Artxiboetatik argitaletxera

Artxiboetatik argitaletxera »

Edurne Elizondo

Agiririk inportanteena da Iruñeko historian”. Horixe erran du Sancho el Fuerte argitaletxeko arduradun Isabel Perez Radak faksimile bilakatu berri duten hiriko Batasunaren Pribilegioaren testuari buruz. 1423. urteko irailaren 8koa da agiria, Karlos III.a Prestuak hiriari emana. Agiri horren bidez bat egin zuten egungo Iruñea osatzen zuten burguek.

“Iruindarren esku jarri nahi dugu hiriarentzat funtsezkoa den agiri hau”, erantsi du Perez Radak. Ehun ale kaleratu dituzte. Agiriaren faksimilea argitaratu dute, batetik: ia bi metro eta erdi luze da. Bertzetik, Concepcion Martinez Pasamar filologoak Batasunaren Pribilegioari buruz egindako lana plazaratu du Sancho el Fuerte etxeak. Agiria aztertu eta transkribatu egin du; jatorrizkoa Nafarroako erromantzez idatzita dago. Bertsio “modernoagoa” egin du Nafarroako Unibertsitateko irakasleak, “ulergarriagoa” izan dadin.

Iruñeko Batasunaren Pribilegioaren jatorrizko lau agiri existitzen dira; hain zuzen, Nafarroako Artxibo Nagusian gordetzen dutena erabili du Sancho el Fuerte argitaletxeak faksimilea egiteko. Bertze bi badira Iruñeko Udal Artxiboan, eta laugarrena, berriz, Iruñeko Katedraleko Artxiboan dago.

“Agiri hagitz ezaguna da”, nabarmendu du Nafarroako Artxibo Nagusiko zuzendari Felix Segurak. Iruindarrek urtero ospatzen dute irailaren 8a, hain zuzen ere. Egun horretan, Iruñeko udalbatzak desfilea egiten ohi du garai batean hiria osatzen zuten burguetan barrena, eta katedralean, berriz, lore eskaintza egiten du, Karlos III.a Prestuaren hilobiaren aurrean.

Agiriaren xehetasunak, hala ere, iruindar gehienentzat “ezezagunak” dira, Felix Seguraren ustez. “Horregatik, garrantzitsua da orain gure esku dugun testu berri hau; agiri horrek hiriari ekarri ziona hobeki ulertu ahal izateko baliagarria izanen zaigu”, erran du.

Agiriaren izenak ongi azaltzen du zer eman zion hiriari batez ere: batasuna. Izan ere, ordura arte egungo Iruñea osatzen zuten burguek udaletxe, alkate eta justizia propioak zituzten. Nabarreriakoa zen bat, eta San Nikolas eta San Zernin bertze biak. Erakunde propioak ez ezik, bereizten zituzten harresiak ere bazituzten burguek.

“XII. mende amaieran hasi zen hiri batuaren ideia sendotzen; halere, Iruñea ez zen bat izan Karlos III.ak Batasunaren Pribilegioa eman arte; Iruñea hiru izan ziren”, azaldu du Nafar Ateneoko kide Ricardo Pitak. 1423ko Batasunaren Pribilegioa sinatu aurretik ere izan ziren burguak batzeko bertze hainbat saio, baina hutsean gelditu, eta ez zuten aurrera egin.

Transkripzioa eta mapak

“Batasunaren Pribilegioarekin, ordura arteko tirabirak bazter gelditu ziren; agiri horrek ekarri zuen hiri bakarra, udal bakarra”, berretsi du Perez Radak.

Argitaletxeak testuaren inguruko informazioa eman nahi izan dio irakurleari plazaratu berri duen argitalpenaren bitartez. Horretarako, Concepcion Martinez Pasamarrek egindako ikerketarekin eta transkripzioarekin batera, Juan Jose Martinena historialariak egindako mapak jaso ditu faksimilea laguntzen duen liburuan. Burguen inguruko bere lanak oinarri hartuta, “ekarpen grafikoa” egin du Martinenak, hain zuzen ere.

Halere, Martinez Pasamarrek egindako ikerketa da informazio iturri nagusia Iruñeko Batasunaren Pribilegioari buruzko lan berrian, argitaletxeko arduradunek nabarmendu dutenez. Irakasleak aspalditik ezagutzen du agiria. Filologian doktorea da, eta tesia egiteko hartu zuen Karlos III.a Prestuak emandako agiria bere lanaren ardatz.

Filologiaren arlotik ekin zion lanari orduan; orain, “ekarpen zabalagoa” egin du. “Niretzat plazera izan da berriz ere agiri hau lantzeko aukera izatea”, nabarmendu du. Iruñeko Udal Artxiboan gordetako bi agirietako bat hartu du bere oraingo lanaren oinarri, bertzeak baino modu “solemneago” batean idatzita dagoelako. “Bertzeetan baino laburdura gutxiago daude”, doktoreak zehaztu duenez.

Irakaslearen zeregina izan da XV. mendeko agiri bat XXI. mendera hurbiltzea, orduko testua egungo irakurleentzat “ulergarriago” bilakatzeko. “Biziki interesgarria izan da orduko hizkera egungo gizartera ekartzea; 1995ean bukatu nuen nire tesia, eta orduan egindako lanaren zati bat baliatu dut orain ere”, azaldu du irakasleak. Gaineratu du testuaren bertsio “modernoago” bat egin duela, baina agiriaren garaiko moldeak bazter utzi gabe. “Orduko espirituari eutsi nahi izan diot”, erran du Martinez Pasamarrek.

Irakaslearen lana “biziki” eskertu du Perez Rada argitaletxeko arduradunak; parte hartu duten gainerako adituena ere bai. Argi utzi du “aspaldiko ametsa” bete dutela Batasunaren Pribilegioaren agiria faksimile bilakatuta. “Urtero ospatzen dute iruindarrek Batasunaren Pribilegioa; orain, testua hobeki ezagutzeko aukera izanen dute; duen balioa eman nahi diogu”, berretsi du Sancho el Fuerte argitaletxeko arduradunak.

Batasunari buruzko agiria zabaltzeko ahalegin hori eskertu du Nafarroako Artxibo Nagusiko zuzendariak, hain zuzen ere. Hark ere parte hartu du oraingo argitalpenean, eta hitzaurrea idatzi dio Martinez Pasamarrek egindako lanari.

Heriotzako orduan ere bada zer erabaki

Heriotzako orduan ere bada zer erabaki »

Edurne Elizondo
Etxean. Herritar gehienek hor hil nahi dute. Errealitatea, ordea, bertzelakoa da, datuek erakusten dutenez: erdiek baino gehiagok ospitalean ematen dute azken hatsa. Datu horien atzean dauden egoerak aztertu nahi ditu Nafarroako Gobernu…

Presoak boteretu zirenekoa

Presoak boteretu zirenekoa »

Edurne Elizondo

Erabat aldatu ninduen”. Horixe erran du Daniel Pontek (Madril, 1959) kartzelari buruz. 17 urte zituenean sartu zuten lehenengoz preso; Francoren garaiko Alferren eta Gaizkileen Legeak eraman zuen espetxera. Carabanchelgo, Teruelgo eta Zamorako kartzeletan izan zuten Espainian, bai eta Arabako Langraiz Okan ere. 22 urterekin atera, eta handik urtebetera berriz espetxeratu zuten, hainbat banketxetan lapurreta egin eta gero. “Bertze sei urte egon nintzen barruan. Kartzelak erabat aldatu ninduen. Jarrera otzana nuen sartu nintzenean, bai eta beldurra ere. Baina espetxean boteretu nintzen, lortu nuen presoon eskubideen alde borrokatzeko indarra, bai eta gure aldarrikapenak zabaltzekoa ere”.

Espetxean, Copel koordinakundeko kide izan zen Pont. Sufritzen zuten errepresioari eta kartzelako baldintza gogor eta bidegabeei aurre egiteko altxatzea eta borroka egitea erabaki zuten preso sozialek osatzen zuten Copel. Milaka izan ziren, Espainiako Gobernuaren administrazioaren pean ziren espetxeetan, eta haien historia jaso dute koordinakundeko hainbat preso ohik, orain, Copel: una historia de rebeldía y dignidad (Copel: errebeldia eta duintasun istorio bat) izenburuko dokumentalean. Iruñean aurkeztu du Pontek, Copeleko kide Fernando Alcatrazekin batera.

1976ko abenduan sortu zen Copel, eta hiru urtez egon zen indarrean, 1979an desegin zuten arte. Denbora horretan, dozenaka mutin, gose greba, protesta eta ihesaldi egin zituzten hamaika espetxetan. Trantsizioa hasi zen garaian, duintasuna eta beren giza eskubideak errespetatzea exijitu zuten, bai eta amnistia ere, preso sozial guztientzat. Estutasunean jarri zuten estatua, eta garai hartako politikarien agendetan kokatu zuten presoen auzia. Espetxeetako teilatuetara igo ziren, beren burua zauritu zuten, su eman zieten ziegetako koltxoiei. Antolatzeko gai izan ziren, koordinatzeko gai, inolako buruzagirik gabe.

Antolatzeko eta lan egiteko modu hori da Fernando Alcatrazek (Valentzia, 1959) Copeli buruz nabarmendu nahi izan duena. Copeleko presoen alde hiriz hiri sortu ziren babes taldeetako batean aritu zen lehendabizi; gero, 18 urterekin kartzelan sartu zutenean, banketxeen kontra molotov koktelak botatzeagatik, koordinakundeko kide bilakatu zen. “Zortzi urte egon nintzen barruan. 26 urterekin atera nintzen. Oraindik ere beharrezkoak ditugun esperientziak eta ikasketak mahai gainean jartzea da Copelen historia kontatzea. Copel sortzeko izan ziren arrazoiak indarrean dira, oraindik ere”, erran du.

Alcatrazen hitzekin bat egin du Salhaketako kide Libertad Francesek. Argi du Copeleko presoek salatzen zituzten giza eskubideen urratzeak gertatzen direla egun ere. Horregatik antolatu du Salhaketak dokumentalaren Iruñeko aurkezpena, hain zuzen ere. Lana egiteko prozesuan ere parte hartu du elkarteak, proiektua diruz lagunduta. Izan ere, hamabi urteko bidea dago Copeli buruzko dokumentalaren atzean. Baliabideak urriak izan dira, eta, azken txanpan, finantzaketa kolektiboaren alde egin zuten bultzatzaileek. Laguntza horri esker amaitu zuten lana, eta iazko azaroan estreinatu zuten.

14.000 preso

“Gizarteak ez dio espetxeari so egiten. Hirietatik atera dituzte kartzelak horretarako. Guztiz beharrezkoa da espetxeetan gertatzen dena agerian uztea, eta presoen eskubideak aldarrikatzea”, nabarmendu du Francesek. Copeleko kideen xedea ere horixe zen. Hirietako erdiguneetatik hurbilago baziren ere, espetxeetako errealitatea ikusezina zen herritar gehienentzat, orduan ere. Hori aldatu nahi izan zuten Copelekoek beren protesten bidez.

Frankismoaren amaieran, 14.000 preso zeuden Espainiako administrazioaren peko kartzeletan, preso politikoak eta sozialak kontuan hartuta. Haietako 8.000 inguru Alferren eta Gaizkileen Legeak eraman zituen espetxera. Diktadorea hil eta gero, hainbat amnistia prozesuk kartzelatik atera zituzten preso anitz, baina milaka preso sozial barruan gelditu ziren. Horren aurka altxatu zen Copel. “Argi genuen une horretan kartzelan ginen preso guztiak ginela preso politikoak, eta irmo defendatu genuen preso guztien amnistia, espetxea errepresio gune bat zelako”, gogoratu du Pontek.

Espetxeak ahaldundu zuela nabarmendu du solasaldiaren hasieran, eta mezu hori berretsi nahi izan du. “Copelek denoi ekarri zigun boteretzeko aukera. Ikasi genuen gure biktima izaera ez onartzen, ez behintzat jarrera kritiko eta erresistentziazkoa erakutsi gabe”.

Boterea beren esku izan zutela erantsi du. “Arazo larria eragin genion estatuari kartzeletako teilatuetara igota eta ziegei su emanez”. Estatuak ikasi zuen, ordea, pultsuari erantzuten. “Preso nor zegoen orduan? Pobreak, gizarteak baztertuak, orain bezala. Benetan sinetsi zuten demokraziaren aldeko beren aldarrian, baina estatuak errepresioa baino ez zien eman”, erran du Alcatrazek.

Errepresio horrek, gainera, hainbat aurpegi ezberdin erakutsi zituen. Batetik, estatuak sakabanatu egin zituen Copeleko kide nagusi gisa identifikatu zituenak. “1.000 preso inguru mugitu zituzten espetxe batetik bertzera”, azaldu dute Copeleko kideek. Bertzetik, tratu txarrak eta torturak areagotu ziren. “Indarkeriak goia jo zuen Herrera de la Manchako espetxea inauguratu zutenean. Istiluetarako poliziak sartu zituzten espetxeetan”. 1978ko ekainean zabaldu zuten Herrera de la Manchako kartzela.

Urte horretako otsailean errepresiorik gordinena sufritu zuen Agustin Rueda Copeleko presoak. Koordinakundeko kide izateagatik Carabanchelera mugitu zuten urtarrilean. Ihesaldi batean parte hartu eta gero, jipoia eman zioten Ruedari, eta, kolpeen ondorioz, hil egin zen.

Hirugarren elementua jarri du mahai gainean Pontek estatuak presoen borroka indargabetzeko erabilitako tresnen adierazgarri: droga. “Espetxeetan heroina sartzen hasi ziren”. Laugarren auzia aipatu nahi izan du Alcatrazek: Carlos Garcia Valdes Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendari nagusiaren jokabidea eta haren jarduerak izan zuen eragina, alegia. “Izendatu zutenean, Copeleko kide anitzek konfiantza zuten harengan, baina errepresioarekin baino ez zuen erantzun”. Garcia Valdes bertzelako irudi bat ematen saiatu zela erantsi du Alcatrazek. “Partekatutako kudeaketaren auzia jarri zuen mahai gainean, presoen protestak baretzeko. Baina garrantzirik gabeko kontuetan baino ez zuen ezarri”. Gogoratu du oraindik indarrean dagoen Espetxeen Lege Organiko Orokorraren atzean Garcia Valdesen lana dagoela, eta, haren bidez, “Copelen protestak indargabetu eta errepresioa legitimatzea” bertzerik ez zutela helburu. “Lege horren arabera, edozer gauza har dezake estatuak mutin gisa”, erantsi du Francesek, araudiaren eragina egungo errealitatera ekartzeko.

Alcatrazek ikuspuntu kritikoa du Copel koordinakundearen azken garaiari buruz, uste baitu Garcia Valdesek zabaldutako bidetik beren aldarrikapenak lausotu, eta, neurri batean, amore eman zutela preso anitzek. Ez da iritzi berekoa Pont: “Copelek inoiz ez zuen erran mutinen bidetik jarraitu behar ez genuenik, eta preso sozial guztientzat indultua lortzeko borrokan segitu genuen; partekatutako kudeaketaren bidetik negoziazioak gertatzen ziren bitartean, ihesaldiak egiten jarraitu zuten presoek, gainera”.

Emakumeak, ikusezin

Copeleko kideek ez zuten preso sozialen amnistia lortu. Baina orduko irakaspenen garrantzia nabarmendu nahi izan dute Pontek eta Alcatrazek. “Geure burua batzarren bidez antolatzeko gaitasuna erakutsi genuen; antolatzeko eta koordinatzeko gai izan ginen”. Francesek txalotu egin du Copeleko presoen esperientzia, eta nabarmendu du lortu zutela trantsizioaren garaiko ardatzeko bat bilakatzea presoen auzia.

Gizonen espetxe barruko borroka islatzen du Copeli buruzko dokumentalak, baina aipamen berezia egin die lanak preso ziren emakumeei. “Matxistak ginen”, onartu du Pontek. Orain, bereziki nabarmendu eta eskertu nahi izan du babes taldeetan aritu ziren emakume guztien lana. “Anitz egin zuten”. Senideek osatutako babes taldeetan emakumeak izan ziren nagusi. Copeleko kideak laguntzen aritu ziren abokatuen artean ere anitz ziren emakumeak.

Espetxeetan gutxiago ziren. “300 inguru, 1970eko hamarkada hartan”, azaldu du Pontek. “Madrilgo eta Bartzelonako espetxeetan ziren, eta Talavera de la Reinako zentro batean. Mojek zuten preso ziren emakumeen ardura; emakume pobreak ziren, ikasketarik gabeak, gehienak. Mojen zaintzapean, politizatzeko aukera gutxiago izan zuten”, erran du Copeleko kideak.

Hala eta guztiz ere, antolatzeko eta protesta egiteko gai izan ziren preso ziren emakumeak ere. “Madrilgo espetxeko teilatura igo ziren, eta gose grebak ere egin zituzten. Kontua da emakumeen borroka ezkutuan gelditzen zela; are ikusezinagoa zen”, gaineratu du Alcatrazek. Copeleko kideak nabarmendu nahi izan du preso anitzen ihesaldietan ere laguntzaile izan zirela emakumeak.

Gaur egun preso direnak laguntzeko eta babesteko sareetan ere emakumeak dira nagusi. Orain, halere, 1970eko hamarkadan baino zailagoa da Copelen gisako esperientzia bat martxan jartzea, preso sozialen eskubideen alde. Saiakerak badirela erran du Fernando Alcatrazek. “Dozenaka presok osatutako talde bat bada, gure bidetik aurrera egiteko urratsak egiten saiatzen ari dena”. Ezkor agertu da, halere, valentziarra. Daniel Pontek ere beltz ikusten du egungo egoera. “Gure garaian baino okerrago daude espetxeak”. Kartzelei so egiteko eskatu diote gizarteari.

Salaketa saritua

Salaketa saritua »

Edurne Elizondo

Saria jaso du bere lanak; eta saria jaso du lan horien bidez egin nahi duen salaketak ere. Horixe nabarmendu du Tras Los Muros ekintzaile antiespezistak, Picture of The Year International nazioarteko sari ospetsua irabazi eta gero. 2014. urtean sinatu zuen Tras Los Murosek bertze animalien zapalkuntza eta erabilera agerian uzten zuen bere lehendabiziko argazki erreportajea: Iruñeko sanferminetan egin zuen. Orain, lau urte joan eta gero, Hiltegi izenburuko irudi sortaren bidez jaso du kazetaritza grafikoaren arloko sari garrantzitsuenetako bat. “Lana saritu dute, bai eta lan horrek egin nahi duen salaketa ere”, berretsi du argazki kazetariak.

Animalien askapenaren aldeko ekintzailea da Tras Los Muros proiektua mamitu duen pertsona. Iruñeko sanferminetan ez ezik, Euskal Herriko bertze hamaika txokotan ere atera du kamera, bertze animalien zapalkuntza eta erabilera salatzeko. Picture Of The Year International sariak nabarmendu duen irudi sorta, berriz, Mexikon egin du Tras Los Murosek. Saritutako argazkiekin batera, Hiltegi izenburuko dokumentala ere osatu du ekintzaileak, bai eta hiltegien inguruko ikerketa lan zabala ere. 50 hiltegi ingurutan sartu da.

Hiltegietan egindako ikerketa horrek, hain zuzen ere, munduko edozein txokotan gertatzen den errealitate bat islatzen duela erran du, argi eta garbi, Tras Los Murosek: “Hainbat kontu zehatz bazter utzita, ikerketak erakusten du edozein hiltegitan gertatzen dena. Animaliak hiltzen dituzte espazio horietan. Denok dakigu hori, baina gizarte gisa ez dugu egin, oraindik ere, horri buruzko gogoeta sakon bat”.

Gogoeta hori abiatzea da Tras Los Murosek egindako argazkien helburua, hain zuzen ere: “Heriotzaren fabrikak dira hiltegiak, eta fabrika horietan sartzeko atea ireki nahi dut, irudien bidez. Heriotzaren fabrika horiek zilegizko espaziotzat hartu ditugu, bai eta beharrezkotzat ere”, erantsi du.

Berri gutxi, tarte txikia

Duela lau urte martxan jarri zenetik, behin baino gehiagotan erran du Tras Los Murosek kazetariek egin beharreko lana egiten dutela bera bezalako ekintzaileek; oro har, bertze animaliek sufritzen duten zapalkuntzak tokirik ez duela hedabideetan. Horregatik, hiltegien egunerokoa islatzen duen argazki sorta saritu izana “pizgarritzat” hartu du. “Etsigarria da, anitzetan, bertze animalien zapalkuntza hedabideetara ailegatzeko zenbat lan behar den konturatzea; ederki dakite esparru horretan lanean ari diren erakundeek”.

Oraindik ere hedabideetara bertze animalien zapalkuntzari buruz ailegatzen diren berriak “gutxi” direla eta eskaintzen zaien tartea “txikia” dela erran du Tras Los Murosek. Onartu du, halere, azken lau urteotan berak egin duen lanak izan duela oihartzuna, bertzeak bertze, sare sozialetan, eta jende anitzek jo duela beregana ahalegina eskertzeko. “Sortu den eztabaida eta bertze animaliengan dagoen kezka, halere, ahalegin kolektibo baten emaitza da, argi eta garbi. Kezka hori, gainera, gero eta handiagoa da. Ezin dugu ahaztu milaka pertsona aritu direla eta ari direla, hamarkadaz hamarkada, animalien askapenaren alde lanean”, nabarmendu nahi izan du.

Euskal Herrian ere, sortzen ari dira bertze animalien erabilera salatzeko taldeak. Nafarroan, bertzeak bertze, LiberAbere ari da. Tras Los Murosek, halaber, Donostiako Askekintza taldeko kideekin lan egin du, zenbaitetan. Talde horrek Gurean izenburuko dokumentala aurkeztuko du datorren astean, Euskal Herriko bestetan gertatzen den animalien zapalkuntza eta erabilera agerian uzteko; Iruñeko sanferminetan gertatzen dena ere bai. Dokumentalarekin batera, Tras Los Murosek egindako argazki sorta zabaldu du taldeak.

Lanean jarraituko du ekintzaileak. Kide batek animatu zuen Picture of The Year sarira aurkezten. Sariaren bultzada jaso du orain. Lanean, salatzen segitzeko.

Jasotako uzta zabaltzeko

Jasotako uzta zabaltzeko »

Kattalin Barber

Iraultzak kalean jaio baina liburutegietan eraikitzen dira”. Premisa hori hartu du abiapuntu Zuriñe de la Cuevak egiten ari den lana azaltzeko. Justo de la Cueva idazle, soziologo eta pentsalari marxistaren alaba, beste hainbat kiderekin batera, intelektualaren legatua ordenatzen eta sailkatzen ari da, gizartearen esku jartzeko asmoarekin. 10.000 liburu baino gehiago dituzte Euskal Herriari, frankismoari, marxismoari, antropologiari eta soziologiari buruz. Hirukoitza da egitasmoaren helburua: ordenatzea, sailkatzea eta funtsaren kultur-ondarea zabaltzea.

Joan den urteko apirilean zendu zen Justo de la Cueva idazlea. Jaiotzez madrildarra zen, baina aspaldi kokatu zen Nafarroan. Euskal Herriko auzi politikoei buruz hainbat publikazio argitaratu zituen pentsalariak; tartean, La escisión del PNV (1988), La negación radical vasca del capitalismo mundial (1994) eta Esos asesinos que impunemente matan cada día a miles de personas (1996) liburuak. “Gure helburua bere ondarea ordenatzea, sailkatzea, katalogatzea, digitalizatzea, hedatzea eta sozializatzea da”, azaldu du De la Cuevak.

Politika eta gizarte zientzien inguruko milaka liburu dauzkate gordeta familiaren Etxarri Aranazko etxeko etxabean. “Bertan, teoria eta historia marxistak leku nabarmena du; halaber, frankismoari eta Euskal Herriaren hurbileko historiari buruzko lan kopuru itzela dago”. Hain zuzen ere, 1980ko, 1990eko eta 2000ko hamarkadetako Euskal Herrian sortutako milaka dokumentu eta libururen isla da Justo de la Cuevaren artxibo gunea. “Liburuez gain, garai bateko kartelak, aldizkariak eskuorriak, bideoak eta beste ditugu. Oraindik badaude kutxak hainbat dokumentazioz beteak, katalogatzeko daudenak”, esan du. Izan ere, 70 metro koadroko etxabea da, eta 50 dokumentazio kaxa eta 10.000 liburu daude.

Egoera ez dela batere ona badaki De la Cuevak, eta, horregatik, ahalik eta lasterren ordenatzea da helburua. Behin ordenatu eta katalogatu ondoren, pentsalariaren irizpideei jarraikiz, leku bat bilatuko diote legatu guztiari. Egun, artxibo gunea ez dago jendearentzat irekita, eta liburuak eman eta saltzea aurreikusten dute.

Lan guztia aurrera eramateko, Justo de la Cuevaren irizpideei jarraituko diete, hala idatzita utzi zuelako hil baino lehenago. Alabak azaldu duen moduan, bi urte beharko dituzte, “gutxi gorabehera”, egitasmoa osatzeko. Hamalau pertsonako taldea osatu dute auzolanean liburu eta artxibo guztiak katalogatu eta digitalizatzeko. Hala ere, proiektuaren logistikarako finantzaketa behar dute, eta finantzaketa kolektibo bidez lortu nahi dute beharreko diru kopurua. Asteotan, gainera, aurkezpenak egiten ari dira Euskal Herrian, Bartzelonan eta Madrilen.

Katalogo birtuala

“Liburuak katalogatzeko merkatuan dauden erremintak oso garestiak dira, eta ez dira gure beharretara egokitzen; hori dela eta, artxibo modulu bat programatzen ari gara lana aurrera eramateko”. Drupal software librea erabiliko dute, haiek berek sortuko duten artxibo moduluarekin batera. Gutxienez, 7.000 euroko finantzaketa lortu nahi dute, programazioa, ordenagailuak eta diseinua ordaintzeko. “Harrera ona du proiektuak; gertatzen zaiguna da gehienetan jende heldua dela interesa duena, eta ez dute oso ongi ulertzen nola funtzionatzen duen finantzaketa kolektiboak”, azaldu du De la Cuevak.

Nolanahi ere, argi du lanean jarraituko dutela eta finantzaketa lortzeko bideak aurkituko dituztela. Halaber, gazteengana heltzea nahiko lukete: “Batzuetan zaila da memoriaren kontakizuna transmititzea, baina lan hau beharrezkoa dela uste dugu, jendearen esku jartzeko. Horixe da gure lehentasuna”.

Marxistaren ondarea ikertzaileentzat edota interesa izan dezakeen edonorentzat jarri nahi dute eskura. Balio handiko liburutegi eta artxibo gunea dela dio De la Cuevak. “Justo komunista zen, eta materialismo historiko eta dialektikoaren erremintak erabiltzen zituen errealitatea ikertzeko. 1980tik 2000ra arteko Euskal Herriko klase borrokaren isla da artxibategia”. Ezker abertzaleko militantea izan zen De la Cueva, eta liburu eta dokumentu asko utzi zituen idatzita. Horrez gain, Basque Red Net webgunearen sortzailea izan zen, eta ia hamar urtez astero idazten zuen bertan Euskal Herriko errealitate politikoari buruzko erradiografia bat. 2004. urtean itxi zuen Poliziak webgunea. Torturaren aurka egindako jardueretan ere ezaguna izan zen De la Cueva. “Gizartearentzat egindako lan guztia itzultzen saiatzen ari gara”. Idatzitako eta pilatutako liburu guztiak gizartearen esku jartzeko asmoarekin.

Jaiotzak dolua dakarrenean

Jaiotzak dolua dakarrenean »

Kattalin Barber

Haurdunaldiaren 31. astean erditu zen Raquel Besora. Adrian hilda jaio zen, eta Julen, berriz, bizirik. “Pozik nintzen Julen bizirik zegoelako, baina, era berean, hautsita, Adrian hilik zegoelako”. 2011n galdu zuen Besorak Adrian. Harentzat, urte gogorrak izan dira azkenak. Duela hiru urte, haurdun gelditu zen berriro. Beldurrak hartu zuen, baina dena ongi atera da.

Marta Martinezek irailean jakin zuen ume bat galtzea zer den. Haurrak taupadarik ez zuela esan zioten 36. asteko ohiko ekografia egin ziotenean. “Aurreko egunetan mugimendu handia sentitu nuen sabelean. Diotenez, zilbor-hestea hiru buelta emanda zuen lepoan, eta ito egin zen”.

Besoraren eta Martinezen kasuak ez dira bakarrak. Nafarroan, bizpahiru ume hiltzen dira hilean, erditzean edo handik egun gutxira. Beste hainbat amarekin batera, Besorak eta Martinezek babes talde bat sortu dute orain, erditzerakoan edo jaio ondoren umea galdu duten gurasoei eta familiei laguntzeko. “Antzeko egoerak bizi izan dituzten familientzako espazioa da gurea. Haurra galdu dute, eta konfiantzazko toki bat eskaini nahi diegu, sentitzen dutena esateko, entzuteko, partekatzeko…”, esan du Besorak. Dolua egitea oso “mingarria” dela jakinarazi dute, baina dolu hori eginda bakarrik egin dezaketela aurrera. El hueco de mi vientre sarearen bidez jarri dute martxan ekinaldia, Iruñean.

Joan den larunbatean egin zuten aurkezpena, eta pozik daude, guraso eta familia askok interesa agertu zutelako. “Gehienek esan digute beharrezkoa zela, horrelako zerbaiten beharra zutela”, azaldu du Martinezek. Orain arte Iruñean ez zegoen horrelako laguntza eskaintzen zuen talderik. Asmoa da bilerak hilabetean behin egitea. Hurrengoa, hain zuzen ere, martxoaren 13an izanen da, 19:00etan.

Iruñeko taldeko bultzatzaileek esan dute dolu mota hori ez dagoela batere onartua gizartean. “Askotan esan digute lasai egoteko, gazteak garela, edo beste seme-alaba bat izanen dugula aurrerago. Baina guk hil berri den seme-alabaz hitz egin nahi dugu, eta askotan ez dugu espazio hori aurkitzen gizartean”. Ez bakarrik gizartean. Haurra hilik jaiotzen baldin bada, ezin da familia liburuan erregistratu. “Ez da existitzen”. Besorak eta Martinezek salatu dute gizartean eta erakundeetan, egoera hori arlo guztietan ukatzen dela. “Galera horrek ez du izenik. Nola esaten zaio ume bat galtzeari?”.

Emakumeek lagun eta ezagunen bitartez egin dute bat. Laguntza eske, babes eske. Horrela osatu dute taldea, eta erabaki dute laguntza zabaltzea eta horrelako esperientziak izan dituztenekin partekatzea, guztien artean laguntza sare bat osatzeko asmoz. “Sentitzen duzuna esateko leku bat, bakarra ez zarela ikusteko leku bat, orainari aurre egiteko leku bat, bizitzari eusteko leku bat”, esan du Martinezek. Izan ere, haurdunaldian hildako umeen gaia beti izan da “tabu antzekoa” gizartean, “isildu beharrekoa”. Taldeek ez dute sendatzen, baina lasaitu eta mina arintzen laguntzen dute. Horixe baita helburua.

Duela gutxi gertatu zitzaion Martinezi. Erabaki asko hartu behar izan zituen umea galdu zuenean. Hilik jaiotako umearen aurpegia ikusi nahi ote zuen, besarkatu edota kulunkatuko ote zuen, adibidez. Hasieran ez zuen nahi. “Bakarrik gorrotoa nuen, haserre nengoen”. Iritzia aldatu zuen, ordea, eta semea besotan hartu zuen. Zinez eskertuta dago, eta orain onartzen du esperientzia baliagarria izan zitzaiola dolua gaindituz joateko. “Nire semeari agur esan diot”.

Era berean, semea galdu zuenean ospitalean jaso zuen tratu beroaren garrantzia nabarmendu du Martinezek; Besorak, berriz, “gaiaz lasaitasun osoz hitz egitea” gomendatzen du, “psikologikoki mesede handia” egiten duelakoan. Hala egiten dute etxean, eta natural tratatzen dute heriotza. “Julenek badaki bikia zela, eta noizbehinka erritual txikiak egiten ditugu”, esan du. Oroitzapenez hitz egin du. Izan ere, ez du hilik jaiotako umearen oroigarririk, baina doluetan oroitzapenak zeharo garrantzitsuak dira. “Bizitza eman nahi duzu, eta bat-batean, heriotza da zuregandik ateratzen dena. Inor ez dago horretarako prestatuta, inork ez luke egon behar”.

Profesionalak trebatu

Heriotza perinatal baten ondoren, berebiziko garrantzia du osasun langileek gurasoei ematen dieten arretak. Horregatik, gertatutakoa kontuan hartu behar dute, eta leuntasunez tratatu, gurasoen dolua ahalik eta osasuntsuena izan dadin, dolu konplexua garatu ez dadin eta arreta ahalik eta zuzenena izan dadin. Hori adierazi du Patricia Roncallo psikologoak; babes taldean egonen da laguntzen. “Amek sentimendu asko dituzte momentu horretan, oso une gogorrak dira, eta aukerak eskaini behar zaizkie, bai eta denbora eman ere, zer egin erabakitzeko, lasaitasunez”.

Besorak, adibidez, ez zuen semea agurtzeko denborarik izan. “Azkar eraman zuten, eta senarra eta biok ez genuen aukerarik izan besarkada bat emateko”. Oraindik ez du ulertzen zergatik ez zioten harekin egoten utzi, eta gogoan ditu ospitalean saihets zitezkeen hainbat gauza. Pozik da, halere, badakielako gaur egun tratua asko aldatu dela. Gainera, jakinarazi du Nafarroako Ospitale Gunean protokoloa lantzen ari direla, jaioberria galdu duten familiak hobeki artatu ahal izateko.

Seme-alabak jaio aurretik, erditzean edo epe laburrean galdu dituzten familiei babesa ematen ariko dira Besora eta Martinez; babesa jasotzen ere bai. Harrigarria dirudien arren, momenturik latzenetan ere ikasi egin du Martinezek: argia dagoela bidearen amaieran. “Prozesu bat da hau; ekaitz baten erdian nago orain, baina badakit hemendik aterako naizela”. Ez dagoelako bakarrik. Ez duelako bidea bakarrik egin behar izanen.

Memoria, lau etapatan

Memoria, lau etapatan »

Edurne Elizondo

Ezkabako memoriak badu bere mapa: Nafarroako Gobernuak mendiko ibilbide bilakatu du gotorlekuko presoek egindako ihesaldia. Ezkabatik Urepeleraino (Nafarroa Beherea), 53 kilometroko bidea egin zuten iheslariok, duela 80 urte. 795 preso atera ziren Ezkabatik, 1938ko maiatzaren 22an, baina hiruzpalauk bertzerik ez zuten muga zeharkatzea lortu. Lau etapatan zatitu du gobernuak GR-225 izena hartu duen ibilbidea; aukera ematen du presoek egin zuten bidea ezagutzeko, bai eta bide horri lotutako memorian sakontzeko ere.

Igandea zen 1938ko maiatzaren 22 hura. Igande arratsalde hartan, 795 presok ihes egin zuten Ezkabako gotorlekutik. Haietako 206 tiroz hil zituzten mendian, eta 586 atxilotu egin zituzten, berriz ere. Haietako hamalau fusilatu egin zituzten, ihesaldia prestatzea egotzita. Hiruk lortu zuten muga zeharkatzea: Jovino Fernandezek, Jose Marinerok eta Valentin Lorenzok. Laugarrena izan zela defendatu zuen Fermin Ezkietak Pamielarekin idatzitako Los fugados del Fuerte de Ezkaba 1938 (Ezkabako Gotorlekuko iheslariak. 1938) liburuan, 2013. urtean.

Duela bost urte, hain zuzen ere, Fernandezen, Marineroren eta Lorenzoren alabak Iruñean izan ziren, ihesaldiaren 75. urteurrenean. Ana Fernandezek, Pilar Marinerok eta Cristina Plazak beren aiten memoria berreskuratu zuten. “Miseria eta zoritxarrak bizi izan zituen han”, esan zuen Fernandezek; aitarentzat gaia “tabua” zela aitortu zuen Marinerok, ez ziela sekula deus kontatu.

Astunegia izan daiteke memoriaren pisua. Baina ezagutzeko beharra nabarmendu du, halere, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok. Horregatik egin du administrazioak Ezkabatik ihes egin zutenen bidea berreskuratzeko urratsa. “Ezkabako gotorlekuak tresna bat izan behar du memoria bizi, aktibo eta kritiko bat eraikitzeko, han gertatu zena berriz errepika ez dadin; gure begirada etorkizuneko belaunaldietan jarri behar dugu”, erran du kontseilariak.

Egungo gobernuak egin dituen urratsez harago, memoria historikoaren esparruan aritzen diren elkarteen eta eragileen bultzada ezinbertzekoa izan da, urteotan guztietan, ahanzturaren aurka lan egiteko, eta Ezkabako presoen memoriari eusteko. Ezkaba eta Urepele arteko ibilbidea prestatzeko, halaber, boluntarioek egin duten lana agerian utzi nahi izan du Ana Ollo kontseilariak. Ibilbideak dituen lau etapetako bidezidorrak egokitzen eta markatzen aritu dira, bertzeak bertze. Nafarroako Mendi Federazioak ere parte hartu du proiektuan.

Ezkaba eta Urepele arteko 53 kilometroko ibilbidea lau etapatan banatu dute. Ezkaba eta Olabe artekoa da lehendabizikoa, ia 14 kilometrokoa. Olaben, hain zuzen ere, Ezkabatik ihes egindako hamasei presoren gorpuak aurkitu zituzten, 2016an. Bigarren etapa Olabe eta Saigots artekoa da, hori ere 14 kilometrokoa. Bide tarte horretan, Burutainen eta Usetxin, bederatzi presoren arrastoak aurkitu dituzte, azken urteotan egindako lanei esker; sei Burutainen, eta hiru Usetxin.

Hirugarren etapa Saigots eta Sorogain artekoa da, eta hor ere eman dute emaitzarik egindako indusketa lanek: sei presoren gorpuzkiak atera dituzte hobitik, Urtasunen eta Agorretan, eta bertze birenak, Lintzoainen. 15 kilometro luze da hirugarren etapa hori; laugarren eta azkena, Sorogain eta Urepele artekoa, berriz, ia 10.

Batzarra Iruñean

“Ezkabako ihesaldia ikusezina izan da nafar anitzentzat; han gertatu zen tragedia ezagutu gabe hazi gara”. Horixe nabarmendu du Ollok. Egoera horri buelta eman nahi dio, eta horregatik egin du gobernuak ihesaldiaren berri emateko ibilbidea.

Ez da ekinaldi bakarra, halere. Ollok ezagutarazi du martxoaren 15ean eta 16an Memoria Historikoaren Erkidegoen Arteko Sareak Iruñean eginen duela lehendabiziko batzarra. Herrialde Katalanetako eta Espainiako hainbat erkidegok parte hartuko dute, bertzeak bertze, Aragoik, Kataluniak, Andaluziak, Valentziak eta Asturiasek. Erkidego horietako agintariekin batera, unibertsitateetako ikerlariak ere izanen dira Iruñeko batzarrean.

Udaberrirako, bertzalde, Ezkabako ihesaldiari buruzko erakusketa prestatzen ari da Nafarroako Gobernua. Ihesarekin lotutako hiru arlo jorratu nahi dituzte, zehazki: kartzelaren historia eta hango baldintzak; presoen inguruan sortutako elkartasun sarea; eta ihesaldia bera.

Gobernuaren aitortzaz gain, memoriaren esparruko elkarteena ere jaso dute Ezkabako presoek, urtez urte. Aurtengo omenaldiak ihesaldiaren 80. urteurrena ekarriko du gogora.

Begirada aldatzeko beharra

Begirada aldatzeko beharra »

Edurne Elizondo
Hitz egin behar da. Auzia gizartera zabaldu. Ikusgarri bilakatu”. Horixe nabarmendu du Dau Garcia Dauderrek, intersexualitateari buruz. Ekintzaile feminista, psikologo eta irakaslea da Dauder. Intersexualitatea errealitate ezezaguna del…

Berriz piztu da herri zaharra

Berriz piztu da herri zaharra »

Kattalin Barber

Uharte moduko bat dira Sarrigurenen Errizar aretoa eta ondoan dituen hiru etxe zaharrak. Inguruan etxe berriak eraikitzen ari ziren bitartean, hamar urtetik gora erabat utzita eta hondamendi egoeran egon da herri zaharra. Orain, berrituta, Eguesibarko kulturaren erdigune izatea nahi du hango udalak. Errizar aretoak joan den astean ireki zituen ateak, eta XII. mendeko eliza izan zenak erakusketak, hitzaldiak eta kulturaren arloko jarduerak hartuko ditu aurrerantzean.

14.779 biztanle ditu egun Sarrigurenek, baina, eztanda demografikoa jazo aurretik, hamar biztanle baino ez zituen. Mari Cruz Mina han bizi izan zen 1956. urtera arte. “Geroztik, itzultzea gustatzen zait, baina ez du zerikusirik izan zenarekin; askotan ez dut herria ezagutu ere egiten”, aitortu du. 18 urterekin Sarriguren utzi zuen, eta familia Iruñera joan zen, “etorkizun hobe baten bila”. Begi onez ikusi du herri zaharra biziberritzea; Errizar aretoa inauguratu zuten egunean han izan zen, ahizparekin. “Eliza oso polita dago, eta gustatu zait herria berrituta eta apainduta ikustea. Hala ere, areto berriak ez du zerikusirik eliza zaharrarekin. Dagoeneko ez da eliza”.

Udan amaitu zituen lanak Nafarroako Gobernuak; Sarrigurengo herri zaharraren eremua eta lau eraikin moldatu ditu. Gizarte eta kultur erabilerarako izanen dira, baina, oraingoz, Errizar aretoa da egokituta dagoen bakarra. “Gure asmoa da aurten beste eraikin bat irekitzea, herritarrek erabiltzeko. Erabilera guztiz definitzeko dago, baina talde kulturalentzat edota gazteentzat izan daiteke”, azaldu du Joseba Orduña Eguesibarko Kultura zinegotziak. Hiru eraikin horietako bat izan zen Minaren familiaren etxea, eta “ilusio berezia” egin dio berritzeak eta mantentzeak. “Teilatu berria jarri diote, baina oraingoz ezin da erabili”.

Udalak nahi du Sarrigurengo herri zaharra Eguesibarko “kulturaren herria” izatea. Orduñak argi du, halaber, beharrezkoa zela herri zaharrari irtenbide bat ematea, erortzeko zorian baitzegoen. “Herriko populazioa handitu den heinean, ez dira sortu beharrezko egiturak”. Gaur egun, hain zuzen ere, Eguesibar Nafarroako hirugarren udalerria da, herritarren kopuruari erreparatuz gero. Besteak beste, ireki berri duten aretoa erabiliko dute erakusketak, hitzaldiak, ekitaldi ofizialak eta ezkontza zibilak egiteko. Egunotan, Ibarretik Ibarrarentzat erakusketa dago, Xabier Morras, Elena Bezunartea, Celia Eslava, Ricardo Laspidea, Mintxo Ilundain eta Rafael Huerta artisten lanekin. Aurrerantzean, Eguesibarko beste artista batzuen lanak paratuko dituzte areto berrian.

Utzikeriak jota

XII. mendeko eliza txikia desakralizatu egin zuten aspaldi, eta hondamendi egoeran egon da azken hamarkadan. Horregatik, Errizar aretoaren irekierak harrera ona izan duela nabarmendu du Eguesibarko Kultura zinegotziak. “Jende asko etorri da erakusketa ikustera, eta, nahiz eta areto txikia izan, horrelako zentro bat sortzea pozgarria da herritarrentzat”. Horixe berretsi du Minak.

Eliza zaharra zenak hiru eraikin zahar ditu ondoan, eta hirurak moldatu eta sendotu dituzte; horrez gain, ingurunea urbanizatu dute, berriz ere, bizikidetzako hiri espazio gisa. “Lanean ari gara Eguesibarri behar dituen espazio kulturalak emateko, eta Errizar aurrerapauso bat da bide horretan”, esan du Joseba Orduñak.

2003. urtean joan ziren herri zaharreko azken bizilagunak, eta, joan den urtera arte, “erabat utzita” egon da ingurua. “Oso gogorra izan zen alde egin zuen azken familiarentzat, eta gaizki pasatu zuten”, gogoratu ditu Minak ordukoak. Orduñak azaldu duen moduan, ordutik landarez eta sastrakaz beteta egon da inguru guztia, eta hesiz inguratuta, gainera, berritzeko lanak hasi zituzten arte. “Itxura txarra zuen”.

Nafarroako Gobernua izan da orain arte herri zaharraren jabe, eta, behin berritu eta gero, Nasuvinsa elkarte publikoak eraikin guztiak utzi dizkio Eguesibarko Udalari, erabilera sozial eta kulturaletarako hornidura gisa erabiltzeko. Hurrengo 25 urteotan udala izanen da herri zaharra kudeatuko duen erakundea, beraz. “Beharrezkoa zen hauen gisako espazio publiko berriak izatea, haran osoak erabiltzeko eta gozatzeko”, berretsi du zinegotziak.

Orain, gizarte eta kultura arloko erdigune bihurtuko da Eguesibarko kontzejuetako auzokideentzat. Hain zuzen ere, Sarrigurengo urbanizazioa egitearen ondorioz utzi zuten herrixka, eta, hainbat urtez itzalean egon eta gero, berriro ireki ditu ateak, herritarrek bat egiteko gune bat izan dezaten, eta kultura suspertzeko asmoz.

Liburuek isildutakoak

Liburuek isildutakoak »

Kattalin Barber

Ez da lan erraza izan emakumeak historia artxiboetan aurkitzea, eta hari askotatik tira egin behar izan du Amaia Kowaschek Ezkabako kartzelako presoei lagundu zieten andreak topatzeko. 1934. eta 1945. urteen artean Ezkaban sortutako emakume taldeen mugimenduen lekukotasunak bildu ditu Nafarroako Gobernuak argitaratutako Sareak ehotzen liburuan. Gaur aurkeztuko du Nafarroako Museoan, 18:30ean.

Gizarte langilea da Kowasch ofizioz; azken urteetan, Ezkabako gotorlekuan aritu da ikerketa lanean, eta etengabe ahalegindu da emakumeen ekarpena biltzen. Ezkabako emakumeen sarea ez da arrotza harentzat. Ezkabako presondegiaren inguruan hainbat lan argitaratu ditu; bere amonak, gainera, emakumeen sareotan parte hartu zuen. Gotorlekura joan ohi zen presoak laguntzera. Unibertsitateko genero titulu baterako lana izan behar zuena 350 orriko liburu bilakatu du. “Mamia zegoela konturatu nintzen, eta ikertzen jarraitu nuen. Sei urteko lana izan da”, azaldu du Kowaschek.

1934. eta 1945. urteen artean, ehunka abertzale, sozialista, komunista, anarkista eta errepublikazale kartzelatu zituzten Ezkabako gotorlekuan. “Aldi horretan, presoei laguntzeko joan ziren hainbat emakume presondegira, askotan aurretik ezagutu gabe ere”. Bi aldi desberdindu ditu Kowaschek liburuan. Bata, 1934tik 1936ra, eta bestea, gerra hasi zenetik 1945. urtera arte.

“1934. urtean, Iruñeko emakumeak eta senideak igotzen ziren Ezkabara, eta horien artean gehienak emakume sozialistak, komunistak eta anarkistak ziren”. Gerra hasi zenean, ordea, emakume horien egoera asko aldatu zen, eta asko atxilotu zituzten. Epe horretan, Emakume Abertzale Batzak protagonismo handia hartu zuen, eta hori izan da Kowaschen informazio iturri nagusia. Gudariei ez ezik presoei ere laguntzera joaten ziren emakume militanteak ziren. “Bisitak egiten zizkieten, arropa garbitu, janaria eraman, botikak ezkutuan eraman…”. Presoen senideekin zuten harremana ere garrantzizkotzat jo du ikerlariak. Eskutitzak bidaltzen laguntzen zieten, eta senideei harrera ematen zieten Iruñean; hainbatetan, haien etxean geratzen ziren.

Zaila izan du dokumentazioa biltzea, emakume sare horien historia ez delako liburuetan jaso. Ezaguna da Ezkabako presondegiaren historia, eta baita presoak ere. Ez hainbeste preso horiei laguntzera joandako dozenaka emakumeon historia. Hutsune hori betetzera dator Sareak ehotzen liburua. “Garrantzitsua iruditzen zait emakume horiei izen eta abizenak jartzea, urte luzez haien historia ezkutatuta egon delako”.

Denera, 70 emakumeren testigantzak bildu ditu. Liburuan, 55 jasota daude. Argi du Kowaschek denborarekin gehiago agertuko direla: “Kasu batzuk bildu ditut; ez dira guztiak. Ikerketa publikoa egitearekin batera gehiago agertuko direla uste dut”. Ezkabako gotorlekua ikertu du Kowaschek, baina argi utzi du kartzela guztietan —Iruñekoan, kasurako— emakumeen sareak zeudela presoei laguntzeko. “Beti isildutako sareak izan dira”. Hainbat emakumek oraindik beldurra dutela esan du ikerlariak. “Asko sufritu zuten, eta jasandakoa presente dute. Emakumeek presoei buruz hitz egin dute, baina inoiz ez dute beren historia kontatu: inork ez die galdetu. Guztia kontatu arte, ez dira konturatzen beren lanaren garrantziaz eta balioaz”.

Omenaldi berezia

Testigantza guztiak oso bereziak direla dio Kowaschek. “Errepresioa jasan zuten, atxilotu egin zituzten, senideak hil zizkieten, hainbat emakume presoekin ezkondu ziren… Denetarik dago haien istorioetan”. 1936tik aurrera, ordea, zailagoa izan zen emakume horien lana, errepresioa dela eta: 1934an arazorik gabe igotzen ziren emakume gehienak bi urte geroago atxilo hartu zituzten.

“Garai latzak izan arren, emakumeen sareak laguntza eskaintzen jarraitu zuen”. Haien historia, ordea, isilpean geratu da, eta haien memoria berreskuratzeko ikerketa da Kowaschena. Memoriari eutsi behar zaiola uste du ikerlariak: “Ikerketa androzentrikoek historiaren erdia bakarrik kontatzen dute; horregatik, beharrezkoa da emakumeek egindako lanari ere lekua egitea, ezin baita bakarrik gizonen kontakizuna kontatu”. Emakumeoi eskaini die liburua: “Haien testigantza jaso, eta haien oroitzapenei izenak jarri nahi izan dizkiet; omenaldi bat egin”. Antolatu eta elkartasun sareak sortu zituztelako, kartzelak argitzeko.