“Koitozentrismoaren atzean dago, batez ere, androzentrismoa”

“Koitozentrismoaren atzean dago, batez ere, androzentrismoa” »

Edurne Elizondo

Iruñeko Udalak Emakumeen Etxean zentsuratutako hitzaldia emanen du Paola Damontik (Milan, Italia, 1984), gaur, Iruñeko Katakraken. Orgasmo arrakalaz ariko da, emakumeek sexualitateaz gozatzeko duten eskubideaz.

Zer-nolako azalpenak eman zizkizuten zure hitzaldia bertan behera uzteko?

Telefonoz deitu zidan Iruñeko Udaleko berdintasun teknikariak, hitzaldia egin baino bi egun lehenago. Teknikariak, noski, ez du auzi honetan inolako ardurarik. Azaldu zidan, tamalez, saileko arduradunak erabaki zuela hitzaldia ez egitea; erabaki politiko bat zela erran zidan.

Zergatik ez zuten egin nahi izan, programan sartu eta gero?

Ez zidaten erran. Izenburuaz zerbait aipatu zidaten, baina bertzerik ez. Halere, argi utzi nahi dut erran direla zuzenak ez diren kontu batzuk: adibidez, hitzaldiaren izenburua aldatzeko edo bertze momenturen batean egiteko aukera eman zidatela. Hori ez da egia.

Harritu zaitu zentsurak?

Ez nuen espero. Iruñeko Udala jarri zen nirekin harremanetan, Emakumeen Etxea martxan jarri zutenean. Aurretik ere egin nuen hitzaldiren bat udalarekin, eta berdintasun teknikariak ezagutzen ninduen. Proposamenak eskatu zizkidan, eta nik hiru hitzaldi egiteko aukera proposatu nion. Orgasmo arrakala: nola jazartzen zaigun patriarkatua oheraino izenburukoa hautatu zuen udalak. Data zehaztu, eta Emakumeen Etxearen egitarauaren barruan jarri zuten. Pentsa, navarra.com-en ere eman zuten berria, inolako arazorik gabe.

Zerk eragin du hitzaldia zentsuratzeko erabakia?

Iruñeko Udalaren jarrera aldatu zen Vox-ek hitzaldiaren aurkako txio bat idatzi eta gero. Nik argi dut txio hori idatzi izan ez balute hitzaldia ez zutela bertan behera utzi izanen.

Ez da larria erakunde publiko batek eskuin muturreko talde batek egindako txioaren aurrean amore eman izana?

Larria da. Hitzaldia proposatu nuenetik ez dut inolako aldaketarik egin, ez izenburuan, ezta edukian ere, eta azken unera arte, udalak ez du arazorik izan.

Azken unean, baina, patriarkatuarekin batera Navarra Suma ere jazarri zaie emakumeei, oheraino?

Bai, hala izan da. Hitzaldia bertan behera uzteko erabakia Navarra Sumak hartu du. Batetik, ez dute nahi sexualitateaz hitz egitea adingabeekin, eta hori hagitz larria iruditzen zait. Bertzetik, helduekin ere ezin dugu sexualitateaz hitz egin. Skolaeren aurka egin dituzten erasoek ez zuten inolako zentzurik, eta hitzaldiarekin egin dutenak are gutxiago.

Zergatik uste duzu ez dutela sexualitateaz hitz egin nahi?

Nik uste dut kontua dela friboloa iruditzen zaiela hitz egitea emakumeen orgasmoak izateko eskubideaz edo orgasmoen auzian dagoen desberdinkeriaz. Ematen du ulertarazi nahi dutela, oro har, onartu dela soldata arrakala badagoela eta ez dela zuzena, baina orgasmoak nahi izatea lelokeria bat bertzerik ez dela.

Eta lelokeria bat da?

Ez. Ideia horren atzean dagoen ustea da emakumeok ez dugula plazera sentitzeko eskubidea. Hori, noski, estuki lotuta dago genero identitatearekin, identitate femeninotzat eta maskulinotzat jotzen den horrekin. Horren arabera, gizonezkoei onartzen zaie sexualitateaz gozatzeko eta hitz egiteko eskubidea, baina emakumeoi ez. Egia da, ñabardura guztiekin, emakumeok urratsak egin ditugula sexualitatearen esparruan, azken urteotan, baina urratsok izan dira, batez ere, sexua izateko eskubidearen arloko urratsak; sexuaz gozatzeko emakumeon eskubidea bertze kontu bat da.

Emakumeek ez dute sexuaz gozatzen?

Ikerketa anitz badira. Horietako asko antisorgailu konpainiek edo sexu jostailuak saltzen dituztenek egin dituzte. Ikerketa horietako baten arabera, 25 urte baino gutxiagoko emakumeek astean hirutan dituzte sexu harremanak, gutxienez, baina herenek baino ez ditu orgasmoak. Bada zabaltzen ari den diskurtso bat, aurrerakoiak diren esparruetan, eta, horren arabera, orgasmoak izatea ez da hain garrantzitsua. Nik uste dut mezu hori arriskutsua dela.

Zergatik?

Gauza bat da zure sexu harremanetan orgasmoak izatea, eta, egunen batean, edozein arrazoi dela kausa, ez izatea. Noski, orgasmorik gabe ere gozatzen ahal duzu. Bertze gauza bat da, ordea, zure sexu harremanetan orgasmorik ez izatea, modu sistematikoan.

Datuek erakusten dute emakumeek gutxiagotan izaten dutela orgasmoa sexu harremanak dituztenean. Hainbat unibertsitatek egindako ikerketa baten arabera, gizonezkoen %2k ez dute orgasmorik beren sexu harremanetan, inoiz edo ia inoiz. Emakumeen kasuan, bostetik bat dira orgasmorik ez dutenak. Horregatik, errealitate hori bazter utzi eta orgasmoa garrantzitsua ez dela erraten duen diskurtsoa arriskutsua iruditzen zait; atzerakoia da. Emakume horiei ukatzen die orgasmoak izateko eskubidea aldarrikatzeko aukera, zilegitasuna kentzen dio aldarrikapen horri.

Sexu orientazioaren arabera, aldaketak daude datuetan?

Emakume eta gizon heterosexualen arteko orgasmo arrakala hagitz handia da, 30 puntukoa. Hau da, gizonen %95ek izaten ohi dituzte orgasmoak, eta emakumeen %65ek. Emakume lesbianen eta gizon homosexualen kasua aztertuz gero, datuak hagitz bertzelakoak dira, eta arrakala desagertzen da. Beraz, auzia ez da biologikoa, kontua ez da konplikatuagoak garela edo orgasmoa izatea gehiago kostatzen zaigula; datuek erakusten dute lesbiana izanda bertze emakume batekin orgasmoak izateko aukerak gora egiten duela, eta gizonen kasuan, berriz, gizon homosexualek bertze gizon batekin orgasmoak izateko aukerak pixka bat behera egiten duela.

Zein da arrazoia?

Aztertu behar dugu emakumeen identitatea nola eraikitzen den: emakumeak bertzeak zaintzen ditu, bertzeen beharrei ematen die lehentasuna. Kontrakoa gertatzen da gizonezkoen kasuan.

Genero identitatea eraikitzeko moduak baldintzatzen du arrakala, beraz?

Hori da lehen arrazoia, bai. Bertze funtsezko elementu bat ere bada: sexu hegemonikoa. Egun, sexu hegemonikoaren ideian koitoa da nagusi. Denok gaude eredu horren menpe, hori da irakasten digutena. Eta datuen batez bertzekoaren arabera bost emakumetatik batek baino ez du lortzen orgasmoa koitoarekin. Koitozentrismo horren atzean dago androzentrismoa, batez ere. Hau da, gizonei plazera ematen dien sexua hartzen da eredutzat. Eta, gainera, orgasmorik ez izatearen ardura emakumeari egozten zaio: gizonak ez badu plazera lortzen, errua emakumearena da, eta emakumeak ez badu lortzen, haren gorputza da huts egiten duena.

Gaiaz hitz egiten da?

Ez. Ez da hitz egiten, eta behar da. Hitz egiten dugunean, emakumeok konturatzen garelako saltzen diguten eredua ez dela benetazkoa.

“Argazkigintzaren sormenak asko balio du ingeniaritzan”

“Argazkigintzaren sormenak asko balio du ingeniaritzan” »

Uxue Rey Gorraiz

Ainhoa Albisturrek (Burlata, 1997) NUPek antolatutako azken argazki lehiaketa irabazi du, zientzia eta teknologiari buruzkoa, zehazki. Ingeniaritza Industrialeko ikasketak bukatu zituen joan den ekainean, eta masterrean murgilduta dago egun. Argazkilaritza bere pasioetako bat izan da aspalditik, eta kamera atzeko talentua saritu dute oraingoan, NUPen Zientziaren Astean.

Zer ikus daiteke zehazki zure argazkian?

Prezipitazio ontzi bat da, koloretako iman batzuk barruan dituena. Indar magnetiko bat baliatuta, iman horiek bueltaka hastea lortzen da, disoluzioa eragiteko. Abiadura handiz mugitzen ari direnez, forma bereziak eratzen dituzte uretan. Fenomeno hori ikus daiteke argazkian. Biraketa indarraren efektua, azken finean.

Zaila al da zientzia gai hartuta argazkiak egitea?

Erronka polita izan da, baina handia ere bai. Nire ikasketak eta nire zaletasunetako bat uztartzeko aukera eman dit, baina kosta egin zitzaidan zer irudikatu nahi nuen erabakitzea. Zientziaren gaia hain da zabala… Halere, argi izan nuen hasieratik ingeniaritzan zentratuko nintzela, eta fenomeno fisiko bat azalduko nuela argazkiaren bidez. Horrela, lehiaketaren helburuetako bat behintzat erdietsiko nuen: dibulgazio zientifikoa.

Zer lan dago argazkiaren atzean?

Saiakera asko, batez ere. Dena den, aurretik hainbat ideia izan nituen buruan bueltaka. Gaur egun, laborategi batean egiten dut lan, eta bertako elementuak aprobetxatzea interesgarria iruditu zitzaidan. Objektua eta fenomeno fisikoa aukeratuta, esperimentazioari ekin nion. Berrehun bat argazki egin nizkion osotara ontziari: ez zen hasieran imajinatuta nuen argazkia bezalakoa, eta azkenean beste perspektiba batetik erakargarriagoa zela ikusi nuen.

Zer behar du argazki batek ona izateko?

Irudiaren konposiziori erreparatzen diot nik, gehienbat. Argazki batek ez du konplexutasun handia izan behar ederra izateko. Izatez, nirea aski sinplea da, baina konposizioa harmonikoa izan zedin saiatu nintzen sutsuki. Simetria bilatu nuen, esaterako. Biraketa indarra puntu jakin batean nabari zedin nahi nuen, zehazki. Argazkiaren osagai bakoitza behar zen lekuan egotea lehenetsi nuen.

Kalkulu matematiko baten gisan, emaitzaren perfekzioa bilatzen duzu, beraz?

Ez. Argazki on batek ez du perfekziorik behar. Ezinbestekoa den bakarra zer edo zer transmititzea da, eta hori da lortzen zailena. Pentsarazten duten argazkiak dira hoberenak, mezu bat helarazi eta ikusleari zerbait eragiten diotenak.

Argazkiak eman nahi duen mezu hori esplizituki eman behar zaio ikusleari?

Egoeraren araberakoa da hori. Nik nahiago izaten dut imajinazioari ateak zabaldu, ez dut gustuko dena egina ematea. Kasu hau, dena den, berezia da. Nire senide edo lagun askok ez dute lehenbiziko unean jakin zer zen begi aurrean zutena. Gero, ordea, aski zuten argazkiaren azpiko deskribapena irakurtzearekin. Instagramek ematen dituen aukerak aprobetxatu egin ditut, nolabait.

Zein dira aukera horiek?

Gaur egun, mundu guztiak erabiltzen du sare sozial hori; eta zer esanik ez gazteen artean. Erakusleiho erraldoi bat da, azken finean. Helburua zientzia eta teknologia jendearengana hurbiltzea denez gero, hautu ona izan dela uste dut; erosoa parte hartu dugunontzat, eta erakargarria gainerakoentzat.

Zertan lagundu dezakete ingeniaritza ikasketek argazkigintzan?

Ikasketek diziplinatua izaten irakatsi didate. Oro har, oso saiatua behar duzu izan ingeniaritza ikasteko. Argazkigintzan ere, nire ustez, lan handia egin behar da benetan merezi duten emaitzak lortu nahi badira. Unibertsitate ikasketei esker, tematia izaten naiz lanean, eta horrek asko laguntzen dit argazkiak ateratzeko garaian. Dena den, noski, argazkilaritza artearen adar bat da, eta ez da ingeniaritzak bezain diziplina zurruna.

Eta alderantziz, zertan da lagungarri argazkigintzan aritzea ingeniari izateko?

Argazkilaritzan lantzen den sormenak asko balio du ingeniaritzan. Azken finean, ingeniari bati arazoak planteatzen zaizkio etengabe, eta arazo horiei soluzioak bilatzea da lanaren oinarria. Sormena behar-beharrezkoa da horiek aurkitzeko, egoera bakoitzean hartu beharreko bidea edo eman beharreko pausoak zein diren arinago ikusteko. Hartu-emana dago, azken finean, bi diziplinen artean.

Zer iritzi duzu argazkien edizioaren edota iragazkien erabileraren inguruan?

Ez naiz oso zalea, ezta aditua ere. Nahiago izaten dut gehiegi ez erabili, eta argazkiak bere horretan utzi. Baina emaitza ederrak lor daitezke ongi erabiliz gero. Erabat aldatu dezakete argazki batek transmititzen duena. Onerako, askotan.

Parte hartuko zenuke berriz ere horrelako argazki lehiaketa batean?

Bai, jakina. Esperientzia ederra izan da, eta kritika onak jaso izanak motibatu egin nau argazkigintzan are gogotsuago jarraitzeko. Gainera, argazkiak ateratzeak gauzak beste era batera begiratzera narama. Argazkiok atera nituenetik, laborategia txoko ederragoa iruditzen zait. Artistikoagoa, tramankulu artean egon arren.

“Oihalezko poltsan betiko gauzak sartzen jarraitzen dugu”

“Oihalezko poltsan betiko gauzak sartzen jarraitzen dugu” »

Edurne Elizondo
Larraungo Kalaxka talde ekologistan hasi zuen Mikel Saralegik (Donostia, 1963), duela hamalau urte, Sustrai Erakuntza fundazioko patronatura eraman duen bidea. Erakundeko presidentea da.Nola egin zenuen zuk bat fundazioarekin?Larraungo …

“Barrez lehertzen naiz komikia irakurtzean; sintoma ona da”

“Barrez lehertzen naiz komikia irakurtzean; sintoma ona da” »

Kattalin Barber

Arroz ale bat, orburuak, kuiak edota te poltsatxoak. ¡Tierra, Trágame! komikiaren protagonistetako batzuk dira. Fruta eta barazkiez baliatu da Miriam Cameros (Iruñea, 1978) gizartearen “satira dibertigarri eta zorrotz bat” egiteko. David Priegorekin batera ondu du lana.

Zer bildu nahi izan duzu ¡Tierra, Tragame! liburuan?

Egin nezakeen gibeleko garbiketarik onena izan da liburua. Egunero ikusten dudana ulertzen saiatzeko gonbita. Eta Daviden eta arkatz baten laguntzaz, barre algara erresiliente bihurtu dut oka. Zerbait groteskoa eta irrigarria egin nahi nuen, ikusten ari nintzenaren isla. Era berean, zirikatzeko asmoa dago, eta, hein batean, irakurleak egoerekin eta pertsonaiekin identifikatuta sentitzea nahi nuen.

Horretarako, barazkiak eta frutak hautatu dituzu. Zergatik?

Medikuntza txinatarreko eta makrobiotikako ikastaro batean izena eman nuen. Asko disfrutatu nuen. Kontua da nik ezin ditudala apunteak hartu marrazkirik gabe, eta bat-batean mundu oso bat azaldu zen nire aurrean: zer esango zioten elkarri tofuak eta haragiak? Ekialdeko herrialdetako azuki babarrunak eta hemengo indaba batek? Ustekabean ideia asko etorri ziren.

Protagonistak baliatu dituzu gaur egungo gai sozialen inguruan kritika egiteko.

Prekaritatea eta klase borroka ditut hizpide, baina baita harremanak, laguntasuna, maitasuna… Dena da neurriz gainekoa, nahita. Asko jolastu dugu sortzen; niretzat plazera da horrela lan egitea. Gustatuko litzaidake islatzea ikaragarri ongi pasatu dugula. Orburua da protagonistetako bat. Orburua mingotsa da, eta noren antza har zitekeen pentsatzen hasi nintzen. Adibidez, ikasketak bai, baina lanik ez dutenak. Tofuarekin berdin: laukia da, hotza, manufakturatua…. Hipster bat burura etorri zitzaidan.

Non bildu dituzu eguneroko eszena horiek guztiak?

Esan bezala, ikastaroa informazio iturri nagusia izan zen. Argi ikusi nuen zer egin nahi nuen, eta gero protagonista horiek guztiak elkarrekin hitz egiten jartzea izan da erronka. Horretarako, David Priego lagun eta gidoigileari eskatu nion laguntza. Bion artean landu dugu. Esan daiteke nik muntaketa eta zuzendaritza lana egin dudala, eta berak hitzak aukeratu dituela. Lan honetan ez dut ilustrazioan askorik sakondu. Gogoa nuen nire istorioak sortzeko. Ni ez naiz inoiz ilustratzaile obedientea izan, baina nire istorioak kontatu nahi nituen.

Ilustrazioari lotutako lan anitz egin dituzu, baina hau izan da zure lanik handiena?

Esperientzia handia dut ilustrazioaren munduan, baina hau da egin dudan lanik handiena. Esperientzia ona izan da; oso ongi pasatu dugu egiten. Nahiko nukeen asteburu batean pentsatzen badut Davidekin horrelako istorioak sortzen jarraitzea imajinatzen dut. Barrez lehertzen naiz oraindik irakurtzen dudanean, eta hori sintoma ona dela uste dut. Orain dela lau urte hasi ginen, eta lana erabat autogestionatua izan da, Bruguera saria iritsi arte. Egia da momentu gogorrak eta krisiak izan ditugula, baina lortu dugu.

Saria jasotzea nolakoa izan da zuentzat?

Sariaren lehen edizioa da, eta gure liburua saritu dute. Oso pozik gaude. Aitortza handia da, eta, batez ere, lasaitasuna hartu dugu: norbaitek balioetsi du, eta atsegin du. Argitaletxeen munduan arriskatzen duen obrak bidea izatea askotan zaila da. Horregatik, atzean lehiaketa bat egoteak babes handia ematen digu. Nire ustez, bazen tarte bat ez zela argitaratzen zerbait hain ganberroa, lotsagabea eta freskoa.

Umorea oso presente dago, baina baita kritika soziala ere. Hori izan da helburua?

Hain anarkista izan da sormena, ez genuen pentsatu zer ari ginen sortzen. Orain, pausatzearekin batera, ikusten ari naiz. Uste dut azkarra eta zorrotza dela komikia, zuhurra, eta kolpe handiak dituela. Gainera, gai asko jorratzen ditu. Ez da bakarrik izan barrenak hustea; zerbait eraiki dugu umoretik. Horrez gain, liburuak itxaropenerako bidea ematen du. Zaintzari buruz ari gara.

Oso libreak izan zarete sortzean?

Grinaren arabera sortzen dut, batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago. Honakoan, presiorik gabe lan egin dugu, nahi genuena sortuz. Esajeratu dugu. Halaber, konturatu gara orain dela lau urteko ideia eroak oraindik ere indarrean daudela; are gehiago, horietako asko naturalizatu ditugula.

Kasu honetan, errealitateak fikzioa gainditu du?

Bai. Horrek beldurra eman digu. Muturreko pertsonaiak sortu genituen, eta, egun, gizartearen parte dira, egunerokoan ikusten ditugu. Nola gertatu ote da?

Horregatik diote pertsonaiek “lurrak irents gaitzala”?

Kritika hori egin nahi izan dugu: ez badugu ezer egiten pikutara goazela. Lurra ari da abisuak ematen, eta guk kasurik ez. Oinarri ekologista du liburuak, eta manifestazio batekin hasten da. Horren inguruan dabiltza protagonistak. Barazki ekologikoak eta agente kontserbagarriak daude, adibidez. Hamaika metafora eta konparazio bildu ditugu. Arroz zuria, kasurako; jadanik oso prozesatua dago, eta ez du nutrienterik gordetzen. Gu izan gaitezke, bizitza eta mundutik erabat deskonektatuta. Hitz jokoak ere oso presente daude.

Bigarren zatia eginen duzue?

Bai, gure asmoa hori da. Apirilean hasiko gara elkarrekin berriro sortzen. Guregan eragin handia izan du liburuak. Horrez gain, euskarara itzuli nahi dugu. Aukerak aztertzen ari gara, eta gustatuko litzaiguke hurrengo Durangoko Azokarako prest izatea. Liburua itzultzea sortzea bezain lan dibertigarria izatea gustatuko litzaidake.

“Maite dut gertatzen dena kontatzea, kamera baliatuz”

“Maite dut gertatzen dena kontatzea, kamera baliatuz” »

Edurne Elizondo

Afiziotik ailegatu da Adolfo Lakunza Eguaras (Uharte, 1956) argazkilari ofiziora. Prentsaren esparruan egin zituen lehen urratsak, baina, Navarra Hoy egunkarian sei urtez aritu eta gero, bere kabuz hasi zen. Profesionalen irizpidea eta beren begirada kritikoa aldarrikatu ditu.

Zer-nolako parlamentua erakusten du prestatu duzuen erakusketak?

Duela bi urte egindako erakusketaren segida da oraingoa, 40. urteurrena ospatzeko. 2017an, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzarrak erabaki zuen Iruñetik kanpo ere egitea bere bilerak, eta herriz herri joateko erakusketa bat prestatu genuen, parlamentuari buruzkoa. Orain, erakusketa hori osatu dugu; aurretik egindakoek zuten kutsu instituzionala bazter uzten saiatu gara, parlamentuak gero eta irudi gehiago erakusten baitu bere eguneroko jarduerari buruz.

Eguneroko hori islatu nahi izan duzue?

Bai. Parlamentuak egindako ekitaldiak erakutsi ditugu, bai eta parlamentuan gertatu diren hainbat gauza ere: protestak, tentsio uneak… Eguneroko hori da parlamentuaren atzean dagoen benetako errealitatea.

Parlamentariek duela berrogei urte baino garrantzi handiagoa ematen diote orain irudiari?

Erakusketa osatzeko, lehendabiziko parlamentarien irudiak sartu ditugu, erakundearen lehen etapa horretan sakontzeko. Garai horretan, hain zuzen, parlamentariek nork bere argazkia ekartzen zuten kargua hartzen zuenean. Horiek eskaneatzen aritu naiz erakusketa osatzeko. Batzuen argazkirik ez genuen, eta fotokopiak ere erabili behar izan ditugu. Argi dago oraingo egoera hagitz bertzelakoa dela. Halere, nik uste dut erakusketak duen gauzarik garrantzitsuena dela argazkiari ematen diola benetan duen balioa. Argazkia da gure historiaren lekuko. Balioa eman nahi izan diegu historia hori kontatzen diguten argazkiei. Are gehiago, egun, gure lana hain zaila denean.

Zergatik?

Egun hagitz zaila da karrikan jendearen argazkiak egitea. Bertzeak bertze, irudi eskubideen ondorioz. Kontua da eskubide horiek ustezko lehen mundu honetan ditugula, baina ahaztu egiten zaizkigu hemendik ateratzen garenean, eta bigarren edo hirugarren mundutzat jotzen diren horietako jendearen argazkiak egiten ditugunean. Orain gertatzen denaren hemeroteka sare sozialak izanen dira.

Egungo sakelako telefonoek edonor bilakatu dute argazkilari?

Argazkilari ez: irudi biltzaile. Ez baita gauza bera.

Argazkilarien lanari ez zaio duen balioa aitortzen?

Argazkilari profesionalon lana ez da kontuan hartzen, ez da errespetatzen, eta ez zaio baliorik ematen. Eskandaluzkoa da egoera hori, eta mingarria guretzat. Niretzat mingarria da. Afiziotik ailegatu naiz ni argazkilari ofiziora, eta kontua ez da argazkiak gustuko ditudala: kontua da gertatzen dena kontatzea maite dudala, nire argazki kamera baliatuz. Argazki batek gauza anitz erraten ahal ditu. Irakurtzen jakin behar dugu, eta, jakina, idazten ere bai. Argazki baten atzean dago lanbide bat agerian uzten duen lana, eta lan horren funtsezko elementuetako bat da kritiko izateko gaitasuna, irizpide bat izatea. Horrek, noski, ez du zer ikustekorik sakelako batekin momentu batean argazkilari ez den edozeinek egiten duen argazkiarekin.

Navarra Hoy egunkarian hasi zenuen zure bidea. Parlamentuarentzat noiz hasi zinen lanean?

Navarra Hoy egunkarian nintzenean hasi zen parlamentuarekin oraindik dudan harremana. Parlamentuak inoiz ez du bere argazkilaririk izan. Egiten zituen ekitaldi bakarretarako hiriko hainbat argazkilariri deitzen zien. Behin, nik egindako argazki bat eskatu zidaten, eta, hortik aurrera, tarteka deitzen zidaten argazki bat edo bertze egiteko. Parlamentuko argazki guztiak egiten ditut orain. Parlamentuan ere, orain konturatu dira ez dutela artxibo on bat. Lehen ez zioten garrantzi handirik ematen.

Egoera aldatu da?

Bai; urratsak egin dira legegintzaldiz legegintzaldi. Jose Luis Castejonekin egin zen zerbait; bisitak heldu zirenean ateratzen genituen argazkiak. Lola Egurenekin ere bai. Egoitza berriko lehen harria jartzeko, ekitaldiko argazkia egin nuen, eta obren berri ere eman genuen. Legegintzaldi batetik bertzera nabarmen egin du gora egindako lanak. Rafael Gurrearekin gauza gutxi egin genituen, baina, gero, Elena Torresekin, webgunea jarri genuen martxan. Alberto Catalanekin hasi ginen osoko bileren argazkiak egiten, eta parlamentari guztien irudiak zabaltzen.

Harreman ona dago parlamentarien eta argazkilarien artean?

Bai, hagitz ona. Gure lana da zer gertatzen den kontatzea, eta hori egiten dugu. Erran beharra dago gure parlamentuan argazkilariok askatasun handia dugula toki batetik bertzera mugitzeko. Parlamentariei ahaztu egiten zaie han garela ere.

Hasieran, egunkari batentzat egiten zenituen parlamentuko argazkiak; orain, berriz, erakunde horrentzat. Aldatu da anitz zure lana?

Bai. Halere, profesional gisa, argazkilariok beti saiatu behar dugu ahalik eta zintzoen jokatzen.

Parlamentarien argazki anitz egin dituzu; alde handia dago haien artean kameraren aurrean direnean?

Bai, zalantzarik gabe. Batzuek keinu anitz egiten dute, eta, edozer gauza erraten dutela, argazkietan berez dutena baino irudi gogorragoa ematen dute. Argazki anitz egin behar ditugu egokia den bat edukitzeko.

Nor da horrelakoa, adibidez?

Javier Esparza, adibidez. Uxue Barkosi argazkiak egitea ere zaila da hitz egiten duenean. Bertzalde, osoko bilkurak antzekoak dira, eta beti saiatu behar dugu angelu ezberdin bat bilatzen, edo zerbait ezberdina egiten. Irakurtzen duten parlamentariak, adibidez, ez ditugu gogoko argazkilariok, ez direlako batere aproposak argazki ezberdin hori lortu ahal izateko.

Eta nor duzue gogoko, adibidez?

Unai Hualde, adibidez. Lasai aritzen da. Argazkilariok, halere, mugimendua maite dugu. Paperak ateratzen dituenaren edo bertzeak seinalatzen dituenaren argazkiak egitea errazagoa da.

Ikuspuntu estetiko batetik, anitz aldatu da parlamentua?

Bai, anitz. Pentsa, lehen osoko bilkuretan ere erretzen zuten parlamentariek! Arropak ere anitz aldatu dira. Lehen, gizon parlamentari gehienek trajea janzten zuten; orain, ez. Eta lehen dena zuri-beltzean egiten genuen, eta orain koloretan

Parlamentuan, eta handik at, kamera beti lagun. Ez zara nekatu?

Lan on bat utzi nuen argazkilaritza ikasteko, beti izan nuelako gustuko. Irakasle gisa ere aritzen naiz orain, eta, parlamentuarentzat ez ezik, bertze hamaika bezerorentzat egiten dut lan. Navarra Hoy utzi nuen argazkien arduradun izatea eskaini eta gero. Beti gauza bera egiteaz nekatu nintzen, eta nahi nituen gauza berriak egin. Horretan aritu naiz azken hamarkadetan. Gaur arte.

“Konposizioa ikastea erabaki nuen musika barrutik ulertzeko”

“Konposizioa ikastea erabaki nuen musika barrutik ulertzeko” »

Edurne Elizondo

Musika barrutik ulertzeko erabaki zuen Haizea Huegun Duranek (Zarautz, Gipuzkoa, 1996) konposizioa ikastea. Musika barruan daramala agerikoa da bere lanaz mintzatzen denean. Zinemarekin uztartu du lan hori, eta horri buruz aritu berri da, bertze bi emakume musikagilerekin, Lekeitioko Euskal Zine Bileran.

Hiru konpositore, hiru emakume. Gero eta ohikoago bilakatu da irudi hori?

Bai. Ni hasiberria naiz, baina Alicia Morotek eta Paula Olazek badute bide bat egina jada. Oraindik ere oso gutxi gara zineman soinuaren eta musikaren esparruan ari garen emakumeak. Horretaz aritu ginen, hain zuzen. Bagoaz, baina pixkanaka.

Zuk hasi duzu bidea. Kontent?

Bai. Bi lan egin ditut. Zauriak dokumentala izan zen lehenengoa. Oso lan polita izan da. Dokumentala asko gustatu zitzaidan. Gero, Realari buruzko Sua. Irabazi arte dokumentaleko musika egin nuen. Zinemaldian aurkeztu zuten, gainera, eta oso esperientzia polita izan da.

Nola hasi zinen musikaren munduan?

Hasi nintzen 13 urterekin. Egun batean, etxean esan nuen pianoa jo nahi nuela. Gurasoak ez dira musikariak. Baina gogo hori piztu zitzaidan. Musika eskolara joan ginen, baina esan zidaten zaharra nintzela.

13 urterekin?

Bai. Eskolan hasteko zaharra nintzela esan zidaten, lehenengo solfeoa ikasi beharko nuelako lau urtez. Ondorioz, irakasle baten bila hasi ginen, eta jazz musikan aritzen zen bat aurkitu genuen. Harekin hasi nintzen.

Hutsetik hasi zinen?

Bai. Ez nuen inoiz solfeorik ikasi. Harekin hasi nintzen, pixkanaka, eta segituan lotu nintzen. Konturatu nintzen hobera egiteko egunero jo behar nuela, eta denbora asko eman, eta hori egin nuen.

Nondik sortu zitzaizun musikarako grina hori?

Aitari asko gustatzen zaio musika, eta etxean beti entzun dugu musika asko, musika klasikoa. Orkestrarako musika entzuten nuen, eta nahi nuen ulertu. Gogo horrek piztu zidan interesa. Etxean ikasi dut, eta, ondorioz, egunean bost, sei edo zazpi orduz jotzen nuen.

Pianoa jotzen hasi zinen, baina Iruñera konpositore izateko nahiak ekarri zaitu, ezta?

Hasieran piano ikasketak egin nahi nituen, eta Donostiako kontserbatoriora jo nuen, hamabost urterekin. Musika eskolan esandakoa esan zidaten berriz ere: ongi jotzen nuela, baina berandu zela niretzat. Ia uzteko esan zidaten han.

Eta zer egin zenuen?

Aitaren laguntzarekin, berriz ere, beste irakasle bat aurkitu genuen, gure kabuz. Zorte handia izan nuen, hari esker hasi nintzelako ikasten beste gauza asko, eta musika beste era batera ikusten. Ez nuen jo bakarrik egiten; hasi nintzen armonia aztertzen, konposizio ariketak egiten, eta, horrela, pixkanaka, konposatzen hasi nintzen. Goizez pianoa jo, eta arratsaldez konposatzen aritzen nintzen.

Konposizioaren aldeko hautua egin zenuen azkenean.

Bai. Baina konposizioa ikastea erabaki nuen, batez ere, musika barrutik ulertzeko eta ezagutzeko. Irakasleak esanda, askotan joan nintzen Musikenera azterketak egiten zituzten ikasleak entzutera. Eta ikusten nuen tentsio handiarekin jotzen zutela. Nik ez nuen hori nahi. Pianoa maite dut, eta gustura aritzen naiz jotzen, baina ez nuen hori nahi. Eta konposizioaren alde egin nuen.

Zinemaren eta musikaren arteko loturak piztu du zure interesa. Nolakoa izan da esparru horretan lanean hasteko bidea?

Zauriak dokumentalaren berri jaso nuen lagun batzuen lagunen bidez. Musikari bat behar zutela esan zidaten, eta, haiekin hitz egin, eta hasi ginen lanean.

Buruko osasunari buruzko lana da. Zaila izan da?

Bai. Hasieratik argi utzi zidaten asmoa zela dokumentalean agertzen diren pertsonak biktima gisa ez agertzea. Musikak, beraz, neutroa behar zuen, eta hori erronka izan zen niretzat.

Zinemaldian aurkeztu zuten parte hartu duzun bigarren lana: Realari buruzko Sua. Irabazi arte. Gaia hagitz bertzelakoa da.

Bai. Kasu honetan ere, lagunen bidez izan nuen proiektuaren berri, eta horrela hasi nintzen lanean. Bi dokumentalak oso ezberdinak dira, baina, aldi berean, ezaugarri komunak dituzte, bietan emakumeak daudelako erdigunean. Futbola ez zait gustatzen, baina Realeko emakumeen inguruko lana zela jakin nuenean poztu egin nintzen.

Lan prozesuetan aldea sumatu duzu?

Bai. Zauriak lanerako ordenagailuz egin nuen dena. Realari buruzko dokumentalerako, berriz, grabatzera joan nintzen bertze musikariekin. Polita izan zen.

Bi lanetan bada aldarrikapen bat. Zuk musika gizarte gaiekin lotuta ulertzen duzu?

Bai. Kontserbatorioan, hain zuzen, ikuspuntua aldatu zait. Ailegatu nintzenean ez nintzen ohartzen erreferenterik ez nuela. Hamabi ikasgai nituen, eta ohartu nintzen bakar batean ere ez zela emakumerik agertzen. Emakume konpositorerik ez zegoela sinetsi nuen. Bigarren mailan, bat-batean, Erik Satieren musika ezagutu nuen. Talde bat zuen, eta taldean emakume bat bazen: Germaine Tailleferre. Hari buruzko erreferentzia bakarra hori zen, taldeko emakumea zela, alegia. Haserretu egin ninduen horrek; zerbait egin nahi nuen.

Eta zer egin zenuen?

Erabaki nuen hari buruzko lan bat egitea. Eta erabaki nuen, gainera, kontserbatorioko nire lan guztiak emakumeei buruzkoak izango zirela. Nik ere ikasi nahi nuelako.

Kontserbatorioan zein da egoera?

Irakasle emakume gutxi izan ditut. Eta haiek ere gauza asko ez zuten ezagutzen. Jazzaren esparruan, adibidez, ezagutzen diren emakumeak abeslariak dira, batez ere. Baina piano edo bateria jotzaile oso onak badira. Urratsak egiten ari dira kontserbatorioan, baina, batez ere, emakumeak dira mugitzen ari direnak.

Zer duzu orain esku artean?

Aitarekin ari naiz. Eskultorea da. Bere lan batzuekin ari naiz obra osatzen. Nik sentitzen dut jolasean ari naizela musikarekin lan egiten dudanean. Ahalegin bat da, baina gozatzen dut. Hori da kontua. Gustuko duzun horretan sakontzea.

«Jasan behar izan ditut aurreiritziak»

«Jasan behar izan ditut aurreiritziak» »

Edurne Elizondo Iruñea Musika elektronikoaren esparruan emakumeak egiten ari diren lana aztertu dute Civicanen, Soinu Paisaia izenburuko programaren barruan. Ruth Garcia kazetariak (Madril,

“Nire diskoan kantu erotiko bat sartu dut; ematen du tabua dela”

“Nire diskoan kantu erotiko bat sartu dut; ematen du tabua dela” »

Edurne Elizondo
Herriko musika eskola, Nafarroako Kantu Txapelketa, ETB, Danba taldea… Eta, orain, bakarkako lehendabiziko diskoa: Haize gorri batek izenburuko lana aurkeztu berri du Estitxu Pinatxo abeslari eta musikariak (Bera, 1987), berak sortuta…

“Ikusezinak ginen, baina lortu dugu tokia emakumeontzat”

“Ikusezinak ginen, baina lortu dugu tokia emakumeontzat” »

Kattalin Barber
Irantzu Etxebestek (Bera, 1987) debuta egin du Emakume Master Cup txapelketan. Berako pilotariak txikitan hasi zuen bidea, baina hogei urtez alde batera utzi zuen, beste emakume askok bezala. Berriro hasi da eskuak egiten, pilotarekin g…

“Gure formakuntza ere eurozentrikoa izan da, neurri handi batean”

“Gure formakuntza ere eurozentrikoa izan da, neurri handi batean” »

Edurne Elizondo

Trans Urriko egitaraua itxi du Bidez Bide elkarteak eta Xirimiri etxeak elkarrekin egindako Coreografías de la transgresión dokumentalak. Bidez Bideko kide eta gizarte langile Soraya Ronquillok (Tingo Maria, Peru, 1961) aurkeztu du lana, Iruñean. Limako eta Cuscoko hainbat trans emakumeren esperientzien berri ematen du. Arlo horretan ere, ezagutza dekolonizatzeko beharra jarri du mahai gainean Ronquillok.

Zer moduzko harrera egin diote Iruñean zuen lanari?

Hagitz kontent gaude, jendeak parte hartu duelako; eztabaida piztu nahi izan dute, hemengo esperientziak eta dokumentalak islatzen dituenak partekatzeko.

Peruko trans emakumeen inguruko lana da. Zer kontatu nahi duzue?

Limako eta Cuscoko emakume batzuen istorioaren berri eman nahi izan dugu. Emakume gisa dituzten eskubideak aldarrikatzen dituzte, eta horregatik erabaki dugu errateko dutena dokumentalera eramatea. Emakumeon istorioen bidez hainbat aldaera gurutzatzen dira, bertzeak bertze, etnia, nortasuna, trans izatea, klase soziala… Protagonistetako batek erraten du, adibidez, trans emakumea, beltza eta pobrea bazara, jai duzula. Dena da zailagoa kasu horretan.

Gurutzatzen diren ezaugarri horiek guztiak kontuan hartuta, batzuen eta bertzeen esperientziak hagitz ezberdinak izanen dira, ezta?

Bai, hala da. Gure asmoa ere bada hurbiltzea emakumeon kontakizun horiek, gure testuingurura ekartzea istorio horiek, aldarrikapen global horiei ere so egin ahal izateko, eta kontuan hartzeko. Egungo teknologiek aukera ematen digute hemendik urruneko esperientzia horiek gurera ekarri ahal izateko, hemen ere ezagutu ahal izateko.

Emakumeez hitz egiterakoan ere ikuspuntu hegemonikoak bazter uzteko?

Bai. 2009. urtetik ari da gure elkartea emakume migratuekin lanean. Formakuntza lantzen dugu, batetik, eta, bertzetik, saiatzen gara ikus-entzunezko materiala sortzen.

Nola sortu zen dokumentala egiteko asmoa?

Gure elkarteko kide Katia Reimberg hasi zen Donostiara heldu ziren trans emakumeak elkarrizketatzen; bertze hainbat herritatik ihesi ailegatutako emakumeak ziren. Aldi berean, gurekin praktikak egin zituen bertze pertsonak batek, Iker Baquek, gradu amaierako bere lana ere trans emakumeen inguruan egin zuen, eta Perun izan zen. Bi lan horiek bat egin zuten, eta dokumentala prestatzen hasi ginen. Iaz Cuscon egon ginen, eta, aurten, urtarrilean, Liman.

Zergatik aukeratu duzue Peru?

Hango zentro batekin elkarlanean aritzen gara. Harremana badugu, eta EHUko ikasleak hartzen dituzte han. Testuinguru horretan erabaki genuen lana han grabatzea. Gainera, agerian utzi nahi genuen trans pertsonen eskubideak, oraindik ere, urratu egiten dituztela herri horretan. Nortasun agiriko izena aldatzeko prozedura hagitz zaila da, adibidez. Luze joan ohi da, eta ez da merkea. Trans emakumeek, oro har, bazterketa sufritzeko arrisku handiagoa dute. Gure lanaren bidez, errealitate horren inguruko gogoeta kritikoa piztu nahi dugu.

Bertzeak bertze, institutuetan erakutsi duzue. Zer moduzkoa izan da esperientzia?

Hagitz ona. Gazteek ezagutzen ez duten errealitate baten berri jasotzeko aukera izan dute. Ni Perukoa naiz, eta, niretzat ere, ezezaguna da, neurri handi batean, gure dokumentalak jasotzen duena. Kontatu ez didaten nire herriko historiaren zati bat da, hain zuzen.

Eta nolakoa izan da zuretzat errealitate hori ezagutzeko prozesua?

Agian, errealitate ezezaguna zela erratea ez da egokia. Kontua da gure formakuntza ere, neurri handi batean, eurozentrikoa izan dela. Hegoaldean ere, historia bakar baten berri eman digute. Dokumentala prestatzeko irakurri ditugu Peruko hamaika antropologoren lanak; bertzeak bertze, aztertu dugu Giuseppe Campuzano filosofo eta trabesti peruarraren lana. Peruko trabestien inguruko lan anitz egin zuen.

Eta zer nabarmenduko zenuke?

Aipatzen zuen, adibidez, espainiarrek Abya Yala konkistatu zutenean, erlijioarekin batera binarismoa eraman zutela; inken inperioaren garaian horrelakorik ez zegoela. Inken inperioaren garaian pertsona androginoak baziren, eta gurtu egiten zituzten. Horrek erakusten digu guri kontatu ziguten historia ez dela, inondik inora, bakarra. Bertze anitz daude, eta horien berri jasotzeak aukera ematen digu ezagutza dekolonizatzeko. Ezagutza hori, funtsean, eurozentrikoa izan delako.

Zer-nolako historiak jaso nahi izan dituzue zuek?

Adibidez, Cuscon, Copacabanako andre mariaren aldeko besta ospatzen duen emakume talde bat dago. Trans emakumeak dira. Duela bederatzi urte hasi ziren. Jantzi tradizionala jarri, eta Boliviatik eramaten duten Copacabanako andre maria gurtzen dute. Dantza egiten dute, eta, besta horren bidez, existitzen direla aldarrikatzen dute.

Erlijioaren gaia jartzen du horrek mahai gainean.

Bai. Emakumeok elizara joan dira, eta, lehendabiziko urteetan, apaizak handik bota ditu. Ez zuten ulertzen trans emakumeok Andre Maria gurtu nahi izatea. Orain lortu dute beren tokia, lortu dute besta hori egitea. Eta horren bidez aldarrikatzen dute nor diren. Cuscokoa, finean, gizarte hagitz tradizionala eta patriarkala da, baina emakumeok beren bidea egitea lortu dute.

Bertzelakoa da Limako testuingurua?

Bai. Liman, adibidez, GIB birusaren inguruko informazio kanpainak egiten dituzten emakumeekin izan gara. Prebentzioa lantzeko ari dira lanean, eta kontzientzia pizteko. Nortasun agirian izena aldatzeko borrokaren berri ere jaso dugu. Horretan ari dira, eta aldarrikapen hori jaso nahi izan dugu. Feminas izeneko talde bat dago, eta haiekin izan gara. Elkarri babesa emateko talde bat da, askotariko emakumeak biltzeko toki bat.

Dokumentala aurkeztu duzuen programa berean Kattalin Minerrek salatu zuen, oraindik ere, “indefinizioak traba” egiten duela egungo gizartean. Beldurra diogu?

Kontua da binarismoa arlo guztietan dagoela. Eztabaidak behar ditugu, gogoetak. Ez da erraza. Perun, oraindik ere, gorroto krimenak badaude. Urtarrilean izan ginenean, aita batek 15 urteko semea hil zuen homosexuala zela jakin zuelako. Hemen ere gertatzen dira. Ustez eskubide gehiago daude, baina gertatzen dira horrelakoak ere.