250.000 euro irabazi dituzte Lizarran Onceren bitartez »

Joan den larunbatean, Lizarrako Asuncion Fernandezek ia 250.000 euro banatu zituen Lizarran. Izan ere, berak saldutako 47.683 zenbakia zuten txartelak saritu zituzten zozketan. Fernandezek hilabete gutxi daramatza saltzaile gisa; azaroan hasi zen. Den…

Gorrentzako eta itsuentzako filmak ostegunero Iruñean »

Zinema Guztiontzat deituriko egitasmoaren bitartez, ostegunero-ostegunero itsuentzat eta gorrentzat egokitutako filmak eskaintzen dituzte Iruñeko Karlos III.a etorbide Side zineman, Navarra de cine enpresaren eskutik. Duela hamar urte, Iruñeko Zinema Jaialdiko kideek itsu zein gorrentzako film egokituak eskaintzea erabaki zuten. Dimas Lasterra Navarra de cine enpresako arduradunak dioenez, hasieran Powerpoint batekin egiten zituzten egokitzapenak. Orain, berriz, sistema propioa asmatu dute, baita patentatu ere. “Itsuei entzungailuak paratzen dizkiegu, hala filmean deskribatzen ez diren gauzak nolakoak diren azaltzeko; gorrek, berriz, azpidatziak izaten dituzte”, dio Lasterrak. Gainera, ohiko zinemetan dauden filmak eskaintzen dituzte egokituta. Esaterako, ostegunean, Django Unchained eskaini zuten. Lasterrak nabarmendu duenez, itsuak edo gorrak diren lagunez gain, inolako mugarik ez duten pertsonak ere joan daitezke zinemara. “Itsua den norbait bere senideekin batera etor daiteke Zinema Guztiontzat emanaldietara”, jakinarazi du Lasterrak.

Iluntasuna argitzeko lanean »

Ikusten ez dena ez dago sinesterik. Hori dio esaera zaharrak. Baina, zenbaitek, halabeharrez ikusten ez denean ere sinetsi behar izaten dute. Hori da ikusmen urritasuna dutenen errealitatea. Begiak ez diren bestelako elementuak baliatzen dituzte kalera irten eta errepidea gurutzatzeko, lan egiteko edota antzerkira joateko. Hamaika oztoporekin egiten dute topo egunero-egunero. Hain justu, 75 urte bete ditu ONCE Espainiako Itsuen Erakundeak ikusmen urritasuna dutenei erremintak eta prestakuntza ematen. Nafarroan 790 afiliatu inguru dituzte; batzuek zerbait ikusten dute; beste batzuek, ezer ez.

Iruñeko Aralar kalean du egoitza nagusia ONCEk Nafarroan. Une oro jendea sartu eta irten dabil. Batzuk ordenagailuak nola erabili irakasteko eskoletara, beste batzuk psikologora, bada liburutegira doanik ere. Puri Ortiz da ONCEko Nafarroako ordezkaritzako buruetako bat. Jaiotzez da itsua, eta horrek bere alde onak eta txarrak dituela azaldu du. Lau solairu dituen eraikinean ondo baino hobeto moldatzen da makila eta txakur gidaririk gabe. Duela bi hilabete inguru egin zuen txakur gidaria izateko eskaera.

Itsuen egoera azken urteetan “nabarmen” hobetu dela dio. Hala ere, ohartarazi du ONCE ez dela krisiaren eraginetatik kanpo gelditu den erakundea. “Guk ere gure murrizketak egin behar izan ditugu”, dio. Eskaintzen dituzten zerbitzuak ez gutxitzen saiatu direla onartu du.

ONCEren diru iturririk garrantzitsuenek jokoan dute oinarria. Ezagunak dira egunero-egunero kaleko etxoletan saldutako kupoiak. Ortizek jakinarazi du azkenaldian gero eta produktu gehiago saltzen saiatzen direla, negozioa “dibertsifikatzeko” beharra dagoelako. Denera, Nafarroan 186 saltzaile daude, eta 28 bulegoetako langileak dira.

Bulegoetan lanean aritzen denetako bat da Lina Apastegi. Ordenagailu gelako arduraduna da. Pazientzia handiko emakumea da, muturreko egoeraren batean egoten diren lagunekin egin behar izaten duelako lan. Nolanahi ere, ordenagailuek eta bestelako teknologiek itsuen eta ikusmen arazo larriak dituztenen bizitza errazten lagundu duela dio. “Hona etortzen denak ezintasunari aurre egin behar izaten dio, eta hori zaila da”.

Argitu duenez, ikusmen urritasun guztiak ez dira berdinak. Batzuek erabat galdua dute, baina beste batzuek zulotxo txiki batetik ikusiko balute bezala ikusten dute. Bada, itzalak antzemateko gaitasuna duenik ere. Hala, ordenagailuak beharren arabera moldatzen ditu Apastegik. “Aintzat hartzen ditut erabiltzaile bakoitzak dituen beharrak. Hala, batzuei kontrastea kendu eta zuri-beltzean jartzen diet; bada irudien tamaina lupa baten bitartez handituta moldatzen denik ere”.

Arrakasta handia duen beste leku bat liburutegia da. Era guztietako liburuak dituzte bertan, asko braille metodoan idatzitakoak. Hala ere, azken urteetan gero eta arrakasta handiagoa dute audio liburuek. Ortizek azaldu duenez, bera unibertsitateko ikaslea zenetik izugarri aldatu da audio liburuak entzuteko modua. “Orain guztiz digitalizatuta daude, eta era sinbolikoan azpimarratzeko aukera ematen dute, baita atalak hautatzekoa ere”.

Itziar Gorostidi ONCEk Iruñeko ordezkaritzan duen liburutegiko arduraduna da. Antzematen da liburuak maite dituela, ikusmen urritasuna dutenen haurrentzako liburuak batez ere. Azken urteetan erakundeak alor horretan lan handia egin duela iruditzen zaio. “Inoiz ezer ikusi ez duen haur bati oso zaila da esplikatzea txalupa bat edo zuhaitz bat zer den”, ohartarazi du. Hala, oinarrizko objektu horiek irudikatu ahal izateko, liburu sorta zabala dute, baita euskaraz ere. Testua idatzita eta braillen dago, eta erliebeak baliatzen dituzte haurrak belaontzi bat identifikatu ahal izateko. “Liburu hauek zoragarriak dira, eskoletan haur guztiek atsegin dituzte”, dio Gorostidik.

Hala ere, Ortizek ohartarazi du itsuen sozializazioaren esparruan lan asko dagoela egiteke oraindik ere: “Krisi ekonomikoa dela eta, egoera denentzat dago gaizki, eta ikusmen urritasun larriak dituztenentzat, are okerrago. Alor hori gehiago landu beharko genukeela iruditzen zait”.

@sarean »

Ikusmen urritasunarekin zerikusia duten gaiak lantzen dituzten webguneak.

www.once.es. ONCEren webgune nagusia da.

www.cineaccesible.com.Zinema Guztiontzat egitasmoren ataria. Bertan, datozen asteetan zein film eskainiko dituzten ikus daiteke, besteak beste.

Ezinean bizi »

Azken datuak dira: 52.600 langabe daude Nafarroan. 15.000 pertsonak ez dute baliabiderik. 8.000 inguruk gizarteratze errenta jasotzen dute, eta %18 inguru gizarteak baztertzeko arriskuan daude. Ez dira datu soilak. Zenbaki horiek agerian uzten dute Na…

Lau gizarte langile Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdin »

Lau langile ari dira lanean Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko oinarrizko gizarte zerbitzuetan. Harrera eta orientazio programa, gizarteratze programa, eta haur eta familientzako programak eskaintzen dituzte. Orain arte, etxez etxeko langile eta giza…

Krisiaren aurka, alternatibak »

Herritarren etxea da Burlataenea. Burlatar guztien topalekua. Herritarren artean sortua da, eta giza sareak eratu nahi ditu, krisiari aurre egiteko. “Gauzak beste modu batean egin daitezkeela erakutsi nahi dugu”, azaldu du Oihana Perez Burlataeneko ki…

Erretzeari uzteko kanpaina martxan jarri du Paris 365-ek »

Tabakismoari aurre egiteko Hego Euskal Herriko elkartearekin elkarlanean, modu solidarioan erretzeari uzteko kanpaina bat martxan jarri dute. Ez erretzeagatik aurreztutako dirua jantoki solidarioan ematea nahi dute Janaria tabakoaren truke kanpainarek…

Gizarteratze errenta jasotzen dutenek kobratzen dituzten euroak. »

Batez beste, kide bakarreko familiek 457 euroko gizarteratze errenta jasotzen dute. Bi kidekoek, 467 euro; hiru kidekoek, 499 euro; lau kidekoek, 530 euro, eta bost kide edo gehiagoko familiek, 571 euro.

“Ikastolaren ekonomia egonkortu nahi dugu” »

Duela bi urte izendatu zuten Argia ikastolako kooperatibako presidente Susana Suarez (Castejon, 1967). Haren alabak ikastolan ikasten du, eta aitortu du haurra izan aurretik argi zuela Argia ikastolan ikasiko zuela. Dioenez, Fontellasko ikastolaren eg…