Aipu gaizki aipatuak

1. Zerbait ustelik dago Nafarroako erresuman. James Willion Shakespeare.

2. Paradoxa bati gerta dakiokeen txarrena onegia izatea da, inork ez bailuke ulertuko. G. K. Chesterton.

3. Iruñeko gaua Shanghaiz mintzatzeko bereziki egokia da. Jasan duten guztiek badakite. Izan ere, anitz hitz egiten da Iruñean Shanghaiz eta leku urrunez. Modu konpultsiboan hala egiten dute, txorikeriez eta euskaldun, espainol, nafar, eta abar izateaz eta ez izateaz aritu nahi ez dutenek. Solasaldi benetan astunak. Miguel Sanchez-Ostiz.

4. Nafarroaren presidenteen historia laburra: Barcinak Dolores de Cospedal izan nahi zuen./ Juan Cruz Allik Amadeo Marco izan nahi zuen./ Sanzek Alli izan nahi zuen./ Otanok Urralburu izan nahi zuen./ Urralburuk Alaska izan nahi zuen. Suetonio.

5. Deus irakurri ez duenaz baino gutxiago fida zaitezke liburu bakar bat irakurri duenaz. Korana.

6. Gerra ondoren Iruñean bazen maritxu bat, merkatura zihoana poltsa batekin. Badakizu, Angel Mari, zer den maritxu bat? Gizonak emakumeei baino gehiago gustatzen zaizkion gizona. Amatxi Rosalia.

7. Guk ez genuen porrot egin; balio ez duten milaka modu topatu ditugu. Nafar abertzale izengabea.

8. Eraiki, eraiki ezazue fedearen bidea, baina batez ere eraitsi itzazue fedegabekoen eraikina. Josemaria Escriva de Balaguer.

9. Javier Ciga pintoreak nezeser batean pintzelak eta koloreak beti zeramatzan aldean, bere margoei azken ukituak emateko, edonon, erakusketa batean, adiskideen etxeetan, museoan… Zergatik inoiz ez zituen bukatutzat jotzen galdetu ziotenean, perfekzioa, erantzun zuen, betebeharra da enetako. Pello Fernandez.

10. Munduan den guztia bi zatitan bana daiteke. Esaterako, bi zatitan banan daitekeena eta beste guztia. Groucho Marx.

11. Faites vos jeux, messieurs. Rien ne va plus. Banca Civicako zuzendaria.

12. Halatan Marzial poetak erran zeraukan egun batez Legna poeta gaixto eta harroari: “Zergatik, jende aitzinean irakurtzera zoazelarik, fularra duzu lepo ingurura biltzen? Oihala hobeki letorkie gure beharriei”. Axular.

13. Ez dok bi mila eta hamairurik. Maien profezia.

14. Akiles, orpo ospetsua baino ez zuena zaurgarri, ia hilezkorra zen; hau da, hilkorrak berek baino hilkorragoa. Roberto Calasso.

15. Miretsi, nik Iñigo Astiz eta Hedoi Etxarte miresten ditut, eta hauek miretsitako guztiak ere miresten ditut, eta beste hauek miretsi dituzten guztiak ere, eta abar. Angel Erro.

16. Euskara oso gurea sentitzen dugu eta defendatu egiten dugu. Yolanda Barcina.