“‘Tradizioa’ kontzeptu biguna da, eta bakoitzak bere neurrira egokitzen du” »

Antropologoa eta euskal dantzetan aditua da Oier Araolaza (Elgoibar, Gipuzkoa, 1972). Martxoan, Iruritan hitzaldi bat eman zuen, Emakumea eta dantza izenburuarekin. Emakumeek mutil dantzak dantzatzeko eskubide osoa dutela esaten du, “tradizioa aldaket…

BERRIAren 10. urteurreneko ospakizun bira iritsi da Nafarroara »

“Estatuko fiskalak kereila jarri du Atutxaren aurka”. Titulu hori ageri zen BERRIAren lehen zenbakian, 2003ko ekainaren 21ean, duela ia hamar urte. Hainbat herrialdetako hedabideen zuzendariak agertzen ziren lehen orrialdeko argazkian; BERRIAri babesa ematera etorri ziren. Martxelo Otamendi zuzendariaren idatzia zegoen ondoan. Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren, euskarazko prentsan geratutako hutsunea betetzera etorri zen BERRIA. Hamar urte pasatu dira, eta urteurren hau ez da oharkabean pasatuko. Urte horietan guztietan bidelagun izan dituztenekin batera ospatu nahi dute; harpidedun, irakurle eta BERRIAlagun guztiekin batera.

Herriz herri eginen dituzte urteurreneko ekitaldiak, ekainaren 22ra arte. Apirilaren 12an hasi zuten ospakizun bira, eta bihar iritsiko da Nafarroara, Tafallara, hain zuzen ere. Anje Duhalderen kontzertua izanen da Kube dantzalekuan. Emanaldi guztietan BERRIA osatzen duen komunitatearen balioa aintzat hartzen duen bideo bat erakutsiko dute. Beran eta Atarrabian, bestalde, Metrokoadroka sormen laborategiaren Zertarako hegoak antzezlana taularatuko dute. Musikari dagokionez, estilo eta musika mota askotako taldeek eta bakarlariek parte hartuko dute Nafarroako ekitaldietan: Anari, Ruper Ordorika, Gari, Eñaut Elorrieta… Ekainaren 22an, egun osoko jai batekin amaituko dira BERRIAren urteurreneko ospakizunak. Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean izanen da.

Ospakizunez gain, BERRIA Taldean argi dute hedabideak eraldaketa garaian daudela. Garai berrietara egokitzeko, etengabeko berrikuntza prozesuan sartuta dabiltza. Izan ere, hamargarren urteurrena “berrikuntzen urtea” izatea nahi dutela azaldu du Ainara Lasa marketin arduradunak. “Paperezko egunkari bat baino askoz gehiago da BERRIA: paperean eta sarean argitaratzen dugu; sareko eskaintza ordenagailura, telefonora eta tabletara egokitzen ari gara orain”. BERRIA sakelako telefonoetan irakurtzeko aplikazioa prestatu dute; Ibilkari ere sortu dute, mendiari buruzko ataria. Laster, egunkariaren estilo liburua sarean izanen da. Gainera, webgunea berrituko dute. “Gaur egun, euskarazko edukiak behar ditugu, euskarri guztietan”.

14.000 BERRIAlagun

Gaur egun, 62.000 irakurle ditu BERRIAk paperean, eta 5.300.000 bisita izan zituen iaz Berria.info-k. Baina, aurrera egiteko, guztien ekarpena behar du egunerokoak. “BERRIAk milaka lagunen sarea behar du ondoan: BERRIAlagunen sarea”, gaineratu du Lasak. 2011ko azaroan ekin zioten BERRIAlagunak lortzeko bideari, Zure ziztada behar dugu lelopean, eta, dagoeneko, 14.000 lagunen sarea osatu dute, harpidedun eta BERRIAlagunen artean. “BERRIAk etorkizuna izateko, ezinbestekoa da papereko zein sareko irakurleen sostengua eta ekarpen ekonomiko iraunkorra”. Dagoeneko, 4.000 BERRIAlagun eta 500.000 euro lortu dituzte bide horretatik.

‘Zertarako hegoak’ antzezlana sortu du Metrokoadrokak urteurrenerako »

Hamargarren urteurrenaren harira, atzetik daukan komunitatearekin eskuz esku aritzeaz gain, euskal kultur produkzioari ere egin nahi dio ekarpena BERRIAk. Hala, ospakizunetarako antolatutako 30 emanaldietako hamabitan, Zertarako hegoak antzezlana ikus…

Urteari hasiera kaxkarra »

Urrun gelditu da industria, bigarren sektorea, sektore indartsu zen garaia. Krisi ekonomikoak zuzenean eragin dio. Azken ikerketen arabera, 2008tik 2012ra 30.500 lanpostuko galdu dira industrian eta eraikuntzan. 2013rako aurreikuspenak nolakoak diren jakiteko, bi hilean behin inkestak egiten ditu Nafarroako Industriaren eta Merkataritzaren Ganberak, Mondragon Taldearekin elkarlanean. Lehen bi hilabeteetan egindako ikerketen arabera, urte hasiera “oso kaxkarra” izan da, eta datozen hilabeteetarako aurreikuspenak ez dira onak.

Fernando San Miguel Nafarroako Industria eta Merkataritza Ganberako azterketen burua da. Dioenez, 400 enpresatara bidali dituzte industrian urtarrilean eta otsailean zer-nolako aurreikuspenak izan dituzten jakin ahal izateko inkestak. Hala ere, 70 inguruk soilik erantzun dute.

Jasotako emaitzetatik dozenaka ondorio atera dituzte. Ebatzitako informazio hori Nafarroako Gobernura bideratu nahi dute, industria sustatzeko politika eraginkorrak abian jar ditzan. “Bi hilabetean behin egingo ditugun inkestek, hain zuzen, Nafarroako Gobernuak sektorea indartzeko abian jarri behar dituen neurriak nolakoak izan behar duten jakiten laguntzea espero dugu”, dio San Miguelek.

Adierazle gehienak txarrak

Fakturazioa, inbertsioa edota esportazioaren datuak 2012an baino okerragoak izango direla onartu dute inkesta erantzun dutenen gehiengoak. Izan ere, batez beste, eskari berrien eskaria %25 murriztuko dela aurreikusi dute. Beraz, hori prezioetan espero den jaitsierarekin lotuta, fakturazioa %12 murriztuko litzateke 2012ko azken hilabeteekin alderatuz gero. Egoera hori ikusirik, lanpostuetan ere jaitsiera jazotzea litekeena da.

“Perspektiba txarra denean, adierazle gehienak ez dira batere positiboak izaten”, azaldu du San Miguelek. Azterketa martxoan jakinarazi zuten arren, joan den astean ezagututako langabezia datuak hobeto ulertzen lagun dezakete ganberaren azterketak. Izan ere, INE Espainiako Estatistika Institutuak hiru hilean behin argitaratzen dituen datuen arabera, Nafarroan langabezia %19 da. Ia ahaztuta zegoen datu hori. Izan ere, 1985. urtean izan zen azkenekoz %19,6ko langabezia tasa. Denera, 56.524 lagun daude Nafarroan lanik gabe, aurreko hiruhilekoan baino 5.400 lagun gehiago. Hala ere, Nafarroako Gobernuak joan den asteartean iragarri zuen, apirileko langabezia tasa martxokoa baino hobea izango dela. Alde horretatik, San Miguelek argi utzi du euren azterketan parte hartu duten enpresek ez dutela jende gehiago kontratatzeko asmorik; bai ordea, lan erregulazio espedienteak aurkeztekoa.

Urtea ez dela ondo hasi gauza berria ez den arren, Nafarroako Industria eta Merkataritza Ganberako azterketa arduradunak ohartarazi du tamaina handiko enpresetan egoera hobea dutela tamaina txikikoetan baino. “Enpesa handiak txikiak baino internazionalizatuago daude, eta esportazio tasa handiagoa dute”, ohartarazi du San Miguelek.

Gaineratu du, halaber, enpresen internazionalizazioak aurrera jarraitu ahal izateko faktore garrantzitsua da. Dena den, atzeraldia ere antzeman dutela dio. “Hein handi batean, Europara esportatzen da; Europako herrialdeek atzeraldi txiki bat izaten dutenean, oso argi antzematen da esportazioetan”.

Errealitatea geografikoa

Aurten, denera, sei inkesta egingo ditu Nafarroako Industria eta Merkataritza Ganberak, Mondragon Korporazioarekin batera. Azken hilabeteetan, zenbait sindikatuk —tartean, LAB eta ELAk— salatu dutena berretsi dute lehenengo inkestatik ateratako ondorioen bitartez. Nafarroan industriaren errealitatean ezberdintasun geografiko handiak daude. Nafarroa iparraldeko, Pirinioetako, Erriberako eta Tuterako enpresek dituzte aurreikuspenik txarrenak, ikerketaren arabera. Iruñean eta Estellerrian etorkizun hobea izango delakoan daude.

San Migueli galdetuta zergatik gertatzen den errealitate hori, faktoreak anitz eta oso ezberdinak izan daitezkeela nabarmendu du. “Sarritan aipatu izan da Sakanako industriak izan duen atzeraldia. Nire ustez, azterketa sakona egin beharra dago, horren haritik, errealitate horren faktoreak jakitearekin batera aurrerapausoak egin daitezkeelako”. Alor horretan, nabarmendu du litekeena dela Sakanako industria elkarren artean oso lotua egotea, eta, batek arazoak izan dituenean, bata bestearen atzetik erori izana, domino fitxen antzera.

Sektoreka, ordea, aurreikuspen txarrenak elikadura, jantzi, larru, oinetako, egur, paper eta kautxuen industriek izango dituztela jakinarazi du San Miguelek. Kontsumoaren jaitsierarekin lotu du, zuzenean, enpresa mota horien jaitsiera.

Lehenengo bi hilabeteetako irudipen txarrek bere isla dute datuetan. Esaterako, Nafarroako ekonomia, 2013ko lehenengo hiruhilekoan %0,6 jaitsi da; 2012ko epe berean baino %0,1 gutxiago. Hala ere, Lourdes Goikoetxea Nafarroako Ekonomia kontseilaria baikor agertu da. Izan ere, jakinarazi duenez, Nafarroako ekonomia “egonkortzen” ari da, esportazioei “eusten” ari direlako. Hala, emaitza onak laster ikusi ahal izatea espero duela aitortu du Goikoetxeak.

Garai ezegonkorra da egungoa, baina, bi hilabetez behin joera nolakoa den ezagutzeko asmoz, beste inkesta bat egin duNafarroako Industriaren eta Merkataritzaren Ganberak. Lehenengoan bezalaxe, 70 enpresa inguruk erantzun diote galdetegiari. San Miguelek onartu du oraindik zaila dela daturen bat aurreratzea, baina ez du uste martxoko eta apirileko errealitatea asko aldatuko denik urtarrilekoarekin eta otsailekoarekin alderatuta. Hala ere, hark dioenez, oso garrantzitsua da ikustea esportazioei eta inbertsioei zein neurritan eusten zaien, horiek “oso ondo” islatzen dutelako errealitatea.

“Hedabideek ijitoen gutxiengo batek egiten duena erakusten dute askotan” »

Ijito batzuentzat ikastea eginbeharra da, eta ez eskubidea. Toño Jimenezek (Lizarra, 1993) ikasketak jarraitu nahi zituen, eta ez zuen atseden hartu lortu arte. Egun, Nafarroako Unibertsitateko Kazetaritza ikaslea da. Lehenengo mailan dago, eta pozik dago ikasturtean egindako lanarekin. Ez da oso ohikoa ijitoak unibertsitatera joatea, baina Jimenezek bere familia eta lagunen babes osoa jaso du. Egunero egiten du Lizarrara joan-etorria.

Betidanik argi izan duzu ikasten jarraitu nahi zenuela?

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailan hasi nintzen etorkizunean pentsatzen. Kazetaritza ikasi nahi nuen, baina arazo ekonomikoak direla eta, Lanbide Heziketan izena ematea pentsatu nuen. Hala ere, azkenean finantzaketa lortu dut, eta, egun, egin nahi nuena egiten ari naiz: kazetaritza ikasi.

Zure familiak babes osoa eman dizu ikasten jarraitzeko?

Bai, hala da. Babes osoa jaso dut, eta animatu naute nik nahi dudana egiteko.

Ez da oso ohikoa zure kasua. Ijito gehienek ez dituzte ikasketak amaitzen. Zergatik?

Egia esan, ez dakit, baina ikasten jarraitzeko eragin handia du familiak. Baita klaseko lagunek eta irakasleek ere. Nik, adibidez, ez dut inolako arazorik izan unibertsitatean, ez irakasleekin ezta ikasleekin ere. Oso ongi hartu naute.

Lagunak animatzen dituzu ikasten jarraitzeko?

Bai, beti esaten diet, baina ez didate kasurik egiten. Hala ere, orain Lizarrako gazte asko ari dira ikasten. Ikasketak utzi zituzten, baina krisiarekin konturatu dira ez dutela lan egiteko aukerarik eta tituluren bat behar dutela lana bilatzeko.

Kazetaria izanen zara. Nola tratatzen dituzte gaur egungo hedabideek ijitoen inguruko berriak?

Nire ustez, gaia ez da oso ongi lantzen. Aurrekoan eskolarako diskurtso bat prestatu nuen gai honen inguruan. Hedabideek indar handia dute estereotipoak finkatzeko, eta horrela agertzen dira askotan ijitoen inguruko albisteak. Hedabideek ijitoen gutxiengo batek egiten duena erakusten dute askotan. Hala ere, zaila da horri aurre egitea.

Adibidez, Nafarroako Ijitoen Idazkaritza Fundazioak kazetarientzako liburuki bat atera zuen, gaia egoki jorratzeko.

Bai, horrelakoak behar ditugu gaiak ongi lantzeko eta estereotipoak hausteko. Bestetik, aurreiritziak ere alde batera utzi behar ditugu.

Nafarroako ijitoen aurkako legea indarrean jarri zuten urtea. »

Duela bost mende iritsi ziren ijitoak Nafarroara. 1549. urteko lege testu batean aipatzen da ijitoak aurkituz gero zigortu eta kanporatu eginen dituztela. Ijitoen egoerak okerrera egin zuen XVII. mendean.

Bizikidetza xede duen herria »

Ez dirudizu ijitoa”, esan dio tabernariak Ricardo Hernandezi. Nafarroako Ijitoen Gaz Kalo Elkarteen Federazioko koordinatzailea da Hernandez. Ijitoa. Antza, ez du bat egiten gizartean gailentzen den ijitoaren irudiarekin, estereotipoak hausten ditu. B…

Erromintxela, Euskal Herriko ijitoen hizkera »

Ez da hizkuntza, ezta dialektoa ere: pagodolektoa da, euskara eta erromantxera hizkuntzak nahasiz sortutako hizkera. Ijito ez direnek ez ulertzeko moduko hizkera sortu zuten ijito euskaldunek. Egun, Lapurdiko kostaldean, Zuberoako mendi inguruetan, Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian bizirik dirauen hizkera da erromintxela. Hala ere, Nafarroako ijitoen elkarteek ez dute ezagutzen Nafarroan erromintxela hitz egiten duen ijitorik. Gutxi aztertutako hizkera izan da. Azkeneko ikerketa Josune Muñozek egin zuen, 1990eko hamarkadan, eta, horren arabera, 500 ijitok hitz egiten zuten erromintxela Euskal Herrian. Egun, seguruenik gutxiago izanen dira, hiztun gehienek 80 urte inguru zituztelako eta belaunaldiz belaunaldi galdu delako. Erromintxelak morfologia eta gramatika euskararenak ditu. Lexikoa, berriz, erromantxelarena da. Hauek dira esaldi batzuk: “Masak eta barkitxuak panguan daoz” (ardiak eta arkumeak larrean daude); “Xaua, goli keau zak, mol buterrago ajinen duk” (mutila, kanta ezak, ardo gehiago izanen duk); “Txipa nola duzu?” (nola duzu izena?).

Nafarroan bizi diren ijitoak. »

Nafarroako biztanleen %1,16 ijitoak dira. 7.000 inguru daude, eta %52,2 hirietan bizi dira. Horietatik, Iruñean %30, Lizarran %22, Tuteran %22 eta Tafallan %19. Nafarroako ijitoen komunitatea ijitoen kulturaren hilabetea ospatzen ari da.

Ikasketak ez uzteko kanpaina abiatu du ijito komunitateak »

Hamar ijito ikasletik zortzik ez dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzen. Aurrerantzean horrela izan ez dadin, Nafarroako Ijitoen Idazkaritza Fundazioak Ijito ikasketadunak, ijito etorkizundunak kanpaina martxan jarri du. Egun, fundazioaren hez…