“Euskaraz bizitzeko guneak behar dira, birtual eta fisikoak” »

Talde lanean sortu dute Elaide.eus euskarazko sare soziala, Nafarroako 32 toki entitatetako euskara zerbitzuen artean. Horietako bat da Antsoaingoa, eta Elvira Lizeaga da bertako euskara teknikaria, Nafarroako euskara teknikarien sareko kidea ere bade…

“Barcenas pertsonaia gisa hain da surrealista, ez dirudi benetakoa” »

Lengoaia juridikoa idorra eta katramilatua da. Ez dirudi material egokiena denik, horren gainean film bat eraikitzeko. David Ilundain zuzendariarentzat, ordea (Iruñea, 1975), Luis Barcenas PPko diruzain ohiak Pablo Ruz epailearen aurrean eginiko adierazpenek "berebiziko indarra" daukate. Ikusleak pantailari itsatsita mantentzeko adina. Maiatzean errodatuko dute B: La película sobre los papeles de Bárcenas (B: Barcenasen paperei buruzko filma), irailean estreinatzeko asmoz.

- Jarraitu irakurtzen...

Miren Peñaren heriotza salatzeko elkarretaratzeak »

Etxe Kaleratzeek Kalte egindakoen Plataformak eta LABek hainbat elkarretaratze eta protesta ekintza antolatu dituzte aste honetan, Miren Peña antsoaindarraren heriotza salatzeko. Laboral Kutxaren bulegoen aitzinean egin dituzte elkarretaratzeak, eta biharko, manifestazioa antolatu dute: Iruñeko Gurutzeko plazatik aterako da, 17:00etan. Faurecia enpresak Orkoienen zuen lantegian lan egiten zuen Peñak, 2013an kaleratu zuten arte. Langabezia saria amaitzear zuen, eta hipoteka mailegua zuen Laboral Kutxan. Zorraren ordaintzeko baldintzak berriz negoziatzeari uko egin zion finantza entitateak. Bere buruaz beste egin zuen antsoaindarrak iragan den igandean.

Euskahaldunak, egoerak iraultzen »

Korrikak, Urepeletik abiatu zenetik, kilometro batzuk egin ditu. Egia erran, ibilbidearen zatirik handiena egina du jada.

Urepelen euskahaldun askok parte hartu zuten. Hasiera ekitaldian Euskal Herriko leku desberdinetatik etorritako jendea ikusteko aukera izan genuen.

17:00etan korrika hasi eta 158 kilometro egin ondoren, Dantxarinetik Baztanera sartu zen lasterketa. Festa, algara eta poza baztandarren artean, bi urte zain egon ondoren hor baitzen Korrika. Eguraldia fresko, baina giroa, bero-beroa.

Arraiotzen argazki eder bat ikusi genuen: umetxo bat 92 urteko emakume bati lekukoa pasatzen. Euskaraz bizitzeko nahiaren irudikapena. Nafarroako jendarteak duen grina argazki bakar horretan laburtzen ahal da, belaunaldi desberdinak ikusi eta tartean dauden guztiak aintzat hartzen dituena.

Baztandik karrerak Ultzaman jarraitu zuen. Eguraldia lainotsu. Laino itxia. Baina hori ez zen eragozpena izan, jendea errepidera ateratzeko.

Korrika Iruñerrira hurbiltzen ari zela, parte hartzea oraindik eta handiagoa izaten hasi zen. Geroz eta jende gehiago elkartzen ari zen errepidean. Arre, Atarrabia eta Uhartetik sartu zen eskualdera. Kaleek oso estu ematen zuten. Estuegi, halako jendetza hartzeko.

Nafarroako furgonetan zihoan lantaldearen zereginak konplikatzen hasi ziren orduantxe: bideko jendea baztertu beharra furgonetak sartu ahal izateko, bidegurutzeak ongi itxi karreran oztoporik ez topatzeko… Oro har, lan bikaina, eta kilometro andana, boluntario horien hanketan pilatuta.

Eguna atzean utzi eta gaua hasia zela sumatu zen. Horrekin batera, euria gogotik. Baina hori ere ez zen oztopo izan. Jendearen parte hartzea itzela izan zen. Lekukoaren zain jende mordo bat ikusi eta hori gainditzerik ez zegoela pentsatzen zuenak hurrengo kilometroa ikusi baino ez zuen egin behar. Gauari eta eguraldiari jendeak eman zion argia eta berotasuna. Metafora ematen ahal du, eta horretatik baduen arren, errealitatea ere bada.

Bengala asko ikusteko aukera izan genuen: Indar Gorri taldekoek 80ko hamarkada ekarri ziguten gogora, Iruñeko Peñen Federazioak argiz eta soinuz uxatu zituen doloreak, eta Zizurren, Barañainerako bidea markatu ziguten.

Alde Zaharrean ikusi ahal izan genuena ikaragarria izan zen. Eta, horrez gain, Iturrama, Donibane, Berriozar, Buztintxuri… Auzoetako eta herrietako jendea kalean, euskara ahoan zutela.

Euskararen egoera iraultzeko beharra dagoela agerian utzi zuen jendeak egun horietan, eta normalizazioaren bidean urratsak korrika egin behar direla adierazi zuen.

Iragan asteazkenean, Vianatik sartu zen berriz Korrika Erresuma Zaharrean. Eta, larunbatera bitartean, orain arte bisitatu ez dituen eskualdeak zeharkatuko ditu. Soroak, gazteluak, lakuak, mendiak… Zenbat gauza ikusteko eta zenbat bizipen izateko. Bigarren sartu-irten hori, gainera, gobernuarentzat euskalduna ez den eremutik egin zuen lasterketak. Ea Korrika pasa ondoren ere gauza bera erraten ausartzen diren gure agintariak. Izan ere, iragan ostiralean bizi izandakoaren errepikapena izaten ari dira egun hauek ere: euskahaldunak korrika egiten, euskahaldunak euskara aldarrikatzen, euskahaldunak euskaraz bizi nahi dutela ozen erraten.

Orain arte aukerarik izan ez duenak korrika egiteko abagunea izanen du. 29an Bilbon elkar ikusteko aukera izanen dugu. Bertan, lekukoan sekretupean joan den mezua entzun ahal izanen dugu. Euskal Herria Korrikan. Euskahaldunak egoera iraultzeko irrikan.

Duintasuna legearen bazterrean »

Margarita, 72 urteko tafallarra. Nafarroako Gobernuak ukatu egin dio Gizarteratze Errenta, dagoeneko 300 euroko alargun pentsioa jasotzen duelako. Bi urte daramatza haren alaba Edurneren 65 metro koadroko etxean bizitzen, ezin diolako alokairuari aurre egin. Ahmed, 33 urteko senegaldarra. Egunotan Iruñeko aterpetxe publikoan bizi da, baina gehienezko egonaldia betetzean, kale gorrian gelditu beharko du. Ez du errentarik jasotzen, paperik ez duelako. Mikel eta Aitziber, 35 eta 33 urteko iruindarrak. Bi seme dituzte, Oinatz eta Inhar. Aspaldi amaitu zitzaien langabezia saria, eta gobernuak ematen dien oinarrizko errenta ez da 900 eurora iristen. Duela hilabete hasi ziren Elikagaien Bankura jotzen, laguntza eske. - Jarraitu irakurtzen...

“Kilometro bakoitza ezberdina da, baina denak dira hunkigarriak” »

Hirugarren aldiz joanen da Irati Seijo (Lekeitio, Bizkaia, 1992) Korrikaren furgonetan, lasterketa gidatzen. Dioenez, txikitatik izan duen “ametsa” betetzen ari da horri esker.Nola hasi zinen honetan?Aita hasierako Korriketatik ibili izan da furgoneta…

“Ikastolen izaera kooperatiboa defendituko dut beti” »

Oin bat Lizarran, bestea Iruñean. Halaxe dabil Josu Reparaz egunotan (Arbizu, 1965), galtzak bete lan. Iragan astean hautatu zuten Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari, baina ikasturtea amaitu arte, jardunean izanen da azken 16 urteotan zuzendu duen Lizarra ikastolan ere.

Ikastola bat zuzendu duzu orain arte. Hemendik aurrera, 15 ikastola koordinatzen dituen erakundea kudeatuko duzu. Prest ikusten duzu zeure burua?

Erabakia hartzea ez zitzaidan batere erraza egin, Lizarra ikastolan oso gustura nagoelako; baina behin erabakia hartuta eta ikastola guztien babesa izanda, kargu berri hau arduraz, baikortasunez eta ilusioz hartuko dut. Nire bizitza profesionalean erronka berri bat da. Lankideen profesionaltasunak eta parte hartzeak indar handia ematen didate. Dena den, iraila bitarteko hilabete hauek eromena izango dira.

Alde handia dago Lizarran zenuen karguaren eta oraingoaren artean?

Bigarren mailako kooperatiba da NIE; beraz, ikastola bakoitzaren autokudeaketa oinarrizko kontua da. Nire ahalegina lidergo predagogikoa, administrazioaren eraginkortasuna, lantaldeen kohesioa eta ikastolen modernizazioa bultzatzea izango da.

Nola baloratuko zenuke zure aurrekoaren, Pello Mariñelarenaren ibilbidea?

Urte hauetan, ikastolek hobekuntza garrantzitsuak izan dituzte, horietako asko NIEtik bultzatu diren proiektuei eta lortu diren diru laguntzei esker. Horretan, Pellok zerikusi handia izan du. Ikastolak handitu egin dira, eta kokatuta dauden gizarteetan erreferente bilakatu dira alderdi pedagogiko, linguistiko eta sozialean.

Zeintzuk izanen dira zure erronka nagusiak hemendik aurrera?

Batetik, harreman instituzionaletara hurbilduko nau nire jardun berriak; baina, oro har, ikastolen gardentasunaren eta koordinazioaren hobekuntza izanen da nire xede nagusia. Ikastolak bizitzarako eskolak izan daitezen ahaleginean jardungo dut, horrek esan nahi duen berrikuntza pedagogiko eta metodologikoarekin. Irakaskuntza euskaldun eleanizkuna bermatzen duen proiektuan sakontzen segitzeko ahaleginak ere toki garrantzitsua izango du; euskararen erabilera eskola eremutik harago zabaltzeko konpromisoarekin. Azkenik, NIEtik bultzatuko ditudan proiektuek ikasleak izango ditu ardatz, eta horien bakarkako pentsamendua eta zentzu kritikoa garatzea.

Otsailean, Euskararen Legearen erreforma onartu zen Parlamentuan. Zer deritzozu?

Erreforma honek biztanleen eskubideen berdintasuna bermatzen duen heinean, egokia da. Aldaketa positiboa da hezkuntza sistemarentzat, eta, bereziki, euskarazko irakaskuntzarentzat. Euskararen normalizazio prozesuan urrats bat gehiago da, baina oraindik urrats asko falta dira, eremu ez-euskalduneko ikasleek ere euskaraz bizi ahal izateko eskubidea bermatua izan dezaten. Ikastolak izango dira eremu horretan murgiltze linguistikoa eskaintzen segituko duten ikastetxe bakarrak eta hori oso faktore garrantzitsua da benetako euskalduntzea lortu nahi badugu.

UPNk lege erreformaren kontra erabili izan dituen argudioetako bat da “eremu ez-euskalduneko ikastolei” kalte eginen diela. Ados al zaude horrekin?

Ez dut uste ikastolek jasan dezaketen balizko kaltea denik UPNren benetako arrazoia lege aldaketaren kontra egiteko. Ez dakigu erreformak zer-nolako eragina izango duen matrikulazioan, dakiguna da eremu erdalduneko ikastolek 44 urte daramatzatela euskarazko eta kalitatezko irakaskuntza sustatzen, langileen lanari eta familia askoren ahaleginari esker. Ez dira urte asko pasatu ikastola hauek itunpeko izan zirenetik, baina horrek ez du arindu hauen zorra. Ikastolak aitzindari izan dira euskararen hezkuntza eleanizkunetan, metodologia berritzaileen ezarpenean eta gurasoen partaidetza zuzenean. Ez dut uste Euskararen Legea aldatzeak hori guztia bertan behera utziko duenik.

Beste arazo eta polemika batzuei ere aurre egin beharko diezu. Besteak beste, LOMCE legea, edota UPNk euskarazko testuliburuen kontra abiaturiko sorgin ehiza. Zer egin dezake NIEk halako esku-sartzeen aurrean?

Ez naiz nekatuko gure hezkuntza sistema propioa aldarrikatzen, jakinda oso emaitza onak eman dituela. Ikastetxe pribatu eta publikoen arteko eztabaida antzu horretan, ikastolen izaera kooperatiboa defendatuko dut, Ikastolak herritik jaio direlako eta herriarentzat egiten dutelako lan, auzolanaren balio erantsiarekin. Historikoki, ikastolek sortu dituzten testuliburuek eta bestelako baliabideek Europako hainbat aintzatespen eta sari jaso arren, debekatuak izan dira hemen; baina guk material propioen diseinuari eutsiko diogu. LOMCEren ezarpenari dagokionez, berriz, aldaketarik gogorrenetako bat ezar litezkeen kanpoko probak eta amaiera azterketak dira. Legeak dioenaren arabera ezartzen badira, eman beharreko edukiak eta metodologia baldintzatuko dituztelako.

Aurtengo Nafarroa Oinez lehenbizikoa izanen da zuretzat, NIEko zuzendari gisa. Nola daramazue prestaketa lana?

Oraindik ez naiz Nafarroa Oinez-en antolaketa orokorrean murgildu. Azken urte hauetan bezala, Artea Oinez erakusketaren antolaketan ari naiz, eta esan dezaket erakusketa bikaina izango dela aurtengoa. Baztan: barrutik eta kanpora izenburupean, euskal artearen tradizioa eta modernitatea uztartuko ditu. Bestalde, Erronka —euskara ardatz hartuta, gazteei aisialdi osasuntsua eskaintzeko eta partaidetza aktiboa sustatzeko egitasmoa— indarra hartzen ari da, iazko eskarmentuaren ondoren. Oinez Basoa ere indartsu dago Baztanen, haraneko biztanle bakoitzeko zuhaitz bat landatzeko asmoa baitugu. 8.000 zuhaitz landatuko dira guztira.

Sona, boleroa eta guajiroa, Zentralen

Sona, boleroa eta guajiroa, Zentralen »

Kubatik Euskal Herrira etorri, eta kontzertu sorta bat egiten dabil egunotan Ray Fernandez musikagilea. Iruñean egingo du azkeneko emanaldia, igandean. Karibeko son, bolero eta guajiro doinuen bitartez, amodioari eta desamodioari kantatuko dio Fernandezek. Baina hitz umoretsuz apaindutako kronika soziala ere izango da Tres tanguistas y un perro izeneko emanaldian. 22:00etan arituko da, Zentral aretoan. Sarrera sei euroan eros daiteke. Paris 365 jantokia diruz laguntzeko bideratuko dute dirua.

“Herriak ematen digun hori itzultzeko modua da Korrika kulturala” »

Badira hainbat urte Korrikaren inguruan kultur jarduerak antolatzen dituela AEK-k, lasterketaren aurreko hilabeteetan. Aurten ere izan da Korrika Kulturala, eta, besteak beste, Erkuden Aristu (Iruñea, 1978 ) izan da antolakuntzan lanean.

Zein da Korrika Kulturalaren helburua?

AEKri egokia iruditu zitzaion herriak bere parte hartzearen bitartez ematen duen horretatik jasotzen dena nolabait itzultzea. Herriak ematen duen hori itzultzeko modua da Korrika Kulturala. Euskal kultura sustatzea da xedea, hainbat arlotako sorkuntza lanak jendaurrean aurkeztuz.

Zer ekintza antolatu dituzue?

Iruñerrian, hauek izan ditugu: Burlatan Fausto antzezlana aurkeztu genuen. Iruñean, Zentral Kafe Antzokian, Gosariak ikuskizuna, eta Nafarroako Antzerki Eskolan Bertsolaritzaren sekretuak saioa plazaratu genuen. Bertso bira ere egin dugu bertso eskoletako kideekin batera.

Zer moduko harrera izan duzue?

Denetarikoa. Bertsolaritzaren sekretuak eta Gosariak saioek harrera ona izan dute. Bestalde, auzo eta herrietako Korrika batzordeek ere antolatu dituzte gauzak, bertso afariak edo bakarrizketak, kasurako. Horretaz gain, Irrintzi euskaltegian formatu txikiko saio bat egin genuen, kristoren arrakasta izan zuena: ikasleak norabait joan beharrean sortzaileak joan ziren euskaltegira. Hamar minutuko bakarrizketa bat, ipuin kontalari bat eta mago bat izan genituen, eta ikasleak txandaka pasatu ziren euren aurretik.

Biluztasuna publikoaren alde »

Abel Azkonak, artista nafarrak, hezkuntza publikoarekiko konpromiso pertsonala argi utzi zuen joan den martxoaren 3an Iruñeko karriketan egindako performanceren bitartez.

- Jarraitu irakurtzen...