Espainiako banderak »

Gogoan dut OHOko 8. mailako inauterietan milizianoz mozorrotu nintzela: txapela, alkandora zaharra, abarkak, manta, eskopeta eta Espainiako Errepublikako bandera —gure amak josi berria—. Garai hartan, 13 urterekin, tematuta nengoen 1936ko gerrako kontuekin. Eta nerabezaroak dakarren nahasmendu ideologikoan, ikurrina ere margotu nuen banderaren mastari eusten zion gerrikoko zorroan.

Institutuan, pentsamolde anabasa horrekin segituz, Espainiako Errepublikako bandera eta izar anarkista neramatzan bizkar-zorroan iltzatuta —hizki ederrez margoturiko kanta heavyen pasarteekin batera; dena erran behar baita—. Aurreraxeago, Espainia zer den eta Euskal Herria zer izatea nahi dudan barneratu nuelarik, gorria, horia eta morea batzen dituen Espainiako bandera alde batera utzi nuen, nahiz eta beti maitasunez ikusi izan dudan. Gaur arte?

Diotenez, errepublikaren aldeko aldarria gero eta ozenago bilakatzen ari da Espainian; eta, dakusagunez, bandera errepublikanoak gero eta ohikoagoak dira murrizketen aurkako protestetan; nola Espainian, hala Euskal Herrian. Konparazio batera, apirilaren 14aren karietara, Iruñerria Espainiako banderez josi ziguten, Espainiako Errepublikako banderez. Hilabete geroago, oraindik ere ez dituzte batzuk kendu. Ez dut erran nahi kendu behar dituztenik, baina hilabete baten bueltan hor segitzeak zer pentsatua ematen du, jakin baitakigu bandera horiek ikurrinak balira ez luketela ordu erdi ere iraunen.

Erran gabe doa monarkiaren eta errepublikaren arteko aukeraketan gillotina dela nire hautua, eta niretako nahi dudana nire bizilagunendako ere nahi dudala. Baina kontua da Espainiako Errepublikako banderak ez duela errepublika modu abstraktuan irudikatzen. Espainiako Errepublikako banderak Espainiako Errepublika irudikatzen du. Ez bertzerik. Eta, beraz, bandera hori gurea bezalako herri batean haizatzeak, non nazionalitate gatazka handia baitago, zalantzak sortzen dizkit.

1931ko apirilaren 27an, dekretu bidez, Espainiako Errepublikaren behin-behineko gobernuak hiru koloreko bandera onartu zuen, eta halaxe argudiatu zuen gorriari eta horiari morea gehitu izana: “Gaur tolesten ari gara XIX. mendearen erdialdean nazionaltzat hartu zen bandera. Horretatik bi koloreei eusten zaie eta hirugarrena gehitzen zaio, tradizioak herrialde ospetsu baten intsigniatzat jotzen duena [Gaztela], nazionalitatearen nerbio, eta, halaxe osaturik, Errepublikaren enblemak are zehatzago laburbiltzen du Espainia handi baten harmonia”.

Nik ez dakit gaurko egunean gure karriketan bandera gorri, hori eta moreak astintzen dituzten guztiek bat egiten ote duten jatorrizko errepublikano haien Espainia handiaren ideia harekin. Baina batzu-batzuek bai; paparrean UGTren eranstekoa daramatenek, adibidez.

Gauzak horrela, zilegi da murrizketen aurkako protesta bateratuetan —edo Bardeako tiro eremuaren kontrakoetan— Espainiako Errepublikako banderak erakustea?, jakinda bandera horrek estatu bat irudikatzen duela eta protesta horietan estatu horren kontrakoak ere badirela?

54.444 »

Apirilean Nafarroan lanik gabe zeuden lagunak. Jakinarazi dute apirileko langabezia tasa. Martxoko datuekin alderatuta, apirilean 2.042 langabe gutxiago zeuden Nafarroan. Denera, 54.444 lagun daude lanik gabe. 2012ko urte sasoi berarekin konparatuz gero, joan den hilean 3.539 langabe gehiago zeuden.

GUTXIENEZ HILABETEZ MENDATETIK »

N121-A errepidean luizia izan zen joan den astelehenean Iruñera bidean, Belateko bigarren tunelean. Nafarroako Gobernuak egindako lehenengo azterketen arabera, litekeena da pasabidea gutxienez hilabete batez itxita egotea. Denbora horretan, ibilgailuek Belateko portutik igaro beharko dute bai Iruñerako noranzkoan eta bai Irunerakoan (Gipuzkoa). Egunean, 7.000 ibilgailu inguru igarotzen dira N121-A errepidetik; horietatik %30 kamioiak dira.

Bizitzetik bizitzera »

Iragan den apirilaren 20an hirurogei bat lagun bildu ginen Beran, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak deituta, gure eskualdean euskarak duen egoerari buruzko diagnosia egin asmoz. Bihar beste saio bat izanen da, ondoko urteetan euskararen egoera hob…

900 »

Parlamentua inguratzeagatik ordaindu behar dutena, eurotan. Inguratu Nafarroako Parlamentua ekinaldian parte hartzeagatik hiru kidek 900 euro ordaindu behar dute. Horretaz gain, PPren egoitzaren aurrean escrache-a egiteagatik bost pertsonari 600 euroko isuna jarri diete.

33,4 »

Mila biztanleko Nafarroak duen kriminalitate tasa. Krimen mailak behera egin du, eta txosten baten arabera, urteko lehenengo hiruhilabetean mila biztanleko 33,4koa izan da.

BI AUZOKIDE ERRALDOI BERRIAK »

Ofizialki joan den larunbatean aurkeztu zituzten Iruñeko Buztintxuri auzoko erraldoi berriak. Antonio eta Ana izena dute. Konpartsan beste bi erraldoi ere badaude, Feli eta Mikel. Antonio eta Ana Cristian Azkona 17 urteko gazteak egindakoak dira. Larunbatean hainbat haur beldurtzea lortu zuten arren, erraldoien xedea gaitero eta txistularien bitartez kaleak girotzea da. Hala, heldu den irailean, auzoko jaiekin batera izango da lau erraldoiak batera ikusteko parada.

Eztanda bat »

Udaberria ofizialki hasi da. Lehertu da, esan ohi denez. Facebookeko lagun batek “maitemindurik nago” idatzi du bere horman. Nik lehenagotik banuen susmoren bat, udaberria hasita zegoelakoa, baina —euriak tarteko— baieztapenik ez. Nik ere eztanda egiteko tentazio bat edo beste. Kalean burua ohi baino gehiagotan bueltatzen dut. Karlos III.a etorbidean karpetatxoekin jendearen ehizan dabiltzan boluntarioei kasu egiteko, eta beharbada ACNURekin, Gurutze Gorriarekin edo dena delakoarekin kolaboratzeko bultzada.

Josetxo Ezponda El Bicho-ren aspaldiko elkarrizketa zati batzuk irakurri ditut; hil berri delako berriz eman dituzte. Halako tristezia bat sartu zait, hain hurbil edukita, Burlatakoa baitzen, erantzunetatik eratortzen den bezala, tipo ezin argiago bat ezagutzeko nekerik hartu ez izanak eragina. Bere izena googletuz ikusi ahal izan dudanez, burlatar honen heriotzaren berri eta deitorea urrutira iritsi da, esaterako, La Vanguardia bezalako egunkari batera ere bai (“El navarro Josetxo Ezponda fue un músico de músicos, un personaje que influenció a varias generaciones de la escena independiente, gracias a su labor al frente de Los Bichos”.). Hil osteko aitortzak ez du ezertarako balio; zenduari bederen ez dio laguntzen. Ez dut argi bizirik jarraitzen dugunok, bidegabekeria horren partaideok, geure burua zigortzeko edo modu sotilean geure burua saritzeko egiten ote ditugun (hau bezalako) omenaldi postumook, heriotzak akaso gu ere sublimatuko gaituelakoan.

Egunotan berreskuratu duten elkarrizketa zahar horretan, El Bichok, kanpotik bere gainbeherari egozten ahal zitzaizkion adierazpen pesimistak egiten zituen, baina gizarte moduan ematen ari ginen eta orain nabarmenago ematen ari garen atzerapausoak argi eta garbi salatuz: “Urte triste eta grisak ziren. Telebista gris kolorekoa zen, zerua ere grisa, jendea grisa… polizia ere grisa zen. Eta azkenaldian guztia halakoa da berriz ere. Baina tristezia ere ederra da, betiere belaxka ez bazara. Negar egitea eta pentsamendu sakon bat adieraztea ez baitira gauza bera”. Edo beste hau: “Denbora pasata, damutu nintzen abesti baten bat sartzeaz, baina perfekzioa fatxa da”. Edo beste hau: “Nik arrakasta izan nahi nuen, bete-betean asmatu. Hemen tipo berexia nintzen lehen, orain zuzenean maritxua, Erdi Arora eramaten gaituzten garaiak bizi ditugu”.

Negura, amairik gabeko negura eramaten gaituzte garaiok, baina ez diegu utzi behar. Takoneran hemezortzi urteko bi mutil jipoitu dituzte elkarri musu emateagatik.

Josetxo Ezpondak Un poco más izeneko kantuan bere epitafioa izan litekeena idatzi zuen: “Beraz, hau da amaiera. Ez nuen holakoa espero. Zerbait hobea nahi dut. Bero handiagoa nahi dut, gogo gehiago, zarata, eztanda bat”.

643.864 »

Nafarroan 2013ko urtarrilaren 1ean bizi ziren lagunak. Erroldaren azken datuen arabera, 2013ko urtarrilaren 1ean, 643.864 lagun bizi ziren, iaz baino 702 lagun gutxiago. Azken hamalau urtean lehen aldia da biztanleria murrizten dena.

15.684 »

2012an birziklatutako beira tonak. Nafarroako Gobernuan egindako zenbaketa baten arabera, 15.684 tona beira birziklatu ziren iragan den urtean. Herritar bakoitzak batez beste 24,3 kilo beira bota zituen edukiontzi berdera.