Hondartzarik ez Iruñean »

Maia, hondartza nahi dugu eskatzen zuten Iruñeko Euskal Jai gaztetxearen okupazioaren XX. urtemugako jaiaren kartelek. Hondartzarik ez, eta Aquavoxeko igerilekuarekin konformatu behar izan zuten gaztetxearen aldeko lagunek. Lekua, hala ere, ezin hobea zen. Euskal Jai zegoen tokian eraiki baitzuten Aquavox. Ehun pertsona inguru sartu ziren erakinean, eta 50 batek bainu azkar bat hartu zuten. Poliziak ez zuen inor identifikatu orduan. Baina ekainaren 3an hiru pertsona atxilotu zituen Espainiako Poliziak, horietako bi herri hedabideetako kazetariak. Bi delitu egozten dizkiete: pertsona juridikoaren jabetza bortxatzea eta kalteak eragitea.

“Aquavoxekoa desobedientzia zibileko ekintza sinbolikoa izan zen”, esan du Borok. Lahaine.org webguneko erredakzio taldeko kidea da, eta ez du bere benetako izena eman nahi. “Ni egunaren berri ematen ari nintzen. Sakelakoarekin grabatu nuen Aquavoxeko ekintza. Hamar bat minutu izan ziren, eta ez zen inolako istilurik egon”. Ez da Boro atxilotzen duten lehen aldia. Martxoaren 29an, Jaque al rey (Xake erregeari) mobilizazioa egin zuten Madrilen. Bertan, poliziak kazetariei oldartu zitzaizkien, eta Boro atxilotu zuten. Haren aburuz, “beste diskurtso bat” lantzen duten hedabideen aurkako errepresioak gora egin du azken urteetan. “Gero eta eraso gehiago jasan dituzte herri hedabideetako kazetariek. Aste Santuko prozesio ateoa Ahotsa.info-rako grabatu zuen pertsona inputatu dute, esaterako”.

Bororekin batera, Alde Zaharreko aldizkari baterako eta Ekinklik-erako lan egiten duen kazetaria ere atxilotu zuten ekainaren 3an. Hark ere ez du izena eman nahi. “Jendea igerilekuko uretan murgiltzera sartu zen, bertan Euskal Jai zegoelako”, esan du kazetariak. Uste du ez zela inolako arazorik izan. “Igerilekura igo nintzenean, hainbat pertsona ikusi nituen bainatzeko txanoarekin eta harridura aurpegiarekin. Zur eta lur zeuden, baina besterik ez”. Langileekin ere ez zen istilurik izan. “Harrerako langilea hasieran larritu zen, baina zer gertatzen ari zen azaldu eta lasaitzeko eskatu zioten. Igerilekuko soroslea, ordea, bere onetik aterata zebilen”. Duela bi urte atxilotu zuten Ekinklik-eko kolaboratzailea, greba baten harira, baina epaileak kasua artxibatu zuen, froga faltagatik. “Gobernu ordezkaritzak esan du atxilotuetako batek aurrekariak dituela, baina ez dute esan nire kasua artxibatu zela. Ezta kazetari lanetan nenbilera ere. Dena oso mediatikoa eta faxista da”.

Egunean bertan Poliziak ez zuen inor identifikatu. “Traba egiten dietelako atxilotu dituzte kazetariak”, esan du June Donemiliaga bi atxilotuen abokatuak. Haren ustez, ez da beharrezkoa pertsona horiek atxilotzea. “Badirudi auziren batean sartzen badute norbait, atxilotu, komisarian ordu batzuetan eduki eta gero epailearen aurrean deklaratu gabe askatu behar dutela. Hori auzitara joateko dei batekin egin daiteke”. Donemiliagaren ustez, bi pertsona horiek ez dituzte atxilotu eguneko informazioa biltzeagatik.”Herri mugimenduetako hedabideetan lanean ari zirelako atxilotu dituzte”. Atxilotu eta bi egunera, epaitegira joan zen Donemiliaga. Iruñeko 5. instrukzio epaitegiak darama kasua. “Informazio bila joan nintzen, eta bertako langile batek esan zidan ez zegoela txostenik”.

Maiatzaren 10ean, desobedientziaren bitartez Euskal Jai gogoratu zuten, ez baitzuten baimenik eskatu eguneko ekitaldietarako. Hala eta guztiz ere, herri mugimenduetako kazetarien aurka jo dute, eta haien lana kriminalizatu. Oraingoz, ez da hondartzarik izango Iruñean.

“Arduragabekeria” da, Barkosen irudiko, Esa handitzeko lanetan segitzea »

IRUÑEA. Uxue Barkosek, Geroa Bai alderdiak Espainiako Kongresuan duen ordezkariak, gogor kritikatu ditu Esako urtegia handitzeko lanak. Isabel Garcia Tejerina Espainiako Ingurumen ministroari ohartarazi dio “arduragabekeria” dela lanekin aurrera segitzea. Barkosek azaldu du lur mugimenduak ezin izan direla gelditu. Carlos Salvador UPNko parlamentariak, berriz, “segurtasun” handiagoa eskatu du.

Haur eskoletako diru laguntzen %100 ordaintzeko eskatu dute hogei udalek »

IRUÑEA. Hogei udaletako ordezkariek idatzi bat erregistratu dute Nafarroako Gobernuak 2014ko aurrekontuetan haur eskolentzat aurreikusitako diruaren %100 ordain dezala eskatzeko. Oraingoz, Hezkuntza Departamenduak %70 besterik ez du ordaindu. Udalek ohartarazi dutenez, departamenduak zor duena haiek jartzeko modurik ez dute. Beraz, haur eskola asko “kolokan” daudela azaldu dute.

Tuterako Dialisi Unitateak ezin diola eskariari aurre egin salatu dute »

TUTERA. Egun, Erriberako 48 gaixok dute dialisia egin beharra giltzurrunetan dituzten arazoak direla eta. Tuterako Sofia Erregina da gaixo horiei egokitzen zaien erietxea, baina ospitale hori soilik 44 gaixo artatzeko dago prestatuta, eta, horren ondorioz, lau gaixok Iruñera joan behar izaten dute astean hirutan. Halaxe salatu du Acer-ek, Giltzurrunetako Gaixotasunen Aurkako Elkarteak.

4.250 »

IRUÑEKO HIZKUNTZA ESKOLAK ESKAINIKO DITUEN PLAZAK

Dagoeneko Iruñeko Hizkuntza Eskola hasia da heldu den ikasturtea prestatzen. Orotara, 4.250 lagunek ikasi ahal izango dute ingelesa, frantsesa, euskara eta italiera. Aurrematrikulazioa ekainaren 26an eta irailaren 16 edo 24an soilik egin ahal izango da.

Erabakitzeko eskubidea lortzeko mugimendua zabaldu nahi dute »

Euskal Herrian 150.000 pertsona baino gehiago batu ziren igandean erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katean. Nafarroan 46 kilometro bete zituen kateak, eta nafarrek horietako hamasei betetzeko helburua zuten. Datu zehatzak argitaratuko ez badituzte ere, antolakuntzak oso balorazio ona egin du, nahiz eta hasieran zailtasunak izan egitasmoa martxan jartzeko. Giza katea eginda, aurrera begiratzeko garaia da. “Gure Esku Dago sortu zenean, iraungitze datarekin sortu zen. Egun hori giza katearen eguna zen, ekainaren 8a. Hemendik aurrera zer egin, katean parte hartu genuenen artean erabaki beharko dugu. Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu oraindik zabalagoa sortzeko”, azaldu du Txetxu Ezkurrak, Gure Esku Dago Nafarroako koordinazioko kideak.

Iazko ekainean jarri zuten martxan Gure Esku Dago egitasmoa. Nafarroan, otsailean sortu zuten koordinazio taldea, gainontzeko herrialdeetan baino geroago. “Egitasmoa martxan jarri zenean, bete beharreko kilometroak herri eta auzo batzuen artean banatu zituzten. Beraz, kilometroak auzo eta herrietako taldeak sortzen saiatu gara”.

Aurkezpen orokorraren ostean, tokian tokiko aurkezpenak egin zituzten Nafarroan. “Aurkezpenak egiten genituen, eta, bertaratzen zen jendearen arabera, lan taldeak sortu ziren”, azaldu du Ezkurrak. Nafarroan errealitate ezberdinak daude. Hori dela eta, eskualde batzuetan besteetan baino gehiago kosta izan zaie kilometroak betetzea. “Azken kilometroa Arrosadia, Azpilagaña eta Alde Zaharraren auzokideen artean bete zuten. Auzo horietan aurkezpenak egin ziren, eta Gure Esku Dago taldeak sortu zituzten. Martxa ona hartu zuten”, dio Ezkurrak. Baina beste eskualde batzuetan, ez da horren azkarra izan prozesua. “Ni 113. kilometroaren arduraduna izan naiz. Orbaibar, Izarbeibar, Tafallalde eta Zangozaldeko herriek bete behar zutena. Pentsa zenbat herri dauden. Bertan, ahoz aho lagun eta ezagunen artean hitz eginez funtzionatu du”.

Egunean kilometroak aise bete bazituzten ere, hirian eta herrietan zegoen batez besteko kopurua oso ezberdina zen. “Arazo soziologikoa da hori; beti dena azken momenturako uzteko ohitura dugu. Jende asko egunean bertan joan zen giza katera. Horregatik hiriko hainbat tokitan jendea pilatu zen, eta herrietara aurretik izena emanda zeudenak joan ziren”.

Mugimendua zabalduz

Ekainaren 8an giza katea egitea lortu zuten. Dinamikaren aurkezpenean mugarri gisa definitu zuten egun hori. “Giza katea egin dugu, baina orain mugimendu zabala egituratu behar da”, azaldu du Ezkurrak. Udazkenean, Gure Esku Dago dinamika aurrera eraman duten taldeak lanean hasiko dira erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu berri bat sortzeko. Giza katearekin erabakitzeko eskubidearen alde daudenak sarean lotu nahi izan dituzte. “Giza katean parte hartu zuen mundu guztia inplikatzea lortu behar dugu. Erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubidea da. Horregatik, gizarteko sektore guztietara heldu behar dugu. Orain arte egindako lanaren bikoitza egin beharko dugu aurrerantzean”.

Nafarroako Autismoaren Elkarteak boluntarioak behar ditu udarako »

IRUÑEA. Hilaren 24an hasiko da Nafarroako Autismoaren Elkarteak antolatzen duen Udako Eskolaren hirugarren aldia. Orotara, urtebete eta 16 urte artean dituzten hirurogei haurrek hartuko dute parte. Amaia Ariz elkarteko presidenteak jakinarazi duenez, 40 edo 60 bat boluntario behar dituzte proiektua gauzatu ahal izateko. Udako eskola abuztuaren 30a bitarte izango da martxan.

Gizarte alokairurako etxebizitza parke publikoa sortzeko eskatu dute »

Iruñea “Lotsagarria da salatu ditugun gizarte dramak existitzea Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren artean, 200 etxebizitza hutsik dituztelarik”, salatu du Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformako kideek. Horrela, gogoratu dute gobernuak konpromisoa hartu zuela gizarte alokairurako etxebizitza parke publikoa sortzeko. Mozioak bidali dituzte parlamentura eta hainbat udaletara.

Iribasek ez du argitu haur eskoletako diru laguntza osoa emango duen »

Iruñea Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak agindu du gobernuak berrikusiko duela haur eskolak arautzen dituen dekretu forala. Asteazkenean bildu ziren Iribas eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, eta kontseilariak ez zuen argitu haur eskoletako diru laguntza osoa emango duten aurten. Hezkuntza Departamentuak agindutako diru laguntzaren %70 baino ez die eman haur eskolei oraingoz.

PPNko zinegotzi batek dimisioa eman du, alkohol proba batean positibo emanda »

Tutera Veronica Gormendio Tuterako PPNko zinegotziak dimisioa eman du, alkohol proba batean positibo eman eta gero. Hezkuntza, Gazteria eta Gizarte Etxeetako ziengotzia da, eta ohar baten bidez “barkamena” eskatu die herritarrei, “arduragabe” jokatu i…