte zabaltzea. Aurten lan horrekin hastea erabaki dugu. Orduan, badira ekinbide batzuk biharko egitarauan sartzeko zailak direnak, eta erabaki dugu aste barruan jartzea. Ostegunean, bakarrizketak antolatu genituen. Ostiralean, ordea, Barañain eta Iruñeko bertsolarien arteko desafioa izan zen. Heldu den urteetan, eskaintza hori zabaldu nahi dugu.

Biharko jardueren artean, zein nabarmenduko zenituzke?

Berrikuntza moduan, arratsaldean Ederlezi pastorala antzeztuko dute Burgoen plazan, eta gauean kontzertuak izango dira Jarauta tabernan. Horiek dira berrikuntzak. Horiez gain, nabarmenduko nituzke goizeko kalejirak eta arratsaldeko dantzaldiak Nabarreria plazan. Nire ustez, eguneko jarduera koloretsuenak eta parte hartzaileenak izango dira.

Nor da kartelaren egilea?

Urtero aldatzen dugu kartelaren diseinua. Aurten, Aritz Irigoienek egin du. Berrikuntza gisa, Euskal Jaiaren logoa izango dena sortu dugu. Hau da, urtez urte kartela aldatuko dugu, baina logoa mantenduko da. Oier Zuñigak egin du hori, eta hainbat interpretazio ditu. Berez, lauburuaren besoetako bat da, eta adar baten itxura du. Horren barruan, euskal ikurren hainbat irudi eta marrazki daude. Gauza horietan oinarritu da Zuñiga, baina norberak nahi duena pentsa dezake.

Baztango zinegotzi baten aurkako presioak salatu dituzte »

Baztango Lurralde Okupazio Eredu eta Estrategia txostenak polemika ugari piztu ditu. Erdiz Bizirik taldeak esan du, Magna enpresaren eta Baztango Garapenerako Elkartearen inguruko lagunek udalbatzarkide bat estu hartu zutela apirilaren 10eko udalbatza…

Orbaizetako arma ola zaharberritzeko aurrekontua onartu dute »

Orbaizetako arma ola zaharberrituko dute. Espainiako Sustapen Ministerioak, Nafarroako Gobernuak eta Aezkoako Batzar Nagusiak adostu dute lanetarako aurrekontua. Orotara, 861.347 euro bideratuko dituzte. Haraneko Batzar Nagusiek kudeatuko dituzte diru…

“Hemen ez dago Frank Gehryrik, baina beharrezkoa al da?” »

“Arkitekturaren eta gizartearen artean deskonexio ikaragarria dago”; hala dio Xabier Lopez de Uralde arkitektoak (Gasteiz, 1952). Haren aburuz, hedabideetan oso gutxi hitz egiten da arkitekturari buruz, eta, gainera, ateratzen denean, modu ezegokian egiten da. “Sukaldaritzari buruz programa asko daude, baina arkitekturaz ez da inoiz hitz egiten. ETBn ematen dute Ongi Etorri saioa, adibidez. Baina hori ez da arkitektura. Hori aberastasunaren apologia da”. Hala ere, Euskal Herrian oso arkitekto onak daudela uste du. “Nire ustez, hemen oso arkitekto onak daude; beste gauza bat da politikariek zer nahi duten. Politikariek arkitektoen izenak erabiltzen dituzte euren interesen arabera. Hemen ez dago Frank Gehryrik, baina beharrezkoa al da? Hor dago koska”.

Lopez de Uraldek berrogei urte baino gehiago daramatza Mikel Aleman lagunarekin lanean. Denetariko lanak egiten badituzte ere, hirigintzan espezializatu dira, eurak hasi zirenean hori ohikoa ez bazen ere. “Niri beti gustatu zait soziologia. Esan daiteke herri mugimenduetan hirigintzaren arloko militantea izan naizela. Pentsa, 1970eko hamarkadan manifestazioak egiten ziren ekipamenduak eskatzeko. Oso hirigintza espekulatiboa egiten zen”. Hala ere, nahiko lan dibertsifikatua da Lopez de Uraldek egiten duena, besteak beste, etxebizitzak eraiki eta zaharberritu, ekipamenduak egin, hirigintza eta aholkularitza lanak eskaini. “Egun, ohiko lana udalentzako aholkularitza zerbitzuak eskaintzea da. Etxebizitzak ez baitira egiten. Iaz, etxe bat egin genuen, eta aurten beste bat egiten ari gara. Badira duela bost urte egin genituen proiektuak oraindik eraikitzen bukatu gabe daudenak”. Lopez de Uralderi eraikuntza proiektuak egitea da gehien gustatzen zaiona. “Arkitektura da politena, eraikuntzen proiektuak. Hala ere, etxebizitzak baino gehiago ekipamenduak egitea gustatzen zait”. Alde horretatik, Nafarroako hainbat herritako ekipamenduak egin dituzte; adibidez, Lakuntzako udaletxea zaharberritu zuten.

Arkitekturan estilo asko daude. Baita ofizioa bera ulertzeko modu ugari ere. Lopez de Uralderi arkitektura minimalista gustatzen zaio. “Minimalistak esan nahi du elementu gutxirekin adierazkortasuna lortzea”. Arkitekoak uste du askotan tradizionala eta modernoa kontzeptuak antagonikotzat jotzen direla. Lopez de Uralderentzat hori akats larria da. “Tradizionala eta modernoa bata bestearen aurka jartzea ez da batere interesgarria; horrek prentsamendua blokeatzen du. Baita ere landa eremua tradizioarekin lotzea eta modernoa, berriz, hiriarekin. Arkitektura modernoa landa eremuan egin daiteke arazorik gabe”.

Arkitekturaren ezaugarriak

“Materialak eta diseinua dira arkitektura”. Historian garaian garaiko materialak erabili dituztela dio Lopez de Uraldek. “Garai batean, material bakarra egurra zen. Gero, harriekin hasi ziren etxeak egiten. Horren ostean, adreiluak eta betoia erabiltzen hasi ziren. Materialak aldatuz joan diren heinean, arkitektura tradizionala garatu da”. Hortik aurrera, tokian tokiko estiloak dauden zalantzak ditu Lopez de Uraldek. “Ez dut uste arkitekturan euskal markarik dagoenik. Baina ezta alemaniarra, frantsesa eta katalana ere. Lehen, tokian tokiko estiloak zeuden. Baina hori da muga politikoak eta teknikoak zeudelako. Gaur egun, hori ez dago”.

Higiezinen burbuilak eztanda egin baino lehen erakin eta auzo mordoa egin ziren. Arkitektoek lan mordoa izan dute garai horietan. Baina eskaintza handi horrek ez zuen kontuan hartzen eskaria. Horrek kalitatezko arkitekturaren aurka egiten duela dio arkitektoak. “Eskaintzak eskaria menderatzen du. Orduan, eskariak sufritzen du; norberaren gustuek eta beharrek sufritzen dute. Kanpotik dator dena egina. Hori ez dago ongi ez arkitekturan, ez inon”.

Eraikinez eta hiriez hitz egin du Lopez de Uraldek. Haren ustez, Donostiako Kursaala eta Bilboko Guggenheim dira Euskal Herrian dauden bi eraikin interesgarrienetakoak. “Euren eragina ez da euren bolumenera mugatzen. Eragin handia dute euren inguruan. Guggenheimen fenomenoa ez da bakarrik eskultura polita delako. Hor zegoen fabrika kendu zutenean hutsune handia sortu zen. Museoarekin lortu dute hutsunea betetzea”.

Hiriei dagokienez, Lopez de Uralderi Gipuzkoako hiriburua gustatzen zaio. “Hiri moduan oso polita da Donostia. Oso ondo planifikatua dago”. Maite duen beste hiri bat bere jaioterria da, Gasteiz. “Gasteizek bazuen nortasun berezia. Ez zen ia hiria; ez zuen beste hiri batzuen handinahia. Iruñean, adibidez, Carlos III.aren etorbidea egin zuten. Gasteizen, ordea, Dato kalea dago. Beste eskala batekoa da hori, askoz txikiagoa. Herbehereetan egon naizenean horrelako eskalak ikusi ditut, Hagan esaterako. Oso eskala polita da. Ez da herri batekoa, baina ezta hiri handi batena ere. Azken urteetan, nortasun hori galdu da”.

Gizarte politika zalantzan jarri du NUPeko ikerketa batek »

Azken urteetan Nafarroako Gobernuak abian jarri duen gizarte politika kritikatu du NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako ikerketa batek. Ikerketa horren arabera, krisi ekonomikoaren eraginez gero eta norbanako eta familia gehiago daude “est…