Hazi eta hazi, lehertu arte

Hazi eta hazi, lehertu arte

Edurne Elizondo

Haztea da kapitalismoaren premisa nagusia. Hori du ardatz eta xede. Eta, horregatik, hain zuzen ere, kolapsoa da haren patua. Hazi eta hazi, lehertu arte. Horixe nabarmendu du Antonio Aretxabalak Iruñean, eta, horregatik, argi utzi du, CNT sindikatuak antolatutako hitzaldian, kapitalismoa ezin dela izan egungo krisiaren konponbide. "Gizartearen erabateko aldaketa behar dugu; hori egiteko aukera gure esku dago. Elkarri laguntzea funtsezkoa izanen da aurrerantzean".

Geologoa da ofizioz Aretxabala. Nafarroako Unibertsitateko irakasle izan da 25 urtez; Esako urtegia handitzeko lanen aurka egiteagatik bota zuten arte. Erregai fosilen auzia ongi ezagutzen du. Azkenaldian, haustura hidraulikoaren kontura aritu da teknika horren aurkako taldeen aholkulari; bertzeak bertze, Kantabrian (Espainia), sorterrian.

Haustura hidraulikoaren auzia petrolioaren krisiarekin lotu du Aretxabalak. Izan ere, 2010-2011 urteetan "arazo guztiak konponduko zituen teknika" balitz bezala "saltzen" zuten, geologoak nabarmendu duenez. "Errealitatea bertzelakoa da", erran du, argi eta garbi. Gakoa da energia anitz gastatzen dela haustura hidraulikoaren bitartez erregaiak lortzeko. "Porrot nabarmena da fracking-arena; teknika horri lotutako enpresek porrot egin dute. Nafarroan, lortutakoa baino energia gehiago gastatu izanen genuke".

Erregai fosilen abantaila nagusia horixe izan da, hain zuzen ere. "Gastatutako energia unitate bakoitzeko ehun eman dizkigute", nabarmendu du Aretxabalak. "Produkzio kosturik ez da", erantsi du, "planetan milioika urtez lurperatuta egon den eguzkiaren energia fosilizatua" baita erregai horien oinarri. Baina ez dira betiko. Badute muga. "Iturri onenak agortu ditugu; eta gelditzen direnak gero eta zailagoak dira lortzeko". OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak 2010. urtean erran zuena ekarri du Aretxabalak gogora: petrolioaren produkzioak 2006. urtean jo zuela goia, alegia. Maldan behera da jada.

Konponbidea, edonola ere, ez dago gelditzen den hori lurretik ateratzeko balizko bideetan, Aretxabalaren hitzetan. Eta konponbidea ez da hazten jarraitu nahi izatea, "inondik inora". "Bide horrek kolapsoa du amaieran", berretsi du. Ez litzateke lehendabizikoa izanen, geologoak gogoratu duenez: "26 adibide utzi dizkigu historiak; horietako guztietako protagonistek bazuten nora jo, ordea; bazuten mugitzeko bertze toki bat. Orain, denok batera kolapsatzeko aukera dago mahai gainean". Ez dago bertze planetarik ihes egin ahal izateko.

Energia, benetako arazoa

"Hazten jarraitu nahi izateak ez du inolako zentzurik; are gehiago, ezinezkoa da!". Oinarrizko ideia horri eutsi dio Aretxabalak, oraindik ere anitzek bide horretatik aurrera egin nahi dutela salatzeko. "Nafarroako Gobernuak, bertzeak bertze, hazkundearen aldeko diskurtsoa du, eta Manu Aierdi da ideia horren defendatzaile sutsua".

Gaur egun, munduan kontsumitzen den energiaren %92 da erregai fosilena. Industrializazioak ekarri du energiaren kontsumoak gora egitea, eta, gaur egun, eskari horri erantzutea da arazo nagusietako bat. "Hazkundeak ekarri gaitu gaur egun dugun egoerara", azaldu du Aretxabalak. Francisco Gonzalez Paredes adituak errandako hitzak ekarri ditu geologoak gogora: "Hark erran zuen, argi eta garbi, egungo sistemaren krisian energiarena dela benetakoa arazoa". Bat egin du Aretxabalak, baina erran du arazo horri ez zaiola modu egokian heldu: "Energiaren faktura etengabe ari da gora egiten; marrak grafikoa gainditu du jada! Eta, hala eta guztiz ere, saltzen digute konponbidea hazten jarraitzea dela; konponbidea dela Esa, Itoitz edo Nafarroako ubide gehiago eraikitzea".

Petrolioaren aroaren gainbeherak "hainbat jokaleku" jartzen ditu mahai gainean, Aretxabalaren hitzetan, eta, horien aurrean, "erabakiak hartzeko ordua" da. Batetik, teknokapitalismoaren hautua hazten jarraitzea dela azaldu du geologoak; bigarren jokalekuak nolabaiteko egonkortasun teknoberdea eskaintzen du; hirugarrenak, berriz, kolapsora darama egungo gizartea. Laugarrenak trantsizioaren aukera proposatuko luke, desazkundearen eta aldaketa sozialaren bitartez.

Aldaketa sozial horrek ezinbertzean ekarri beharko du elkarri laguntzea, Aretxabalaren ustez. "Kapitalismoak indibidualismoa ekarri du, baina gizakiak erakutsi du baduela elkarlanerako gaitasuna", nabarmendu du.

Aldaketa sozial horrek, halaber, landa eremuetara itzultzea ekarriko duela uste du Aretxabalak. Gaur egun, hain zuzen ere, energiaren kontsumoan zuzenean eragiten duten arazo nagusietako bat da herritar gehienak hirietan bizi direla. "2010. urtean gauza beldurgarri bat gertatu zen: urte horretan, munduko biztanleen erdiak baino gehiago hirietan bizi ziren. Ikaragarria da", erran du geologoak.

Gutxiagorekin bizitzen ikasi bertze erremediorik ez dugula argi du Antonio Aretxabalak. Bide hori dela aurrean dugun bakarra. "Bide hori hartzera eramaten gaitu, ezinbertzean, geologiak. Gutxiagorekin hobeki bizitzeko aukera, finean, ez da hautu bat, inposizio geologiko bat baizik. Ez dago bertzerik".

Aretxabalak diziplina anitzeko elkarrizketaren alde egin du, halaber. Uste du "funtsezkoa" dela fisikari, soziologo, hirigile eta abarrekin hitz egitea, desazkundearen bideko gizarte horren alde urratsak egiteko. Politikariekin hitz egiteko beharra, ordea, ez du batere argi geologoak: "Ez dut uste haiekin hitz egin beharko genukeenik; azken finean, ez du deustarako balio", onartu du.

Erresilientzia aipatu du Aretxabalak. Eusteko ordua dela nabarmentzeko. Elkarri laguntzekoa, eta elkarri lagunduz gizarte berri bat eraikitzekoa. Ez baitago bertze planetarik ihes egiteko. "Aldatzeko ordua da, lehertu baino lehen".

Iritzia: Keinuak

Lur Albizu Etxetxipia
Askotan keinuek baizik ez gaituzte definitzen. Ez haiek bakarrik, baina borobiltzen gaituzte, osoago egiten. Benetakoago. Bizitza azkarraren garaiotan, erritmo neurtu, pauso motz, bizkor, luzeetan, markatutako bidetik ateratzeak b...

“Hizkuntza eskubideak onartu bai, baina ez dituzte bermatu”

“Hizkuntza eskubideak onartu bai, baina ez dituzte bermatu”

Edurne Elizondo

Errege Magoen gaua da gaurkoa. Arrotxapeko osasun etxera, halere, Olentzerok egin zuen bisita, joan den astean: ikatza eraman zuen, mediku eta pediatra euskaldunik gabe jarraitzen dutelako. 2018an ere hori lortzeko lanean segitzeko konpromisoa berretsi du Osasun Etxeak eta Biok Euskaraz herri egitasmoko kide Nestor Estebanek (Iruñea, 1977).

Ikatza, zer salatzeko?

Urte osoan gertatu dena agerian uzteko. 2016ko apirilean jarri ginen martxan. Hainbat auzokide hasi ginen pediatra eta mediku aldaketa eskatzen, euskaldunak nahi genituelako.

Zer erantzun jaso zenuten hasiera hartan?

Orduan, osasun etxeko zuzendariak esan zigun ez zutela betebeharrik pediatra eta mediku euskalduna izateko; gobernuari edo Nafarroako Parlamentuari zegokiela beharrezko lege aldaketak egitea. Horixe esan zigun. Guk ez genuen etsi, eta gero eta jende gehiagok egin zuen bat plataformarekin, eta beste urrats bat egitea erabaki genuen.

Gobernuko arduradunengana jo zenuten orduan?

Bilera bat eskatu genien, 2016ko uda baino lehen. Uda pasatu zen, eta erantzunik gabe jarraitzen genuen. Erabaki genuen gobernua babesten duten taldeengana jotzea bilera eskatzera. Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ez gintuzten hartu. Ez dugu haien erantzunik jaso ere. EH Bildurena bai, baina azken unean, zabaltzen hasi ginenean ez genuela erantzunik jasotzen. Azkenean, 2016ko azaroan, osasun etxea okupatzea erabaki genuen. Hainbat pertsona sartu ginen, eta, orduan, bai, Luis Gabilondo zuzendari nagusia etorri zen guregana. Bat-bateko bilera egin genuen han, eta esan zigun beste bilera bat egin ahal izanen genuela gobernuarekin.

Eta egin zenuten?

Bai, 2016 bukaeran. Fernando Dominguez osasun kontseilaria izan zen, bai eta Euskarabideko arduradun Mikel Arregi ere, besteak beste. Azaldu ziguten zailtasunak zituztela gure eskubideak bermatzeko. Onartu zuten baditugula hizkuntza eskubideak, noski, baina ezin zituztela bermatu. Euskararen legea jo zuten arazo nagusitzat. Jada onartu duten dekretua prestatzen ari ziren orduan. Aldaketak ekarriko zituela esan ziguten, baina ez zutela aurreikusten pediatra eta mediku euskaldunik izatea Arrotxapeko osasun etxean.

Zuen eskaerari eutsi zenioten, halere.

Bai. Hamaika ekinaldi egin ditugu: sinadurak bildu ditugu, giza katea egin dugu... Iruñeko Udalera ere eraman genuen gaia, eskumena harena ez dela jakin arren. Mozio bat aurkeztu genuen, udalaren jarrera ezagutzeko. Ez zuen aurrera egin. EH Bilduk eta Aranzadik egin zuten alde; Geroa Baik abstentzioaren bidetik jo zuen, eta gainerakoek kontra egin zuten.

Herritarren babesa jaso duzue?

Bai. Auzokideak eta eragileak alde izan ditugu. Iazko ekainean gure aldeko 1.500 sinadura baino gehiago aurkeztu genizkion gobernuari.

Eragin dute aldaketarik?

Ez. Udan, gainera, jakin genuen gobernuak mediku berri bat eta pediatra berri bat kontratatu behar zituela. Gobernuak aukera ezin hobea zuen gure eskaerari erantzuteko, baina ez du halakorik egin.

Langile berriak ez dira euskaldunak?

Kontratu horien berri jaso genuenean, beste bilera bat eskatu genion gobernuari, haien ahotik jakin nahi genuelako ea egia ote zen. Esan ziguten baietz, kontratatuko zituztela, baina ez zirela euskaldunak izanen.

Onartutako dekretuak, beraz, ez du deus aldatu Arrotxapeko osasun etxean?

Ez. Legeak onartzen du badugula eskubidea administrazioarekin euskaraz aritzeko, baina jasotzen du, halaber, administrazioa ez dagoela behartuta gurekin euskaraz aritzera. Ez du deustarako balio. Eskubidea aitortu du, baina ez du bermatzen.

Baina legeak ez du eskubidea bermatzeko bidea ixten, ezta?

Ez. Orain, onartu duten dekretuarekin, ustez aldaketak izanen dira administrazioko langileen hizkuntza profiletan. Orain dela gutxi onartu dute. Azken bilera Osasunbideko eta Euskarabideko kideekin egin genuen, eta esan ziguten, dekretua onartuta, urtebete zutela sailez sail diagnostiko bat egiteko, eta profil euskaldunak non jarri erabakitzeko.

Denbora kontra duzue?

Dekretua onartu dute, baina urtebete behar dute indarrean jartzeko. Bitartean eginen dituzten oposizio guztietan orain arteko irizpideekin jarraituko dute. Gure osasun etxean aukera paregabea galdu dugu, mediku bat eta pediatra bat kontratatu baina ez dituztelako euskaldunak hautatu.

Martxan jarraitzen du zuen plataformak. Zenbat jendek egin du bat?

Eragile askoren babesa dugu, baina egitasmoan antolatuta, berez, 50 pertsona inguru ari gara lanean. Hainbatek mediku euskalduna eskatu dute; beste askok, pediatra; eta mediku eta pediatra euskalduna nahi dituzte beste askok ere. Adin ezberdinetako pertsonak egin dugu bat. Azaroan manifestazioa egin genuen, eta aurrerantzean ere lanean jarraitzeko asmoa dugu. Gure auzoan jende anitz bizi da, eta esanen nuke euskaldun gehien duena ere badela.

Auzotik kanpo eragiteko beharra ikusten duzue?

Bai. Hizkuntza eskubideak bermatu behar dira. Lege aldaketa behar da horretarako. Bitartean, pareta baten kontra ari gara. Baina lanean jarraituko dugu.

Maria Solana: “Urte mugitua dator, baina bada aukera legealdia biribiltzeko”

Maria Solana: “Urte mugitua dator, baina bada aukera legealdia biribiltzeko”

Edurne Elizondo

Hezkuntzako zerrenda bakarraren alde egindako apustuak tentsioa eragin du laukoan, eta oposizioaren kritiken jomugan jarri du Nafarroako Gobernua. PSNk parlamentura eraman zuen atzo gaia. Parlamentuko osoko bileraren aurretik egindako elkarrizketan mintzatu da Maria Solana bozeramaile eta Hezkuntza kontseilaria auzi horretaz (Iruñea, 1975), bai eta Nafarroako hautsak harrotu dituzten bertze hainbati buruz ere.

Kazetari, parlamentari, Nafarroako Gobernuko bozeramaile, eta, orain, Hezkuntza kontseilari. Zer irakatsi dizu prozesu horrek politikari buruz?

Askotan damutu egiten naiz politikaren esparruan sartzeko urratsa egin izanaz, baina, aldi berean, argi dut egin beharra nuela; nahiago dut nik egin beste batek baino, aukera badut. Denok kexatzen gara asko, baina ardura gure esku dagoenean, erronkari eutsi behar zaio. Ikasi dut, halaber, politika konplikatua dela, baina pertsonekin egiten dela, eta pertsonek ditugun konplikazioak gelditzen direla agerian. Harreman kontu bat da, azkenean, politika. Ez du aparteko zailtasunik. Harremanek dituzten zailtasunak dira politikan daudenak. Batetik, politikarien arteko harremana da kontua, eta, bestetik, politikarien eta gizartearen artekoa. Polita ere ari da izaten gauzak aurrera eramateko eta erabakiak hartzeko aukera izatea. Aldi berean, hori ere bada kudeaketaren alderdirik zailena. Beti ezin dituzu gauzak egin nahi bezala, baina norabidea markatzeko aukera badela uste dut, behintzat, eta horretan ari garela.

Politika harreman kontua dela erran duzu. Lau talde ari dira gobernua babesten. Zein puntutuan da aldaketa?

Uste dut ontzen ari dela; heltze prozesu batean sartuta dagoela. Horrek ekartzen du ikustea errealitatea zein den, eskura dituzun tresnak eta aukerak ongi ezagutzea eta erabakitzea. Erronka da heltzen jarraitzea, elkarrekin. Elkarri lagundu behar diogu bide horretan.

Gobernua heldu bilakatzeko bidean da, beraz. Eta oposizioa?

Oposizioa, lehen bezala, haurtzaroan. Guk ez genekien gobernuaren ardura izatea zer den; eta beste batzuk ez zekiten oposizioa egitea zer den. Guk urratsak egin ditugu. Oposizioak, berriz, erakutsi du ez dakiela oposizioa egiten, eta gobernatzeaz ere, uste baino gutxiago zekiela. Lehen eguneko diskurtsoari eutsi diote.

Hasieran izan zenuten hainbat gaitan oposizioaren atzetik joateko sentsazioa?

Hasieran, akaso, bai. Baina uste dut egoera hori, neurri handi batean, gainditu egin dugula. Zenbaitetan bada erantzuteko beharra. Gezur biribilak kontatzen, horretan bai, maixu dira oposizioan. Hasieran hori zen dinamika, eta oposizioak Hezkuntza departamentua, adibidez, dinamika horretan sartu zuen. Ondorioz, departamentuaren beraren jarduera blokeatuta zegoen, neurri batean. Orain uste dut departamentuak ekimena bere esku duela, eta gauzak egiten eta erabakiak hartzen ari dela.

Ez atzera ez aurrera egote horrek eragin zuen aldaketa eta zuk Hezkuntza departamentuaren ardura hartzea?

Bai. Hori onartu genuen; Jose Luis Mendozak berak onartu zuen. Oso gogorra izan zen oposizioaren jarrera, eta lortu zuen departamentuaren jarduera gelditzea, neurri batean. Aldaketetatik harago, uste dut behar zela denbora. Egin diren planek denbora behar dute. Hasieran, akaso, ematen zuen ez ginela deus egiten ari, baina erakutsi dugu ez zela egia. Orain fase aktiboago batean murgilduta gaude. Lanbide Heziketarako plana, aniztasuna atenditzeko plana eta hezikidetza plana, adibidez, hiru ardatz garrantzitsu dira, eta ari dira aurrera egiten nahi bezala.

Eta beste departamentuak?

Bide beretik goazela uste dut. Lanean ari gara. Gu ailegatu baino lehen gobernuak erabaki potoloak hartu izan ditu, baina inolako planik gabe; bideragarritasun planik gabe, adibidez. Horren adibide da Nafarroa Arena pabiloia. Orain arte ez zegoen plana egiten ari gara gu, itxita egoteagatik dirutza ari ginelako gastatzen.

Hainbat sektorek kritikatu dute egungo gobernua aurrekoaren bidetik ari dela, zenbait gaitan; Sustrai Erakuntza fundazioak salatu du hori, adibidez, AHTaren auzian. Zer deritzozu?

Ez da horrela, inondik ere. Beste gauza bat da gobernu honek bere ez egitea Sustrai Erakuntza fundazioaren planteamenduak. Nik dakidala Sustrai Erakuntza ez dago gobernuan. Noizbait heltzen bada, egingo du buruan duena. Orain duguna da laukoaren analisiaren ondorioz egindako akordioan prestatutako proposamen bat. Ez da UPNk defendatu izan duena. Ez da berdina.

Zuen proposamenaren arabera, AHTarena proiektu bideragarria da?

Egiten ditugun gauzetan funtsa ez da berreskuratzea egiten den inbertsioa. Bestelako zerbitzu batzuk garatzea da kontua.

Herritarrek behar duten zerbitzua da AHTarena, zuen ustez?

Gastatu behar denaren eta gizarteak jasoko duenaren arteko oreka bilatu behar dugu. Baina, akaso, ez dugu zenbakietan bilatu behar. Zer gerta daiteke egiten bada PPk nahi duen trena? Segur aski ezer gutxi, hogei urtean ez baitira gai izan ezer egiteko. Harritzekoa litzateke orain urte bakar batean egitea hogei urtean egin ez dutena. Guk kritikatu dugu Madrilgo gobernuak duen plana. Guk bestelako abiadura handiko tren bat defendatzen dugu. Horregatik egin dugu beste proposamen bat. Kontua da estatuak duela eskumena. Erabaki dezake egitea Nafarroako Gobernua bazter utzita. Hitzarmena egiten badugu, kontrolatzen ahal dugu gastua, denborak, bai eta zer-nolako lanak eginen diren eta nork eginen dituen ere. Eztabaidatzen ahal dugu, eta kalte gutxien eragiten duen proiektuaren alde egin, baina beti izan behar dugu argi helburua zein den. Eta laukoak izan du argi korridoreak sartu behar zuela Nafarroan, eta konektatu Europarekin, eta Mediterraneorantz atera Zaragozatik.

Horretan ados da laukoa?

Bai. Hala jasota dago. Baina baldintza jakin Batzuekin. Manu Aierdik ere nabarmendu du egindako proposamenak jasotzen dituela baldintza horiek. Hori da Madrilgo gobernuari bidali dioguna, baina Madrilek, oraingoz, ez dio kasurik egin. Bitartean, UPN ari da ministerioarekin negoziatzen ez dakigu zer, gobernuan zenean lortu ez zuena lortuko duela kontatzen. Hor dago gure eztabaida ere. Gobernuak egin zuen bere proposamena, laukoarekin hitz eginda. Laukoan ez zegoen adostasunik: bada hitzarmenik egin behar ez dela uste duenik; bada egin behar dela uste duenik ere. Ez da adostasuna. Eta gobernuak uste du esku hartu behar dela. Eskumena ez dugunez, kontrolatzen ahal duguna kontrolatu behar dugula. Prozesua, halere, zabalik da.

Sustrai Erakuntzak eta bertze hamaika eragilek tren sozialaren alde egin dute. Proposamen hori kontuan hartzeko prest zarete?

Egin duten lana inportantea da eta zenbait gauza baliagarri izango zaizkigula uste dut. Prozesua jarraitu dugu eta ari gara baloratzen. Maila ezberdinak daude. Gauza bat da korridorea hemendik pasako ote den, edo nola pasako den, eta beste gauza bat da zer-nolako trenbide sarea dugun herrialdean, eta zer-nolako mugikortasun arazoak ditugun. Maila ezberdinak dira. Eta AHTaren auzian, gogoratu behar dugu guk prestazio handiko trenaz hitz egiten dugula.

Zein da aldea?

Abiadura handiko trenak ez zuen salgaien garraioa aurreikusten, eta prestazio handiko trenak, berriz, bai. Gobernuak egindako proposamenean hori da auzi nagusienetako bat. Salgaiak garraiatzeko ere behar duela izan. Horretan ez dago zalantzarik. Gauzatzeko moduan egon daitezke ezberdintasunak, eta hori da eztabaidatu behar duguna. Lehen gauza da konektatuta egon nahi ote dugun edo ez zehaztea.

Euskararena da eztabaida sortu duen bertze gaietako bat; oposizioaren kritikak jaso dituzue, baina ez bakarrik haien aldetik. Hezkuntzako zerrenda bakarraren auziak hautsak harrotu ditu laukoan ere. Espero zenuen Ezkerrak erakutsi duen jarrera?

Ez nau harritu. Kontuan hartuta dugun harremana, eta zeintzuk izan diren beren lehentasunak eta helburuak, ez nau harritu. Uste nuen, halere, egingo genuela pixka bat aurrera, eta aukera egongo zela jarrerak gerturatzeko. Egia da auzia ez zegoela akordio programatikoan, baina Nafarroako hezkuntza sistemaren agendan aspalditik zegoen auzi bat da zerrenda bakarrarena, eta eman behar zaio erantzuna.

PSNk lege proposamena eginez egin dio aurre zerrenda bakarraren aldeko zuen apustuari.

Gure asmoa zen oposizioen deialdia urtea amaitu baino lehen egitea. Gure asmoa da zerrenda bakarraren aldeko erabakiarekin aurrera egitea, baina aukera hori legez baldintzatzen badute, legea bete egin beharko dugu. Aukerak baloratzen ari gara.

Kontseiluak ofizialtasunaren auziari eusteko beharra nabarmendu du. Gobernua prest da auzi horretan urratsak egiteko?

Onartu da parlamentuan zonifikazioaren auzia eztabaidatzeko batzordea egitea. Ez da lehenago egin urrats hori adostasunik ez zegoelako. Akordio programatikoan ere agerian gelditzen da adostasunik ez zegoela lege berri bat egiteko. Aipatzen zen egungo legea garatzeko aukera bazela, oraindik ere. Beraz, orain arte ez da horren aldeko urratsik egin ez dagoelako aukerarik. 1986tik datorren lege bat dugu; ordutik asko aldatu da herrialde hau. Orduko legeari eutsi zaio, ordea. Orain 2003ko dekretua aldatzea lortu dugu. Aurrerapauso bat izan daiteke, baina hori aldatzeko ere hamaika buelta eman behar izan ditugu. Eta inor ez da konforme gelditu. Inportantea zen egitea, ordea. Behar dugu gauzak egin aurrera egin ahal izateko, eta erakusteko jende askoren beldurrak funtsik gabekoak direla. Egun ez dago tarterik lege berri baterantz joateko. Ez dago hori lortzeko gehiengorik. Saiatzea eta eztabaidatzea, halere, garrantzitsua da.

Polizien legea aldatzen saiatzeko urratsa egin duzue, bertzalde, baina huts egin du. Porrota da gobernuarentzat?

Uxue Barkos presidenteak berak halakotzat onartu du. Hilabete gogorrak izan dira. Gobernuak lege berri horren aldeko apustua egin zuen, eta lan egin du, ahalegindu da. Azkenean, porrot egin dugu. Baina hori ez da okerrena. Okerrena da auzi honetan ez duela gobernuak galdu, herritarrek baizik. Foruzaingoak ere bai. Inportantea zen legea aldatzea, eta ez da lortu. Segitzen dute sektoreko sindikatuek negoziazioa berriz hasi nahian.

Bertze auzi batek sortu du herritarren erantzuna: Altsasukoak. Urtebete baino gehiago egin dute jada kartzelan espetxeratutako hiru gazteek.

Gure kezka agertu dugu lehen egunetik. Gertatu zena salatu izan dugu, uste dugulako eraso bat egon zela, baina hortik aurrera gertatu den guztia ere salatu dugu. Proportzionaltasun falta eta auzia tratatzeko modua kezkagarriak dira gobernuarentzat. Urtea bete zenean, gobernuak bat egin zuen parlamentuak onartutako adierazpenarekin, eta hartu du konpromisoa Europara jotzeko, eta egiteko egin behar dena, bermeak eta proportzionaltasuna eskatzeko auzi honetan. Gertatu zena epaitu behar bada, egin dezatela behar den tokian eta behar denagatik.

Bertze epaiketa batek jaso du hedabideen arreta azken asteotan, iazko taldeko bortxaketarenak, hain zuzen ere. Ateak itxita egin arren, hamaika datu plazaratu dira, kasu anitzetan, erasoa jasan zuen emakumearen salaketa zalantzan jartzeko asmoz. Matxismoaren aurkako lanean zer ardura du gobernuak?

Epaiketaren inguruan adierazpenik ez egitea erabaki genuen, eta horri eutsiko diogu, auzia amaitu arte. Epaiketaren ingurukoak oso gogorrak izan dira. Akusazio partikularra da gobernua, eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Gertatu dena uste dut izan dela dugun errealitatearen isla. Uste baino atzerago gaude, eta uste baino gertuago dugu kristalezko sabaia. Uste baino urrats gehiago egin behar dugu berdintasuna lortzeko. Lan horretan ari gara. Badakigu abiapuntua zein den. Kritiko izan behar dugu errealitatea aztertzerakoan. Gure asmoa da berdintasunaren aldeko lan hori transbertsala izatea. Apustu hori egin dugu. Argi dugu hezkuntza dela giltzarrietako bat. Haurrak hasieratik hezi behar ditugu. Etxean eta eskolan.

Legegintzaldiaren erdia baino gehiago joan da; nolako hilabeteak espero dituzu hauteskundeak egin arte?

Mugituak, zalantzarik gabe. Ziur naiz gobernua babesten duten taldeon artean ere sumatuko dela hauteskundeak gero eta gertuago direla. Hori naturala da, eta ez diogu beldurrik. Ona izan da laukoak egin duen lana; laukoan dauden indarrek ere, halere, badute zer diren eta zer duten berezko eta berezi defendatzeko eta aldarrikatzeko beharra. Hori normala, naturala eta ona da, nire ustez. Horrek ez du zertan ekarri behar haustura. Urte eta erdi dugu lanean jarraitu ahal izateko. Badakigu ez dela asko, zenbait gauza legegintzaldi bakar batean ere ezin direlako aldatu. Inportantea da, hala ere, urratsak egiten eta norabideak markatzen jarraitzea. Ikusiko dugu hemendik urtebetera nola dauden gauzak. Urte mugitua dugu zain, baina uste dut badela aukera legealdia biribiltzeko.

Amiantoa, pozoitzen duen arriskua

Amiantoa, pozoitzen duen arriskua

Sara Muerza

Amiantoz betetako kutxa batzuk iristen dira Ameriketako Estatu Batuetatik. Bakoitzean, garezur forma duen eranskailu bat Arriskua hitzarekin. Langileek ez dute ikusiko: pegatina lantegira sartu aurretik kentzen da. Barruan, amiantoa babesik gabe maneiatuko dute, eskularrurik gabe, maskararik gabe, buzorik gabe. Mineral toxiko horren aurrean ez dute inolako segurtasunik. Aireztapenik gabeko gela txiki batean norbaitek amiantoa moztuko du, eta, geroago, hainbat emakumek kardatuko dute, orraztu, xehatu, eta, azkenik, batu egingo dute plakak egiteko. Hamaiketakoa haren gainean jango dute; lo kuluxka ere gainean eginen dute. Eta eszena guztietan, amiantoa arnastu izanen dute. Egoera urtez urte errepikatzen da, langileek asbestoaren aurrean duten arriskua jakin gabe.

Mehatxu ikusezina da amiantoarena. Eta oraindik ez da desagertu. Horregatik, arrisku horri aurre egin eta bazter utzi ahal izateko plana eskatu du, berriki, Ahal Dugu-k, Nafarroan, eta parlamentuak onartu du. Gauzatzea falta da oraindik.

Amiantoa, asbestoa edo uralita erruz erabili zen XX. mendeko industrian, garraioan eta etxebizitzetan. Mineral horrek toxikotasun handia du. Bere arroka naturaletatik erauzten denean, zuntz mikroskopikoetan desegiteko joera du, eta arnastu edo irensten badira, birika albeoloetan edo beste erraietan iltzatu daitezke, eta eritasun ezberdinak eragin: minbizia, asbestosia, perikardioa, mesotelioma pleurala…

Aspaldiko mehatxua

1980ko hamarkadaren erdialdean, material horren zuntzek minbizia eragiten ahal zutela baieztatu zenean, erabilera gutxituz joan zen, baina Espainiako Gobernuak ez zuen 2002. urtera arte debekatu. "1940an, Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi zuen amiantoarekin lan egiteak arnaste arazo nahiko garrantzitsuak sortzen dituela, bai eta heriotza ere", nabarmendu du Maria Asun Fernandezek, Ananar Nafarroako Amianto Elkartearen presidenteak.

Osasunean dituen ondorio larriak aurretik ere ezagutzen zituzten. 1889an, mineralaren hautsak kaltegarriak zirela ondorioztatu zen Erresuma Batuan; 1925an, asbestosia gaixotasunarekin lotu zen, eta 1955ean, harekiko esposizioak biriketako minbizia eragiten zuela egiaztatu zen.

Hala ere, aurkikuntzak isilean gorde, eta negozioak hainbat hamarkadaz jarraitu zuen, errentagarria baitzen. "Oso material ona eta merkea zen, eta leku guztietan jartzen zen. Tren bagoiak, adibidez, amiantoz beteta zeuden", esan du Joseba Aspirozek. Asbestoak gaixotu zuen, 30 urtez Sunsundegi enpresan lan egin eta gero. Hark ere ez zuen babesik izan mineralaren aurrean; hamar urtez aritu zen zuzenean maneiatzen.

Amiantoaren industriak presentzia nabarmena izan zuen Nafarroan: Altsasun, Lizarran eta Iruñean, batez ere. Mineralarekin lan egiteak zituen arriskuen jakitun, enpresa gutxi batzuk haien langileei segimendua egiten zieten. "Urtero mediku azterketa egiten zidaten. 2014. urtean, orban bat aurkitu zidaten pleuran, eta lau hilabetera likido proba bat egin eta gero, kaltegarria zela esan zidaten", azaldu du Aspirozek.

Ekaineko azken datuen arabera, amiantoaren eraginpean egondako 2.858 pertsona kontrolatzen ditu Nafarroako Osasunbideak; haietatik %78 erretiroa hartuta dira; %11 lanean dago minerala erabiltzen ez den beste jardueraren batean; eta beste %11 amiantoarekin lanean ibilitakoak dira. Fernandezek nabarmendu du mineralak kalte egindako pertsona gehiago egon daitezkeela: "Asbestoarekin lan egin duten pertsona guztiak ez daude zerrendan; ez dituzte artatu".

Nolanahi ere, zerrendan egondako pertsonei ere ez diete jarraipen iraunkor bat egin, askotan. Maria Angela Martinez Superser enpresanorain BSH- egon zen hogei urtez. Hasieran, eskaner bat egiten zioten urtean behin Gizarte Segurantzan. 2001ean egin zioten bat, eta hurrengoa, berriz, 2015ean. "14 urte egon ziren eskaner bakar bat ere egin gabe, amiantoak ukitutako pertsona izan arren, arrisku handia izan arren". Hala azaldu du haren alaba Nerea Azkonak. 2016ko abenduan egin zioten eskanerra Martinezi, azkenean; otsailean, pneumologoak esan zion orban batzuk zituela biriketan, eta sei hilabete pasata eginen ziotela beste eskaner bat. Ekainean hasi zen mina sentitzen eskuineko saihetsean, eta, uztailean, biriketako kartzinoma eta gibeleko metastasia antzeman zizkioten. Urrian hil zen.

Gizarte Segurantza, motz

Amiantoak kalte egindakoak kexu dira Gizarte Segurantzan dagoen egoeraz; batetik, behar bezala kontuan hartzen ez dituztelako, eta, bestetik, baliabiderik eta ezagutzarik eza dagoelako. Iazko maiatzean antzeman zioten minbizia Txema Esteban Marcosi. "Abuzturako hilko zela esan zioten, baina ez kezkatzeko, lan gaixotasun bat zela, eta kalte ordaina zeukala. Txemak erantzun zien ez zuela kobratu nahi, bizi baizik", esan du Fernandezek, haren alargunak. "Pneumologoak mediku onak izango dira, baina psikologo gisa lotsatzeko modukoak".

Joan den azaroaren 19an hil zen. Egun batzuk lehenago, mediku azterketa egiteko gutuna jaso zuen. Superser enpresan hamalau urtez lanean ibili eta gero jasotzen zuen lehen eskutitza zen hura. Hitzordua, urtarrilaren 25ean. Gutuna berandu iritsi zen: pleurako minbizia orain dela hemezortzi hilabete diagnostikatu zioten.

Aspirozek ikuspegi bera dauka, bere kasuan ere medikuek oso sentiberatasun gutxi erakutsi baitzuten: "Daukadan esperientzia oso tristea da, gauzak arintasun handiarekin esaten dizkizute". Kimioterapia hirutan eman diote, aldiro ezberdina: lehenengoak ez zuen funtzionatu eta "lur jota" utzi zuen; bigarrenarekin, ordea, asmatu zuten. "Urte batez egon nintzen ezer jaso gabe, baina, aurreko urtean nire emaztea hil, eta gorputz osoa nahastu zitzaidan. Berriro esnatu zitzaidan gaixotasuna", azaldu du. Hirugarrenez ari da kimioterapia jasotzen, baina uste du ez direla asmatzen ari.

"Ebakuntza egin arren, gaixotasuna ez da desagertzen. Medikuek ez dakite nola tratatu amiantoak biriketan uzten dituen zuntzak", esan du Aspirozek. "Kimioterapiak laguntzen du tumorearen haztea gelditzen, baina ez du sendatzen", gaineratu du Fernandezek. Amiantoak eragiten dituen gaitzak ez dira ikertu, eta, ondorioz, ez dago ez sendabiderik, ez horren kontrako txertorik ere. Abian dagoen ikerketa bakarra Pasteur laborategietan ari dira egiten, Frantzian, pleurako minbiziari aurre egiteko.

Horrez gain, ez dago asbestoaren berariazko kalte ordainketarik Gizarte Segurantzan; ondorioz, nahiz eta lan gaixotasun gisa aitortu, auto istripuen kalte ordainarekin parekatzen dute. Aspirozek onartu du "babesgabe" daudela zentzu horretan, baina, sendabide bat ez egoteak sortzen diela guztiei kezka gehien: "Ikerketa eta txertoa, hori da egin behar dutena. Dirua ondo dago, baina guk bizi nahi dugu".

Sendabidea urrun ikusten dute oraingoz, baina, ez eritasuna gelditzeko aukera. Horretarako, eskatu dute martxan dagoen ikerketara "behar den dirua" zuzentzea. Erakundeek emanen luketen dirua etorkizunean berreskuratuko luketela pentsatzen du Carlos Fernandinok, Marcosen gaixotasuna hurbiletik bizi izan duen lagunak, kalte ordain gutxiago banatuko lituzketelako. "Amiantoarengatik kaltetutako pertsona kopurua handitzen bada, bonba bat izan daiteke Gizarte Segurantzarentzat", hausnartu du Aspirozek. Eta litekeena da etorkizunean gaixotutako pertsona kopurua handiagoa izatea, hamarkadak igarotzen baitira amiantoaren hautsa arnasteak eragin ahal dituen eritasunak agertu arte: mineralarekin kontaktuan egon, eta 30 urtera azaldu daitezke gaitzak. Gehienetan, eriak erretiroa hartzen duenean.

Amiantoaren ondorioekin bizitzeak ekartzen duen sufrimenduaz gain, kalte egindakoek eta biktimek beste zailtasun eta irregulartasun anitzei ere aurre egin behar diete: gaitza lan gaixotasun gisa ez aitortzea; erabateko erretiroa ukatzea; aseguru polizak kobratzeko oztopoak; informazioa eta lege aholkularitza falta; espezializatutako mediku estaldurarik ez izatea…

Laneko bi minbizi kasutatik bat asbestoak eragindakoa izan arren, biriketako mesotelioma eta kartzinomen %1 baino gutxiago aitortzen dira laneko gaixotasun gisa. Gizarte Segurantzak lau kasu bakarrik onartzen dituela kontatu du Fernandezek, "askoz gehiago egon arren": eztarriko, biriketako, urdaileko eta pleurako minbizia. "Txemak eta Maria Angelak lankide bat dute hiru minbizi motarekin; ez diote bakar bat ere aitortzen. Zergatik? Gizarte Segurantzak ordaindu behar duelako", azaldu du.

Enpresek ere saihesten dute erantzukizuna. "Tranpak dituzte. Auziak luzatzen dituzte helegiteekin. Dirua ematen dizutenerako, hilik zara. Enpresarekin kalte ordainak negoziatzen dituzunean, zu egoera okerragoan zaude, esaten dizutenari ezetz esaten badiozu, auzia luza dezaketelako", salatu du Aspirozek.

Enpresen "trikimailuak"

Enpresek bestelako "trikumailuak" dituzte. Batzuk ukatu egin izan dute haien langileek asbestoarekin kontaktuan egon izana. Martinezek eta Marcosek egoera hori ezagutu dute. "Txemari esan zioten amiantoa kaletik ibiltzen hartu zuela. Gure abokatuak esan zien lan bizitzan jartzen zuela beren enpresan lan egin zuela. Epaiketara joan ginen azkenean", kontatu du Fernandezek. Nerea eta Eider Azkonak esperientzia bera izan zuten amaren kasuarekin: "BSHko giza baliabideetako zuzendariak esan zigun ez zegoela jasota gure amak asbestoarekin lan egin zuela. Epaitegietara jo genuen", adierazi dute.

Hego Euskal Herrian ez dago amiantoa duten egituren erroldarik —Frantzian, Erresuma Batuan eta Alemanian bai—, eta, beraz, ez dago jakiterik zein etxebizitzatan, eraikinetan eta bulegotan dagoen. Mineralak kutsatzen jarrai ez dezan, hura desagerrarazteko bideari ekin dio Nafarroako Parlamentuak: plan zuzendari bat aurkezteko ebazpena onetsi zuen aho batez, irailean, Ahal Dugu-k bultzatuta. Planak minerala izan dezaketen azpiegiturak eta eraikinak kontrolatzeko protokolo bat sortzea du helburu; bai eta hura biltegiratzeko hondakindegiak egokitu edota eraikitzea, diru saila bideratzea eta sentsibilizazio kanpainak sortzea ere.

"Hitzak bai, ekintzarik ez. Elkartearekin ez da inor harremanetan jarri, ez gobernua, ez Iruñeko Udala ere", kexu da Fernandez. Ekimen hau "gutxienekoa" egiteko modu bat dela uste du. "Parlamentura joanen ginela hitz eman ziguten. Ez dute bete".

Amiantoa saltzen lehenak izan ziren AEBetako enpresak. Garai hartako gobernuak konpentsazio funts bat sortzea eskatu zien; hemen, ordea, ez zen halakorik egin. Ananar elkartea AEBtako abokatu bulego batekin dabil elkarlanean funts horiek eskatzeko. Nafarroako enpresek behin, behintzat, minerala han erosi zutela frogatzen badute, epaiketara joan daitezke. Galduz gero, elkarteak ez luke ordainduko.

Ez ditu diruak kezkatzen, halere, amiantoaren inguruan dagoen isiltasunak ekartzen duenak baizik. Abian den ikerketa diruz laguntzeko eskatu dute. "Amiantoa duzunean, ez duzu zuk bakarrik, albo ondorioak familia osoarentzat dira", esan du Aspirozek. Fernandezek senarraren eta Aspirozen hitzak gogoratu ditu: "Jendeak jakingo balu zer gertatzen den, zer beldur dituzun eta zer sentitzen duzun, orduan norbaitek zerbait egingo luke".

Liburuek isildutakoak

Liburuek isildutakoak

Kattalin Barber

Ez da lan erraza izan emakumeak historia artxiboetan aurkitzea, eta hari askotatik tira egin behar izan du Amaia Kowaschek Ezkabako kartzelako presoei lagundu zieten andreak topatzeko. 1934. eta 1945. urteen artean Ezkaban sortutako emakume taldeen mugimenduen lekukotasunak bildu ditu Nafarroako Gobernuak argitaratutako Sareak ehotzen liburuan. Gaur aurkeztuko du Nafarroako Museoan, 18:30ean.

Gizarte langilea da Kowasch ofizioz; azken urteetan, Ezkabako gotorlekuan aritu da ikerketa lanean, eta etengabe ahalegindu da emakumeen ekarpena biltzen. Ezkabako emakumeen sarea ez da arrotza harentzat. Ezkabako presondegiaren inguruan hainbat lan argitaratu ditu; bere amonak, gainera, emakumeen sareotan parte hartu zuen. Gotorlekura joan ohi zen presoak laguntzera. Unibertsitateko genero titulu baterako lana izan behar zuena 350 orriko liburu bilakatu du. "Mamia zegoela konturatu nintzen, eta ikertzen jarraitu nuen. Sei urteko lana izan da", azaldu du Kowaschek.

1934. eta 1945. urteen artean, ehunka abertzale, sozialista, komunista, anarkista eta errepublikazale kartzelatu zituzten Ezkabako gotorlekuan. "Aldi horretan, presoei laguntzeko joan ziren hainbat emakume presondegira, askotan aurretik ezagutu gabe ere". Bi aldi desberdindu ditu Kowaschek liburuan. Bata, 1934tik 1936ra, eta bestea, gerra hasi zenetik 1945. urtera arte.

"1934. urtean, Iruñeko emakumeak eta senideak igotzen ziren Ezkabara, eta horien artean gehienak emakume sozialistak, komunistak eta anarkistak ziren". Gerra hasi zenean, ordea, emakume horien egoera asko aldatu zen, eta asko atxilotu zituzten. Epe horretan, Emakume Abertzale Batzak protagonismo handia hartu zuen, eta hori izan da Kowaschen informazio iturri nagusia. Gudariei ez ezik presoei ere laguntzera joaten ziren emakume militanteak ziren. "Bisitak egiten zizkieten, arropa garbitu, janaria eraman, botikak ezkutuan eraman...". Presoen senideekin zuten harremana ere garrantzizkotzat jo du ikerlariak. Eskutitzak bidaltzen laguntzen zieten, eta senideei harrera ematen zieten Iruñean; hainbatetan, haien etxean geratzen ziren.

Zaila izan du dokumentazioa biltzea, emakume sare horien historia ez delako liburuetan jaso. Ezaguna da Ezkabako presondegiaren historia, eta baita presoak ere. Ez hainbeste preso horiei laguntzera joandako dozenaka emakumeon historia. Hutsune hori betetzera dator Sareak ehotzen liburua. "Garrantzitsua iruditzen zait emakume horiei izen eta abizenak jartzea, urte luzez haien historia ezkutatuta egon delako".

Denera, 70 emakumeren testigantzak bildu ditu. Liburuan, 55 jasota daude. Argi du Kowaschek denborarekin gehiago agertuko direla: "Kasu batzuk bildu ditut; ez dira guztiak. Ikerketa publikoa egitearekin batera gehiago agertuko direla uste dut". Ezkabako gotorlekua ikertu du Kowaschek, baina argi utzi du kartzela guztietan —Iruñekoan, kasurako— emakumeen sareak zeudela presoei laguntzeko. "Beti isildutako sareak izan dira". Hainbat emakumek oraindik beldurra dutela esan du ikerlariak. "Asko sufritu zuten, eta jasandakoa presente dute. Emakumeek presoei buruz hitz egin dute, baina inoiz ez dute beren historia kontatu: inork ez die galdetu. Guztia kontatu arte, ez dira konturatzen beren lanaren garrantziaz eta balioaz".

Omenaldi berezia

Testigantza guztiak oso bereziak direla dio Kowaschek. "Errepresioa jasan zuten, atxilotu egin zituzten, senideak hil zizkieten, hainbat emakume presoekin ezkondu ziren... Denetarik dago haien istorioetan". 1936tik aurrera, ordea, zailagoa izan zen emakume horien lana, errepresioa dela eta: 1934an arazorik gabe igotzen ziren emakume gehienak bi urte geroago atxilo hartu zituzten.

"Garai latzak izan arren, emakumeen sareak laguntza eskaintzen jarraitu zuen". Haien historia, ordea, isilpean geratu da, eta haien memoria berreskuratzeko ikerketa da Kowaschena. Memoriari eutsi behar zaiola uste du ikerlariak: "Ikerketa androzentrikoek historiaren erdia bakarrik kontatzen dute; horregatik, beharrezkoa da emakumeek egindako lanari ere lekua egitea, ezin baita bakarrik gizonen kontakizuna kontatu". Emakumeoi eskaini die liburua: "Haien testigantza jaso, eta haien oroitzapenei izenak jarri nahi izan dizkiet; omenaldi bat egin". Antolatu eta elkartasun sareak sortu zituztelako, kartzelak argitzeko.

Ez baitzaizkie pilak amaitu

Ez baitzaizkie pilak amaitu

Edurne Elizondo

E z dute hutsik egin. Emausko Trapuketariek Eguberrietako azoka berezia antolatu dute, bosgarrenez, Iruñeko Arga karrikan duten Triki Traku dendan. Gaur irekiko dituzte ateak, datorren urtarrilaren 5era bitarte. Urte osoan jaso eta biziberritutako jostailuekin osatu dute azoka, helburu bikoitzarekin: batetik, jostailu horiek merke salduta, umerik ez gelditzea oparirik gabe; eta, bertzetik, kontsumoaren inguruko gogoeta piztea gurasoen artean.

Izan ere, Emausko Trapuketarien egoitzara urte osoan ailegatzen dira jostailuak. Egoera onean dira haietako anitz, "armairuak hustu egiten dituztelako etxe anitzetan, jostailu berrientzako toki bila". Horixe azaldu dute Emausko Trapuketariek. Eta, horregatik hain zuzen ere, beharrezkotzat jo dute kontsumo ereduari buruzko gogoeta.

Emausko Trapuketariek "milaka kilo jostailu" jasotzen dute urtean. Jostailu horien %75 garai honetan erosten dira. "Hau da, preziorik garestiena dutenean". Egoera horri buelta eman nahi diote Emausko Trapuketariek, bigarren eskuko jostailuen aldeko apustua eginez.

Eguberrietako azokarako jasotzen dituzten jostailuen artean "onenak eta deigarrienak" aukeratzen dituzte trapuketariek. Sailkatu, garbitu, eta, beharrezkoa bada, konpondu egiten dituzte, Triki Traku dendako apalategietan salgai jarri ahal izateko. "Jabeek jostailuok botatzeak ez du erran nahi ez dutela balio", nabarmendu dute azokako arduradunek.

Jostailuak eta ingurumena

Panpinak, puzzleak, ibilgailuak, peluxeak, haurrentzako liburuak, mozorroak, Lego-ak eta abar; askotarikoak dira trapuketarien eskuetara urte osoan ailegatzen diren jostailuak. Askotarikoak dira, halaber, jostailuok ingurumenean eragin ditzaketen ondorioak. Izan ere, jostailuak egiteko baliabide natural anitz behar da, tartean metala, ura, zura eta petrolioa. Jostailu horiek zabortegira botatzen edo erretzen badira, kalteak eragin ditzakete: kadmioa, merkurioa edota beruna duten jostailuek, adibidez, lurra eta ura kutsatzen ahal dituzte.

Gisa horretako auzien inguruko gogoeta piztu nahi du gaur zabalduko duten azokak. Emausko Trapuketariak elkarteko Amaia Olaberrik parte hartzera deitu ditu herritarrak. "Giro berezia sortzen da beti lehen egunean". Berriz erabiliko dituzten umeen zain dira jostailuak.

Iritzia: Ohikora ezin ohituz

Jon Barberena

Aspaldi honetan astoen bizkarrek guti sufrituko zuten zama garraiatuz. Astoa ez da garraiobide. Hala ere, hauek lotzeko erabiltzen zen burdinazko zintzilikari borobila, oraindik ere, zenbait ostatutako kanpoko paretan iltzatua ageri da. Lehen, astoa kanpoan gelditzen zen zintzilikarioan lotua eta nagusiak ostaturako bidea hartzen zuen. Baina egun, autoan datozen astoak ostatu zulorat sartu ohi dira eta alimaleko astakeriak botatzen dituzte. Ahoa zabaldu ahala, ingurukoak aho zabalik utziz.

Gizatasun gutiko gizonkeriak, harrotasunik sortzen ez duten harrokeriak eta edukirik gabeko solasak areagotzen dira ardo onduz odola nahasi ahala. Astoak oilartu ezin daitezkeen arren, bularraldea hauspotu eta solasaldia funtsik gabeko kalapita bihur dezakete. Halere, trago arteko astakeriek baino gehiago, zenbait politikariren kaikukeriek mindu izan naute ni.

"Nafarroako iparraldekoak ohituak daude egunero kilometro andana egin eta Iruñerat etortzen", bota zuen haietako batek lotsagorritu gabe, Nafarroako iparraldeko zerbitzu gabeziaz galdeturik. Doike! Ohituak gaude gure eguneroko beharrak asetzeko autoari hain garestia den urre beltza ematen. Ohituak gaude bide bazterrak istripuan hildako gure senideen omenez paratutako lore sortekin edertzen. Ohituak burokraziaren izenean edozein paper ziztrin betetzeko Iruñerat joan eta gure lanean bakazio eguna hartzen. Ohituak pediatrarik gabe gure umeak artatzen. Ohituak eta ahituak!

Ohikora ohitu ez izan arren, ohitura bihurtu zaigu Iruñerat joatea. Baina kasu eman! Ohitua eta ohikoa ez dira gauza bera. Galde iezaiozue Zisjordaniako biztanleei Israelgo Gobernuak Zisjordania inguratuz egin duen harresiaren ondorioak sufritzen ohituak dauden, ohiko traba bihurtu zaien arren. Edo mendebaldeko sahararrari ohitua ote dagoen ohikoa duen zapalkuntza sufritzen? Ohikoa eta ohitura bihurtu zaigu baztandarroi, malerrekarrei, bortziritarrei edo goizuetarrei zerbitzu gutirekin bizitzea eta autoaren menpe bizitzea, baina horrek ez du erran nahi ohituak gaudenik eta gozagarri dugunik. Zokoratuak izan gara, baina eskubideak ditugu Lizarraldean, Tafalla inguruan eta batik bat Iruñean dauden zenbait zerbitzuz gozatzeko eta hurbilean eskuragarri izateko.

Aditzerat eman da Donezteben osasun etxe berria eta ogasun bulegoa irekiko dituztela eta Oronozen lanbide eskola berria. Berri pozgarriak zinez! Ospitalerat joan gabe, hurbilean, x izpiak izateko aukera izanen dugu. Nerabeek hurbil ikasteko aukera izanen dute; helduok edozein paper burokratiko egiteko aukera izanen dugu, Iturramara joan, ota ordaindu, eta goiza galdu gabe.

Ez atzendu Nafarroako iparraldean bizi garen anitzek ohikoa eta ohitura dugula euskaraz solastatzea, nahiz eta administrazio publikoan zoritxarrez euskara erabiltzera ohituak ez egon. Zerbitzuek arnas berria ekarriko lukete ingurura, baina euskararen arnasgunea dugun eremuari ez arnasbiderik trabatu, faborez. Astakeria litzateke! Badaezpada, burdinazko zintzilikarioak ez ditugu paretetatik kenduko.

“Ezin dugu ahaztu eskubideez ari garela, justiziaz eta orekaz”

“Ezin dugu ahaztu eskubideez ari garela, justiziaz eta orekaz”

Edurne Elizondo

Nafarroako Gobernuak Hezkuntzako zerrenda bakarraren alde egin duen apustuak hautsak harrotu ditu laukoan. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak (Getxo, Bizkaia, 1971) txalotu egin du erabakia.

Zergatik erabaki duzue karrikara ateratzea?

Iaz ekainean manifestazioa egin genuen Iruñean, eta argi utzi genuen ez zela inoren kontrako protesta. Gobernuari esan nahi izan genion hizkuntza eskubideak bermatzeko urrats eragingarriak eginez gero gu hor egongo ginela babesten. Zerrenda bakarraren aferarekin hori gertatu da. Egia da Jose Luis Mendoza aurreko kontseilariak erdiko bidea hartu zuela, eta guretzat ez zela egokia, elebiduna zigortzen jarraitzen zuelako. Baina orain, azkenean, justizia egin da. Txalotu dugu oraingo kontseilariaren erabakia, eta, ikusi genuenean hainbat sektorek ez zutela horren alde egingo, egokitzat jo genuen gure babesa agertzeko manifestaziora deitzea. Kalea da-eta babesa adierazteko tokirik egokiena.

Harritu zaitu Ezkerrak zerrenda bakarraren aurka agertu duen jarrerak?

Ez genuen zalantzarik UPNk, PSNk eta PPNk kontra eginen zutela. PSNren kasua bitxia da. Mendozak bi azterketa egitea proposatu zuenean, bi egunetan, sozialistek leporatu zioten "ezkutuko zerrenda bakarra" prestatzea. Eta, orain, hori proposatzen duen legea nahi du PSNk. Ezkerrari buruz, esan behar dugu harritu gaituela haren jarrerak, baina neurri batean bakarrik. Euskararen gaiarekin ez dute jarrera ona izan legegintzaldi osoan. Azken egunotan sare sozialetan zabaldu dituzten argudioek, halere, kezka eragin digute.

Zein da zuen kezka?

Bi azterketa egiteak eta bi programazio prestatu behar izateak hautagai elebidunari aukera gehiago ematen dizkiola esan dute, adibidez. Nork bere iritzia izan dezake, baina halakoak ezin dira esan. Ez dezagun ahaztu bi zerrendena UPNk euskaldunak zigortzeko abian jarritako sistema dela. Bi urte eta erdi pasatuta, gobernuak, behingoz, amaiera eman nahi izan dio bidegabekeria horri.

Zerrenda bakarrak euskaldunei mesede egiten diela zabaldu nahi dutela uste duzu?

Ideia hori saldu nahi dute. Auzitan jartzen dituzte oinarrizko gauzak. Are gehiago, PSNko hainbat kidek iradoki izan dute euskarazko azterketetan nota onak oparitzen dituztela. Eta hori amorragarria da. Zuk justifikatu beharko duzu zergatik hartzen dituzun hartzen dituzun erabakiak, baina errealitatea ahaztu gabe. Esan nahi dute euskaldunek iruzur egiten dutela? Azterketetako emaitzak oparitzen dizkietela? Hau estrategia bat dela administrazioa euskaldunez betetzeko? Halako argudioekin hasten direnean... gaizki. Oraindik ez dut entzun zerrenda bikoitzak herritar guztien eskubideak bermatzen dituela justifikatzen duen argudiorik. Ez baitago.

Gehiengo sindikalak ere bat egin du gobernuaren erabakiarekin. Zer deritzozu?

Zerrenda bakarrarekin amaiera eman zaio UPNk euskaldunak zigortzeko ezarritako sistemari. Hori da kontua. Eta gehiengo sindikalak esan du hau dela bidea orain arteko bidegabekeria bertan behera uzteko. Nik uste dut kontra direnek entzun egin beharko luketela gizartea esaten ari dena. Hau da modu bat urte luzez izandako bidegabekeria behingoz bazter uzteko.

Nola azaltzen duzu Ezkerra euskararen inguruko gaietan erakusten ari den jarrera?

Gobernua babesten duten taldeen artean, noski, bakoitzak bere interesei egiten die so. Beren arteko negoziazioetan ere nork bere ideologiari eutsiko dio. Euskararen gaiarekin harritu nau Ezkerraren jarrerak. Ikusi dugu euskararen legearekin zer gertatu zen. Duela gutxi, UPNko Iñaki Iriartek huts egin zuen parlamentuko saioan, eta, horri esker, aurrera egin du zonifikazioaren gaia jorratzeko batzordea osatzeko proposamenak. Ezkerrak ez zuen alde egin. Nork bere parrokia du, eta nork bere parrokiari begiratzen dio. Euskararen gaiarekin erakutsi nahi dute, nire ustez, diferente jokatu nahi dutela. Ez dakit zer beldur duten. Lau talde daude gobernua babesten, eta nork bere ezaugarriak erakutsi behar ditu. Nire irudipena da hizkuntzaren gaiarekin Ezkerrak une oro erakutsi nahi izan duela diferente pentsatzen dutela. Pena da euskararen gaia hartu izana horretarako. Ez baita ezberdintasun bakarra hizkuntzarena. Ezin dugu ahaztu hizkuntzaz ari garenean eskubideez ari garela: justiziaz eta orekaz ari gara. Euskara politika da, eskubideak daudelako jokoan; eta gobernuari dagokiolako elkarren arteko berdintasuna bermatzea eta oreka sozialari begirako politikak martxan jartzea; hizkuntzaren gaian ere bai.

Onartu behar da politika horiek eraginak izanen dituztela?

Argi eta garbi. Hizkuntza eskubideak bermatzeko politiketan ezin dira erabakiak hartu modu neutro batean. Esan nahi dudana da beti izanen dutela eragina politika horiek hegemonian edo hizkuntza hegemoniko horretan.

Oinarrian dagoen auzia, finean, ofizialtasunarena da?

Bai. Argi esan behar dugu Damoklesen ezpata dugula gainean. Legeak irakurketa positiboagoak izan ditzake? Bai. Baina negatiboagoak ere bai. UPNren gobernuak 2003tik aurrera martxan jarri zuen politika glotofobo hura euskararen legearen babespean egin zen. Lege horrek ahalbidetu zuen 2003ko dekretua martxan jartzea, eta ahalbidetu zuen zerrenda bikoitza martxan jartzea. Gogoratu behar dugu hizkuntza eskubideekin gertatzen dela lehen eta bigarren mailako herritarrak daudela.

Zonifikazioaren inguruko batzordeak zerbait emanen duela uste duzu?

Ikusi beharko dugu. Ea zer lor daitekeen. Nik uste dut garaia dela bidegabekeria hori bazter uzteko. Gero ikusiko dugu plangintza baten bidez nola ezarriko ditugun epeak. Bihar erabakiko balitz euskara Nafarroa osoan ofizial izatea, horrek ez luke ekarriko egun batetik bestera administrazioak zerbitzu guztiak euskaraz ematea. Hizkuntza politika planifikatu bat egin beharko da. Baina, oraingoz, onartu diren planetan eta dekretuetan, euskararen legearen itzala agertzen da une oro.

Berandu dator batzordea?

Uste dut baietz. Laster, alderdiak hauteskundeen dinamikan sartuko dira. Gobernuarekin egindako lehen bileran esan genuen erabakirik ausartenak hasieran hartu behar direla. Ez dute hala egin. Zerrenda bakarraren gaia oso logikoa da, eta sortu den kalapita sortu izanak kezkatu egiten gaitu. Ikusiko dugu.

Bidegurutzetik atera nahi dute

Bidegurutzetik atera nahi dute

Edurne Elizondo

Etsita. Halaxe sentitzen dira herrialdeko taxilariak. Etsipena nabarmendu du Nafarroako ia taxilari guztiak ordezkatzen dituen AITAN elkarteko buru Imanol Velazek, eta etsipena nabarmendu du, halaber, Iruñeko ia taxilari guztiak ordezkatzen dituen Teletaxi San Fermin elkarteko buru Kiko Asinek. Etsipen horrek eraman zituen lanuztea egitera, azaroaren 29an. Urteko laugarrena izan zen joan den astekoa.

Batetik, alokairuko auto gidaridunen mehatxuak eragin du taxilarien kezka; bertzetik, Nafarroako Gobernuak taxien legea aldatzeko egindako proposamenak. Administrazioak "bazter utzita" sentitzen direla erran dute taxilariek. Bidegurutzean dira, eta onik atera nahi dute handik. Errepidean jarraitu.

Taxilarien kezkak eta kexak ez dira oraingoak. "Azken urteotan, hamaika protesta egin dugu", erran du Velazek. 450 taxilari inguruk egiten dute bat AITAN elkartean. "Ia guztiak". Gehienak Iruñean aritzen dira lanean. Hiriburuan 313 dira denera, eta haietako 309 daude Teletaxi San Fermin elkartean. Sektorearen liberalizazioak ekartzen ahal duenaren beldur dira. "Multinazionalen kontra ezer gutxi egin dezakegu; David eta Goliaten arteko borroka da hau", erantsi du AITAN elkarteko buruak.

Velaz eta Asin Iruñean aritzen dira lanean. Duela 11 urte hasi zen Asin; Velaz, berriz, duela sei. 2013. urtetik dira Uber edo Cabifyren gisako enpresa handiek ekar dezaketenaren beldur. Urte hori giltzarritzat jo du Velazek. Izan ere, alokairuko auto gidaridunen inguruko legea aldatu zuten urte hartan. "Ordura arte, Espainiak zehaztu zuen alokairuko auto gidaridun bakarra egon zitekeela 30 taxiko. 2013an, ordea, aldaketa bat egin zuten, eta muga hori ezabatu zuten". 2015ean berriz ezarri zuten. Berandu, ordea. "Bi urteko denbora tarte horretan, alokairuko 10.000 auto gidaridun lanean jartzeko baimen eskaerak egin zituzten Espainia osoan", azaldu du Velazek.

Epaileen esku dago baimen eskaera horien inguruko auzia. Eta auzi hori da, hain zuzen ere, joan den asteko eta azken hilabeteotako lanuzteak eragin dituena. Nafarroan, egun, alokairuko 50 auto gidaridun inguru ari dira lanean. "Onartu behar dugu gidariok egiten digutena ez dela lehia desleiala", erran du Velazek. Baimen eskaera berrien bidez, bertze 200 has daitezke Nafarroan lanean, erantsi duenez. Hori gertatuz gero, gauzak anitz aldatuko liratekeela erran du. "Guk ezin izanen genuke aurrera egin; ezta egun daude 50 horiek ere".

Asinek bat egin du Velazen iritziarekin, eta nabarmendu du taxilarien eta alokairuko autoetako gidarien gaineko kontrola hagitz bertzelakoa dela. "Taxilariok anitzez ere kontrol zorrotzagoa jasan behar dugu". Velazek zehaztu du taxilariek "baimen bikoitza" behar dutela, nolabait erranda: udalaren lizentzia, batetik; eta erkidegoko gobernuaren baimena, bertzetik. "Alokairuko auto gidaridunek, berriz, ez dute udalaren lizentzia behar". Horrek ekartzen du, taxilarien hitzetan, malgutasun handiagoa izatea.

Eremu urbanizatu jarraitua

2005. urtekoa da Nafarroako taxien jarduera arautzen duen legea. Teletaxi San Fermin elkarteko buru Kiko Asinek nabarmendu du "adostasunez" osatutako testua dela. Ez, ordea, orain egin nahi diren aldaketak. "Ez dakigu nori egiten dioten mesede; taxilarioi, behintzat, ez. Gainera, gure iritzia kontuan hartu gabe ari dira", salatu du.

Velazek eta Asinek kontu bat nabarmendu dute egin nahi duten aldaketaren inguruan: eremu urbanizatu jarraituaren auzia. Egun, legeak zehazten du bi herriguneren artean eremu urbanizatu jarraitua egon behar duela bi herrigune horiek beren taxi zerbitzuak mankomunitate beraren barruan kudeatu ahal izateko. "Iruñea eta Burlata artean, adibidez, bada; ez, ordea, Iruñea eta Etxauri artean", azaldu du Velazek.

Ez du kasualitatez hautatu herri hori. Izan ere, Etxauriko taxilariak urtebete egin zuen Iruñerriko Mankomunitateko gainerako taxilariekin batera lanean, herriko udalak eskatu eta gero. Teletaxi San Fermin elkarteko kideek, ordea, epaitegietara jo zuten erabaki horren kontra, eta epaileek haien alde egin zuten. "Argi utzi zuten eremu urbanizatu jarraiturik ez dagoela Iruñearen eta Etxauriren artean", erran du Asinek.

Orain, baldintza hori aldatu nahi dute. Ezabatu, alegia. "Iruñerriko Mankomunitatea iaz saiatu zen aldaketa hori egiten; parlamentura eraman zuten auzia, baina Ezkerrak, azkenean, ez zuen babestu. Berriz ari dira ahaleginean", azaldu du Asinek. Argi du, legea aldatuz gero, herrietako taxi zerbitzuan sumatuko luketela eragina, batez ere. "Tuteran, egun, bederatzi taxi ari dira lanean. Mankomunitatea osatzen badute inguruko herriekin, bertze 25 taxilarik izanen lukete Tuteran aritzeko aukera. Mankomunitatea osatuz gero, noski, herri txikikoa saiatuko da herri handiagora joaten, lana han dagoelako. Herriak, ondorioz, zerbitzurik gabe geldituko lirateke".

Lizarrako kasua aipatu du Luis Canok, herrietan gerta daitekeenaren adibide. 2001. urtean hasi zen Cano taxilari herri horretan. AITAN elkarteko kide da. "16 lizentzia zeuden urte hartan; haietako bost galdu egin dira, jada. 11 taxilari gelditzen gara, eta denentzako lanik ez dago". Izan ere, Nafarroako Gobernuak berak zehaztutako kopuruen arabera, batez bestekoaren gainetik da Lizarra: "14.000 biztanleko herria gara; zazpi taxi izatea dagokigu, eta 11 gara". Kopuruak gora eginen luke eremu urbanizatu jarraitua ezabatu eta mankomunitatea osatuz gero.

Etorkizunak kezkatzen duela argi utzi du Canok. Eta kezka bera dute Asinek eta Velazek ere. "Zerbitzu publikoa gara, baina ez dugu administrazioaren babesa sentitzen", nabarmendu du azken horrek. Iritzi horrekin ez du bat egiten, ordea, Iruñerriko Mankomunitateko presidente Aritz Aiesak. "Taxiena gure zerbitzua dela zalantzarik ez dugu, eta zerbitzuari eusteko eta sustatzeko ari gara lan egiten", erran du.

Aiesa: "Urratsak egin dira"

Aiesak zilegitzat jo ditu taxilariek egin dituzten lanuzteak. "Eskatzea eta aldarrikatzea ere zilegi da", erantsi du. Ardurarik eza ukatu du, ordea. "Urratsak egin ditugu, adibidez, diru laguntzak jaso ditzaten". Eurotaxientzako laguntzak aipatu ditu Aiesak, bertzeak bertze. Eztabaida piztu da horien inguruan. 2017rako 40.000 euroko saila zehaztu zuen Iruñerriko Mankomunitateak auto horiek eskaintzen duten zerbitzua diruz laguntzeko. Gurpildun aulkientzako ibilgailuak dira eurotaxiak. "2017rako saila, azkenean, ez dugu jasoko; diru hori galdu eginen da", salatu du Velazek.

Aiesak onartu du aurten ez dutela diru laguntza hori banatuko. Diru saila ez dela galduko nabarmendu du, halere. "Gorde eginen dugu; kontua da egun ez dugula tresnarik eurotaxi bidezko zerbitzuen zerrenda osatzeko, eta diru laguntzak horietara bideratzeko. Hitzarmena lantzen ari gara tresna hori eduki ahal izateko. Abenduan itxi nahi dugu, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera diru laguntzak eman ahal izateko", erran du mankomunitateko presidenteak. Gaineratu du auto ekologiko edo hibridoak dituztenentzat ere zehaztu dituztela diru laguntzak, bai eta segurtasuna indartzeko neurriak hartu dituzten taxilarientzat ere.

Taxilariek salatu duten legea aldatzeko asmoari buruz, eskumena Nafarroako Parlamentuarena dela nabarmendu du Aritz Aiesak. Argi utzi du, halere, "normala" dela baietz erantzutea, herriren batek zerbitzuak mankomunitatearen barruan ematea eskatuz gero. Taxilariei gogoratu die mankomunitateko ateak "zabalik" direla. "Akordioak lortzeko aukerak badirela uste dut", zehaztu du.

Taxilariek, hain zuzen ere, badute negoziatzeko auzi bat mahai gainean: tarifen ingurukoa. "Bost urte egin ditugu jada tarifak berritu gabe", erran du Kiko Asinek. Iruñeko taxien prezioaz anitz hitz egiten dela badakite taxilariek. Izan ere, Facua kontsumitzaileen elkarteak urtero egiten duen txostenaren arabera, hiri garestienen artean egoten da Iruñea. "Azken urteotan hirugarren postuan izan gara; aurten, berriz, hiri garestienen artean laugarrenak gara. Txostena osatzeko moduak badu eragina", azaldu du AITAN elkarteko Imanol Velazek. Azaldu du Iruñea laugarren hiri garestiena dela lehendabiziko kilometroko prezioa kontuan hartuta. "Kontua da Iruñeko taxilariok 4,35 euroko gutxieneko kopurua dugula; 4,35 euro, 1,8 kilometroko bidaia egiteko, ordea. Bost kilometroko batez besteko bidaia kontuan hartzen badugu, zerrendan behera egiten dugu, hamabosgarren posturaino", erantsi du.

Taxilariek onartu dute zerbitzua hobetzeko ahalegina egin behar dutela. "Gure ardurari ez diogu uko egin nahi, eta guri dagokigu kalitatezko zerbitzu bat eskaintzea", erran du Velazek. Horretarako prest dira. Ez, ordea, ahalegin hori egitera baldintza anitzez zurrun eta zorrotzagoak izanda. "Legeak arautzen du gure jarduera; legeak kontrolatzen du gure lana. Ez gaude kontra, baina arau dezala legeak modu berean alokairuko auto gidaridunen jarduera ere", erantsi du Velazek.

Taxilariek batzarra eginen dute urtea amaitu baino lehen, hemendik aurrerako mobilizazioak zehazteko. Oraingoz, greba egiteko aukera ez da mahai gainean. Lanuzteak egiten jarraitzekoa bai, ordea. Lan egiteko eskubidea aldarrikatu dute taxilariek. Lehia desleialari aurre egitekoa ere bai. Bidegurutzean dira. Beltz ikusten dute etorkizuna. Baina ez dute amore eman nahi. Bidean jarraitu nahi dute. Etsi gabe.