Hegalak hegan egiteko direlako

Hegalak hegan egiteko direlako »

Edurne Elizondo
Ia bizitza osoa ematen dute hegan hegiten hainbat hegazti espeziek. Muturreko kasu bat da sorbeltz arruntena, habia egiteko baino ez baitira lurreratzen. Beren gainerako bizitza ziklo osoa airean garatzen ahal dute: airean jaten dute, e…

Etorkizuna erein nahi duten haziak

Etorkizuna erein nahi duten haziak »

Uxue Rey Gorraiz

Mendiko botak oinetan eta aitzurra eskuan, ehunka lagun bildu ziren joan den larunbatean, Ezkaba mendian gora egin eta bertan ezkurrak ereiteko. Landaretza askorik gabeko guneak basoberritzeko deialdi bat egin zuen Basoberri elkarteak Iruñeko Udalaren laguntzaz. Hirurehun boluntario inguru aritu ziren lanean, eta hiru mila ezkur baino gehiago erein zituzten denen artean, gerora haritzak eta arteak haz daitezen.

Hala, Basoberri elkarteko kideek beren aletxoa jarri dute Nafarroan, Espainiako estatuan abian den egitasmoan; ezkurrak ereiteko La gran bellotada ibérica (Ezkurkada iberiar handia) izeneko erronkari heldu diote, hain zuzen. Anbizio handiko helburuak ezarri dira bertatik: epe luzera, estatuan 25 milioi ezkur ereitea dute xede. Oraingoz, hiru milioira iritsi dira. Presarik ez da oraindik hori erdiesteko, baina ari dira pixkanaka: Nafarroan, Faltzesen eta Orba ibarrean ere egin dituzte halako ateraldiak, Ezkabako ereinaldiaren aurretik.

Mikel Baztan Basoberri elkarteko kidea da, eta koordinazio lanetan aritzen da horrelako ekintzak antolatzeko: bai ezkurrak ereiteko, baita aurretik haziak biltzera joateko ere. Joan den larunbateko ekinaldiaren gisakoek helburu anitz dituzte, bere esanetan: “Gure ekosistemak berritzeko balio du, iraungo dutela ziurtatzeko”.

Ezkurrak ereinda, hariztiak eta artadiak sortu nahi izan dituzte Ezkaban, horiek baitira, adituek diotenez, eremura hobekien moldatuko direnak. “Inguruan dagoen landaretza nolakoa zen aztertzen dugu lehenbizi, arrotzak diren espezieak ekartzeak ez lukeelako inolako zentzurik”, azaldu du Mikel Baztanek.

Ezkurretik datozen espezieak “oso esker onekoak” direla aipatu du, gainera, ereindakoan ez baitute lan handirik behar. “Pazientzia eskatzen du, motel hazten baitira, baina merezi dute erabat”, esan du.

Urteak beharko dira emaitzaz gozatu ahal izateko, baina harizti eta artadi mardulen gerizpeak izanen dira orduan nagusi orain soildurik dauden Ezkaba mendiko gune horietan. Hala ere, Basoberri elkarteak mehatxuei ere erreparatu die ereitea antolatzeko garaian. Izan ere, baliteke ekosistema horretan bizi diren animaliek jatea ezkur horiek, eta neurriak hartu dituzte bermatzeko hori gertatuta ere arbolak haziko direla: zulo bakoitzeko, hiru ezkur sartu dituzte.

Dena dela, Baztanek argitu du ekosistemak “arbolak baino askoz gehiago” direla, eta zuhaixken eta soroen garrantzia nabarmendu du. “Mosaikoak eratzen saiatzen gara, nolabait, denak direlako inportanteak. Laharrak ere landatzen ditugu, eta elorriak, orkideak…”, gehitu du. Izan ere, bioaniztasuna bultzatzea eta babestea da Basoberri elkartearen helburuetako bat.

Hiru urte dira elkartea eratu zela. Ez zen ezerezetik sortu, ordea; izatez, Ezkaba mendian bertan egindako beste jarduera batetik jaio zen taldea ofizialki sortzeko erabakia. “Ezkurrak ereiteko deialdia egin genuen hartan ere, eta ehun bat lagun bildu ginen. Hain harrera ona zuela ikusita, proiektu gehiago aurrera eramateko aukera ona izan zitekeela pentsatu genuen”. Garai hartan, Mikel Baztan Iruñeko Udalarentzat ari zen lanean. Taldea sortu denetik, hainbat eta hainbat ateraldi antolatu dituzte Nafarroan, eta sare sozialak baliatuta animatzen dute jendea parte hartzera. “Denbora honetan, elkartea osatu aurretik bakarka edo talde txikitan aritzen zen jende asko ezagutu dugu, eta bat egin dugu, helburu bera genuela ikusirik”. Sare bat osatu dute, eta, jarduera bakoitzean parte hartzen dutenen kopurua oso finkoa ez bada ere, eragitea lortzen dute beren xumean.

Datorrenari aurrea

Tamalez, dagoeneko ez dago erlojuari aurrea hartu beharrik klima aldaketak zer eragin izango dituen jakiteko. Inguruko mendietan eta basoetan antzematen hasiak dira lehen ondorioak bederen; batez besteko tenperaturak gora egin izanak, oraindik gutxi izanagatik ere, zabaltzen laguntzen die landareen plaga eta gaixotasunei. Halaxe azaldu du Baztanek: “Pinu beldarrak, esaterako, edonon daude orain. Lehenago ez ziren eremu altuetara iristen”. Horrelakoak, gainera, datorrenaren lehen zantzuak baino ez dira, haren ustean.

Ikerlariek argitaratutako aurreikuspenak “benetan beldurgarriak” direla dio, eta zeharo itxuralda daitezkeela Nafarroako basoak. “Kontuak hala jarraitzen badu, pagadiak desagertzeko zorian egon daitezke hemendik hogei edo hogeita hamar urtera, eta gauza bera gertatuko zaie hariztiei, edota mendi altuetako landaretza osoari ere”.

Ondorio lazgarri horiek saihesteko lanean jardun beharra nabarmendu du Baztanek. Horretarako, nork bere eguneroko ohiturei erreparatu beharko die, baina Basoberri elkarteak antolatutako jarduerek ere ekarpen handia egiten dute helburu hori erdiesteko bidean. “Haziak ereinda, karbonoa xurgatuko duten landare gehiago edukitzea lortuko dugu”. Berotegi efektua murriztuko da horrela, eta klima aldaketa geldiaraziko. Hori da, behintzat, helburu nagusia.

Sare bilakatutako babes oasiak

Sare bilakatutako babes oasiak »

Edurne Elizondo

Hezegune bat galtzen denean, hezegune bat baino anitzez ere gehiago galtzen da: “Sarea osatzen dute”, erran du Gorka Gorospe biologoak. Sarea osatzen dutelako, hain zuzen ere, hezegune txikia handia bezain garrantzitsua izan daiteke. “Batetik bertzera joateko erabiltzen dituzte hegaztiek, adibidez; elikatzeko eta atseden hartzeko”.

Sare horrek Nafarroako Gobernuak sailkatutako 23 hezegune ditu herrialdean. Haietako sei —Pitillas, Las Cañas, Juncal, Dos Reinos, Pulguer eta Escudera— kontserbazio bereziko eremuak dira —Natura 2000 sarearen barruan daude—, eta sei horietako bi, gainera —Pitillas eta La Cañas—, nazioartean garrantzia duten hezeguneen zerrendan agertzen dira. Igandea naturgune horiek ezagutzeko egun aproposa izanen da, hezeguneen nazioarteko eguna baita.

Berez, sailkatutako 23 horiek baino hezegune gehiago daude Nafarroan. “Berrehun baino gehiago”, zehaztu du Jesus Mari Lekuona biologoak. Hezegune horietan bizi diren espezieak ederki ezagutzen ditu, parte hartzen baitu, urte oro, ur hegaztien errolda osatzeko lanetan. Errolda hori egiteko, hain zuzen ere, Aragoi ibaiaren ondoan edo Figarol inguruan azken urteotan jarri dituzten arroz soroetan ibiltzen da Lekuona, horiek ere erabiltzen baitituzte hegaztiek, elikatzeko eta atseden hartzeko aukera ematen dietelako. “Halakoetan gero eta kurrilo gehiago gelditzen dira neguan Nafarroan, adibidez”.

2018ko datuak jarri ditu Lekuonak mahai gainean, datuak jasotzen direnetik, inoiz baino hegazti espezie gehiagok eman baitzuten negua Nafarroako hezeguneetan, urte horretan: denera, 63k. Zehazki, 1989. urtean hasi ziren neguko errolda egiten herrialdean. “Azken bost urteotan, batez bertze, 50-57 espezie zenbatu ditugu”, erantsi du biologoak. Hezeguneetan habia egiten duten espezien errolda ere egiten dute, eta Lekuonak zehaztu du 30-35 badirela herrialdean.

Datu horiek zer islatzen duten azaldu du Lekuonak: “Herrialde txikia eta kostalderik gabekoa izan arren, Nafarroak badu bere garrantzia ur hegaztientzat; ez bakarrik hegaztientzat, hezeguneetan bertze hamaika espezietako norbanakoak ere bizi baitira”.

Hegazti migratzaileentzat ere “funtsezkoak” dira Nafarroan dauden hezeguneak, Gorospek erantsi duenez. Izan ere, hezegune horiek hegaztion babesleku bilakatzen dira Pirinioetako mendiak zeharkatu ondoren. “Ahalegin handi horren ondotik, hezeguneetan badute atseden hartzeko eta elikatzeko aukera”. Hegaztiontzat ez ezik, txori intsektiboro txikientzat ere hezeguneak hagitz espazio garrantzitsuak direla nabarmendu du biologoak, jatekoa erraz lortzen dutelako.

Nekazaritza, arrisku

Oro har, herrialdeko hezeguneen egoera ona dela uste du Jesus Mari Lekuonak, baina argi utzi du “hainbat arriskuren mehatxupean” direla. Nekazaritza intentsiboarena da nagusietako bat. “Hezegune anitz labore lurrek inguratuta daude, eta erabiltzen dituzten osagai kimikoekin kutsa daitezke”, erran du. “Hori gertatzen zen duela 25 urte, bai eta orain ere”, erantsi du biologoak.

Lekuonak errandakoarekin bat egin du Gorka Gorospek ere, eta Pitillas eta Las Cañas jarri ditu adibide. Nazioarteko garrantzia duten hezeguneen zerrendan agertu eta babestutako eremuak izan arren, ezin diote ihes egin pestizidek eta gisako bertze kutsatzaileek sor dezaketen arriskuari.

Bertzelako arazoak ere badira, Erriberako Ekologistak Martxan taldeak nabarmendu duenez. Kolektibo ekologista horrek salatu du Ablitasko Bajabon urmaelean ura drainatzeko lubaki bat egin dutela nekazariek, “segur aski, baimenik gabe”.

Hezegune hori da Nafarroako Gobernuak sailkatutako 23 hezeguneetako bat. “Lubakia hiru metro sakon da, bertze hiru metro zabal, eta zazpiehun metro luze. Lubakitik ateratako lurra hezeguneko landaretzaren gainean utzi dute”, salatu dute ekologistek, eta hezegunea “lehengoratzeko” eskatu dute.

Lubaki batek hezegune baten ur sistema osoari eragiten ahal diola nabarmendu dute Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kideek. Eta hezegune batean gerta daitekeen edozein aldaketak ere hamaika espezieri eragiten ahal dio, Gorospe eta Lekuona biologoek azaldu dutenez. “Nekazariek erabilitako kutsatzaileak hezegunera ailegatzen badira, adibidez, urak nutriente gehiago izanen ditu, eta horrek eraginen du alga gehiago sortzea. Alga gehiagorekin, oxigeno gutxiago du urak, eta horrek arazo ekologiko handi bat eragin dezake”, erran du Gorospek.

Txori zezena eta tximutxa

Pitillasko aintzira eta Vianako Las Cañas izenekoa dira Nafarroako hezegune nagusiak, duten hektarea kopuruari so eginez gero. Berrehun baino gehiagoko azalera du Pitillaskoak, hain zuzen ere, eta ehun baino gehiagokoa, berriz, Las Cañasek.

Prismatikoekin, teleskopioarekin eta argazki kamerarekin hamaika bisita egin dizkiete bi hezegune horiei Gorospek eta Lekuonak. Espazio horietan ikus daitekeen txori zezena nabarmendu du Gorospek, batetik. “Gutxi daudelako. Nafarroan bada umatzen den hainbat bikote”, azaldu du. Bertzetik, tximutxa aipatu du biologoak. “Txoritxo atsegina da, eta Las Cañasen eta Pitillasen populazio onak ditu. Maite dut txori hori”.

Herritarrek hegaztiei behatzeko gero eta interes gehiago dutela argi du Gorospek, eta hezeguneak zaletasun hori garatzeko toki aproposak direla azaldu du. Pitillas edo Las Cañas hezeguneetan, adibidez, interpretazio zentroak badira, eta ibilbideak markatuta daude.

Ontzat jo ditu Gorospek egitura horiek, baina erantsi du “aspaldi” ez duela administrazioak inbertsio garrantzitsurik egin tokiotan. “Pitillasen edo Las Cañasen hegaztiei so egiteko dorreren bat jartzea aproposa litzateke, adibidez; dauden behatoki txikiak ere egokitu beharko lituzkete, landaretza hazi denez hasierako funtzioa jada ez baitute betetzen”.

Nafarroako hezegune nagusiak “benetako harribitxiak” direla nabarmendu du biologoak, eta merezi dutela “berritzea”. “Azpiegiturak hobetzea eskertuko dute ornitologoek eta gainerako bisitariek; hori eginez, gainera, espazio horien kudeaketa hobetzen ahal da”, nabarmendu du.

1971ko hitzarmena

Gorospek eta Lekuonak argi dute oraindik ere igandekoaren gisako egunak behar direla herritarrak hezeguneen garrantziaz ohartarazteko. Otsailaren 2a da hezeguneen eguna, 1971. urteko otsailaren 2an sinatu zelako Hezeguneen Inguruko Ramsar Hitzarmena, Irango izen bereko hirian.

Hitzarmen horren bidez, nazioartean garrantzia duten hezeguneen zerrenda osatu dute, bertzeak bertze. Pitillas eta Las Cañas urmaelekin batera, bertze 2.370 hezegune daude sailkatuta, hain zuzen ere, mundu osoko 170 herri baino gehiagotan.

Hezegune horien guztien arrisku nagusietako bat klima aldaketa da. “Joera da tenperaturak gora egitea, eta gero eta euri gutxiago izatea; udazken lehor batek erabat alda dezake hezegune bateko dinamika”, gogoratu du Lekuonak. Ura baliabide eskas eta mugatua dela nabarmendu du, eta “zentzuz” erabili behar dela. “Funtsezkoa da hori nabarmentzea hezeguneen nazioarteko egunaren atarian. Lan anitz dugu egiteko”, erran du biologoak.

Itsasotik Elizondoraino

Itsasotik Elizondoraino »

Edurne Elizondo

Goiti, bide osoan. Goiti, Elizondoraino. Bidasoko izokinak aspaldi galdutako erreketara itzuli dira azken bi urteotan, beren zikloa burutzera. Iaz eta aurten, udaberrian eta udazkenean, hainbat animalia markatu dituzte Nafarroako Ingurumen Departamentuko adituek, eta, haien bideari jarraituz, Elizondoko Txokotoko presaraino ailegatu dira. Gainditu egin dute oztopo hori ere, eta presatik gora iritsi dira, gutxienez, markatutako bi izokin. Azaroko euria izan dute lagun, batetik; bertzetik, azken hamar urteotan ibaiaren bidean dauden oztopoak kentzeko egindako ahalegina.

Azken urteotan, Life Irekibai proiektuaren barruan egin dituzte Bidasoko presak behera botatzeko lanak. Endarlatsakoa eta Berakoa bota zituzten 2016an, adibidez, ibaiaren beheko aldean. “Izokin guztiek pasatu behar dute handik, eta, zalantzarik gabe, oztopo horiek kendu izanak anitz lagundu die bidean gora jarraitzen. Lehen, izokin gutxi batzuk ailegatzen ziren Bertizeraino, gehienez ere; aurten, markatutako hemeretzi izokinetatik 11 Doneztebetik goiti dira; haietako hiru ailegatu dira Elizondora”, nabarmendu du Ingurumen Departamentuko biologo Jose Ardaiz Ganuzak.

Hasieran izokinen bideari jarraitzeko asmorik ez zutela azaldu du biologoak, baina, bi urteotan egin eta gero, lortutako emaitzekin “harrituta” daudela onartu du. Ontzat jo du urratsa egin izana, Bidasoan egiten ari diren lanen eragina agerian utzi duelako. “Azken 40 edo 50 urteotan egin dira izokin kumeak ibaian askatzeko saioak, baina horrek ez du ekarri animalion populazioak gora egitea; oztopoak kentzeko lanak eragin du, ordea, Bidasoan gora egiten duten izokinen kopurua handitzea”, erran du Ardaiz Ganuzak.

Gobernua 2007an hasi zen Bidasoko presa eta gainerako oztopo nagusiak kentzen, edo, gutxienez, arrainek gaindi zitzaten moldatzen. “Ordura arte, urtean batez beste 200-300 izokin ari ziren ibaian sartzen; azken hamar urteotan, 400 izokinekoa da batezbestekoa, eta 500 eta 600 ere sartu izan dira; ia 700 noizbait”.

Sortu eta hil

Bost urtekoa izaten ohi da izokinen zikloa. Jaio eta gero, sortu diren errekan bi negu ematen dute, eta, ondoren, Ipar itsasorako bidea hartzen dute. Itsasoan bertze negu bat edo bi ematen dute errekara itzuli aurretik. Itsasoan hiru negu egoten diren izokinak ere badira, baina gutxi dira. Errekan, arrautzak jarri eta gero, izokin gehienak hil egiten dira. Bakar batzuek, hala ere, itsasorako bidea egiten dute bigarrenez.

Bide hori, berez, zaila da izokinentzat. Pilatutako koipe guztia baliatzen dute sortu zireneko errekako ur emariaren bila. Azken hatsa ematen dute zeregin horretan: belaunaldi berria sortzen hiltzen dira. Egin behar duten ahalegina are handiagoa da bidean gizakiak eraikitako oztopoekin topo egiten dutenean. Eta Bidasoan anitz dira ur emaria erregulatzeko egindako azpiegiturak. “Sunbilla eta Doneztebe artean, batez ere. Ibaiaren zati horretan ura ez doa bere bidetik: erretenetatik doa, edo urmaeletan bildua dago”, erran du Ardaiz Ganuzak.

Horrek, noski, ez dio onik egiten izokinari. Bere bidean behar du ur bizia eta garbia. “Urmaeletan biltzen denean, ura ez da behar bezainbertze berritzen, eta berotu egiten da. Sedimentuak, gainera, pilatu egiten dira”. Bidasoan gorago eginez, hain zuzen ere, ur garbiagoa aurkitzen dute izokinek, oxigeno gehiagorekin. Gainera, arrautzak jartzeko ohi baino toki gehiago aukeratu izanak populazioari egiten dio mesede: “Toki gutxi direnean, denak espazio berean pilatzen dira, eta uholdeak gertatuz gero, adibidez, denek pairatzen dituzte kalteak; toki anitz egonda, Donezteben bat-batean gertatzen ahal den ekaitza batek, akaso, hango izokinei eraginen die, baina ez, ordea, Baztan aldean direnei”.

Gorago ailegatu da izokina Bidasoko arroan, oztopoak kentzeko egindako urratsei esker. Baina oraindik ere lan handia da egiteko. Oztopo anitz da behera botatzeko, Ardaiz Ganuzak nabarmendu duenez. Nagusietako bat da Iruritako Oharrizko presa, Elizondotik bost kilometrora. “Presa horretan ez dago inolako azpiegiturarik arrainen bidea errazteko. Bada garaia konponbide bat bilatzeko, oztopo handia baita izokinentzat eta bertze animalia anitzentzat”. Indarrean dagoen kontzesio bat du presa horrek. Herriko piszifaktoriako jabeak erabiltzen du. “Harekin harremanetan jarri nahi dugu, izokinentzat bidea egin dezan”, berretsi du Ingurumen Departamentuko biologoak.

Iaz, hain zuzen ere, Oharrizko presa hori izan zen markatutako izokinen muga. Hogeita zortzi markatu zituzten, zehazki, eta haietako hiru ailegatu ziren Doneztebeko San Tiburcio presaraino. Batek lortu zuen gorago jarraitzea, Iruritaraino.

Iazko eta aurtengo dinamiketan aldea sumatu dute Ingurumen Departamentuko adituek. “Iaz, nahiko mantso egin zuten bide hori; aurten, anitzez ere azkarrago aritu dira”. Azaroko euriak eman die Bidasoan bide hori egiteko aukera izokinei, Ardaiz Ganuzak aipatu duenez. “Behar zuten ur emaria izan dute; ez gehiegi, ez gutxiegi”. Ezustean harrapatu zituzten izokinek adituak, Elizondoko Txokotoko presara ailegatu zirenean, hain zuzen ere. “Zikina zela ohartu, eta korrika eta presaka garbitu genuen, izokinek bidea jarraitzeko”, kontatu du biologoak.

Erakusketa

Life Irekibai proiektuak bertze egitasmo bat jarri du martxan egunotan, Bidasoan izokinekin egindako lanaren osagarri: erakusketa bat zabaldu dute Ingurumen Departamentuak Iruñeko Gonzalez Tablas karrikan duen egoitzan, Bidasoan eta gisako ibaietan dauden oztopoek duten eragina azaltzeko herritarrei. Abenduaren 15era arte egonen da departamentuan, eta, gero, hilaren 16tik aurrera, Bertizko jaurerrian jarriko dute. Asmoa da handik bertze hainbat herritara eramatea, tartean Elizondo, Sunbilla eta Berara.

Labrit Multimedia etxeak prestatu du erakusketa. Departamentuaren egoitza erreka bilakatu nahi izan dute han jarritako argazkien eta panelen bidez; Bidasoa eraman dute eraikinera, han bizi diren animaliekin eta ibaiertzetako landare eta zuhaitzekin batera.

Nafarroatik harago jo nahi izan du erakusketak, hala ere. “Ibaiek berezkoa duten bidea berreskura dezaten bada mugimendu bat nazioartean, eta horren berri eman nahi izan dugu”, azaldu du Labrit Multimediako Gaizka Arangurenek. Bi lan ildo osagarri ditu mugimendu horrek: “Arrainen migrazioa babestea du helburu batek, eta ibaietako presak behera botatzea besteak”, zehaztu du.

Mugimendu horrek Finlandiako Seppo Leinonek egindako ilustrazioa baliatu du, eta Labrit Multimediaren erakusketak irudi hori hartu eta Bidasoko testuingurura moldatu du. Izokina, amuarraina, igaraba eta bertze hainbat animalia jarri dituzte presa baten aurrean askatasuna eskatzen. Gora egin nahi dutelako.

Abeltzaintzak kutsatutako ura

Abeltzaintzak kutsatutako ura »

Edurne Elizondo
Europak ezarritako isun bat da NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlari talde batek egindako lan baten abiapuntua. 2018ko azaroan, Europako Batzordeak Espainiako Gobernua ohartarazi zuen, nitratoekiko kalteberak diren eremuak ez …

Okilek herrialdeko basoak maite dituzte

Okilek herrialdeko basoak maite dituzte »

Edurne Elizondo

Ez dago eskinosoaren alarma hotsa bertze inorenarekin nahasterik. Nafarroako baso anitzetan, halere, bada espazio horiek berezi bilakatzen dituen bertze ahots nahasezin bat: okilena. Ez da bakarra, okilak ere bat baino gehiago baitira, eta nork bere ahotsa baitu. Txorion arrastorik ikusi gabe ere, zuhaitz artean danbor kolpetxoen gisako hotsak entzuten direnean, okilak gertu direla iragartzen du basoak. Gorka Gorospe ornitologoa eta gidaria da, eta igandean hegaztion bila joateko txangoa gidatuko du, Mirua etxearen eskutik.

Kintoa, Irati, Bertiz. Hiru horietako edozein da toki ona okilei behatzeko; okilen ahotsa entzuteko. Zuhaitzak jotzen dituzte mokoarekin, arboletan dauden intsektuen bila. Nafarroa, oro har, herrialde ezin hobea da okilei so egiteko, penintsulan bizi diren zazpi okil espezieak ikus baitaitezke hemen. Bertizen, adibidez, zazpiak daude: okil txikia, okil ertaina, okil handia, okil beltza, okil berde iberiarra, okil gibelnabarra eta lepitzulia. Herrialdeko basoak maite dituzte.

Okila ematen ez duen okila

Okil gibelnabarra eta lepitzulia nabarmendu ditu Gorospek: gibelnabarra, ia bere populazio osoa Nafarroan dagoelako; eta lepitzulia, berriz, bertze okilekin alderatuta hagitz bertzelako ezaugarriak dituelako. “Ez du ematen okil bat; marroia da, eta ez du moko luze eta indartsua, besteek bezala”.

Gibelnabarra, zehazki, mendebaldeko Pirinioetan bizi da, hegoaldeko isurian. “Nafarroan dago populazio osoa, bikote bat izan ezik; beste hori Huescan dago”, azaldu du Gorospek. Ondorioz, ornitologo anitz etortzen da herrialdera, prismatikoekin okil gibelnabarrak bilatzera.

Lepitzuliari buruz, “berezia” dela erran du Gorospek. “Ez du okilen ohiko jokabidea, eta, gainera, migratzailea da. Apiril aldera etortzen dira, eta irailean edo urrian itzultzen dira Afrikara, negua pasatzera”.

Lepitzuliak parke eta ibar basoetan egoten dira, batez ere. “Baso nahiko irekietan, oro har”. Okil gibelnabarrak, berriz, baso hagitz bereziak maite ditu: “Pagadietan egoten da; izei pagadietan ere bai, Iratin, adibidez”. Baso horietan, zuhaitz zahar eta handiak maite dituzte okilok, batez ere.

Bertze hainbat okil ikusteko aukera gehiago izaten da. Iruñetik gertu, adibidez, Arga ondoko bazterrak dira aproposak: “Okil txikia, okil handia eta okil berdea ikus ditzakegu bazter horietan”. Hegaztiok ikusteko aukera izateak ez du bermatzen, halere, haiekin topo egitea: “Hegazti lotsatiak dira”. Martxo aldera dute araldia, eta orduan “aktiboago” direla erran du ornitologoak. “Aukera gehiago dago okilak ikusteko; mokoarekin zuhaitzetan jotzen dute, eta basoan entzuten da haien hotsa”, erantsi du Gorospek. Igandean eginen dute saiakera.

Auzoko karriketatik mendi tontorretara

Auzoko karriketatik mendi tontorretara »

Edurne Elizondo

Mendira joan, lehendabizi, eta taldea sortu, gero. Auzoko kideen arteko harremana sakontzeko asmoz antolatu zuten aurreneko txangoa Iruñeko Iturramako hainbat gaztek, Erletokieta taldeak eskatuta. Duela bospasei urte jarri zuten martxan elkartea, eta ohartu ziren auzotarren arteko sarea indartzeko beharraz. Asmo horrekin antolatu zuten mendi irteera. “Bakarra egiteko asmoz antolatu genuen, baina jendea kontent gelditu zen, eta urtebete eman genuen, hilean behin, mendira ateratzen. Taldea sortzea erabaki genuen azkenean”.

Haritz Salinasenak dira hitzak, Iturramako Erletokieta mendi taldeko kidearenak. Auzoko gazteek osatzen dute, baina, pixkanaka-pixkanaka, hiriburuko bertze hainbat auzotako jendea ere ari da Iturramako mendizaleekin. bat egiten. Lau urte bete dituzte, eta, ospatzeko, argazki erakusketa bat antolatu dute. Geltokin ikus daiteke egunotan.

Oraingo sasoiko lehendabiziko txangoak Zumaia eta Deba arteko bidera eraman ditu Erletokieta taldeko gazteak, hilaren 8an. Urrikoa prestatzen ari dira jada, eta ekainekoa izanen da denboraldiko azkena. Iturramakoa ez da ohiko mendi talde bat, “autogestioaren bidetik” egiten baitu aurrera. Salinasek eta bertze hainbat kidek osatzen dute “talde eragilea”, baina parte hartzen dutenen neurrira antolatzen dituzte txangoak. “Jendeak proposatzen ditu nahi dituen ibilbideak, eta besteei erakusten dizkie”. Zumaia eta Deba arteko txangoan, adibidez, taldeko kide gipuzkoar batek egin zuen gidari lana. “Hemen bizi da, baina Zarauzkoa da; txangoa proposatu, eta gidari lanetan aritu da besteentzat”, azaldu du Salinasek.

Salinas gurasoekin hasi zen mendian, Oberena taldeak antolatutako txangoen bidez. Zaletasuna ez du galdu, eta mendian lagun ditu auzoko bertze gazte anitz, oraindik ere. Taldea martxan jarri bezain pronto, hain zuzen, jendea bat egiteko prest agertu zen Iturraman. “Guk hainbat txango prestatu genituen, hasteko, eta gero jendea hasi zen nor berea proposatzen; mendira joatea, elkarrekin bazkaltzea eta inguruaz gozatzea da kontua”.

Gazteentzat eta euskaraz

“Gazteek osatutako talderik ez da, guk ez dugu besterik ezagutzen”, erran du Salinasek. Kirol elkarteek antolatzen dituzte haurrentzako mendi irteerak, eta helduentzako taldeak ere badira, baina gazteek gazteentzat egindakorik ez da. “Guk argi dugu gazteek eskertzen dutela gurearen gisako talde bat, mendian eta euskaraz aritzeko talde bat, alegia”, berretsi du.

Larrara egin zuten taldearen abiapuntu izan zen aurreneko txangoa; geroztik, Nafarroako hamaika txoko ezagutu dituzte. “Hamaika aukera dugu herrialdean”. Ezagutzeko prest dira.

Olatu bat ibaiak babesteko

Olatu bat ibaiak babesteko »

Edurne Elizondo
Ibaiei so egiteko garaia izan ohi da udakoa; uraz eta ibai ondoko zuhaitzen itzalaz gozatzekoa. Zer gozatu izaten jarraitu nahi dutelako, hain zuzen, beren ibaiak zaintzeko eta babesteko lanean hasi dira, gainera, Zaraitzu eta Ega ibaie…

Etorkizuna irabazi nahi dute gazteek

Etorkizuna irabazi nahi dute gazteek »

Edurne Elizondo

Gero eta gehiago gara”. Horixe erran du klima aldaketaren aurkako Fridays for Future (Ostiralak Etorkizunarentzat) mugimenduko Nafarroako ordezkari Iruña Errok. 22 urte ditu, eta, bertze gazte anitzekin batera, martxan jarri da ingurumenaren alde. Oporretan ere, lanean jarraitzen dute gazteok, protesta eginez hasi nahi baitute ikasturte berria: nazioarteko deialdiarekin bat egin dute, eta greba prestatzen ari dira, irailaren 27rako.

“Klima aldaketaren auzia serio har dezatela eskatu nahi diegu mundu osoko agintariei; bai eta Nafarroakoei ere. Entzun dezatela zientzialariak erraten ari direna, eta har ditzatela neurriak klima aldaketari aurre egiteko”, nabarmendu du Errok.

Hori da Fridays for Future mugimenduaren helburu nagusia. Gazteek aldarrikatu dute etorkizuna irabazi nahi dutela, eta ez dutela galdu nahi daukaten planeta bakarra. Munduan, Suediako Greta Thunberg gazte autista bilakatu da Fridays for Future mugimenduko ikur. Klima aldaketaren aurkako gazteen protestak oihartzuna izaten hasi ziren, hain zuzen, Thunberg bere herriko parlamentuaren aurrean agertzen hasi zenean, 2018ko udan.

Martxotik lanean

“Sekulakoa da Greta Thunbergek egin duena; jende anitz altxarazi du klima aldaketaren aurka”, erran du Errok. Nafarroan ere izan du eraginik. Hemengo taldea martxoan hasi ziren mamitzen. “Martxoaren 15ekoa protesta eguna izan zen; bizpahiru egun lehenago hasi ginen hemen antolatzen, korrika eta presaka, baina lortu genuen jendea mugitzea. Lauzpabost ginen hasieran, eta elkarretaratzean berrehun inguruk egin genuen bat”.

Berrogei pertsona inguruk osatzen dute taldea, gaur egun. Estatuko bertze taldeekin elkarlanean aritzen dira, sare sozialen bidez hamaika hiri eta herritako ekintzaileek egin baitute bat, ingurumenaren alde mugitzeko. “Nafarroan, taldeko kiderik gazteenak 12 urte ditu, eta zaharrenak, berriz, 40 baino gehiago”, zehaztu du Errok.

Gazteek, oraindik ere, informazioa behar dutela argi du Errok. “Horregatik, garrantzitsua da gurearen gisako mugimendu bat sortzea. Klima aldaketa hemen dugu, eta ordua da duen eraginaz ohartzeko, eta gaian sakontzeko”.

Ikastetxe orotan klima aldaketa erdigunean jartzeko eskatu du Errok, hain zuzen. “Beharrezkoa da kontzientzia hartzea, ahalik eta azkarren”. Administrazioak ere lan egin behar duela argi du, bere esku direlako baliabideak. “Hasi gara Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Parlamentuko taldeekin bilerak egiten, kontuan har gaitzaten”. Horixe izanen da irailaren 27ko grebaren xedea ere: klima aldaketa mahai gainean jartzea, neurriak hartzeko.

Lurra eta etorkizuna jokoan

Lurra eta etorkizuna jokoan »

Edurne Elizondo

Asmo berak lotzen ditu Baztanen eta Zangoza aldean zutik jarri diren herritarrak: beren lurrak eta etorkizuna jokoan jar ditzaketen egitasmoen aurka altxatu dira. Zangoza aldean, Geoalcali enpresaren Muga proiektuak eragin du kezka, azken urteotan, eta kezka hori handitu egin da, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak egitasmo horren ingurumen eraginaren aldeko adierazpena onartu eta gero. Baztanen, berriz, 2008an bazter utzitako proiektuari eutsi dio Magna etxeak, berriz ere Erdiz izeneko eremuan magnesita ustiatzeko meategia egiteko. Erdiz Bizirik plataformako kideak karrikara atera dira, jada, asmo hori salatzeko, eta “ingurumenaren eta tokiko ekonomiaren alde” egiteko asmoz.

Erdiz Bizirik plataformako eledun Jon Elizetxek zalantzarik ez du, eta Magnaren egitasmoak baztandarren egungo gizarte eredua “puskatuko” lukeela nabarmendu du. Lekarozen egin nahi duten Aroztegia proiektua ere eredu horren aurkako “mehatxu bat” dela erantsi du, eta herritarrak mobilizatzera deitu ditu.

Erdiz Bizirik plataformako kideak ez ditu ezustean harrapatu Magnak berriz ere mahai gainean jarri izanak Aldude mendiko inguru horretan meategia egiteko proiektua. “Ez genekien noiz eta nola emanen zuten pausoa, baina eginen zutela espero genuen”. Baztandarren haserrea eragin du, halere, Magna enpresaren jokatzeko moduak. Izan ere, uda aukeratu du proiektuaren memoria aurkezteko, eta, gainera, Iruñean aurkeztu du.

Zehazki, hilaren 5ean aurkeztu zuen Magnak Erdizen meategia egiteko egitasmoaren inguruko bere memoria, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko erregistroan. “Enpresak bazuen memoria hori Baztanen aurkezteko aukera, baina, udala bazter utzita, Iruñera jo du; gainera, sanferminak hasi aurreko egunean egin du”, salatu du Elizetxek.

Enpresak memoria hori aurkeztu eta gero, hilabete dago iradokizunak egiteko. Hurrengo urratsa litzateke proiektua aurkeztea. Oraingoz memorian jasotako informazioaren arabera, Elizetxek azaldu du proiektua aurretik aurkeztu zutenaren “hagitz antzekoa” dela. Aldaketa nagusia da sarbidea Artesiagatik izanen lukeela oraingoak.

Magnak 2003. urtean aurkeztu zuen Erdizen magnesita ustiatzeko egin nahi zuen proiektua, eta 2008an erabaki zuen hutsean uztea. Baztango herritarren mobilizazioek eragin zuten enpresak atzera egitea. Erdizko asmoak porrot egin eta gero, Zilbetiko Antzeri pagadian saiatu zen enpresa meategia eraikitzen, baina han ere, herritar anitzen protestekin egin zuen topo. Auzitara jo zuten herritar horiek, eta lortu zuten proiektua bazter uztea. Izan ere, babes bereziko eremua da Aldude mendia; bertzeak bertze, okil gibelnabarraren etxe delako. Erdiz ere Aldude mendian dago, eta, ondorioz, Zilbetiko auziko sententzia Magnaren asmoen aurka egiteko “tresna garrantzitsua” izan daitekeela erran du plataformako kide Jon Elizetxek.

Helduleku horri eusteko prest dira Erdiz Bizirik taldeko kideak. Enpresak ere bereak badituela zalantzarik ez dute, halere. Nagusia, Nafarroako Gobernuaren babesa. “Zilbetiko proiektuaren aurkako sententzia atera zenean, Manu Aierdi enpresako arduradunengana joan zen erratera ahal zutena eginen zutela. Aierdi tartean izanda, gauza onik ez da izanen Baztanentzat”, salatu du Elizetxek. Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakariordeak Aroztegiaren aldeko jarrera ere hartu du, argi eta garbi. “Herritarren erabakitzeko ahalmenak ez du inporta haientzat; prest daude interes pribatuak defendatzeko”, erantsi du.

Udalez gaindiko plana

Gobernuak proiektuari ematen ahal dion babesa ez da Erdiz Bizirik plataformako kideen kezka pizten duen auzi bakarra. Une honetan, mehatxu nagusia da, haien ustez, proiektua udalez gaindiko eragina duen plan gisa tramitatzeko aukera. Kontua da Esteribar eta Baztan arteko muga aldatu dutela berriki. “Enpresak dio proiektuak Baztango zati txiki bati baino ez diola eragiten; gezurra da hori, ordea. Sarbidea Baztanen legoke, Baztango herri lurrei eraginen lieke, eta, Esteribarren egonagatik ere, Baztango ondare lurrak dira proiektuak ukitzen dituen bertze hainbat”.

Magnaren asmoen aurka egiteko konpromisoa berretsi du Erdiz Bizirik plataformak, eta mobilizatzera deitu ditu herritarrak, berandu baino lehen. Zangoza aldean egin nahi duten Muga proiektuaren aurkako plataformako kideak ere borrokan jarraitzeko prest dira.

“Kezkagarritzat” jo du taldeko kide Fermin Riezuk egoera, hain zuzen ere. Geoalcalik ekainean ezagutarazi zuen bere egitasmoak ingurumen eraginaren aldeko adierazpena jaso zuela. Horrek erran nahi du Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak oniritzia eman diola proiektuari, eta aurrera jarraitzen duela. Nafarroari eta Aragoiri (Espainia) eraginen lieke; zehazki, Erreniega menditik Onsellako ibarreraino hedatuko litzateke. Helburua da potasa eta gatza ustiatzea.

“Arrisku geologikoak”

Ingurumen eraginaren adierazpena jaso eta gero, proiektuak ukitzen dituen udaletako obrak egiteko baimena eskuratu beharko luke enpresak, eta meategia ustiatzeko baimena lortzea litzateke azken urratsa.

“Hori ingurumen adierazpena lortzea baino zailagoa izanen da”, erran du Riezuk. Onartu du, halere, prozedura ez dagoela argi. “Egitasmoak Nafarroa eta Aragoi ukitzen dituenez, gerta daiteke erkidego horietako gobernuen baimena behar izatea lehendabizi, eta Espainiako Industria Ministerioarena bigarrenik”, azaldu du Muga proiektuaren aurkako plataformako bozeramaileak.

Riezuk uste du Industria Ministerioko agintarien esku utzi nahi izan duela azken ardura Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, egitasmoari oniritzia emanez. Izan ere, aldeko adierazpena onartu arren, erakunde horrek ohartarazi du meategiak “arrisku geologikoak” izan ditzakeela.

“Lur azpiko galeriak egin nahi dituzte; Esako urtegiko presatik hagitz gertu egonen lirateke galeria horietako hainbat; Ebroko Ur Konfederazioak berak ohartarazi du meategiak urtegian izan dezakeen eraginaz, txosten batean”, erran du Riezuk.

Erreniegan aspalditik dakite potasa ustiatzeko meategi batek zer-nolako eragina izan dezakeen inguruan. Erreniegako meategia duela 30 urte itxi zuten, baina jarduera horren ondorioak pairatzen dituzte, oraindik ere, inguruko herrietan. “Zuloak agertu dira, azken garaian, Undion eta Espartzan, bertzeak bertze”, salatu du plataformako bozeramaileak.

Gertatzen ari dena kontuan har dezatela eskatu die Riezuk Geoalcali enpresako arduradunei, bai eta Nafarroako Gobernuko agintariei ere. “Egindako hutsek balio behar dute gaizki egindakoak berriz ez egiteko. Herritarron segurtasuna dago jokoan, eta enpresaren helburu bakarra espekulazioa da”, nabarmendu du Riezuk.

Geoalcali enpresak enplegua baliatu du, batez ere, bere proiektuaren berri zabaltzeko. “Zortziehun lanpostu sortuko dituztela esaten dute behin eta berriz; baina proiektuan ez da zehazten lanpostu horiek zeintzuk diren”, erran du Riezuk. Edozein modutan, herritarren segurtasuna lehentasuntzat jo du, eta herritarrek “etorkizuna galtzeko” dutela gaineratu du. “Proiektuak gure lurraldea kondenatuko luke”, berretsi du.