Udaberriak jo du Erronkari

Udaberriak jo du Erronkari »

Edurne Elizondo

Etnografiak eta landareen biologiak bat egin dute Erronkarin, eta elkarlan horren emaitza da Erronkari ibaxako gida etnobotanikoa izenburuko lana. Euskaraz eta gaztelaniaz plazaratu berri du Lamiñarra argitaletxeak. 400 orrialde baino gehiagoko liburua da, eta, 211 fitxaren bidez, 300 landareren baino gehiagoren berri jasotzen du. Udaberriak bertze inon baino lehenago jo du Erronkariko bazterretan.

300 landare horiek ez dira, inondik inora, Erronkarin dauden guztiak. “Lagin txiki bat besterik ez da”, gidaren egileek nabarmendu dutenez. Gisako lehendabiziko gida da, ordea, eta bide bat zabaltzen duelako badu balio erantsi bat, hain zuzen ere, Pascualek eta Ordunak argi utzi dutenez. Liburuaren bitartez, paisaiaren eta Erronkariko biztanleen arteko harremana jorratu dute. “Paisaiaren eta kulturaren arteko harremana, alegia”, Ordunak zehaztu duenez.

Etnografoa da Orduna, eta 1998an hasi zen Erronkarin lanean. Lanbideak eman zion Erronkariko herrietako bizilagunek paisaiarekin duten loturaren berri, hain zuzen ere. Orain arte landutako gaiez harago jo nahi zuen, eta horregatik jarri zen harremanetan Virginia Pascualekin. “Gizakiek naturan utzitakoa eta, alderantziz, naturak gizakiengan utzitako hori aztertzeko”. Landareen biologian doktore da Pascual. Malagakoa da (Espainia), eta Lamiñarrak plazaratutako liburuarekin izan du Erronkari aurrenekoz ezagutzeko aukera. “Oro har, etnobotanikako lan gutxi egin dira hemen. Hego Ameriketan ari dira esparru hori lantzen, batez ere”.

Erronkariko landareak aztertzeko, hango herrietan gora eta behera aritu dira Orduna eta Pascual. Batetik, Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dute, Erronkariko lurren %60 inguru babestutako eremua baita. “Gobernuak hasieratik bat egin du gure lanarekin, Erronkariko biodibertsitatea ezagutzeko lagungarria baita; ezer gutxi jorratu denez gaia, guk lortutako datuak Ingurumen Departamentuarentzat ere badira baliagarriak”, azaldu du Pascualek.

Bertzetik, herritarren parte hartzea nabarmendu dute gidaren egileek. Izan ere, herriz herri, Erronkariko biztanleen ahotik jaso dute landare baten eta bertzearen inguruko informazioa. “Landareen izenak eta landare horiek zertarako erabiltzen zituzten azaldu digute, bertzeak bertze”, erantsi du Ordunak.

Jakintza tradizionala

Egileek bat egin dute: “Garrantzitsua da herriotako biztanleen ezagutza ez galtzea”. Eta liburua zabaltzeko, hain zuzen ere, erronkariarren eta lurraren arteko lotura agerian uzten duen kopla jaso dute: “Ardantzak/ emoitan dei ardaua/ eta alorrak garia,/ atzeek fruitua eta,/ kartxiriak kaparrona”.

Pascualek eta Ordunak gogoratu dute Nazio Batuek 1992. urtean dibertsitate biologikoari buruz egin zuten hitzarmenean jaso zutela landareei eta beren erabilerari buruzko jakintza tradizionala balio handikoa zela biodibertsitate horri eusteko, hain zuzen. Erronkariko landareen inguruan osatu berri duten gida etnobotanikoa da jakintza horren adibide. Egileek gaztelaniaz eta euskaraz eman dituzte landare horien izenak, eta herriz herri erabili izan dituztenak ere jaso dituzte, kasu anitzetan, Erronkariko euskaraz.

Izen horien eta landareen marrazkiekin eta argazkiekin batera, herriz herri zituzten erabileren berri jaso dute egileek. Basaporruari, adibidez, auxporru erraten zioten erronkarieraz. Hau da, frantses porrua. Mendian jasotzen zuten, eta jateko erabiltzen zuten. Astigarra, berriz, zuhaixka gogorra zenez, eskailerak egiteko baliatzen zuten, batez ere. Lapabelarra, bertze landare anitz bezala, zauri txikiak sendatzeko erabiltzen ohi zuten. Burgin, halere, lore zurixkako landare igokari bati erraten diote lapa. Hormetan gora gogoz egiten du landare horrek.

Burgin, hain zuzen, liburuaren lehendabiziko aurkezpena egin dute egileek jada. Herriz herri aurkezteko asmoa badute, hala ere, “jasotakoa itzultzeko”, Ordunaren hitzetan. Berretsi du haiek egindako gida Erronkariko landareak ezagutzeko lehen urratsa baino ez dela, eta beren lanak ekarriko dituela bertze anitz.

Energiaren krisiak argituz

Energiaren krisiak argituz »

Kattalin Barber

Energia bera zer den argitzen saiatu da Xabier Zubialde Sustrai Erakuntza fundazioko kidea Hacia la soberanía energética: crisis y soluciones desde Euskal Herria izenburuko liburuan (Txalaparta, 2017). Edonon dago energia, eta herritar guztien parte da; bizitzeko ezinbestekoa da, eta funtsezko eginkizuna du gizartean. Azkenaldian, hain justu ere, guztien ahotan egon da argindarraren prezioaren igoera. Inoizko prezio garestienetakoa hartu du hotz handiagoa egin duen asteetan. Zubialderen ustez, zenbait faktoreren emaitza izan da igoera. Analisi politikoa eta teknikoa egin du.

Orain dela 20 urte pribatizatu zen Espainiako eredu energetikoa eta, egun, ondorioz, esku gutxiren menpe dago energia. “Enpresa pribatuak dira gehienak, eta ezin dugu jakin nola kudeatzen duten energia, publiko egiten ez dutelako”. Energiari buruz erabaki gehienak “itzalean” daudela dio Zubialdek. Horregatik, eskaera zehatza egin du adituak: energiaren kudeaketa publikoa izatea, gizarteak erabaki guztien jakitun izateko.

Beste arrazoi batzuk eman ditu Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. Urtarrilean kontsumoak asko egin du gora, tenperatura zero graduren inguruan ibili delako, eta argindarra sortzea gehiago kostatu da. Zubialderen ustez, hiru “kasualitatek” bat egin dutelako egin du gora prezioak. “Batetik, neguan gaudelako gas natural gehiago erabili dugu etxea berotzeko. Bestetik, gas naturala garestitu da Frantziako hainbat zentral geldirik daudelako, eta, ondorioz, eskaerari erantzuteko, argindarra bitarteko garestiagoekin ekoitzi behar da”. Zubialdek aipatutako hirugarren kasualitatea agintariek onartu dutena izan da: euri gutxi egin du, eta haize gutxi egon da. Hori dela eta, energia berriztagarriak ezin izan dira nahi adina erabili.

Aljeriako krisi energetikoa izan du hizpide Zubialdek, argindarraren ingurukoen testuingurua azaltzeko. Herrialde horretatik ekartzen da gas natural gehiena, hain zuzen ere, eta, azkenaldian, “puntu gorenera” iritsi da. “Zaila egiten zaie gas naturala sortzea. Horregatik garestitu da, eta horrek eragin du argindarra garestitzea ere”.

Argindarraren prezioaren igoerak menpekotasun energetikoa utzi du agerian, finean. “Alde batetik, ikusi dugu eredu pribatu bat dela hau guztia kudeatzen duena, eta, beste alde batetik, Frantzia eta Aljeria herrialdeekiko menpekotasun ikaragarria dugula”. Gizarteak gero eta energia gehiago kontsumitzen duenez, menpekotasuna gero eta handiagoa da.

Argitaratu berri duen liburuan kontzeptu horiek guztiak argitzen saiatu da Xabier Zubialde, energia bera biluzten, hain zuzen ere. Alde horretatik, burujabetza energetikoa du ardatz: “Askotan, kontzeptuak nahasten ditugu. Burujabetza energetikoari buruz hitz egiten dugunean, ez dugu hitz egiten energia motei buruz. Askok energia berriztagarriei buruz hitz egiten dute, baina sakonago goaz: interesatzen zaigu nork hartzen dituen energiari buruzko erabakiak, nola, zein ondorio eta zein helbururekin. Hori argitzen saiatu naiz”. Baliabideen kontrola, eredu energetikoa, eta eredu horrek zer eragin dituen pertsonengan eta ingurumenean, eta kontu horiei guztiei buruz erabakitzeko ahalmena nork izan behar duen biltzen du burujabetza energetikoak, haren hitzetan. Horregatik, plangintza publiko eta demokratikoaren alde egin du.

Zubialderen iritziz, ez dira “beharrezko urratsak egiten ari” burujabetza energetikorantz. Francoren garaian gaur egun baino burujabetza energetiko handiagoa zela dio. “Aurrerapausoak ez, atzerapausoak eman dira urte hauetan guztietan”. Gizarte ereduak hartzen dituen erabakiek energia eskaera desberdinak sortzen dituzte, eta horrek ondorioak ditu eredu energetikoan: “Eredu energetikoak gizarteak eskatzen duena ematen du”. Izan ere, herri batek duen gizarte eredua eredu energetikoari lotzen zaio, eta alderantziz, Zubialdek nabarmendu duenez.

Etorkizun “gordina”

Abiapuntu gisa, Euskal Herriaren eredu energetikoari buruzko diagnostikoa egin du Zubialdek. Euskal Herriaren eredu energetikoa aipatzean, energia produzitzen, eraldatzen eta kontsumitzen den modua ulertu behar da. “Gertatzen ari dena mahai gainean jarri dut”. Eta ez da oso baikorra izan: krisi ekonomikoaz eta krisi energetikoaz jardun du. Bi krisiak ezin dira bereizita ulertu: “Krisi energetikoaren lehen olatua 2008ko krisi ekonomikoa da. Itzalean dagoen eta mundu mailakoa den krisi energetiko horrek sortuko ditu beste krisi ekonomiko batzuk”. Harago joan da Zubialde, eta zehazten saiatu da: datorren urtean baliteke beste krisi ekonomiko bat hastea. “Egoera larria da, eta, zoritxarrez, laster beste krisi bat izanen dugu”. Baliabideak agortuz doaz, eta energia mugatua da.

Bi krisiek zergatik dauden “hain lotuta” argitu nahi izan du Xabier Zubialdek: “Sortu dugun gizarte ereduak eskatzen du energia kopuru handia. Energia eta ekonomia erabat loturik daude. BPG barne produktu gordinak gora egiten duen heinean, energia kontsumoak ere gora egiten du. Aldi berean ari dira dantzan gorantz eta beherantz”. Hortaz, agintariek BPGak igo behar duela esaten dutenean, horren atzean ere ageri da energiaren kontsumoak gora egin behar duela.

Etorkizun “gordina” aurreikusten du Zubialdek, eta panorama gordin horri alternatibak eta erantzunak eman behar zaizkiola argi du. Horri buruz hitz egiten ariko da datorren asteartean, hilaren 14an, Iruñeko Katakrak liburu dendan antolatukotako mahai inguruan. Zubialderekin batera, Antonio Aretxabala geologoa eta Pablo Lorente Sustrai Erakuntzako kidea egonen dira.

Lurraren babeslea

Lurraren babeslea »

Edurne Elizondo

Eta orain zer? Solidarioekin borrokan eta lanean jarraitu”. Horixe erran zuen Iñaki Garcia Koch Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideak, 2004ko abenduan, hirugarren gradua lortu eta gero. Koch izan zen, 1996. urtean, Itoizko urtegia eraikitzeko porlana garraiatzeko kableak moztu zituzten zortzi kideetako bat. Ondorioz, ia lau urte egin zituen espetxe barruan, hagitz baldintza gogorretan: FIES-3ko presotzat jo zuten. Donostian jaio zen, 1963an, eta Agoitzen harrapatu zuen heriotzak, joan den urtarrilaren 4an. Bihar, lagunen eta senideen omenaldi beroa jasoko du.

Artziko zelaian eginen dute bat, lehendabizi, 12:30ean. 14:00etan, berriz, bazkaria eginen dute, eta, arratsaldez, Agoizko Merkatu plazak hartuko du omenaldia, 19:00etan hasita. Garcia Kochek ingurumenaren eta lurraren alde hartutako konpromisoa gogoratzeko, plaka bat jarriko dute plaza horretan. “Gure bazter hauetan bizi izan da Iñaki azken hogei urteotan; harreman estua zuen gurekin. Agur erran nahi diogu, eta azken agur horretan parte hartu nahi duten guztiak gurekin bat egitera deitu”, erran du David Ardanazek.

Itoizko urtegiaren aurkako borrokak bilakatu zituen bidelagun Ardanaz eta Koch, eskualdeko bertze jende anitz bezala. Azpiegitura horren aurkako lanaren zurrunbiloan murgildu baino lehen, hala ere, hamaika urrats bazituen Kochek eginak desobedientziaren eta intsumisioaren bidean. Eta espetxetik atera zenean ere, konpromiso hori berretsi baino ez zuen egin solidarioak. “Desobedientziak eta intsumisioak indarrean jarraitzen dute”, erran zuen.

Haurtzaroa eta gaztaroa Donostiako karriketan eman zituen Garcia Kochek, baina Iruñeko Euskal Jai gaztetxearen sorrerak Nafarroako hiriburuan harrapatu zuen jada. Proiektuarekin bat egin zuen, eta Iruñeko gaztetxean sortu zen, hain zuzen ere, Arizkuren herri abandonatua okupatzeko asmoa, Artzibarren. 1995. urtean egin zuten, eta egitasmo horren bultzatzaileetako bat izan zen Garcia Koch.

Garai berekoa da Itoitzekiko Elkartasuna taldea. Itoizko urtegia egiteko proiektuaren aurkako oposizioaren zama Itoizko Koordinakundeak hartu zuen hasiera batean, eta epaitegien bidetik eraman zuen borroka, batez ere. Epaitegietan, hain zuzen ere, urtegiaren aurkako sententziak lortu zituzten koordinakundeko abokatuek, baina justizia ez zen gai izan sententzia horiek betearazteko. 1995eko ebazpen batek, adibidez, legez kanpokotzat jo zituen urtegia egiteko lanak, baina 24.000 milioi pezetako bermea eskatu zion Itoizko Koordinakundeari, sententzia hori bete, eta lanak bertan behera utzi ahal izateko.

Epaileen ebazpena alde zuten, baina urtegiko lanek aurrera jarraitzen zuten. Testuinguru horretan sortu zen Itoitzekiko Elkartasuna taldea, eta Iñaki Garcia Koch izan zuen kide. Solidarioek hamaika protesta ekintza egin zuten azpiegituraren aurka, baina porlana garraiatzeko kableak moztu zituena izan zen sonatuena, 1996ko Aste Santuan. Bederatzi hilabetez geldiarazi zituen urtegiko lanak.

Iñaki Garcia Koch izan zen kableak moztu zituztenetako bat. Epaiketa egin, eta lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra jaso zuten, bahiketagatik, hainbat minutuz obrak zaintzen zegoen zinpeko guarda lotu zutelako. Epaileen ebazpena jaso eta gero, Europan bira hasi zuten solidarioek, beren egoeraren berri emateko, eta Itoizko urtegiaren auzia nazioartera zabaltzeko.

Espetxearen arrastoa

Garcia Koch izan zen Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideen artean espetxean sartzen lehena, 2001. urtean. Errepideko kontrol batean harrapatu zuten. Ia lau urte egon zen barruan, eta ezarritako baldintza gogorrek utzi zioten arrastoa. “Erakundeek kartzelan gauzatu dute solidarioak kriminalizatzeko saioa”, salatu zuen Garcia Kochek, hirugarren gradua lortuta, kartzelatik atera eta gero.

Urtegiko kableak moztu izanaz ez zela damutzen argi utzi zuen espetxetik atera eta gero. “Korrika alde egin ez izanaz, akaso!”, erran zuen BERRIA egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean, barrez.

Agoitz izan du etxe azken urteotan, eta, herri horretan, Itoizko urtegiko hormatik hagitz gertu harrapatu zuen heriotzak, duela hilabete. Maite zituen hango bazterrak, eta hantxe emanen diote azken agurra Iñaki Garcia Koch lurraren babesleari.

Kutsatzen duten tiroak

Kutsatzen duten tiroak »

Edurne Elizondo
Aiegiko Tiro Eremurik Ez plataformako kideek ez dute amore eman nahi, eta Ebroko Ur Konfederazioaren aurrean salatu dute herriko azpiegitura hori. Sustrai Erakuntza eta Uraren Kultura Berria fundazioek babesa eman diote plataformari, et…

Itzultzen ari da bere onera

Itzultzen ari da bere onera »

Kattalin Barber

Ongi zaindutako ibai bat bakarrik garbitzen ohi da, sobera dagoen landaretza kentzeko ahalmena badutelako uhaldiek. Hiri izaera duen eta “hein batean artifiziala” den tarte batean, hala ere, beharrezkoa izaten da esku-hartzea: hondakinak nonahi daudelako, adibidez. Elortz ibaiaren ibilgua eta ertzak garbitzeko lanekin hasi zen joan den astean Iruñeko Udala, Etxabakoitz auzoko hirigunetik igarotzen den zatian.

“Ikuspuntu guztietatik begiratuta, tarte horretan Elortz ibaiaren itxura negargarria da”. Iruñeko Udaleko Hiri Ekologia eta Mugikortasun saileko zuzendaria da Camino Jaso, eta asteon dabiltza garbiketa lanekin. Udalak antolatutako auzo eztabaidagunetan behin baino gehiagotan atera izan da Elortz ibaiaren auzia. “Etxabakoizko tartea ez da batere naturala; auzoa eraiki heinean hor gelditu da ibaia, eta nahiko ahaztua eta utzia dago. Beharbada, horregatik bota dituzte hondakinak”, adierazi du Jasok. Zainduta ez egoteak “are gutxiago zaintzea” ekartzen duela uste du, gainera.

Joan den astetik, gehienbat obra hondakinak bildu dituzte, 300 metro inguruko tarte horretan, lanean ari diren beharginek. “Ekintza honen helburua izan da sasiak kentzea eta haien azpian zer dagoen ikustea; izan ere, sasiek dena estaltzen zuten, eta ez genuen ezer ikusten”. Sasia balio ekologiko handia duen eta hainbat animalia babesteko balio duen zuhaixka bat bada ere, gehiegi zabaldu da Etxabakoitz inguruan, eta horrek arazoak eragiten ditu, isuriak tokian bertan trabatuta geratzen baitira. Horrez gain, ibilgua ahokatuta dago, eta ibaiertzetako ezpondek malda garaiak dituzte zenbait tokitan.

Gizakiak botatako zikinkeriak eta landare inbaditzaileak kentzen ari dira, baina berez sortzen den tokiko landaretza mantendu nahi dute: “Hori kentzen badugu, ez gara garbitzen ariko, bizitza kentzen baizik”. Garrantzitsua da, funtzio ekologikoak betetzen dituelako. Lehen urratsa, hortaz, sasiak kentzea izan da. Hondakin guztiak atera dituzte, eta ibaiaren ibilgua nola dagoen aztertu: “Ibaia handitzen denean arriskutsuak izan daitezkeen elementuak kendu ditugu, hilak dauden adarrak eta enborrak, adibidez”. Landaredi inbaditzailea kendu dute, sarritan kalteak eragiten dituztelako uhaldietan, urak erraz asko eramaten baititu arrastaka.

Aurretiazko esku hartze bat egitea da xedea, garbiketako oinarrizko helburuak betetzeaz gain, ibilguaren benetako egoeraren eta inguruen balorazioa egiteko. Aurrerago esku hartze osoago bat egin nahi du Iruñeko Udalak, uhaldiei aurre egiteko ibaiaren ibilgua hobetu ahal izateko. “Orain, tarte batean ari gara lanean, baina kontuan izan behar dugu garrantzitsua dela zer dagoen uretan gora eta uretan behera; ibaia elementu lineala da, eta bere osotasunean hartu behar dugu kontuan”. Beraz, testuinguruan jartzeko eta aurrerago ekintza orokorrago bat egiteko balioko dute orain martxan jarritako lanek.

Hala, esku hartzearekin helburu komuna bete nahi da: automantentzea. Ibaien uhaldiek egin ohi dituzte garbiketa lanak, horiek baitira haien erremintak. Hondakinak daudenean, hala ere, ez da nahikoa ibaiak egiten duena. “Ibai osasuntsu batek, bere ohiko uhaldiekin, askoz hobeto funtzionatzen du isurbide edukiera ona duelako”. Jasok adierazi du horri “tunel efektua” deitzen zaiola: landaretzak tunel modukoa eraikitzen du, itzalpean, eta, modu horretan, bertan ez da ezer hazten uraren emariari oztopatzen diona. Uhaldi “normalei” aurre egiteko gaitasuna du Elortz ibaiak, Iruñeko Udaleko adituaren ustez, bere tamaina eta morfologia dela eta, hain zuzen ere.

“Salatari lana”

Arazoaren muinera joan behar dela uste du Jasok: “Saiatu behar dugu ibaiaren ibilgura hainbeste hondakin ez dadin iritsi”. Ibilgura iristen diren hondakin gehienak kalean bertan daudenak izaten dira, eta, euria dela eta, haraino iristen dira.

Horrez gain, ur bazterren erabilera erregulatzearen alde egin du adituak, arazoak ez sortzeko, adibidez, txabolekin. Eta prebentzio, sentsibilizazio eta kontzientziazio lanak egitea ere ezinbestekotzat jo du Camino Jasok. “Ibaiak ekosistemaren behe zatiak dira; haiek biltzen dute eta jasotzen dute arroan, ur gorenetan eta ondoko ibai adarretan gertatzen dena, eta salatari lanak egiten dituzte. Garrantzitsuak dira, ondorioz”.

Ez dute zirkulua lerro zuzen bilakatzea nahi

Ez dute zirkulua lerro zuzen bilakatzea nahi »

Edurne Elizondo

Datozen hamar urteetarako plana onartu berri du Nafarroako Gobernuak hondakinak kudeatzeko, eta testu horretan, hain justu, eredu aldaketaren beharra eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua nabarmendu ditu administrazioak. Erriberan, ordea, egitasmo horien aurka egiten duen erabakia hartu dutela salatu dute plataforma osatu berri duten herritarrek eta eragileek: akordiorako oinarria onetsi dute Erriberako Hondakinen Mankomunitateak eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, azken herrialde horretako errefusaren zati bat Tuterako El Culebrete tratamendu zentroan hartzeko.

“Erabaki horrek kolokan jartzen du gobernuak onartutako hondakinen plan osoa”, salatu du Sustrai Erakuntza fundazioko Martin Zelaiak. Zehazkiago, erran du beldur dela plan hori mamirik gabeko azala ote den. “Kontseilariak berak esan du hondakinen kudeaketan eredu aldaketa bat behar dugula, baina Tuteran egin nahi dutenak ez du asmo horrekin bat egiten. Ez da urrats bat aurrera, atzera baizik. Larria da”.

Azaroan zabaldu zen Erriberako Hondakinen Mankomunitateak eta GHK-k onetsitako akordiorako oinarriaren berri. Zehazki, Erriberako mankomunitateko batzorde iraunkorrak hartu du erabakia. PSNren esku dago mankomunitatearen lehendakaritza, eta batzorde iraunkor horretan ere ordezkari gehienak alderdi sozialistako kideak dira. “11 kide dira, eta PSNren ordezkari dira zazpi. Ezkerrak hiru ditu, eta UPNk bakarra”, azaldu du Erriberako Hondakinen Mankomunitateko presidenteorde Olga Risueñok. Ekologistak Martxan taldeko kide izan da Erriberan, eta Ezkerrako zinegotzia da, orain, Tuterako Udalean.

Erriberako eta Gipuzkoako erakundeen artean adostutakoaren arabera, Gipuzkoako errefusaren zati bat ekarriko dute Nafarroara: urtean, gehienez, 70.000 tona hondakin, hain zuzen ere. Akordioa hiru urterako litzateke, laugarren urtez luzatzeko aukerarekin. Erriberako Hondakinen Mankomunitateak, trukean, bost milioi euro inguru jasoko lituzke. Asmoa da Gipuzkoako errefusa tratatzea El Culebrete zentroan, baina horko zabortegian lurperatu gabe. Erriberatik, beraz, bertze zabortegi batera eramanen lituzkete hondakinak, El Culebreten bereizi eta tratatu ondoren.

Adostutakoaren inguruan dituen zalantzak jarri ditu mahai gainean Sustrai Erakuntza fundazioak. Batetik, ekonomia zirkularraren aurka egiten duelako, eta birziklatzea ez duelako lehenesten; bertzetik, Gipuzkoatik Erriberara eramateko 200 kilometro baino gehiagoko bidea egin beharko dutelako hondakinek. “Horrek Erriberan egun dauden kutsadura arazoak areagotu besterik ez ditu eginen”, erran du Zelaiak. Hirugarrenik, fundazioko kideek ez dute argi hondakinen azken helmuga zein izanen den. “El Culebreten lurperatzeko arriskua bada, beste nonbaitera eramateko dauden zailtasunak kontuan hartuta”, erantsi du fundazioko kideak.

Kezka horiekin bat egin dute Erriberako herritar eta eragile anitzek, eta, ondorioz, Gipuzkoako hondakinak Tuteran hartzeko egitasmoaren aurkako plataforma osatu dute. Hainbat herritako hautetsiek, eta zenbait sindikatuk eta talde ekologistak bat egin dute, bertzeak bertze. Elkarretaratzea egin zuten plataformako kideek joan den abenduaren 17an, eta lanean jarraitzeko asmo sendoa agertu dute. Gustavo Gil Perez Nievas da plataformako kideetako bat. Tuterako Udaleko zinegotzia ere bada, Candidatura de Unidad Popular (CUP) taldearekin.

Talde horrek aurkeztutako mozioa onartu zuen Tuterako Udalak, hain zuzen ere, joan den abenduaren 4ko osoko bileran. Onartutako testuaren bidez, GHKren eta Erriberako Hondakinen Mankomunitatearen arteko akordiorako oinarriaren aurka egin du Tuterako Udalak. PSNk ez zuen mozioa babestu, baina UPNren aldeko boza jaso zuen. Ezkerra, berriz, abstenitu egin zen.

Zinegotzi eta plataformako kide gisa, Gil Perez Nievasek argi du Erriberako mankomunitateak bertan behera utzi beharko lukeela Gipuzkoako hondakinak Nafarroara ekartzeko egitasmoa. Hainbat auzi jarri ditu mahai gainean. Batetik, akordiorako oinarria batzorde iraunkorrak onartu izana salatu du. “Mankomunitateak berak erraten du erakunde horren organo nagusia batzar nagusia dela”. Bertzetik, zinegotziak gogoratu du mankomunitateak ez dituela zuzenean kudeatzen Erriberako hondakinak; FCC enpresak du ardura hori bere gain. “Jasotako zaborraren arabera kobratzen du; ondorioz, gero eta hondakin gehiago hartzea interesatzen zaio”. Kezka horrekin bat egin dute Sustrai Erakuntza fundazioko kideek, eta hondakinen kudeaketa enpresa pribatuen esku dagoenean negozioa gailentzen dela nabarmendu du Zelaiak.

Egoera horri aurre egiteko beharra aipatu du Gil Perez Nievasek, hain zuzen ere, eta Erriberan sortu berri duten plataformak aukera bat proposatu du: “Birziklatutako tona bakoitzeko ordaintzea”.

Gobernuaren jarrera

Hondakinen kudeaketan Gipuzkoak atzera egin duela argi du Zelaiak. “Ekonomia zirkularraren eta birziklatzearen aldeko apustua bazter utzi dute, eta hondakinak errausteko urratsa babestu dute”. Erriberan egin nahi dutenaren atzean “eredu bera” dagoela argi du Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. “Teknika da ezberdina; han errausten dutena hemen lurperatu nahi dute, baina eredu bera da. Eta eredu hori da aldatu behar dena”.

Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Landa Garapen eta Toki Administrazio kontseilari Isabel Elizaldek berak bat egin zuen asmo horrekin, hondakinak kudeatzeko plana aurkeztu zuenean. Alegia, eredua aldatzeko beharra nabarmendu zuen. Aldi berean, ordea, Gipuzkoako hondakinak El Culebreten hartzeko proiektuari oniritzia eman dio departamentu horrek. Behin betiko baimenaren zain da Erriberako mankomunitatea oraindik ere, halere, baimen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertzeko zain.

Gobernuak gogoratu du Nafarroatik kanpoko hondakinak tratatzeko akordioen inguruko ardura ez dela berea, mankomunitateena baizik. “Nik uste dut gobernuak ez zuela Erriberan egin dutenaren gisako akordiorik nahi, baina ez du ezetz esan. Pentsatzekoa da harremanen bat izanen zela Gipuzkoako EAJren eta Geroa Bairen artean”, erran du Zelaiak. Erriberako plataformako kideek ere “susmopean” jarri dute Nafarroako Gobernuaren jarrera, eta Geroa Bairen eta Gipuzkoako EAJren arteko harremana ikusten dute egindako urratsen atzean. “Gobernua hagitz azkar ari da dena egiten”, azaldu du Gil Perez Nievasek.

Plataformako kideek, halere, Erriberako Hondakinen Mankomunitateak duen ardura jarri dute erdigunean. “Mankomunitatea Erriberako hemeretzi herrik osatzen dute; herritarron erakunde bat da, finean”.

Ezkerrako zinegotzi eta mankomunitateko presidenteorde Olga Risueñok, hain zuzen, erakunde horren barrutik bizi izan du akordiorako oinarria onesteko prozesua. CUP taldeak mozioa aurkeztu zuenean, abstenitu egin ziren Ezkerrako zinegotziak Tuterako Udalean, abenduaren 4ko bileran. Hil horren 7an, ordea, batzarra egin zuten Ezkerrako kideek, eta Gipuzkoako hondakinak Tuterara eramateko asmoaren aurka agertu zen koalizioa. “Ezetzaren oinarria ez da hainbertze adostutako testua, hondakinak kudeatzeko eredua baizik”, zehaztu du Risueñok.

Zinegotziak azaldu du Erriberako Hondakinen Mankomunitateko presidente Tomas Aguadok maiatzean eman ziela auziaren berri. “GHKrekin harremanetan zela azaldu zigun ekaineko batzorde iraunkorraren bileran. Irailean, berriz, akordiorako oinarria prest zela erran zigun; adostu zutela mankomunitateak bost milioi euro inguru jasoko zituela, eta 10-14 lanpostu sortuko zirela, txandak bikoiztuko zituztelako Gipuzkoako hondakinak tratatzeko”, zehaztu du. Ezkerrako kideek azaroaren 21ean jaso zuten akordiorako oinarriak jasotzen zituen testua. “Ongi aztertu eta gero, uste dugu egin nahi dena ez dela hondakinak kudeatzeko modurik egokiena; horregatik eman diogu ezezkoa”, erantsi du Risueñok.

Mankomunitateko presidenteordeak bertze gai bat jarri du mahai gainean: erabakiak batzorde iraunkorrak hartu izana. “Guk argi dugu auziak eskatzen duela batzar nagusiak erabakitzea; mankomunitateko teknikariek erran dute, halere, batzorde iraunkorrak akordiorako oinarria onesteko eskumena duela”.

Akordiorako oinarria da egun Gipuzkoak eta Erriberak sinatutakoa. Akordio hori berretsi behar da, ordea, aurrera egiteko. Urratsak egiten jarraitzeko, hain zuzen ere, zailtasunak ditu Erriberako Hondakinen Mankomunitateak: Gipuzkoako errefusa El Culebreten hartu eta gero nora eraman argitzeke dago, oraindik ere.

Arnedon (Espainia) zabortegi bat kudeatzen du FCCk, eta harat eramatea izan zen lehen aukera; baina Arnedokoa industriaren hondakinentzako zabortegia da. “Ez du balio”, erran du Sustrai Erakuntzako Zelaiak. Aukera hori baztertu eta gero, Aragoiko (Espainia) Ejea de Los Caballerosko zabortegia zen FCCren bigarren aukera. “Hori, ordea, ez dago enpresa horren esku. Publikoa da. Ez da erraza izanen baimena lortzea”, erantsi du Zelaiak.

Zailtasun horien ondorioz Gipuzkoako hondakinak Tuteran geldituko ote diren beldur dira Sustrai Erakuntzako kideak, bai eta Erriberan plataforma sortu dutenak ere. Egun, jada, Erriberatik kanpoko hondakinak hartzen dituzte El Culebreten. “Nafarroa osoko hondakinen %41, hain zuzen; Iruñerrikoak eta Lizarraldekoak dira honat etortzen ez diren bakarrak”, azaldu du Gil Perez Nievasek. Gogoratu du Gongorako zabortegia 2022an itxiko dutela. Iruñerriko hondakinak hartzen ditu horrek egun.

El Culebreteko datuek, halere, zalantzan jartzen dute horko kudeaketa. “Mankomunitateak berak emandako datuen arabera, jasotako hondakinen %1,12 baino ez dute birziklatzen; %47 konpost bilakatzen dute, baina ez du saldu ahal izateko kalitaterik”, erran du Gil Perez Nievasek. Argi du zentro hori ez dela hondakin gehiago hartzeko toki egokia.

Zailtasunak nabarmendu ditu Zelaiak, eta pentsatu nahi du onetsitako akordiorako oinarriak bazter uzteko gai izanen direla zailtasun horiek. Herritarren erantzuna txalotu du, halaber, Sustrai Erakuntzako kideak, eta auziak haien artean birziklatzeko kontzientzia piztuko duela espero du. Akordioa berresteko bilerara ez du deitu, oraingoz, Erriberako Hondakinen Mankomunitateak.

Kontuak eskatu dizkiote gobernuari

Kontuak eskatu dizkiote gobernuari »

Edurne Elizondo

Informazioa nahi dute Pedro Zigaren oinordekoek (Iruñea, 1867-1949); informazioa, zehazki, Zigak 1949. urtean, bere testamentuaren bidez, orduko Nafarroako Diputazioaren esku utzi zuen ondarearen egoerari buruz. Zigak 1898an erosi zuen Bertizko jaurerria; nafarrei eman nahi izan zien, eta, haien izenean, diputazioak jaso zuen, hil eta gero. Hainbat baldintza zehaztu zituen ondarea ematerakoan, halere, eta baldintza horiek zein neurritan betetzen ari diren jakin nahi dute Zigaren ondorengoek. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren erregistroan instantzia aurkeztu dute, administrazioak jaurerria hartu zuenetik egin diren urrats guztien inguruko zehaztasunak jasotzeko asmoz.

Ehizaren ingurukoek sortu dute azken urteotan zalaparta, batez ere. 1984. urtetik, natur parkea da Bertizko jaurerriko lursaila, eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuaren esku dago kudeaketa. Isabel Elizalde kontseilaria, da, ondorioz, Bertizko parkeko patronatuko egungo presidentea.

Bere testamentuan Zigak zehaztu zuen ehiza debekatuta egonen zela espazio horretan. Nafarroako Gobernuak, halere, arkuak eta geziak baliatuz basurdeak, orkatzak eta oreinak ehizatzeko baimena eman zuen, 2010. urtean. Orduko gobernuko hainbat kidek ere parte hartu zuten baimen horrek ekarri zituen ehizaldietan. Gurelur talde ekologistak auzitara jo zuen. Fiskalak 2013ko bere idatzian onartu zuen ehizaldiek Nafarroako hainbat lege urratu zituztela; zehazki, faunaren eta haren habitatari buruzkoa, eta arrantza eta ehizari buruzkoa. Hala eta guztiz ere, salaketak ez zuen aurrera egin.

Elizaren esku

Zigak ez zuen seme-alabarik, eta haren ilobak bilakatu ziren haren oinordeko. Zigaren iloben ondorengoetako hainbat dira, orain, gobernura jo dutenak zehaztapen bila. Ehizaren auziak kezka eragin zien, eta ez zuten berri ontzat jo kontua hutsean gelditu izana. Bertze hainbat arlotan ere Zigaren borondatea bazter gelditu dela uste dute, gainera. Bertizen zegoen Zigaren liburutegiarekin, hainbat altzarirekin edo Elizaren esku ziren hainbat lursailarekin gertatu dena argitu nahi dute haren oinordekoek, bertzeak bertze.

Zigak bere testamentuan zehaztu zuen Bertizko jauregiaren erabilera Elizaren esku geldituko zela, baina, betiere, baliabiderik ez zuten apaizentzako egoitza gisa baliatzeko, erretiroa hartzeko orduan. Izan zitezkeen toki arazoei aurre egin nahi izan zien Zigak, gainera, eta apaizen esku utzi zituen Oronozko bertze 29 lursail ere. Bertizko eraikina erabiltzeko zuen eskubidea Nafarroako Gobernuaren esku utzi zuen Artzapezpikutzak, 1982. urtean. Saldu egin zion, zehazki.

Pedro Zigaren oinordekoek informazioa nahi dute 1982ko akordio horrek izan dituen ondorioei buruz, bertzeak bertze. Oro har, 1949. urtetik Zigaren ondarearen inguruan hartutako erabakien berri jaso nahi dute. Instantzia jaso eta gero, hiru hilabeteko epea du Nafarroako Gobernuak, orain, erantzuteko.

Bost minutu Pirinioentzat

Bost minutu Pirinioentzat »

Edurne Elizondo

Bost minutu eskatu dizkiete Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako biztanleek Nafarroako Parlamentuko kideei. Bost minutu, lege bat onartzen duten bakoitzean arau horrek eskualde horretako herritarrengan izanen duen eraginari buruz pentsa dezaten. 1.400 pertsonak baino gehiagok egin dute bat jada eskaera horrekin, Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiak eta Bizirik Gaude elkarteak sarean martxan jarri duten sinadura bilketaren bidez. “Mugimendua eragin nahi dugu; kontzientzia hartu, eta bat egin dezatela herritarrek, gure gabeziak eta arazoak mahai gainean jartzeko”.

Gabeziak, arazoak eta desorekak. “Bazter” direla sentitzen dute Ekialdeko Pirinioetako biztanleek. “Bigarren mailako herritarrak” direla nabarmendu du Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiko kide Joseba Martinezek. Aurizberrin bizi da, eta argi du herria ez duela utzi nahi. Eskualdean etxebizitzaren, enpleguaren eta hezkuntzaren arloan dauden arazoek, ordea, jende anitz bultzatzen dute herriotatik herri handiagoetara edo Iruñera. Herriak hustuz joan dira, eta kinka larrian gelditu dira zerbitzu anitz. Egoera hori irauli nahi dute hango herritarrek, eta horregatik jarri dute martxan sinadura bilketa. Merezi duten arreta jaso nahi dute. Horretarako eskubidea badutelako. “Zergak ordaintzen baititugu, bertze edozein herri edo hiritako herritarrek bezala”.

Ekialdeko Pirinioetako ibarretako hiru dira Aezkoa, Erronkari eta Zaraitzukoa. Herriotako populazioaren mugimenduak erakusten du Martinezek azaldu duen errealitatea. Erronkarin, populazioak goia jo zuen 1910. urte aldera, 4.704 biztanlerekin. 2.344 ziren 1975. urtean; 1.644 2005ean; eta 1.423, berriz, 2015ean. Aezkoan, 3.679 pertsona bizi ziren 1857. urtean; 1.546 ziren 1975ean; 1.046 biztanle zituen ibarrak 2005. urtean; eta 903 baino ez iazko datuen arabera. Populazioak behera egin du, halaber, Zaraitzun: 4.073 ziren 1857. urtean; 2.448 1975ean; 1.704 2005. urtean; eta 1.478, azkenik, iaz.

Populazioaren beherakada ez da arazo bakarra. “Orografiak eta klimak ere eragiten digute. Gutxi gara, eta sakabanatuta gaude, gainera. Eskoletan ahaleginak egin behar ditugu ratioak betetzeko eta eutsi ahal izateko”. Osasunaren arloan, anbulantzia herrietara ailegatzeko “zailtasun handiak” daudela erantsi du Martinezek, eta etxebizitzaren eta enpleguaren esparruan dauden “eredu zaharkituek”, berriz, ez dutela aukera ematen herrien husteari aurre egiteko.

Legeak eta justizia

Martinezek argi eta garbi erran du: “Nafarroako Gobernuari dagokio zerbitzu publikoak bermatzea”. Eta, horretarako, ustez denentzat egindako legeek sor ditzaketen “desorekei” so egiteko eskatu diete Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiko kideek herrialdeko agintariei. Eskolako ratioen adibidea aipatu du, berriz ere. “Lege bat denentzat izateak ez du erran nahi lege horren oinarrian justizia dagoenik”. Ekialdeko Pirinioetako herrientzat bertze hainbat txokotako herrietan baino anitzez ere zailagoa izan baitaiteke legeak ezarritakoak betetzea.

Pirinioko herrien errealitatea “desitxuratzen” duen bertze elementu bat aipatu du Martinezek. Pirinioak erraten denean zer herri eta ibar aipatzen diren, hain zuzen ere. “Agoitz, Zangoza eta Baztanen gisako udalerrietako errealitatea eta gurea ezberdinak dira”. Ondorioz, Martinezek uste du Pirinioetaz hitz egiteko herriotako datuak sartzen dituztenean benetako errealitatea ezkutatu bertzerik ez dutela egiten. “Agoitzen, adibidez, industria dute, baina guk ez”. Sinadura bilketa martxan jarri dutenek zehaztu dute Ekialdeko Pirinioek zer eremu hartzen duten: Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Artzibar, Erroibar, Orreaga, Auritz, Luzaide, Orotz-Betelu eta Nabaskoze almiradioa.

“Gure eskualdean lehen sektorea inportantea da, baina egoera, egun, ez da ona”, azaldu du Martinezek. Turismoak azken hamarkadan izandako gorakada nabarmendu du, halaber. “Jende anitzek egin du horren aldeko apustua; herriko etxea moldatu, eta landetxe bilakatu dute”.

Hiriko jendearentzat, hain zuzen ere, asteburua edo oporrak pasatzeko tokia dira, neurri handi batean, Pirinioak. “Guri ongi iruditzen zaigu jendea honat etortzea asteburua pasatzera; baina kontuan hartu behar da gu hemen gelditzen garela haiek joaten direnean”.

Turismoaren esparrua bakarrik bultzatzeak ere ondorioak izan ditzakeela uste du Martinezek. “Turismotik bizi bagara, kontuan izan behar dugu gure herrietan kulturaren arloko eta bertze hainbat alorretako aldaketak gertatzen ahal direla”. Egungo testuinguruan “etorkizuna bermatzea” zaila dela erran du Martinezek, eta horrek eragiten dio tristura. “Izan beharko genuke aukera hemen bizitzeko, nahi dugulako, orekari eutsiz”. Parlamentariak Pirinioetara begira jarri nahi dituzte. Aurrera egiteko.

Txolarre, uso eta sorbeltzak

Txolarre, uso eta sorbeltzak »

Edurne Elizondo

Hiriko bertze biztanleak dira. Zerua zeharkatzen dute, eta, auto eta eraikinen artean, zuhaitz eta arrakaletan bilatzen dute aterpe. Iruñeko hegaztiak. Hiriko txoriak. Bosgarrenez, hiriburuan ugaltzen diren espezieen inguruko azterketa egin du udalak, eta mahai gainean jarri ditu lortutako datuak: aurten, 51 espezietako 1.806 hegazti zenbatu dituzte. Etxe txolarreak, etxe usoak eta sorbeltz arruntak dira ugarienak.

Ornitolan etxeko Gabi Berasategi da txostena egin duten biologoetako bat. Luis eta Carlos Almingolekin batera aritu da lanean. “Maiatzean jaso genituen datuak; igandeak baliatu genituen, hiria lasaiago zenean”, azaldu du. 2009an eskatu zuen udalak hiriko hegaztien inguruko lehendabiziko lana, eta hartan ere parte hartu zuen Berasategik. Bi urtean behin egin izan dute, iaz arte. 2015ean egin eta gero, aurten berriz ere txostena osatzeko agindua jaso dute ornitologoek. 2009tik jasotako informazioari so egin dio Berasategik, eta Iruñeko hegaztiek, urteotan, orduko egoerari eutsi diotela nabarmendu du. Bioaniztasunak pixka bat gora egin duela erakusten dute aurtengo datuek, edonola ere.

Gaztelugibelan eta Etxabakoitz inguruan dago hegazti gehien. “Ez da arraroa”, azaldu du Berasategik: “Ziudadelan zuhaitzak badira; hegaztiek badute habia egiteko tokia; Etxabakoitzen, berriz, larreak eta ibaia dituzte; lasaitasuna dute, bai eta zer jan ere”. Horrek markatzen du hegaztiak non diren, hain zuzen ere. “Habia egiteko tokia eta zer jan behar dute”.

Zuhaitzak egotea, hala ere, ez da toki bat hegaztientzat egoki dela errateko nahikoa. Bertzelako elementuak izan behar dira kontuan. Zuhaitz horiek, edo zuhaitzak dituzten parkeak kudeatzeko moduak ere badu zerikusi handia, adibidez. “Hegazti askok haziak eta intsektu txikiak jaten dituzte. Parke batean zuhaitzetatik erortzen diren hostoak berehala biltzen badituzte, adibidez, zer jan gabe gelditzen dira txoriak”, azaldu du biologoak.

Hiri ereduak ere badu lotura toki batean edo bertzean bizi diren hegazti espezieekin. “Gero eta enara eta hontz gutxiago ikusten dugu hirian, ez baitute leku egokirik. Herrietara joaten dira. Hiriak egiten baditugu ispiluz betetako eraikinekin, teilak erabiltzen ez dituzten etxebizitzekin, zulorik ez duten paretekin, hegaztiek ez dute non egon, non gelditu”. Londresen, adibidez, etxe txolarreen kopuruak nabarmen behera egin duela azaldu du biologoak. “Populazioaren erdia galdu dute azken urteotan”. Bertzeak bertze, hiri ereduaren eraginez.

Iruñean, etxe txolarreak, etxe usoak eta sorbeltz arruntak dira ugarienak, hiriko baldintzetara egokitzen asmatu dutelako, hain zuzen ere. Parkeak bizitoki dituzten espezieentzat aproposak dira Iruñeak dituen berdeguneak. Anitz daude. Sasiek, ordea, behera egin dute hirian. “Ez ditugu gustuko, eta kentzen ditugu”. Horrek badu eragina halako habitatak maite dituzten hegaztientzat, noski. “Behera egin du halakoen kopuruak Iruñean”, erran du Berasategik.

Azken urteotako datuei so, txorru arruntek gora egin dutela ohartu dira azterketa egin duten ornitologoak. Kardelinen kopuruak, berriz, pixka bat behera egin du. Aurten, bertzalde, txostena osatu duten urteotan guztietan ikusi ez zuten espezie bat aurkitu dute ornitologoek Iruñean hegaztiei so egindako bideetan: baso txinboa, hain zuzen ere.

Interesak, gora

Hegaztiei so gozatzen duten horietako bat da Gabi Berasategi. Ez da bakarra. Iruñean ornitologiak gero eta zale gehiago dituela nabarmendu du biologoak. Joan den astean, adibidez, aurtengo datuen berri emateko hitzaldia eman zuen biologoak Ingurumen Heziketarako Museoan, eta herritar anitzek parte hartu zutela nabarmendu du. “Interesa badago, gero eta gehiago; eta hori pozteko moduko berri bat da”, erran du Berasategik.

Interes horrekin lotu du, hain zuzen ere, hegaztien etorkizuna, neurri handi batean. Hiri ereduak zehaztuko duelako Iruñean zenbat hegazti eta zer espezietakoak bizi diren, biologoak berretsi duenez. Gizakien erabakiek eragin zuzena baitute hiriko bertze biztanleengan.

Hiriak duen bioaniztasunaren erakusle ere badirela nabarmendu du Berasategik. “Gero eta txori eta espezie gehiago izan, orduan eta ingurumen kalitate handiagoa”.

Txolarre, uso eta sorbeltzen hiria da Iruñea. Bai eta txantxangorri, buztangorri, kaskabeltz, mika eta amilotx urdinena ere, bertzeak bertze. Auto eta eraikinen artean, hiriko zerua zeharkatzen dute hegaztiok. Kantuz betetzen dute Iruñea.

Errepide zati bat nahi du bizikletak

Errepide zati bat nahi du bizikletak »

Edurne Elizondo

Atzerapauso bat da hau. Iruñea oraindik ere 1990eko hamarkadako hiri bat da. Autoz betetako hiria, alegia”. Aitor Txarterinak erran ditu hitzok. Iruñeko bertze hamaika txirrindularirekin batera egin du bat 8-80 Iruñea izeneko plataforman. Sortu berri dute, Iruñeko Udalaren jarrera salatzeko, eta hartutako azken erabakietan atzera egin dezala eskatzeko. Azken hilabeteak mugikortasun plan berria jorratzen eman ditu hiriburuko udal gobernuak; irailaren amaieran osatu eta aurkeztu zituen Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailak adostutako proposamenak, datorren urtean proiektuak gauzatzen hasteko asmoz. Plana behin-behinean gelditzea erabaki zuen udalak, ordea, hilaren hasieran, UPNk aurkeztutako mozio baten bidez. Txirrindularien haserrea eragin du egoera horrek, eta karrikan egin dute protesta, asteon. Errepidean dagokien zatia nahi dute, segurtasunez mugitu ahal izateko. 8 eta 80 urte bitarteko txirrindularientzat segurua den hiria nahi dute.

“Txirrindulariok plataforma bat osatzea erabaki dugu sentitzen dugulako baztertu gaituztela; hutsaren hurrengotzat hartu, eta engainatu gaituztela”, nabarmendu du Jesus Sukunzak. Udalak engainatu dituela uste dute txirrindulariek, zehazki. “Legegintzaldiaren hasieran, udala babesten duten taldeek sinatutako akordioan jaso zuten helduko ziotela arazoari; urte eta erdi joan da, eta ez dute deus egin. Egoerak okerrera baino ez du egin”.

Nafarroako hiriburuan 19.000 txirrindulari daude, 8-80 Iruñea plataformak emandako datuen arabera. Hiriko bidegorri sarea eskasa da, eta, anitzetan, oinezkoekin partekatu behar dute txirrindulariek espaloia. Horrek arazoak sortu ditu. “Eta okerrera egin dute, gero eta txirrindulari gehiago dagoelako”, azaldu du Txarterinak.

Errepidean seguru sentitzeko zailtasunak dituzte bizikletaz mugitzen diren herritarrek, gainera, trafiko handiko hiria baita Iruñea. Udalak berak esku artean dituen datuen arabera, egunean 16.000 auto pasatzen dira, adibidez, Gipuzkoako etorbidetik, eta 14.000, berriz, Baluarte aurretik. Trafiko horrek baditu bertzelako ondorioak: kutsadura akustikoaren iturri nagusia da autoek eragindako zarata, hain zuzen ere. Hiria inguratzen duten bideetan jotzen du goia trafikoak eragindako kutsadura akustikoak. Autoen keak eragindako kutsadura ere ezin da bazter utzi. Arlo horretan, nabarmenak dira bizikletak ekartzen dituen abantailak, ez baitu CO2 isurtzen. Betetako autobus publiko batek, berriz, 23 auto ordezkatzen ditu, eta %66 murrizten ditu, ondorioz, CO2 isuriak.

2017rako lehentasunak

“Oinezkoek izan behar dute mugikortasunaren errege-erreginak”. Horixe nabarmendu zuen Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko zinegotzi Armando Cuencak, joan den maiatzean, mugikortasun planari buruz herritarrekin egindako jardunaldietan. Oinezkoekin batera, planak garraio publikoa eta txirrindulariak ere protagonista bilakatu nahi zituela erantsi zuen Cuencak. 8-80 Iruñea plataformak zehaztu du, hain zuzen, oinezkoak, txirrindulariak eta garraio publikoa direla %60 mugikortasunaren arloan, eta, horregatik, bazter batetik atera, eta erdigunean jartzeko urratsa eskatu dute.

Udalak bere planaren bidez mahai gainean jarritako asmoak hainbat proposamenetan zehaztu zituen, irailaren amaieran, Cuencak zuzentzen duen sailak. Lau milioi euroko aurrekontuarekin, planaren asmoa da, legegintzaldia amaitu bitarte, beste 30 kilometro egitea, bizikleta bide eta autobus bide gisa erabiltzekoak. Bi lehentasun zehaztu ditu udalak, gainera, 2017rako: Burlata-Barañain ardatza, batetik, eta Pio XII.aren etorbidekoa, bertzetik.

“Plana, egon, badago. Aurrera eginen duela uste dut”, erran du Armando Cuencak, udalak gaiari buruzko azken mozioa onartu eta gero. UPNk aurkeztutako testuak eskatu zuen plan hori bertan behera gelditzea, 2019. urtera arte. Geroa Bairekin aldaketa adostu zuten, azkenean, UPNko kideek, eta onartutako mozioak dio “ezagutu arte” geldituko dela bertan behera plana. UPNrekin eta Geroa Bairekin batera, PSNk eman zion aldeko botoa mozio horri; Aranzadik eta Ezkerrak mozioaren kontra egin zuten; eta EH Bilduko zinegotziak, berriz, abstenitu egin ziren. “Uste dut udal gobernuan zenbaitek nahiko argi ikusten ditugula gauzak, eta bertze hainbatek, berriz, ez dituzte hain argi ikusten”, erran du Cuencak, EH Bilduko zinegotzien abstentzioari buruz. Koalizio horretako zinegotzi Joxe Abaurreak “akordioen beharra” nabarmendu zuen, mozioa onartzeko osoko bileran.

Informazio gehiago jaso nahi zutela azaldu zuten taldeek, azkenean, mozio horren bidez. Udal gobernuko kideek, behintzat, informazio hori beren esku zutela argi utzi du Cuencak. “Baina gehiago behar badute, emateko prest naiz”. Asteazkenean, hain zuzen ere, GEA21 etxeko kideak izan ziren Iruñeko herriko etxean, Cuencak zuzentzen duen sailaren batzordean, planaren ardatz nagusiei buruzko azalpenak ematen, etxe horrek egin baititu plana osatzeko azterketak.

“Asmoak gauzatzen hasteko garaia iritsi da, eta horrek halako beldurra sortu du”, erran du Cuencak, plana behin-behinean gelditzeko urratsa egin izanari buruz. Zinegotziak argi du mugikortasunaren esparruko edozein neurrik eraginen duela batzuen edo bertzeen haserrea edo ezinegona, eta hori “onartu” egin behar dutela udal arduradunek.

Oraingoz, txirrindularien haserrea eragin du mugikortasun planaren inguruan gertatu denak. “Herritarron interesen gainetik jarri dituzte alderdiek beren interesak”, salatu du Jesus Sukunzak. Astearteko protesta ez da eginen duten bakarra. Pio XII.aren etorbidean bidegorria eskatzeko matrikulak jarriko dituzte Iruñeko txirrindulariek beren bizikletetan ere, adibidez.

Iruñeko Udaleko talde guztiei eskaera zehatzak egin dizkiete 8-80 Iruñea plataformako kideek; bakar batean laburbiltzen dira guztiak: “Mugikortasun planaren alde egin dezatela, zalantzarik gabe”, erran du Aitor Txarterinak. Plan hori Iruñearentzat “estrategikoa” dela nabarmendu du: “Argi dago batzuek eta bertzeek hau eta bertzea erantsiko lioketela planari, baina, oro har, plan on bat dela uste dut nik”. Udalak ez duela ausardia erakutsi erantsi du Txarterinak, eta hori behar dela, hain zuzen ere, mugikortasunaren auzian “behingoz” urratsak egiten hasi ahal izateko.

8-80 Iruñea plataformak “beharrezkotzat” jo ditu autobusentzako eta bizikletentzako bideak. Halako neurriek “trafiko osoari mesede” egiten diotela nabarmendu du Sukunzak. “Autoei ere egiten diete mesede bizikleten eta garraio publikoaren aldeko neurriek”. Espaloiek oinezkoentzat izan behar dutela argi utzi du Sukunzak, batetik; bizikletentzako bideekin txirrindulariek segurtasuna irabaziko dutela erantsi du, bertzetik. Autobusek haiek bakarrik erabiltzeko bideak badituzte autoek “trafiko lasaiagoa” izanen dutela gaineratu du plataformako kideak, azkenik. Mugikortasun planak asmo horiekin bat egiten du, hain zuzen ere.

“Txirrindulariok ere bagara zirkulazioaren parte; zergak ordaintzen ditugu, gainera. Bada gu kontuan hartzeko garaia”, erran du Sukunzak. Plataformako kideek argi dute txirrindulariek errateko dutena kontuan hartzeko momentua orain dela. “Ezin dugu bertze hamarkada bat galdu”. Txirrindulariek gogoratu dute aurten hiru pertsona hil direla Iruñean, autoek harrapatuta. “Trafikoa moteldu beharra dago, ezinbestean”.

Aurrekontuak

Mugikortasun plana izan da Iruñeko Udaleko Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko proiektu nagusietako bat, legegintzaldia hasi zenetik. Gauzatzen hasteko prozesua behin-behinean gelditu izana ez du bere kontrako erabakitzat hartu, hala ere, Cuencak. Ez du uste EH Bilduren abstentzioak, auziari buruzko mozioaren bozketan, bere indarra zalantzan jartzeko asmoa izan duenik. “Ez dut uste hemen gakoa hori denik; hemen kontua da nork bere jarrera argitu beharko duela mugikortasunaren auzian”.

Eta jarrerak argitzeko eta zehazteko modurik onena aurrekontuek emanen dutela nabarmendu du Cuencak. “Datorren urterako aurrekontuek itxiko dute orain mugikortasunari buruz zabaldu duten eztabaida”.

Bertze elementu bat jarri du mahai gainean Iruñeko Udaleko zinegotziak, hala ere: Nafarroako Gobernuak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Eskualdeko Hiri Garraioak ukitzen dituen hemezortzi udalek sinatutako akordioa, Iruñerriko mugikortasun jasangarrirako plana osatzeko.

Plan hori osatzeko azterketa eginen dute datozen urteotan, hain zuzen ere, proiektua 2019. urtean gauzatzen hasteko asmoz. Data horrek badu lotura estua UPNko zinegotziek hasieran aurkeztutako mozioarekin, alderdi horretako kideen asmoa baitzen Iruñeko plana Iruñerriko azterketa amaitu arte gelditzea.

Cuencak ohartarazi du, hain zuzen ere, Iruñerriko plana “aitzakia gisa” baliatzeko arriskuaz: “Ezin dugu hori onartu”. Argi utzi du Iruñerriko plana osatzeko azterketak ez duela zertan bertan behera utzi Iruñekoa. 8-80 Iruñea plataformako kideek ere nabarmendu dute Iruñean neurriak hartzeko garaia dela, eta egin daitezkeela urratsak hiriburuan, Iruñerriko azterketa prestatzen duten bitartean.

Protesta egiten jarraitzeko prest dira Iruñeko txirrindulariak. Argi dutelako mugikortasunaren arloan neurriak hartzeko ordua dela. Autoen hirian, segurtasunez mugitzeko eskubidea aldarrikatu dute, bizikleta gainean.