AEK euskarazko doako eskolak ematen ari da

AEK-k kanpaina bat jarri du martxan, jende gehiagori euskara ikasteko aukera emateko eta euskara ikasteak doakoa izan beharko lukeela aldarrikatzeko. Hala, doako euskarazko eskolak ematen ari zaizkio nahi duen orori. Uda bitarte egonen dira Nafarroako hainbat herritan, eta azaldu dute egitasmoak "sekulako interesa" piztu duela. Bihar, Iruñeko Sanduzelai auzoan eta Tafallan egonen dira ordubeteko eskolak ematen, eta, datorren astean, deialdi berezi bat eginen dute.

Maiatzaren 23an, Iruñeko Gaztelu plaza "euskaltegi" bihurtuko dute AEK-ko kideek. "AEK-ko euskaltegietan aritzen diren ikasle guztiak egonen dira, eta, gainera, ordubeteko euskara eskola emango diogu prest dagoen herritar orori", azaldu du Helios Del Santo AEK-ko kideak.

Dagoeneko, hamar bat saio eskaini dituzte Garesen, Agoitzen, Otsagabian eta Villatuertan, besteak beste. Euskaltegietan, gau eskoletan, kalean eta ikasleak hartzeko prest dauden elkarteen egoitzetan emanen dituzte.

Bi eskola mota eskaintzen dituzte: batetik, euskara ez dakitenentzako eskolak, eta, bestetik, dagoeneko ikasten ari direnentzako eskolak. Lehenengoetan, komunikatzeko oinarrizko gauzak irakatsiko dituzte. Ikasleek rol aktiboa izatea sustatu nahi du AEK-k. Klaseen "balizko faktura" Nafarroako Gobernuari helaraziko diote.

SANFERMINAK, GERO ETA GERTUAGO

Ia bi hilabete falta dira Iruñeko sanferminetarako, baina dagoeneko hasi da festa sumatzen hirian. Duela gutxi aukeratu zuten iruindarrek urte honetarako kartela —zezenaren itxura duen mapa—, eta egunotan, Sarasate pasealekuan Caritas elkarteak urtero jartzen duen tonbola muntatzeko lanak hasi dituzte. Uztail amaiera arte egonen da tonbola, eta aurki hasiko dira txartelak saltzen. Izan ere, gero eta gertuago daude Iruñeko San Fermin jaiak.

5/8 konpasa

Iruñeko musika-eskola batean irakasleak hasiera emango dio hirugarren ebaluazioko saio bati.

—Arratsalde on, guztioi. Gaur 5/8 konpasa hasiko gara lantzen. 5/8 konpas hau amalgama-konpasa da iraupen desberdineko hiru zati dituelako: lehenengo zatia kortxeari dagokio eta gainontzeko biak beltzei. Ulertu duzue?

—…

—Ederki, segi dezagun. 5/8 amalgama-konpas honi zortziko deritzo.

—Barkatu, irakaslea, nola esan duzu duela izena konpasak?

—Zortziko.

—Aldatzen ahal diozu izena?

—Izena aldatzeko diozu?

—Bai, itzuli, gaztelaniaz esan.

—Ez, ez, hori du izena. Nola duzu zuk abizena, Vincent?

—Jauregui.

—Bada, zure abizena Jauregi den bezala eta ez Palacio, ezin diogu Zortzikoari izena aldatu. Segi dezagun: Euskal Herriko erritmoa da zortzikoa.

—Banengoen ba, ni! Euskal Herrikoa, baina ez Nafarroakoa!

—Tomas Garbizu musikagileak behin esan zuen berak zortziko flamenkoa konposa zezakeela; konpasa ez zela nahikoa, mamiak behar zuela izan euskalduna. Jarrai dezagun: Zortzikoa jotzeko ohiko musika-tresna txistua da, danbolina lagun duela.

—Irakasle, txistua ez da musika-tresna benetakoa.

—Sarasate handiaren Caprice Basque obraren zortzikoetan biolinek, armonikoen bitartez, txistuaren soinua imitatzen zuten. Gure eskolan ez al da txistua irakasten saxofoia edo pianoa bezalaxe? Baina, Vincent, ez al dituzu inoiz txistulariak ikusi edo txistua entzun sanferminetan?

—Ez, horrelakoetan gure aitak esaten du: tira, goazemak, heldu dituk betikoak-eta!

“Ihes egin zutenen senideak gurekin izanen dira”

Duela 25 urte inguru hasi zen Koldo Pla (Piedramillera, 1950) memoria historikoa berreskuratzeko lanean, beste hainbat lagunekin batera. 1988an, Antsoaingo eskolako maisu bat hasi zen Ezkabako ihesaldia lantzen, eta hala sortu zitzaien preso batzuk biltzeko ideia. Urte hartan omendu zituzten lehenengoz. 1936ko gerraren ondorioz gertatutakoa berreskuratzeko asmoz, Txinparta elkartea sortu zuten 2000. urtean, beste hainbat lagunekin batera.

1988an egin zenuten Ezkabako presondegikoen aldeko lehen omenaldia. Nola hartu zenuten erabakia?

Oso gauza gutxi zegoen gaiari buruz argitaratuta, eta horren ondorioz hasi ginen gaia aztertzen. Hala, 1988ko maiatzean omenaldi bat egin genuen, lehenengoz, horretarako propio egindako monolitoan. Handik aurrera, urtero-urtero hasi ginen omenaldiak egiten. Zeregin horretan, 25 urte daramagu.

Denbora horretan nola aldatu dira omenaldiak?

Hasieran ihesaren historia gogoratzen genuen, eta errepidean bertan dantzariek aurreskua dantzatzen zuten. Gero, 2000. urtetik aurrera, Iñaki Alforjak egindako dokumentalaren harira jasotako datuak ere bagenituen, eta horrek bultzada handia eman zion.

Txinpartak ere lan handia egin du informazioa biltzen.

Hala da. Roldan Jimenok zerrenda bat eman zigun, bere aita zenak, Jimeno Juriok, Ezkabako hilerrian lurperatuta zeuden lagunen izenez osatutakoa. Horrela, 2010. urtean, Aranzadi zientzia elkarteko kideekin batera abiatu genuen indusketa. Hilotz bakoitzak botila bat zuen ondoan. Barruan, hildakoaren datuak jasotzen zituen papera izaten zuten. Hala ere, asko suntsituta zeuden, eta paperik ez genuen aurkitu.

Igandean, berriz ere gogora ekarriko duzue Ezkaba izan zena?

Bai, aurten ere izango da omenaldia. Berez, Ezkabako gotorlekua Defentsa Ministerioarena da, eta baimena eskatu genuen omenaldia barruan egin ahal izateko, baina baimena ukatu digute. Ondorioz, omenaldia, espetxeko atarian eginen dugu. Lucia Soca abeslariak abestuko du. Memoria historiakoarekin lotura handia du, eta emanaldi polita izanen da. Horrez gain, lehen aldiz, atera nahi genuen argazkia eginen dugu. Izan ere, ihes egitea, ihesaldian muga gainditzea lortu zuten hiru lagunen senitartekoak gurekin izanen dira. Ziur naiz oso une polita izanen dela.

100

Barañainen NaBaik egin nahi dituen baratze ekologikoak. NaBaik 100 baratze ekologiko egiteko proiektua aurkeztu du Barañainen. Helburua herritar behartsuenen bizi-kalitatea hobetzea da, eta errentan hartzen duenak bere irabazien arabera ordainduko du .

Botilen hilerria, Ezkaban gertatu zenaren froga

2010. urtean hasi ziren Ezkabako Botilen hilerria industen Txinparta elkarteko kideak, Aranzadi zientzia elkarteko langileekin batera. 1940tik 1945era, Ezkabako presondegian hildako lagunak lurperatu zituzten han. Hilotz bakoitzari barnean paper bat z...

7.782

Arartekoak iaz jaso zituen herritarrak. Iaz 7.782 lagunek jo zuten Nafarroako Arartekora, eta, denera, 1.298 kexa aurkeztu zituzten. Arartekoak esan du krisiak herritarren "atsekabea" areagotzen duela.

“Bizirik dagoen museoa finkatu dugu, gizartea eraldatzeko lekua”

Bost urte daramatza Gregorio Diaz Ereñok (Barakaldo, 1959) Jorge Oteiza museoko zuzendari lanetan. Urte hauetan guztietan museoa sendotu dela eta Oteizaren izena unibertsala izateko lanean jarraituko dutela azpimarratu du.

Hamar urte bete ditu aurten museoak. Zer balorazio egiten duzu?

Poliki-poliki museoa finkatu da, eta, era berean, Oteizaren memoria sakonki aztertu dugu, bai egindako erakusketekin, baita argitalpenekin ere. Museoak marka izatea lortu dugu, eta horma hauek gordetzen dutenari ahotsa eman diogu. Esan dezakegu Oteizaren memoria eraiki dugula —eraikitzen ari gara—. Hamar urteren ondoren, baikor gaude, eta proiektua sendo dago.

Oteizaren inguruko interesak egun aitzina jarraitzen du.

Gero eta gehiago. Izan ere, ikertzen dugunean Oteizaren inguruan, gehiago ezagutzen dugu. Berriz ezagutzen dugu, eta ikusten ez genituen esparru batzuk agerian geratzen dira. Deskubritzen ari gara. Orain, haren heriotzaren hamargarren urteurrenean, lehen baino askoz gehiago ezagutzen dugu Oteiza. Haren nortasuna oso indartsua zen, eta gizartearen zati batentzat Oteizaren nortasunak obra gainditzen du. Guk orekatu behar ditugu bi elementu horiek, nortasuna eta obra. Azken finean, obra, aldi berean, artista da.

Mitoaren izaera erantzi, adibidez?

Bai. Seduktore aparta zen Oteiza, eta bere sortzeko gaitasunarekin ikusleak erakartzen zituen. Dena den, mitoaren irudia arriskutsua eta kaltegarria izan daiteke. Batik bat ikusleak bere sorkuntzaren errealitatetik aldentzen dituelako. Nik uste dut gaur egun bi elementu horiek orekatzen ari direla, eta gizartea kontziente da Oteizak sortzaile moduan duen garrantziaz. Guretzat hori ezinbestekoa da.

Poeta, pentsalari, arkitekto, eskultore… Artista zen Oteiza.

Oteizaren obrek arte guztiak hartzen dituzte beren gain. Mundua eraikitzen du, eta bereziki gizartearentzat lan egiten du, gizartea eraldatzeko. Horregatik, sortzailea izateaz gain, zerbait gehiago da Oteiza. Erabat erreaktiboa zen, eta orduko gizartearen bultzagarria.

Eraldatzailea zen. Horregatik jaso zituen hainbeste porrot?

Sortze prozesuan hainbeste konprometitu zenez, mugak gainditu zituen eta mundu artistikoaren aurretik zihoan. Horregatik, arazoak izan zituen, gehienak jendeak ulertzen ez zuelako. Gerora, urteak pasa ahala, merezimendua eman diote. Baina porrotak logikoak dira. Gizarteak ez zuen ulertzen hark zer eraiki nahi zuen, gizarteak ezin zion haren erritmoari jarraitu. Hala ere, porrotak akuiluak ziren Oteizarentzat, aurrera jarraitu zuen, eta horrela egin zuen hil arte. Nafarroan utzi zuen bere ondarea, eta ondareak toki fisikoa du, museoa, baina Oteiza bezalakoa da: muga geografikoak gainditzen ditu. Gizadiari eman zion ondarea Oteizak, eta bizirik dagoen museoa nahi zuen.

Bizirik dagoen museoa da Altzuzakoa?

Bai. Bizirik dagoen museo bat poliki-poliki egiten da. Bisitariek ere eraikitzen dute museo bizia. Hortaz, elementu dinamikoa da. Bisitariek Oteizaren obra ikustean berezko historia eta museoa sortzen dute. Gure lana gizartea inplikatzea da. Orain zuhurrak izan behar dugu, arretaz eraiki behar dugu memoria, eta zorroztasunez. Azken finean, emozioen bidez, museoa gizartea eraldatzeko lekua izatea nahi dugu. Bizirik dagoen museo batek emozioak eragiten ditu, eta edertasun emozional horrek eragiten du norberaren eraldatzea. Baina ez dugu nahi museoa masiboa izatea. Hona etortzen direnak paseatzen dira.

Museoak unibertsala egin du?

Bera da unibertsala. Egun, uste dut modu biziago batean uler daitekeela Oteizaren pentsamendua. Hamar urte hauetan Oteizaren biografia lantzen aritu gara, eta horretan gabiltza. Oteizaren diskurtsoa oso irekia eta aniztuna da, ez da inoiz agortzen.Guk nahi duguna da Oteizaren izenak, ezaugarri eta berezitasun guztiekin, izaera unibertsala izatea, mundu guztian egotea. Oteizak zintzotasun osoarekin utzi zuen artearen mundua, baina inoiz ez zion sortzeari utzi. Bere nahia izan zen, eta Euskal Herrira itzuli zen, etxera. Ez zuen parte hartu nahi museoetan, ezta arte galeriatan ere. Gizon aurreratua zen Oteiza. Pauso bat aurreratuta zihoan beti. Hark uste zuen artea gizartearena dela, eta erabat apurtzailea zen. Beti protestatzen zuen, baina ez ziren protesta soilak. Bidegabekerien aurka agertzen zuen kexa. Hezkuntza, kultura, politika… Oso gizon konprometitua izan zen, eta egun horrela izanen litzateke bizirik balego.

Hamar urteren ondoren, patronatuko batzuek esaten dute museoak egun den baino gehiago izan beharko lukeela, ez dagoela Oteiza osoa.

Hemen Oteiza osoa dago, bere esparru guztietako lanak jaso ditugu. Museoak ahalegin handiak egin ditu artistaren alde guztiak jasotzeko. Dena hobetu daiteke, baina uste dut hamar urte hauetan Oteizaren pentsamendua finkatu eta hedatu dugula. Lana presarik gabe egin behar dugu. Esparru guztiak elkartu behar ditugu osotasunera iritsi arte. Azken finean, batzea da kontua. Gainera, museoak lan egin du nabarmenkeriarik gabe, ikuskizunik gabe.

ELORRIETAREN BAKARKAKO LANAZ

Eñaut Elorrieta Ken Zazpi taldeko abeslariak bakarkako bideari ekin dio Deserriko kantuak diskoarekin. Gaurtik salgai dago diskoa, eta Benedeti, Atxaga, Aresti eta halako idazle handien poemetan oinarrituta dago. Hamar abesti ditu, eta deserria da lanaren muina. Denera, hamar kontzertu eskainiko ditu Euskal Herrian Elorrietak. Bihar, esaterako, 21:00etan, Lizarrako Golem zinemetan izango da, BERRIAren hamargarren urteurrena ospatzeko kontzertuan .