Musika eta herria ospatzeko

Musika eta herria ospatzeko »

Atarrabia abesbatzak bi kontzerturekin ospatuko du asteburuan bere hogeigarren urteurrena. Pello Goñik sortu zuen 2003. urtean; egun, Iñigo Casali du zuzendari. - Jarraitu irakurtzen...

N-121-A errepidean sortzen diren auto pilaketak salatu dituzte

N-121-A errepidean sortzen diren auto pilaketak salatu dituzte »

Anitz dira Bortzirietatik Gipuzkoara ikastera edo lanera joaten diren herritarrak. Gora egin du kamioien kopuruak, eta Behobian trafiko ilarak eragiten dituzte maiz. - Jarraitu irakurtzen...

Sokak “estutzen” dituela salatzeko greba

Sokak “estutzen” dituela salatzeko greba »

Cordovillako La Moreako H&M dendako langileak greban dira iazko abendutik, soldata igo diezaietela eskatzeko; 2009tik izoztua dute. Lan baldintzak «prekarioak» direla nabarmendu dute. - Jarraitu irakurtzen...

Bizitza garestiago, gerrikoa estuago

Bizitza garestiago, gerrikoa estuago »

[URTEKARIA, 2022] Herritarrak ekonomiaren gorabeherei so dira. Prezioek goranzko joera izan dute urte osoan, eta bizimodua nabarmen garestitu da. Enpresen arloan, berriz, Volkswagen eta Siemens Gamesa fabrikek piztu dute kezka, besteak beste. - Jarraitu irakurtzen...

Baztan berriro margotzen

Baztan berriro margotzen »

Hamabi arte erakusketa izango dira aurten Baztanen. Inguruko artisten margolanak ikusteko aukera egongo da, pandemia garaian alde batera geratu ziren pintzelei berriro lekua eskainiz. - Jarraitu irakurtzen...

Kobazuloko bizilagunak

Kobazuloko bizilagunak »

‘Ursus spelaeus’ leizeetako hartzari buruzko erakusketa bat dago Iruñeko Planetarioan, irailaren 25era arte. Besteak beste, Amutxaten aurkitutako animalia horren hezurdura oso bat ikus daiteke. - Jarraitu irakurtzen...

Nor bere esparrutik, eta denak elkarrekin

Nor bere esparrutik, eta denak elkarrekin »

Herrialdeko liburu saltzaileak karrikara atera dira, eta igandera bitarte egonen dira Iruñeko Gazteluko plazan; Nafarroako Liburu Azoka antolatu dute, aurrenekoz, gobernuaren eta sektoreko bertze hainbat erakunderen laguntzarekin. - Jarraitu irakurtzen...

Helduleku sendo bat ia deus ez zegoenean

Helduleku sendo bat ia deus ez zegoenean »

Edurne Elizondo

Emakume azkarra zen, ausarta; aitzindaria”. Horixe erran du Alberto Barandiaran kazetariak Xole Erbiti buruz (1942-2009). Barandiaranek idatzi du Erbitiri buruzko biografia, Bidegileak bilduma itxi duena. Eusko Jaurlaritzak 1987. urtean jarri zuen martxan egitasmo hori, eta, geroztik, launa liburuxka biltzen dituzten 68 sorta argitaratu ditu: 272 biografia denera. “Polita da bilduma Erbitiri buruzko lanarekin amaitu izana”, erran du Barandiaranek.

Bildumaren helburua izan da euskalgintzan aitzindari izan diren pertsona eta taldeen pentsaera, bizitza eta lana ezagutaraztea, eta Xole Erbiti izan zen horietako bat, zalantzarik gabe: helduleku sendo bat eman zion euskarari ia deus ez zegoenean. “Lan isila eta apala” egin zuen, ezinbertzekoa. Soka luzea ekarri zuen, ultzamarrak bidea hasi zuelako: Nafarroako lehendabiziko euskara teknikaria izan zen.

Ultzamako Ilarregin jaio zen Xole Erbiti Arbilla, 1942. urtean. Berueteko eskolan aritu zen irakasle, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Zerbitzuko Euskara saileko teknikari postua lortu baino lehen. “Irakasle izateko oposizioa ez zen izan Erbitik gainditutako bakarra; Espainiako Ogasun Ministerioan lan egiteko postua ere lortu zuen”, azaldu du Barandiaranek. Erbitik, baina, bide berri bat hastea erabaki zuen, ausardiaz, eta oposizioa irabazi eta gero, 1973ko martxoaren 9an, Nafarroako lehen euskara teknikari bilakatu zen. 35 urtez aritu zen lanean Hezkuntza Departamentuan, 2007an erretiroa hartu zuen arte.

Euskararekin konpromisoa

Duela bost urte egin zioten Alberto Barandiarani Erbitiri buruzko biografia idazteko proposamena, eta kazetariak lan horri esker deskubritu ditu euskara teknikariaren figura eta bidea: “Informazio gutxi zegoen; lankide izan zituenekin eta familiakoekin hitz eginda osatu dut biografia”.

Izan ere, Erbiti ez zen inoiz nabarmendu. Lan isila baina etenik gabea egin zuen euskararen alde, jokaleku zail batean. Zaila zen, batez ere euskara teknikariak ia hutsetik egin behar izan zuelako bere bidea: “Garai hartan, ikastolak sortzen ari ziren herri askotan; ez zegoen argi zer egin behar zen, ez zen araudirik, ez zen helduleku izan zitekeen legerik, diru laguntzen inguruko hamaika zalantza baziren… Testuinguru horretan aritu zen Xole Erbiti lanean”, nabarmendu du Barandiaranek.

Bertze lanak baztertu eta euskara teknikari bilakatuta, hizkuntzarekin zuen konpromisoa erakutsi zuen Xole Erbitik: “Etxean jaso zuen euskararen aldeko jarrera hori, eta txikitatik utzi zuen agerian. Eskolan, adibidez, irakasle erdaldunak zituzten, baina ikaskideei euskaraz egiteko esaten zien Erbitik beti, haiena euskara zela”, kontatu du biografiaren egileak.

Barandiaranek erantsi duenez, bertze batzuen konpromisoari esker sortu zen Erbiti euskara teknikari lanetan aritzeko aukera: “1960ko hamarkadaren bukaeran, hor aritu ziren Jose Maria Satrustegi, Pedro Diez de Ulzurrun, Javier Urmeneta eta beste euskararen alde zerbait egin nahian; sortu zen Principe de Viana aldizkaria, sortu zen euskarazko aldizkari bat, eta herriz herri ibili ziren euskara ezagutzen zuten umeei diplomak ematen. Batzuetan iruditzen zait orduan euskararekiko jarrera hobea egon zela, 1970eko hamarkadaren ondotik ezagutu ditugun garai batzuetan baino”.

Giro horretan sortu zen Erbiti Nafarroako lehendabiziko euskara teknikari bilakatu zuen postua. “Euskal Herrian ere lehenengoetarikoa izango zen”, erran du Alberto Barandiaranek. Hastapenean irakaskuntzaren esparruan Erbitik egindako lana ere nabarmendu nahi izan du kazetariak: “Ikastolak sortzen hasi zirenean, gora egin zuen irakasle euskaldunen premiak, noski. Irakasleek, euskaldunak izanda ere, ez zuten inolako formakuntzarik euskal kulturaren edo literaturaren arloan, eta Erbitik antolatu zituen gabezia horiei aurre egiteko ikastaroak”.

1972an, Nafarroako Diputazioak hitzeman zuen baliabideak jarriko zituela euskara irakaskuntzan sar zedin, eta ahalegin pribatuak lagunduko zituela. 1973ko udan antolatu zituen Xole Erbitik irakasleentzako lehendabiziko euskara ikastaroak, Jon Oñatibia kazetari eta irakaslearen zuzendaritzapean. Euskal Herri osoko 63 lagunek eman zuten izena ikasle gisa. Gehienak emakumeak ziren. “Adituen eta irakasleen artean, berriz, ia denak gizonak. Irakasleentzako ikastaroen inguruko argazkietan gizonek inguratuta agertzen zen Erbiti beti. Berdin gertatzen zitzaion Euskaltzaindiko batzarretan. Emakume izateak ere ekarri du, segur aski, hain ezagun ez izatea”.

Barandiaranen liburuxkak egin dio aitortza Xole Erbitiren bizitza osoko lanari. “Erakusteko kate bat dela dena; deus ez dela hutsetik sortzen”.

Zuzentaraua betetzeko bidean

Zuzentaraua betetzeko bidean »

Edurne Elizondo
Amaitu zaio denbora. Nafarroako Gobernuak martxan jarri du Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko proiektua idazteko lanak esleitzeko prozesua. Urrian eskatu zion Europako Batzordeak, azkenekoz, tuneletako segurtasunari buruzko arau…

Bide gogorra, urrats irmoak

Bide gogorra, urrats irmoak »

Edurne Elizondo

Hemen gaude. Bidea hasi genuenean, nekez pentsatzen ahal genuen gaurkoaren gisako jardunaldi bat eginen genukeela; gauza handia da guretzat”. Mezu hori nabarmendu zuten Ikastetxe Erlijiosoetako Abusuen Biktimen Elkarteko kideek, duela astebete, Iruñean egindako saioan. Zentro erlijiosoak eta pederastia izenburupean, egun osoko jardunaldi bat prestatu zuten, auziari hainbat arlotatik heltzeko eta, batez ere, argi uzteko hasi duten bidean ez dutela atzera eginen. Hamarkada luzez barneratutako isiltasuna hautsi dute, eta ez dute inolako asmorik berriz isilik gelditzeko.

“Egun intentsoa izan da”. Elkarteko kide anitzek errepikatu zuten esaldi hori, joan den ostiraleko azken mahai ingurua amaitu eta gero. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera antolatu zuten jardunaldia, eta, lehen zatian, hain zuzen, unibertsitatearen esparruko hainbat adituk hartu zuten hitza, Nafarroako Gobernuko Justizia kontseilari Eduardo Santosek saioa zabaltzeko hitzaldia egin eta gero. Arratsaldez, Nafarroako hainbat ikastetxe erlijiosotan sexu abusuak sufritu dituztenen bozgorailu izan diren kazetariek egin zuten lehen mahai ingurua; eta azkenekoan, abusu horiek sufritu eta salatu dituztenek hartu zuten hitza. Azkena, eta gogorrena. Elkarteko kideek babesa eman zioten elkarri, une oro; hitzak ateratzen ez zitzaizkienean ere, lortu zuten beren mezua mahai gainean jartzea. “Ez dadila berriz gertatu; ez diezaiotela bertze inori egin”.

Nafarroan, azken hilabeteotan egin du eztanda herrialdeko hainbat ikastetxe erlijiosotan gertatutako sexu abusuen auziak. Jose Luisek irrati kate batean egindako salaketa izan zen abiapuntua, dena martxan jarri zuen urratsa, duela orain urtebete. Egun hartan, Jose Luisek jendaurrean eman zuen bere buruaz bertze egin zuen anaiak utzitako gutunaren berri. Garesko Erreparaziokoetan izan ziren biak, eta biek sufritu zituzten sexu abusuak. Inoiz ez zioten elkarri deus erran, ordea. Jose Luisen anaiak bere gutunaren bidez apurtu zuen ordura arteko isiltasuna. Eta idatzitako hitzen bidez, bidea markatu zion Jose Luisi: “Gutunarekin zer egin jakinen nuela idatzi zidan. Argi ikusi nuen kontatu behar nuela, salatu”.

Abusuen arrastoa

Jose Luisen ondotik, apaizen sexu abusuak sufritutako bertze hainbatek egin zuten salatzeko eta kontatzeko urratsa. Haietako bat izan zen Jesus Zudaire, elkarteko presidentea. Jose Luisi besotik heldu zion ostiraleko saioan, lagunak behera egin zuen bakoitzean. Hitza hartu zuenean, baina, ustez hotza zen hizkera bat erabili zuen. Berrogeita hamar urtez isilpean gordetakoa azaldu zuen: Lizarrako El Puy ikastetxean sufritutako abusuak. “Gaizki nago; amorruak hartzen nau, baina ezin dut negarrik egin. Ezin dut negarrik egin. Hori da sufritutako abusuek utzi didaten arrastoa. Duela hemezortzi urte gelditu nintzen alargun… Ezta malko bat ere”.

Koldori kosta egin zitzaion ostiralean malkoei eustea. Aretoan bat egin zuten herritarren aurrean agertu zen, baina ezin izan zuen sufritutako abusuen berri eman. “Badakit hitz egiten badut berriz ere erabat jota geldituko naizela; ezin dut”.

Mikel eta Patxi dira elkarteko bertze bi kide. Entzuleen artean eseri ziren ostiralean, eta handik hartu zuten hitza. Jose Luisek egindako urratsak bertze anitzi eman die sufritutako abusuak salatzeko indarra. Ez dute bide erraza izan, elkarteak Eliza izan baitu aurrean, martxan jarri zenetik. Ez da abusuak sufritu dituztenen ondoan agertu. Jose Luisek ostiralean gogoratu zuen bilera bat egin zuela Iruñeko artzapezpiku Francisco Perezekin, anaiaren gutuna irakurri eta gero, eta abusuak salatu baino lehen. “Gutuna gordeko zuela erran zidan; proba desagerrarazi bertzerik ez zuen nahi”.

Elkarteko kideek ostiraleko jardunaldian parte hartzera deitu zuten Iruñeko artzapezpikua. Francisco Perezek uko egin zion eskaerari, ordea. “Artzapezpikutzak gure salaketen berri jaso zuenean egin zuen lehendabiziko gauza zera izan zen, ukatzea abusuak egin zituzten zentro horien ardurarik”, nabarmendu zuen Marcos Leiunek.

Espainiako Estatuko Elizako agintarien jarrera ere salatu zuten Ikastetxe Erlijiosoetako Abusuen Biktimen Elkarteko kideek, Iruñean egindako saioan. Nabarmendu zuten aita santuak agindutakoaren kontrako bidea egiten ari direla, hain zuzen ere. Horren adibide aipatu zuten Iruñeko Artzapezpikutzak hartutako azken erabakia: batzorde bat osatu du, adingabeak eta egoera zaurgarrian diren pertsonak babesteko. “Aita santuak zehazki eskatu du apaizen sexu abusuak sufritu dituztenei so egiteko; baina hemen ez dute hori egin. Abusuak sufritu dituztenak artatzeko batzorde bat osatu dute, ikastetxe erlijiosoak aipatu gabe ere”, salatu zuen Leiunek.

“Etsigarritzat” jo zuten Elizak orain arte bete duen rola. Nabarmendu zuten elkarteak “urrats anitz” egin dituela, halere, eta “ontzat” eman zuten orain arte egindako bidea. Joan den asteko jardunaldia izan da elkarteak antolatutako azken ekinaldia, baina aurretik lortu du auzia Nafarroako Parlamentura eramatea. Han azaldu dituzte zentro erlijiosoetako ikasle ohiek hainbat urtez sufritutako sexu abusuak. Parlamentuak erabaki du, hain zuzen ere, ikerketa batzordea jarriko duela martxan. Elkarteko kideek “kontent” hartu dute urrats hori. Bide gogorra dute aurrean, baina irmo ari dira urratsak egiten.